5. ALDIZKARIA - 2025eko urtarrilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

533E/2024 EBAZPENA, abenduaren 5ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita alpapa deshidratatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Azkoiengo udal mugartean dago, eta haren titularra Navarro Aragonesa de Forrajes SA da.

Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren maiatzaren 26ko 247E/2017 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 1eko 413E/2024 Ebazpenaren bidez berrikusi zena.

2024ko irailaren 26an, titularrak eskatu zuen bere ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, honako hauek:

a) Lurrun-galdarari dagokion isurtze-fokuari baja ematea.

b) Hondakin berri batzuk sartzea ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan.

Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak aldaketa horiek aztertu ditu, eta ondorioztatu du a) aldaketa onargarria dela, instalazioaren funtzionamendu egokia ahalbidetuko duelako, ingurumenari dagokionez. Bestalde, honako balorazioa egin du b) aldaketari buruz:

EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDAKO KODEA

DESKRIBAPENA

BALORAZIOA

020104

Plastikoen hondakinak [enbalajeak izan ezik]

Onartzen da kudeatu beharreko hondakinen zerrendan sartzea

150103

Zurezko ontziak

190805

Hiriko hondakin urak tratatu ondoko lohiak

100101

Su-errautsak, zepak eta galdarako hautsa [10 01 04 kodean zehaztutako galdarako hautsa izan ezik]

120101

Burdin metalen karraka-hautsa eta txirbila

Ez da bidezkoa sartzea. Hondakin horri 170405 EHZ kodea esleitu zaio

200139

Plastikoak

Ez da bidezkoa sartzea. Hondakin horri 150102 EHZ kodea esleitu zaio. Kode hori lehendik sartua zegoen zentroan sortzen diren hondakinen zerrendan

191204

Plastikoa eta kautxua

Ez da bidezkoa EHZ kode horrekin sartzea. Hondakin horri 020104 EHZ kodea esleitu zaio

Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.

Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Partez onartzea alpapa deshidratatzeko instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzen aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Azkoiengo udal mugartean dago, eta haren titularra Navarro Aragonesa de Forrajes SA da.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Navarro Aragonesa de Forrajes SAri eta Azkoiengo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2024ko abenduaren 5ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.

Iragarkiaren kodea: F2417808