Iragarkia
48. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 11
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
18C/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Planasa Equities SLU enpresaren Valtierrako lantokirako hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Aztertu da Planasa Equities SLU enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode zenbakia: 31102041012022), enpresaren eta sindikatuen ordezkaritzek 2024ko abuztuaren 9an sinatu zutena eta erregistro honetan 2024ko abenduaren 24an sartu zena.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan-akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidanak, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Planasa Equities SLUk Valtierrako lantokirako aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31102041012022).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025ko urtarrilaren 30ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
PLANASA EQUITIES SL ENPRESAREN 2023-2024KO HITZARMEN KOLEKTIBOA VALTIERRAKO LANTOKIRAKO
Valtierran, 2024ko abuztuaren 9an.
ATARIKO KAPITULUA.–ZIOEN AZALPENA
Negoziazioaren filosofia
1. Negoziazioaren baitan jaso dira Planasa Equities SLren jardunaren ezaugarri diren berezitasunak eta halaxe zehaztu dituzte bi aldeek, bai enpresa bai lanpostuak finkatzeko helburua lortze aldera.
2. Erreferentzia bikoitz horretan, bi aldeek funtsezkotzat jotzen dute gogoan izatea gure bezeroei zerbitzurik onena uneoro bermatuz soilik lortuko dela helburu hori.
3. Beraz, honako hauek dira helburua lortzeko funtsezko puntuak:
–Langileen motibazioa, zuzendaritzaren informazio politika egokia dela medio.
–Zuzendaritzak aintzat hartzea langileek planteatzen dituzten hobekuntzarako iradokizunak, zerbitzuaren kalitatea eta negozioaren errentagarritasuna hobetzea ekar dezaketenak.
–Langileen erabateko integrazioa lortzea, bezeroei zerbitzua hobeki emateko beharrezkoak diren lanpostuak finkatuz, eta, halaber, langileak enpresako zuzendaritzarekin elkarlanean aritzea etengabe, lehiakortasuna hobetzen lagunduko duten neurri guztiak ezartze aldera.
–Langileak trebatzea haien lanbide garapena eta zerbitzuaren kalitatearen hobekuntza ahalbidetuko dituzten teknika guztietan.
–Lan harremanetarako giro ezin hobea lortzea, adostasuna oinarri, auziak negoziazio mahaian ebaztea ahalbidetuko duena, gatazka eta konfrontaziora jo beharrik izan gabe.
–Zerbitzua ematean behar den malgutasuna, bezeroei ematen zaien zerbitzua kalitatezkoa izan dadin eta emateko epeak bete daitezen.
–Behar adinako lehiakortasuna, langileen erosteko ahalmenari eutsiko dion ordainketa politika egokian oinarritua, gutxieneko kostu mailarekin batera, bezeroei prezio eta kalitaterik onenak eskaini ahal izateko.
Lankidetza giro horretan, bi aldeek hau hitzartu dute:
I. KAPITULUA.–APLIKAZIO EREMUA
Atariko artikulua.
Hitzarmen honek, aldeen borondatearen adierazpen gisa –Langileen Estatutuaren hirugarren tituluan ezarritakoari jarraituz negoziatua–, Planasa Equities SL enpresaren Valtierrako lantokian lan harremanak antolatzeko arauak biltzen ditu. Bertako jarduera nagusia, gaur egun, holding sozietateen jarduerak dira.
0. artikulua. Zein diren hitzarmen hau sinatzen duten aldeak.
Enpresaren ordezkaritzak eta langileen legezko ordezkaritzak sinatu dute hitzarmen hau, eta akordio honen bidez formalizatzen dute; langileen legezko ordezkaritza langileen ordezkariaren esku dago.
1. artikulua. Lurralde eremua eta eremu funtzionala.
Hitzarmen kolektibo hau Planasa Equities SLk Valtierran (Nafarroa) duen lantokian (San Adriango errepidea, 1. kilometroa) soilik aplikatuko da.
Eremu funtzionalari dagokionez, enpresaren jarduera EJSNko 6420 kodeari dagokio.
2. artikulua. Pertsona eremua eta eremu funtzionala.
Hitzarmen kolektibo hau aplikatuko zaie Planasa Equities SL enpresak Valtierran (San Adriango errepideko 1. kilometroa, Nafarroa) duen lantokian lanean aritzen diren langileei, hitzarmenaz kanpoko langileak alde batera utzita, hots: zuzendaritza batzordeko kideak, bai orokorrak, bai funtzionalak, eta kontratuan edo horren eranskinean hitzarmenaz kanpoko langileen klausula duten teknikariak.
3. artikulua. Denbora eremua. Xedapen klausulak eta klausula ekonomikoak.
Hitzarmen kolektibo honek 2023ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izanen du.
Aurrekoa gorabehera, 2023ko urtarrilaren 1era arteko atzeraeragina ondorio ekonomikoetara mugatzen da.
Hitzarmen honetan araututako gainerako gaiei dagokienez, hitzarmena argitaratzen den egunetik hasita aplikatuko dira (salbu eta berariaz besterik ezartzen bada horri buruzko artikuluan), harik eta enpresaren 2025erako eta, kasua bada, hurrengo urteetarako hitzarmena sinatzen den arte.
Hitzarmenaren salaketa idatziz egin daiteke, bide sinesgarri batetik igorrita, hitzarmena iraungi baino hiru hilabete lehenago, gutxienez ere.
Hitzarmena salaturik, hilabetean eratuko da negoziazio batzordea, salaketa jasotzen denetik aurrera.
Negoziazio batzordea eratzen denetik, gehienez ere 15 eguneko epean hasiko da negoziazioa.
Hitzarmen honen aurreraeragina bi urtekoa izanen da, salaketa egunetik hasita; epe hori hitzarmen berria sinatu gabe iraganez gero, hitzarmen honek indarra galduko du, eta dagokion goragoko eremuko hitzarmena aplikatuko da.
4. artikulua. Osotasunari lotzea.
Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo bakar eta zatiezina osatzen dute eta, aplikazioari dagokionez, osotasunean hartuko dira.
Ildo horretan, itundutako hobekuntzek multzo bat osatzen dute, edozein modutan ere lehendik daudenekin konpentsatzekoa, baina konparazioa urteko guztirakoari begira eginen da, errendimendu normalean eta asistentzia osoa izanik.
Etorkizunean ezar daitezkeen xedapenei dagokienez, aldaketa ekonomikorik badakarte, eragina izanen dute baldin eta, osotara kontuan harturik eta urte osoan neurturik, hitzarmen honetan ezarritakoen gainetik badaude.
5. artikulua. Berme pertsonalak.
Langileren bati onartutako baldintzak, orokorrean eta urteko konputuan, kualifikazio bereko langileentzat hitzarmenean ezartzen direnak baino hobeak badira, errespetatu eginen zaizkio. Neurri hori pertsonala da eta egoera horretan dauden langileei baino ez zaie aplikatuko.
II. KAPITULUA.–LANAREN ANTOLAKETA
6. artikulua. Lanaren antolaketa.
Lanaren antolaketa, hitzarmen honetan ezarritakoari eta aplikatu beharreko araudi orokorrari jarraikiz, enpresako zuzendaritzari dagokio eta hark burutuko du, antolaketa ekonomiko eta teknikorako, zuzendaritzarako eta lanaren kontrolerako dituen ahalmenen legezko erabileraren bitartez, eta egin behar diren lanetarako aginduak emanez.
Zuzendaritzarako ahalmenak besteren esku uzten badira, eskuordetze hori aditzera emanen zaie bai ahalmenak jaso behar dituztenei, bai haien laguntzaileei eta enpresako gainerako langileei.
Lanaren antolaketaren helburua da enpresan ahalik eta efizientzia eta eraginkortasun mailarik onena lortzea. Horretarako, baliabide tekniko eta materialak ongi erabili behar dira eta langileak motibatu behar dira xede horri begira.
Eraginkortasun eta efizientzia maila hori lortzeko ezinbestekoa da alde batek eta besteak jarrera aktiboa eta adostasunezkoa izatea, zioen azalpenean adierazten den moduan.
Bi aldeek adostu dute helburu horretarantz sendo aurrera egiteko bidean lana berrantolatu behar dela, eraginkortasun eta efizientzia mailak neurtu eta hobetzeko aukera emanen duten metodo berriak erabiliz. Hala, erabaki dute metodo horiek ezartzen hasiko direla hitzarmena sinatutakoan, ukitutako langileen laguntza osoarekin.
Berrantolaketa horretan –zuzendaritzari dagokion antolatzeko ahalmena errespetatuz– langileen legezko ordezkariek parte hartuko dute. Horretarako, garapen eta produktibitate batzordea sortuko da, langileen ordezkariekin batera.
Lan baldintzetan funtsezko aldaketak egiteko –besteak beste Langileen Estatutuaren 41. artikuluan hitzartutakoak–, aldez aurretik akordioa lortu beharko da langileen ordezkariekin; haiek ados ez badaude, bake sozialari buruzko artikuluan aurreikusten den bitartekotzara jotzeko konpromisoa hartzen dute bi aldeek.
III. KAPITULUA.–LANBIDE SAILKAPENA
7. artikulua. Lanbide sailkapena.
Hitzarmen honen esparruko langileak haien jakintza, eskarmentua, benetako lan denbora, autonomia maila, erantzukizuna eta ekimena, eta laneko segurtasun arau eta jarraibideen errespetua kontuan hartuz sailkatuko dira, egiten dituzten lanbide jardueren arabera eta lanbide sailkapen eta kalifikaziorako sistema honetan zehazten diren definizioak oinarri hartuz.
Sailkapena funtzio taldeetan eta lanbide mailetan eginen da, irizpide orokor objektiboak interpretatuz eta aplikatuz eta langileek dituzten oinarrizko eginbehar eta funtzio adierazgarrienak kontuan hartuz.
Lanpostu batean lanbide maila ezberdinei dagozkien eginbeharrak pilatzen badira, eduki handiena duen eginbeharrari dagokion jardueraren arabera eginen da sailkapena, eta, berdintasunik badago, haietatik goreneko lanbide mailari dagokionaren arabera.
Sailkapen irizpide horrek ez du ekarriko lanbide maila bakoitzeko lanpostuetan eginbehar osagarriak egitea baztertzea: alegia, beheragoko mailako lanbide mailetan lanpostu kualifikatuetarako oinarrizkoak direnak (lanpostuko garbiketa eta oinarrizko mantentze-lanak, eta antzeko edukia duten beste batzuk).
Lanbide sailkapen horrek lantokiaren beharrizanekin eta errealitatearekin zuzenean bat datorren lanbide egitura lortu nahi du, jarduerak garatzeko orduan kolektibo osoa hobeto espezializatzea eta funtzioen eta erantzukizunen banaketa koherenteagoa erraztuta, duintasuna, igotzeko aukera eta bidezko ordainsaria inola murriztu gabe eta edozein arrazoik eragindako inolako bereizketarik egon gabe.
–Lanbide kalifikazio eta kokapenerako faktoreak:
Hitzarmen honen eremuko langileen lanbide kalifikazioan eragina duten faktoreak eta, horrenbestez, haiek lanbide maila jakin batekoak direla adierazten dutenak, honako hauek dira:
A.–Ezagutza: faktore hau balioesteko, kontuan hartuko da, eginkizuna behar bezala betetzeko oinarrizko prestakuntzaz gain, langileak bereganatu dituen ezagutza eta esperientzia, eta, orobat, zenbat kostatzen den horiek bereganatzea.
Prozesu bakoitzaren ezaugarriak direla-eta, berebiziko garrantzia du lanpostu espezifiko bakoitzean benetan emandako lan denborak, baita lanpostu bat edo gehiago oso ongi ezagutzeak ere.
B.–Ekimena eta autonomia: faktore hau balioesteko kontuan hartuko da, arauen edo jarraibideen betetze-mailaz gain, garatzen diren zeregin eta funtzioetarako mendekotasun hierarkikoaren maila.
C.–Erantzukizuna: faktore hau balioesteko, kontuan hartuko da zenbaterainokoa den funtzioaren titularraren ekintza-autonomia, eta horrek emaitzetan duen eragina, baita kudeaketak pertsonengan eta lan prozeduretan dituen ondorioak ere.
D.–Agintea: faktore hau balioesteko, kontuan hartuko da noraino gainbegiratu eta antolatu behar dituen funtzioak eta zereginak, baita lidergorako gaitasuna, lantaldearen ezaugarriak eta zenbat pertsona izanen dituen mendean ere.
E.–Konplexutasuna: faktore hau baloratzeko, kontuan hartzen da lehen aipatutako faktore horietatik zenbat behar diren eta zenbaterainoko integrazio maila duten esleitutako zereginean edo lanpostuan.
–Sailkapen sistemak:
hitzarmen honen eraginpeko langile guztiak atxikiko zaizkio talde funtzional bati, lanbide maila bati eta, lanbide maila bakoitzaren barnean, ordainsari maila zehatz bati.
Horiek guztiek batera finkatuko dute langile bakoitzaren sailkapena antolaketan.
Antolaketako sailkapenak berekin dakartzan funtzioak egitea da kontratu bidezko lan harremanaren lehen mailako edukia. Ondorioz, sailkapen horretako edozein maila bete beharko da, behin lanpostu berriari dagokion prestakuntza jasotakoan enpresaren aldetik.
–Talde funtzionalak:
Hitzarmen honen eraginpeko langile guztiak hurrengo taldeetako batean daude sailkatuta:
1. Teknikariak.
2. Administrazioko langileak.
1. Arlo teknikoko langileak.–Zuzendaria, arduraduna eta teknikaria.
Zuzendaria: titulu akademikoa edo profesionala eta/edo lanposturako eskatzen diren esperientzia eta ezagutza teknikoak izanik, enpresako batzorde betearazlearen aurrean lehen mailako erantzukizuna duten pertsonak.
Arduraduna: goi mailako titulu akademikoa edo profesionala eta eta/edo lanposturako eskatzen diren esperientzia eta ezagutza teknikoak izanik, itundutako lan kontratuaren arabera dagozkion funtzioak eta lanak normaltasunez eta erregulartasunez egiten dituen pertsona, enpresako zuzendaritzaren aurrean erabateko erantzukizuna duela. Erabakiak hartzerakoan duen erantzukizun- eta autonomia-maila teknikariaren mailaren gainetik eta zuzendariaren mailaren azpitik dago. Urtero zehazten dira haren lanaren helburuak, eta ordainsari aldakorrekin lotzen dira, enpresaren politikari jarraikiz. Haren lanaren parte da bere ardurapeko lantaldeak kudeatzea.
Teknikariak: goi mailako titulu akademikoa edo profesionala eta eta/edo lanposturako eskatzen diren esperientzia eta ezagutza teknikoak izanik, itundutako lan kontratuaren arabera dagozkion funtzioak eta lanak normaltasunez eta erregulartasunez egiten dituen pertsona, enpresako zuzendaritzaren aurrean erabateko erantzukizuna duela. Haren lanaren parte da bere ardurapeko lantaldeak kudeatzea.
2. Administrazioko langileak.
Administrari-ofiziala: enpresako arlo funtzional batean trebea izanda, agindutako lanak ekimenez eta erantzukizun osoz egiten dituena da.
Administrari laguntzailea: bulego, administrazio, artxibatze, mekanografia eta telefonoaren arretarako oinarrizko lanak egiten dituena.
4. Berme-klausula.
Kategoria berriak eta/edo mailaketa-kasuak gehitzeak ekar diezaioke langileren bati taulako soldata-kontzeptuen murrizketa; horrenbestez, irizpide orokor gisa ezartzen da ezein langileri ez zaizkiola kontzeptu horiek gutxituko hori gertatzeagatik. Kasu mugatuak liratekeenez gero, egoera horretan egonen diren langileei dokumentu indibidualizatua emanen zaie, hemen ezarritako bermea aitortu eta adierazten duena taulako soldata-kontzeptuetan ez dela inolako murrizketarik eginen. Kasu bakoitzean, dagokion doikuntza eginen da gainerako nomina-kontzeptuetan, eta guztizko soldatak ere ezin izanen du murrizketarik izan.
8. artikulua. Mugigarritasun funtzionala.
Enpresaren barneko mugigarritasun funtzionalak lanbide taldeko kidea izatea izanen du muga bakarra.
Enpresako zuzendaritzak, teknika, produkzio edo antolaketa mailako beharrizanak kontuan harturik, langileei talde funtzional beraren barrenean mailaren aldaketa ekartzen duten funtzioak esleitzen ahalko dizkie, bai aldi baterako bai epemugarik gabe, ordainsaria murriztu gabe.
Aldaketak ordainsari handiagoak baldin badakartza, lanpostu berriari dagozkionak jasoko dituzte, lanpostu horretan aritzen diren bitartean.
Beheragoko lanbide maila bateko funtzioak egitea dakarten aldaketak langileen ordezkariei jakinarazi beharko zaizkie.
Enpresaren eta langileen artean artikulu honetan ezarrita dagoenari buruz desadostasunik egonez gero, batzorde paritarioaren esku utziko da, eta horrek hogeita hamar eguneko epean konponbiderik ematen ez badu, lan arloko jurisdikzio eskudunera jotzen ahalko da.
IV. KAPITULUA.–PLANTILLAK ETA KONTRATAZIOA
9. artikulua. Kontratazioen politika.
Hitzarmen kolektibo hau sinatu duten aldeek hurrengo irizpideak adostu dituzte kontratazioen politikaren arloan, aldi baterako edozein kontratazio motatarako:
A) Bete beharreko lanpostuaren edukiak eta profila lehenetsiko dira.
B) Irizpide horiek ez zaizkio inoiz ere lotuko antzinatasun hutsari.
Errelebo kontratua.–Hitzarmen kolektibo hau sinatu duten aldeek errelebo kontratua aplikatzea adostu dute, plantillako langileen erretiro partziala errazteko.
Langileren batek erretiro partziala eskatzen badu, ordeztutako langileak bere lanaldia eta soldata murrizten ahalko ditu, une bakoitzean indarra duen araudian ezarritako portzentajeen barrenean.
Ordeztutako langilearen lanpostua langabezian dagoen langile batek edo iraupen mugatuko kontratua duen plantillako langile batek betetzen ahalko du. Azken kasu horretan, langile horren kontratua aldatuko da, indarra duen kontratua amaitu eta EINen izena eman ondoren. Bi langileek lanposturako egokitze maila berdina edo antzekoa badute, plantillako langilea lehenetsiko da.
Errelebo-kontratua amaitutakoan eta ordeztutako langileak behin betiko erretiroa hartu ondoren, ordezko langilea enpresako plantilla finkoan sartuko da, lan bolumenak eta haren balorazioak horretarako aukera ematen badute.
10. artikulua. Aldi baterako laneko enpresen erregulazioa.
Lan hitzarmena sinatu duten aldeek aldi baterako laneko enpresen erabilera arautu behar dela erabaki dute, honako irizpide hauekin:
1. Enpresa horiek iraupen laburreko noizbehinkako jarduerei erantzuteko erabiliko dira bakarrik.
2. Sistema horren bidez enpresan lan egiten duten langileen kopurua eta haien kontratuak langileen legezko ordezkaritzari jakinaraziko zaizkio.
3. Langile horien ordezkaritza sindikala Planasa Equities SLko langileen legezko ordezkaritzak izanen du.
4. ABLEen erabilerak ez du inola ere ekarriko egungo plantilla murriztea edozein kontratazio motarekin.
5. ABLEak kontratatzen dituen langileek lan hitzarmen honek kontzeptu bakoitzarentzat ezarritako diru kopuruak jasoko dituzte beren ordainsarietan, unean unekoak, bai gaur egungo lanpostuetan, bai etorkizunean sortzen ahal direnetan.
11. artikulua. Lanpostu hutsak.
Plantilla finkoan lanpostu hutsak sortzen badira, horiek soldata maila bereko edo beheragoko langile finkoek bete beharko dituzte, baldin eta langile horiek bete beharreko lanpostuen baldintzak biltzen badituzte.
12. artikulua. Probaldia.
Langile sartu berrientzat honako iraupen hau izanen duen probaldia ezartzen da:
–Langile kualifikatuak: 2 hilabete.
–Arlo teknikoko langileak: 3 hilabete.
–Tituludun langileak: 6 hilabete.
–Igotzen diren langileak:
- Kualifikatua: hilabete bat.
- Teknikaria: 2 hilabete.
Probaldian dagoen langileak lanerako ezintasun iragankorra izanez gero, probaldiaren kontaketa etenen da.
13. artikulua. Lan kontratua.
Kontratua sinatzen den egunetik aurrera, enpresak langile bakoitzarekin dituen lan harremanak kontratu idatzi baten bidez formalizatuko ditu; bertan, antzinatasuna, kategoria eta legez eskatu beharreko alderdiak adieraziko dira. Era berean, legezko ordainagiriaren edo nomina ofizialaren bidez jasoko dute soldata, eta jasotzen diren diru-kopuru guztiak eta ordaintzen diren kontzeptuak azalduko dira agiri horretan.
Langileen Estatutuaren 8. artikuluaren 3. zenbakian xedatutakoa aplikatuta, goi zuzendaritzako lan kontratu berezietan izan ezik, enpresak gehienez ere hamar eguneko epean emanen die langileen legezko ordezkariei idatziz formalizatu behar diren lan kontratuen oinarrizko kopia. Agiri horretan lan prestazioarekin zerikusia duten datu guztiak agertuko dira, salbu eta kontratatuaren intimitateari dagozkionak edo intimitate horri eragin diezaiokeen beste edozein datu.
Kopia hori hartutakoan, langileen ordezkariek sinatuko dute, enpresaburuak frogatu ahal izateko entregatu egin duela.
V. KAPITULUA.–LANALDIA, APARTEKO ORDUAK ETA OPORRAK
14. artikulua. Lanaldia.
Urteko lanaldia honakoa izanen da, Langileen Estatutuaren testu bateginaren 34. artikuluaren 1. apartatuan xedatutakoaren arabera:
2023. urtea: 1.742 ordu.
2024. urtean: 1.742 ordu.
Espainiako Gobernuak hemen adierazten den lanaldiak baino urteko lanordu gutxiago dituena agintzen badu legez, lan hitzarmen honetan urte bakoitzerako ezarritako lanaldiari eutsiko zaio, lanaldi berriak hitzarmen honetan adierazitakoak baino lanordu gutxiago izan arte. Hori guztia lege berriak tarteko atsedenaldiei dagokienez ezartzen ahal dituen baldintzak kontuan hartuta eginen da.
–Lan araubidea eta ordutegia:
Irizpide hauek ezartzen dira lan ordutegia malgutze aldera:
1. Sartzeko ordua malgua izanen da. Urtero, enpresak finkatuko du zein den zerbitzu-prestazioa egiten hasteko ordutegi tartea, sail, arlo edo atal bakoitzean.
2. Lanetik ateratzeari dagokionez, ezin izanen da atera enpresak, urtero, sail, arlo edo atal bakoitzerako ezarriko duen ordua baino lehen.
3. Bazkaltzeko 30 minutu emanen dira gutxienez.
4. Nolanahi ere, bazkaltzeko denbora beti hartu beharko da enpresak, urtero, langile guztientzat edo sail, arlo edo atal bakoitzerako ezarriko duen ordutegiaren barruan.
Enpresak urtero ezartzen dituen ordutegiak eta irizpide hauek errespetatuz gero, langileek nahierara antolatzen ahal dute beren lanaldia, baldin eta egun, aste eta urte bakoitzerako ezarritako lanaldia bermatzen bada.
15. artikulua. Lanaldiaren antolaketa.
Enpresako zuzendaritzak izanen du lanaldia antolatzeko ahalmena. Horretarako, lan txandak, lanaldi jarraitua eta abar ezarriko ditu, langileen ordezkariek txostena egin ondoren, eta, nolanahi ere, 14. artikuluko lanaldiari buruzko apartatuan ezarritakoa kontuan hartuta.
16. artikulua. Lan egutegia.
Enpresako Zuzendaritzak lan egutegia ezarriko du urte bakoitzeko urtarrilean eta, nolanahi ere, martxoaren 30a baino lehen, langileen ordezkariekin bat etorrita. Egutegian lan ordutegia eta asteko atsedenak, jaiegunak eta oporraldiak zehaztuko dira.
I. eranskina.–2023ko eta 2024ko egutegia.
17. artikulua. Oporrak.
Hitzarmenaren esparruko langile guztiek eskubidea izanen dute 22 laneguneko oporraldia izateko, edo enpresan lan egindako denborari dagokion zati proportzionala, urtarriletik abendura bitarteko urte naturala kontuan hartuta. Oporren egutegia urte bakoitzeko martxoaren 30a baino lehen adostu beharko da.
Oporraldian aldi baterako ezintasuna sortzen bada, soldata errealaren %100 kobratuko da.
Lanean urtebete eman ez duten langileek oporrei dagokien zati proportzionala hartzeko eskubidea izanen dute.
Lanean urtebete eman ez duten eta aldi baterako kontratua duten langileei oporrak diruz konpentsatuko zaizkie, kontratua amaitzen denean.
Planasa bezalako enpresek urtaroen araberako izaera dutenez, langile finkoek eskubidea izanen dute 11 lanegun beraiek nahi dutenean hartzeko; gainerako 11 lanegunak noiz hartu, berriz, enpresak erabakiko du.
Oporraldia ezarri bada eta langilea aldi baterako ezintasunean badago oporrak hasi baino lehen, oporraldi berria ezartzeko eskubidea izanen du.
VI. KAPITULUA.–ORDAINDUTAKO LIZENTZIAK. BAIMENAK ETA ESZEDENTZIAK
18. artikulua. Lizentzia ordainduak.
Langileak eskubidea izanen du baimen ordainduak izateko hurrengo arrazoiengatik, aurrez abisatu eta ondoren justifikatuta:
A.–Langilearen ezkontza: 15 egun natural. Lizentzia hori, bakarra gehienez ere urtean, Erregistro Publikoan inskribatuta dauden izatezko bikoteentzat ere bada, inskripzio hori erregistroko ziurtagiri baten bidez frogatzen badute.
B.–Seme edo alaba baten jaiotza: 4 egun natural.
C.–Alaba edo erraina erditzea: 2 egun natural.
D.–Ezkontidearen, izatezko bikote erregistratuko bikotekidearen eta seme-alaben heriotza: 4 egun, eta horietatik gutxienez 2 lanegunak izan beharko dira.
E.–Gurasoen eta neba-arreben heriotza: 4 egun natural, eta horietatik gutxienez 2 lanegunak izan beharko dira.
F.–Ezkontza bidezko gurasoen eta neba-arreben heriotza: 4 egun natural, eta horietatik gutxienez 2 lanegunak izan beharko dira.
G.–Aitona-amonen eta biloben heriotza: 2 lanegun, eta 2 egun natural gehiago, joateko bidaian 200 km edo gehiago egin behar badira.
H.–Ezkontidearen eta seme-alaben ospitaleratzeagatik: 5 lanegun gehienez, gertaera eragileak irauten duen bitartean.
I.–Gurasoen eta neba-arreben ospitaleratzeagatik: 5 lanegun gehienez, gertaera eragileak irauten duen bitartean.
J.–Ezkontza bidezko gurasoen eta neba-arreben ospitaleratzeagatik: 5 lanegun gehienez, gertaera eragileak irauten duen bitartean.
H.–Aitona-amonen eta biloben ospitaleratzeagatik: 5 lanegun gehienez, gertaera eragileak irauten duen bitartean.
L.–Erditzeko ospitaleratzea ospitaleratzetzat hartuko da, eta gehienez ere 5 laneguneko lizentziarako eskubidea emanen die, gertaera eragileak irauten duen bitartean, odol zein ezkontza bidezko bigarren mailara arteko ahaideak direnean.
M.–Langilearen beraren kirurgia handi anbulatorioarengatik. 2 egun natural.
N.–Ezkontidea, eta odol nahiz ezkontza bidezko lehen mailako ondorengo eta aurreko ahaideak Osasun Zerbitzu Publikoko medikuarengana laguntzeko: 10 ordu.
O.–Seme-alaben ezkontza: egun natural bat.
P.–Ohiko etxebizitza aldatzea: lanegun bat.
Q.–Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeko, behar-beharrezkoa den denbora, Langileen Estatutuaren 37. artikuluaren D) apartatuan ezarri bezala.
Baimen horien barruan, langileak lizentziaren ondorioz edozein joan-etorri egin behar duen kasuetarako legeak ezartzen dituen baimen osagarriak sartzen dira.
–Medikura joateko baimenak.
- Gizarte Segurantzako familiako medikuarengana eta espezialistengana joateko baimenak.
- Behar den denbora, eta gehienez 8 ordu egunean, medikuak agindu ondoren, Gizarte Segurantzako espezialisten osasun kontsultara joateko. Langileak frogagiria eman beharko dio enpresari ahalik eta lasterren (ahal dela, familiako medikuak eman ondoko 24 orduko epean).
- Behar den denbora, eta gehienez bi ordu egunean, familiako medikuaren kontsultara joateko, hitzordua lan ordutegiarekin bat badator.
- Gaueko txandako langileak medikuaren kontsultara joatea.
- Gaueko txandan lan egiten duten langileek 2 ordu murriztuko dute beren lanaldia medikuaren kontsultara joan behar dutenean, eta ordu horiek ordainduko zaizkie.
–Lizentzia ordainduak eskatu, eman eta justifikatzeko arau orokorrak.
Bi aldeek uste dute abusuak eta lizentzia horien beharrik gabeko erabilera eragotzi behar direla. Izan ere, justifikatutako arrazoiengatik eta ezinbestekoak direnean besterik ez dira erabili behar.
Lizentzia horiek adierazi diren inguruabarrengatik emanen dira berariaz. Beraz, inguruabar horiek gertatzen direnean hartu beharko dira, eta erabilitako arrazoiak ezin izanen dira berriro alegatu.
Lizentzia horietako edozein erabili nahi duen langileak enpresari jakinarazi beharko dio ahalik eta lasterren, eta automatikoki emanen da. Hala ere, hura ematea eragiten duena gertatu dela dioen frogagiria aurkeztu beharko du, eta hori ez aurkeztea edo alegatutako arrazoia faltsua izatea falta oso astuntzat joko da.
19. artikulua. Soldatarik gabeko baimenak.
Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek ordaindu gabeko hirurogei egun, gehienez, eskatzen ahalko dituzte familia arrazoi larria, ebakuntza medikoa, ikasketak eta abar direla kausa, edo, aurreko artikuluaren arabera, lizentzia ordaindu gisa ematen diren egunak baino gehiago behar izateagatik. Horrelakoetan, gehienez 60 egun natural emanen dira urtean.
Eskaera zuzendaritzan aurkeztu beharko du ahalik eta lasterren, eta zuzendaritzak eskaera ukatzen ahalko du zerbitzuaren beharrizanengatik bideraezina denean edo langilearen ataleko plantillaren %5i soldatarik gabeko baimenak edo eszedentziak eman zaizkionean arrazoi berdinagatik edo antzekoagatik. Eskaera ukatzen bada, zuzendaritzak horren arrazoiak argudiatuko ditu.
Nolanahi ere, bidezko frogagiriak aurkeztu beharko ditu, 20. artikuluan adierazi bezala.
20. artikulua. Eszedentziak.
Eszedentziak borondatezkoak edo nahitaezkoak izan daitezke eta plantillako langile finkoei eta aldizkako langile finkoei baino ez zaizkie emanen.
Borondatezkoa.–Enpresan gutxienez ere urtebeteko antzinatasuna duten langileek eskatzen ahalko dute borondatezko eszedentzia.
Eszedentzia lortzeko, baldintza hauek bete beharko dira ezinbestean:
A. Idatzizko eskaera aurkeztea, arrazoiak adierazten dituena, hogeita hamar egun lehenago, gutxienez.
B. Konpromiso formala adieraztea, eszedentzia bitartean, eszedentzia eman dion enpresaren jarduera berean ez aritzeko, ez bere kontura, ez beste inoren kontura. Baldintza hori bete ezean, lan harremana eteten ahalko da, eta eskuratutako eskubidea galduko du.
Eszedentzia eskaerak idatziz aurkeztu beharko dira, eta aurkeztu eta hurrengo hamabost egunean ebatziko dira zerbitzu beharren arabera.
Eszedentzia gutxienez lau hilabetekoa eta gehienez bost urtekoa izanen da.
Eszedentzian dagoen langileak enpresan hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasuna du. Horretarako, eszedentzia bukatu aurreko hogeita hamar egun naturaletik hirurogeira bitarteko epean itzultzea eskatu beharko du. Bestela, lan harremanari uko egiten diola ulertuko da.
Eszedentzia mota hau enpresako langileen %2ri baino ezin zaio eman, eta, ondorio horretarako, amatasun kasuak ez dira kontatuko.
Eskaera egiteari, bateraezintasunari, lehentasunezko eskubideari eta lanean berriro hasteari buruzko baldintza horiek aplikatuko dira, orobat, langileek seme edo alaba bakoitza zaintzeko eskatzen dituzten eszedentzietan, zeinak hiru urterako izanen baitira gehienez, semea edo alaba jaiotzen denetik hasita.
Nahitaezkoa.–Eskubidea emanen du lanpostua gordetzeko eta eszedentziaren denbora antzinatasunean kontatzeko. Baldintza hauek betetzen dituzten langileei emanen zaie:
A. Hautapen prozesu egoki baten bidez kargu publiko bat betetzeko hautatua edo izendatua izatea, estatuan, erregioan, probintzian edo udal batean, esparru orokor guztietarako edo bakoitzerako.
Estatuko, nazionalitateko, eskualdeko, probintziako edo udaleko organo eskudunek edo Ministroen Kontseiluak onetsitako izendapen ofizial baten bidez izendatua izan bada kargu horiexetarako, eta kasuan kasuko aldizkari ofizialean edo behar den ebazpen administratiboaren bidez argitaratu bada izendapen hori.
B. Probintziako edo eremu handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere, beren estatutuen arabera, eska dezakete eszedentzia enpresan, beren ordezkaritza karguak irauten duen denborarako.
C. Enpresako zuzendaritzak langilea nahitaezko eszedentziaren egoerara pasatzen ahalko du, baldin eta, nahitaezko eginbehar publiko bat bete behar izateagatik, hiru hilabeteko epean lan egin beharreko orduen %20an baino gehiagotan lan egiterik ez badu.
Probintziako edo eremu handiagoko sindikatu lanetan edo ordezkaritza kargu publikoetan aritzeagatik lanpostua uzten duten langileen kasuan, langileak hogeita hamar egun naturaleko epea izanen du lanean berriz hasteko, bere zerbitzua, kargua edo funtzioa bukatzen duenetik kontatzen hasita.
Azaldutako eszedentzia kasu guztietan, eta horrek irauten duen bitartean, hau da, eszedentziako langilea bere lanpostura itzultzen ez den bitartean, ez du eskubiderik izanen soldatarik jasotzeko, ezta egoera horretan dagoen denbora inolako ondorioetarako kontuan hartzeko ere, salbu eta nahitaezko eszedentzietan, antzinatasunerako kontatuko baita.
D. Seme-alabak zaintzen dituzten langileek daukaten lanpostua gordetzeko eskubidea Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1.995 Legegintzako Errege Dekretuaren 46. artikuluaren 3. zenbakian xedatutakoak arautuko du.
Legezko zaintza dela eta, langileren batek bere kargu izanez gero hamabi urtetik beherako haur bat edo ordaindutako lanik egiten ez duen urritu fisiko edo psikiko bat, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, soldata ere hein berean murriztuta.
VII. KAPITULUA.–ARAUBIDE EKONOMIKOA
21. artikulua. Soldataren egitura.
Hitzarmen kolektibo honek ukituriko langileen soldata honako kontzeptu hauek osatuko dute:
a.–Oinarrizko soldata.
b.–Antzinatasuna.
c.–Ad-personam plusa.
–Oinarrizko soldata.
Egun natural bakoitzeko jasoko da, eta haren zenbatekoa hitzarmen honen II. eranskinean lanbide kategoria bakoitzerako adierazitakoa izanen da. Antzinatasuna eta gaueko lanaren eta toxikotasunaren plusak kalkulatzeko modulu gisa balioko du.
–Ad-personam plusa.
Plus honek lehengo borondatezko plusaren zenbatekoak jasotzen ditu, eta II. eranskinean jasotzen diren zenbatekoak mantentzen dira.
–Antzinatasuna.
2010eko urtarrilaren 1etik aurrera, antzinatasuna kendu egin da. Horren ondorioz, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera enpresan lanean hasi diren langileek ez dute sortuko antzinatasunik eta ez dute inolako diru-kopururik jasoko kontzeptu horrengatik.
Hala ere, izaera iragankorrarekin, 2009ko abenduaren 31n enpresan alta emanda zeuden langileek sortutako antzinatasuna kobratzen eta antzinatasuna sortzen jarraituko dute, 2009ko abenduaren 31ra arte enpresan zegoen antzinatasun sistemaren arabera; hori guztia lortutako eskubide gisa.
–Aparteko haborokinak.
Hitzarmen kolektibo honek ukituriko langileek eskubidea izanen dute aparteko hurrengo haborokinak kobratzeko:
- Uztaileko paga.
- Eguberrietako paga.
Urtea hasi ondoren lanean hasten diren edo lana uzten duten langileek hainbanatuta kobratuko dituzte haborokin horiek, lan egindako denboraren arabera.
Uztaileko eta eguberrietako aparteko haborokinak seihileko naturalengatik zenbatzen dira: urtarrilaren 1etik ekainaren 30era, uztailekoari dagokionez, eta uztailaren 1etik abenduaren 31ra, eguberrietakoari dagokionez. Horietako bakoitzaren zenbatekoa oinarrizko soldataren hogeita hamar egunekoa izanen da, gehi antzinatasuna, mozkinetako parte-hartzea eta "ad personam" plusa. Haborokinak urteko seihileko natural bakoitzean lan egindako lanaldiekiko proportzioan kobratuko dira.
–Aldi baterako ezintasuna.
Lan istripua edo lanbide gaixotasuna:
enpresako zuzendaritzak soldata errealaren %100era iritsi arteko kalte-ordain osagarria ordainduko die lan istripu eta lanbide gaixotasun baten ondorioz aldi baterako ezintasun egoeran dauden langileei.
VIII. KAPITULUA.–KLAUSULA EKONOMIKOAK
22. artikulua. Igoerak ordainsarietan.
II. eranskinean daude 2023ko eta 2024ko soldata-taulak.
2023-2024ko zerga-ekitaldia: %4.
2024-2025eko zerga-ekitaldia: %3,1.
–Nekagarritasun plusa.
Hitzarmen kolektibo honek ukitzen dituen eta lan agintaritza eskudunak nekagarritzat eta beharrezkotzat jotzen dituen lanetan aritzen diren langileek plus bat jasotzeko eskubidea izanen dute, haien kategorien oinarrizko soldataren %25ekoa, hain zuzen.
–Gaueko lanaren plusa.
Hitzarmen kolektibo honek ukitzen dituen eta 22:00etatik 06:00etara lan egiten duten langileek gaueko lanaren plusa jasoko dute txanda horretan lan egindako ordu bakoitzeko, lanbide kategoria bakoitzaren oinarrizko soldataren %30ekoa, hain zuzen.
–Garraio plusa.
Soldatatik kanpoko kontzeptu horrek artikulu honen lehen paragrafoan adierazitako igoera izanen du.
–Dietak eta kilometrajea.
Dietak ordainduko dira enpresak langilea bere ohiko lantokitik 60 km-tik gorako distantziara bidaltzen duenean. Zenbatekoak honakoak izanen dira: 30,5 euro mantenu osorako eta 15,03 euro mantenu erdirako.
Gastuak dieten zenbatekoa baino handiagoak badira, enpresak soberakina ordainduko du, gastuak justifikatu ondoren.
Langileak bere ibilgailuarekin egiten badu bidaia hori, enpresak kilometraje plusa ordainduko dio: 0,32 euro/km.
–Enpresaren borondatezko asegurua.
Planasa Equities SLk indarrean mantenduko du aseguru poliza orokor bat hitzarmen honen eraginpeko langileentzat. Indarra izanen du enpresan lan egin eta Gizarte Segurantzan afiliatuta dauden langileentzat, honako kasu hauek bermatzeko moduan:
HERIOTZA EDOZEIN | LAN ISTRIPUAREN ONDORIOZKO HERIOTZA | LAN ISTRIPUAREN ONDORIOZKO BALIAEZINTASUN ABSOLUTUA |
12.000 euro | 50.000 euro | 60.000 euro |
–Heriotzagatiko laguntza.
Enpresan lan egiten duten eta hil zehatz batean hiltzen diren langileei hil horretako soldata osoa ordainduko zaie, hilaren hasieran, erdian edo amaieran hiltzen diren alde batera utzita.
–Desgaitasuna duten seme-alabentzako laguntza.
Administrazio ebazpen irmo baten bidez %33ko edo hortik gorako desgaitasuna duen seme edo alabaren bat duten langileek, baldin eta desgaitasuna duen semeak edo alabak lan ordaindurik egiten ez badu edo, lan eginda ere, lanbide arteko gutxieneko soldatatik beherako ordainsariak jasotzen baditu, laguntza hau jasotzen ahalko dute egin behar dituzten gastu medikoak, farmazeutikoak, ortopedikoak edo errehabilitaziokoak finantzatzeko, betiere Estatuko edo autonomia erkidegoko osasun zerbitzu publikoak estaltzen ez baditu edo beste laguntza sozial publiko edo pribaturen bat ez badute. Horrelakoetan, gastuak frogatzeko fakturak aurkeztu beharko dituzte.
Laguntza honek 2.000 euro gordineko muga izanen du hitzarmenak indarra duen urte bakoitzerako, gastu kontzeptu guztiak barne. Bi gurasoek enpresan lan egiten badute, laguntza ez da ez bikoiztuko, ez handituko.
IX. KAPITULUA.–FALTAK ETA ZEHAPENAK
23. artikulua. Faltak.
Faltatzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenek eta, oro har, oinarrizko hitzarmen honek ezarritako betebeharrak urratzen edo kontuan hartzen ez dituzten ekintzak edo ez-egiteak.
Garrantziaren arabera, faltak honela sailkatu dira: arinak, astunak edo oso astunak.
24. artikulua. Falta arinen sailkapena.
Falta arinak honako hauek dira:
1.–Hilabeteko epean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.
2.–Lanerako ezintasun iragankorreko baja edo lanera ez agertzearen bidezko arrazoiak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, hori egiterik ez dela izan frogatu ezean.
3.–Lanetik denbora gutxirako alde egitea, bidezko arrazoirik gabe.
4.–Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza noizbehinka.
5.–Egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.
6.–Noizean behin mozkortuta agertzea.
7.–Segurtasun eta higieneagatik debekatuta dagoen tokietan erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.
8.–Axolagabekeria materiala erabili edo zaintzeko orduan.
25. artikulua. Falta astunen sailkapena.
Falta astunak honako hauek dira:
1.–Lanera berandu iristeagatik lau faltatik zortzira egitea 30 egun naturaleko epean.
2.–Lanera bi egunez ez agertzea 30 egun naturaleko epean, bidezko arrazoirik gabe.
3.–Lanorduetan edozein motatako jokoetan ibiltzea.
4.–Beste langile bat lanera agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol txartela erabiliz.
5.–Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Jokabide hori falta oso astuntzat jo daiteke, baldin eta langilea bera edo lankideak istripua izateko arriskuan jartzen badira, edota instalazioak edo salgaiak hondatzeko edo su hartzeko arriskuan.
6.–Lanaldian norberaren lanak egitea, baita enpresaren lanabesak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe.
7.–Langileak ikusitako egintzak edo faltak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri buruari berehala ez ematea.
8.–Akatsak eta hanka-sartzeak asmo txarrez ezkutatzea eta, horren ondorioz, enpresari kalte egitea.
9.–Lanaldia bitartean lanpostua uztea bidezko arrazoirik gabe, baita lana uztea ere tarteko atsedenaldia edo ateratzeko ordua baino lehen.
26. artikulua. Falta oso astunen sailkapena.
Falta oso astunak honako hauek dira:
1.–Behin eta berriz lanera berandu iristea edo ez joatea, bidezko arrazoirik gabe.
a) Horrelakotzat hartuko da berandu iristea lanera, justifikaziorik gabe, zortzi aldiz baino gehiagotan hogeita hamar egun naturaleko epean, eta hamasei aldiz baino gehiagotan 180 egun naturaleko epean.
b) Lanerako hutsegiteen kasuan, horrelakotzat hartuko da lanera hiru egunez ez agertzea hiru hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe.
2.–Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta enpresari, lankideei edo beste edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea lantokiaren barnean edo beste edozein lekutan lanean ari dela.
3.–Enpresaren lanabes, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari edo agiriak desagerrarazi, ezdeus bihurtu edo hondatzea.
4.–Enpresaren edo langileen isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.
5.–Enpresakoa ez den norbaiti ezagutaraztea nahitaez isilpean eduki beharreko datuak.
6.–Nagusi, laguntzaile edo lankideak jotzea edo iraintzea, norberaren defentsarako ez bada.
7.–Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.
8.–Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea, arrazoirik gabe.
9.–Kontratuko onustea haustea, eta laneko konfiantza-abusua.
10.–Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.
11.–Jazarpen morala eta psikologikoa.
27. artikulua. Zehapenak.
Falta nolakoa izan den, zehapen hauek ezarriko dira:
1.–Falta arinengatik:
–Hitzezko kargu-hartzea.
–Idatzizko kargu-hartzea.
–Enplegu eta soldatarik gabe uztea egun batez.
2.–Falta astunengatik:
–Enplegu eta soldatarik gabe uztea bi egunetik hamabostera bitarte.
–Goragoko kategoria batera igotzeko desgaitzea hiru urterako gehienez.
3.–Falta oso astunengatik:
–Enplegu eta soldatarik gabe uztea hamasei egunetik hirurogeira bitarte.
–Goragoko kategoria batera igotzeko desgaitzea bost urterako gehienez.
–Diziplinazko kaleratzea.
28. artikulua. Zehapenak betetzea.
Zehapen guztiak ezarri eta jakinarazten diren unetik beretik hasita betearaziko dira; horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea.
29. artikulua. Preskripzioa.
Langileei dagokienez, falta arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, astunak hogei egunen buruan, eta oso astunak hirurogeiren buruan, enpresak faltaren berri izaten duen egunetik hasita, eta, nolanahi ere, falta egin eta sei hilabeteren buruan.
30. artikulua. Prozedura.
1.–Enpresako Zuzendaritzari edo haren ordezkariari dagokio sariak eman edo zehapenak ezartzeko ahalmena.
2.–Enpresak langileen legezko ordezkariei eta ordezkari sindikalari, halakorik bada, jakinaraziko dizkie falta astunen eta oso astunen ondorioz langileei ezartzen zaizkien zehapenak.
3.–Faltak arinak direnean ez da espedienterik izapidetu beharko. Falta astunen edo oso astunen ondoriozko zehapenak ezartzeko ere ez da espedienterik izapidetu beharko. Nolanahi ere, horiek idatziz jakinaraziko dira, eta idazkian zehatz azalduko da zer egitatek sortu duen falta eta nolako zehapena ezarriko den, non ez den hitzezko kargu-hartzea.
Gertaerak argitzearren, enpresak erabakitzen badu zehapenak ezartzeko espedientea irekitzea, interesdunak eskubidea izanen du deskargu-orria aurkezteko eta proposatzen dituen eta instruktorearen ustez bidezkoak diren frogak gauzatzeko, eginbideak hasten direnetik hilabeteko epean gehienez.
4.–Falta astun edo oso astun baten ondoriozko zehapena ezartzen zaienean ordezkari kargu bat duten langileen legezko ordezkariei edo agintaldia bukatu eta urtebetea pasatua ez dutenei, nahitaezkoa izanen da espedientea irekitzea, arau hauei jarraikiz:
a) Enpresako Zuzendaritzak instruktorea izendatuko du, kontraesanezko espedientea instruitzeko prozedura gauza dezan.
b) Instruktoreak espedientea ireki dela jakinaraziko dio langileari eta, horrekin batera, espedientean azaltzen diren gertaerak biltzen dituen kargu-orriaren berri emanen dio. Era berean, bost eguneko epean deskargu-orria aurkezteko eskubidea duela jakinaraziko dio.
c) Halaber, kargu-orriaren kopia bidaliko die langileen legezko ordezkaritzari eta halakorik balego, espedientea ireki zaion langilearen atal sindikalari, bost eguneko epean egokitzat jotzen dituzten txostenak egin ditzaten.
d) Ondoren, b) eta c) ataletan aipatzen diren deskargu-orria eta txostenak jaso eta gero, ezarri beharreko zehapena ala prozedura largestea proposatuko dio instruktoreak zuzendaritzari.
e) Espediente irekitzea bukaturik, enpresak ondokoak jakinaraziko dizkio langileari, idatziz: hala denean, ezarritako zehapena, zein egunetatik hasita izanen dituen ondorioak eta zehapenaren oinarri diren gertaerak.
31. artikulua. Enpresaburuaren lan arloko arau-hausteak.
Apirilaren 7ko 8/1988 Legean eta indarra duten gainerako legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.
X. KAPITULUA.–LANEKO SEGURTASUNA ETA OSASUNA
32. artikulua. Arau orokorra.
1.–Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek eskubidea izanen dute lanean ari direnean babes egokia izateko, segurtasunari eta higieneari dagokienez. Enpresak zorrotz bete beharko du Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea.
2.–Langileek ere segurtasun eta higienearen inguruko legezko eta arauzko neurriak bete beharko dituzte beren lanean.
3.–Arriskuei aurrea hartzeko, enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek segurtasun eta osasun arloko prebentzio ordezkariei buruzko arauak beteko dituzte, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen V. kapituluan ageri den moduan.
4.–Hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz, plantillako langileak prebentzioko ordezkari hautatzen ahalko dira, nahiz eta langileen legezko ordezkariak ez izan.
Era berean, ezartzen da langileen ordezkariei dagokiela prebentzioko ordezkariak hautatzeko ahalmena.
5.–Enpresek segurtasun eta higieneari buruzko informazio praktiko eta egokia eman behar diete kontratatzen dituzten langileei, beste lanpostu batera aldatzen direnean edo langilearentzat, lankideentzat edo beste batzuentzat arrisku handikoa izaten ahal den teknika berri bat aplikatu behar dutenean, dela bertako zerbitzuen bidez, dela kasuan kasuko zerbitzu ofizialek esku hartuz.
Langilea behartua egonen da ikasketa horiek hartzera eta beharrezkoak diren praktikak egitera lanaldiaren barruan edo beste ordu batzuetan, baina ikastaroetan pasatutako denbora lanaldi gisa kontatuta betiere.
33. artikulua. Lokaletako higienea.
Lokalek baldintza egokiak izan behar dituzte osasun eta ingurumen aldetik, eta garbi eta higiene onarekin edukitzeko baliabideak izan; langileek enpresako zuzendaritzak horri begira ematen dituen arauak bete behar dituzte.
34. artikulua. Osasun azterketak.
Oinarrizko hitzarmen honek ukituriko langileek osasun azterketa egiteko eskubidea eta eginbeharra izanen dute, haien lanposturako egokia eta nahikoa dena, Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legearen 22. artikuluan ezarritakoaren arabera. Langileei egin beharreko osasun probak lanaldiaren barnean eginen dira.
Proba horiek lanpostuari atxikitako arriskuen arabera egokiak direnak izanen dira.
35. artikulua. Higiene zerbitzuak.
Lantokian edateko ura hartzeko behar beste toki izanen da, bai eta aldagelak, garbigelak, dutxak eta komunak ere, segurtasun eta higiene arloetan indarra duten arauetan ezarritakoaren arabera.
36. artikulua. Botika gela.
Enpresa aldez aurretik instalatutako botika gela edo osasun gela hornitzeaz eta mantentzeaz arduratuko da, segurtasun eta higiene arloan indarra duten xedapenei jarraikiz.
37. artikulua. Jantokiak.
Jantokiei dagokienez, indarra duen legerian ezarritakoari jarraituko zaio.
38. artikulua. Gaitasun gutxitua.
Lan istripu edo lanbide eritasun baten ondorioz gaitasuna gutxitua (ahalmen fisiko edo intelektualak murriztuak) duten langile guztiek lehentasuna izanen dute beren baldintzen araberako lanpostu egokienak betetzeko, baldin eta horren aldeko txosten medikoa badago eta haien baliaezintasunaren balorazioarekin bateragarria bada. Halakoetan, lanpostu berriaren lanbide kategoria berri horri dagokion soldata jasoko du langileak.
Lanpostu hori esleitu ezin bazaio, lanpostu huts bat bete behar denean hura betetzeko lehentasuna izanen du, enpresatik kanpoko beste edozein langileren aurretik.
39. artikulua. Langileen higienea.
Enpresako langileek bidezkoak diren higiene eta osasun neurri guztiak zorrotz bete beharko dituzte, bakoitzaren lanpostuaren, funtzioen eta eginkizunen arabera.
Era berean, enpresak behar diren arauak ezarriko ditu zuzeneko kontakturik izan ez arren fabrikazio lanak egiten diren lokaletan sartu behar duten pertsonentzat.
XI. KAPITULUA.–LANGILEEN ORDEZKARIAK
40. artikulua. Sindikatuen ordezkariak.
Hitzarmen honek ukituriko enpresak onartu egiten ditu Negoziazio Batzordea eta ordezkari sindikalak, haren esparruko hauteskunde sindikaletan hautatutakoak.
41. artikulua. Berme sindikalak - Ordu sindikalak metatzea.
Langileen ordezkariek, langileen delegatuek edo enpresa batzordeko kideek indarra duen legediak unean-unean aitortzen dizkien bermeak izanen dituzte. Langileen ordezkari gisa dituzten jarduerak egiteko ordu kredituari dagokionez, indarra duen legedian unean-unean xedatutakoari jarraituko zaio, enpresako langileen kopuruaren arabera.
Nolanahi ere, enpresako zuzendaritzak baimena eman ahal izateko, aurretik idatziz eskatu beharko zaio, 48 ordu lehenago, gutxienez.
Ordu sindikalak metatzea.–Hileko ordu ordainduen metaketari dagokionez, langileen delegatuek edo enpresa batzordeko kideek bakoitzari dagozkion orduen 100eko 100era bitarte laga diezaiokete beren sindikatuko langile bati. Laga beharreko orduak unean uneko hilekoak izanen dira, eta, nolanahi ere, zuzendaritzari idatziz jakinarazi beharko zaio, laga beharreko orduen kopurua zehaztuta eta idazkia lagapen-hartzaileak eta lagatzaileak sinatuta. Jakinarazpen hori lagatako orduak barne hartzen dituen hila hasi baino 10 egun lehenago, gutxienez, eginen da.
42. artikulua. Eskubide sindikalak.
Enpresak errespetatu eginen du langile guztiek libreki sindikatzeko duten eskubidea, eta onartuko du sindikatu batean afiliatuta dauden langileek bilerak egin ditzaketela, eta kuotak kobratu ditzaketela eta lanorduetatik kanpo eta enpresako ohiko jardueran etenik egin gabe sindikatuko informazioa banatu dezaketela. Enpresak ezin izanen du ez afiliatzeko edo afiliazioa uzteko baldintza jarri langile batek bere lanpostuari eusteko, edo afiliazioagatik edo sindikatuko jardueragatik langilea kaleratu nahiz beste modu batez kalte egin langileari.
Sindikatuek informazioa bidaltzen ahalko dute enpresara, banatu dadin, betiere lanorduetatik kanpo eta produkzio prozesua eten gabe. Lantokian iragarki-taula bat izanen da, behar bezala errotutako sindikatuek oharrak jar ditzaten.
43. artikulua. Sindikatuak.
Enpresan ordezkatua izateko eskubidea duela alegatzen duen sindikatuak behar bezala egiaztatu beharko du enpresaren aurrean; horren ondoren, enpresak onartuko du delegatu sindikalak sindikatua ordezkatzeko ahalmena duela, legezko ondorioetarako.
Delegatu sindikalak enpresako jarduneko langilea izan behar du, eta ordezkatzen duen zentraleko edo sindikatuko estatutuen arabera izendatu beharko da.
44. artikulua. Langileen legezko ordezkaritzaren eskumenak (ordezkaritza bateratua).
Langileen legezko ordezkaritzak, hots, ordezkaritza bateratuak, eskumen hauek izanen ditu:
1. Hiru hilean behin bederen ondokoen gainean emanen zaien informazioa jasotzea: enpresaren sektore ekonomikoaren eboluzio orokorra, entitatearen produkzio eta salmenta egoera, enpresaren produkzio programa eta enpleguak izan dezakeen eboluzioa, bai eta enpresaburuek kontratu berriak egiteko dituzten aurreikuspenak, zenbat eta zein modalitatetakoak izanen liratekeen zehaztuz eta, berdin, kontratu motak eta azpikontratazio kasuak.
2. Langilearen Estatutuaren 8. artikuluko 3. apartatuaren a) paragrafoan aipatzen diren kontratuen kopia jasotzea, eta horien luzapen eta amaierak jakitea, hori gertatu eta hamar eguneko epean.
3. Balantzea, emaitzen kontua, memoria eta bazkideei ematen zaizkien gainerako agiriak ezagutzea, horien baldintza berberetan.
4. Txostena egitea, enpresaburuak honako arlo hauetan hartzen dituen erabakiak gauzatu aurretik:
–Plantillen berregituratzeak eta enpresan izaten diren uzte erabatekoak edo partzialak, behin betikoak edo aldi batekoak.
–Lanaldi murrizketak, eta instalazioen lekualdaketa erabatekoak edo partzialak.
–Enpresaren lanbide prestakuntzako planak.
–Lanaren antolaketako eta kontroleko sistemak ezarri edo berrikustea.
–Denborak aztertzea, prima edo pizgarrien sistemak ezartzea eta lanpostuen balorazioa egitea.
–Txostena egitea, enpresaren bat-egiteak, xurgapenak edo estatus juridikoaren aldaketak enplegu kopuruan eragina baldin badu.
–Enpresak erabiltzen dituen lan kontratu idatziko ereduak ezagutzea, baita lan harremana zehaztearen inguruko agirienak ere.
–Falta astunengatik edo oso astunengatik langileei jartzen zaizkien zehapen guztien berri izatea.
–Hiru hilabetean behin, gutxienez, ezagutzea absentismoaren indizeari buruzko estatistikak eta haren arrazoiak, lan istripuei eta lanbide gaixotasunei buruzkoak eta haren ondorioak, eta ezbeharren indizeei buruzkoak. Orobat, laneko ingurumenari buruzko azterketak, aldizkakoak edo bereziak izan, eta erabiltzen diren prebentzio mekanismoak.
–Honako lana egitea:
A. Lan, gizarte segurantza eta enplegu arloetan arauak eta enpresako gainerako itun, baldintza eta ohiturak betetzen diren begiratzea, eta enpresaren eta erakunde edo epaitegi eskudunen aurrean bidezkoak diren legezko ekintzak gauzatzea, hala behar denean.
B. Enpresako lanetan segurtasun eta higiene baldintzak betetzen diren begiratzea eta kontrolatzea, Langileen Estatutuko 19. artikuluan horren inguruan ezarritako berezitasunak kontuan hartuta.
–Enpresako zuzendaritzarekin lankidetzan aritzea, produktibitatea mantentzen eta handitzen laguntzeko neurriak ezarri ahal izateko, hitzarmen kolektibo honetan itundutakoarekin bat.
Langileen Estatutuaren 64. artikuluaren balizko aldaketak egin bezain laster aplikatuko dira.
45. artikulua. Delegatu sindikalaren eginkizunak.
1.–Ordezkatzen duen sindikatuaren eta enpresan dituen afiliatuen interesak ordezkatu eta defendatzea, eta sindikatuaren eta enpresako zuzendaritzaren arteko komunikaziorako tresna izatea.
2.–Langileen ordezkarien, enpresa batzordearen, laneko segurtasun eta higiene batzordeen eta interpretaziorako batzorde paritarioen bileretara joaterik izanen du, hizpidea duela baina botorik ez.
3.–Enpresak enpresa batzordearen eskura jarri beharreko ahozko eta idatzizko argibide eta agiriak lortzen ahalko ditu, legeak ezarritakoarekin bat, eta ezinbestekoa izanen du isiltasun profesionalez jokatzea legearen arabera bidezkoa denean. Legeak eta hitzarmen kolektibo honek enpresa batzordeko kideei eta langileen ordezkariei onartutako berme eta eskubide berberak izanen dituzte.
4.–Langile guztiak oro har eta beren sindikatuko afiliatuak ukitzen dituzten arazoen konponbidearen gainean esateko dutena entzunen du enpresak
5.–Honako kasu hauetan, enpresak azalpenak eman beharko dizkio idatziz eta haren iritzia entzun beharko du, ezer erabaki aurretik:
a) Ordezkatzen duten sindikatuko afiliatuak lanetik bidaltzea eta haiei zehapenak ezartzea.
b) Plantilla berregituratzea, enplegu erregulazioak, langileen lekualdatzea talde bati dagokionean edo lantoki nagusitik egin behar denean eta enpresaren edozein proiektu edo ekintza, langileen interesak nabarmen uki ditzakeena.
6.–Afiliatuei kuotak kobratzen ahalko dizkiete, sindikatuaren propaganda banatu eta haiekin bilerak egin, hori guztia lanorduetatik kanpo.
7.–Bileretako prozedurari dagokionez, bi aldeek indarra duen legezko araudiari segituz jokatuko dute.
8.–Delegatuek dagozkien eginkizunak baizik ez dituzte eginen.
46. artikulua. Sindikatuko kuota.
46. artikuluan aipatzen den ordezkaritza duten sindikatuetako langile afiliatuek eskaturik, enpresak langileen hileko nominatik kenduko du dagokien sindikatuko kuotaren zenbatekoa.
Eragiketa hori egin nahi duen langileak idazki bat bidaliko du enpresako zuzendaritzara, datu hauek emateko: deskontua egiteko agindua argi adierazia, zein sindikatutakoa den, kuotaren zenbatekoa eta diru transferentzia jasoko duen kontu korrontearen edo aurrezki kutxako libretaren zenbakia. Enpresak urtebetez eginen du kenketa, interesdunak kontrakorik adierazten ez badu behintzat.
Enpresako zuzendaritzak transferentziaren kopia emanen dio sindikatuak enpresan duen ordezkaritzari.
47. artikulua. Sindikatuen kontrako jarduketak.
Aldeetako baten batek uste badu sindikatuen kontrakoak diren jarduketak egin direla, legeetan ezarritakoari jarraituko zaio.
XII. KAPITULUA.–ETENGABEKO PRESTAKUNTZA
48. artikulua. Etengabeko prestakuntza.
Planasa Equities SLk konpromisoa hartzen du ordezkaritza sindikalarekin plantillako langileen etengabeko prestakuntza sustatzeko. Bi aldeek enpresako langileen etengabeko eguneratzea sustatu nahi dute, lehen mailako garrantzi estrategikoa duelako horrek enpresetan, teknologiaren eta antolamenduaren aldaketa handien garai hauetan.
Langileen kualifikazioa langileen eskubidea da, eta baliabide bat norberaren garapenerako eta enpresaren barruko lanbide sustapenean hobetzeko. Horretaz gain, balio estrategiko bat ere bada, hala langileentzat nola enpresarentzat.
Horregatik, arlo honetan irizpide hauek ezarri dira:
1. Enpresako zuzendaritza Planasa Equities SLn etengabeko prestakuntzaren kudeaketaz eta sustapenaz arduratuko da.
2. Langileen ordezkariek plan bateratuak eta enpresa planak prestatzen parte hartzeko eskubidea dute eta batzorde paritarioaren bitartez gauzatuko da eskubide hori.
3. Prestakuntza beharrizanak enpresako sail eta atal ezberdinetan sortuko dira, atal bakoitzaren errealitateari erantzun diezaioten.
4. Zailtasun gehien dituzten langileen kolektiboek, hau da, emakumeek, aldi baterako langileek, kalifikazio gabeko langileek eta abarrek prestakuntza hori eskura dezaten bultzatuko da.
XIII. KAPITULUA.–BATZORDE PARITARIOA, JARRAIPEN BATZORDEAK ETA BAKE SOZIALA
49. artikulua. Batzorde paritarioa.
Hitzarmen honetako batzorde paritarioa sortuko da. Hitzarmen honetako negoziazio batzordeko kideek eta bi aldeen aholkulariek osatuko dute.
1.–Batzorde paritarioaren eginkizunak:
a) Haren esku jartzen diren banakako eta taldeko gatazketan bitartekari eta adiskidetze lana egitea.
b) Akordio guztien interpretazio lanak egitea.
c) Akordio guztien jarraipen lanak egitea.
2.–Akordioak:
Batzorde paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak oinarrizko hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere bete beharrekoak izanen dira. Akordio horiek lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.
3.–Osaera:
Batzordea honako hauek osatuko dute: hitzarmena langileen izenean sinatu duen langileen ordezkariak eta enpresako zuzendaritzako ordezkari batek.
4.– Funtzionamendu araudia:
a) Bilerak.–Batzorde paritarioa zeregin hauetarako bilduko da:
Aurreko artikuluan aipatutako eginkizunak betetzeko, eta esku hartzeko eskatzen zaionean.
b) Deialdiak.–Batzorde paritarioa biltzeko deia hitzarmena sinatu duten aldeetako edozeinek eginen du (enpresaren ordezkaritzak edo langileen ordezkaritzak), eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena.
c) Batzorde paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko tartean gehienez.
Epe hori bukatu eta batzordea bildu ez bada, ondorioa hau izanen da:
agortutzat joko da batzorde paritarioaren esku-hartzea, eta interesdunak egokiak diren ekintzak gauzatzen ahalko ditu.
d) Quoruma - Aholkulariak.–Batzordea behar bezala eratu dela ulertuko da baldin eta enpresaren ordezkaria eta langileen ordezkaria bertan badaude. Ez dago quorumari buruzko arau berariazkorik; izan ere, batzordeak alde bakoitzeko kide bat besterik ez du. Aldeak bileretara joaten ahal dira aholkulari bana eramanda.
e) Akordioen balioa.–Batzordeak erabakiak hartzeko, bi aldeen akordioa beharko da. Bilera guztien akta eginen da, bi aldeek sinatuko dutena, eta bilerara aholkulariak joan badira, haiek ere bai.
f) Helbidea.–Jakinarazpen eta deietarako, batzorde paritarioaren helbidea enpresaren lokaletan egonen da: Valtierra, San Adriango errepidea, 1. km.
5.–Batzorde paritarioaren mende jarri beharra:
Alderdiek batzorde paritarioaren mende jarri behar dituzte edozein ekintza judizial edo administratiboren aurretik sortzen diren interes orokorreko gai guztiak, nahiz horrek ez duen galarazten gero eskubide kolektiboak erabili ahal izatea. Nolanahi ere, onustearen printzipioari jarraituz negoziatu beharko da.
50. artikulua. Bake soziala eta gatazkak auzitegitik kanpo konpontzeko sistemari atxikitzea.
Aldeek erabaki dute hitzarmen hau interpretatzean eta aplikatzean sortzen diren desadostasun eta gatazka guztiak, bai taldekoak bai banakakoak, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekaritza eta adiskidetze faseetan, eta, horrenbestez, hitz ematen dute, ukitutako aldeen arteko auzietan, sustatu eta faboratuko dutela Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren arbitraje prozeduraren esanetara borondatez jartzea.
Klausula hau, beraz, aldeak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari berariaz atxikitzearen adierazpena da, Langileen Estatutuaren 83. artikuluak arautzen duen eraginkortasun orokorreko izaera du eta, horren ondorioz, itunak enpresa, ordezkaritza sindikala eta langileak behartzen ditu, epaiketetara jo aitzin, beren desadostasunak auzitegi horren bitartekaritza eta adiskidetze prozeduretan aztertzera. Hori horrela, ez da nahitaezkoa atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, salbu eta borondatez lotzea eskatzen duen arbitraje prozeduran, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.
XIV. KAPITULUA.–EZ APLIKATZEA
51. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzea.
Hitzarmen kolektiboa ez aplikatzeko arrazoiei, kausei eta prozedurari dagokienez, Langileen Estatutuaren 82.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiko zaio, berezitasun hauekin:
1. Kontsulta aldia –hamabost egun naturalekoa gehienez ere– adostasunik gabe bukatzen bada, aldeetako edozeinek lan gatazkei konponbide autonomoa emateko prozeduretara jotzen ahalko du, Nafarroako Lan Auzitegiaren funtzionamendurako erregelamenduaren arabera, bai bitartekaritza tramitean, bai adiskidetzekoan. Arbitraje prozedurara ere jotzen ahalko dute, baina kasu honetan bi aldeen adostasuna eta onarpena beharko dira, hitzarmen honen 50. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
2. Aldeek goiko 1. zenbakian adierazitako prozeduretara jotzen ez badute, edozein aldek jartzen ahalko du gaia Hitzarmen Kolektiboen Aholku Batzorde Autonomikoaren menpe edo, horrelakorik ez bada, Hitzarmen Kolektiboen Estatuko Aholku Batzordearen menpe.
XV. KAPITULUA.–ARAUDI OROKORRERA JOTZEA
Hitzarmen kolektibo honetan aurreikusi ez den orotan, Langileen Estatutuan, arau osagarrietan eta garatzeko arauetan xedatutakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENA
Legezko ondorioetarako, eta 0. artikuluan jasotzen diren baldintzetan, adierazten da hitzarmena enpresaren ordezkaritzak eta enpresa batzordeko kide guztiek sinatu dutela. Honako hauek dira sinatzaileak:
Enpresaren ordezkariak:
–Ana Clara Nieva Preciado.
–María Huidobro Alonso.
–Esperanza García López.
–José Manuel Ayesa Villar (aholkularia).
Langileen ordezkariak:
–Miriam Arnedo Martinez.
–Elena Arbiol (CCOOeko aholkularia).
I. ERANSKINA.–2023KO ETA 2024KO EGUTEGIA
2023ko ordutegi ofiziala – Nafarroako bulegoak
Langile guztiek dituzte aukeran bi ordutegiak, betiere lanpostu eta sail bakoitzaren beharrek horretarako aukera ematen badute. Ezin izanen dute aukeratu ordutegi berezia esleituta duten lanpostu espezifikoak betetzen dituztenek.
–Ohiko ordutegia.
- Lanaldi zatitua, 8 ordu:
- Sarrera-ordua, beranduenez: 09:30.
- Irteera-ordua, beranduenez: 16:30.
- Bazkaltzeko tartea: 13:00etatik 15:30era (gutxienez ordu erdia).
- Ordutegi horretan, 234 ordu dira guztira (176 ordu oporretakoak eta 58 ordu lanaldi soberakoak).
- 8 orduko lanaldi jarraitua egiten ahalko da (lanaldi jarraiturako egutegi ofizialean aurreikusitako data eta ordutegietan), aldez aurretik arduradunari eta giza baliabideen sailari jakinarazita.
–Ordutegi konbinatua.
- Lanaldi zatitua (astelehenetik ostegunera), 8,5 ordu:
- Sarrera-ordua, beranduenez: 09:30.
- Irteera-ordua, beranduenez: 16:30.
- Bazkaltzeko tartea: 13:00etatik 15:30era (gutxienez ordu erdia).
- Lanaldi jarraitua (ostirala eta izendatutako egunak), 7 ordu:
- Sarrera-ordua, gehienez: 09:30.
- Irteera-ordua, gutxienez: 14:00.
- Ordutegi horretan, 212 ordu dira guztira (176 ordu oporretakoak eta 36 ordu lanaldi soberakoak).
2023ko egutegi ofizialean lanaldi jarraiturako aurreikusitako datak honako hauek dira:
–Ekainaren 19tik irailaren 1era arte (biak barne).
–Urteko ostiral guztiak.
–Jaiegunen bezperak: apirilaren 5a, urriaren 11 eta 31, abenduaren 5a eta 7a.
–Urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta 31.
Bi aukeretako lanaldia 07:00etatik 20:00etara egiten ahalko da, betiere ezarritako gehieneko sarrera-ordua, gutxieneko irteera-ordua eta bazkaltzeko tartea betetzen badira.
2024ko ordutegi ofiziala – Nafarroako bulegoak
Langile guztiek dituzte aukeran bi ordutegiak, betiere lanpostu eta sail bakoitzaren beharrek horretarako aukera ematen badute. Ezin izanen dute aukeratu ordutegi berezia esleituta duten lanpostu espezifikoak betetzen dituztenek.
–Ohiko ordutegia.
- Lanaldi zatitua, 8 ordu:
- Sarrera-ordua, gehienez: 09:30.
- Irteera-ordua, gutxienez: 16:30.
- Bazkaltzeko tartea: 13:00etatik 15:30era (gutxienez ordu erdia).
- Ordutegi horretan, 266 ordu dira guztira (176 ordu oporretakoak eta 90 ordu lanaldi soberakoak).
- 8 orduko lanaldi jarraitua egiten ahalko da (lanaldi jarraiturako egutegi ofizialean aurreikusitako data eta ordutegietan), aldez aurretik arduradunari eta giza baliabideen sailari jakinarazita.
–Ordutegi konbinatua.
- Lanaldi zatitua (astelehenetik ostegunera), 8,5 ordu:
- Sarrera-ordua, gehienez: 09:30.
- Irteera-ordua, gutxienez: 16:30.
- Bazkaltzeko tartea: 13:00etatik 15:30era (gutxienez ordu erdia).
- Lanaldi jarraitua (ostirala eta izendatutako egunak), 7 ordu:
- Sarrera-ordua, gehienez: 09:30.
- Irteera-ordua, gutxienez: 14:00.
- Ordutegi horretan, 244,5 ordu dira guztira (176 ordu oporretakoak eta 68,5 ordu lanaldi soberakoak).
2024ko egutegi ofizialean lanaldi jarraiturako aurreikusitako datak honako hauek dira:
–Ekainaren 17tik irailaren 1era arte (biak barne).
–Urteko ostiral guztiak.
–Jaiegunen bezperak: martxoaren 27a, apirilaren 30a, urriaren 31, abenduaren 2a eta abenduaren 5a.
–Urtarrilaren 5a, abenduaren 24a eta 31.
Bi aukeretako lanaldia 07:00etatik 20:00etara egiten ahalko da, betiere ezarritako gehieneko sarrera-ordua, gutxieneko irteera-ordua eta bazkaltzeko tartea betetzen badira.
2. ERANSKINA.–SOLDATA-TAULAK
OIN. SOLDATA | MOZKIN. PAGA | AD-PERSONAM PLUSA | HIL. GUZT. | URT. GUZT. | |
EQUITIES 2023-2024KO SOLDATA-TAULAK | |||||
ZUZENDARIA | 1.379,53 | 172,96 | 76,68 | 1.629,16 | 22.808,28 |
ARDURADUNA | 1.202,71 | 159,63 | 76,68 | 1.439,02 | 20.146,27 |
TEKNIKARIA | 1.048,56 | 147,33 | 76,68 | 1.272,57 | 17.815,92 |
ADMINISTRARI-OFIZIALA | 1.048,56 | 147,33 | 76,68 | 1.272,57 | 17.815,92 |
ADMINISTRARI LAG. | 884,09 | 150,39 | 76,68 | 1.111,17 | 15.556,31 |
EQUITIES 2024-2025EKO SOLDATA-TAULAK | |||||
ZUZENDARIA | 1.422,29 | 178,32 | 79,05 | 1.679,67 | 23.515,33 |
ARDURADUNA | 1.240,00 | 164,58 | 79,05 | 1.483,63 | 20.770,80 |
TEKNIKARIA | 1.081,06 | 151,90 | 79,05 | 1.312,02 | 18.368,21 |
ADMINISTRARI-OFIZIALA | 1.081,06 | 151,90 | 79,05 | 1.312,02 | 18.368,21 |
ADMINISTRARI LAG. | 911,50 | 155,06 | 79,05 | 1.145,61 | 16.038,56 |
Iragarkiaren kodea: F2501463
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
