45. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UNTZUE

Ordenantza fiskala, betearazteko aginduen eta betearazte subsidiarioen espedienteak tramitatzeko tasak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Untzueko Udalak, 2024ko abenduaren 12an egin ohiko osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Betearazteko aginduen eta betearazte subsidiarioen espedienteak tramitatzeko tasak arautzen dituen ordenantza fiskala.

Hasiera batez onetsitako testua jendaurrean jarri zen iragarki bat paratuz 2024ko 263. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 30ekoan, Untzueko Udalaren egoitza elektronikoan eta Udalaren iragarki-taulan; hori dena jarraikiz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326.1.b) artikuluan ezarritakoari.

Jendaurreko aldia iragan denez inolako alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu gabe, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) in fine artikulua eta 326. artikulua, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da, eta haren testua argitaratzen, behar diren ondorioak izan ditzan.

Untzuen, 2025eko otsailaren 13an.–Alkatea, Iker Etxeberria Otazu.

ORDENANTZA FISKALA, BETEARAZTEKO AGINDUEN ETA BETEARAZTE SUBSIDIARIOEN ESPEDIENTEAK TRAMITATZEKO TASAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Oinarria.

Ordainarazpen hau ezartzen da bat etorriz martxoaren 10eko 2/1995 Legearen lehenbiziko tituluko IV. kapituluko 7. atalean xedatuarekin (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legea), eta lege beraren 12. artikuluan jasotzen den baimenaren arabera.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Honako jarduera hauek egin eta honako zerbitzu hauek ematea da zerga-egitatea:

a) Betearazteko aginduen espedienteak tramitatzea eta/edo ebaztea, obrak beharrezkoak direnean erabileraren, kontserbazioaren eta birgaitzearen betekizunak konplitzeko, baita ingurumenera egokitzekoa ere, betekizun horiek guztiak indarrean dagoen hirigintza-legerian ezarriak.

b) Betearazte subsidiarioen espedienteak tramitatzea eta/edo ebaztea, aurreko ataleko kasuetan betearazte agindu bat bete ez izanak eraginda, edo, baita ere, ordenantzek zein Udalaren erabakiek ezarritako betebeharrak bete ez izanaren ondorio direnean, baldin eta, aurrez, xede horretarako agindu edo ohartarazpen bati muzin egin bazaio.

c) Ordainarazpena sortuko dute interesdunek eragindako zerbitzuek (nahiz eta interesdunek ez eskatu), edo bereziki haien mesederako diren horiek, baita ondasunak berreskuratzeko presagatik eman beharrekoak direnek ere, ordena publikoa, segurtasuna, osasungarritasuna edo higienea direla medio.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Modu solidarioan ordaintzera behartuta daude legez erantzule diren pertsona natural nahiz juridikoak; hots, honako hauek:

a) Ondasunen jabeak edo zerbitzua eragin duten egitateen erantzuleak, bai eta zerbitzua ematearekin onura partikularrak jasotzen dituzten horiek ere.

b) Halakorik bada, errentariak edo erabiltzaileak, edozein titulu dela bide.

c) Espresuki egindako betearazteko erabaki edo agindu baten ondorioz erantzule direnak.

4. artikulua. Zerga-oinarria.

Honako hauek dira ordainarazpen honen zerga-oinarriak:

a) Betearazteko agindua: egin beharreko obraren baloraziotik helduko dena.

b) Betearazpen subsidiarioa eta partikularrendako sorospenak: betearazpenaren edo egindako zerbitzuaren kostu osoa izanen da.

c) Beste kasu batzuetan: zenbateko finko bat izanen da.

5. artikulua. Karga-tasa eta kuota.

Karga-tasa izanen da ordenantza honen eranskinean ageri dena.

Kuota kalkulatuko da zerga-oinarriari aplikatuz ordenantza honen eranskinean ageri den karga-tasa, edo, bestela, horretarako adierazten den zenbateko finkoa.

6. artikulua. Tasaren sortzapena.

Tasa kasuaren arabera sorraraziko da: betearazteko aginduaren, betearazte subsidiarioaren espedientea abiatzen denean; edo, aurretiazko ebazpenik ez badago, betearazpenaren zerbitzua edo laguntza ematen denean.

7. artikulua. Kudeaketa arauak.

Udalak, nolanahi ere, enpresa pribatu batekin kontratatu ahal izango ditu ordenantza honetan aipatzen diren zerbitzuak, bai hirigintza-aholkularitzako zerbitzu teknikoak, bai egikaritze subsidiarioetan egin beharreko obrak, administrazio publikoentzat indarrean dagoen kontratuei buruzko araudiaren arabera.

Udalak obren egikaritze subsidiarioa egiten badu, interesdunak berariaz onartu beharko du egin beharreko obra gauzatzeko aurrekontua, eta, ondoren, Udalari ordaindu beharko dio, tarifen eranskinean adierazitakoaren arabera.

Presako kasuetan, eta kontratazio araudian xedaturikoarekin bat, udal zerbitzuek zilegi izanen dute zuzenean kontratatzea enpresen, teknikari fakultatiboen eta beste bitarteko partikular batzuen zerbitzuak. Gero horren berri eman beharko diote Alkatetzari edo, hala badagokio, Udalbatzari.

Arau-hausteak eta zehapenak

Tasa honen aplikaziotik ateratzen den likidazioaren zenbatekoa gorabehera, subjektu pasiboak erantzun beharko du irekitzen den zehapen-espedientetik –halakorik irekiz gero– sortzen diren zehapenen aurrean; hori guztia, jarraikiz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legeari.

TARIFEN ERANSKINA

1. epigrafea.–Betearazpen aginduak.

–Karga-tasa izanen da hirigintza lizentzien tasendako edo erantzukizunpeko adierazpenetarako ezarritakoa.

2. epigrafea.–Betearazpen subsidiarioak.

–Kuota ezartzeko, %130 aplikatuko da zerga-oinarriaren zenbatekoaren gainean.

Hau da, exekuzio subsidiarioaren subjektu pasiboak ordaindu beharko du Udalak egindako obraren edo zerbitzuaren kostu osoa, hirigintza-araudian adierazten den bezala, eta, gainera, %30 gehiago kalkulatu beharko da subsidiarioki gauzatutako obraren/zerbitzuaren kostuaren gainean, Udalak egikaritze subsidiarioaren eta kontratazioaren espediente osoa izapidetzeagatiko tasa gisa.

3. epigrafea.–Beste kontsiderazio batzuk.

Espedientearen izapidetze arruntetik kanpo teknikari espezializatuei txosten teknikoak eskatzea beharrezkoa denean, zergapekoak aipatu txostenen kostua ordaindu beharko du.

Iragarkiaren kodea: L2502327