Iragarkia
45. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 6a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
MENDIGORRIA
Deialdia, garbiketako langileen bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Mendigorriko Udalak, Alkatetzaren 2025eko otsailaren 17ko 45. Ebazpenaren bidez, honako erabaki hau hartu zuen, besteak beste:
ERABAKIA:
1. Honako deialdi honen oinarriak onestea: deialdia, garbiketako langileen bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Mendigorriko Udalaren zerbitzura eta funtzionarioen araubidean.
2. Agintzea deialdia argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mendigorriko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.mendigorria.es).
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Mendigorrian, 2025eko otsailaren 17an.–Alkatea, Ion Erro Arbizu.
Deialdi hau eginen da jarraikiz aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta oinarri hauetan ezartzen denari:
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da Mendigorriko Udalaren garbiketako langileen bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzea, lehia askearen, berdintasunaren, merezimenduaren, gaitasunaren eta publikotasunaren printzipioak betez.
1.2. Deialdi honen bidez izendatzen edo kontratatzen diren izangaiek beren lanpostuei dagozkien eginkizunak beteko dituzte eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta hura garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak izanen dituzte.
1.3. Asteko lanaldia 18 ordukoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.4. Lanbide-mailari eta kategoriari dagozkion eginkizunak beteko ditu, eta, besteak beste, udal eraikinak garbitzea: eskola publikoa, udaletxea eta liburutegia; kristalak eta artxiboa noizean behin garbitzea.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozesu hau gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
3.–Betebeharrak.
3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:
3.1.1. Izangai guztiek bete beharrekoak:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa.
Parte har dezakete, era berean, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) titulua edo Eskola Graduatuaren titulua edo baliokidetzat jotako titulua izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.
Baldin atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da egoki den baliozkotzea, edo homologazioa frogatzen duen agiria. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena eskuratu duten izangaiei, betiere eskuratu badute lanbide arautuen esparruan, Europar Batasuneko xedapenen babesean.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
f) Ezin izanen dute parte hartu Mendigorriko Udalean eta haren erakunde autonomo eta mendeko entitateetan deialdiaren xede den lanpostuan langile finko gisa ari direnek.
Baldintza hori betetzen ez dutenak ezin izanen dira izendatu, eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, galarazi gabe beren eskaeraren faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzukizuna.
g) Bat etorriz uztailaren 28ko 26/2015 Legearekin, zeinaren bidez aldatzen baita Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da kondenaturik ez egotea, epai irmo baten bidez, sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.
Betekizun hori betetzen dela frogatuko da Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatibo baten bidez; erregistro hori arautu zen abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bitartez.
3.2. Izangaiek deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte betebehar horiek. Bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean, eta indarrean egon beharko dute lanpostuaren jabetza hartu arte.
4.–Eskabideak, tasak, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
4.1. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.
Deialdian parte hartzeko eskabideak Mendigorriko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira (Foruen plaza 1, 31150), deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, eta mezu elektronikoa bidali beharko da helbide honetara: ayuntamiento@mendigorria.es.
Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Mendigorriko Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Mendigorriko Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://sedeelectronica.mendigorria.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabil daiteke erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein.
4.2. Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
4.3. Tasak. Ez da tasarik ezarri.
4.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
4.4.1. Eskabidea aurkezteko unean, izangaiek aurkeztu beharko dute dokumentazio hau, kasuaren arabera:
a) Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako titulua (DBH), Eskola Graduatuaren titulua edo baliokidetzat jotako titulua.
b) %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera.
c) Desgaitasuna duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute probak egiteko, denboran edo baliabideetan, hala eskatu beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute, horretarako ezarritako tokian, zer egokitzapen eskatzen duten eta/edo zer moldaketa behar duten denboretan eta baliabideetan. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkeztuko du, eskabidea aurkeztearekin batera, 4.1 apartatuan ezarritakoari jarraikiz.
4.4.2. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Ion Erro Arbizu, Mendigorriko Udaleko alkate udalburua.
- Ordezkoa: Naiara Azcoiti Artazo, Mendigorriko Udaleko zinegotzia.
–1. epaimahaikidea: Ainara Berdejo Rodrigo, Mendigorriko Udaleko zinegotzia.
- Ordezkoa: Asier García Armijo, Mendigorriko Udaleko zinegotzia.
–2. epaimahaikidea: Aritz Erro Arbizu, Mendigorriko Udaleko albientea.
- Ordezkoa: Fidel Gallinas González, Mendigorriko Udaleko zinegotzia.
–3. epaimahaikidea: Alfredo Muro Ortiz, Mendigorriko Udaleko administrari-ofiziala.
- Ordezkoa: Rosa Jiménez Goñi, Mendigorriko Udaleko zinegotzia.
–4. mahaikidea: Juan Antonio Echeverría Echarte, Mendigorriko Udaleko idazkaria.
- Ordezkoa: Eva Mainz Petroch, Artaxoako Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin eta abstenitzeko egoera batean badaude, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
5.3. Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.
5.4. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa gutxienez bildu gabe. Nolanahi ere, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan edo, bestela, haien ordezkoek.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdien oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabeherak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari espezialistei deitzen ahalko die, bere eskumeneko jarduketetatik edozeinetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Izangaien onarpena.
6.1. Eskabideak aurkezteko 30 egun naturaleko epea bukaturik, onetsiko da izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko da argitara dadila toki erakundearen iragarki-taulan eta webgunean (https://sedeelectronica.mendigorria.es/).
6.2. Behin-behineko zerrenda iragarki-taulan eta webgunean (https://sedeelectronica.mendigorria.es/) argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, esteka honen bidez: https://sedeelectronica.mendigorria.es/.
6.3. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, onetsiko da onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda eta aginduko da argitaratzeko iragarki-taulan eta deialdiak webgunean duen atalean (https://sedeelectronica.mendigorria.es/).
6.4. Azterketa-eskubideak ez dira itzuliko, ez baitago halakorik.
6.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
7.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
7.1. Oposizio-lehiaketak aldi hauek izanen ditu:
a) Oposizioaldian, proba bat eginen da, lanpostuaren eginkizunak zuzen eta egoki betetzeko beharrezkoak diren ezagutzez eta gaitasunez.
b) Merezimenduen balorazio fasea, lehiaketaldia alegia. Fase horretan, izangaiek alegatu dituzten merezimenduen balorazioa eginen da, deialdiaren III. eranskinean dagoen baremoaren arabera.
Deialdi honetako faseak hurrenkera honetan eginen dira: lehendabizi, oposizioaldia, eta hura bukatutakoan, lehiaketaldia.
7.2. Oposizioaldia: 60 puntu.
7.2.1. Oposizioaldia 2025eko ekainetik aurrera hasiko da. Fase horretan, oinarri honetan deskribatzen den proba egin beharko da.
7.2.2. Prozeduran onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda onesten denean adieraziko da proba egiteko eguna, tokia eta ordua.
7.2.3. Deialdi bakarra eginen da oposizioaldiko probarako, eta izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik baztertuko dira iragarritako egun, ordu eta tokian agertzen ez diren izangaiak edo aipatu diren agirien bidez identifikatzen ez direnak.
7.2.4. Hautaproba egiteko, desgaitasun aitortua duten izangaientzat posible eta beharrezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira, eskabidean eskatu badute.
7.2.5. Oposizioaldian erantzun beharko zaie idatziz test moduko 100 galderari, 120 minutuan gehienez. Galderok izanen dira deialdi honen II. eranskineko gai-zerrendako gaiei buruzkoak. Galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena.
Proba hasi baino lehen zehaztuko da zer irizpide erabiliko den proba baloratzeko eta zer penalizazio izanen duten aukerako erantzunak dituzten galderetan egindako akatsek.
Ariketa horretan gehienez 60 puntu lor daitezke. Bazterturik geldituko dira ariketaren balioaren (30 puntu) %50 lortzen ez duten izangaiak.
7.2.6. Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen du aurkeztutako izangaien zerrenda, iragarki-taulan eta https://sedeelectronica.mendigorria.es/ webgunean, lortutako behin-behineko kalifikazioekin, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du, interesdunek telematikoki alega dezaten eskubidekotzat jotzen duten guztia. Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, behin betiko emaitzak argitaratuko dira.
7.3. Lehiaketaldia: 40 puntu.
7.3.1. Oposizioaldia bukaturik, 10 egun balioduneko epea irekiko da oposizioaldia gainditzen duten izangaiek merezimenduak egiaztatzeko dokumentazioa aurkez dezaten.
7.3.2. Alegatzen dituzten merezimenduak egiaztatzeko agiriak modu telematikoan aurkeztu beharko dira https://sedeelectronica.mendigorria.es/ helbidean, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein bitarteko erabiliz. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun-azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, eta mezu elektronikoa bidali beharko da ayuntamiento@mendigorria.es helbidera, bat etorriz III. eranskineko merezimenduen baremoan ezarritako apartatuekin.
Horri dagokionez, honako hauek aurkeztu beharko dira:
–Egindako zerbitzuen ziurtagiria, kasuan kasuko administrazio publikoko organo eskudunak emana, non zehatz-mehatz jasoko baitira Mendigorriko Udala ez diren beste administrazio publiko batzuetan eginiko zerbitzuak, III. eranskineko baremoan ezarritakoaren arabera. Bertan, honako hauek jaso beharko dira berariaz: lanpostuaren izena plantilla organikoaren arabera, sailkapen maila, zerbitzu bakoitzaren hasiera eta bukaera datak, eta bidezko den beste edozein datu gehigarri.
–Deialdiaren III. eranskinean ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztiak frogatzeko agiriak.
7.3.3. Merezimenduak baloratzean, kontuan hartuko dira soilik deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunera arte egindakoak.
Alegatutako merezimenduak deialdi honen III. eranskinean ageri den baremoari jarraikiz kalifikatu eta puntuatuko dira.
7.3.4. Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, merezimenduen baremoan apartatu bakoitzerako adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
Azalpenak eta datu osagarriak eskatzen ahalko dira izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduen gainean.
7.3.5. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
7.3.6. Merezimendu-lehiaketaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu izangaiek eskuratutako behin-behineko puntuazioak, iragarki-taulan eta https://sedeelectronica.mendigorria.es/ webgunean, eta bost egun balioduneko epea emanen da, interesdunek alegazioak aurkez ditzaten, bide telematikoz, beren eskubideen alde komeni zaienaren arabera.
7.3.7. Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkezturiko erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira iragarki-taulan eta https://sedeelectronica.mendigorria.es/ webgunean.
7.4. Azken kalifikazioa.
7.4.1. Azken kalifikazioa izanen da oposizioaldian eta lehiaketaldian lortutako puntuazioen batura.
7.4.2. Prozeduran parte hartzen dutenen puntuazioan berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldian puntuaziorik handiena dutenen alde.
Berdinketak segitzen badu, ebatziko da merezimendu profesionalen atalean puntuazio handiena lortu duenaren alde.
Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinduta segitzen badute, berdinketa ebatziko da kalifikazio-epaimahaiak eginen duen berariazko zozketa bakar baten bidez. Berdinduta dauden izangai guztiei zenbaki bana emanen zaie, ordena alfabetikoaren arabera, eta zenbaki horietako bat aukeratuko da ausaz. Horrela, berdinketa guztiak ordena alfabetikoaren arabera ebatziko dira, zozketan ateratzen den zenbakia duen pertsonaren deituretatik eta izenetik abiaturik.
7.4.3. Oposizioaldia eta lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen du prozesua gainditu dutenen zerrenda, iragarki-taulan eta https://sedeelectronica.mendigorria.es/ webgunean, eta, halaber, organo eskudunari igorriko dio, baldintzak frogatzeko eta lanpostu hutsak hautatzeko izapideak egin daitezen.
8.–Betebeharrak frogatzea eta lanpostu hutsak hautatzea.
8.1. Izapide hori egin eta gero, lanpostu hutsak aukeratzeko ekitaldirako deia eginen da, argitara emanez aukera daitezkeen lanpostu hutsen zerrenda eta hautaketa egitera deitutako izangaien zerrenda (lanpostu hutsak hautatzeko lehentasun ordenari jarraikiz). Bertan adieraziko da, halaber, izangaiek zer baldintza frogatu dituzten eta 10 eguneko epea dutela lanpostu hutsak hautatzeko.
Informazio hori argitaratuko da iragarki-taulan eta https://sedeelectronica.mendigorria.es/ webgunean.
Ondoren, izangaiek, horretarako ezarritako epearen barnean, aditzera emanen dute beren lehentasun-ordena, lanpostu hutsak eskuratzeko.
8.2. %33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua duten izangaiek, sarrera-prozedurarako zehaztutako lanpostu kopuruan lekurik badute eta lanpostu hutsak hautatzeko ekitaldira deitu badira, lehentasuna izanen dute lanpostu hutsak aukeratzeko orduan, gainerako izangaien aurretik.
8.3. Aurrekoa gorabehera, desgaitasuna duen izangairen bat baldin badago, eta desgaitasun horrek eragina badu lanpostu batean edo bestean jarduteko, lanpostuak banatzen hasi aurretik, desgaitasunera hobekien egokitzen dena eskainiko zaio, balorazio eta orientazio talde eskudunak horren gainean egiten duen txostena aztertu eta gero.
8.4. Lanpostu hutsak hautatzeko 10 egun balioduneko epearekin batera, hautaprobak gainditu eta lanpostua eskuratu duten izangaiek aurkeztuko dituzte honako baldintza hauek betetzen dituztela frogatzeko agiriak (zenbat lanpostu huts eskaini diren, beste hainbeste izangaik eskura ditzakete lanpostuak):
a) Deialdiaren I. eranskinean eskatzen diren tituluen kopia konpultsatua, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu direla frogatzen duen gordekinarena, edo, bidezkoa denean, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik titulua eskuratzeko moduan egotea frogatzen duen ziurtagiria.
9.–Izendapen edo kontratazio proposamena eta agiriak aurkeztea.
9.1. Behin lanpostu hutsak hautatzeko izapidea bukaturik, epaimahaiak organo eskudunari igorriko dio izangaiak izendatzeko edo kontratatzeko proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamenean jasoko dira eskainitako lanpostu kopuruan sartzen diren izangaiak, puntuazio handiena izateagatik sartu ere.
9.2. Izangaiek, lanpostu hutsak hautatzeko hamar egun balioduneko epe horren barrenean, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute:
a) Nortasun agiri nazionalaren kopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Txosten mediko ofiziala, frogatzen duena ez dutela karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dien eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
c) Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.
d) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko dutela, Konstituzioari eta legeei men eginen dietela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituztela.
9.3. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen dira izendatu edo kontratatu agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaiak eta, orobat, deialdiko 3. oinarrian eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela frogatzen ez dutenak. Halakoetan, baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, beren eskabideko faltsukeria dela-eta.
9.4. Aurreko apartatuan jasotako kasuan, hutsik geratu den lanpostua beteko da 7. eta 8. oinarrietan aipatzen den izangaien zerrendaren arabera lanposturako baldintzak betetzen dituen hurrengoarekin, eta izangai horrekin erabiliko da aurreko apartatuetan adierazitako prozedura bera.
9.5. Deialdi honen xedeko lanposturako baldintzak eta betebeharrak frogatzeko agiriez gainera, beste agiriren bat beharrezkoa baldin bada eskudantziak betetzeko, proposatzen den izangaiari eskatuko zaio, eta hark aurkeztu beharko du, deialdi honen 9.2 apartatuan ezarritako moduan.
10.–Izendapena, lanpostu hutsen adjudikazioa eta jabetza hartzea.
10.1. Toki erakundeko funtzionario izendatuko dira, kasuan kasuko lanpostuan aritzeko, aurreko oinarrietan ezarritakoa betetzen duten izangaiak, eta lanpostu hutsak esleituko zaizkie.
10.2. Izendapenak edo kontratazioak eta lanpostuaren jabetza hartzeak nomina eta plantillako funtzionario finko bilakatuko ditu izendatuak, eta indarreko xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak izanen dituzte. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean alta emanen zaie, araubide horretan ezarritakoaren babesean.
Aurrekoa gorabehera, aplikatuta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bederatzigarren xedapen gehigarriaren 3. puntua (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua), Nafarroako Administrazio Publikoen edozein montepioren eskubide pasiboen araubide batean afiliaturik daudenek bi aukera izanen dituzte: edo segitzea martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legearen bidez araututako eskubide pasiboen araubidearen babespean, edo sartzea Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.
10.3. Izendapena edo, hala badagokio, kontratazioa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, kontuan izanik argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen dituela, hala ezartzen baitu 45. artikuluan urriaren 1eko 39/2015 Legeak (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
10.4. Hautatutako izangaiak izendapen-ebazpenean finkatzen den egunean jabetuko dira lanpostuaz.
10.5. Emandako epean, eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez dutenek, toki erakundeko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko dituzte. Hala bada, deialdiaren 9.4 apartatuari jarraituko zaio.
10.6. Funtzionario bihurtzen diren izangaiei, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berek eskatuta, borondatezko eszedentzia ematen bazaie jabetza hartzearen egunetik beretik, indarreko araudian ezarritako kasuetan, hutsik gelditzen den lanpostua ere deialdiaren 9.4 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
10.7. Aurreko bi apartatuetan aipatutako kasuetan, ez da aldatuko izendapenaren edo kontratazioaren aurretik egindako lanpostu hutsen hautaketa. Beraz, egoera horien ondoriozko lanpostuak zuzenean funtzionario edo lan-kontratudun langile finko berriei esleituko zaizkie.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
11.1. Izangaien honako zerrenda hauek eratuko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, eta zerrenda horretan egonen dira hautaketa-prozesuan parte hartu eta plazarik eskuratu ez dutenak; hori dena, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari eta oinarri honetan ezarritako prozedurari.
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrenda.
b) Hautapen-prozesuko oposizioaldirako ezarri den gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaien zerrenda.
11.2. Ebazpen baten bidez, hamar egun balioduneko epea emanen zaie –ebazpen hori eman eta biharamunetik hasita– aurreko apartatuaren arabera aldi baterako kontrataziorako zerrendetan sartzekoak direnei, honako agiri hauek aurkez ditzaten:
–Deialdiaren 3. oinarrian eskatutako tituluaren jatorrizko agiria, edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopia, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
Ebazpen hori argitaratuko da iragarki-taulan eta https://sedeelectronica.mendigorria.es/ webgunean, ukitutako izangaien zerrendekin batean.
11.3. Eskatzen diren agiriak aipatutako epean aurkezten ez dituztenak eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak ez dira sartuko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, eta galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe legokiekeen erantzukizuna, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.
11.4. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
11.5. Dokumentazioa aurkezteko epea bukaturik, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda hauek onetsiko dira, hala behar badu, eta argitara emanen dira iragarki-taulan eta https://sedeelectronica.mendigorria.es/ webgunean.
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrenda.
b) Hautapen-prozesuko oposizioaldirako ezarri den gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaien zerrenda.
11.6. Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez dutenen zerrendan, izangaien ordena ezarriko da hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.
Bestalde, oposizioaldirako ezarri den gehieneko puntuazioaren %30 edo gehiago lortu duten izangaien zerrendan, izangaien ordena ezarriko da oposizioaldian lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan ezarritako irizpideak, berdinketak zozketa bidez hausteari dagokionez.
Goian aipatutako zozketa lehendik egin ez bada, hautapen-prozesuaren une honetan eginen da.
11.7. Aurreko apartatuan ezarritako ordenari dagokionez, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriari jarraikiko zaio. Horren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangai zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, betiere hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin, aintzat hartuz eskuratutako puntuazioa.
11.8. Zerrenda horiek subsidiarioki aplikatuko dira, funtzio publikoan sartzeko hautapen-prozesu baten ondorioz indarrean dauden kontrataziorako izangaien zerrenden atzetik.
12.–Jarduketen publikotasuna.
Deusetan galarazi gabe Nafarroako Aldizkari Ofizialaren bidez modu ofizialean argitaratu beharreko izapideak, proben deialdiei eta kalifikazioei buruz epaimahaiak ematen dituen ebazpenen eta haren jarduketaren gaineko informazioa, bai eta interesdunentzat jakingarri den informazio guztia ere, argitaratuko da iragarki-taulan eta https://sedeelectronica.mendigorria.es/ webgunean.
13.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio administrazioarekiko auzien jurisdikzioko organo eskudunari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen toki-erakundeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Bai aurkezten diren errekurtso guztiak bai haien ebazpena udalaren webgunean argitaratuko dira, hautapen-prozesu honen barneko interesdunei jakinarazpenak eta epatzeak egiteko ondorioetarako.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Zati orokorra.
1. gaia.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: printzipio orokorrak. Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. Koroa. Gorte Nagusiak: osaera eta eginkizunak. Gobernua eta Estatuko Administrazioa. Botere judiziala. Konstituzio Auzitegia: osaera, izaera eta eskumenak.
2. gaia.–Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa: atariko titulua. Nafarroaren eskumenak. Erreforma.
3. gaia.–Nafarroako Parlamentua edo Gorteak: osaera, antolaketa eta eginkizunak. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoa: eginkizunak, prozedura eta ebazpenak.
4. gaia.–Nafarroako Gobernua: eginkizunak. Osaera, izendapena, eraketa eta kargu-uztea. Eskudantziak eta eskumenak. Funtzionamendua. Sostengu eta laguntzarako organoak. Erantzukizun politikoa, Parlamentuaren kontrola eta Parlamentua desegitea. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Nafarroako Gobernuko lehendakariordeak eta kontseilariak.
5. gaia.–11/2019 Foru Legea, martxoaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzkoa. I. titulua: "Xedapen orokorrak". II. titulua: I. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoa". II. kapitulua, "Foru Administrazio Publikoaren antolaketa". III. kapitulua, "Eskumenen erabileraren araubide juridikoa". IV. kapitulua, "Kide anitzeko organoak". III. titulua: I. kapitulua, "Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren antolaketa". VI. titulua: I. kapitulua, "Pertsonen eskubideak".
6. gaia.–Administrazio egintzak. Administrazio egintzen betekizunak. Egintzen efikazia. Deuseztasuna eta deuseztagarritasuna. Egintzak administrazio-bidetik berrikustea: ofiziozko berrikuspena eta administrazio errekurtsoak. Administrazio prozedurari buruzko xedapen orokorrak: prozedurako interesdunak. Administrazio publikoen jarduna: jarduteko arau orokorrak; baldintzak eta epeak. Prozeduraren bermeak. Prozeduraren hasiera, antolamendua, instrukzioa eta amaiera. Betearazpena.
7. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua: langile motak. Funtzionario publikoak hautatzea. Funtzionario izaera eskuratu eta galtzea. Administrazio karrera. Administrazio egoerak. Lanpostuak betetzea. Eskubideak eta betebeharrak.
8. gaia.–5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa: xedapen orokorrak. 3/2018 Lege Organikoa, abenduaren 5ekoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.
Xedapen orokorrak.–Datu pertsonalen babesaren printzipioak. Pertsonen eskubideak. 3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Gizonen eta Emakumeen Berdintasun Eragingarriari buruzkoa: berdintasun printzipioa eta bazterkeriaren kontrako babesa. 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.
Berariazko zatia.
9. gaia.–Garbiketa zerbitzuaren antolamendua eta kontrola Lan taldeak. Garbiketako langileen eginkizunak.
10. gaia.–Garbiketako kontzeptu orokorrak. Zikinkeria motak eta ezabatzeko moduak. Garbiketa motak.
11. gaia.–Garbiketaren alderdi ekologikoak: oinarrizko kontzeptuak. Hondakinen ezabatzea.
12. gaia.–Garbiketako oinarrizko tresnak eta lanabesak. Garbiketako materialaren zainketa.
13. gaia.–Garbitzeko makinak eta sistemak. Erraz erabiltzen diren aparatu elektromekanikoak: xurgagailuak eta antzekoak.
14. gaia.–Zoruak, paretak eta sabaiak garbitzeko prozedurak eta teknikak: motak eta eskatutako tratamendua.
15. gaia.–Altzariak garbitzea. Sailkapena eta kontserbazioa. Orbanak ezabatzea eta tratatzea.
16. gaia.–Kristalak eta ispiluak garbitzea: barrualdea/kanpoaldea garbitzea. Kristalezko gainazalak: motak, kristalen ezaugarriak eta zikinkeria motak.
17. gaia.–Eskolen garbiketa. Ikasgelen, komunen, tailerren, espazio komunen, jantokien eta kanpoko espazioen garbiketa.
18. gaia.–Garbitzeko produktuak: motak, manipulazioa, dosifikazioa, biltegiratzea eta etiketatzea. Produktu bakoitzaren ezaugarriak. Produktu horien gaineko arau orokorrak. Garbiketak eragindako desinfekzioa. Arriskuak identifikatzea produktu horiek erabiltzerakoan.
19. gaia.–Hondakin eta zaborren gaikako bilketa: identifikazioa, sailkapena eta tratamendua.
20. gaia.–Ehunen garbiketa eta mantentze-lanak. Ikuztegia.
21. gaia.–Laneko segurtasun eta osasunari buruzko ezagutzak: arrisku motak eta horiei aurrea hartzea; norbera babesteko ekipoak.
22. gaia.–Garbiketa lanak eskoletako beste lan eta eginkizun batzuekin duen lotura.
23. gaia.–Eskolen garbiketa eta desinfekzioa COVID eta beste epidemia batzuen garaian.
24. gaia. – Sukaldeen arriskuen analisia eta kontrol-puntu kritikoak (APPCC). Sukaldeko oinarrizko nozioak arlo hauetan: jasotzea, biltegiratzea eta garbitzea.
25. gaia.–Elikadura osasungarri eta iraunkorraren oinarriak. Oinarrizko menua haur-eskoletan.
III. ERANSKINA.–MEREZIMENDUEN BAREMOA
a) Merezimendu profesionalak: gehienez ere 30 puntu.
Administrazio publikoetan kasuan kasuko deialdia argitaratzen den egunera arte egindako zerbitzuak baloratuko dira, gehienez 30 punturekin, puntuazio honen arabera:
1. Deialdiaren xede den lanpostu berean Mendigorriko Udalean aldi baterako egindako zerbitzuak: 4 puntu, egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
2. Mendigorriko Udalean, beste lanpostu batzuetan, egindako zerbitzuak: 0,50 puntu egindako zerbitzu urte oso bakoitzeko.
3. Beste administrazio publiko batzuetan, lanpostu berean, egindako zerbitzuak: 1,50 puntu zerbitzu-urte oso bakoitzeko.
a.1, a.2 eta a.3 apartatuetarako oharrak:
1. Gehienez 30 puntu emanen dira a) apartatu honetan.
2. Urteen kopurua osoa ez bada, emanen da zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa.
3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik bukaera arte, edozein izanik ere egindako lanaldiaren ehunekoa.
4. Ez dira baloratuko deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
5. Izangaia egon bada prestakuntzarako zerbitzu berezietan edo jarduneko zerbitzu bereziko egoeran, halako aldiak kontatuko dira benetan bete duen lanpostuan egindako zerbitzu bezala.
Izangaia zerbitzu berezietan egon bada beste arrazoi batzuengatik, edo eszedentzia berezian egon bada, edo unitate organiko bateko buru edo zuzendari lanetan, halako aldiak kontatuko dira egoera horietan sartzean zuen lanpostuan egin izan balitu bezala.
6. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira aldi berari dagozkionez. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.
b) Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 10 puntu.
1. Mendigorriko Udalean lanpostu berean sartzeko azken prozesua gainditu izana, baina plazarik eskuratu gabe: 5 puntu.
2. Beste titulu akademiko batzuk.
2.1. Titulazio ofizialak eta master-tituluak, maila berekoak edo goragokoak, deialdian sartzeko bidea ematen duen titulazioa baloratu gabe: 1,25 puntu titulazio ofizial bakoitzeko, 2 titulazio gehienez ere: 2,50 puntu gehienez.
2.2. Deialdiaren xede den lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza-ekintzak, 10 orduko edo gehiagokoak eta 2010eko urtarrilaren 1a baino geroagokoak direnak: 0,5 puntu prestakuntza-ekintza bakoitzeko. Gehienez, 5 prestakuntza-ekintza baloratuko dira, eta, hortaz, 2,50 puntu eskuratzen ahalko dira gehienez.
B2.1 eta B2.2 apartatuetarako ohar garrantzitsua: titulazio eta prestakuntza-ekintza guztiek lotura izan beharko dute deialdiko lanpostuarekin, zeharkako prestakuntza-ekintzak barne, hala nola informatika, berdintasuna edo prebentzioa.
3. Hizkuntzak.
Ingelesa, frantsesa, alemana eta euskara: baloratuko da ingelesa, frantsesa edo alemana jakitea –Europar Batasuneko laneko hizkuntzak diren aldetik– eta, orobat, euskara jakitea, betiere, plantilla organikoaren arabera hizkuntza horiek jakitea beharrezkoa ez den lanpostuetan: 0,50 puntu gehienez emanen dira hizkuntza bakoitzeko.
Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren C1 mailaren pareko jakite-maila frogatzen duen titulua edo ziurtagiria duenari, emanen zaio aurreko apartatuetan hizkuntza bakoitzarentzat ezarritako baloraziorik handiena.
Titulu edo ziurtagiri hori izan ezean, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren A1 mailaren pareko titulu edo ziurtagiri bat izanez gero, gehienez eman daitekeen puntuazioaren 1/5 jasoko da; A2 mailaren parekoa izanez gero, 2/5; B1 mailaren parekoa izanez gero, 3/5; eta, B2 mailaren parekoa izanez gero, 4/5.
Iragarkiaren kodea: L2502686
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
