1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
113/2024 FORU DEKRETUA, abenduaren 27koa, zeinaren bidez aldatzen baita abuztuaren 9ko 43/2010 Foru Dekretua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hitzarmenen eta Itunen Erregistroa arautu zuena.
ZIOEN AZALPENA
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak, 92. artikuluaren bidez, Hitzarmenen eta Itunen Erregistroa sortu zuen, Administrazioak edo haren erakunde publikoek sinatutako hitzarmen eta akordioen publizitaterako, gardentasunerako eta kontrolerako tresna izan zedin. Agindu horrek berak ezartzen du geroko erregelamendu batek erregistroaren araubide juridikoa, funtzionamendua eta atxikipen organikoa finkatuko dituela. Legezko gaikuntza horren ondorioz, egun indarrean dagoen abuztuaren 9ko 43/2010 Foru Dekretua onetsi zen, baina beharrezkoa da foru dekretu hori aldatzea, erregistroaren araubide juridikoa egokitu dadin, sortu zenetik hona legedian egin diren bi aldaketa esanguratsu hauetara:
Lehenengo aldaketa etorri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen onespenarekin, zeinak indarrik gabe utzi baitzuen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legea; haren xedapen iragankor bakarrean adierazten da Hitzarmenen eta Itunen Erregistroak beste izendapen bat izanen duela aipatu foru legea indarrean jartzen denean; Baterako Jarduketa Planen, Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroa, hain zuzen ere. Gainera, foru lege horren V. tituluak administrazioarteko harremanak arautzen ditu, eta administrazioen koordinazioa, elkarlana eta lankidetza gidatu behar dituzten premisa berriak gehitzen ditu; horiek guztiak gehienbat hitzarmenen, akordioen eta baterako jarduketa planen bidez gauzatzen dira.
Bigarrena gertatu zen Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin; izan ere, haren 25. artikuluan ezartzen da zer informazio jarri behar den jendaurrean herritarrek doan kontsultatzeko, erregistroan inskribatutako hitzarmen eta akordioei dagokienez, eta berresten du erregistroaren eginkizuna dela hitzarmen eta akordio horien publizitaterako, gardentasunerako eta kontrolerako tresna izatea Foru Komunitateko Administrazioaren esparruan.
Kontuan hartuta goian aipatutako berrikuntzek lege maila dutela, beharrezkoa da haietan ezarritakoa erregistroa arautzen duen erregelamendu mailako araudian sartzea, erregistroaren esparru juridikoa eguneratu dadin hitzarmen arloko jarduerarako, guztiz bat etorriz legearen esparru juridikoarekin, legezkotasunaren eta segurtasun juridikoaren printzipioak beteko badira.
Azkenik, testuan zehaztapen eta hobekuntza tekniko batzuk sartu dira, esperientzia metatu baita eta aurrera egin baitute erregistroa kudeatzeko eta eramateko erabilitako tresna informatikoen aukera funtzionalek.
Bat etorriz xedatuta dagoenarekin Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan, foru dekretu hau idazterakoan kontuan hartu dira erregulazio onaren printzipioak eta, zehazki, honako hauek: beharrarena, eraginkortasunarena, proportzionaltasunarena, segurtasun juridikoarena, gardentasunarena eta efizientziarena.
Horrenbestez, Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluaren arabera, eta Nafarroako Gobernuak bi mila hogeita lauko abenduaren hogeita zazpiko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
Artikulu bakarra. Abuztuaren 9ko 43/2010 Foru Dekretua aldatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hitzarmenen eta Itunen Erregistroa arautzen duena.
Abuztuaren 9ko 43/2010 Foru Dekretua aldatzen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hitzarmenen eta Itunen Erregistroa arautzen duena.
Bat.–Arauaren izena aldatzen da, eta hemendik aurrera honako hau izanen da:
"43/2010 Foru Dekretua, abuztuaren 9koa, Baterako Jarduketa Planen, Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroa arautzen duena."
Bi.–3. artikulua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:
"3. artikulua. Inskribatzen ahal diren baterako jarduketa planak, hitzarmenak eta akordioak.
1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta haren erakunde publikoek honako hauekin izenpetzen dituen baterako jarduketa planak, hitzarmenak eta akordioak inskribatuko dira erregistroan: Estatuko administrazio orokorra, autonomia erkidegoak, toki entitateak, administrazio horien mendeko edo haiei lotutako erakunde publikoak, organo konstituzional eta estatutu-organoak, beste estatu batzuetako entitate publikoak edo nazioarteko erakundeak eta beste edozein entitate edo pertsona fisiko edo juridiko, bai zuzenbide publikokoak, bai zuzenbide pribatukoak.
2. Inskripziotik kanpo gelditzen dira:
a) Estatuarekiko hitzarmen ekonomikoak eta horien aldaketak.
b) Kudeaketa esleipenak egiteko hitzarmenak.
c) Hirigintzako hitzarmenak.
d) Nafarroako Segurtasun Batzordearen hitzarmenak.
e) Dirulaguntzak arautzen dituzten hitzarmenak.
f) Kontratuen berezko prestazioak xede dituzten hitzarmenak, haien izaera eta araubide juridikoa egokituko baita kontratu publikoei buruzko foru legerian ezarritakora."
Hiru.–4. artikulua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:
"4. artikulua. Atxikipena.
Lehendakaritzaren arloan eskumena duen zuzendaritza nagusiari dagokio Baterako Jarduketa Planen, Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroa antolatzea, zuzentzea eta kontrolatzea."
Lau.–6. artikuluko 1. apartatua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:
"1. Baterako jarduketa planak, hitzarmenak eta akordioak izapidetu aurretik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren organoak edo haiek sustatzen dituen erakunde publikoak erregistroaren txostena eskatzen ahalko du, haien edukiak bikoiztasunik edo kontraesanik sor ez dezan inskribatuta eta indarrean daudenekin. Txosten hori egiteko, lankidetza eskatzen ahalko zaie edukiak edo indarraldiak ukitutako hitzarmen eta akordioez arduratzen diren unitateei."
Bost.–7. artikulua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:
"7. artikulua. Inskripzioa.
1. Hitzarmena, akordioa edo plana sinatu edo, hala badagokio, argitaratu eta 15 egun balioduneko epean, departamentu sustatzailearen idazkaritza tekniko nagusiak edo, hala badagokio, mendeko edo lotutako erakunde publikoan idazkaritza lanak egiten dituenak, sinatutako tresnaren kopia bat bidaliko du erregistrora, bai eta hura onetsi edo baimendu zuen administrazio-egintzaren kopia bat ere; horretarako, erregistroa kudeatzen duen aplikazio informatikoa erabiliko du. Inskripzioaren ondorio beretarako, aplikazio horretan gaitutako inprimakia ere bete beharko du.
2. Aurkeztutako dokumentazioa eta aplikazioan jasotako datuak aztertuko ditu erregistroak. Beharrezkoa izanez gero, sustatzaileari eskatuko dio igor ditzan inskripzioa egiteko beharrezkoak diren dokumentu eta/edo datuak, baldin eta falta badira, osatu edo zehaztu gabe badaude edo okerrak badira.
3. Inskripzioa egiteko, orri bat irekiko da hitzarmen, akordio edo plan bakoitzerako. Orri horretan, elektronikoki gordailutuko da aurkeztutako dokumentazioa, eta jasotako datuak agertuko dira.
4. Inskripzioaren alta egiteko, erregistroaz arduratzen den unitateari atxikitako langileen baliozkotze elektronikoa beharko da aldez aurretik.
5. Inskribatutako hitzarmen, akordio edo plan bakoitzari alta korrelatiboko zenbaki bat esleituko zaio atal bakoitzeko, eta zenbaketa urtero hasiko da. Dagokion erregistro-zenbakia bide telematikoz jakinaraziko da.
6. Erregistroaren osotasuna, segurtasuna edo koherentzia dela eta, erregistroak inskripzio baten sustatzaileari eskatzen ahalko dio egokitzat jotzen duen informazioa, dela inskribatutako egintza baten datuei eta indarraldiari buruz, dela ondoren egiten diren aldaketei eta haien edukiari buruz. Horretarako, erregistroaren aplikazioaren formularioan, sustatzaileak jakinaraziko du foru administrazio publikoko zer unitatek duen baterako jarduketa plana, hitzarmena edo akordioa betetzeko ardura.
7. Alta egoerak irauten duen bitartean, akats edo falta baten berri izanez gero, edozein dela ere bidea, erregistroak baterako jarduketa planak, hitzarmenak eta akordioak ezabatzen ahalko ditu, edo erregistro-orrietako datuak eta dokumentuak aldatu, eta jasoko du zergatik egin den aldaketa, baja edo deuseztapena ofizioz, horri buruzko kontsulta eginda kasuan kasuko unitate arduradunari."
Sei.–8. artikulua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:
"8. artikulua. Publizitatearen eta irispidearen araubidea.
1. Baterako Jarduketa Planen, Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroa publikoa da, eta doan kontsultatu daiteke, artikulu honetan ezarritako baldintzetan.
2. Gobernu Irekiaren Atariaren bidez kontsultatzen ahalko dira erregistroan inskribatutako baterako jarduketa planen, hitzarmenen eta akordioen zerrenda eta aldaketak, bai eta haietako bakoitzari buruzko datu hauek ere:
a) Alderdi sinatzaileak, haien ordezkariak eta ordezkaritza horren izaera.
b) Planaren, hitzarmenaren edo akordioaren helburua, adierazita konprometitutako jarduerak, horien ardura duten organoak eta hitzartutako betebehar ekonomikoak, halakorik bada.
c) Indarraldia eta indarrean izateko baldintzak.
d) Hala badagokio, non argitaratu den.
e) Indarrean zirenean egindako aldaketek zer xede zuten, eta aldaketa horien datak.
3. Erregistroko datuak honako hauen eskura egonen dira:
a) Nafarroako Foru Parlamentuko Mahaia eta Eledunen Batzarra eta foru parlamentariak, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarrita dagoen bezala.
b) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren foru-sektore publiko instituzionalaren organoak, berekiak zaizkien edo esleituak dituzten helburuak betetzeko.
c) Herritarrak. Erregistroko datuak eskuratzen ahalko dituzte, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritako baldintzetan.
d) Justiziako Administrazioko agintari eta organoak, aplikagarria den araudiari jarraikiz.
4. Kontsultatu nahi diren datuak edo dokumentuak zehaztu beharko dira sarbide eskaeretan. Eskaera zehaztugabea, generikoa edo lausoa bada, edo ulergaitza bada, edo zaila bada informazioa aurkitzea, eskatzaileari eskatuko zaio zehazteko, eta hamar egun balioduneko epea emanen zaio horretarako. Halaber, adieraziko zaio ezen, hala egin ezean, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela, horretarako ebazpena eman ondoren.
5. Aldekoa bada, erregistroak 15 egun balioduneko epean eman beharko du erregistroko datuetarako sarbidea.
6. Eskaera onartzen ez bada edo ukatzen bada, hura erabakitzen duen ebazpena izapidetuko da bat etorriz Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin."
Zazpi.–9. artikulua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:
"9. artikulua. Ziurtagiriak eta kopiak luzatzea.
1. Aurreko artikuluan aipatutako subjektuek zilegi dute erregistroko idazpenen eta agirien ziurtagiriak eta kopia bakunak eskatzea, baita planak, hitzarmenak edo akordioak sinatzen dituzten alderdiek ere.
2. Eskaerak aurreko artikuluan ezarritakoari jarraikiz egin eta ebatziko dira.
3. Lehendakaritzaren arloan eskumena duen departamentuko idazkaritza tekniko nagusiak eginen ditu ziurtagiriak.
4. Kopiak egitea erregistroari dagokio.
5. Ziurtagirian idazpenaren datu guztiak jasoko dira. Ziurtagiria orriaren kopia ziurtatu gisa ere luza daiteke.
6. Hala badagokio, legez dagokion tasa ordaindu beharko da ziurtagiriak eman aurretik."
Zortzi.–10. artikulua aldatzen da, eta hauxe da testu berria:
"10. artikulua. Kontrola eta jarraipena.
1. Departamentuetako idazkaritza tekniko nagusiak edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari lotutako organismo publiko edo entitateetako idazkaritza lanak betetzen dituztenak arduratzen dira baterako jarduketa plana, hitzarmena edo akordioa formalizatzeko dokumentua artxibatu eta zaintzeaz eta erregistroko inskripzioa sustatzeaz.
2. Erregistro aplikazioan jasota gera dadin, aurreko zenbakian aipatutako organoek erregistroari jakinarazi beharko diote, egitate edo egintza juridikoa egin eta 15 egun balioduneko epean, zer aldaketa edo gorabehera gertatu den erregistratutako dokumentu edo datuen gainean, barne daudelarik eranskinak, luzapenak eta akordio espezifikoak edo osagarriak, bai eta salaketaren egintzak eta hitzarmenak eta akordioak ebazteko erabakiak ere.
3. Aurreko apartatuan zerrendatutako aldaketak eta gorabeherak erregistroan jasoko dira, foru dekretu honen 7. artikuluko 4. apartatuan aipatzen den balidazioa ontzat eman ondoren."
Bederatzi.–Xedapen gehigarri bakarra eransten da; hona hemen:
"Xedapen gehigarri bakarra.–Erreferentziak.
1. Foru dekretu honetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hitzarmenen eta Itunen Erregistroari egiten zaizkion aipamen guztiak ulertu behar da Baterako Jarduketa Planen, Hitzarmenen eta Akordioen Erregistroari egiten zaizkiola.
2. Foru dekretu honetan hitzarmenei eta akordioei egiten zaizkien aipamen guztiak ulertu behar da baterako jarduketa planei ere aplikatuko behar zaizkiela."
Hamar.–Lehen xedapen iragankorra kentzen da.
Hamaika.–Bigarren xedapen iragankorra kentzen da.
Hamabi.–Azken xedapenetako lehena aldatzen da, eta hauxe da testu berria:
"Lehendakaritzaren arloko eskumena duen departamentuaren titularrari ahalmena ematen zaio behar diren xedapen guztiak eman ditzan foru dekretu hau garatzeko eta betearazteko.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2024ko abenduaren 27an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritza eta Berdintasuneko kontseilaria, Félix Taberna Monzón.
Iragarkiaren kodea: F2419081