45. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 6a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

GOBERNUAREN ORDEZKARITZA

Jendaurrean jartzea, proiektu honen aurretiazko administrazio-baimenaren, eraikitzeko administrazio-baimenaren eta ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren eskaera: "Viscofanen kogenerazio-instalazioarekin hibridatutako autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa (potentzia instalatua: 45,045 MW)" eta haren ebakuazio azpiegitura)

Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 53.1.a) artikuluan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. eta 37. artikuluetan eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 124., 125., 126., 127., 130. eta 131. artikuluetan ezarritakoarekin bat, jendaurrean jartzen da eskaera hau, "Viscofanen kogenerazio-instalazioarekin hibridoa den autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa (potentzia instalatua: 45,045 MW)" proiektuaren aurretiazko administrazio-baimena eta, eraikitzeko administrazio-baimena eman eta ingurumen-inpaktuaren azterketa egitekoa. Hona eskaeraren ezaugarri nagusiak:

Eskatzailea: Viscofán España SLU; helbidea: Berroa kalea 15, 4. solairua, Taxoare (Nafarroa).

Eskaeraren xedea: proiektu honetarako aurretiazko administrazio-baimena, eraikitzeko administrazio-baimena eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena: "Viscofanen kogenerazio-instalazioarekin hibridoa den autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa (potentzia instalatua: 45,045 MW)" eta haren ebakuazio-azpiegiturak.

Organo eskuduna: Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Politika Energetikoaren eta Meategien Zuzendaritza Nagusia da aurretiazko administrazio-baimenaren eta eraikitzeko administrazio-baimenaren eskaera ebazteko eskumena duen organo substantiboa. Ingurumen-inpaktuaren adierazpena emateko eskumena duen ingurumen arloko organoa Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioko Ingurumen Kalitatearen eta Ebaluazioaren eta Ingurune Naturalaren Zuzendaritza Nagusia da.

Tramitazio organoa: Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzako Industria eta Energia Arlo Funtzionala. Alegazioak arlo funtzional horiei zuzenduko zaizkie, bakoitzari dagokion zatian, Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzan, helbide honetan: Merindadeen plaza, z.g., 31071, Iruña.

Kokapena: instalazio fotovoltaikoa eta ebakuazio-azpiegitura Kasedako udal-mugartean (Nafarroa) kokatuko dira.

Instalazioen deskribapena: eguzki-instalazio fotovoltaikoa, 600 Wp-eko 80.190 modulu fotovoltaikoz osatua. Guztira, panelen potentzia 48.114 kWp da. 4.095 kVA-ko potentzia nominala duten hamaika inbertsore izanen ditu. Guztira, inbertsoreen potentzia 45.045 kVA da.

Lurrazpiko linea elektrikoa, hiru zirkuitukoa eta 30 kV-ekoa, instalazio fotovoltaikotik Viscofanen Kasedako plantaren barnean dagoen azpiestazioraino (1.500 metro inguru).

Instalazio fotovoltaikoak energia aterako du VISCOFÁN kontsumitzailearen jabetzakoa den "ST3" barne azpiestaziora; haraino, 30 kV-eko lurpeko linea horretatik iritsiko da, 40/50 MVA-ko 66/30 kV-eko transformazio-posizio berriaren bidez. Azken hori konektatuta dago, era berean, "ST2"-rekin eta Iberdrolaren sare elektrikoko konexio-puntuarekin (Zangozako azpiestazioan), zirkuitu bikoitzeko 66 kV-eko aireko linea baten bidez. Biak ala biak lehenagotik daude. "ST3" azpiestazioko transformazio-posizio berri hori espediente independente baten xede da, eta Nafarroako Gobernuan izapidetuko da.

Aurrekontu zenbatetsia: parke fotovoltaikoa eta ebakuazio linea: 23.296.668 euro.

Helburua: energia elektrikoa sortzea Viscofanek Kasedako plantan duen kogenerazio-instalazioarekin hibridatutako instalazio fotovoltaikoaren bidez, planta horrek industria-prozesuan energia elektrikoaren autokontsumoa egin dezan.

Proiektu honen aurretiazko administrazio-baimena eta eraikitzeko administrazio-baimena onestea Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren eskumena da, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arruntaren menpe dago. Horregatik, batera egiten dira proiektuarena jendaurreko informazio tramitea eta ingurumen-inpaktuaren azterketarena, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 36. artikuluarekin bat.

Eta hori guztia aditzera ematen da orok jakin dezan eta aztertu ahal izan daitezen proiektua, ingurumen inpaktuaren azterketa eta lurzatien planoak, alegia dokumentu tekniko guztiak, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzako Industria eta Energia Arloaren bulegoetan (Merindadeen plaza z.g., 31071, Iruña), aurretik hitzordua eskatuta, edo esteka honetan:

https://mpt.gob.es/delegaciones_gobierno/delegaciones/navarra/proyectos-ci/PFot-Cogen-001.html

Kasedako udaletxean ere kontsultatzen ahalko da dokumentazio osoa.

Interesdunek bidezkotzat jotzen dituzten alegazioak aurkezten ahal dituzte, arlo honi zuzenduak, iragarki hau argitaratu eta hogeita hamar eguneko epean, bai idatziz, euskarri fisiko batean, Gobernuaren Ordezkaritzaren Erregistro Orokorrean, bai Estatuko Administrazio Orokorraren Erregistro Elektronikoaren bidez (https://rec.redsara.es), bai Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan adierazten diren moduetan.

Ohartarazten da ezen pertsona juridikoak, nortasun juridikorik gabeko entitateak eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14. artikuluan identifikatutako bestelako subjektuak behartuak daudela baliabide elektronikoak erabiltzera administrazio publikoekin dituzten harremanetan, administrazio prozedura baten edozein tramite egin behar duten aldiro. Hortaz, subjektu horiek jendaurreko informazioaren tramite honen barruan egiten dituzten alegazio guztiak baliabide elektronikoen bidez behar bezala aurkeztu beharko dira nahitaez.

Iruñean, 2025eko otsailaren 18an.–Industria eta Energia Arloko zuzendaria, Ignacio Irujo Sanz.

Iragarkiaren kodea: E2502539