45. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Jarduera-lizentzia ematea. Kafetegia eta produktu artistikoen salmenta

Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak honako ebazpen hau eman zuen 2025eko urtarrilaren 26an:

REV 26-ENE-25 (44/EV).

«Ikusi da Arteclio SLk, Torino Berria SLren ordezkari gisa, sustatutako LIO/2024/2333 espedientea, zeinean jarduera sailkaturako lizentzia eskatzen baitu, bai eta obra-lizentzia ere, solairu bateko azalera murrizteko eta beste solairuko azalera handitzeko, kafetegirako eta produktu artistikoen salmentarako lokala berritzeko Gazteluko plazaren 2an. Orobat ikusi dira udaleko teknikarien txostenak.

Horiek horrela,

EBATZI DUT:

Eskatutako lizentziak ematea aurkeztutako proiektuaren arabera, betiere baldintza hauek betetzen badira:

Lanak adierazitakoaren araberakoak izanen dira, eta obra osagarriren bat egiten bada, beste adierazpen edo lizentzia bat beharko da.

Kontraesanik bada, Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko teknikariaren eranskinak (2024ko irailaren 25eko eta 2024ko urriaren 17ko erregistro-datak dituzte) lehenetsiko dira aurreko dokumentazioaren gainetik.

Lizentziaren xede den establezimendua 3. mailako eraikin batean dago, Iruñeko Udal Planaren Katalogoaren arabera. Esku-hartze guztiek eraikinaren balioak errespetatuko dituzte, fatxadak elementu interesgarritzat hartuko dira; hala ere, babes-araubideak eraikin osoari eragiten dio.

Arotz-lanek indarrean den Barne eraberritze eta babeserako plan bereziaren 84. eta 85. artikuluetan xedatutakoa bete beharko dute. Proposatutako aluminio lakatuzko arotz-lanak baimentzen dira.

Fatxadako jarduketak beteko du Eraikingintza-ordenantza orokorraren 128. artikuluan xedatutakoa. Hala, tratamendu edo elementu osagarri apaingarriek ez dute fatxadaren lerrokadura gaindituko, justifikatutako moldurak edo estaldurak izan ezik (errotuluak barne). Dena den, horiek ezinen dira irten 10 cm-tik gora eraikuntzari eusten dion egituratik. Bistako instalaziorik ere ez da baimenduko.

Lokaleko fatxadaren errotulua letra solteen bidez osatu beharko da, eta debekatuta daude errotulu konpaktuak edo bandera gisakoak, hala baitago araututa Alde Zaharreko barne eraberritze eta babeserako plan berezian.

Kanpoko terraza estaltzeko bide publikorantz proiektatzen den toldorik ez da baimentzen.

Establezimenduaren aireko zarataren aurkako isolamendu akustikoaren maila, etxebizitzei dagokienez, izanen da, gutxienez, 60 dB(A), bat etorriz xedatuta dagoenarekin ostatu arrunt edo kafetegietarako Jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuen ordenantzaren 9. artikuluan.

Instalatu eta une oro mantenduko dira suteen aurkako prebentzio-neurriak eta erabilerarako segurtasun-neurriak, jarraikiz Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialeko kideak edo kideek 2024ko irailean sinatutako jarduera sailkaturako proiektuari, eranskinari eta suteen aurkako prebentzioaren arloan indarrean den araudiari.

Kafetegi osoan gehienez 81 lagun sar daitezke.

Sukaldea DB SI-1eko 2. ataleko 2.1 taularen araberako itzaltze-sistema automatiko baten bidez babestuta egonen da, eta bete beharko ditu eska daitezkeen baldintzak (DB SI-4); sua pizteko arriskua duten aparatu guztiak babestu beharko ditu itzaltze-sistema horrek.

Larrialdietako argiak instalatuko dira, horrela betez SUA 4 oinarrizko dokumentuko 2. apartatua (Larrialdietako argiak).

Hautsezko itzalgailuek 21A eraginkortasun minimoa izanen dute, eta koadro elektrikoaren ondoan 34B eraginkortasuneko CO2-ko itzalgailua jarriko da.

Eskuzko babes-instalazioak seinaleztatuko dira DB SIko 4. atalaren 2. puntuaren arabera.

Ebakuazio-bitartekoak seinaleztatuko dira DB SIko 3. ataleko 7. apartatuaren arabera.

Sarrera edo langa irisgarria DB SUA 9 agirian ezarritakoaren arabera instalatuko da. Ibilbide irisgarria izanen da, biratzeko oztoporik gabeko Ø 1,50 m-ko diametroko tokiarekin, eta ateen ekortze-eremutik kanpo.

Komuna irisgarria izanen da, eta DB SUA-9 1.2.6 agirian ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Hara iristeko bideak irisgarria behar du izan. Ateek izan behar dute kanporantz zabalgarriak edo lerragarriak. Komunontziaren bi aldeetan egon beharko da alboko transferentzia gune bat, hondoko ≥ 80 cm eta ≥ 75 cm arteko zabalera duena. Laguntza-barrak eta bestelako mekanismo eta osagarriak ingurunetik kromatikoki bereizita egonen dira.

Eskaileraren erabilera mugatua izanen da, eta haren zabalera 80 cm-koa izanen da gutxienez. Eskailera-mailek 22 cm-ko mailagaina, gutxienez, izanen dute. Dena den, mailagain bakoitzaren dimentsioa eskailera-maila bakoitzean neurtuko da, ibilkeraren noranzkoaren arabera, hala ezarrita baitago DB SUA 1 agiriaren 4.1 apartatuan.

Lokalak izan behar du estalkira ematen duen ke-aterabidea. Tximiniek behar adinako estankotasuna bermatuko dute materialetan eta eraikuntzan, eta EITE eta MINP Ordenantzaren 10. artikuluan ezarritako altuerak beteko dituzte, edo bestela, urtarrilaren 14ko 6/2002 Foru Dekretuan ezarritakoa (atmosferara kutsatzaileak botatzeko gai diren jardueren ezarpenari eta funtzionamenduari aplikatu beharreko baldintzak ezartzen ditu). Izan ere, 20, artikuluan xedatzen du sukalde, plantxa, frijigailu, burruntzi eta antzekoetatik datozen ke eta gasak ateratzeko, hala badagokio aurrez iragazi eta gero, tximinia independentea erabiliko dela, eta horren garaiera metro bat luzeagoa izanen dela 10 metroko erradioko (tximiniaren erdigunetik neurtuta) zirkuluaren barnean dauden hirugarrenen eraikuntza guztiekin alderatuta.

Baimen honek ez du jasotzen zangak egitea bide publikoan. Hornidura zerbitzuetarako harguneak ez dira banaka eginen, eta eraikinak sareekin duen konexio orokorraren parte izan beharko dute.

Jarduerak benetako funtzionamenduan sortutako zarata-mailak zorrotz beteko ditu 135/89 Foru Dekretuaren artikuluetan eta aplikatu beharreko araudian ezarritako mailak: Zaratari buruzko 37/2003 Legea, azaroaren 17koa, eta hura garatzen duten dekretuak, hots, 1513/2005 Errege Dekretua eta 1367/2007 Errege Dekretua, urriaren 19koa.

Martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 6. artikuluan ezarritakoaren arabera, obrak egiteko, kontratatu beharko da eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen edukitzailea den eraikitzaile bat, inskribatuta egonen dena Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuan, dagokion erregistroan.

Lanak hasteko gehieneko epea 6 hilabetekoa da, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita. Obrak bukatu beharko dira hasi eta gehienez 4 hilabeteko epean. Baimen hauek iraungitzat joko dira, baldin epe horietan obrak hasi edo bukatu ez badira.

Neurri egokiak hartuko dira, bermatzeko langileen, eraikineko erabiltzaileen eta oinezkoen segurtasuna, jarraikiz indarrean dagoen legeriak horretarako xedatzen duenari.

Auzokideen atsedena babesteko, lanak egunez bakarrik eginen dira. Halaber, hauts-emisioak erabat kontrolatu behar dira, eta neurri egokiak hartuko dira zabaldu ez daitezen.

Obrak egin bitartean jabari publikoko lurrak okupatu behar badira, aldez aurretik dagokion lizentzia eskatu beharko da.

Obrak bukatu ondoren, aurkeztu beharko da irekierako erantzukizunpeko adierazpena, eta horretarako eraikuntzak eta lokalak erabiltzeko inprimakia aurkeztu behar da (inprimakia eskura dago Armada etorbideko 2-5.eko gure bulegoetan edo www.pamplona.es/eu webgunean), inprimakian ezarritako dokumentazioarekin batera, obra-bukaerako ziurtagiri teknikoa barne, eskaera-orria ematen den leku berean emandako ereduaren arabera».

Ebazpen hau argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 53.3 artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

Iruñean, 2025eko otsailaren 11n.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2502199