1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
DEIALDIA, sektore bioteknologikoko eta biofarmazeutikoko enpresentzako BIO-Europe 2025 azokan parte hartzeko.
Ekitaldi hori Vienan izanen da, azaroaren 3tik 5era.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Nazioarteko Plana sustatzen du, Foru Komunitateak nazioartean duen posizionamendua hobetzeko asmoz.
Nafarroako Nazioarteko Planaren arabera, osasunaren sektorea estrategikoa da Nafarroako nazioartekotze estrategiaren baitan.
BIO-Europe Fall nazioarteko ekitaldi bat da, industria bioteknologikoaren arloan Europako garrantzitsuena urtearen bigarren seihilekoan.
Sektore bioteknologikoko enpresa garrantzitsuenak, farmaziakoak eta inbertitzaileak erakartzen ditu, eta milaka aldebiko topaketa egiten dira bertan. Azokarekin batera eginen diren hitzaldiek eta panelek, bai eta enpresen aurkezpenek ere, funtsezko ekitaldia bihurtzen dute sektorearentzat.
2024an egindako azken edizioan 180 erakusketarik baino gehiagok parte hartu zuten. 60 herrialde baino gehiagotako 3.000 enpresatako 5.600 ordezkarik baino gehiagok parte hartu zuten. 30.000 topaketa baino gehiago egin ziren.
Nafarroako Gobernuaren iritziz, azoka horrek aukera handiak izan ditzake sektore horretan lan egiten duten Nafarroako enpresentzat.
Ekintzaren xedeak.
–"Nafarroa" marka ezagutaraztea eta Nafarroako ekosistema bioteknologiakoaren eta biofarmazeutikoaren irudi elkartua, profesionala eta erakargarria eskaintzea azokan.
–Nafarroako enpresei merkatuaren prospekzioa egiten laguntzea, jakin dezaten zer egoeratan dagoen sektore bioteknologikoa eta biofarmazeutikoa nazioartean.
–Osasunaren sektoreko eta, zehazki, sektore bioteknologiko eta biofarmazeutikoko Nafarroako enpresei laguntza instituzionala ematea, nazioarteko garapenean.
–Finantzaketa- edo negozio-aukerak identifikatzea eta Nafarroako enpresek beren bazkide edo inbertitzaile bihur daitezkeenekin balio handiko harremanak izan ditzaten erraztea.
Sektoreak.
–Bioteknologikoa, biofarmazeutikoa eta farmazeutikoa.
Ekintzaren edukia.
–Nafarroaren erakustoki instituzionala eskura jartzea, parte hartzen duten enpresek bilerak egiteko topalekua izan dadin, bai eta Nafarroako ekosistema bioteknologikoa eta biofarmazeutikoa sustatzeko eta azaltzeko ataria ere. Erakustokia C hallean (hall nagusia) egonen da.
–Azokan parte hartzeko erregistroa (erregistro 1 entitate bakoitzeko*).
(*) Pre-Revenue Biotech kategorian sartzen diren enpresek bi erregistro izaten ahalko dituzte enpresa bakoitzeko.
Azokak irizpide hauek hartu ditu kontuan entitate bat Pre-revenue Biotech kategoriaren barruan sartzeko:
–Edozein finantzaketa-fasetan egotea, baita IPOn ere.
–Diru-sarrerarik ez izatea.
–Terapiak edo diagnostikoak egiten aritzea eta horien jabetza intelektuala izatea edo sendagaiak diseinatzeko edo aurkitzeko erabiltzen den plataforma teknologiko baten jabetza intelektuala izatea.
–Edo ikertzaile izatea unibertsitate, ospitale, ikerkuntza-institutu edo gobernu-entitate batean.
–Azokara joan aurretik, parte hartzen duten entitateei aukera emanen zaie esportazioari buruzko diagnostiko bat egiteko, baloratzeko parte hartzen duen enpresa bakoitza zer mailatan dagoen prestaturik nazioarteratzeko.
–Nafarroako entitateen sustapen katalogo bat prestatzea, azokan banatzeko.
–Entitate parte-hartzaileen sustapena eta zabalkundea eginen da, Nafarroak azokan jarriko duen erakustokian.
Nafarroako Gobernuak ez ditu ordainduko bidaietako, hoteletako, otorduetako, barneko joan-etorrietako edo enpresa bakoitzaren bestelako gastu berekiak, horiek enpresa parte-hartzaileen kontura izanen baitira.
Entitate parte-hartzaileek bete beharreko baldintzak.
Baldintza hauek azokan parte hartzeko eskaera aurkezten den unean bete behar dira.
–Sektore bioteknologiko eta biofarmazeutikoko entitate bat izatea (enpresak, zentro teknologikoak, ikerkuntza-zentroak, klusterra, etab.). Lehentasuna izanen dute enpresa txiki eta ertainek, eta, tokirik geratzen bada, halakoak ez direnak sartzen ahalko dira.
–Egoitza soziala Nafarroan izatea eta Nafarroan egitea garapen eta/edo ekoizpen lanak.
–Web-orria ingelesez izatea.
–Harremanetarako pertsona bat izatea, ingelesez dakiena, azokaren aurretik, azoka bitartean eta bukatu ondoren arreta emanen duena (curriculum vitaea erantsi).
Eskaera aurkezteko epea.
Eskaerak telematikoki aurkeztu beharko dira, nahitaez, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamuneko 09:00etatik aurrera, eta 2025eko martxoaren 28ko 14:00ak baino lehen, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoan dagokion fitxaren bidez:
https://www.navarra.es/eu/tramites/on/-/line/participacion-en-la-feria-bio-europe-2025-dirigida-a-empresas-del-sector-biotecnologico-y-biofarmaceutico
Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
Ekintzan parte har dezaketen enpresen gehieneko kopurua.
Ekintza honetan 10 enpresak parte har dezakete gehienez, eta gutxienez 6 enpresa beharko dira. Eskaerak aurkezten diren ordenaren arabera hautatuko dira parte-hartzaileak, ezarritako gehieneko kopurura iritsi arte.
BIO-Europe azokan banaka parte hartzen duten enpresa erakusketariek Navarra Health erakustokian ere parte hartzen ahalko dute, baldin eta lekurik geratzen bada.
Eskaera onartuz gero, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak mezu bat bidaliko du inskripzio fitxan adierazten den helbide elektronikora, eta parte-hartzaileei dei eginen zaie azokan izanen duten baterako jarduna prestatzeko bilera batera.
Eskaera onartuz gero, entitate parte-hartzailea behartuta egonen da ekintza egitera, idatziz justifikatu beharreko ezinbesteko kasuetan izan ezik. Ezinbesteko arrazoirik ez badago, eta enpresak erabakitzen badu ez parte hartzea, azoka hasi baino gutxienez bi hilabete lehenago aurkeztu beharko du uko-egitea. Bestela, hurrengo paragrafoan ezarritako penalizazioa aplikatuko zaio.
Aurreko paragrafoan adierazitako kasuetan izan ezik, enpresa bat eskatutako eta onartutako misio batera joaten ez bada, eta hurrengo bi urteetan misioetako batean parte hartzea eskatzen badu, misio horietarako itxarote-zerrendako azken postuan egonen da.
Enpresa parte-hartzaileen betebeharrak.
–Enpresaren datuak jakinaraztea, ekintzan parte hartzeko eskaeran zehazten direnak.
–Azokara joatea eta bezeroei eta eskakizun komertzialei erantzuteko prest egotea azokako egun guztietan.
–Ekintza egiten denetik hasita hamabost eguneko epean, Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak igorriko dien balorazio inkesta betetzea.
–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren kontsultari erantzutea misioa izan eta sei hilabetera, jakiteko aurrerapenik izan ote den egindako harremanetan eta jasotako informazioetan.
Iruñean, 2025eko otsailaren 24an.–Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuko zuzendaria, Miren Ausín Lecuna.
Iragarkiaren kodea: F2502733