2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
BAZTAN
Arizkunenea kultur etxeko "coworking" edo lan kooperatiboko espazioen erabilera eta prezioak arautzeko udal-ordenantza
Baztango Udalak, 2024ko abenduaren 28an egindako ohiko osoko bilkuran, hasierako onespena eman zion Arizkunenea kultur etxeko "coworking" edo lan kooperatiboko espazioen erabilera eta prezioak arautzeko udal-ordenantzari.
Hasierako onespenaren erabakia 2024ko abenduaren 20ko 258. zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Baztango Udalaren iragarki-taulan argitaratu zen, eta legezko epea igarota inork ez duenez alegaziorik jarri, behin betiko onetsi da eta haren testu osoa argitaratu da Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Baztanen, 2025eko otsailaren 14an.–Alkatea, Fernando Anbustegi Goñi.
ARIZKUNENEA KULTUR ETXEKO "COWORKING" EDO LAN KOOPERATIBOKO ESPAZIOEN ERABILERA ETA PREZIOAK ARAUTZEKO UDAL-ORDENANTZA
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.
Baztango Udala da Arizkunenea "coworking" edo lan kooperatiboko gunearen jabea, eta ordenantza honen bidez bertako barne araubidearen erregelamendua eratzen da, Udalaren eta zerbitzu horiek erabili nahi dituzten profesionalen arteko harremanak arautzeko.
Erregelamendu honen xedea da lan kooperatiboko gunea erabiltzen duten pertsonen eta/edo entitateen arteko harremanak garatzeko esparrua ezartzea.
Lan kooperatiboko gunea ekintzaileek, langile autonomoek eta soldatapeko langileek erabiltzen ahalko dute.
2. artikulua.
Lan kooperatibora bideratuko gunea Arizkunenea kultur etxeko bigarren solairuan prestatuko da.
Guneko erabiltzaileek laneko mahai eta aulki bat erabiltzen ahalko dituzte, baita kultur etxeko bigarren solairuko komunak ere. Partekatutako gunea erabiltzeko eskubidea prestatutako espazioak erabiltzeko baimena eman zaien pertsonek edo entitate erabiltzaileek izanen dute. Pertsona eta entitate erabiltzaileek zentzuz, berdintasun baldintzetan, bereizkeriarik gabe eta abusurik gabe erabiliko dituzte prestatutako espazioak.
Baztango Udalak ematen dituen zerbitzuak gorabehera, ondorio guzti-guztietarako, erabiltzaileak izanen dira beren ekonomia jardueraren, enpresaren edo egitasmo enpresarialaren arduradun bakarrak.
II. KAPITULUA.–BAZTANGO UDALAREN "COWORKING" EDO LAN KOOPERATIBOKO GUNEKO ZERBITZUAK
3. artikulua.
Guneak 21,06 m²-ko azalera du guztira, eta, bertan, "coworking" edo lan kooperatiboko sei espazio daude.
Aipatu espazioen helburua da erabiltzeek leku egoki bat izan dezatela beren jarduera –lanekoa, profesionala, enpresariala– aurrera eramateko.
Espazioak erabiltzeko eskubidea eman zaien pertsonek partekatuko dute lan kooperatiborako prestatutako gunearen erabilera.
Gunean garatuko diren jarduera guzti-guztiak izanen dira jarduera profesionalak; hori bai, debekatuta dago bertan produktuak ekoiztea, biltzea, saltzea edo bestelako jarduera industrialik egitea.
Gunean garatu diren jarduerek ez diete kalterik, eragozpenik edo trabarik sortuko bertan kokatutako gainerako pertsonei edo entitateei, ezta bertan garatzen diren jarduera profesionalei ere.
Baztango Udalak onetsiko ditu, beharrezkoa izanez gero, espazioak erabiltzeko jarraibide eta arau zehatzak. Era berean, Baztango Udala da organo eskuduna erabiltzaileen artean sor litezkeen interes-gatazkak ebazteko edo dagokion erabakiak hartzeko. Zerbitzuaren funtzionamendua eta erabiltzaileen beharrak aintzat hartuta, Baztango Udalak beste zenbait espazio komun sortzea adostu lezake zerbitzu nagusiaren osagarri gisa.
4. artikulua.
Pertsona eta entitate erabiltzaileak beren kontura arduratuko dira bakoitzaren lanerako edo jarduerarako beharrezkoak diren ordenagailu edo tresna informatikoak lortzeaz.
Baztango Udalak urtebeteko gutxieneko eperako lagako du espazioen erabilera. Hori bai, behin lagatze epe maximoa igarotakoan lan kooperatiboko espazioa erabiltzeko bestelako eskatzailerik ez balego, Baztango Udalak kontratua urtebeteko epeetarako luzatzen ahalko du. Dena dela, behin bi urteko epea igarota, Baztango Udalak bere egiten du kontratua edozein unetan bukatutzat emateko eskubidea.
Edozein kasutan, erabilera-kontratua bukatzen denean pertsona eta entitate erabiltzaileek bi asteko epea edukiko dute erabiltzeko lagatako espazioa husteko.
Pertsona edo entitate erabiltzaileak ez balu espazioa hustuko, Baztango Udalak eginen du, eta, horretarako, erabiltzeko lagatako espazioetan dauden ondasun guztiak lekualdatuko ditu.
Aurrekoa gorabehera, pertsona edo entitate erabiltzaileak edozein unetan erabaki ahalko du erabilera lagatzeko kontratua bukatzea, eta, horretarako, asmo hori jakinarazi beharko dio Baztango Udalari idatziz eta modu fede-emailean 15 egun lehenago, gutxienez.
Pertsona edo entitate erabiltzaileak instalazioak aipatu jakinerazpena egin gabe uzteak edo hartutako betebeharrekin lotutako bestelako zeinahi ez-betetzek, ahalmena emanen dio Baztango Udalari horretarako jarritako fidantza konfiskatzeko.
5. artikulua.
Baztango Udalari espazio partekatu bat erabiltzeko ordaindu beharreko zenbatekoa hileko 30 eurokoa izanen da, aplikagarria den BEZa aintzat hartu gabe.
Zenbateko hori urtero eguneratuko da urtarrilaren 1ean, Nafarroako Gobernuak onartutako kontsumoko prezioen indizearen arabera –betiere indizea igotzen baldin bada–.
Baztango Udalaren kargu geratuko dira pertsona edo entitate erabiltzaileek baliatuko dituzten zerbitzu komun edo zentralizatuen kostua, honako hauek zehazki: argia, berokuntza, ur beroa, garbitasuna eta zabor bilketa.
Bi alderdiei fakturen kobrantza kudeatzen laguntzeko asmoz, erabiltzaileek finantza-erakunde bateko kontuaren zenbakia jakinaraziko diote Baztango Udalari, eta kontu horretan beharrezko ordainketak helbideratuko dira, hilabete bakoitzeko lehenbiziko hamar egunetan ageriko ordainagiria igorrita.
Era berean, 100 euroko fidantza bat jarri beharko da erabiltzaileek egindako balizko kalteei aurre egiteko berme gisa. Baztango Udalarentzat inolako kalterik egonen ez balitz, fidantza erabiltzaileari itzuliko zaio Udalari jakinarazten dionean "coworking" edo lan kooperatiboko espazioa erabiltzeari uzteko asmoa duela.
II. KAPITULUA.–BETEBEHARRAK
6. artikulua.
Oro har, Baztango Udala arduratuko da zerbitzuak zaintzeaz eta mantentzeaz.
Bereziki honako betebehar hauek edukiko ditu:
1. Lan mahaiak eta erabilera partekatuko espazioak behar bezala ekipaturik eskaintzea pertsona edo entitate erabiltzaileak garatu beharreko jarduerarako.
2. Erabiltzeko laga diren espazioak garbitzea eta mantentzea, zerbitzuok espazioak erabiltzeko ordaindu behar den prezioaren barnean sartzen direla ulertuta.
3. Baztango Udalak giltzaren kopia bakarra emanen du. Emandako giltza galduz gero, erabiltzaileak ordaindu behar du giltzaren kopia. Segurtasun arrazoiak direla eta, Baztango Udalak prestatutako gunean sartzeko giltzen kopia bat edukiko du, larrialdietan erabiltzeko, edo beharrezkoa den ezinbesteko beste edozein egoeratan.
Baztango Udalak ez du inolako erantzukizunik izanen espazioak erabiltzen dituzten pertsonen edo entitateen jabetzetan, ondasunetan edo eskubideetan izandako edozein galera edo kalteren gainean, bereziki lapurreta edo ebasketetan, ez behintzat ezin bazaio gertatutakoa zuzenean egotzi edo ez badago zuzeneko erantzukizunetik ondorioztatzerik.
Espazioak erabiltzeko ordutegia honakoa izanen da: astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 17:00etara. Hala ere, Baztango Udalak, jakinarazpen bidez, arau zehatzak ezarri ahalko ditu "coworking" gunea ireki eta ixteko ordutegiei buruz.
7. artikulua.
Erabiltzaileek zorrotz bete beharko dituzte bai ordenantza honetan ezarritako baldintza guzti-guztiak bai Baztango Udalaren eta erabiltzaileen artean sinatutako erabilera lagatzeko kontratuan ezarritako guzti-guztiak ere.
Behin jarduera martxan jartzean, erabiltzaileek derrigortuta daude baliatzen dituzten elementu eta azpiegitura komunak zuzen erabiltzera, eta ahalik eta lasterren jakinaraziko dituzte funtzionamendu arruntean nabaritzen dituzten arazoak edo kalteak. Era berean, lanerako gunea garbi eta egoera onean mantendu beharko dute.
Ezarritako zenbatekoa ordaintzen ez bada, premiamendu-bidea baliatuko da.
Ekintzaileen eta langile autonomoen kasuan, erabiltzaileak derrigortuta daude lan kooperatiboko gunea erabiltzen duten bitartean beren enpresa-proiektua aurrera eramateko eta enpresak behar bezala funtzionatzeko nahitaezkoak diren baimen eta lizentzia guztiak izatera.
Era berean, beti izan behar dute egunean zerga-betebehar, kontribuzio, zerga, Gizarte Segurantzako kuota eta enpresak behar bezala funtzionatzeko beharrezko tasa oro. Halaber, ez dute inolako zorrik izan behar Baztango Udalarekin, izan zergekin lotutakoa edo bestelakoa –aintzat hartuta martxoaren 10eko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean ezarritakoa–.
Soldatapeko langileen kasuan, erabiltzaileak derrigortuta daude lan kooperatiboko gunea erabiltzen duten bitartean une oro indarrean izatera besteren konturako kontratua.
Halaber, erabiltzaileek dituzten betebeharrak egunean izan behar dituzte, eta ez dute inolako zorrik izan behar Baztango Udalarekin, izan zergekin lotutakoa edo bestelakoa –aintzat hartuta martxoaren 10eko Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legean ezarritakoa–.
IV. KAPITULUA.–ADMINISTRAZIO-PROZEDURA
8. artikulua.
Baztango Udalak epe bat irekiko du espazio partekatuak erabiltzeko eskaerak aurkezteko.
Espazioak erabiltzeko interesa duten pertsonek dagokion eskaera aurkeztu beharko dute aipatu epean, honako alderdi hauek zehaztuta:
–Garatu beharreko jarduera. Jarduera aurrera eramateko nahitaezko baimenak eta lizentziak ere aurkeztu beharko dituzte.
–Espazioa zer epetan erabiltzea eskatzen duten.
–Titularrarekin eta jarduerarekin berarekin loturiko bestelako alderdi batzuk, proposamena baloratua izan dadin.
Pertsona eta entitate orok du eskaera aurkezteko aukera, jada jarduera hasita izan arren; hala ere, lehentasuna emanen zaie dagoeneko Baztanen kokaturik daudenei, jarraian azaltzen diren hautaketa irizpideen arabera.
Behin ezarritako epea iraganik, aurkeztutako proposamenak balioetsiko eta puntuatuko dira honako irizpide hauen arabera:
–Puntuazioa, erroldagatik:
- Erabiltzailea Baztanen erroldatua izatea: 5 puntu.
–Puntuazioa, entitate eskatzailearen motaren arabera:
- Ekintzaileen kasuan (altan 18 hilabete baino gutxiago daramatzaten langile autonomoak, eskaera egin den datatik kontatzen hasita): 5 puntu.
- Langile autonomoen kasuan (altan 18 hilabete baino gehiago daramatzaten langile autonomoak, eskaera egin den datatik kontatzen hasita): 3 puntu.
- Besteren konturako langileak (enpresa Baztanen helbideratuta dutenak): 1 puntu.
- 18 eta 30 urte arteko pertsonak eta/edo 45 urtetik gorakoak: 4 puntu.
- Mendekotasun egoeran dauden pertsonak beren kargu dituztenak (Nafarroako Gobernuak aitortutako mendekotasun egoera): 4 puntu.
- Emakumezkoak: 2 puntu.
- %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonak: 4 puntu.
Berdinketa gertatuz gero, lehentasuna emanen zaio Baztango Udalean ekonomia-jardueren gaineko zerga ordaintzen denbora gehien daraman pertsonari edo entitateari.
Baztango Udalak, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hamabost egun balioduneko epean erabakiko du epe barruan jasotako eskaerak onartzen dituen edo ez, eta, behin eskaerak baloratu ondoren, balorazio onena jasotzen dutenei esleituko dizkie espazioak erabil ditzaten. Ondoren, erabilera lagatzeko dagozkion kontratuak sinatuko dira.
Behin eskaerak aurkezteko epea igarota ez badira betetzen erabilgarri dauden espazio guztiak, ondoren ere epea zabalik egonen da eskaera gehiago aurkeztu ahal izan daitezen, harik eta espazio erabilgarri guztiak bete arte.
Eskaera berri horiek hamabost egun balioduneko epean ebatziko dira.
Aldiz, prestatutako espazio guztiak esleitzen baldin badira, eskaera aurkeztu duten eta plazarik lortu ez duten interesdunak itxaron-zerrenda batera igaroko dira, lortutako puntuazio-ordenaren arabera. Plazarik hutsik geratuz gero, ordena hori errespetatuta deituko zaie. Prestatutako gunea erabilgarri dagoen bitartean, itxaron-zerrenda zabalik mantenduko da.
Erabilera-baimena besterenezina da, eta, era berean, debekatuta dago erabilera-baimena hirugarren pertsonei lagatzea ere, izan behin-behinean edo behin betiko, izan partzialki edo osoki.
9. artikulua.
Pertsona edo entitate erabiltzaileek gunea erabiltzeko baimena galduko dute honako arrazoiren bat gertatzen denean:
–Bi ordainagiri jarraian ordaindu jabe utziz gero.
–Honako ordenantza honetan ezarritako baldintzaren bat ez betetzeagatik. Aipatu arrazoiren bat gertatuz gero, Baztango Udalak "coworking" edo lan kooperatiboko gunea erabiltzeko eskubidea bertan behera uzteko prozedurari hasiera emanen dio berehala.
Prozedura horretan, behin lan kooperatiboko gunea erabiltzeko eskubidea bertan behera uzteko hasierako erabakia hartu ondoren, hartutako erabakia jakinaraziko zaio erabiltzaileari, zazpi egun naturaleko epean komenigarritzat jotzen duen edozer alegatzeko aukera izan dezan. Behin lan kooperatiboko gunea erabiltzeko eskubidea bertan behera uzteko azken erabakia hartzen denean, erabiltzaileak bost egun naturaleko epe luzaezinean utzi beharko du libre lagatako espazioa, eta, erabakiak eragindako zeonahi kalte eta/edo galera erabiltzailearen kargu izanen da beti.
10. artikulua.
Pertsona edo entitate erabiltzaileek ordenantza honetan ezarritakoa bete beharko dute eta Baztango Udalak du bertan ezarritakoa interpretatzeko ahalmena.
Ordenantza honekin lotutako auzien gaineko erabaki guztiak Baztango Udalak hartuko ditu, eta berehala bereganatuko dute izaera exekutiboa.
ESKAERA
IZENA | |
ABIZENAK | |
SORTEGUNA | |
HELBIDEA | |
HERRIA | |
TELEFONOA | |
HELBIDE ELEKTRONIKOA | |
Sexua:
Emakumezkoa
Gizonezkoa
Baztanen erroldatua:
BAI
EZ
Langile autonomoa edo besteren konturako langilea:
Langile autonomoa
Besteren konturako langilea
%33ko desgaitasuna:
BAI
EZ
Desgaitasuna duten pertsonen kargura dauden pertsonak:
BAI
EZ
Aurkeztu beharreko agiriak:
a) NANa.
b) Errolda-ziurtagiria.
c) Autonomo kuotaren ordainketa eguneratua izatearen ziurtagiria edo enpresarekin hitzartutako azken kontratua.
d) Nahitaezko baimenak eta lizentziak.
e) Desgaitasun-ziurtagiria.
f) Nafarroako Gobernuak mendekotasuna aitortu izanaren ebazpena.
Iragarkiaren kodea: L2502412