47. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

55/2025 EBAZPENA, otsailaren 19koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, 2025-2026 ikasturtean enpresetan prestakuntza-egonaldiak egiteko deialdia onesten duena, irakasle hauei zuzenduta: Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetan eta kirol irakaskuntzetan ari diren irakasleak.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (LOE) 102. eta 103. artikuluetan xedatutakoaren arabera, "etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, baita hezkuntza-administrazioen eta ikastetxeen erantzukizuna ere" eta "hezkuntza-administrazioek irakasleen prestakuntza-jardueren plangintza eginen dute, jarduera horien eskaintza dibertsifikatua eta doakoa bermatuko dute, eta irakasleek jarduera horietan parte hartzeko bidezko neurriak ezarriko dituzte".

Beste alde batetik, Lanbide Heziketako eredu berrietan ezinbestekoa da, besteak beste, irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuak lanarekin lotzea, hezkuntza-eskaintza ahalik ondoen egokitzeko lan-merkatuan eskatzen diren lanbide-kualifikazioetara.

Ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoak, kualifikazioei eta lanbide heziketari buruzkoak, 6. artikuluan ezartzen duenaren arabera, enpresek eta beste entitate batzuek kualifikazioen eta lanbide heziketaren sistema nazionalean parte hartuko dute honako eremu hauetan, besteak beste: irakasleen eta ikasleen prestakuntzan, lantokietan, lanbide-praktiketan, lanbide-orientazioan eta ekoizpen-sistemako profesional kualifikatuek prestakuntza-sisteman parte hartzean.

Horregatik, Hezkuntza Departamentuak enpresetan prestakuntza-egonaldiak egitea sustatzen du. Egonaldi horiek irakasleen etengabeko prestakuntzaren modalitate bat dira eta haien ezaugarri nagusia da irakasleen, lan munduaren eta enpresen arteko harremanak sendotzen dituztela. Prestakuntzaren modalitate honetan ezagutza zientifikoak eta teknikoak, lan prozedurak, tresnen erabilera eta antolakuntzako prozesuak eta metodoak uztartzen dira, eta helburua izaten da irakasleak ahalik ondoen integratzea ekoizpen-prozesuetan, betiere entitate edo enpresa laguntzaileak dauzkan ahalbideak kontuan hartuz. Prestakuntza-egonaldi hauen deialdia urtero egiten da.

Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoarekin bat, prozesuaren zatiren batean parte hartzen duten pertsona guztiek inprimakien bidez ematen dituzten datuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuko fitxategietan sartuko dira, estatistika aldetik lantzeko eta prozedura horren ondorioz sor daitezkeen egiaztagiriak kudeatzeko. Datuetan sartzeko, zuzentzeko, aurka egiteko eta ezerezteko eskubideak erabili ahal izanen dira Hezkuntza Departamentuko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura joz. Zerbitzu hori San Domingo kaleko 8. zenbakian dago, Iruñean. Berariaz horrela adierazten dutenak beren datuen tratamenduaren aurka ager daitezke, arrazoi sendorik eta bidezkorik badago.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du 2025-2026 ikasturtean enpresetako egonaldiak egiteko deialdia onesten duen ebazpena eman dadin; ebazpen horren bidez finkatuko dira deialdiaren epeak, inskripzioak, epaimahaien eraketa eta, oro har, deialdia garatzeko arauak.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. 202-2026 ikasturtean enpresetan prestakuntza-egonaldiak egiteko deialdia onestea, irakasle hauei zuzenduta: Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan Lanbide Heziketako irakaskuntzetan, Arte plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzetan eta kirol irakaskuntzetan ari diren irakasleak. Deialdiaren oinarriak ebazpen honen eranskinetan ezartzen dira.

2. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Modernizaziorako eta Berrikuntzarako Zerbitzura eta deialdi honen xede diren irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2025eko otsailaren 19an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

1. ERANSKINA–2025-2026 IKASTURTEKO DEIALDIAREN OINARRI OROKORRAK

Enpresetako egonaldien modalitateak eta ezaugarri orokorrak.

1. Enpresetako egonaldien ezaugarri orokorrak eta modalitateak Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 16ko 6/2021 Ebazpenean jasotakoak dira, 2025-2026 ikasturtean enpresetako egonaldiak egiteko deialdiaren "EE-4" modalitatea izan ezik.

2. 12 toki egonen dira enpresetako egonaldien EE-1 modalitaterako.

3. Enpresetako egonaldien EE-2 modalitaterako deialdian ez da toki mugarik ezarri.

4. Deialdi hau Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 16ko 6/2021 Ebazpenaren 2. eranskineko 5. oinarrian aipatzen diren irakasleentzat da.

Eskaerak aurkezteko epea.

5. Enpresetako egonaldien EE-1 modalitaterako eskaerak, 2025-2026 ikasturtekoak, 2025eko martxoaren 3tik 11ra bitarte aurkeztu beharko dira.

6. Enpresetako egonaldien EE-2 modalitaterako eskaerak, 2025-2026 ikasturtekoak, ikasturte horretako edozein unetan aurkezten ahalko dira.

7. Eskaera erregistro telematikoan aurkeztuko da, Educa-Atariaren bitartez, Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalari zuzendutako eskabide bat erabiliz, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 16ko 6/2021 Ebazpenaren 2. eranskineko 9. oinarrian aipatzen den eta tramiteen fitxa honetan dagoen dokumentazioarekin batera:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-de-docentes

Hautaketa-irizpideak. Enpresetako egonaldien EE-1 modalitatea.

8. Eskaerak honako lehentasun-irizpide hauen arabera ordenatuko dira:

a) Lehena.–Funtzionario edo kontratudun finkoen eskaerak, enpresetako egonaldien EE-1 modalitateko egonaldi bat esleitua ez dutenenak.

b) Bigarrena.­Administrazio-kontratua dutenen (bitartekoek) eskaerak, enpresetako egonaldien EE-1 modalitateko egonaldi bat esleitua ez dutenenak.

c) Hirugarrena.–Funtzionario edo kontratudun finkoen eskaerak, enpresetako egonaldien EE-1 modalitateko egonaldi bat esleitua dutenenak.

d) Laugarrena.–Administrazio-kontratua dutenen (bitartekoek) eskaerak, enpresetako egonaldien EE-1 modalitateko egonaldi bat esleitua dutenenak.

e) Aurreko urteetan egonaldiak egin dituztenen eskaeren hurrenkera egiteko, lehentasuna emanen zaie modalitate hori urte gehien egin duten irakasleei.

9. Aurreko atalean adierazitako irizpideak aplikatuta ateratzen den azpitalde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:

a) Lehena.–Aurkeztutako proiektuak hauekin duen erlazioa:

–Suspertze eta Erresilientzia Mekanismoaren funtsen bidez finantzatutako programak.

–Lanbide Heziketako espezializazio-ikastaroen arloak.

–Ezarritako curriculum berria (ezartzen den urtea eta hurrengoa).

–Digitalizazioa.

–Trantsizio berde-ekologikoa.

–Garapen jasangarriaren helburuak - 2030 Agenda.

b) Bigarrena.–Aplikatutako berrikuntzarekin lotutako beste arlo eta interes batzuekin erlazioa duten proiektuak.

10. Bakoitza ordenatuko da enpresetako egonaldirako aurkeztu den proiektuaren puntuazioaren arabera; balorazioa hautapen-batzordeak eginen du honako atal hauen arabera:

–Proiektuaren zorroztasuna eta koherentzia, proiektuaren helburuak eta edukiak egokiak izatea lanbide heziketako, arte plastikoetako eta diseinuko edo kirol irakaskuntzetako heziketa zikloetarako (3 puntu gehienez).

–Proiektuaren zorroztasuna eta koherentzia, proiektuaren helburuak eta edukiak bat etortzea Suspertze eta Erresilientzia Funtsen bidez finantzatzen diren programekin (3 puntu gehienez).

–Ezagutza teknikoak, teknologikoak, artistikoak edo kirol arlokoak eguneratuta egotea, hain zuzen ere haien izaera espezifikoa dela-eta beste baliabide batzuekin egitea zaila denean (2 puntu gehienez).

–Hautatutako enpresa egokia izatea egonaldiaren helburuak lortzeko (1 puntu gehienez).

–Proiektua egokia izatea parte hartzen duen ikastetxearen inguruko ekoizpen-enpresetarako (1 puntu gehienez).

Gutxienez 5 puntu lortzen ez dituzten proiektuak bazter geldituko dira.

Onartutako eskaerak deitutako tokiak baino gehiago badira, espezialitate bakoitzeko toki bat esleituko da ikastetxe bakoitzean. Arau orokor gisa, gehienez ere bi toki emanen dira ikastetxe bakoitzean. Ikastetxe bakoitzeko toki horiek izangaien abizenen arabera esleituko dira, Hezkuntza Departamentuko Ikuskapen Zerbitzuak egindako azken zozketaren arabera.

Enpresetako egonaldien EE-1 modalitatekoak hautatuko dituen batzordea.

11. Hautapen batzordearen osaketa eta funtzionamendua Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 16ko 6/2021 Ebazpenean jasota daude.

Emaitzak.

12. Enpresetako egonaldien EE-1 modalitaterako deialdiaren behin-behineko ebazpena 2025eko martxoaren 20an argitaratuko da Nafarroako Gobernuaren zerbitzuen katalogoaren fitxan, helbide honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-de-docentes

13. Erreklamazioak 2025eko martxoaren 21etik 25era jartzen ahalko dira, bi egunak barne, erregistro telematikoaren bidez eta Educa-Atariaren bitartez, Lanbide Heziketaren Antolamendu eta Ebaluaziorako Atalari zuzendutako eskabidea aurkeztuz.

14. Enpresetako egonaldien EE-1 modalitateko eskaerak esleitzeko behin betiko ebazpena 2025eko apirilaren 8an argitaratuko da aipatutako zerbitzuen katalogoaren fitxan.

Enpresako egonaldiaren garapena. Uko egitea. Justifikazioa eta ziurtapena.

15. Enpresako egonaldiaren jarraipena, ebaluazioa eta ikuskapena Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren otsailaren 16ko 6/2021 Ebazpenean ezarri bezala eginen dira.

16. Halaber, esleitutako enpresetan prestakuntza-egonaldia egiteari uko egitea, justifikazioa eta ziurtapena aurreko oinarrian aipatzen den ebazpenean ezarri bezala eginen dira.

Iragarkiaren kodea: F2502651