1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
16/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 27koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira 2025-2026 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan araubide bereziko kirol irakaskuntzak eginen dituzten ikasleak onartzeko prozedura arautzeko oinarriak.
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3.2 artikuluaren bidez, kirol irakaskuntzak hezkuntza sistemaren barruan txertatu ziren, eta VIII. kapituluan irakaskuntza horien oinarrizko alderdiak arautu ziren. 3.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, erdi mailako kirol irakaskuntzak derrigorrezkoaren ondoko bigarren hezkuntzako irakaskuntzen barruan daude.
Araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 4.1 artikuluaren arabera, kirol irakaskuntzak bi mailatan egituratuta egonen dira: erdi mailakoak edo goi mailakoak. VIII. kapituluak sarrera, igoera eta onarpena arautzen ditu, eta 34. artikuluan irakaskuntza horietan onartua izateko irizpideak zehazten dira.
Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8. artikuluak irakaskuntza horietan sartzeko baldintzak ezartzen ditu.
Ebazpen honen xedea da 2025-2026 ikasturtean araubide bereziko kirol irakaskuntzak ikastetxe publikoetan eginen dituzten ikasleak onartzeko prozeduraren egutegia eta garapena ezartzea.
Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan, 2025-2026 ikasturtean, araubide bereziko kirol irakaskuntzetako ikasleak onartzeko prozesuaren egutegia eta garapena ezartzeko.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea Nafarroako ikastetxe publikoetan 2025-2026 ikasturtean araubide bereziko kirol irakaskuntzetako ikasleak onartzeko prozesuaren egutegia eta prozesu horren garapena, ebazpen honen eranskinean jaso den bezala.
2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.
4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 27an–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
ERANSKINA.–ONARTZEKO PROZESUAREN EGUTEGIA
ETA GARAPENA
Lehena.–Onartzeko prozesuaren egutegia.
1. Epe arrunta eta epe berezia daude Nafarroako ikastetxe publikoetako ikasleak araubide bereziko kirol irakaskuntzetan onartzeko prozesuan. Epe berezian parte hartuko da soilik epe arruntean ikaspostu hutsik geratzen bada.
2. Hauxe da Erdi mailako Mendiko kirol teknikari titulua eta Eskaladako kirol teknikari titulua eskuratzea xede duten irakaskuntzetan ikasleak onartzeko eta matrikulatzeko prozesuaren egutegia:
KIROL IRAKASKUNTZA | PROZEDURAREN FASEA | DATAK (1) |
Mendi-ibilietako hasierako zikloa Erdi mailako Mendiko amaierako zikloa Eskaladako amaierako zikloa | Izena emateko epe arrunta | 2025eko ekainaren 18tik 20ra (14:00ak arte) |
Onartuen behin-behineko zerrenda | 2025eko ekainaren 23a |
Erreklamazioak | 2025eko ekainaren 24a eta 25a |
Onartuen behin betiko zerrenda | 2025eko ekainaren 27a |
Matrikulatzeko epea | 2025eko irailaren 1etik 3ra (14:00ak arte) |
Izena emateko epe berezia: | 2025eko abuztuaren 19a eta 20a (14:00ak arte) |
Epe berezian onartutako ikasleen behin-behineko zerrenda | 2025eko abuztuaren 22a |
Epe bereziaren erreklamazioak | 2025eko abuztuaren 25a eta 26a |
Epe berezian onartutako ikasleen behin betiko zerrenda | 2025eko abuztuaren 28a |
Matrikulatzeko epea | 2025eko irailaren 4a eta 5a (14:00ak arte) |
(1) Irakaskuntza hauetan sartzeko proba berariazkoak egiteko datak aldatu behar izanez gero, goiko data horiek ere aldatzen ahalko dira. (2) Nafarroako Gobernuaren Zerbitzuen Katalogoko fitxan argitaratuko dira: https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Inscripcion-en-ensenanzas-deportivas-Deportes-de-Montana-y-Escalada |
Bigarrena.–Onartzeko prozesuaren garapena.
–Epe arrunta. Eskaerak aurkeztea.
1. Eskatzaile bakoitzak eskaera bakarra aurkeztuko du, behar bezala betea, Nafarroako Gobernuaren Tramiteen Katalogoan dagokion fitxan agertzen den eredu ofizialari jarraikiz (ikusi beherago, oinarri honetan berean, nola iritsi fitxara).
Izena emateko eskaera-orria aukeratutako kirol irakaskuntzak ezarrita dauden ikastetxeko bulego administratiboari zuzenduko zaio edo bertan aurkeztuko da. Izena emateko eskaera-orria bide hauek erabiliz aurkezten ahal da:
a) Educa-Ataria erregistro telematikoa, aukeratutako kirol irakaskuntzak ezarrita dauden ikastetxeari zuzendua, tramiteen fitxaren esteka honetatik:
- "Inskripzioa kirol irakaskuntzetan: Mendia eta Eskalada": https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/Inscripcion-en-ensenanzas-deportivas-Deportes-de-Montana-y-Escalada
b) Modu presentzialean, aukeratutako kirol irakaskuntzak ezarriak dauden ikastetxean.
Ikastetxeak eskaera-orriaren fotokopia zigilatua emanen die ikasle eskatzaileei, sarrera-data adierazita.
KIROL IRAKASKUNTZAK | ZENTROA |
Mendi-ibilietako hasierako zikloa | SAKANA LH IBP Zelai 93 31800 Altsasu Tel.: 948 56 48 15 fpsakanalh.educacion.navarra.es/web |
Erdi mailako Mendiko amaierako zikloa |
Eskaladako amaierako zikloa |
Izena emateko eskaerak jasotzen dituen ikastetxeko zuzendariak, salbuespenez, 2025-2026 ikasturteko onarpen prozesuan, eskatzen ahalko die ikastetxeko bigarren hezkuntzako irakasleei, irakaskuntza hauetan irakasten dutenei, irakaskuntza hauetako inskripzioaren aholkularitza, orientazio, antolamendu eta kudeaketa lanetan laguntzeko.
2. Irakaskuntza hauetan sartzeko baldintzak Estatuaren oinarrizko araudian ezarritakoak dira.
3. Sartzeko baldintza akademikoak izena emateko epearen barruan frogatu beharko dira. Era berean, sartzeko berariazko kirol proba gainditua duenak izena emateko epearen barruan frogatu beharko du.
Baldin eta pertsonaren batek, izena emateko momentuan, ez badu sartzeko berariazko kirol proba gainditu izanaren frogagiria eta 2025ean egiten baditu sartzeko berariazko kirol proba horiek Nafarroan, Hezkuntza Departamentuak ofizioz aurkeztuko ditu proba gainditu izanaren frogagiriak.
4. 2024-2025 ikasturtean onartua izateko, aplikagarria da 2019-2020 ikasturtean kirol irakaskuntzetan onartzeko prozesua arautzen duen apirilaren 1eko 153/2019 Ebazpenaren 4., 5. eta 6. oinarrietan xedatutakoa, eta erreferentziako datak eranskin honetan ezarritakoak izanen dira.
5. Epe berezian ikasleak onartzeko, epe arruntean hutsik geratzen diren ikaspostuekin bezala jokatuko da.
–Ikaspostuen eskaintza.
6. 2025-2026 ikasturterako, kirol irakaskuntzen eskaintza hau egiten da Nafarroako Foru Komunitatean Mendi Kirolak eta Eskalada espezialitateetan:
- Mendi-ibilietako hasierako zikloko talde bat (HLO). Talde horretan, oro har, gutxienez 20 ikaspostu izanen dira, eta 25 ikaspostu gehienez, bloke espezifikoa errepikatzen ari diren ikasleak barne.
- Erdi mailako Mendiko amaierako zikloko talde bat (HLO). Talde horretan, oro har, gutxienez 12 ikaspostu izanen dira, eta 16 ikaspostu gehienez, bloke espezifikoa errepikatzen ari diren ikasleak barne.
- Eskaladako amaierako zikloko talde bat (HLO). Talde horretan, oro har, gutxienez 4 ikaspostu izanen dira, eta 8 ikaspostu gehienez, bloke espezifikoa errepikatzen ari diren ikasleak barne.
Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak ratio hori aldatzen ahalko du, osasun egoeraren bilakaera eta osasun agintaritzaren gomendioak kontuan hartuta, besteak beste.
7. Eskaera egiten duten ikasleen kopurua talde bakoitzerako ezarritako gutxieneko kopurua baino txikiagoa bada, Hezkuntza Departamentuak kentzen ahalko du eskaintza hori. Eskaeren kopurua talde bakoitzerako eskainitako ikaspostuen kopurua baino handiagoa bada, ebazpen honetan ikasleak onartzeko ezarritako irizpideak aplikatuko dira.
–Ikaspostuen erreserba.
8. Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 34. artikuluan ezarritako portzentajeak oinarri harturik, ikaspostu hauek gordeko dira Mendi Kiroletako eta Eskaladako lehen mailan:
a) Taldeko 2 ikaspostu, erdi mailako zikloetan sartzeko proba gainditu izana frogatzen dutenentzat.
b) Taldeko ikaspostu bat, desgaitasun mailaren bat frogatzen dutenentzat.
c) Taldeko 2 ikaspostu, goi errendimenduko kirolariak direla frogatzen dutenentzat.
d) Taldeko 2 ikaspostu, federazioaren diplomaren homologazioa frogatzen dutenentzat, edo ikasketen baliozkotzea edo baliokidetasuna frogatzen dutenentzat, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren laugarren xedapen gehigarrian eta lehen xedapen iragankorrean ezartzen denaren arabera.
9. Ebazpen honetan ezartzen den ratioa bete arte geratzen diren ikaspostuak izanen dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua edo ondorio akademikoetarako baliokidea den beste bat edo hortik gorako bat dutela frogatzen dutenentzat. Betetzen ez diren ikaspostu erreserbatuak erreserbarik gabeko ikaspostuei gehituko zaizkie.
–Matrikulak bateragarri egiteko eta onartzeko irizpideak:
10. Mendi-ibilietako hasierako zikloa:
a) Oinarri honen 7. ataleko a), b) eta d) letretan erreserbatutako ikaspostuetan eta oinarri honen 8. atalean adierazitakoetan sartzeko izangaien kopurua ikaspostuena baino handiagoa baldin bada, onartuen zerrenda lehentasun irizpide hauei jarraikiz osatuko da:
- Lehenik: Nafarroako Mendi Kiroletako eta Eskaladako Federazioak emandako lizentzia indarduna duten izangaiak.
- Bigarrenik: Mendi Kiroletako eta Eskaladako beste federazio batek (Nafarroakoa kenduta) emandako lizentzia indarduna duten izangaiak.
- Hirugarrenik: Mendi Kiroletako eta Eskaladako federazio batek emandako lizentzia indardunik ez duten izangaiak.
Adierazitako irizpide horiek aplikatuta sortzen den talde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:
- Lehenik: irakaskuntza hauetan sartzeko bide ematen duten ikasketen ikasketa-espedientean ageri den batez besteko nota.
- Bigarrenik: berdinketarik bada, hura ebazteko aplikatuko da 2025-2026 ikasturteko onarpen prozesuetarako egindako zozketaren emaitza.
b) Oinarri honen 7. ataleko c) letran erreserbatutako ikaspostuetan sartzeko izangaien kopurua ikaspostuena baino handiagoa baldin bada, onartuen zerrenda osatzeko irizpidea kirol maila handiena izatea izanen da, Goi mailako eta goi errendimenduko kirolariei buruzko uztailaren 13ko 971/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezartzen den bezala.
Kirol maila bera badute, aurreko a) atalean ezarritako irizpideak aplikatuko dira.
11. Erdi mailako Mendiko amaierako zikloa eta Eskaladako amaierako zikloa:
a) Amaierako zikloetan sartzeko izangaien kopurua ikaspostuena baino handiagoa baldin bada, onartuen zerrendak lehentasun irizpide hauei jarraikiz osatuko dira:
–Lehenbizi: Mendi Kirolak eta Eskaladako lehen ikasmaila Altsasuko "FP Sakana LH" IBP ikastetxean egin duten ikasleak.
–Bigarrenik: Mendi Kirolak eta Eskaladako hasierako zikloa beste ikastetxe batean egin duten ikasleak.
b) Goian adierazitako irizpide horiek aplikatuta sortzen den talde bakoitza irizpide hauei jarraikiz ordenatuko da:
–Lehenik: Mendi Kirolak eta Eskaladako lehen ikasmailan lortutako batez besteko azken nota. Ikaslearen ikasketa-espedientearen bidez frogatuko da nota hori.
–Bigarrenik: berdinketarik bada, hura ebazteko aplikatuko da 2025-2026 ikasturteko onarpen prozesuetarako egindako zozketaren emaitza.
12. Batez besteko notak biribildu beharra dagoenean emaitza bi dezimalekin adierazteko, biribiltzeko arau matematikoak erabiliko dira.
13. Aplikagarriak dira apirilaren 1eko 153/2019 Ebazpenaren 11., 13. eta 16. oinarrietan jasotako jarraibideak, matrikulazioari, matrikulen bateragarritasunari eta ebazpen honen argitaratzeari buruzkoak.
Iragarkiaren kodea: F2501520