2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
IRUÑA
Jarduera-lizentzia ematea. Garajeak
Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak honako ebazpen hau eman zuen 2025eko otsailaren 17an:
REV 17-FEB-25 (35/EV)
«IKUSI da Altrum Arquitectura S.I.p-k, Proyectos y Obras San Julian SLren ordezkari gisa, sustatu duen LIO / 2024 / 869 espedientea, zeinean jarduera sailkaturako lizentzia eskatzen baitu, bai eta obretarako lizentzia ere, eraikin bat (54 etxebizitza, garajeak eta trastelekua) egiteko Arrosadia-U.I.XXIII-ko 5. poligonoko 2187. lurzatian. Orobat ikusi dira udal txosten teknikoak. Horiek horrela,
EBATZI DUT:
1.–Jarduera sailkaturako lizentzia ematea garaje-aparkalekurako. -1 eta -2 solairuetan egonen da, eta lurpean hartuko du 5. poligonoko 2187. lurzati guztiaren azalera (Arrosadia-Lezkairu Plan Partzialeko A11 lurzatia), bat etorriz Rafael Amalio Sola Benito eta Fermin Salcedo Perez industria-ingeniari teknikoek etxebizitza, trasteleku eta garajeetarako idatzitako jarduera sailkaturako proiektuarekin (2024ko otsailaren 28an ikus-onetsia). Proiektu horren bidez, justifikatzen da jarduerak bete egiten dituela eskatzen zaizkion baldintza indardunak.
2.–Obra-lizentzia ematea 5. poligonoko 2187. lurzatian (Arrosadia-Lezkairu Plan Partzialeko A11 lurzatia) egitekoa den eraikinerako (52 etxebizitza libre, lokalak, garajeak eta trastelekuak), bat etorriz exekuzio-proiektuarekin (2024ko apirilaren 3an ikus-onetsia; barnean duela segurtasunari eta osasunari buruzko azterketa ) eta haren 1. eranskinarekin (2024ko irailaren 2an ikus-onetsia), 2. eranskinarekin (2024ko urriaren 8an ikus-onetsia) eta 3. eranskinarekin (2025eko urtarrilaren 23an ikus-onetsia). Renato Alegria Moracho arkitektoak idatzi ditu horiek guztiak. Obretan sartuta dago garaje estalkiaren gaineko urbanizazioa kalean eta portxean.
Edonola ere, baldintza hauek bete beharko dira:
Obra-lizentzia:
–Lanak eskatutakoaren arabera eginen dira, eta lizentzia berria beharko da obrako ohiko doikuntzen gainetik planteatzen den beste edozein obra osagarri egiteko.
–Iruñerriko Mankomunitatearen (Iruñerriko Zerbitzuak SA) txostenetan eta espedientean jasota dauden gainerako nahitaezko txostenetan jasotako baldintzak bete beharko dira.
Garajeak komun irisgarria izan beharko du.
–Lurzatien barnean eta zoru publikorik okupatu gabe kokatuko dira kutxatilak, aireztapenerako eta airearen erauzketarako kuku-leihoak, zapatak eta beste eraikuntza-elementu guztiak.
–Eraikina ukitzen duten elementuetan eta lurzati mugakideetan lerrokadurak eta kotak mantenduko dira, hirigintzaren arloan erreferentziazkoa den plangintzan ezarritakoa bete beharrez.
–Atikoetako terrazetan, etxebizitzen artean jartzen diren banaketa-elementuek 2 metroko altuera izanen dute, gehienez.
–Lizentzia honek ez du jasotzen obrak egitea bide publikoan. Titulartasun publikoko lurrak ukituko direla planteatuz gero (zangak egitea, espaloietako zoladura kentzea...), lanak hasi aurretik horren berri eman beharko zaio Udaleko Hiri Kontserbazioko Alorrari.
–Sestra azpiko eraikuntzak eta hondeaketak ez dute gaindituko lurzatien lerrokadura, espazio publikoarekin muga dagoen aldeetan. Edonola ere, lerrokaduretatik kanpoko lurretan espaziorik irekiz gero, behar bezala bete eta trinkotu beharko dira, eta espazio publikoa egungo egoeran utzi.
–Larrialdiko argiztapen-blokeak eta ebakuazio-seinaleak ezin izanen dira sabaian sartuta egon, eta sabaiaren azpitik gutxienez 30 cm-ra jarriko dira; bestela, sutea gertatuz gero, keak pilatzeak ez du eragin behar ez betetzea "DB SUA - Erabilera-segurtasuna eta irisgarritasuna" oinarrizko dokumentuko SUA 4 ataleko 2. apartatuan ezarritako zerbitzu maila funtzionalak (Eraikingintzaren Kode Teknikoa).
–Aurkeztutako dokumentuetan jasotako suteen aurkako prebentziorako neurriak instalatu eta une oro mantenduko dira.
–Suteen aurkako babeseko instalazioek eta ekipamenduek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute, ezaugarri teknikoei, instalazioari eta mantentze-lanei dagokienez: Eraikingintzaren Kode Teknikoa, Suteen aurkako Babeserako Instalazioen Erregelamendua eta aplikatzekoa den beste edozein araudi espezifiko.
–Aplikatu beharreko xedapenetan, beteko da foru legedian ezarritakoa irisgarritasun unibertsalari buruz.
–Eraikineko estalkia irisgarria izanen da eraikineko eremu komunetatik zuzenean, mantendu eta garbitu ahal izateko.
–Zonakatze akustikoaren, kalitate-helburuen eta emisio akustikoen arloetan, instalazioek zorrotz bete beharko dituzte Zaratari buruzko Legea garatzen duen 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak, honako hauei dagokienez: instalazioa, funtzionamendua, soinu-mailak eta bibrazioak.
–Tximiniek behar adinako estankotasuna bermatuko dute materialetan eta eraikuntzan, eta EITE eta MINP Ordenantzaren 10. artikuluan ezarritako altuerak beteko dituzte.
–Garajetik datorren airearen irteerek ez dute ingurumen arloko eraldaketarik edo nahasmendurik sortuko kanpoko ingurunean.
–Indarrean dagoen araudiaren arabera hala behar duten instalazioek (igogailuak, gasa, elektrizitatea edo beste batzuk) erakunde eskudunen nahitaezko baimenak izan beharko dituzte (Nafarroako Gobernuko industria-arloko departamentu eskuduna, edo beste batzuk, hala badagokio).
–Obrak egitean, behar diren neurriak hartuko dira langileen eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko, indarrean dagoen araudiarekin bat.
–Auzokideen atsedena babesteko, lanak egunez eginen dira. Halaber, hauts-emisioak erabat kontrolatu behar dira, eta neurri egokiak hartuko dira zabaldu ez daitezen.
–Martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, obrak egiteko, kontratatu beharko da eraikitzaile bat, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen edukitzailea dena, inskribatuta egonen dena Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren erregistroan.
Kanpoko urbanizazioa:
–Lizentzia honen xede diren obrak exekutatzearen ondorioz kalteren bat sortzen bada jabari publikoan, lizentziaren titularra izanen da horien erantzulea. Egiten diren konponketetan, egungo materialei eta kalitate-mailei eutsi beharko zaie.
–Eraikina erabili ahal izateko, beharrezkoa izanen da espazio publikoa guztiz osatzea eta barne-urbanizazioa bermatzea fase honetarako ezarritako gutxieneko irismenarekin.
Atarien zenbakiak:
proposatzen da Ugaldeta pasealekuko 14, 16 eta 18 zenbakiak esleitzea proiektuko hiru atariei.
Obrak bukatu ondoren, lehen erabilerako lizentzia eskatu beharko da, eta horretarako eraikuntzak eta lokalak erabiltzeko inprimakia aurkeztu behar da (inprimakia Armada etorbideko 2-5.eko gure bulegoetan duzu eskura edo www.pamplona.es/eu webgunean), inprimakian ezarritako dokumentazioarekin batera, obra-bukaerako ziurtagiri teknikoa barne, eskaera-orria ematen den leku berean emandako ereduaren arabera.
Jasota geratu da, A.11 lurzatirako lehen erabilerako lizentzia lotua dagoela UI-V (Txantrea) unitate integratuko S-1 sektoreko ARS 1-eko 2. lurzatirako lehen erabilerako lizentziarekin; hori guztia, bete beharrez ezarrita dagoena 4. lotearen enkante publikoa egiteko baldintza-orrian, A.11 lurzatia lote horren parte da-eta (Iruñeko Udalak lurzatia besterendu du). Zehazki, honako hau da bi lurzati horien arteko lotura:
"Ezin izanen zaio lehen erabilerako lizentzia eman SO-1 UI-XIX (Milagrosa) sektoreko ARS-3-ko A.11 etxebizitza librerako lurzatiari, baldin eta aurretik ez bazaie eman lehen erabilerako lizentzia UI-V (Txantrea) unitate integratuko S-1 sektoreko ARS 1-eko 2. lurzatian eraikitzekoak diren babes ofizialeko etxebizitzei.
Salbuespen gisa, lehen erabilerako lizentzia ematen ahalko zaio aipatutako lurzatiko etxebizitza libreen eraikinari, aurretik eman gabe lehen erabilerako lizentzia UI-V (Txantrea) unitate integratuko S-1 sektoreko ARS 1-eko 2. lurzatian eraikitzekoak diren babes ofizialeko etxebizitzei, baina horretarako berme ekonomiko bat jarri beharko da, banku-abal bidez edo eskudirutan. Lehen erabilerako lizentzia etxebizitza libreetarako zer lurzati edo lurzatietarako eskatzen den, lurzati hori edo horiek eskuratzeagatik ordaindutako prezioaren %5 izanen da bermearen zenbatekoa.
Berme ekonomikoak balioko du harik eta Iruñeko Udalak hura bertan behera uzteko edo itzultzeko agindua ematen duen arte. Bermea itzuliko da babes ofizialeko etxebizitzetarako lehen erabilerako lizentzia eskatzen denean; eta, hain zuzen, eskaera hori egiteko beharrezkoak diren agiri guztiak aurkeztearekin batera itzuliko da; baina, horretarako, eskaera egin behar da fidantza edo abala jarri eta sei hilabeteko epearen barnean. Epe hori iraganda, eta sustatzaileari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik, ez bada eskatu lehen erabilerako lizentziarik UI-V (Txantrea) unitate integratuko S-1 sektoreko ARS 1-eko 2. lurzatian eraikitzekoak diren babes ofizialeko etxebizitza guztietarako, Iruñeko Udalak bermea konfiskatzen ahalko du».
Ebazpen hau argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 53.3 artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).
Iruñean, 2025eko otsailaren 26an.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.
Iragarkiaren kodea: L2503068