48. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 11

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

59E/2025 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, "Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak 2024-2025 ikasturtean" deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 816344.

Unibertsitateko Zerbitzuko zuzendariak aurkeztu duen txostenean proposatu du nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarrien 2024-2025 ikasturteko deialdia onestea eta argitaratzea. Deialdi hori Espainiako unibertsitateek sustatzen dituzten nazioarteko mugikortasunerako programetan parte hartzen duten ikasleei zuzentzen zaie.

Laguntza osagarri hauen bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen nazioarteko proiekzioa sustatzeko, baita beste unibertsitate batzuetan ikasten duten eta unibertsitate horiek kudeatzen dituzten programetan parte hartzen duten ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabilita,

EBAZTEN DUT:

1. "Nazioarteko mugikortasunerako laguntza osagarriak 2024-2025 ikasturtean" dirulaguntzaren deialdia onestea.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean bildu dira.

3. 350.000 euroko gehieneko gastua baimentzea, 2025eko aurrekontuko partida honen kargura:

AURREKONTU-PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

G10001-G1100-4800-322300: Trukeak atzerriko unibertsitateekin: Erasmus eta beste batzuk

2025

350.000,00

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik aurrera. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan xedatutako moduan eta epeetan.

Sarrigurenen, 2025eko otsailaren 19an.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Eva Perujuániz Bermúdez.

ERANSKINA.–2024-2025 IKASTURTEKO NAZIOARTEKO MUGIKORTASUNERAKO UNIBERTSITATE PROGRAMEN LAGUNTZA OSAGARRIEN DEIALDIA

1. Xedea.

Gaur egun, unibertsitateko ikasketen gakoetako bat da nazioarteko dimentsioaren garapena. Asmo horrekin, Espainiako unibertsitateek mugikortasunerako hainbat programa sustatzen dituzte, zenbait iturri publiko edo pribatutatik datozen funtsei eta baliabide propioei esker finantzatzen direnak. Deialdi honetan proposatzen diren laguntza osagarrien bidez Nafarroako Gobernuak ekarpen zuzen bat egin nahi du Nafarroako unibertsitateetako ikasleen eta beste unibertsitateetako ikasle nafarren nazioarteko proiekzioa sustatzeko.

2. Laguntzen xede diren pertsonak.

Laguntza hauek unibertsitateko ikasleek eskatzen ahalko dituzte, baldin eta Espainiako unibertsitateek nazioarteko mugikortasunerako sustatzen dituzten programetan parte hartzen badute eta deialdiaren betebeharrak betetzen badituzte.

Laguntzak onuradun gertatzen diren eskatzaileei esleituko zaizkie zuzenean.

3. Laguntzen zenbatekoa.

a) Deialdiari esleitutako aurrekontua 350.000 euro da. 320.000 euro graduko ikasleek eskatutako laguntzetarako izanen dira, eta 30.000 euro masterreko ikasleek eskatutako laguntzetarako. Modalitate batean ematen diren laguntzen zenbatekoak ez badu agortzen modalitate horretarako aurreikusitako diru zenbatekoa, gelditzen den dirua beste modalitatearen laguntzen zenbatekoari gehituko zaio.

b) 115 euroko modulu bat aplikatuko da egonaldiko hilabete oso bakoitzeko, eta 28,75 eurokoa aldi justifikatua bukatzeko falta den aste bakoitzeko.

c) Eskaera aurkezterakoan egonaldia amaitu badu, ikasleak "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" (EAZa) atxiki beharko du eskaeran; izan ere, aplikatuko eta ordainduko den zenbatekoa aipatu dokumentuan justifikatutako aldiaren araberakoa izanen da.

d) Eskaera aurkezterakoan ikasleak ez badu egonaldia amaitu, ordainduko den zenbatekoa eskaeran adierazitako aldiaren araberakoa izanen da.

e) Ikasleak lehenengo aldiz jasotzen badu laguntza, bederatzi hilabeterako laguntza jasotzen ahalko du, gehienez ere. Aurreko deialdietan laguntzarik jaso badu, bi laguntzen artean 12 hilabete egin arteko hilabete kopurua hartuko da aintzat, gehienez ere.

f) Egonaldiaren iraupena bi hilabete baino txikiagoa bada, ez da laguntzarik emanen.

g) Nolanahi ere, jaso beharreko laguntza kalkulatzeko muga-eguna 2025eko azaroaren 30a izanen da.

4. Bitarteko elektronikoen bidezko harremanak.

a) Interesdun guztiek elektronikoki egin beharko dituzte Administrazioarekiko tramiteak administrazio prozeduraren fase guztietan. Era berean, administrazio errekurtsoak jarri nahi izanez gero, elektronikoki jarri beharko dituzte, eta hala egin beharko dituzte beharrezko tramite guztiak errekurtsoak jarri ondorengo prozeduraren fase guztietan. Baliabide elektronikoen bidez tramitatuko dira, orobat, errebokatzeko eta dirua itzultzeko prozedurak.

b) Aurkeztu beharreko dokumentu guztiak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) tramiteen katalogoko fitxa erabiliz (hemendik aurrera, laguntzen fitxa). Beharrezkoa da aldez aurretik identifikatzea cl@ve sistemaren kredentzialekin edo erabiltzailearen ziurtagiriarekin (ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa).

c) Jakinarazpenak laguntzen fitxan argitaratuko dira. Banakako jakinarazpenak telematika bidez eginen dira eta eskatzailearen gaitutako helbide elektroniko bakarrera (GHEB) igorriko dira. Jakinarazpen edo komunikazioaren bidalketaren berri emanen da eskaera-orrian jarritako helbide elektronikoaren bitartez.

Jakinarazpena elektronikoki egiten bada ere, abisu bat bidaliko da eskatzaileak emandako posta elektronikoko helbidera, jakin dezan jakinarazpen bat duela administrazio honetako egoitza elektronikoan. Abisu hori egin gabe ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izanen da.

5. Eskatzaileen betebeharrak.

a) Espainiako unibertsitate batean graduko edo master ofizialeko unibertsitate ikasketetan matrikulaturik egotea.

b) Unibertsitateek sustatutako nazioarteko mugikortasunerako programa batean parte hartzea.

c) Egoera hauetako batean izatea:

–Nafarroan jaioa izatea.

–Gutxienez deialdiaren aurreko bi urteetan Nafarroan erroldaturik egotea, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatuta.

d) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko eskatzen diren betebehar orokorrak betetzea.

6. Eskaerak aurkeztea.

a) Eskaerak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean (NAO) argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Laguntza eskaera eta aurkeztu beharreko dokumentu guztiak laguntzen fitxaren bidez aurkeztuko dira.

c) Nahitaezkoa da deialdiaren jakinarazpenak jasotzeko helbide elektroniko bat ematea, 4.c) oinarrian ezarritakoaren arabera.

d) Beka jasoko duten ikasleek egin beharko dute eskaera. Legezko ordezkari batek egin behar badu eskaera, aldez aurretik bete beharko da ordezkaritzaren egiaztagiria, tramitatzeko prozeduran aurreikusi bezala.

e) Eskatzaileak baimena ematen ahal du eskaera ebazteko behar diren datu guztiak kontsultatzeko Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez.

f) Urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaera behar bezala aurkezten ez bada, dela eskaera gaizki bete delako, dela erantsi beharreko dokumentu guztiak ez daudelako, akatsen berri emanen zaio eskatzaileari, jakinarazi eta 10 eguneko epean zuzen ditzan. Hori egin ezean, ulertuko da interesdunak atzera egin duela, eta dagokion ebazpena eman ondoren, espedientea artxibatuko da. Zuzentzeko jakinarazpena bidali eta 10 egun naturalean interesdunak ez badu haren edukia ikusi, ezetsitzat joko da eta ulertuko da aipatu legearen 40.4 artikuluan adierazitako jakinarazteko betebeharra gauzatu dela.

g) Ez-aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen ereduarekin bat ez datozen eskaerak, bai eta laguntzen fitxa horren bidez telematikoki aurkezten ez direnak ere. Horrenbestez, ez-aurkeztutzat jotzen direnez, eskaera horiek ez dira zuzenduko.

h) Eskaera aurkezteak berekin dakar deialdi honetako oinarrietan zehazten diren baldintzen onarpen formala eta berariazkoa.

7. Dokumentazioa.

Dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Laguntza eskaera, laguntzaren fitxan eskuratzen ahal den inprimakia betez.

b) Ikasketen ziurtagiria:

–Graduko ikasleentzat: 2023-2024 ikasturteko notak frogatzen dituen dokumentua, non agertu beharko baitira egindako irakasgai guztiak, irakasgai bakoitzaren kreditu balioa eta erabilitako deialdietan eskuraturiko kalifikazioa.

–Masterreko ikasleentzat: masterra ikasteko aukera eman dien titulazioaren batez besteko nota eta titulazio horren irakasgai guztien kalifikazioak biltzen dituen dokumentua.

Bi kasuetan, baliozko dokumentu gisa onartuko da ikasleak web bidez egindako espedientearen kontsulta, baldin eta bertan agertzen badira bere izena, NANa eta eskatutako datu guztiak.

c) Eskatzaileek alta eman beharko dute Nafarroako Gobernuaren kontu korronteen erregistro-sisteman, ordainketa zein kontu zenbakitan jaso nahi duten adierazita: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta. Nahitaezkoa da erabiliko den kontuaren titularra onuraduna izatea, eta kontu hori irekita edukitzea laguntza jaso arte.

d) Egonaldia eskaera aurkeztu baino lehen bukatu badu, ikasleak "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" ere aurkeztuko du, behar bezala betea eta destinoko instituzioak zigilatua. Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiriaren eredua eskuragarri egonen da laguntzen fitxan.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako betebehar orokorrak betetzen dituela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena. Adierazpen hori eskaeraren inprimaki telematikoan dago.

f) Egoitza Nafarroatik kanpo duten unibertsitateetan matrikulatutako ikasleek, halaber, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Ziurtagiri bat, eskatzaileak parte hartzen duen truke programaren edo hitzarmenaren datuak egiaztatzen dituena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitu ez dela jasotzen ari bere unibertsitatea dagoen autonomia erkidegoak emandako beste laguntza osagarri bat nazioarteko mugikortasunerako programetarako. Adierazpen hori eskaeraren inprimaki telematikoan dago.

g) Eskatzaileak ez badu baimenik ematen datuak kontsulta daitezen Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Sistemaren bidez, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu:

–NANaren fotokopia.

–Nafarroan jaio ez direnek erroldatze agiri bat aurkeztu beharko dute, egiaztatzeko Nafarroan bizi izan direla, inongo etenik gabe, aurreko bi urteetan; eskaera aurkezteko epea amaitzeko egunetik zenbatuko dira bi urte horiek.

–Zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzarekikoak eta Ogasunarekikoak egunean dituela egiaztatzeko agiriak.

8. Laguntzak emateko irizpideak.

a) Eskatzaileen lehentasun ordena, modalitate bakoitzean (gradua edo masterra), honen arabera ezarriko da:

–Lehenik, 2023-2024 ikasturtean bekadunak diren eskatzaileak.

–Ondoren, aurreko deialdietan laguntza jaso ez duten eskatzaileak.

–Azkenik, gainerako eskatzaileak.

b) Talde horietako bakoitzaren barnean, espediente akademikoaren batez besteko notaren arabera ordenatuko dira eskatzaileak:

–Graduko ikasleentzat, 2023-2024 ikasturteko kalifikazioekin kalkulatuko da batez besteko nota.

–Masterreko ikasleentzat, masterra ikasteko bidea eman dien titulazioaren batez besteko nota hartuko da kontuan.

–Bi kasuetan, 1,17ko koefiziente biderkatzailea aplikatuko da ingeniaritza eta arkitektura adarretako titulazioetarako.

–Horrez gainera, 1,1eko koefiziente biderkatzailea aplikatuko zaie egonaldia Akitania Berria-Euskal Autonomia Erkidegoa-Nafarroa Euroeskualdeko (ABEN) unibertsitateetako batean egiten duten eskatzaileei.

–Batez besteko nota kalkulatzeko, Europako kreditu sistema eta unibertsitate tituluen kalifikazio sistema ezartzen duen irailaren 5eko 1125/2003 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiko zaio. Batez besteko notan berdinketa baldin badago, kalifikazio onenen arabera ezarriko da hurrenkera. Lehenik, lortutako ohorezko matrikulen kopurua hartuko da kontuan; horrekin berdinketa hausten ez bada, lortutako bikainak, eta, horrela, hurrenez hurren.

9. Laguntzak emateko ebazpena.

Laguntzak Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez emanen edo ukatuko dira; ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko laguntzen fitxan argitaratuko da.

Horrez gain, "itxarote-zerrenda" bat sortuko da deialdiaren betebeharrak bete, baina laguntzak emateko aurrekontua agortzeagatik laguntza jasoko ez duten eskatzaileekin. Itxarote-zerrenda horretako eskatzaileek 13. oinarrian ezarritako baldintzetan jasotzen ahalko dute laguntza.

10. Onuradunen betebeharrak.

Egonaldia amaitu ondoren, laguntzen onuradunek "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" aurkeztu beharko dute, behar bezala betea eta destinoko unibertsitateak zigilatua, egonaldia amaitu eta 15 egun naturaleko epean. Dokumentu hori eskuragarri egonen da "nafarroa.eus" atariko laguntzen fitxan.

Laguntza eskatzen denerako egonaldia amaitua badago, dokumentu hori eskaerari erantsiko zaio.

2025eko azaroaren 30a eta gero amaituko diren egonaldiei dagokienez, "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" egun hori baino lehenago aurkeztu beharko da, hori izanen baita justifikaziorako eta laguntza ordaintzeko aintzat hartuko den eguna.

11. Uko egitea.

Laguntzari uko eginez gero, horren berri eman beharko zaio Unibertsitateko Atalari, Nafarroako Gobernuko erregistro orokor elektronikoaren bidez.

12. Ez-betetzeak.

Honako kasu hauetan, onartutako laguntza ez da ordainduko:

a) Ikasleak ez badu egonaldia egiten.

b) Ikasleak ez badu egonaldia egin duela frogatzen duen "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" aurkezten dagokion epean.

13. Laguntzaren ordainketa.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren ebazpenen bidez eginen da ordainketa.

Onuradunek egonaldia amaitu ondoren jasoko dute laguntzen zenbateko osoa, egonaldia egin dutela eta benetan zenbat iraun duen egiaztatzen duen "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" aurkeztu eta gero.

Egonaldiaren amaierako ziurtagiriak adierazten badu benetan egindako egonaldia formularioan eskatutakoa eta ebazpen bidez onartutakoa baino laburragoa izan dela, onuradunak dokumentu horretan justifikatutako hilabeteei dagokien zenbatekoa baino ez du jasoko, betiere kontuan hartuta justifikatutako egonaldia ezin dela luzatu 2025eko azaroaren 30etik haratago.

Egonaldiaren amaierako ziurtagirian jasotzen bada egonaldia luzeagoa izan dela eskaeraren formularioan eskatutakoa eta ebazpen bidez onartutakoa baino, onuradunak eskaeran adierazitako hilabeteei dagokien laguntza jasoko du, ez aipatu ziurtagirian adierazten den egonaldiari dagokiona, eta betiere kontuan hartuko da egonaldia ezinen dela luzatu 2025eko azaroaren 30etik haratago.

Hiru epe ezartzen dira laguntzak ordaintzeko: 2025eko ekaina, iraila eta abendua. Horietako bakoitzean, egonaldia amaitu dutela egiaztatzen duten onuradunei laguntzak ordainduko zaizkie.

Egonaldia 2025eko azaroaren 30etik aurrera bukatzea espero duten eskatzaileek laguntza jaso ahal izateko, egun hori baino lehen bidali beharko dute "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria".

14. Itxarote-zerrenda.

Onartutako laguntzak finkatutako ordainketa aldietan ordaindu ondoren aurrekontu-baliabiderik gelditzen bada (izan onuradunen batek uko egin diolako edo izan esleitutako laguntzaren bat doitu delako justifikatutako aldia laburragoa izateagatik), proposatuko da laguntza itxarote-zerrendako eskatzaileei ematea eta ordaintzea, laguntzetarako aurrekontuko dirua bukatu arte. Onuradun horiek "Egonaldiaren Amaierako Ziurtagiria" aurkeztu beharko dute egonaldia justifikatzeko.

15. Laguntza hauen bateraezintasuna.

Laguntza hauek bateraezinak dira beste autonomia erkidegoek helburu bererako ematen dituzten laguntza osagarriekin.

16. Laguntzen araubide juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen orotan, arau-hausteen eta zehapenen araubidea barne, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean ezarririkoa izanen da.

17. Errekurtsoak.

Oinarri hauen eta horiek aplikatzeko ematen diren egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

18. Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu pertsonalen babesari dagokionez, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jarduketa bat etorriko da Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean (2016/679 EB Erregelamendua) eta Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin. Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusiak bekak emateko prozesuetan parte hartzearen ondorioz jasotako datu pertsonalak "Unibertsitateko ikasketetarako dirulaguntzak, bekak eta laguntzak" izeneko tratamenduko jardueran sartuko dira.

Bildutako datu pertsonalen tratamenduaren xedea izanen da foru agindu honetan ezarritako laguntzak kudeatzea eta helburu estatistikoetarako erabiltzea. Datu horiek beharrezkoak dira interes publikoaren mesederako misio bat betetzeko, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari emandako ahal publikoak betez. Datuak lagatzen ahalko zaizkie Nafarroako Gobernuko beste organo batzuei, baita beste administrazio publiko batzuei edo kontroleko agintari, epaitegi eta erakunde publikoei ere, beren egitekoak bete ditzaten.

Datuen titularrek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatzen ahal dituzte; horretarako, idatzizko komunikazio bat bidali beharko dute Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuari zuzendua (Cabárceno kalea 6, Sarriguren, edo sgt.uitd@navarra.es). Datuen babesari buruzko informazio osagarria eta zehatza laguntzen fitxan kontsultatzen ahalko da.

19. Informazioa eta harremanak.

Edozein zalantza argitzeko, interesdunek honetara jotzen ahalko dute:

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Atala.

Telefonoak: 848 433446; 848 426058; 848427144; 848 426020.

Helbide elektronikoa: enuniver@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2502806