47. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

236/2025 EBAZPENA, 2025eko otsailaren 5ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Haren bidez, ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko hautaketa-prozesurako deia egiten da, honako ikerketa-proiektu hau garatzeko: "PID2023-146076NB-I00".

2025eko urtarrilaren 30ean, Ikerketa Zerbitzuak ikertzaileak kontratatzeko hautaketa-prozesurako deia egiteko eskatu zuen, jarduera zientifiko-teknikoen kontratu bidez "PID2023-146076NB-I00" ikerketa-proiektua garatzeko, 1. motako proiektuko lankide doktore gisa. Ikerketa-proiektuaren ikertzaile arduraduna Iñigo Lasa Uzcudun da, unibertsitateko katedraduna, Osasun Zientzien Sailari atxikia.

Aintzat harturik Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren txosten proposamena.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak errektoretza-taldearen egitura orokorra onetsi eta haren funtzioak zehazteko 2023ko ekainaren 20an eman zuen 1306/2023 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea ikertzaileak lan araubidean kontratatzeko hautaketa-prozesurako deialdia, baita deialdiaren oinarriak ere, ikerketa-proiektu hau garatzeko: "PID2023-146076NB-I00".

Bigarrena.–Ebazpen hau Hautaketa Batzordeko kideei eta Ikerketa Zerbitzuari aditzera ematea.

Hirugarrena.–Agindua ematea ebazpen hau Unibertsitatearen iragarki ohol elektroniko ofizialean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu dadin.

Iruñean, 2025eko otsailaren 5ean.–Ikerketako errektoreordea, Martín Larraza Quintana.

HAUTAKETA-PROZESURAKO DEIALDIA, IKERTZAILEAK LAN ARAUBIDEAN KONTRATATZEKO HONAKO IKERKETA-PROIEKTU HAU GARATZEKO: "PID2023-146076NB-I00"

Hauek dira deialdia arautuko duten:

OINARRIAK

1.–Datu orokorrak.

–Deialdiaren xedea: deialdi honen xedea ikertzaileak hautatzea da, ondoren lan araubidean kontratatu daitezen ikerketa-proiektu hau garatzeko: "PID2023-146076NB-I00".

–Maila profesionala: 1. motako proiektuko lankide doktorea, batez ere ikerketa-lanetan aritzeko.

–Eginkizunak: 1 egitekoa. In vivo mutagenesiko protokolo bat ezartzea S. aureus-entzat, zitidina desaminasan oinarritua.

  • 2. egitekoa. Bi osagaiko sistemak egokitzeaz arduratzen diren aldaketak identifikatzea.
  • 3. egitekoa. S. aureus-en kromosoman aldaketa genetikoak egitea, bi osagaiko sistemek S. aures-en biologian duten funtzioa aztertu ahal izateko.
  • 4. egitekoa. Gene erreportariak eraikitzea bi osagaiko sistemen aktibazioa ikusarazteko.
  • 5. egitekoa. Erantzunaren erregulatzaileen eta erregulatzen dituzten sustatzaileen arteko interakzioak identifikatzea.

–Kontratu mota: kontratazioa jarduera zientifiko-teknikoen kontratuaren modalitatearen bidez eginen da, bat etorriz Zientziari, Teknologiari eta Berrikuntzari buruzko 2011ko ekainaren 1eko 14/2011 Legearen 23 bis artikuluan ezarritakoarekin.

–Iraupena: mugagabea, "PID2023-146076NB-I00" ikerketa-proiektuari lotua.

–Lanaldi mota: osoa.

–Ordainsariak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikertzaileak Kontratatzeko Arautegiak –2017ko maiatzaren 3an Gobernu Kontseiluaren erabaki batez onetsitakoak– bere eranskinean ezarritakoak, 2024. urtera egokituak.

Diru-gehigarriak ordaintzeko aukera egonen da proiektuan ezarritako helburuak betez gero. Diru-gehigarri horiek ordaintzeko, proiektuaren arduradunak ordainketa justifikatzen duen azken txosten bat egin beharko du, eta aurrekontuan diru kopuru nahikoa izan beharko da.

–Finantzaketa: MICIU/AEI 10.13039/501100011033 eta FEDER/EB.

–Argitaratzeko tokiak: deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeaz gainera, deialdiarekin lotutako egintza eta ebazpen guztiak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko dira, deialdiari dagokion atalean.

2.–Parte hartzeko baldintzak.

2.1. Hautaketa-prozesuan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa izatea, edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiar Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa.

Halaber, Espainiako, Europar Batasuneko estatuetako eta aipatu nazioarteko itunak aplikatzen diren eremuko estatuetako herritartasuna dutenen ezkontideek parte hartzeko aukera izanen dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude; herritartasuna duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartzeko aukera izanen dute, zuzenbidearen arabera bananduak ez badaude, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

Aurreko apartatuetan sartzen ez diren eta Europar Batasunekoak ez diren izangaiek ere zilegi izanen dute lehiaketan parte hartzea, baldin eta Espainian legezko egoeran badaude eta Espainian bizitzeko eta lan merkatuan mugarik gabe lan egiteko baimena ematen dien dokumentua badute.

b) 16 urte baino gehiago izatea, eta administrazio publikoko langileentzat ezarritako nahitaezko erretirorako adina betea ez izatea.

c) Doktorearen titulazio akademiko ofiziala izatea.

Atzerrian lortutako titulazioen kasuan, baliokidetasun-ziurtagiria edo, bestela, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Animaliekiko prozedurak egiteko gaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiria (B kategoria; egungo B eta C funtzioak), 53/2013 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera.

d) Deialdiko xede diren lanpostuen eginkizunak betetzea galarazten duen gaixotasunik edo muga fisikorik edo psikikorik ez izatea.

e) Diziplinako espediente baten ondorioz edozein administrazio publikotako zerbitzutik baztertua ez izatea, eta ez egotea epai irmo baten bidez ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

2.2. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete behar dira deialdi honetan parte hartzeko ezarritako baldintzak, bai eta kontratuak dirauen bitartean ere.

3.–Eskaerak.

Parte hartzeko eskaerak aurkezteko epea hamar egun baliodunekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hautaketa-prozesu honetarako inskripzioa telematikoki egin beharko da, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, helbide honetan:

https://sedeelectronica.unavarra.es/oficina/tramites/acceso.do?id=8734&blockType=AREAS_SEDE&entity=1096

Lehenik, "Hasi tramitea" botoia sakatu behar da.

"Erantsi fitxategiak" eremuan, dokumentu hauek erantsi beharko dira lanpostu kategoria bakoitzerako:

–Parte hartzeko eskaera.

–Nortasun Agiri Nazionalaren, AIZaren edo pasaportearen fotokopia.

–Deialdian eskatzen den tituluaren fotokopia.

–Espediente akademikoaren fotokopia, batez besteko nota zehaztuta.

–53/2013 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera animaliekiko prozedurak egiteko gaitasuna egiaztatzen duen ziurtagiriaren fotokopia (B kategoria; egungo B eta C funtzioak).

–Curriculum vitaea, norberak egoki jotzen dituen merezimenduen egiaztagiriekin batera.

Parte hartzeko eskaeraren eredua esteka honetan dago:

http://www2.unavarra.es/gesadj/registroGeneral/instancias/recursos-humanos/contratacion-personal-investigador.pdf

4.–Izangaien onarpena.

4.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, eta, hartan, baztertuak zergatik baztertu dituzten adieraziko da. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda.

4.2. Ebazpen honen 2.1 oinarriak aipatzen dituen dokumentuak ez aurkezteagatik behin-behinean baztertzea galarazi gabe, baztertzeko arrazoiak izanen dira eskaera epez kanpo aurkeztea edo lehiaketaren bidez lortu nahi den lanpostua betetzeko bete behar diren baldintzak ez betetzea, eta, gainera, ezin izanen dira zuzendu.

4.3. Izangai baztertuek edo zerrendan azaldu ez direnek zilegi dute erreklamazioa egitea eta, akatsen bat badago, akatsak zuzentzea, behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo 5 egun balioduneko epean. Ezartzen den epean baztertuak izateko arrazoia konpontzen ez duten izangaiak behin betiko baztertuak izanen dira hautaketa-prozesutik.

4.4. Erreklamazioak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea bukatu eta gero, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da.

4.5. Izangaiak hautaketa-prozesuan onartuen zerrendan egoteak edota hautaketa-prozesua gainditu dutenen zerrendan egoteak ez du ekarriko inoiz ere Unibertsitateak aitortzea betetzen dituztela deialdiko oinarrietan eskatu diren baldintza orokorrak edo bereziak. Kontratatzeko deitzen dituzten izangaiek ziurtatu eta egiaztatu beharko dituzte horiek, jatorrizko dokumentazioa aurkeztu beharko baitute kontratua sinatzen dutenean.

4.6. Parte hartzeko eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentazioarekin alderaturik jatorrizko dokumentazioa zehaztugabea, okerra edo faltsua bada, kontratua sinatzeko ezintasuna eta kontratazio zerrendatik baztertzea ekarriko du horrek, interesdunak berak sinatuko duen erantzukizunpeko adierazpenarekin bat etorriz.

5.–Hautaketa-prozesua.

Izangaien merezimenduak baloratuko dira, aurkeztutako dokumentazioarekin bat etorriz eta I. eranskineko baremoaren arabera.

Izangaiek eskaerak aurkezteko epea bukatzean dituzten merezimenduak bakarrik baloratuko dira, eta gero lortutakoak ez dira kontuan hartuko. Hautaketa Batzordeak inola ere ez du onartuko izangaiek alegatu ez duten edo agirien bidez frogatu ez duten merezimendurik, eta ezin izanen du apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

Adierazten diren merezimendu guztiak zuzenbidean baliozkoa den edozein baliabideren bidez frogatu behar dira.

Hautaketa Batzordeko kide bakoitzak baloratuko ditu izangaien merezimenduak. Azken puntuazioa izangai bakoitzari emandako puntuazioen batezbestekoa izanen da.

6.–Hautaketa-prozesuaren ebazpena.

6.1. Izangaiek aurkeztutako merezimenduen balorazioa amaitu eta gero, Hautaketa Batzordeak Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako puntuazioekin.

6.2. Ikerketako errektoreordeak ebazpena emanen du hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda onesteko, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren iragarki ohol elektroniko ofizialean argitaratuko da.

6.3. Deialdi honetan sortzen den kontratazio zerrendak 3 urteko indarraldia izanen du, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Indarrean dagoen bitartean, kategoria bera eta ia eginkizun berak dituzten langileak kontratatzeko premia sortzen denean ere erabiltzen ahalko da kontratazio zerrenda hori, proiektu, kontratu, hitzarmen edo katedra baterako edo institutuko edo ikerketa-taldeko funtsetarako izan, betiere zerrendaren ordena errespetatuz.

6.4. Deialdi honen ondoriozko kontratazio zerrendan egonik kontratu bat onartzen duten izangaiei ez zaie beste inongo lanpostutarako kontraturik eskainiko, salbu eta kontratua bukatzeko 15 egun edo gutxiago gelditzen badira.

7.–Hautaketa-batzordea.

Batzordeburua: Cristina Solano Goñi doktorea, unibertsitateko irakasle titularra, Osasun Zientzien Sailari atxikia, Ikerketako errektoreordeak delegatuta.

Idazkaria: Iñigo Lasa Uzcudun doktorea, unibertsitateko katedraduna, Osasun Zientzien Sailari atxikia.

Batzordekidea: M.ª Begoña García Martínez doktorea, irakasle elkartua, Osasun Zientzien Sailari atxikia.

–Ordezko hautaketa-batzordea:

Batzordeburua: José Antonio Mendizábal Aizpuru doktorea, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Idazkaria: Jon Veramendi Charola doktorea, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Batzordekidea: Ana Arana Navarro doktorea, unibertsitateko katedraduna, Agronomia, Bioteknologia eta Elikadura Sailari atxikia.

Hautaketa Batzordearen jarduerak, une oro, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 2015eko urriaren 1eko 39/2015 Legeak eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 2015eko urriaren 1eko 40/2015 Legeak ezartzen dutenaren arabera gauzatuko dira. Jakinarazpenak egiteko eta bestelako gorabeheretarako, Hautaketa Batzordearen egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazioko eta Kudeaketako eraikina izanen da.

8.–Datu pertsonalen babesa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak langileen kudeaketaren arloan antolatutako prozesuetan parte hartzeak interesdunen datuak tratatzea ekarriko du berekin. Datu horien tratamenduaren arduraduna Nafarroako Unibertsitate Publikoa da.

Datuen tratamendua aplikatzekoa zaion araudiari jarraikiz eginen da, hots, Datuak Babesteko 2016/679 EB Erregelamendu Orokorrari eta Datu Pertsonalak Babesteko 2018ko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz. Tratamenduaren deskribapena Tratamendu Jardueren Erregistroan dago kontsultatzeko, hemen: https://www.unavarra.es/portal-transparencia/.

Datuen tratamenduaren eraginpeko interesdunak hautaketa-prozesuetako izangaiak eta NUPeko langileak izanen dira. Datu pertsonal hauek tratatuko dira: izena, deiturak, NANa, datu akademikoak eta profesionalak eta, beharrezkoa denean, bankuko datuak eta Gizarte Segurantzakoak, edo ondoren deskribatzen den xedea betetzeko beharrezkoak direnak.

Datuen tratamendua justifikatzen duen xedea honako hauek tramitatzea da: hautaketa-prozedurak, mugikortasunekoak, egoera administratiboak, ziurtagiriak edo Giza Baliabideen arloan NUPen eskumenekoak diren beste batzuk.

Xede horrek interes publikoa edo botere publikoa legitimatzen du, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.e) artikuluak ezartzen duen bezala. Hauek dira oinarri juridikoak, langileei buruzko beste arau batzuen artean: Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legearen Testu Bategina onesten duen 5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, 2015eko urriaren 30ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, 1993ko abuztuaren 30ekoa.

Datuak tratatzeko jarduerei dagokienez, interesdunek eskubidea dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko, mugatzeko, haiei kontra egiteko eta transferitzeko. Horretarako, mezu bat bidali behar dute delegado.protecciondatos@unavarra.es helbidera, Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 11. artikulutik 18. artikulura bitartekoei jarraikiz. Desadostasunen bat izanez gero, Datuak Babesteko Espainiar Agentziara jo dezakete, https://www.aepd.es/ domeinuaren bidez.

9.–Errekurtsoak.

Hautaketa Batzordeak erabakitzen dituen egintzen aurka zilegi da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta beroriek aplikatzeko egintzen aurka, Hautaketa Batzordeak egindakoak ez direnean, zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenbiziko kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatzen hasita.

I. ERANSKINA.–IKERTZAILEAK HAUTATZEKO
BAREMOA

ERABILIKO DEN BAREMOA ETA/EDO EGINEN DIREN PROBAK

1. APARTATUA: espediente akademikoa

Puntuak

4

Doktoretza lortu aurreko titulazioan izangaiak izandako espediente akademikoa haren batez besteko puntuazioari dagokion proportzioan baloratuko da, gehienez ere 4 punturekin. Ateratzen den puntuazioa 1 faktorearekin biderkatuko da izangaiaren aurreko titulazioa hauetako bat bada: Nekazaritzako Ingeniaritza Teknikoa, Nekazaritzako Elikagaien eta Landa Ingurunearen Ingeniaritzako Gradua, Nekazaritzako Ingeniaritza, edo Biologiako, Zientzietako, Biokimikako, Bioteknologiako edo Farmaziako Gradua edo Lizentzia.

Eta 0,25 faktorearekin beste titulazio batzuk badira.

2. APARTATUA: ikerketako eta irakaskuntzako esperientzia

Puntuak

12

–Ikerketako esperientzia egiaztatua kontratu honen xede diren jardueren esparruan:

• 1 puntu kontratuaren xedearekin loturiko argitalpen bakoitzarengatik, betiere JCRn indexatua badago.

• 1 puntu kontratuaren xedearekin loturiko gaietan izandako bekaren edo lan-kontratuaren urte bakoitzeko (*). (*) Iraupena urtebetetik beherakoa bada, parte proportzionala emanen da.

–Unibertsitateko irakaskuntza-esperientzia egiaztatua: 1 puntu emanen da urtean egindako 40 irakaskuntza-orduko (ikasturte akademikoa) (*).

(*) Urtean egindako irakaskuntza 40 ordutik beherakoa bada, parte proportzionala emanen da.

3. APARTATUA: esperientzia teknikoa

Puntuak

5

Izangaiak egindako jarduera teknikoak baloratuko dira baldin eta kontratuaren xede diren jardueren arloko ikerketarekin loturik badaude:

–Jarduera egiaztatuak bakterio gram positiboen eraldaketan.

–Jarduera egiaztatuak bakterio kromosomak aldatzeko tekniketan.

–Jarduera egiaztatuak bakterio-bektore bifuntzionalen eraikuntzan eta erabileran.

–Jarduera egiaztatuak bakterioak gainazaletara itsasteko analisi kuantitatiboen metodoetan.

–Jarduera egiaztatuak bakterioen seinalearen transdukzio sistemen analisian.

(*) 0,5 puntu gaitasun tekniko horiek eskuratu dituela egiaztatzen duen jarduera bakoitzeko (JCRn indexatutako argitalpena; ikerketa-proiektuak; ikastaro teknikoak; biltzarretako komunikazioak), kontuan hartuta azpiapartatu bakoitzean jarduera bat baino gehiago egiaztatzen ahal direla.

4. APARTATUA: elkarrizketa pertsonala

Puntuak

4

Kontratazio Batzordeko kideek elkarrizketa bat eginen dute aurreko apartatuen baturan gutxienez 8 puntu lortu dituzten izangaiekin. Elkarrizketan kontratuaren xedea diren eginkizunak betetzeko gaitasuna eta eskatutako profilarekiko egokitasuna baloratuko dira.

Hautaketa-prozesua gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa 8 puntu da.

Hautaketa-prozesuaren azken emaitzan gerta daitezkeen berdinketak 2. apartatuan puntuazio handiena atera dutenen alde ebatziko dira. Berdinketa badago, 3. apartatuan puntuazio handiena lortzen dutenen alde. Berdinketak jarraitzen badu, hautaketa-prozesua zozketaz erabakiko da.

Iragarkiaren kodea: F2502709