1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
21/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 12koa, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariak emana, zeinaren bidez gutxieneko funtsezko zerbitzuak arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko asmoz Nafarroako Gobernuarekin ituna sinatua duten kudeaketa pribatuko zentroen esparrurako, 2025eko otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 1ean egitekoa den greba dela eta.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek grebarako deia egin dute 2025eko otsailaren 27rako eta 28rako eta martxoaren 1erako, lanaldi osoetarako, desgaitasuna duten pertsonei arreta emateko kudeaketa pribatuko zentroen esparruan, zehazki, Nafarroako Gobernuarekin ituna sinatua duten zentroen esparruan.
Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan aitortuta dagoen greba-eskubidea bateragarria izan behar da gizartearentzako funtsezko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeekin, baina eskubide horren erabilera inola ere galarazi gabe, eta halaxe ulertu dute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak, bai konstituzionalak berak ere.
Desgaitasuna duten pertsonen zainketen arloan eta gizarte zerbitzuen arloan, oro har, zerbitzu jakin batzuek (egoitza zentroak, etxebizitzak eta arreta anbulatorioko zerbitzuak, besteak beste) berehalako erantzuna ematen dute zainketa beharra dagoen egoera batzuetan; izan ere, oinarrizko eta funtsezko arreta pertsonal eta soziala eskaintzen diete laguntza behar duten gizarteko taldeei, hala nola mendekotasuna duten pertsonei, desgaitasun fisiko, sentsorial edo adimenekoa dutenei, adingabeei, adinekoei, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei eta gizartetik baztertuta dauden pertsonei.
Grebaren eragina pairatuko duten laguntza zerbitzu horien instalazioetan, batzuetan, oinarrizko beharrak asetzeko zainketa pertsonala behar duen jendeari arreta ematen zaio, eta beste batzuetan, hainbat zerbitzu, tratamendu, programa eta laguntza eskaintzen dira bertan. Horregatik, gutxieneko zerbitzuak finkatzean, ezinbestekoa da erabiltzaile horiei egunero arreta egokia emateko nahitaezkoak diren zerbitzu, programa eta tratamenduak bermatzea, funtsezko zainketetan etenik izan ez dadin.
Azpimarratu beharra dago baliabide horien erabiltzaileentzako gutxieneko arretaren barruan sartzen direla haien oinarrizko beharrak estaltzeko diren jarduera guztiak, hala nola elikadura, baina, baita ere, zainketa pertsonalari, komunikazioari, joan-etorriei, kontrolari eta babesari lotutakoak.
Gutxieneko zerbitzu horiek finkatzeko orduan, proportzionaltasunaren eta arrazionaltasunaren printzipioez gainera, kontuan hartu behar da zerbitzu horiek ezinbestekoak direla, beren egoera pertsonala dela kausa, oinarrizko behar horiek beren kasa eta zuzenean bete ezin dituzten herritarrei arreta egokia emateko. Horrek justifikatzen du zerbitzu horiek funtsezko zerbitzu gisa baloratzea eta sailkatzea, eta, hortaz, beharrezkoa da osorik estaltzea deitutako grebak dirauen bitartean.
Horregatik guztiagatik, Espainiako Konstituzioak 15., 28., 39.4, 43. eta 49. artikuluetan aginte publikoei ezartzen dizkien betebeharrak betez, beharrezkoa da herritar horiei beren osasuna eta bizia babesteko eskubidea bermatuko dieten gutxieneko zerbitzu batzuk ezartzea, baina, betiere, langileen grebarako eskubidea errespetatuta.
Proposamena sindikatu deitzaileari igorri zaio, greba batzordearen ordezkari gisa, baita sektore horretan zentroak kudeatzen dituzten erakundeei ere.
Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluan, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10.2 artikuluan eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44.17 eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren indarrez, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak emandako eskudantziak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1.–2025eko otsailaren 27an eta 28an eta martxoaren 1ean, lanaldi osoetan, egitekoa den greba dela eta, grebaren xedeko esparruetan gutxieneko zerbitzu hauek errespetatuz erabiltzen ahalko da greba eskubidea:
Egoitza-zentro, etxebizitza eta arreta anbulatorioko zerbitzu guztietan erabiltzaileen oinarrizko beharrei arreta ematen zaiela bermatzea xede duten zerbitzu guztiak eman beharko dira: zainketa pertsonalekoak, elikadurakoak, komunikaziokoak, joan-etortzekoak, kontrolekoak eta babestekoak. Hortaz, programetako eta aisialdiko jarduerak salbuesten dira.
Hori helburu, zerbitzu horiek ematen direla bermatzeko beharrezkoak diren langileek egon beharko dute jardunean. Horretarako, hauxe kalkulatu da:
–Egoitza-zentroak eta etxebizitzak: jaiegunetan zuzeneko arretarako izaten den langile kopuru bera, betiere deitutako grebak hartzen dituen lanaldiei zegokien kopurua gainditu gabe.
–Arreta anbulatorioko zentroak: eguneko arretari dagokionez, gutxienez zaintzaile bat sei erabiltzaileko, alde batera utzita teknikariak eta, behar izanez gero, sukalde zerbitzua ziurtatzeko behar adina langile. Garraio zerbitzua ere mantendu beharko da.
2.–Aurreko zenbakian adierazitako funtsezko zerbitzuak enpresako zuzendaritzak izendatuko dituen langileek beteko dituzte, betiere sindikatuen ordezkariei entzun ondoren.
Foru agindu honetan ezarritako gutxieneko zerbitzuak betetzearren egun horretan lan egin behar duten langileen lanuzteak eta lan nahasmenduak legez kontrakotzat joko dira, eta kasuan-kasuan bidezkoa den legediaren arabera zehatuko dira.
3.–Foru agindu hau jakinaraztea grebaren deialdia egin duten sindikatuei eta kontratuak kudeatzen dituzten erakundeei, Greba Batzordearen ordezkari diren aldetik, behar diren ondorioak izan ditzan.
4.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.
5.–Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko otsailaren 12an.–Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.
Iragarkiaren kodea: F2502343