2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
UHARTE
Udal ordenantza, arautzen duena nola erabili eta kudeatu ibilgailuak elektrizitatez hornitzeko udal zutoinen zerbitzua. Behin betiko onespena.
Uharteko Udalak, 2024ko azaroaren 29an egindako osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen honako ordenantza hau: udal ordenantza, arautzen duena nola erabili eta kudeatu ibilgailuak elektrizitatez hornitzeko udal zutoinen zerbitzua.
Hasierako onespenaren erabakia argitaratu zen 2024ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 17an, eta jendaurreko aldian inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Uharten, 2025eko otsailaren 10ean.–Alkatea, Alfredo Arruiz Sotés.
UDAL ORDENANTZA, ARAUTZEN DUENA NOLA ERABILI ETA KUDEATU IBILGAILUAK ELEKTRIZITATEZ HORNITZEKO UDAL ZUTOINEN ZERBITZUA
ATARIKOA
Uharteko Udalak, trantsizio energetikoa sustatzeko konpromisoa duen aldetik, hainbat neurri ezarri ditu energia eta kontsumo berriztagarrien alde.
Ildo horretatik, 2020. urtean Udalak bi hornidura puntu instalatu zituen ibilgailu elektrikoak kargatzeko. Harrez geroztik, zutoin horiek martxan daude eta dohainik erabiltzen ahal dira, Udalak ez baitu ordenantza arautzailerik haien erabileraren inguruan, ez eta aplikatzeko prezio publikorik ere.
Horrenbestez, betetze aldera ibilgailu elektrikoak kargatzeko zutoinen instalazioko eta hornidurako betebeharrak –Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 4/2022 Foru Legeak ezartzen dituenak–, eta haren gainean Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea aplikatzeko, honako ordenantza hau eginda.
Oinarria eta araubidea
1. artikulua.
Martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 11.etik 15.era eta 28.etik 35.era bitarteko artikuluek emandako eskudantziak erabiliz (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legea), Uharteko Udalak udalerrian ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua arautu du, eta erabiltzaileek hargatik ordaindu beharreko prezio publikoak ezarri.
Zerga egitatea
2. artikulua.
Zerga-egitatea da ibilgailu elektrikoen argindarraren hornidura, udalaren kargatzeko zutoinen bidez egiten dena.
Zerbitzua ematea
3. artikulua.
Ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua horretarako prestatutako instalazioaren bidez eskainiko da. Instalazioak Uharteko aparkaleku publikoetan egonen dira.
Ordenantza honen I. eranskinean dago jasota udalaren kargatzeko zutoinen zerrenda.
Uharteko Udalak etorkizunean beste instalazio batzuk egiten ahalko ditu Uharteko espazio publiko berean zein beste batean, eta zerrenda eguneratzen ahalko da ordenantza aldatuz edota zerbitzu horretarako beste prezio publiko batzuk onesteko kasuan.
Zerbitzua emateko kudeaketa egokia egite aldera, Udalak erabiltzaileen eskura jarriko du plataforma digital bat, non erabiltzaileek alta eman beharko duten.
Ordaindu beharraren sorrera
4. artikulua.
Ibilgailu elektrikoak udal zutoinetan kargatzeko zerbitzua haientzako energia hornidura ematen hastearekin batera sortuko da.
Erabilera eta elektrizitate hornidura horrek berekin ekarriko du Uharteko Udalari ordenantza honek zehazten duen prezio publikoa ordaindu beharra.
Prezio publikoa ordaindu beharra jarduera egiten edo zerbitzua ematen hastean sortuko da, hau da, hornidura hasten den unean.
Subjektu pasiboak
5. artikulua.
Ibilgailuentzako hornidura elektrikoari dagokionez, ibilgailu elektrikoak kargatzeko zerbitzua emateagatik prezio publikoa ordaintzera behartuta daude pertsona fisiko eta/edo juridikoak, baldin eta zerbitzuaren onura jasotzen badute edo hura erabiltzen badute ezartzen diren moduetako edozeinetan.
Beraz, prezio publikoaren subjektu pasiboa izanen da kudeaketa plataforman alta emanda duen pertsona, haren erabiltzailearen bidez karga bakoitza egiten duenean.
Zenbatekoa
6. artikulua.
Prezio publikoagatik jaso beharreko eskubideen zenbatekoa izanen da ordenantza honen tarifen II. eranskinean ezarritakoa.
Uharteko Udalak eranskin hori eguneratzen ahalko du, gainerako prezio publiko eta tasekin batera edo modu partikularrean, horretarako legezko prozedura betez.
Ordenantza honetan arautzen duten prezio publikoaren zenbatekoek zerbitzuaren azken prezioa ezartzen dute; beraz, datxezkion kudeaketa gastu guztiak hartzen dituzten barnean, eta aplikatzekoa zaien BEZa dute kargatuta.
Kobrantza
7. artikulua.
Prezio publikoa ordaindu beharra sortzen da jarduera edo zerbitzua ematen hastean.
Zerbitzua edo jarduera ematen edo egiten ez bada, prezio publikoa ordaintzera behartuta dagoen pertsona fisiko eta/edo juridikoari leporatu ezin zaizkion arrazoiak direla eta, ordaindutako zenbatekoa itzuliko da.
Prezio publikoa dela-eta zorrik baldin bada, eskatuko da premiamendu-prozeduraren bidez.
8. artikulua. Kobratzeko prozedura.
Udalak, lehentasunez, autolikidazio araubideko kobrantza sistema bat ezarriko du. Horretarako, Udalak erabiltzaileen eskura jarriko ditu hori egiteko aplikazio informatiko bat edo batzuk.
Aplikazio horiek Udalarenak izanen dira, edo beste agente batzuek hornituak, eta derrigor erabili beharko dituzte zerbitzua baliatu nahi duten erabiltzaileek.
Zerbitzua erabiltze aldera, interesdunek alta eman beharko dute kasuko aplikazioan, eta haiei lotutako ibilgailua zein den adierazi beharko dute, bai eta ordaintzeko sistema eta txartel zehatzak ere.
Karga elektriko bakoitza eskatzeko unean, kudeaketa sistemak kargaren kostu zenbatetsia atxikiko du erabiltzaileari lotutako kontuan. Behin karga egin eta kontsumo elektrikoa zehatza eta ezaguna izan ondotik, kudeaketa sistemak dagokion prezio publikoa kobratuko du eta aurrez definitutako gordailuaren aldea itzuliko du.
Kudeatzeko arauak
9. artikulua.
Zutoinen ondoan eta seinaleztatuta dauden aparkaleku plazak ibilgailu elektrikoek baino ez dituzte erabiltzen ahalko, kargatzeko aldian zehar soilik.
Egunez, ibilgailua kargatzeko aparkaleku plazatik kendu beharko da karga bukatu ondoko hogeita hamar minutuen barnean.
Kentzeko tarte hori betetzen ez bada, behar diren zehapenak jarriko dira.
Horren harira, eguneko tartea da 07:30ean hasi eta 22:00etan bukatzen dena.
Gauaz, 22:00etatik 07:30era bitarte, ibilgailuak eguneko tartean ezarritako aldia baino luzeagorako aparkatzen ahalko dira, baina ibilgailua aparkatu ondoko eguneko 07:30ak baino lehen kendu beharko da.
Aurreko apartatuetan ezarritako eta aipatutako denbora muga igarotzen denean, agintaritza eskudunak zehapena ezarriko du, kargatzeko postua okupatzeagatik, tarifen eranskinean jasotzen den taularekin bat.
Hobariak
10. artikulua.
10.1. Ezarritako prezio publikoak %50eko hobaria izanen du helbide fiskala Uharteko udal-mugartean duten ibilgailuentzako.
10.2. Uharten erroldatuta dauden eta haien izenean ibilgailu elektriko bat alokairu nahiz renting araubidean dutenek ere izenen dute hobari hori eskuratzeko aukera, behar bezala formalizatutako alokairu nahiz renting kontratua aurkezten badute, bai eta alokairu horren azken ordainagiria ere.
10.3. Hobari horretaz baliatzeko eskaera egin beharko dute interesdunek Uharteko Udalean bertan, eta ebazpen bidez errekonozituko da.
Hobariaren eskaera egitetik errekonozimendu berariazkoa izan eta ordaindu beharreko prezioa egokitu artean ordaindutako prezioa ebazpenean bertan jasoko da.
Zehapen araubidea
11. artikulua. Arau-hausteak.
11.1. Arau-hauste arinak izanen dira:
a) 30 minutura arte gainditzea kargatzeko eta aparkatzeko 9. artikuluan jasotzen den aldia.
b) Aplikazioan alta emanda duen pertsonari lotutako ibilgailua ez den beste bat kargatzea, betiere subjektu pasibo horri aplikatzekoa zaion tarifa kargatzen ari den ibilgailuaren titularraren berbera denean.
11.2. Arau-hauste astunak izanen dira:
a) 30 eta 60 minutu artean gainditzea aparkaleku-plazetan aparkatzeko 9. artikuluan jasotzen den aldia.
b) Ibilgailu ez elektrikoek plaza horietako batean aparkatzea.
c) Aplikazioan alta emanda duen pertsonari lotutako ibilgailua ez den beste bat gutxienez ere behin kargatzea, subjektu pasibo horri aplikatzekoa zaion tarifa kargatzen ari den ibilgailuaren titularraren berbera ez denean.
11.3. Arau-hauste oso astunak izanen dira:
a) 60 minutu baino gehiagoz gainditzea aparkaleku-plazetan aparkatzeko 9. artikuluan jasotzen den aldia.
b) Aplikazioan alta emanda duen pertsonari lotutako ibilgailua ez den beste bat bitan baino gehiagotan kargatzea, subjektu pasibo horri aplikatzekoa zaion tarifa kargatzen ari den ibilgailuaren titularraren berbera ez denean.
12. artikulua. Zehapenak.
Honako zehapenak hauek izanen dira aplikatzekoak:
12.1. Arau-hauste arinetarako, udalaren hornidura zutoinak erabiltzeko mugaketa zazpi egun naturalez.
12.2. Arau-hauste astunetarako, udalaren zutoinak erabiltzeko mugaketa zazpi egun naturalez, eta 100 euroko isuna.
12.3. Arau-hauste oso astunetarako:
a) 11.3.a) artikuluan jasotako egoera izanez gero, zerbitzua kudeatzeko sisteman hilabetez baja ematea izanen da zehapena, eta 300 euroko isuna jarriko da.
b) 11.3.b) artikuluan jasotako egoera izanez gero, zerbitzua kudeatzeko sisteman urtebetez baja ematea izanen da zehapena, eta 300 euroko isuna jarriko da. Kasu horretan, gainera, arau-hausleak onuratzat izan duen prezio publikoen aldea eskatzen ahalko du Udalak.
13. artikulua. Zehapen prozedura eta araubidea.
Zerbitzua kudeatzeko arauei dagokienez, zehapen prozedura Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legean eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legean ezarritakoaren arabera arautuko da.
Ordenantzaren izaera fiskaleko ez-betetzeei dagokienez, aplikatzeko prozedura eta araubidea izanen dira Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeak ezarritakoak.
Azken xedapenetako lehena: honako ordenantza hau indargabetu dadila onestea: Uharteko Udalaren ordenantza, arautzen dituena ibilgailuen hornidura elektrikoa eta kargatzeko zutoinak jartzeko tasak, herriko jabari publikoko lurzoruaren, lurgainaren eta lurpearen aprobetxamendu bereziari dagozkionak.
Azken xedapenetako bigarrena: indarra hartzea.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 326 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, ordenantza honek indarra hartuko du argitaratu eta biharamunean.
I. ERANSKINA.–KARGATOKIAK
https://transicion-energetica.navarra.es/pages/puntos-recarga
1.–Ugarrandiako zutoina: ezaugarriak.
Kargatokia Uharteko kiroldegian dago kokatuta (Uharteko Udala), 000/01484/20 du espedientea eta Uharte udalerrian dago. Honako ezaugarri hauek ditu:
–Altaren data: 2020-10-26.
–Zeinek erabiltzeko: orok.
–Titulartasuna: erakunde publikoa.
–Gune kopurua: 1.
–Plaza kopurua: 2.
–Hargune kopurua: 2.
–Kargagailuak: 2. motakoak eta Schuko.
–Potentzia: 7,4 kW eta 2,3 kW.
–Potentzia mota: 1. motakoa: <22 kW.
–Instalazio taldea: kanpoan dauden karga instalazioak.
2.–Berdintsaun plazako zutoina: ezaugarriak.
Kargatokia Uharteko Udalean dago kokatuta, 000/03273/24 du espedientea eta Uharte udalerrian dago. Honako ezaugarri hauek ditu:
–Altaren data: 2024-09-05.
–Zeinek erabiltzeko: orok.
–Titulartasuna: erakunde publikoa.
–Gune kopurua: 1.
–Plaza kopurua: 2.
–Hargune kopurua: 2.
–Kargagailuak:
–Potentzia: 22 kW.
–Potentzia mota: 2. motakoa: 22-50 kW.
–Instalazio taldea: kanpoan dauden karga instalazioak.
II. ERANSKINA.–KARGATOKIAK
Ibilgailu elektrikoen karga erdilasterraren zerbitzua emateko prezio publikoa (22 kW-ko potentzia):
a) Azken prezio publikoa: 0,36 euro/kW.
b) Hobaria helbide fiskala Uharten duten ibilgailuentzako: %50.
Iragarkiaren kodea: L2502309