Iragarkia
47. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 10a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
120/2025 EBAZPENA, otsailaren 26koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitatean 2025ean uzta heldugabea biltzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektoriala arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren esparruan.
2021eko abenduaren 2ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren bidez, arauak ezarri ziren Europar Batasuneko estatuek Nekazaritza Politika Erkidearen esparruan egin behar dituzten plan estrategikoei laguntza emateko, Nekazaritza Bermatzeko Europako Funtsaren (NBEUF) eta Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) kontura finantzatuta, eta 1305/2013 (EB) eta 1307/2013 (EB) erregelamenduak indargabetu ziren. Bada, erregelamendu horrek, 58. artikuluko 1. atalean, ardogintzaren sektorean egin daitezkeen esku-hartze motak ezartzen ditu, eta c) letra uzta heldugabearen esku-hartze motari dagokio.
Europako araudia aplikatuz, Mahastizaintza eta Ardogintzako Sektoreko Esku Hartzean aurreikusitako esku-hartze motak aplikatzeko, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua eman zen, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektoriala arautzen duena. Haren helburua da Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektorialean sartuta dauden esku-hartze motei aplikatu beharreko oinarrizko araudia ezartzea, 2023-2027ko Espainiako Erresumako Nekazaritza Politika Erkidearen (NPE) Plan Estrategiko Nazionalaren esparruan. Plan hori 2022ko abuztuaren 31ko Betearazpen Erabakiaren bidez onetsi zuen Europako Batzordeak.
Bestetik, ardogintzaren sektoreari beste arau hauek ere aplikatuko zaizkio: abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretua, Plan Estrategikoko esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema arautzen duena; otsailaren 28ko 147/2023 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoan jasotako esku-hartzeetan zigorrak aplikatzeko arauak ezartzen dituena; eta martxoaren 12ko 250/2024 Errege Dekretua, zeinaren bidez aldatzen baita, inbertsioen eta uzta heldugabearen arloan, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektoriala arautzen duena.
Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren II. kapituluko 3. atalak uzta heldugabeari aplikatu beharreko oinarrizko araudia ezartzen du. 34. artikuluak ezartzen du ezen, autonomia-erkidegoren batek uzta heldugabearen esku-hartzea aplikatzeko eskaera egiten baldin badu, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko Nekazaritzako Produkzioen eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiko Fruta eta Barazkien eta Mahastizaintza eta Ardogintzaren Zuzendariordetza Nagusiak, "Estatuko Aldizkari Ofizialean" argitaratuko den ebazpen baten bidez, Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektorialari esleitutako urteko funtsetatik aurrekontu esleipen bat ezarriko duela uzta heldugabearen esku-hartzerako, ardo-bolumen bat merkatutik aterata merkatuaren oreka berreskuratzen laguntzeko.
Zenbait autonomia-erkidegok eskatu dutenez uzta heldugabearen esku-hartzea abiatzeko, Nekazaritzako Produkzioen eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiaren 2025eko otsailaren 20ko ebazpenaren bidez, aurrekontua zehaztu da 2025erako uzta heldugabea martxan jartzeko, Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektorialaren (MAEHS) barnean, 2025eko finantza-ekitaldirako 19.171.834 euro esleituta.
Uzta heldugabearen neurria abiatzeko, autonomia-erkidegoek honako alderdi hauek ezarri behar dituzte: laguntza-eskaerak aurkezteko epea, aplikatuko diren lehentasun-irizpideak, onartutako eskaerei uko egiteko epeak, laguntza ordaintzeko metodoa eta mahats-mordoak ezereztu edo deuseztatzeko zuzeneko kostuei dagokien kostu unitarioen balioa (hektareako), bai eta galdutako diru-sarrerak kalkulatzeko aplikatu behar den mahatsaren batez besteko prezioa ere.
Bat etorririk martxoaren 12ko 250/2024 Errege Dekretuaren artikulu bakarraren bosgarren apartatuarekin (errege-dekretu horren bidez aldatzen da, inbertsioen eta uzta heldugabearen arloan, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektoriala arautzen duena), honela kalkulatuko da diru-sarreren galera: laguntzaren xede den lurzatian azken hiru kanpainetan mahatsak izan duen batez besteko prezioa bider lurzati horrek datuak daudeneko azken hiru kanpainetan izan duen batez besteko errendimendua. Laguntzaren xede den lurzatian azken hiru kanpaina horietakoren batean uzta heldugabea bildu bada, ulertuko da daturik ez dagoelako kasuan dagoela uzta heldugabea bildu zen kanpaina horretarako, eta kanpaina hori baztertzen ahalko da batez besteko errendimendua kalkulatzeko. Halaber, ekoizleek jasotako errendimenduak eta/edo prezioak nabarmenki baldintzatzen dituzten salbuespenezko inguruabarrak gertatu badira diru-sarreren galeragatiko konpentsazioa kalkulatzeko erabiltzen den kanpainaren batean, horiek gertatu direneko kanpaina kentzen ahalko da kalkulutik, eta haren aurreko kanpainakoak erabiliko dira hartakoen ordez.
2025eko deialdirako, 2024ko mahats-uztaz gain, 2018. eta 2019. urteetako mahats-uztak ere hartuko dira kontuan. Izan ere, 2024ko uzta heldugabea biltzeko laguntzen deialdia onesteko Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak martxoaren 19an eman zuen 155/2024 Ebazpenaren bidez, espresuki baztertu ziren 2020. eta 2021. urteetako mahats-uztak (COVID-19aren pandemiaren eraginaren ondorioz) eta 2022. urtekoa (Errusiak Ukraina inbaditzearen ondorioz), asaldura handia gertatu baitzen ardogintzaren sektoreko merkatuan eta horrek eragin zuzena izan baitzuen mahats-uzta horietako salmenta-prezioetan, baita 2023. urtekoa ere, horretan errendimendua jaitsi baitzen lehortearen ondorioz.
Nafarroako Foru Komunitateak 2025eko martxoaren 1a baino lehen jakinarazi zion Nekazaritzako Produkzioen eta Merkatuen Zuzendaritza Nagusiari aplikatuko den ordainketa-metodoa kostu unitarioen baremo estandar batzuen araberakoa izanen dela eta, orobat, zein izanen den kostu unitario horien balioa, eta zein hautatutako lehentasun irizpideak eta haien puntuazioak, Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektorialaren (MAEHS) barnean sartzeko.
Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektoriala arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren esparruan Nafarroako Foru Komunitatean 2025ean uzta heldugabea biltzeko laguntzen oinarri arautzaileak eta deialdia onestea, ebazpen honen I. eranskinean jasotzen den moduan.
2. Deuseztatzeko zuzeneko kostuen unitateko kostuen baremo estandarrak onestea, ebazpen honen II. eranskinean aurreikusiriko moduan.
3. Oinarri arautzaile hauek eta laguntzen deialdia Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (DDBN) erregistratzea.
4. Deialdi honetan aurreikusi gabeko guztian, osagarri gisa, urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretua aplikatuko da, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan mahastizaintzaren eta ardogintzaren sektoreko esku-hartzea arautzen duena.
5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrerako hilabeteko epean.
Iruñean, 2025eko otsailaren 26an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.
I. ERANSKINA.–NEKAZARITZA POLITIKA ERKIDEAREN PLAN ESTRATEGIKOAREN ESPARRUAN MAHASTIZAINTZAKO ETA ARDOGINTZAKO ESKU-HARTZE SEKTORIALA ARAUTZEN DUEN URRIAREN 25EKO 905/2022 ERREGE DEKRETUAREN ESPARRUAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN 2025EAN UZTA HELDUGABEA BILTZEKO LAGUNTZEN OINARRI ARAUTZAILEAK
Lehena.–Xedea eta helburua.
1. Ebazpen honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko mahastietan uzta heldugabearen esku-hartzerako 2025. urterako laguntzen oinarri arautzaileak garatzea eta laguntzetarako deialdia egitea, 2023-2027 aldirako Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektoriala arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
2. Uzta heldugabea biltzearen helburua izanen da merkatu-krisia saihestea eta mahastizaintzako eta ardogintzako merkatuan eskaintzaren eta eskariaren oreka berreskuratzea.
Bigarrena.–Aplikazio-esparrua.
Uzta heldugabearen esku-hartzea (Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 58.1.c) artikuluan jasotzen baita) Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean ardogintzarako mahatsa ekoizteko erabiltzen diren mahasti-lurzatiei aplikatzekoa izanen da.
Hirugarrena.–Eskatzaileek laguntza jasotzeko bete behar dituzten onargarritasun-baldintzak.
1. Ardogintzarako mahatsa ekoizteko erabiltzen diren lurzatiek eta haien mahastizainek eskatzen ahalko dituzte laguntza hauek, baldin eta laguntza-eskabidean sartuta badaude eta Mahastien Erregistroan inskribatuta badaude eskabideak aurkezteko epea hasten den egunean.
2. Mahastizaintzako eta ardogintzako sektoreari laguntzeko 2019-2023 programaren edo Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektorialaren 2024-2027 programaren aurreko deialdietan laguntza-eskaerak onartu zaizkien mahastizainek, bakoitzari dagokionaren arabera, ez dute laguntza jasotzen ahalko hurrengo bi deialdietan, baldin eta:
a) Eskatu zuten eragiketa baten laguntzari uko egin bazioten hura onetsi ondotik, salbu eta ezarritako epearen barruan jakinarazi bazuten hari uko egiten ziotela.
b) Ez badute eskatu onetsiriko eragiketa bat ordaintzea, dagokion deialdian ezarritako epea bukatu ondotik.
a) eta b) apartatuetan adierazitako kasuak ez dira aplikatuko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 3. artikuluan aipatutako ezinbesteko kasuetan edo salbuespenezko egoeretan.
3. Honako hauek ez dira izaten ahalko laguntzaren jasotzaile:
a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzetakoren bat betetzen ez dutenak; besteak beste, egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13.3 bis artikuluan galdegiten den egiaztapena (Merkataritzako eragiketetako berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dituen abenduaren 29ko 3/2004 Legea betetzeari buruzkoa) eskaera aurkezten den unean eginen da.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.3 bis artikulua betez, 30.000 eurotik gorako dirulaguntza hartzen duten eskatzaileei eragiten baitie, eta kontuan harturik ekainaren 28ko 5/2023 Errege Lege Dekretuaren bidez ezarritakoa, laguntza-eskaerarekin batera aurkeztu beharko da honako dokumentazio hau, kasu bakoitzean dagokiona:
a) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu ezin duten pertsona juridikoen kasuan, honako hau:
1. Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egindako ziurtagiria, ikuskatutako azken urteko kontuen memorian ordainketei buruz azaltzen den informazioaren transkripzio xehatua duena, baldin eta kontu horietatik ondorioztatzen bada lortu dela abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze maila, atal honetan zehaztu dena, horretarako oinarri harturik abenduaren 29ko 3/2004 Legea aldatzen duen uztailaren 5eko 15/2010 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian eskatutako informazioa.
Ziurtagiri hori baliozkoa izanen da hurrengo ekitaldiko urteko kontuak ikuskatu arte.
2. Aurreko zenbakian aipatutako ziurtagiria egiterik ez badago, «Adostutako Prozeduren Txostena» aurkeztu beharko da, Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditore batek egina, non ondorioztatuko baitu ezen, oinarri harturik erreferentziako data batean sozietatearen hornitzaileei ordaindu gabe dauden fakturen lagin adierazgarri baten berrikuspena, ez duela detektatzen abenduaren 29ko 3/2004 Legearen ordainketa-epeak betetzeko salbuespenik, edo, halakorik detektatzen bada, salbuespen horiek ez dutela galarazten atal honen azken paragrafoan eskatutako betetze-maila lortzea.
Lege horren ondorioetarako, atal honetan eskatutako baldintza bete dela joko da baldin eta abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeen betetze-maila berdina edo handiagoa bada Enpresak Sortu eta Handitzeko irailaren 28ko 18/2022 Legearen azken xedapenetako seigarrenaren d) letraren bigarren atalean ezarritako ehunekoa baino.
b) Kontabilitate-araudiaren arabera galera-irabazien kontu laburtua aurkeztu dezaketen pertsona fisiko eta juridikoen kasuan, pertsona fisikoak sinatutako ziurtagiria, edo, pertsona juridikoen kasuan, administrazio-organoak edo behar adinako ordezkaritza-ahala duen organo baliokideak sinatutako ziurtagiria, non adieraziko baita bete direla abenduaren 29ko 3/2004 Legean ezarritako ordainketa-epeak (lege horren bidez, merkataritzako eragiketen berankortasunaren aurka borrokatzeko neurriak ezartzen dira).
b) Ebazpen honetan ezarritako onargarritasun edo lehentasun irizpideak betetzeko eskatzen diren baldintzak artifizialki sortu dituztenak, hori frogatuta, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 62. artikuluan ezartzen den bezala.
c) Ura legez kanpo erabiltzeagatik baliabide horren arloan eskumena duen agintariaren zehapen irmoa jaso dutenak.
d) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen arabera sexu- edo genero-diskriminaziotzat jotzen diren lan-praktikak egiteagatik edo onartzeagatik administrazio-ebazpenaren edo epai irmoaren bidez zehapena jaso dutenak.
Aurreko puntuan aipatutako egoeran dauden entitateak eta enpresak laguntza horien onuradun izaten ahal dira berriz, baldin eta ezarritako zehapena edo zigorra betea badute eta berdintasun-plan bat prestatu badute indarreko legerian ezarritako baldintzetan, halakorik exijitzen ahal bazaie.
Laugarrena.–Eskabideak aurkezteko tokia eta bitartekoak.
1. Laguntza-eskaerak aurkezteko epea ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko apirilaren 29an bukatuko.
2. Aurkezten diren eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Merkatuen Erregulaziorako Atalera igorri behar dira, baliabide telematikoz soilik, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian dagoen erregistro orokor elektronikoaren bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin bat https://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
3. Eskaerak banaka nahiz taldeka aurkezten ahalko dira. Taldeka aurkeztuz gero, administrazioarekiko solaskide bakar baten bitartez egin beharko da, eta dokumentu bat aurkeztu beharko da identifikatzeko nor den laguntza honen esparruan baimenduriko ordezkaria eta nor diren ordezkatzen dituen mahastizainak.
4. Dena den, bitarteko elektronikoen kudeaketarako sarbidea errazteko eta sinplifikatzeko hala egitea komeni bada, oinarri arautzaile hauetan xedaturikoari dagokionez dituzten betebeharrak eta eskubideak baliatu ahal izateko behar dituzten tresnak eta zerbitzuak jarriko dira eskatzaileen eskura.
5. Dirulaguntza-eskaera aurkezteak berekin dakar laguntza eskatzen duenak baimena ematea dirulaguntzak ematen dituen organoari zuzenean lor dezan zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean dituela adierazten duen egiaztapena, ziurtagiri elektronikoen bidez. Beraz, kasu horretan, eskatzaileak ez ditu egiaztagiri horiek aurkeztu beharko. Nolanahi ere, eskatzaileak berariaz uko egiten ahalko dio baimen hori emateari, eta kasu horretan kasuan kasuko egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
6. Baldintza hauek bete beharko dituzte laguntza-eskaerek:
–Dirulaguntza jasoko duen gehieneko azalera, eskaera bakoitzeko, 10 hektarea izanen da.
–Uzta heldugabea biltzeko metodoa eskuzkoa edo mekanikoa izanen da (eskuzko errepasoa barne).
Bosgarrena.–Lurzatiak onartzeko baldintzak.
1. Ardogintzarako mahatsa ekoizteko erabiltzen diren mahasti-lurzati osoek baizik ez dute eskatzen ahalko uzta heldugabea biltzeko laguntza, Nekazaritza Politika Erkidearen Plan Estrategikoaren esparruan Mahastizaintzako eta Ardogintzako Esku Hartze Sektoriala arautzen duen urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 2.27 artikuluko definizioaren arabera.
2. Lurzatiek laguntza eskatzen den kanpainaren aurreko hiru kanpainak baino lehenago landatuak izan beharko dute.
3. Lurzati bakoitzaren azalera 0,3 hektareakoa (ha) edo handiagoa izanen da.
Seigarrena.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta lehentasun-irizpideak.
1. Deialdi honetan aurreikusten diren dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidean tramitatuko da.
2. Aurkezten diren laguntza-eskaerak honako irizpide hauen arabera lehenetsiko dira:
2.1. Lurzatiari lotutako lehentasun-irizpideak:
a) Kalitate bereziko figura batean (JDB/AGB) inskribatutako lurzatiak, baldin eta horietako produkzioa JDB edo AGB horretako ardoa egiteko bideratu bada uzta heldugabea aplikatzeko kanpainaren aurre-aurreko bi kanpainetan gutxienez. 2,5 puntu emanen zaizkie JDBan inskribatutako lurzatiei, eta 0,5 puntu AGBan inskribatutako lurzatiei.
b) Mahats-mota: beltza edo zuria. 3,5 puntu emanen zaizkie mahats beltzeko lurzatiei, eta 0,5 puntu mahats zuriko lurzatiei. Lurzati berean mahats beltza eta zuria badaude, lurzati bakoitzean azalera handiena hartzen duen mahats-motari dagokion puntuazioa emanen da.
c) Ardotarako mahatsaren barietatea. 5 puntu emanen zaizkie Tempranillo Beltza barietateko lurzatiei, 0,5 puntu Garnatxa Beltza barietateko lurzatiei, eta 0,5 puntu Merlot barietateko lurzatiei. Lurzati berean mahats-barietate bat baino gehiago badaude, lurzatian azalera handiena hartzen duen mahats-barietateari dagokion puntuazioa emanen da.
d) Lurzatiaren azalera. 2 puntu emanen zaizkie Nafarroako Mahastien Erregistroko lurzatien azaleraren batez besteko baliotik gorako azalera dutenei; 0,8447 hektareakoa da balio hori.
2.2. Lurzati bakoitzerako lehentasun-irizpideak, eskatzaileari loturikoak:
a) Mahastizain gazteak; halakotzat hartuko dira laguntza-eskaera aurkezten den urtean gehienez ere 40 urte dituzten eskatzaileak. 4 puntu emanen dira.
Eskatzailea pertsona juridikoa bada, dagokion dokumentazioaren bidez frogatu beharko da ezen, pertsona juridiko horren barruan erabaki-ahalmena duten pertsona fisikoen % 50ek, gutxienez, baldintza hori betetzen dutela. Horrek esan nahi du mahastizain gazteen partaidetzak pertsona juridikoaren kapital sozialean kapital sozial guztiaren erdia baino gehiagokoa izan behar duela edo boto-eskubideen erdiak baino gehiago eduki behar dituztela.
b) Ogibide nagusia nekazaritza duten eskatzaileak (pertsona fisikoen kasuan) edo lehentasunezko nekazaritza-ustiategi bateko titularra (pertsona juridikoen kasuan). 2 puntu emanen dira.
c) Ordezkari baten bidez aurkezturiko taldekako eskabideak, baldin eta 10 eskatzaile edo gehiago badituzte. 10 puntu emanen dira.
Berdinketa egonez gero, lehentasuna emanen zaie azalera handieneko lurzatiei, eta, berdinketak jarraitzen badu, lehenago aurkeztutakoei, sarrera-erregistroko data, ordu eta minutuaren arabera.
Zazpigarrena.–Deialdiaren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.
1. Eskaerak harturik, egiaztatuko da ea betetzen dituzten hirugarren oinarri arautzailean ezarritako baldintzak. Bete ezean, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluan ezarritakoarekin, laguntzaren eskatzaileari jakinaraziko zaizkio eskaeran atzeman diren akatsak, edo zer agiri falta den tramitatu ahal izateko. Horrekin batera, 5 eguneko epea ezarriko da akatsak zuzentzeko edo agiriak aurkezteko. Epe horretan akats horiek zuzentzen ez badira, eskaeran atzera egin duela ulertuko da, eskudun den organo administratiboak ebazpena eman eta gero.
2. Merkatuen Erregulaziorako Atalak eskabideak ebaluatu ondotik, zerrenda eginen da lurzati onargarriekin, seigarren oinarriaren arabera lehenetsita, eta Fruta eta Barazkien eta Mahastizaintza eta Ardogintzaren Zuzendariordetza Nagusira igorriko da 2025eko ekainaren 7a baino lehenago. Fruta eta Barazkien eta Mahastizaintza eta Ardogintzaren Zuzendariordetza Nagusi honek 2025eko ekainaren 15a baino lehenago jakinaraziko du onarturiko lurzatien behin betiko zerrenda.
Lurzatien behin betiko zerrenda horretan oinarriturik, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena eginen du.
3. Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak ebazpen arrazoitua emanen du dirulaguntzei buruz, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.
4. 2025eko ekainaren 30a baino lehenago eman behar da eta interesdunei jakinarazi behar zaie dirulaguntza emateko ebazpena. Baldin eta epe hori igarotakoan interesdunei ez bazaie inongo ebazpenik jakinarazi, eskaera baztertu dela ulertu behar dute.
5. Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 37.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, 5 eguneko epea ezartzen da onartutako eskaerei uko egiteko, laguntza onartzen duen ebazpena jakinarazten den egunetik.
Zortzigarrena.–Laguntzaren zenbatekoa.
1. Uzta heldugaberako laguntza kalkulatzeko bi konpentsazio hauek batuko dira: mahats-mordoak ezereztu edo deuseztatzeko zuzeneko kostuena eta mahats-mordoak ezereztu edo deuseztatzearen ondoriozko diru-galerarena.
2. Deuseztatzeko zuzeneko kostuen konpentsazioa izanen da kostu unitarioen baremo estandarren % 50; II. eranskinean daude jasota kostu unitarioen zenbatekoak, ekintza diruz lagungarri bakoitzeko.
3. Galdutako diru-sarreren konpentsazio ekonomikoa izanen da laguntza eskatzen den lurzatian uzta heldugabea egiteak dakarren diru-sarreren galeraren % 50. Diru-sarreren galera honela kalkulatuko da: laguntzaren xede den lurzatian azken hiru kanpainetan mahatsak izan duen batez besteko prezioa bider lurzati horrek datuak eskuragarri dauden azken hiru kanpainetan izan duen batez besteko errendimendua. Kasua bada, errendimendu horrek muga bat izanen du; zehazki, dagokion kalitate-figuraren pleguetan ezarritako gehieneko errendimendua.
Galdutako diru-sarreren konpentsazioa kalkulatzeko, 2018ko, 2019ko eta 2024ko kanpainak hartuko dira aintzat.
Aintzat hartutako erreferentzia-urteetarako daturik ez dagoen lurzatien kasuan, urte horietan ekoizten hasi gabe zeuden mahasti-landaketak zirelako, Nafarroako Foru Komunitatean izandako batez besteko errendimenduen datu ofizialak erabiliko dira, kasuan kasuko lurzatien kokapenaren arabera.
Kontuan hartuko diren mahatsaren batez besteko prezioak honako hauek dira, mahastien kokapenaren arabera:
–"Nafarroa" jatorri-deitura babestuko lurzatiak, Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietan aitortutako adierazpen geografiko babestuetakoak, lur-eremuko ardoetarakoak eta beste: 0,52 euro/kg.
–"Errioxa" jatorri-deitura kalifikatuko lurzatiak: 0,99 euro/kg.
4. Bat etorrita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren 59.3 artikuluarekin, uzta heldugaberako ematen den Europar Batasunaren finantza laguntza ezin da izan mahats-mordoak ezerezteko edo deuseztatzeko zuzeneko kostuei ezerezte edo deuseztatze horri loturiko diru-sarreren galera batuta ateratzen den zenbatekoaren % 50 baino gehiago.
Bederatzigarrena.–Uzta heldugabea biltzea eta ordaintzeko eskaera.
1. Beranduenez 2025eko uztailaren 15ean bilduko da uzta heldugabea.
2. Kontrol egokiak egin ahal izateko, onuradunek jakinarazpen bakarra aurkeztuko diote agintari eskudunari; horretan zehaztu beharko dute noiz bilduko den, nola deuseztatuko den eta zer azken helmuga izanen duen laguntza onetsi zaien lurzati guztietako uzta heldugabeak. Komunikazio hori beranduenik 2025eko uztailaren 15ean aurkeztu behar da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Merkatuen Erregulaziorako Atalean, baliabide telematikoz soilik, Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atarian dagoen erregistro orokor elektronikoaren bidez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluarekin bat https://www.navarra.es/home_es/Servicios/. Fitxa horretan, esteka bat izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren erregistro orokor elektronikoan sartzeko. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.
3. Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 42.3 artikuluarekin bat, laguntza ordaintzeko eskaeratzat hartuko da uzta heldugabearen gauzatze-dataren jakinarazpena, aipatu errege-dekretuaren 78.4 artikuluan ezarritakoarekin bat.
4. Laguntzaren ziurtapena egiteko, lurzati osoan bildurik egon behar du uztak; eragiketa behar bezala gauzatu dela egiaztatu behar da, eta lurzatia neurtu behar da Batzordearen 2022/126 (EB) Erregelamendu Eskuordetuaren 42. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5. Uzta heldugabea ez da bildutzat joko baldin eta lurzati osoan egin ez bada edo lurzati horretako mahats-mordo guztiak kendu ez badira. Ez da laguntza jasotzeko eskubiderik izanen baldin eta kontrolen emaitza ona ez bada.
6. Aurkeztutako ordainketa-eskabideen administrazio-kontrolak eta lekuan bertan egindako kontrolak egin ondotik ordainduko da laguntza. Egiaztatuko da ea ordainketaren xede den eragiketa bat datorren onartutako laguntza-eskaerarekin.
Hamargarrena.–Laguntza ordaintzea.
1. Onuradunak aurreko oinarrian ezarritakoaren arabera bukaera jakinarazi eta Administrazioari ordainketa eskatu ondotik ordainduko da laguntza.
2. Laguntza urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 41. artikuluan ezarritako kalkuluan oinarriturik ordainduko da, bederatzigarren oinarriaren arabera laguntza jasotzeko eskubidea duen azalera zehaztu eta eragiketa gauzatu dela eta onetsiriko eskabidearekin bat datorrela egiaztatu ondotik eta eragiketa behar bezala gauzatu dela lurzatian bertan egiaztatu ondotik.
3. Guztira ordaintzen den zenbatekoak ez du gainditzen ahal onetsiriko zenbatekoa.
4. Onetsi den arren, laguntza ez da ordainduko baldin eta uzta heldugabea biltzeko data baino lehenago ekoizpena erabat edo partzialki galtzen bada hondamendi natural baten ondorioz, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2. artikuluko 9. eta 16. apartatuetan jasotako definizioen arabera. Erregelamendu horrek laguntzen hainbat kategoria deklaratzen ditu nekazaritza- eta baso-sektoreetarako eta Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren (2022ko abenduaren 14ko Batzordearen 2022/2472 (EB) Erregelamendua, gaur egun) 107. eta 108. artikuluen aplikazioaren ondorioz barne-merkatuarekin bateragarri diren nekazaritza-eremuetarako.
Aurreko paragrafoa betetzeari dagokionez, hondamendi natural bat egon dela ulertuko da baldin eta baldintza meteorologikoen ondorioz (hala nola izotzaldia, kazkabarra, euria edo lehortea) produkzioaren % 30 baino gehiago suntsitzen bada, oinarri harturik nekazari jakin batek aurreko hirurtekoan izan duen batez bestekoa edo aurreko bost urteetan oinarrituta kopururik handiena eta txikiena kendurik ateratzen den hiru urteko batez bestekoa.
Hamaikagarrena.–Laguntzen bateragarritasuna.
1. Mahastizaintza eta Ardogintzako Sektoreko Esku Hartzearen funtsekin, ez dira finantzatuko esku-hartze hauek: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021/2115 (EB) Erregelamenduaren babesean Landa Garapeneko programetan jasorik dauden esku-hartzeak; Batzordearen 2002ko ekainaren 14ko 1040/2002 (EE) Erregelamenduan jasorik daudenak (erregelamendu horren bidez, borroka fitosanitariorako Batasunaren partaidetza finantzario bat esleitzeari buruzko xedapenak betearazteko arau bereziak ezartzen dira, eta 2051/97 (EE) Erregelamendua indargabetzen da), eta Europar Batasunaren finantza-tresnen bidez finantzaturiko neurriak.
2. Aurkeztutako ekintza finantzatzeko asmoz ebazpen honetan xedatuak dauden dirulaguntzak jasotzea bateraezina izanen da beste administrazio publiko batzuek edo nazioko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu eta xede bererako ezar dezaketen beste edozein dirulaguntzarekin.
Hamabigarrena.–Kontrolak.
1. 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 59.2 artikuluaren arabera, kudeaketa eta kontrol sistema eraginkorrak ezarriko dira Mahastizaintza eta Ardogintzako Sektorerako Esku-hartzea arautzen duen Batasunaren araudia betetzen dela bermatzeko.
2. Administrazio- eta landa-kontrolak eginen dira, kontuan hartuta abenduaren 27ko 1047/2022 Errege Dekretuaren III. tituluko 3. kapituluan ezarritakoa (errege-dekretu horren bidez arautzen da Plan Estrategikoaren esku-hartzeak eta Nekazaritza Politika Erkidearen beste laguntza batzuk kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema). Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko langileek eginen dituzte kontrol horiek. Esku-hartzeei buruz aurkezten diren laguntza-eskaera, ordainketa-eskaera eta bestelako aitorpen guztien administrazio-kontrol sistematikoak eginen dira, eta, bereziki, tokian bertan egindako ikuskapen fisikoekin osatuko dira.
Hamahirugarrena.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.
Diru-itzulketei, arau-hausteei eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.
Hamalaugarrena.–Publizitatea.
1. Laguntza hauen onuradunen datuak argitara emanen dira nekazaritza-politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 98. artikuluari jarraikiz.
2. Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin bat (hots, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzko erregelamendua, zeinak indargabetzen baitu 95/46/EE Zuzentaraua –Datuak babesteko erregelamendu orokorra–), datu pertsonalak direnean, onuradunek beren eskubideei buruzko informazioa jasoko dute, datuak babesteko arauekin bat eta eskubide horiek erabiltzeko prozedura aplikagarriekin bat.
3. Aurretik xedatutakoa alde batera utzi gabe, laguntza hauen onuradunen datuak agintaritza eskudunak tratatu eta babestuko ditu, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2021eko abenduaren 2ko 2021/2116 (EB) Erregelamenduaren 101. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (nekazaritza-politika erkidearen finantzaketari, kudeaketari eta jarraipenari buruzkoa da erregelamendu hori).
4. Azkenik, organo kudeatzaileak Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igorri beharko du emandako dirulaguntzei buruzko informazioa, Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 20. artikuluan aurreikusitako moduan.
II. ERANSKINA.–KOSTU UNITARIOEN BAREMO ESTANDARRAK, DEUSEZTATZEKO ZUZENEKO KOSTUENGATIKOAK
DEUSEZTATZE-METODOA (*) | ZENBATEKOA (euro/ha) |
Mekanikoa (eskuzko errepasoa barne) | 585,00 |
Eskuzkoa | 819,00 |
(*) Urriaren 25eko 905/2022 Errege Dekretuaren 42.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko, metodo kimikoa eta mekanikoa erabiltzen badira mahats-mordoak guztiz kentzeko, beharrezkoa izanen da eskuzko errepasoa egitea. | |
Iragarkiaren kodea: F2502978
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
