45. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 6a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑA

Jarduera-lizentzia ematea. Garaje mankomunatua

Iruñeko Udaleko Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotzi ordezkariak honako ebazpen hau eman zuen 2025eko urtarrilaren 14an:

REV 14-ENE-25 (25/EV).

«Ikusi da Ignacio Mera Tatok, Valentin Domeñu SLren ordezkari gisa, sustatutako LIO/2024/1144 espedientea, zeinean jarduera sailkaturako lizentzia eskatzen baitu, bai eta obretarako lizentzia ere, eraikin bat (56 etxebizitza, trastelekuak eta garaje mankomunatu osoa) egiteko Lezkairu-U.I unitateko XVI. poligonoko L 36 lurzatian. Orobat ikusi dira udaleko teknikarien txostenak. Horiek horrela,

EBATZI DUT:

1.–Etxe-saileko barnealdea urbanizatzeko obra guztiak exekutatzeko lizentzia ematea. Obra faseka exekutatuko da, 2. eta 3. blokeak nola garatzen diren, horren arabera; hori guztia, bat etorrita Fermín Saralegui, Mikel Chalezquer eta Maddi Amatriain arkitektoek 2024ko azaroan idatzitako proiektuarekin.

1. fasean, aurreikusita dago urbanizazio-obra bat exekutatzea, balioko duena eraikina erabiltzeko eta funtzionamenduan jartzeko eta bateragarria izanen dena ondorengo exekuzioarekin –aipatutako 2. eta 3. blokeen exekuzioarekin, alegia–, bat etorrita patio mankomunatuaren urbanizazio-proiektuarekin (arestian aipatutako arkitektoek berek idatzi zuten 2024ko azaroan).

2.–Jarduera sailkaturako lizentzia ematea garaje-aparkaleku osorako. -1 eta -2 solairuetan egonen da, eta etxe-sailaren azalera guztia hartuko du (L36.1, 2, 3, 4, 5, 6 eta 7 lurzatiak). 1. faseko obrak exekutatzea nahikoa da justifikatzeko jarduerak bete egiten dituela eskatzen zaizkion baldintza indardunak; hori guztia, Etxebizitza, trasteleku eta garajerako jarduera sailkaturako proiektuan (José María Moro industria ingeniari teknikoak idatzia 2024ko apirilean) jasotakoaren arabera.

3.–Obra-lizentzia ematea 1. blokea deritzona egiteko. L. 36.1, 2 eta 3 lurzatiak hartzen ditu (56 etxebizitza, 6 merkataritza-lokal eta -1 eta -2 solairuetako soto guztiak); bat etorriz Fermín Saralegui, Mikel Chalezquer eta Maddi Amatriain arkitektoek idatzitako exekuzio-proiektuarekin (segurtasunari eta osasunari buruzko azterketa ere badu), zeina 2024ko apirilaren 26an ikus-onetsi baitzen.

Edonola ere, baldintza hauek bete beharko dira:

Obra-lizentzia:

–Lanak eskatutakoaren arabera eginen dira, eta lizentzia berria beharko da obrako ohiko doikuntzen gainetik planteatzen den beste edozein obra osagarri egiteko.

–Iruñerriko Mankomunitatearen (Iruñerriko Zerbitzuak SA) txostenetan eta espedientean jasota dauden gainerako nahitaezko txostenetan jasotako baldintzak bete beharko dira.

–Garajeak bi komun eduki beharko ditu, eta komunok irisgarriak behar dute izan.

–Lurzatien barnean eta zoru publikorik okupatu gabe kokatuko dira kutxatilak, aireztapenerako eta airearen erauzketarako kuku-leihoak, zapatak eta beste eraikuntza-elementu guztiak.

–Eraikina eta lurzati mugakideak ukitzen dituzten elementuetan lerrokadurak eta kotak mantenduko dira, hirigintzaren arloan erreferentziazkoa den plangintzan ezarritakoa bete beharrez.

–Atikoetako terrazetan, etxebizitzen artean jartzen diren banaketa-elementuek 2 metroko altuera izanen dute, gehienez.

–Lizentzia honek ez du jasotzen obrak egitea bide publikoan. Titulartasun publikoko lurrak ukituko direla planteatuz gero (zangak egitea, espaloietako zoladura kentzea...), lanak hasi aurretik horren berri eman beharko zaio Udaleko Hiri Kontserbazioko Alorrari.

–Sestra azpiko eraikuntzak eta hondeaketak ez dute gaindituko lurzatien lerrokadura, espazio publikoarekin muga dagoen aldeetan. Edonola ere, lerrokaduretatik kanpoko lurretan espaziorik irekiz gero, behar bezala bete eta trinkotu beharko dira, eta espazio publikoa egungo egoeran utzi.

–Larrialdiko argiztapen-blokeak eta ebakuazio-seinaleak ezin izanen dira sabaian sartuta egon, eta sabaiaren azpitik gutxienez 30 cm-ra jarriko dira; bestela, sutea gertatuz gero, keak pilatzeak ez du eragin behar ez betetzea "DB SUA - Erabilera-segurtasuna eta irisgarritasuna" oinarrizko dokumentuko SUA 4 ataleko 2. apartatuan ezarritako zerbitzu maila funtzionalak (Eraikingintzaren Kode Teknikoa).

–Aurkeztutako dokumentuetan jasotako suteen aurkako prebentziorako neurriak instalatu eta une oro mantenduko dira.

–Suteen aurkako babeseko instalazioek eta ekipamenduek honako hauetan ezarritakoa bete beharko dute, ezaugarri teknikoei, instalazioari eta mantentze-lanei dagokienez: Eraikingintzaren Kode Teknikoa, Suteen aurkako Babeserako Instalazioen Erregelamendua eta aplikatzekoa den beste edozein araudi espezifiko.

–Aplikatu beharreko xedapenetan, beteko da foru legedian ezarritakoa irisgarritasun unibertsalari buruz.

–Eraikineko estalkia irisgarria izanen da eraikineko eremu komunetatik zuzenean, mantendu eta garbitu ahal izateko.

–Zonakatze akustikoaren, kalitate-helburuen eta emisio akustikoen arloetan, instalazioek zorrotz bete beharko dituzte Zaratari buruzko Legea garatzen duen 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako baldintzak, honako hauei dagokienez: instalazioa, funtzionamendua, soinu-mailak eta bibrazioak.

–Tximiniek behar adinako estankotasuna bermatuko dute materialetan eta eraikuntzan, eta EITE eta MINP Ordenantzaren 10. artikuluan ezarritako altuerak beteko dituzte.

–Garajetik datorren airearen irteerek ez dute ingurumen arloko eraldaketarik edo nahasmendurik sortuko kanpoko ingurunean.

–Indarrean dagoen araudiaren arabera hala behar duten instalazioek (igogailuak, gasa, elektrizitatea edo beste batzuk) erakunde eskudunen nahitaezko baimenak izan beharko dituzte (Nafarroako Gobernuko industria-arloko departamentu eskuduna, edo beste batzuk, hala badagokio).

Obrak egitean, behar diren neurriak hartuko dira langileen eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko, indarrean dagoen araudiarekin bat.

–Auzokideen atsedena babesteko, lanak egunez eginen dira. Halaber, hauts-emisioak erabat kontrolatu behar dira, eta neurri egokiak hartuko dira zabaldu ez daitezen.

Martxoaren 28ko 23/2011 Foru Dekretuaren 6. artikuluaren arabera, obrak egiteko, kontratatu beharko da eraikitzaile bat, eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen edukitzailea dena, inskribatuta egonen dena Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuaren erregistroan.

Lanak hasteko gehieneko epea 6 hilabetekoa da, ebazpen hau jakinarazten denetik hasita. Obrak bukatu beharko dira hasi eta gehienez 22 hilabeteko epean. Lizentzia hau iraungitzat joko da, baldin epe horietan obrak hasi edo bukatu ez badira.

Kanpoko urbanizazioa:

–Lizentzia honen xede diren obrak exekutatzearen ondorioz kalteren bat sortzen bada jabari publikoan, lizentziaren titularra izanen da horien erantzulea. Egiten diren konponketetan, egungo materialei eta kalitate-mailei eutsi beharko zaie.

–Eraikina erabili ahal izateko, beharrezkoa izanen da espazio publikoa guztiz osatzea eta barne-urbanizazioa bermatzea fase honetarako ezarritako gutxieneko irismenarekin.

–Atarien zenbakiak: proposatzen da Lezkairuko L36 lursaileko sarbide komunari honako helbide hau esleitzea: Pedro Fernández Serrano kalea 12.

Baimentzea jabari publikoa okupatzea aurkeztutako dokumentazioan jasotzen diren obrako elementu osagarriekin, honako baldintza hauek ezarririk:

Instalatu beharreko bitarteko osagarriak: hesiak eta edukiontzia.

Tokia: etxe-sailaren perimetroko kaleak; hauexek: Pedro Fernández Serrano, María Lacunza, Franciso Berlanga Torres eta Alberto Toca Echeverría kaleak.

Okupatu beharreko azalera: 300 m². Bide publikoan azalera handiagoa okupatu behar bada, baimena eskatu beharko zaio Udalari.

Okupazioak zenbat iraunen duen (aurreikuspena): 22 hilabete.

Kokalekuaren planoa: aurkeztu dute, bai.

–Bide publikoaren okupazioa eta babesa behar bezala seinaleztatu beharko dira, eta aplikatzekoa den araudiak horretarako xedatzen duenaren arabera eginen dira. Bereziki begiratu zaio honako hauetan xedatutakoari: Eraikingintzaren ordenantza orokorraren 176. eta 177. artikuluak; Hirigintza prozeduraren gaineko ordenantzaren 112. artikulutik 116.era eta Bide publikoan edukiontziak paratzearen gaineko ordenantza.

–Udaltzaingoari abisu eman beharko zaio, batetik, eskatutako okupazioa doitzeko inguruko saltokietarako zamalanen trafiko premietara eta oinezkoen premietara eta, bestetik, garraiobideen zirkulazioa eta haien ahalmena finkatzeko.

–Edonola ere, gutxieneko pasabide bat utzi beharko da, eta bermatu beharko da higiezineko atari eta lokaletarako sarbidea; hori guztia, behar bezala betez segurtasun-baldintzak.

–Aldamioaren elementu bertikalak behar bezala seinaleztatu eta babestuko dira, kolpeak eta istripuak saihesteko.

–Bide publikoko zuhaitzak behar bezala babestu beharko dira, jarraikiz xedatuta dagoenari Eraikingintzaren ordenantza orokorraren 205. artikulutik 209.era.

Jabari publikoaren okupazioa edo aprobetxamendua bukatu ondoren, aitorpena (edo ziurtagiria, hala badagokio) aurkeztu beharko da Ogasuneko eta Kontratazio Publiko Arduratsuko Alorrean, eta bertan jaso beharko dira denbora (hasierako data eta bukaerako data) eta azalera okupatua, dagozkion tasak likidatzeko. Partikularrak Udalari horren berri ematen dionean bukatuko da okupazioa edo aprobetxamendua (ordenantza fiskal arautzailea). Deklarazio hori ez aurkeztea zerga arloko arau-hauste astuntzat har daiteke, eta zehapena jartzen ahalko da Kudeaketa, bilketa eta ikuskaritzako zerga ordenantzan jasotako xedapenei jarraikiz.

Obrak bukatu ondoren, lehen erabilerako lizentzia eskatu beharko da, eta horretarako eraikuntzak eta lokalak erabiltzeko inprimakia aurkeztu behar da (inprimakia Armada etorbideko 2-5.eko gure bulegoetan duzu eskura edo www.pamplona.es/eu webgunean), inprimakian ezarritako dokumentazioarekin batera, obra-bukaerako ziurtagiri teknikoa barne, eskaera-orria ematen den leku berean emandako ereduaren arabera.

Lehen erabilerako lizentziaren eskabidearekin batera aurkeztu beharko da erregistroko ziurtagiri bat, frogatzen duena lurzatiak erregistro-finka bakarrera bildu direla.

Interesdunak, obra berria inskribatzeko, Udalaren ziurtagiri bat aurkeztu beharko du, adierazten duena Udalak gauzatutzat jotzen duela luzatiak finka bakarrera biltzeko obligazioa (lizentzian jasota dago).

Garajearen atalak gauzatzerakoan, fase bakoitzaren funtzionamendu bereizirako, eduki beharko da kasuan kasuko irekiera partzialeko lizentzia, eta, horretarako, atal bakoitzak bildu beharko ditu bereiz funtzionatzeko behar diren baldintzak, aplikatzekoa den araudia beteta.

Garajearen atal bakoitza erabili aurretik, aurkeztu beharko da jarduera sailkatuaren funtzionamenduaren hasiera partzialeko erantzukizunpeko adierazpena, eta horretarako aurkeztu beharko da "obrak, eraikuntzak eta lokalak erabiltzeko, irekitzeko eta bukatzeko inprimakia", bai eta FINOBRA ereduko ziurtagiri teknikoa ere, inprimakian ezarritako gainerako dokumentazioarekin batera».

Ebazpen hau argitara ematen da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, bat etorriz martxoaren 30eko 26/2022 Foru Dekretuaren 53.3 artikuluan xedatutakoarekin (foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamendua).

Iruñean, 2025eko otsailaren 11n.–Alkatea, Joseba Asiron Saez.

Iragarkiaren kodea: L2502195