47. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

12E/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 15ekoa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita "pertsona fisikoentzako eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuentzako laguntzak, 2025ean ondare higiezina zaharberritzeko" dirulaguntzaren deialdia. DDBN identifikazioa: 815574.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen 87. artikuluak ezartzen du kultur arloko eskumena duen departamentuak Nafarroako kultur ondareko ondasunen ikerketa, dokumentazioa, kontserbazioa, berreskurapena, zaharberritzea eta zabalkundea bultzatuko dituela, dirulaguntzen eta bestelako sustapen neurri ekonomikoen bitartez.

Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legeak 37. artikuluan ezartzen duenez, urtero, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak dirulaguntzak eta bestelako laguntzak ezarriko ditu erabakitzen diren kultur sektoreetarako, foru lege horren 2. artikuluan aipatzen diren printzipioekin bat. Artikulu horrek foru legearen xedetzat jotzen du Nafarroako kultur ondare materiala eta immateriala babestu, zaindu, zabaldu eta haren balioa nabarmentzea. Halaber, dirulaguntzen deialdi honekin foru lege beraren 10. artikulua bete dadin sustatzea lortu nahi da.

Deialdiaren xedea da dirulaguntza bidez laguntzea Nafarroako Foru Komunitatean pertsona fisikoek eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek ondare higiezin kulturala kontserbatu, sendotu, birgaitu eta zaharberritzeko obrei. Hala, Nafarroako kultur ondarea babestu eta kontserbatzeaz gain, Nafarroako ondare higiezinaren ondasunen kontserbazio eta zaharberritzearekin loturiko enpresa txiki eta autonomoei laguntzea ere bada helburua. Horrela, administrazio publikoen mende nabarmen dagoen sektore horren enplegagarritasuna sustatuko da.

Dirulaguntzak norgehiagokako araubidea erabiliz emanen dira, eta lortutako puntuazioaren lehentasun ordenari jarraikiz, hain zuzen ere oinarri arautzaileetako balorazio irizpideak eta mugak aplikatuz lortzen den puntuazioaren arabera, hala ezartzen baita Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan.

Gehieneko aurrekontu-zuzkidura 175.000 eurokoa da, A20001-A2100-7809-337105 partidaren (Eraikin babestuetan esku hartzeko laguntzak) edo 2025eko gastuen aurrekontuetan gaitutako antzeko partidaren baten kargura, eta esku-hartze bakoitzerako eman beharreko dirulaguntzaren zenbatekoa ez da onartutako aurrekontuaren %50 baino handiagoa izaten ahalko.

Horrenbestez, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Pertsona fisikoei eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuei 2025ean ondare higiezina zaharberritzeko laguntzak emateko deialdia onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontu-kredituak baimentzen dira; hala ere, aldaketak egiten ahalko dira, jasotzen diren eskaerak kontuan hartuta:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

A20001-A2100-7809-337105: Eraikin babestuetan esku hartzeko laguntzak

2025

175.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi errekurtsoa jartzea foru agindu honen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2025eko otsailaren 15ean.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

2025EAN NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO KULTUR ONDAREAREN HIGIEZINETAN ESKU-HARTZEAK EGITEKO PERTSONA FISIKOEI ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ENTITATE PRIBATUEI LAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzen xedea eta araubide juridikoa.

1.1. Oinarri hauen xedea da pertsona fisikoentzako eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuentzako dirulaguntzak arautzea, helburu dutenak ondare higiezina kontserbatu, sendotu, birgaitu eta zaharberritzeko obrak sustatzea, 2025ean, Nafarroako Foru Komunitatean.

1.2. Deialdi honen ondorioetarako, Nafarroako Kultur Ondarearen higiezintzat jotzen dira Nafarroako Kultura Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legearen arabera Interes Kulturaleko Ondasun, Ondasun Inbentariatu edo Tokiko Intereseko Ondasun direnak, bai eta hirigintzako udal planeamenduaren katalogoetan edo Nafarroako Gobernuaren Arkitektura Ondarearen Inbentarioan berariaz jasotakoak ere.

1.3. Dirulaguntzak ematea oinarri hauetan eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoaren bidez arautuko da.

1.4. Dirulaguntzak emanen dira norgehiagokako araubideari jarraikiz, eta 7. oinarrian azaltzen diren balorazio irizpideak aplikatuta, 4. oinarrian ezarritako mugekin.

1.5. Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

Zabalkundea egiteko eta balioa nabarmentzeko jarduketak, hala nola hitzaldiak, bisita gidatuak eta eskuorriak. Ez eta esku-hartzea egiteko behar diren baimen eta lizentziak ere.

2.–Onuradunek bete beharreko baldintzak.

2.1. Dirulaguntza jasotzen ahal dute egoitza soziala eta fiskala Nafarroan duten pertsona fisikoek eta irabazi-asmorik gabeko entitate pribatuek, baldin eta higiezinen jabe badira eta Nafarroako kultur ondare higiezina kontserbatu, sendotu, birgaitu eta zaharberritzeko obrak sustatzen badituzte.

2.2. Baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak betetzea eta, horiez gainera, honako hau: une honetan ez egotea ez administrazio zehapen edo kondena-epai irmo bat betetzen sexuan edo generoan oinarritutako lan praktika diskriminatzaileak izateagatik edo onartzeagatik, ez eta arrazoi horiengatik ezarritako zehapen edo kondena epai bat betetzeko zain ere.

b) Egunean izatea tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

c) Egiaztatzea higiezinaren jabe direla, zuzenbidez onartutako edozein frogabideren bidez.

d) Frogatzea lortu edo eskatu direla obrarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak.

2.3. Dirulaguntza hauetatik propio baztertzen dira honako hauek:

a) Toki erakundeak, haien erakunde autonomoak eta partaidetzaren gehiengoa toki erakundeena duten enpresa-entitate publikoak, fundazioak eta sozietate publikoak.

b) Nafarroako 2025eko aurrekontu orokorretan xede bererako dirulaguntzaren partida izendun baten onuradun diren entitateak.

2.4. Ondasun higiezinak titular bat baino gehiago baditu, onuradun izaten ahal dira higiezinaren titularkide diren pertsona fisikoen edo irabazi-asmorik gabeko entitateen elkarteak. Halakoetan, berariaz adieraziko dira, laguntzaren eskaeran, elkarteko kide bakoitzak bere gain hartzen dituen konpromisoak, baita haietako bakoitzak aplikatuko duen dirulaguntzaren zenbatekoa ere, horiek ere onuraduntzat hartuko baitira. Nolanahi ere, elkartearen ordezkari edo ahaldun bakarra izendatu behar da eta aski ahalmen eman behar zaio elkarteak onuradun gisa dituen betebeharrak bete ditzan.

3.–Jarduera eta gastu diruz lagungarriak.

3.1. Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak dira gastu hauek:

a) Kontserbatu, sendotu, birgaitu eta zaharberritzeko lanen inguruan teknikari eskudunek idatzitako proiektu teknikoen idazketaren eta zuzendaritza fakultatiboaren ondoriozkoak, Eraikuntzaren Antolamenduari buruzko azaroaren 5eko 38/1999 Legean araututakoari jarraikiz.

b) Ondare higiezina kontserbatu, sendotu, birgaitu eta zaharberritzeko obren gastuak.

3.2. Esku-hartzeek Nafarroako Foru Komunitatean 2025ean eginak eta bukatuak izan behar dute.

3.3. Deialdi honetan ezarritakoaren ondorioetarako, gastu diruz lagungarriak dira inolako zalantzarik gabe bat datozenak diruz lagundutako jardueraren izaerarekin. Gastu diruz lagungarrien erosketa kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa.

3.4. Honako gastu hauek ez dira inola ere diruz lagungarriak:

a) Finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako esku-hartzea gauzatzeko peritu gastuak eta administrazio gastuak.

b) Interesak, errekarguak eta zehapen administratibo eta penalak.

c) Zeharkako zergak, berreskuratzen edo konpentsatzen ahal direnean, eta errentaren gaineko zerga pertsonalak.

d) Kapital ondasunak edo ondasun inbentariagarriak sortu edo eskuratzeko erabili behar diren ondasunetan egindako inbertsioak.

e) Esku-hartzearen hedapenaren ondoriozko gastuak eta dirulaguntzaren xedearekin zuzenean loturik ez daudenak.

f) Udalaren obra lizentziaren tasaren ondoriozkoak, halakorik behar denean, edo beste edozein baimen edo zerga administratiboren ondoriozkoak.

4.–Diruz lagundutako jardueren finantzaketa.

4.1. Esku-hartze bakoitzerako emanen den dirulaguntzaren zenbatekoa onartutako aurrekontuaren %50 izanen da gehienez.

Onartutako aurrekontua izanen da pertsonak edo entitateak aurkeztutako aurrekontua, kenduta deialdi honen 3. oinarrian ezarritakoarekin bat diruz lagungarriak ez diren zenbatekoak.

4.2. Dirulaguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, sarrera edo baliabideekin baturik, diruz lagundutako jardueraren kostua baino handiagoa. Eskatutako esku-hartzerako emandako beste edozein dirulaguntza publikoren berri eman beharko zaio Ondare Arkitektonikoaren Atalari.

5.–Aurrekontuetako egozpena.

Deialdi honetarako baimendutako gastua 175.000 eurokoa da, eta 2025eko Gastuen Aurrekontuko partida honi egotziko zaio: "Laguntzak eraikin babestuetan esku-hartzeak egiteko" izeneko A20001 A2100 7809 337105 partida.

6.–Eskaerak eta behar den dokumentazioa aurkeztea.

6.1. Pertsona juridikoek eskaerak modu telematikoan aurkeztu beharko dituzte nahitaez, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioaren erregistro orokor elektronikoaren bidez edo tramiteen bilatzaileko fitxaren bidez, url honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-personas-fisicas-y-entidades-privadas-sin-animo-de-lucro-para-intervenciones-en-inmuebles-del-patrimonio-cultural

Kasu horretan, eskaera aurkezten bada lehen esandako modua ez den beste edozein erabiliz, ez-aurkeztutzat joko da, baina horrek ez du eragotziko eskaera geroago modu telematikoan aurkeztu ahal izatea. Azken kasu horretan, sarrera data baliodun bakarra aurkezpen telematikoarena izanen da.

Pertsona fisikoen kasuan, ahal dela, eskaerak modu telematikoan aurkeztuko dira, aurreko paragrafoan adierazitakoari jarraikiz edo, hala ez bada, aurrez aurre Iruñeko Navarrería kaleko 39an dagoen Erregistro Bulegoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako beste bideetako edozein erabiliz. Azken kasu horretan, eskaerari erantsiko zaion dokumentazioa formatu digitalean aurkeztu beharko da (diskoa edo USBa).

6.2. Eskaerak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Ondare Arkitektonikoaren Atalari zuzenduko zaizkio.

Hurrengo ataletan eskatutako agiriak erantsiko dira, eskatzaileak edo haren legezko ordezkariak sinatuak.

6.2.1. Aurkeztu beharreko agiriak.

A) Dokumentazio administratiboa.

Erakunde eskatzailearen datuak jasoko dituen eskaera inprimakia, baita beharrezkoak diren baimen eta adierazpenak ere. Eskaeraren eredua eskuragarri egonen da tramiteen bilatzaileko deialdiaren fitxan.

Entitatearen estatutuak, baldin eta eskatzailea irabazi-asmorik gabeko entitate bat bada.

Egoitza soziala eta fiskala Nafarroan dituela frogatzen duen agiria.

Higiezinaren jabe izatea egiaztatzen duen dokumentua, zuzenbidez onartutako edozein frogabideren bidez.

Jarduerarako behar diren gainerako baimen eta lizentzia guztiak lortu edo eskatu izanaren frogagiriak.

B) Dokumentazio teknikoa:

a) Egikaritze proiektua, teknikari eskudunak sinatua, edo azalpen memoria eta dirulaguntzaren xede den esku-hartzearen aurrekontua, legez beharrezkoa ez denean teknikari eskudun batek sinatutako proiektu bat idaztea.

b) Aurrekontuan zehaztuko dira diruz lagungarriak diren esku-hartzearen gastuak, BEZa barne, eta gutxienez alderdi hauek jasoko ditu:

–Proiektuaren barruan 2025ean eginen den fasearen guztirako aurrekontua.

–2025erako dirulaguntzaren xede den obraren kontzeptu edo partiden kostu zehatza.

C) Hala badagokio, entitate eskatzailearen legezko ordezkariak izenpetutako konpromisoa, adierazten duena esku-hartzean erabiliko duela diruz lagungarria ez den baina proiektua gauzatzeko beharrezkoa den aurrekontu zatia.

D) Eskaera 7. oinarrian xedatutakoari jarraikiz baloratzeko behar den gainerako dokumentazioa.

6.3. Pertsona edo entitate partikular bakoitzak eskaera bakar bat aurkezten ahalko du, eta eskaera bakoitza Nafarroako kultur ondare higiezinean esku hartzeko proiektu edo obra bakar baterako izanen da.

6.4. Dirulaguntzarako eskaerak identifikazio datuak jasotzen ez baditu, hala eskatutako laguntzarenak nola pertsona edo entitate eskatzailearenak, nahitaezko dokumentazioa aurkezten ez bada edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 66.1 artikuluan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez bada, interesdunari eskatuko zaio, posta elektronikoaren bidez, gehienez ere hamar egun balioduneko epean okerra zuzendu edo nahitaezko dokumentuak aurkez ditzala, eta adieraziko zaio hala egiten ez badu eskaerari uko egiten diola ulertuko dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluak dioen bezala.

6.5. Eskaerak eta eskatutako agiriak aurkezteko epea 30 egun baliodunekoa izanen da, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

7.–Balorazio irizpideak.

7.1. Dirulaguntzak onartu eta haien zenbatekoa zehazteko honako alderdi hauek baloratuko dira, eta gehienez ere 100 puntu emanen dira. 60 puntura iristen ez diren eskaerak ezetsi eginen dira.

7.2. Hauek dira baloratuko diren alderdiak:

a) Higiezinaren balioa kultura ikuspegitik, esku-hartzearen xede den ondasun higiezin bakoitzak kulturaren edo hirigintzaren arloan duen babes mailaren arabera. 50 puntu gehienez.

b) Jarduketaren egokitasuna. 35 puntu gehienez.

c) Kontserbazio egoera, eta esku-hartzearen urgentzia. 15 puntu gehienez.

Aipatutako balorazio irizpideak honako hauek aintzat hartuz aztertu eta haztatuko dira:

a) Higiezinaren balioa kultura ikuspegitik, esku-hartzearen xede den ondasun higiezin bakoitzak kulturaren edo hirigintzaren arloan duen babes mailaren arabera. 50 puntu gehienez.

Balorazioa baremo honen arabera eginen da:

–Interes kulturaleko ondasuna: 50 puntu.

–Ondasun inbentariatua: 40 puntu.

–Tokiko Intereseko Ondasuna edo onartutako hirigintzako udal planeamenduan katalogatua: 35 puntu.

–Beste egoera batzuk: 25 puntu gehienez.

b) Jarduketaren egokitasuna: 35 puntu gehienez.

Aurkeztutako proiektu edo txosten teknikoaren kalitatea baloratuko da, aurreikusitako esku-hartzea eta dokumentazio teknikoa kontuan hartuz. Bestalde, aplikatutako irizpideak egokiak diren baloratuko da. Balorazio orokorra eginen da, esku-hartzea higiezinaren kultur baliorako egokia den ikusteko. Kalkulu objektiborik ezin denez egin, kualitatiboa eginen da, baremo honen arabera:

–Oso ona: 30 eta 35 puntu artean.

–Ona: 20 eta 30 puntu artean.

–Zuzena: 5 eta 20 puntu artean.

–Ez nahikoa: 0 eta 5 puntu artean.

–Urria: 0 puntu.

c) Eskaeraren xede den higiezinaren kontserbazio egoera, gehienez 15 puntu.

Balorazio orokorra eginen da, higiezinaren egitura- eta eraikuntza-egoera nolakoa den ikusteko, eta justifikatu egin beharko da. Kalkulu objektiborik ezin denez egin, kualitatiboa eginen da, baremo honen arabera:

–Aurri adierazpena: 15 puntu.

–Txarra: 12 puntu.

–Onargarria: 6 puntu.

–Beste egoera batzuk: 0-3 puntu.

7.3. Proposamen bakoitzari dagokion dirulaguntza kalkulatzeko, irizpide honi jarraituko zaio:

a) Eskatutako gutxienekoa (60 puntu) lortu duten eskaera guztien puntuak batuko dira.

b) Formula honen arabera kalkulatuko da:

% = p/P x %100

Azalpena:

% da emandako puntu guztien gainean lortutako puntuazioaren ehunekoa.

p da diruz lagungarria den proposamen batek lortutako puntuazioa.

P da diruz lagungarriak diren proposamen guztiek lortutako puntuazioen batura.

Bi dezimalekin borobilduko da.

c) Aurrekontuko zuzkidura osoaren banaketa zuzenki proportzionala eginen da, aurreko puntuaren arabera esku-hartze bakoitzak lortutako ehunekoari jarraikiz.

7.4. Aurreko 7.3 puntuan adierazitako kalkulua gorabehera, dirulaguntzaren zenbatekoa ez da izanen, guztira, onartutako aurrekontuaren %50 baino handiagoa. Proposamenetako batek ehuneko hori gainditzen badu, soberakina lortutako puntuazioaren zuzeneko proportzioan banatuko da gainerako esku-hartze diruz lagungarrien artean, nahiz eta aipatutako portzentajera ez iritsi. Modu berean jokatuko da baldin eta entitate eskatzaileetako batzuek emandako dirulaguntzari uko egitea erabakitzen badute. Uko egiteko 15 egun balioduneko epea izanen dute, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik zenbatzen hasita.

8.–Tramitazio eta ebaluazio organoak.

8.1. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren Ondare Historikoaren Zerbitzuko Ondare Arkitektonikoaren Atalak tramitatu eta baloratuko ditu eskaerak.

Ondare Arkitektonikoaren Atalak txosten justifikatua emanen du eskaera bakoitzari emandako puntuazioen inguruan.

8.2. Deialdi honen 7. oinarrian ezarritako irizpideen araberako ebaluazioa egin ondoren, Ondare Historikoaren Zerbitzuak dirulaguntzak emateko ebazpen proposamen bat eginen du, baita Idazkaritza Tekniko Nagusiaren Araubide Juridikoaren Atalaren txosten bat ere, non adieraziko baita, besteak beste, onuradunek betetzen dituztela deialdi honen 2. oinarrian dirulaguntzak hartzeko adierazitako baldintza guztiak.

9.–Laguntza emateko ebazpena.

9.1. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean gehienez, Vianako Printzea Erakundea-Kulturako zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du laguntzak esleitzeko.

Epe hori ebazpenik eman gabe iraganez gero, eskaera ezetsitzat joko da.

9.2. Dirulaguntza hau emateko prozeduran emandako ebazpen guztiak tramiteen katalogoan dagoen dagokion fitxan argitaratuko dira, url honetan:

https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/ayudas-a-personas-fisicas-y-entidades-privadas-sin-animo-de-lucro-para-intervenciones-en-inmuebles-del-patrimonio-cultural

Halaber, ebazpenak pertsona edo entitate interesdunei jakinaraziko zaizkie. Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko iragarki taulan ere argitaratuko da deialdiaren ebazpena (Navarrería kalea 39, Iruña).

9.3. Berariazko ezespenaren aurka interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta hilabete bateko epean, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

Ustezko ezespenaren aurka, interesdunek zilegi izanen dute gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariari zuzendua, isiltasun administratiboak ondorioak izan eta biharamunetik hasita noiznahi, administrazio prozedurari buruzko legeriari jarraikiz.

9.4. Deialdi honi buruz edozein kontsulta egiteko, deialdia kudeatzen duen organora jo dezakete interesdunek, posta elektronikoko helbide honen bidez: ayudaspatrimonioarquitectonico@navarra.es.

10.–Dirulaguntzen ordainketa.

10.1. Emandako dirulaguntzak ekitaldi bakar batean ordainduko dira, egindako lanen egiaztagiriak aurkeztu eta onartu direnean, eta Ondare Arkitektonikoaren Atalak egin diren obrak dirulaguntzaren xedera egokitzen diren egiaztatzeko ikuskapen teknikoa egin ondoren.

10.2. Laguntzaren azken likidazioa egiteko, laguntza ematean zehazten den ehunekoa aplikatuko zaie jarduera egin eta gero onartutako gastuen frogagiriei, baldin eta ordaindu izanaren frogagiria badute.

Onartutako eta diruz lagundutako aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen ez bada, eta diruz lagundutako jarduera egin bada, honela kalkulatuko da ordaindu beharreko zenbatekoa: gastu justifikatuen baturari aplikatuko zaio onartutako aurrekontuaren eta emandako dirulaguntzaren arteko ehuneko bera.

10.3. Ezinbestekoa izanen da eskatzaileak Nafarroako Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Diruzaintza Atalean izapidetu izana transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, abonu-kontuaren titular gisa.

11.–Dirulaguntzak justifikatzeko epea eta baldintzak.

11.1. Dirulaguntzen onuradunek justifikatu beharko dute bete dituztela ezarritako baldintzak eta lortu dituztela dirulaguntza emateko ebazpenean aurreikusi diren helburuak.

11.2. Egindako obren ordainketaren frogagiriak aurkezteko epea 2025eko azaroaren 14an bukatuko da. Gastuen eta ordainketen frogagiriek 2025eko urtarrilaren 1etik azaroaren 14ra bitartekoak izan behar dute.

11.3. Laguntzak ordainketa bakarrean ordainduko dira, justifikazioko kontua igorri ondoren honako agiri hauekin batera:

a) Jarduketari buruzko memoria, adierazita egindako jarduerak eta noraino bete den onartutako proposamena.

b) Obren zuzendari teknikoak sinatutako obren azken ziurtagiria edo zuzenbide- eta merkataritza-zirkulazioan froga balio antzekoa duten fakturak edo dokumentuak. Faktura horiek Fakturazio Betebeharrak arautzeko Erregelamendua onesten duen apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egin beharko dira.

Fakturak hurrenez hurren zenbakituta egonen dira, eta partiden arabera antolatuta, adierazita hartzekoduna, zenbatekoa eta jaulkipen data.

Fakturak ordaindu direla frogatu behar da, ordainagiriekin.

Zerrendarekin batera, Excel taula bat aurkeztuko da, nahitaez. Honako hauek jasoko dira bertan: fakturaren edo frogagiriaren zenbakia, jaulkitzailea, kontzeptua, gastu mota (3.1 oinarriaren arabera), ordainketaren eguna eta zenbateko konputagarria.

12.–Onuradunen betebeharrak.

12.1. Onuradunak betebehar hauek ditu:

12.1.1. Administratiboak.

a) Organo emaileari justifikatzea bete direla betebeharrak eta baldintzak, egin dela dirulaguntzaren xedeko esku-hartzea eta lortu dela dirulaguntza eman eta jasotzeko helburua, deialdi honen 11. oinarrian aipatzen den moduan.

b) Onartzea organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta beste kontrol organo eskudun batzuek egiten ahal dituzten egiaztapen eta kontrol finantzarioak, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Justifikatzea hornitzailea hautatzeko efizientziaren eta ekonomiaren irizpideak baliatu direla, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Dekretuaren 28.3 artikuluan ezarritakoarekin.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Dirulaguntza onartu dela jakin eta 15 egun naturaleko epean eman beharko da horren berri, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren frogatu baino lehen.

e) Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek (pertsona fisikoak izan ezik) dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasun betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute erregistro telematikoaren bidez eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, bat etorriz Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearekin eta Nafarroako aurrekontu orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuarekin.

Gardentasun betebeharrerako ereduak tramiteen bilatzaileko deialdiaren fitxan betetzen ahalko dira, www.nafarroa.eus web-orrian.

Betebeharra dute, aipatutako araudiaren arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuek, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru sarrera guztien %20 gutxienez direnean (laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira).

Onuraduna ez badago behartua gardentasun betebeharra betetzera, ez direlako gertatzen aurreikusitako inguruabarrak, horren gaineko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hasi eta hilabeteko epean.

Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, entitate onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.

f) Emandako dirulaguntzaren ziurtagiriak aurkeztea, 11. oinarrian aipatzen diren datan eta moduan.

g) Kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak onuradunari kasu bakoitzean aplikatu behar zaion legedian agindu bezala edukitzea, Egiaztapenak eta kontrolak egiteko ahalmenak erabil daitezen bermatzeko asmoz.

h) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze- eta kontrol-lanen xede izaten ahal diren bitartean.

i) Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko funtsak itzultzea.

12.1.2. Teknikoak.

a) Dirulaguntzaren xede diren obrak onetsitako moduan eta epean gauzatzea.

b) Ondare Arkitektonikoaren Atalari idatziz jakinaraztea esku-hartzea hasteko eta bukatzeko datak.

c) Proiektuan egin nahi den edozein aldaketaren berri ematea Ondare Arkitektonikoaren Atalari, erakunde horren onarpena beharko baita.

d) Esku-hartzea garaiz bukatzea, oinarri hauetako 11.2 puntuan ezarritako dirulaguntza justifikatzeko epea betetzeko.

12.1.3. Bestelakoak.

Jarduerei buruzko publizitate guztian adieraztea jaso dutela Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiaren laguntza.

Laguntzen onuradunek adierazpen bat aurkeztu beharko dute, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legearen 10.2 artikuluan ezarritakoa betetzeko konpromisoa jasoko duena.

Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legean ondare arkitektonikoa babesteko ezarritako neurriak betetzeko betebeharraz gain, betiere, onuradunaren betebeharra izanen da esku-hartzearen xede diren ondasun higiezinak dirulaguntzaren xede zehatzerako erabiltzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.4 artikuluan ezarritako gutxieneko aldian.

13.–Diruz laguntzen diren proiektuen edo jardueren interes soziala, kultur mezenasgoaren ondorioetarako.

Maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuaren 27.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat, deialdi honetan diruz laguntzen diren proiektuak interes sozialekotzat hartuko dira, legegintzako foru dekretu horretan aurreikusitako zerga pizgarriak aplikatzearen ondorioetarako (2/2023 Legegintzako Foru Dekretua, maiatzaren 24koa, zeinaren bidez onesten baita fundazioen eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen zerga-araubide bereziko xedapenen eta mezenasgorako zerga-pizgarrien testu bategina).

Kultur mezenasgoaren arloko zerga-pizgarriak aplikatzean, bete beharko da maiatzaren 24ko 2/2023 Legegintzako Foru Dekretuan eta Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariaren irailaren 16ko 77/2014 Foru Aginduaren 22.2 artikuluan ezarritakoa (foru agindu horren bidez, kultur proiektu eta jarduerak interes sozialekotzat deklaratzeko prozeduraren erregelamendua onetsi zen).

14.–Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Deialdi honen xede diren dirulaguntzak ez dira bateragarriak Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiak xede berarekin emandako beste ezein dirulaguntzarekin.

Hala ere, helburu bera duten beste batzuk ere jasotzen ahal dira, beste administrazio publiko batzuenak, beste erakunde publiko edo pribatu batzuenak nahiz partikularrenak. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin batuta, enpresa edo profesional onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa.

15.–Dirulaguntza kobratzeko eskubidea galtzea eta dirulaguntza itzultzea.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, dirulaguntza kobratzeko eskubidea galduko du, osoki edo partzialki.

Entitate onuradunak ez baditu betetzen laguntzak emateko ebazpenean, oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako betebeharrak, onartutako dirulaguntza itzuli egin beharko du osoki edo partzialki, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

16.–Arau hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenetarako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko da (42. artikulua eta hurrengoak).

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean ezarritakoa izanen da.

17.–Dirulaguntzen araubide orokorra.

Oinarri arautzaile hauetan espresuki ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak xedatutakoa aplikatuko da, bai eta aplikatzekoak diren gainerako arauak ere.

18.–Administrazio errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iragarkiaren kodea: F2502570