Iragarkia
45. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 6a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
MENDIGORRIA
Deialdia, administrari laguntzailearen funtzionario lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Mendigorriko Udalak, alkatearen 2025eko urtarrilaren 17ko 46. Ebazpenaren bidez, besteak beste, honako erabaki hau hartu zuen:
ERABAKIA:
1. Deialdia eta oinarriak onestea, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko administrari laguntzailearen funtzionario lanpostu bat, C mailakoa, Mendigorriko Udalaren zerbitzura aritzeko.
2. Agintzea deialdia argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Mendigorriko Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.mendigorria.es).
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Mendigorrian, 2025eko otsailaren 17an.–Alkatea, Ion Erro Arbizu.
Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatutakoari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:
OINARRIAK
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea administrari laguntzailearen funtzionario lanpostu bat, C mailakoa, Udalaren bulegoetan aritzeko. Lanpostuak 7 zenbakia du plantilla organikoan, eta plantillan ezarritako ordainsariak dagozkio.
Era berean, eta 11. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da administrari laguntzaile lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda bat eratzea, probak gainditu baina lanpostu hutsa betetzen ez duten izangaiekin.
Oposizio-lehiaketa honako hauetan xedatutakoari jarraikiz eginen da: indarreko Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia, eta ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua (horren bidez onetsi zen Langileak Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).
1.2. Izendapenak Mendigorriko Udaleko nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, eta indarra duten xedapenetan ezarrita dauden eskubide eta betebehar guztiak izanen ditu lanpostuaz jabetzen den egunetik aurrera. Orobat, alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.
1.3. Lanpostua C mailakoa da eta haren ordainsaria Nafarroako administrazio publikoetako langileei maila horretan dagokiena da, bai eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere.
1.4. Urteko lanaldia izanen da Udalaren bulegoetako gainerako langileek duten bera, eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; beraz, Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.5. Bere lanbide mailako eta kategoriako eginkizunak beteko ditu, besteak beste, jendea hartzea, ordenagailuak erabiltzea, testu tratamendua, kudeaketa programak eta, oro har, administrazio-langileek berezkoak dituzten eginkizunen barnean agintzen zaizkion lan guztiak, exekuzio zereginak barne. Halaber, beharrezkoa bada, jarduketak eta kudeaketak eginen ditu Udalaren bulegoetatik kanpo.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Prozeduran onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea, Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estatu batekoa. Parte hartzen ahal dute, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu batzuetako herritarren ezkontideek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, baldin zuzenbidez bananduta ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.
c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, gutxienez ere edukitzea Eskola Graduatuaren edo Lehen Mailako Lanbide Heziketaren titulua edo ofizialki horien baliokidea den beste titulu bat, edo halako tituluak eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
d) Atzerrian lortutako tituluak badira, aipatu egunean eduki beharko da homologazioa ziurtatzen duen agiri ofiziala edo, hala behar denean, baliokidetzaren ziurtagiri ofiziala.
e) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea, ez eta diziplinazko kaleratze bidez despeditua ere.
Espainiako nazionalitatea ez izanik parte hartu nahi dutenek aurkeztu beharko dute zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik galarazten dienik, kasua bada, funtzio publikoan sartzea.
Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio, langileen zirkulazio askea aplikatzen den eremuko estatu batekoen kasuan, itunaren frogagiria aurkeztu beharko da.
Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira oinarri honetan ezarritako baldintza guztiak, bai eta hautapen prozesuak iraun bitartean ere, izendapena egiten den arte. Gerora horietakoren bat ez betetzea nahikoa arrazoi izanen da deirik ez egiteko, harik eta arrazoi hori desagertu arte.
2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak baldintza horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.
3.–Eskabideak eta agiriak.
3.1 Deialdian parte hartzeko eskabideak Mendigorriko Udaleko erregistro orokorrean (Foruen plaza, 1 31150) aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 30 egun naturaleko epean, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako gainerako bideak ere erabil daitezke eskabideak aurkezteko. Eskaera posta bulego batean aurkezten bada, gutun azal ireki batean aurkeztuko da, postako langileek eskabideari data eta zigilua jar diezazkioten, eta mezu elektronikoa bidali beharko da helbide honetara: ayuntamiento@mendigorria.es.
Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Mendigorriko Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Barañaingo Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://sedeelectronica.mendigorria.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabil daiteke erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein.
Eskabideak deialdi honen I. eranskineko ereduari lotu behar zaizkio. Haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.
Baldin epearen azken egun baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.
3.2. Parte hartzeko eskabidearekin batera, honako hauek aurkeztu beharko dira:
–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
–Eskatutako tituluaren kopia, edo titulua lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
–Lehiaketaren baremoko irizpideen arabera baloratzen ahal diren merezimendu guztiak frogatzen dituen dokumentazioa.
–Sexu delituen ziurtagiria.
3.3. Desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera. Halaber, azterketak egiteko egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, denboraren nahiz baliabideen aldetik. Kasu horretan eskabidean bertan adierazi beharko dute, eta, horrez gainera, aparteko orri batean azaldu beharko dute zer desgaitasun duten eta zer egokitzapen eskatzen dituzten.
3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahal dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.6. Merezimenduak frogatzeko dokumentazioari dagokionez, agiriek jaso beharko dute baremoa aplikatzeko eskatzen den informazio guztia; aski izanen da agiri horien kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak. Hori guztia, ezertan galarazi gabe 7. oinarrian xedatutakoa.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Mendigorriko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta iragarki-taula elektronikoan (https://sedeelectronica.mendigorria.es) argitaratzeko.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiei erantzun ondoren, Mendigorriko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du, ebazpenean bertan adierazirik oposizioko lehen ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua eta epaimahaiaren behin betiko osaera.
Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da onartuen behin betiko zerrenda.
4.4. Onartuen zerrendan agertzea ez da aski deialdian eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere esku daukana azterturik, eskatutako baldintzetako bat betetzen ez dutela ikusiz gero, interesdunek galduko dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
4.5. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.b) artikuluan ezarritako ondorioetarako (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
4.6. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, iragarki-taula elektronikoan (https://sedeelectronica.mendigorria.es).
5.–Kalifikazio epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
–Epaimahaiburua: Ion Erro Arbizu, Mendigorriko Udaleko alkate udalburua.
- Ordezko epaimahaiburua: Naiara Azcoiti Artazo, Mendigorriko Udaleko lehen alkateordea.
–1. epaimahaikidea: Ana Cristina Laborda Cano, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
- Ordezko epaimahaikidea: José Ángel Ipiña Paris, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko administrari-ofiziala.
–2. epaimahaikidea: Elisa Gato Puente, Larragako Udaleko administrari-ofiziala.
- Ordezko epaimahaikidea: María Cristina Arguiñáriz Lamberto, Larragako Udaleko administrari-ofiziala.
–3. epaimahaikidea: Alfredo Muro Ortiz, Mendigorriko Udaleko langileen ordezkaria.
- Ordezko epaimahaikidea: Aritz Erro Arbizu, Mendigorriko Udaleko funtzionarioa, langileen legezko organoek izendatua.
–Epaimahaikide idazkaria: Juan Antonio Echeverría Echarte, Mendigorriko Udaleko idazkaria.
- Ordezko epaimahaikide idazkaria: Eva Mainz Petroch, Artaxoako Udaleko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errekusatzen ahalko dituzte, baldin eta gertatzen badira aipatutako egoerak, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
5.3. Epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da gutxienez. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarriak interpretatu eta aplikatzeko garaian sortzen diren gorabehera guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.
6.2. Lehiaketaldia.
Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurrekoa izanen da, eta gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:
6.2.1. Laneko eskarmentua (gehienez ere 20 puntu).
1. Lanpostu hauetakoren batean egindako zerbitzuengatik toki-erakundeetan eta tokiko sektore publikoa osatzen duten organismo edo erakundeetan, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 2. artikuluan eta horrekin bat datozen xedapenetan aipatutako administrazio publikoaren kontzeptuan sartuta badaude:
–Administrari laguntzaile gisa: 4 puntu urteko.
–Administrari-ofizial gisa: 3 puntu urteko.
2. Lanpostu hauetakoren batean egindako zerbitzuengatik beste administrazio publiko batzuetan:
–Administrari laguntzaile gisa: 2 puntu urteko.
–Administrari-ofizial gisa: 1 puntu urteko.
Aurreko ataletan aurreikusi merezimenduak izangaiak lan egin duen administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko dira eta horiek zenbatzeko kontuan hartuko dira bai lan araubide finkoan edo aldi baterakoan, bai administrazio araubidean, dela bitarteko gisa dela jabetzapeko lanpostuan, egindako zerbitzuak. Dena den, atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretan.
Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.
Zerbitzuak eman izana frogatzen duten ziurtagirietan zehaztu egin beharko da lanaldi osoan edo murriztuan aritu zen, eta murriztuan arituz gero, zenbatekoa zen lanaldia.
Aurreko bi apartatuen batura 20 puntu izanen da gehienez.
6.2.2. Beste merezimendu batzuk (10 puntu gehienez).
–Prestakuntza (7,9 puntua):
Deialdiaren xede den lanpostuari dagozkion gaiei buruzko hobekuntza eta espezializaziorako prestakuntza ikastaro eta ekintzak, erakunde eta zentro ofizialek antolatuak baldin badira, eta administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzarako ekintzak (informatikako prestakuntza eta prestakuntza digitala barne):
- Ordubete eta 5 ordu artean: 0,2 puntu, ikastaro bakoitzeko.
- 5 eta 10 ordu artean: 0,4 puntu, ikastaro bakoitzeko.
- 10 ordutik gora: 0,6 puntu, ikastaro bakoitzeko.
Gehienez ere 7,9 puntu emanen dira, guztira, ikastaroengatik.
- Euskara jakitea (2,1 puntu):
- C.1 Merezimenduen gehieneko puntuan (30 puntu) %7: 2,1 puntu, alegia.
- B.2 Merezimenduen gehieneko puntuan (30 puntu) %6: 1,8 puntu, alegia.
- B.1 Merezimenduen gehieneko puntuen (30 puntu) %5: 1,5 puntu, alegia.
- Euskara-titulurik ez duten izangaiek, eskatuz gero, mailaketa-probak egiten ahalko dituzte, euskara badakitela frogatzeko eta ezagutza hori kontuan hartu ahal izateko merezimenduen balorazioan.
6.2.3. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.
Epaimahaiak bere iritzia arrazoituz baloratuko ditu izangai bakoitzaren kasuan egokitzat jotzen dituen merezimenduak, baremoaren atal bakoitzerako. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu gabeko edo agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, ez eta baremoan ezarritakoez bestelako merezimendurik ere, eta ezin izanen du eman atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik. Baldin eta, merezimenduak alegatzeko aurkezten diren frogagiriak aztertuta, ondorioztatzen bada izangairen batek merezimendu horiek ez dituela, halako merezimenduei emandako puntuazioa kenduko zaio, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta legozkiokeen erantzukizun penalak, zibilak edo administratiboak. Epaimahaiak noiznahi eskatzen ahalko ditu azalpenak eta datu osagarriak, lehiakideek alegatutako merezimenduen gainean.
6.2.4. Lehiaketaldia bukatuta, epaimahaiak izangaien zerrenda, puntuazioarekin batera, argitaratuko du iragarki-taula elektronikoan (https://sedeelectronica.mendigorria.es).
Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, bai Mendigorriko Udaleko erregistro orokorrean (astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara), bai Mendigorriko Udaleko egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoan (https://sedeelectronica.mendigorria.es). Horretarako, eskabide orokorraren izapidea baliatu beharko dute.
6.3. Oposizioaldia.
Oposizioaldiak bi proba izanen ditu, bi egun bereizitan eginen direnak. Behar bezala iragarriko dira, eta aurreikusten da 2025eko ekainetik aurrera hastea.
6.3.1. Lehen proba: test motako galde-sorta bati erantzun beharko zaio idatziz, deialdi honen II. eranskinean ageri diren gaiei buruz. hiru aukera eskainiko dira galdera bakoitzari erantzuteko, baina bakarra izanen da zuzena. Zuzen erantzundako galdera bakoitzak 1 puntu balioko du, eta erantzun oker bakoitzeko 1/3 puntu kenduko dira.
Ariketa honetan, gehienez, 40 puntu eskuratzen ahalko dira. Bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.
6.3.2. Bigarren proba: praktikoa. Administrazio agiri ofizial bat edo batzuk prestatu beharko dira, oposiziogileei emaniko datuak baliatuz, zeinak loturik egonen baitira bete beharreko lanpostuari dagozkion zerbitzuekin; edo, bestela, kasu praktiko bat edo batzuk bideratu beharko dira, zeinak loturik egonen baitira bete beharreko lanarekin. Epaimahaiak erabakiko du proba honetan zer eskatu. Edonola ere, deialdiaren II. eranskineko gaiei buruzkoa izanen da.
Epaimahaiak idatziz planteatzen ahalko du kasu praktiko bakoitza. Orobat, gerta liteke epaimahaiak eskatzea agiria eskuz idatz dadila.
Proba honetan alderdi hauek baloratuko dira: agiriaren aurkezpena eta epaimahaiak emaniko datuako ongi jaso izana.
Bigarren proban gehienez 30 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko 15 puntu erdietsi behar dira gutxienez.
6.3.3. Probak egiteko ez da inolako testurik kontsultatzen ahalko, ez eta hiztegirik edo antzeko beste materialik ere. Mutur lodiko bolaluma urdina edo beltza soilik erabiltzen ahalko da. Izangaiek oharrak kopiatzen badituzte edo bestelako iruzurrik egiten badute, berehalakoan baztertuko dira probetatik.
Kalifikazio-epaimahaiak ezarriko du bi proba horien gehieneko iraupena, hasi baino lehen.
6.3.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda, bai eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua ere, iragarki-taula elektronikoan (https://sedeelectronica.mendigorria.es).
Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, 5 egun naturaleko epean, bai Mendigorriko Udaleko erregistro orokorrean (astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara), bai Mendigorriko Udaleko egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoan (https://sedeelectronica.mendigorria.es). Horretarako, eskabide orokorraren izapidea baliatu beharko dute.
6.3.5. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.
7.1. Oposizioaldia eta lehiaketaldia amaituta eta fase bakoitzean lortutako puntuazioen batura eginda, epaimahaiak iragarki-taula elektronikoan (https://sedeelectronica.mendigorria.es) argitaratuko du izangai gaindituen zerrenda, oposizio-lehiaketan eskuratu duten puntuazioaren arabera ordenatuta. Orobat argitaratuko du administrari laguntzailearen lanpostuan aldi batez aritzeko kontratazioetarako izangaien zerrenda (11. oinarrian aipatzen da zerrenda hori).
7.2. Parte-hartzaileen artean berdinketarik gertatuz gero, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du, kontuan izanik lehen proba teorikoan zeinek eskuratu duen puntuaziorik handiena. Arestian ezarritako irizpideak aplikatuta ere berdinketak badirau, kalifikazio-epaimahaiak ebatziko du berariazko zozketa bakar baten bidez. Probaren emaitzak ikusgai jarriko dira Mendigorriko Udaleko egoitza elektronikoaren iragarki-taulan.
7.3. Proba gainditu dutenen zerrenda, lorturiko puntuazioaren araberako ordenan, bai eta administrari laguntzailearen lanpostuan aldi batez aritzeko kontratazioetarako izangaien zerrenda (11. oinarrian aipatzen da zerrenda hori) alkate udalburuari igorriko zaizkio eta, horiekin batera, hautapen prozesuaren espediente osoa, onets dezan eta puntuaziorik handiena lortu duenaren aldeko izendapena egin dezan. Epaimahaiko buruak proposamen hori argitaratuko du iragarki-taula elektronikoan: https://sedeelectronica.mendigorria.es.
8.–Agiriak aurkeztea.
8.1. Izendapen proposamena iragarki-taulan argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:
–Deialdian eskatutako tituluaren kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
–Osasun ziurtagiri ofiziala, egiaztatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunak betetzea.
–Zinpeko adierazpena, aditzera emanik ez dagoela eginkizun publikoetarako ezgaitu edo gabeturik eta ez dutela kendu inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
–Lehiaketaldian alegatutako merezimenduak frogatzeko kopia autentifikatuak. Agiri horiek ez badira zehatzak edo bat ez badatoz lehenago aurkeztu eta lehiaketaldian baloratu zirenekin, izangaiaren aldeko izendapen-proposamena baliorik gabe geldituko da automatikoki, eta deialditik baztertuko da.
8.2. Agiri horiek ez badira aurkezten adierazitako epean, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaia ezin izanen da izendatu, eta haren jarduketa guztiak deuseztatu eginen dira; hori, ezertan eragotzi gabe erantzukizuna eskatzeko eskabidean faltsukeria egiteagatik.
8.3. Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 apartatuak aipatzen duen zerrendan ondotik datorren izangaiarekin beteko du hutsunea epaimahaiburuak, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
9.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
9.1. Hautapen prozesua bukatutakoan, eta prozedura gainditu eta puntuaziorik handiena eskuratu duen izangaiak 8.1 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Mendigorriko Udaleko alkate udalburuak toki-erakundeko funtzionario izendatuko du, administrari laguntzailearen lanpostuan jardun dezan. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.2. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Mendigorriko Udaleko funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Kasu horretan, deialdiaren 8.3 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.
10.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
–Mendigorriko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Datuak tratatzeko oinarri juridikoa DBEOren 6.1.b) artikulua da. DBEOren 6.1.c) artikulua, kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren alderdi bat denean, edo berak eskatuta kontratu aurreko neurriak aplikatzeko beharrezkoa dena. Tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari dagokion lege betebehar bat betetzeko.
–Datuak zein helburutarako bildu diren, helburu hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuak komunikatuko dira legeak xedaturiko kasuetan, barne direla oinarri hauetan adierazitako toki eta bitartekoetako argitalpenak.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, haiek zuzentzeko eta ezerezteko, tratamendua mugatzeko eta haren kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz aurrez aurre edo postaz, egoitza elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.mendigorria.es, eskabide orokorraren izapidea) edo posta elektronikoko helbide honen bidez: ayuntamiento@mendigorria.es.
–Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari. Ordezkariak gehienez ere bi hilabeteko epean helaraziko die bere erabakia.
11.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda.
11.1. Hautaketa-prozesuan parte hartu baina plazarik lortu ez dutenei dei egiten ahalko zaie Mendigorriko Udalean izan daitezkeen premiei erantzuteko, bat etorriz deialdi honetan eta aplikatzekoak diren gainerako arauetan ezarrita dagoenarekin.
Horretarako, aldi baterako kontratazioetarako izangaien bi zerrenda hauek eratuko dira:
1) Oposizio-lehiaketa gainditu baina plazarik eskuratu ez dutenak, lortutako guztiko puntuazioaren arabera ordenatuta.
2) Oposizio-lehiaketa gainditu ez baina oposizioaldiko lehendabiziko proba gainditu dutenak, proba horretan eskuratutako puntuazioaren arabera ordenatuta. Berdinketarik gertatuz gero, zozketa bidez ebatziko da, horretarako deitutako ekitaldi publikoan. Zozketa aurrekoaren ordezkoa izanen da, deien ondorioetarako.
Zerrenda horiek 7.1 oinarrian aipatutako zerrendarekin batera argitaratuko dira.
11.2. Dei egiteko, kontuan hartuko da abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuan desgaitasuna duten pertsonak enplegu publikoan sartzeari buruz ezarritakoa. Mendigorriko Udalari dagokio egiaztatzea dagozkion zeregin eta eginkizunekiko bateragarritasuna.
11.3. Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako beste telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.
11.4. Behin betiko zerrenda onetsi eta argitaratu ondoren, izangaiei dei eginen zaie zorrozki jarraituz puntuazio ordenari. Udal idazkaritza arduratuko da zerrenda kudeatzeaz, eta zorrozki beteko du Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarrita dagoena (aldi baterako kontratuak kudeatzeko arauak onesten dituen foru agindua).
Hautatutako izangaiek, beste eperen bat adierazi ezean, dagokion kontratua sinatu beharko dute, horretarako abisatzen zaien egunetik 5 eguneko epean, eta lan-kontratua formalizatzeko behar den dokumentazioa aurkeztu beharko dute (NANa, langabezia-txartela, Gizarte Segurantzako txartela). Horrekin batera, zinpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, administrazio publikoren batean inolako kargu edo lanpostutik kanporatu ez dutela eta funtzio publikoak betetzeko desgaituta ez daudela adieraziz.
Eskainitako lanpostu bati uko egiten diotenek edo ezarritako epearen barruan eskatutako dokumentazioa aurkezten ez dutenek galdu eginen dute zerrendetan jarraitzeko eskubidea, bidezko arrazoia egiaztatzen duten kasuetan izan ezik, Alkatetzaren ebazpen bidez balioetsiko baita. Ondorio horietarako, bidezko arrazoitzat joko da beste lanpostu batean aritzea dei egiten dioten unean.
Era berean, zerrendatik kanpo geratuko dira sinatutako kontratuan agertzen den egunean lanpostura itzultzen ez diren izangaiak, kontraturi borondatez uko egiten diotenak edo probaldia gainditzen ez dutenak.
11.5. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:
a) Aldi baterako ezintasuna.
b) Amatasun edo aitatasun baimena.
c) Hiru urtez azpiko haurra zaintzea, edo hiru urtez azpiko adingabea harrera iraunkorrean edo adoptatua izatea.
d) Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
e) Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epearen barnean.
f) Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.
g) Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.
Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute –uko egin dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik– agiri bidez eta modu fede-emailean justifikatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.
Baldin epe barrenean aurkezten ez bada kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa, izangaia zerrendako azken tokira iraganen da.
Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz prest daudela lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
11.6. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:
a) Kontratazio eskaintza onartu eta gero, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta horren arrazoia baldin bada beste kontratu bat sinatu dela beste entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
c) Lanpostutik alde egitea.
d) Probaldia ez gainditzea, kontratuan halakoa ezarri den kasuetan.
e) Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoaren edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
11.7. Deia jasotzen dutenek aurkeztu beharko dute deialdian titulazioari eta bestelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.
11.8. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira alkateak emandako ebazpen bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
12.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzendua Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari, erabaki hau edo errekurritzen den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean, aurretik organo egileari errekurritzeko asmoaren berri emanik; edo bertzela,
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu edo errekurritzen den aplikazio egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–DEIALDIAN ONARTUA IZATEKO ESKABIDEA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua. Nafarroako toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua. Udalerriak. II. kapitulua. Beste toki-erakunde batzuk. III. kapitulua. Toki-korporazioetako kideak. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Hiritarren partaidetza eta informazioa. IV. titulua. Toki-erakundeen ondasunak. V. titulua. Jarduerak, zerbitzuak eta obrak. IX. titulua: Nafarroako toki-erakundeen jarduketak: prozedura eta araubide juridikoa, aurkaratzea eta kontrola: bereziki, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendutako gora jotzeko errekurtsoa (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).
2. gaia.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea. I. titulua. Toki Ogasunen baliabideak. II. titulua. Udal zergak. III. titulua. Aurrekontua eta gastu publikoa (kenduta V. eta VI. kapituluak).
3. gaia.–Administrazio prozeduretako interesdunak. Administrazio publikoen jarduera eta administrazio-egintzak (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: I., II. eta III. tituluak).
4. gaia.–Administrazio prozedura erkideari buruzko xedapenak eta egintzak administrazio bidean berrikustea (39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa: IV. eta V. tituluak).
5. gaia.–Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina (salbu II. tituluko XI. kapitulua eta V. eta VI. tituluak).
6. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: atariko tituluaren III., IV. eta V. kapituluak. zehatzeko ahalmenaren printzipioak, administrazio publikoen ondare-erantzukizuna, eta sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
7. gaia.–12/2006 Foru Legea, azaroaren 21ekoa, Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistroari eta Katastroei buruzkoa. Atariko titulua. 2. eta 3. kapituluak.
8. gaia.–1/2017 Legegintzako Foru Dekretua, uztailaren 26koa, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duena. V. titulua. Administrazioaren esku-hartzea lurzoruaren eraikuntzan eta erabileretan, eta hirigintza arloko diziplina.
9. gaia.–5/2018 Foru Legea, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. I. titulua. Xedapen orokorrak.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horretan indarrean dagoen araudiaren arabera eskatuko dira.
Zer egunetan argitaratzen den deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean, egun horren arabera baloratuko dira merezimenduak.
Iragarkiaren kodea: L2502685
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
