Iragarkia
45. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 6a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
MENDABIA
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratudun finkoen araubidean eta errelebo-kontratuaren modalitatean, kontratatzeko kulturako teknikari bat, kirol teknikariaren eginkizunak dituena
Alkatetzaren 2025eko otsailaren 17ko ebazpen baten bidez, deialdi publiko bat onetsi da, bete dadin, oposizio-lehiaketa bidez, Mendabiako Udalaren zerbitzuko kulturako teknikariaren lanpostu bat, kirol teknikariaren eginkizunak dituena, lan-kontratudun finkoen araubidean jarduteko. Horrenbestez, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikuluarekin, honako oinarri hauek argitaratzen dira (aipatutako foru dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua):
OINARRIAK.–DEIALDIA, MENDABIAKO UDALAREN ZERBITZUKO KULTURAKO TEKNIKARIAREN LANPOSTU BAT, KIROL TEKNIKARIAREN EGINKIZUNAK DITUENA, BETETZEKO OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ ETA LAN-KONTRATUDUN FINKOEN ARAUBIDEAN, ERRELEBO-KONTRATUAREN MODALITATEAN
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da betetzea kulturako teknikariaren lanpostu bat, kirol teknikariaren eginkizunak dituena, oposizio-lehiaketa bidez, lan-kontratudun finkoen araubidean eta errelebo-kontratuaren modalitatean, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoaren babesean erretiro partziala hartzen duen langilea behin betiko erretiratzen den unera arte (2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onesten duena. Mendabiako Udaleko plantilla organikoan 2.1 zenbakia dauka lanpostuak.
Era berean, eta 9. oinarrian ezarritakoarekin bat, deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat eratzea, kulturako teknikariaren lanpostua aldi baterako betetzeko, lehen proban puntuazioaren %30 gutxienez lortu duten izangaiekin.
1.2. Izendapenak Mendabiako Udaleko lan-kontratudun finko mugagabe bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta hartan izena emanen.
1.3. Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien B mailako ordainsariak ditu lanpostuak, bai eta plantilla organikoan ezarritako ordainsari osagarriak ere; gaur egun %23,73koa da lanpostuko osagarria.
1.4. Urteko lanaldia Nafarroako administrazio publikoetako langileei dagokiena izanen da; goizeko txandetan, eta igande eta jaiegunetan, une jakin batzuetan.
Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta urte bakoitzerako onesten den egutegian jasoko da. Halere, organo administratibo eskudunek aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren funtzionamenduan sortutako beharrei erantzuteko.
1.5. Bete beharreko eginkizunak egokituko zaizkie deialdiaren kategoriari eta lanpostuaren mailari, eta, besteak beste, aipamen hutsez eta bestelakoak baztertu gabe, honako hauek izanen dira:
–Programa eta jarduera kulturalak diseinatu, planifikatu, kudeatu eta ebaluatzea; harremanak ezartzea erakundeekin; aurrekontua kudeatzea eta gastuak kontrolatzea; ardurapeko instalazioen erabilera kudeatzea.
–Herriko elkarte eta mugimenduekin harremanetan egotea; eta jarduera-eremuko jarduerak eta gainerako zereginak koordinatzea; udalerrian izaten diren kultur gertakarien berri ematea.
Era berean, udal bulegoetatik kanpo eginen ditu jarduketak eta gestioak, baita asteburuetan eta jaiegunetan ere, beharrezkoa bada.
–Ekintza-plangintzak proposatzea, esleitutako azpiegitura edo kultura-guneetarako.
–Espazioak eta materialak erabiltzeko eskaerak ebaztea, eta daten eta ordutegien banaketa planifikatzea.
–Aurkezten diren kultura arloko jarduerei eta ikuskizun-proposamenei harrera egitea, proposamen horiek bideratzea eta, hala badagokio, Udalari igortzea.
–Planifikatutako helburuak betetzeko esleitutako aurrekontua aplikatzea.
–Laguntzak eta dirulaguntzak prestatzea eta kontrolatzea, bai eta horiek behar bezala inbertitzen direla zaintzea ere.
–Proposatzea nola arautu, nola aplikatu eta nola kontrolatu behar diren laguntzak eta dirulaguntzak, halakoak udalerrian diharduten beste erakunde batzuei ematekoak direnean.
–Kultura-proposamenak egitea, hautemandako beharretatik sortutakoak, eta erabiltzaileek egin eskaeretatik bere eskumenekoak diren horiek ebaztea.
–Aldaketak proposatzea bere ardurapeko esku-hartze kulturaleko programen eta proiektuen plangintzak garatzean.
–Kultura-jardueren programazioa proposatzea, eta programazio hori eraginkortasunez eta behar besteko aurrerapenaz jakinaraztea publiko potentzialari. Horretarako, IKTak, hedabideak eta kanalak erabiltzea; esate baterako, tokiko prentsa eta irratiak, webgunea, sare sozialak eta udalaren app-a.
–Jaiekin, kultura-ekitaldiekin eta turismo-ekitaldiekin lotutako kudeaketak.
–Mendabiako arte-sorkuntza sustatzea eta bultzatzea auzotarren eta gizarte- eta kultura-eragileen artean.
–Ekimen komunitarioko jarduerak Udalaren berezko jarduerekin koordinatzea.
–Guneak ongi erabiltzen direla egiaztatzea, eta haien erabilera-araudia betearaztea.
–Kultura eta Kirol Zinegotzitzak planifikatu eta koordinaturiko kirol jarduerak kudeatzea.
–Mendabiako kirol-eraikin eta -instalazioak kudeatzen laguntzea, instalazioen zerbitzuaren enpresa adjudikaziodunarekin batera, Kirol Zinegotzitzaren koordinaziopean.
–Herriko kirol taldeei laguntza eta aholkua ematea.
–Bere jarduera esparruan, herritarren mugimendu eta ekimenak sustatu eta sostengatzea, baterako jarduerak egiteko.
–Antolaturiko jarduera eta programak iragartzeaz eta ezagutarazteaz arduratzea.
–Aipatutakoez gain, bestelako zereginak betetzea, halakorik aginduz gero ezarritako helburuak lortu beharrez, betiere karguari dagozkion gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat etorririk.
–Bere lanpostuarekin zerikusia duten beste eginkizun batzuk, Mendabiako Udalak agintzen dizkionak.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartua izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean hauetako bat izatea, edo lortzeko moduan egotea: unibertsitateko diploma edo gradua, ingeniaritza teknikoko titulua, arkitektura teknikokoa edo baliokidea, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan jarduteko, eta ez egotea administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua.
f) Mendabiako Udalaren kontuan (3.3 oinarrian zehaztua) 15 euro sartzea, azterketa eskubideak ordaintzeko.
g) B1 motako gidabaimena edukitzea.
2.2. Kontratatzeko proposatzen den izangai gaindituak frogatu beharko ditu adierazitako betekizun horiek deialdi honen 7. oinarrian ezarritako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko ditu, eta mantendu hautapen prozesuak iraun bitartean, izendapena egin arte.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Mendabiako Udaleko alkate udalburuari zuzenduko zaizkio, eta hogeita hamar egun naturaleko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Mendabiako Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara, edo oinarrizko gizartze zerbitzuan ko Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoa erabiliz (https://sedeelectronica.mendavia.es), eskabide orokorraren izapidea baliatuta. Orobat, eskabideak aurkezteko erabil daitezke urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabide horiek deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduaren araberakoak izan beharko dute.
3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.
b) 15 euro ordaindu izanaren frogagiria, azterketarako eskubideak izateko.
Zenbateko hori Mendabiako Udalaren honako kontu honetan ordaintzen ahalko da:
–Nafarroako Rural Kutxa: ES97 3008 0022 0507 0123 3827.
Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek:
–Izangaiaren izen-deiturak.
–Kontzeptua: kulturako teknikariaren azterketa.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.5. Ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira eskabidean atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, noiznahi.
3.6. Desgaitasunen bat aitortua duten izangaiek, baldin egokitzapenik behar badute denboran edo baliabideetan, ariketak egin ahal izateko, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako desgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere (jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua), organo eskudunak emana.
3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Mendabiako Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du, izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Mendabiako Udalaren gardentasun atarian, honako esteka honetan:
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzitakoan, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Udalaren iragarki-taulan eta Mendabiako Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian, aurrerago adierazitako estekan:
Ez badago izangai bazterturik behin-behineko zerrendarako, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.
4.4. Azterketa eskubideak ez dira itzuliko, baldin izangaiak bazterturik gelditzen badira izangaiei berei egozten ahal zaien arrazoi batengatik.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa, bai eta epaimahaiaren behin betiko osaera, aldaketarik badago. Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu garaiz, Mendabiako Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:
Epaimahaiburua: María José Verano Elvira, Mendabiako Udaleko alkate udalburua.
Epaimahaiburuaren ordezkoa: Blas Verano Salcedo, Mendabiako Udaleko alkateordea.
Epaimahaikide titularra: Ana Martinez Barbarin, KUNAko (Nafarroako Kultur Kudeaketako Profesionalen Elkartea) kidea, Lodosako Udaleko kulturako teknikaria.
Ordezko epaimahaikidea: Esther Martínez Peláez, KUNAko eta ATEDENAko (Nafarroako Udal Kirolaren Elkarte Teknikoa) kidea, Leringo Udaleko kirol eta kulturako teknikaria.
Epaimahaikide titularra: Javier Paz Jimenez, KUNAko eta ATEDENAko kidea, Azagrako Udaleko kirol eta kulturako teknikaria.
Ordezko epaimahaikidea: Raquel Astudillo Madorrán, ATEDENAko kidea, San Adriango Udaleko kirol teknikaria.
Epaimahaikide titularra: Javier Martinez Elvira, Mendabiako Udaleko Kultura, Kirol eta Gazteriako zinegotzia.
Ordezko epaimahaikidea: Marcos Vergara Pisón, Mendabiako Udaleko zinegotzia.
Epaimahaikide idazkari titularra: Jon Urteaga Alameda, Mendabiako Udaleko idazkaria.
Ordezko epaimahaikidea: Nafarroako udal bateko idazkaria.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
5.3. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.4. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenik eta oposizioaldia gero.
6.2. Oposizioa 2025eko ekainetik aurrera hasiko da.
6.3. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen, oposizioaldiaren aurretik izanen da, eta gehienez ere 5 puntu lortzen ahalko dira, baremo honen arabera:
6.3.a) Administrazio publikoetan, B mailan, kultura teknikari lanpostuan emandako zerbitzuengatik: 1 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.
6.3.b) Administrazio publikoetan, C mailan, kultura teknikari lanpostuan emandako zerbitzuengatik: 0,70 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 5 puntu.
6.3.c) Administrazio publikoetan B mailan kirol teknikari lanpostuan emandako zerbitzuengatik: 0,60 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.
6.3 d) Administrazio publikoetan C mailan kirol teknikari lanpostuan emandako zerbitzuengatik: 0,50 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 4 puntu.
Oharrak:
1. Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan emandako egunei dagokien puntuazio proportzionala emanen zaie izangaiei.
Aurreko apartatuen batura ez da izanen 5 puntu baino handiagoa.
2. Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak.
3. Egindako zerbitzuak baloratuko dira zerbitzu bakoitzaren hasiera egunetik amaierara arte, egindako lanaldiaren ehunekoa edozein dela ere.
4. Izangaia zerbitzu berezietan egon den aldiko zerbitzuak kontatuko dira benetan betetako lanpostuan egindako zerbitzu gisa. Zaintzagatiko eszedentzia berezia salbuespena izanen da, halakoetan hartuko baita izangaiak egoera horretara iristeko unean zuen lanpostuan egindako zerbitzutzat.
5. Aurreko azpiapartatuetan emandako puntuazioak bateraezinak izanen dira epe berari dagozkionean. Halakoetan, kasu bakoitzean handiena den puntuazioa emanen da.
6. Egin diren zerbitzuak frogatzeko, administrazio kontratatzaileak emandako ziurtagiriak soilik erabiliko dira, bai eta lan-bizitza ere, horiekin batera.
Epaimahaiak ezin izanen du inola ere kontuan hartu alegatu gabeko eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du puntuazio handiagorik eman, apartatu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioa baino.
6.3.e) Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak ikusgai jarriko du lorturiko puntuazioa Mendabiako Udalaren iragarki-taulan, bakoitzak lehiaketaldian eskuratu dituen puntuak zehazturik. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Mendabiako Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00ak arte, edo Mendabiako Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (ttps://sedeelectronica.mendavia.es), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.
6.4. Oposizioaldiak honako ariketa hauek izanen ditu:
6.4.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati. Galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Ariketa honengatik gehienez 45 puntu emanen dira, eta gutxienez 22,5 puntu eskuratu beharko dira gainditzeko. Puntuak kenduko dira erantzun okerrengatik, proba egin aurretik kalifikazio-epaimahaiak erranen duen eran.
6.4.2. Bigarren proba: praktikoa. Bigarren proban, kasu praktiko bat edo batzuk ebatziko dira, eta izangaiek aukera izanen dute deialdiko lanpostuaren eginkizunei buruz dituzten ezagutza praktikoak idatziz frogatzeko, II. eranskineko gai-zerrendan jasotako gaiei dagokienez.
Edukiaz gain, honako hauek ere baloratuko dira: idatziz adierazteko gaitasuna, izangaiaren ekarpen pertsonala, argitasuna eta ideien ordena, eta laburtzeko gaitasuna.
Bigarren proban gehienez 50 puntu emanen dira, eta proba gainditzeko 25 puntu erdietsi behar dira gutxienez.
6.4.3. Ariketak baztertzaileak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da.
6.4.4. Gutun-azal itxien sistema erabiliko da. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, kalifikazio-epaimahaiak ikusgai jarriko ditu kalifikazioen zerrenda eta gutun-azal itxiak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, Mendabiako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
6.4.5. Epaimahaiak, gutun-azal itxiak jendaurrean ireki ondotik, Mendabiako Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun atarian argitaratuko ditu oposizioko ariketa bakoitzaren behin-behineko emaitzak. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Mendabiako Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00ak arte, edo Mendabiako Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz (https://sedeelectronica.mendavia.es), eskabide orokorraren izapidea baliatuta.
6.4.6. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Udalaren iragarki-taulan eta Mendabiako Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren aldekokontratazio proposamena igorriko dio alkate udalburuari. Proposamen hori Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko bigarren ariketan (proba praktikoan) puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinketak badirau, zozketa publikoa eginen da.
7.2. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturaleko epean, eta, nolanahi ere, 2025eko azaroaren 1a baino lehen, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela frogatzeko agiriak Mendabiako Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:
a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.
b) Tituluaren jatorrizko agiria edo kopia autentikoa, edo hura lortzeko eskubideak ordainduak dituela erakusten duen ordainagiria.
c) Langabezian dagoela eta autonomia-erkidegoko enplegu-zerbitzu publiko batean enplegu-eskatzaile gisa izena emanda dagoela egiaztatzen duen agiria, lanpostuan hasteko ezarritako eguna baino lehen (2025eko azaroaren 1a).
d) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena interesdunak ez duela eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik, eragozten dionik lanpostuko eginkizunetan aritzea.
e) Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
f) Zin egitea edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
g) B1 motako gidabaimenaren kopia.
h) Justizia Ministerioaren ziurtagiria, sexu-delituei buruzkoa, Haurrak eta Nerabeak Indarkeriatik Begiratzeko Babes Integralaren ekainaren 4ko 8/2021 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera.
7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da kontratatu, eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek deusetan galarazi gabe erantzukizuna eskatzea eskabidean egindako faltsukeriagatik, kasua bada.
7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
8.–Kontratazioa.
8.1. Hautapen-prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Mendabiako Udaleko alkate udalburuak kontratatuko du jardun dezan Mendabiako Udaleko kulturako teknikariaren lanpostuan, lan-kontratudun finko mugagabearekin eta errelebo-kontratuaren modalitatean.
8.2. Kontratazio hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.3. Izendatutako izangaiak 2025eko azaroaren 1ean hasi beharko du lanpostuan. Bestela, behar bezala justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskubide guztiak galduko ditu Mendabiako Udaleko lan-kontratu finkoko langile izateko. Kasu horretan, deialdiko 7.4 oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatuarekin bat, eta deialdi honen 1.1 oinarrian ezarritakoarekin bat, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda prestatuko da, probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiekin.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien beste zerrenda bat eratuko da, halaber, oposizioko lehen ariketan gutxienez 13,5 puntu lortu dituzten izangai baztertuekin. Zerrenda horretan ez da gehituko lehiaketaldia, lehen ariketan lortutako puntuazio-ordenari jarraikiko zaio, eta zerrendan berdinketa gertatzen bada, zozketa bidez ebatziko da.
9.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda argitaratuko da udaletxeko iragarki-taulan eta Mendabiako Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
9.3. Lortutako azken puntuazioaren arabera ezarriko da zein den ordena aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan.
9.4. Kontratazio-zerrendek lehentasuna izanen dute indarrean diren aurreko zerrenden aurretik, halakorik badago; halaber, indarrean iraunen dute kontrataziorako beste deialdi bat egiten den arte.
9.5. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda kudeatzeko arauak.
A) Deia:
Probak gainditu dituzten izangaien kontratazioa, oro har, eginen da zerbitzuaren beharren arabera banakako deiak egin ondotik.
Izangaiek harremanetarako zenbait telefono, posta helbide edo fax-zenbaki ematen ahalko dituzte, azkar lokalizatu ahal izateko, eta eguneraturik eduki beharko dituzte.
Zerrenda bakoitzean dagoen hurrenkeraren arabera deituko zaie izangaiei. Aurreko hori gorabehera, deitzerakoan kontuan hartuko da ezarrita dagoena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean, zazpigarren xedapen gehigarriaren 3. apartatuan.
Izangai bati kontratua telefonoz eskaintzen zaionean, gutxienez hiru dei eginen zaizkio emandako komunikazio-bideen bitartez, bi eguneko epean.
Dei bakoitzaren idatzizko oharra jasoko da, adierazita gorabeherak, eguna eta ordua.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen diren lanpostua edo lanpostuak bete arte.
Izangaiek zerrendan zuten postuari eutsiko diote, baldin haiekin harremanetan jartzerik izan ez bada.
Deietarako oro har ezarritakoa gorabehera, deialdi honen ondoriozko aldi baterako kontratu bat dela bide, izangai bat lanean ari denean edo aritu denean Mendabiako Udalean, baldin eta kontratu hori bukatu eta hurrengo 12 hilabeteen barnean berdina den lanpostu bat bete behar bada Udalean, Administrazioak izangai horri berari eskainiko dio kontratua, dagokion zerrendan libre badago dei egiten zaionean.
Kontratudun batek kontratuari uko egiten ahalko dio iraupen luzeko beste bat hartzeko, baldin eta haren zerrendaren esparrukoa bada eta hari badagokio hurrenkeraren arabera.
B) Uko egitea:
1. Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetako batean dagoela frogatu ezean:
1.–Indarrean dagoen izendapen, kontratu administratibo edo lan kontratu batengatik horretara behartua egotea.
2.–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea, edo lizentzia edukitzea umea izateagatik edo adoptatzeagatik.
3.–Zaindu behar izatea 3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba, naturala nahiz adoptatua.
4.–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena, adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
5.–Izangaia ezkondu berria izatea edo balio bereko egoeran sartu berria, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrentzako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eta lanpostuari uko egiten badio egoera horiek gertatu ondoko edo aurreko hamabost egun naturaleko epean.
Aurreko apartatuan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek edo pareko egoeretan daudenek (kontratazio arloan eskumena duen organoak baloratuko du egoera hori) hilabeteko epea izanen dute, ukatutako lanpostua eskaintzen zaien egunetik hasita, hori agiriekin eta modu frogagarrian egiaztatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute.
Artikulu honetako lehen apartatuan aipatutako kasu guztietan, izangaiek jakinaraziko dute noiz dauden berriz zerbitzurako prest. Horretarako, aurkeztu beharko dituzte uko egitea ekarri zuen egoera noiz bukatu den adierazten duten agiriak. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
C) Zerrendatik kanpo gelditzea:
Izangaiak honako kasu hauetan geldituko dira deia egiteko erabili den zerrendatik kanpo:
a) Eskainitako lanpostuari arrazoirik gabe uko egitea.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea.
c) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea.
9.6. Kontratatzen direnei alta emanen zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko; beraz, haien kargura egonen da kasuan kasuko kuota, bai eta PFEZaren atxikipena ere (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), bidezko diren zenbatekoetan.
10.–Datuen babesa.
Mendabiako Udala da deialdi honetan parte hartzeagatik izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna. Tratamenduaren helburua da kulturako teknikariaren oposizio-lehiaketaren deialdia kudeatzea eta izapidetzea.
Hona tratamenduaren oinarri juridikoa: Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.c) artikulua (tratamendua beharrezkoa da tratamenduaren arduradunari aplikagarria zaion lege-betebeharra betetzeko), eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 6.1.b) artikulua (tratamendua beharrezkoa da interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko).
Eman diren datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko 12/2007 Foru Legea eta Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Legez ezarritako kasuetan argitaratuko dira datuak, deialdian ezarritakoaren arabera, eta komunikatzen ahalko dira bat etorriz maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoarekin (Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko Foru Legea).
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deusezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan edo egoitza elektronikoaren bidez (https://sedeelectronica.mendavia.es/).
Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
11.–Errekurtsoak.
11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
11.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke Mendabiako Udaleko alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta hilabeteko epean, egoitza elektronikoko gardentasun atarian.
Mendabian, 2025eko otsailaren 18an.–Alkate udalburua, María José Verano Elvira.
I. ERANSKINA.–ESKAERA EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia.–Zabalkundea, publizitatea, publikoentzako arreta eta horien kudeaketa kultura-jardueretan.
2. gaia.–Kultura-proiektuen diseinua. Egitura, faseak eta edukia. Helburuak eta ekintzak. Proiektua garatzeko baliabideak. Aurrekontua. Jarraipena eta kontrola. Ebaluazioa.
3. gaia.–Festetako eta kulturako jarduerak programatu eta gauzatzea.
4. gaia.–Mendabiako historia eta tradizioak. Ondare arkitektonikoa eta interes turistikoko puntuak. Herriko jaiegunen egutegia.
5. gaia.–Kultura-etxe bateko jarduerak programatu eta gauzatzea. Kultura-ekipamendu motak eta horiek esku-hartze kulturalean duten berariazko balioa.
6. gaia.–Mendabiako Udaleko Kultura Zerbitzuaren antolaketa eta ezagutzea tokiko kultura eragileak, ospakizunak eta elkarteak.
7. gaia.–Artea eta kultura: 19E/2024 Foru Agindua, martxoaren 18koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana; haren bidez Nafarroako udalerriei dirulaguntzak emateko deialdi bat onesten da "Artea eta Kultura 2024" programaren barruko arte jarduerak egin ditzaten.
8. gaia.–Komunikazio eta zabalkunderako estrategiak kultura-ekintzan. Publikoen fidelizazioa eta heziketa.
9. gaia.–Publiko berrien kudeaketa eta kultura bitartekaritza.
10. gaia.–Kultura-kudeatzailea: prestakuntza profesionala. Enpatia lanerako dohain gisa. Harremana beste kultura-eragile batzuekin eta artistekin. Publikoarekiko harremana.
11. gaia.–Udalaren kultura-jardueraren finantzaketa iturriak, publikoak zein pribatuak. Administrazio publikoen aurrekontuak. Autofinantzaketa. Mezenasgoa. Babesa eta publizitatea.
12. gaia.–Nafarroako Gobernuko Kultura Zuzendaritza Nagusiaren esku-hartze ildoak, Nafarroako toki entitateei lotuak. Deialdiak, programak, dirulaguntzak.
13. gaia.–Nafarroako antzokien sarea.
14. gaia.–Mendabiako kirol-jarduera, udalarena nahiz klub eta taldeena.
15. gaia.–1/2019 Foru Legea, urtarrilaren 15ekoa, Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzkoa. Eskubide kulturalak. Kulturarako irispidea izateko eta bizitza kulturalean parte hartzeko eskubidea. Administrazio Publikoen erantzukizuna kulturaren arloan.
16. gaia.–14/2005 Foru Legea, azaroaren 22koa, Nafarroako Kultur Ondareari buruzkoa. I., II., III. eta IV. tituluak.
17. gaia.–15/2001 Foru Legea, uztailaren 5ekoa, Nafarroako Kirolari buruzkoa. I., II., III., IV., V., VI. eta VII. tituluak.
18. gaia.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, hizpide duena administrazio publikoen administrazio prozedura erkidea: I. titulua: prozeduran interesdun direnak; jarduteko gaitasuna eta interesdun kontzeptua; ordezkaritza; administrazio-prozeduran interesdunek beren burua identifikatzea eta sinatzea. II. titulua: administrazio publikoen jarduera: arau orokorrak, erregistroak, administrazio-isiltasuna, epemugak eta epeak (zenbaketa). III. titulua: administrazio egintzak: baldintzak. Efikazia, jakinarazpena. IV. titulua: administrazio prozedura erkidea. Bermeak. Faseak.
19. gaia.–40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa: abstenitzea eta errekusatzea. Administrazio publikoaren ondare-erantzukizuna eta administrazio publikoen zerbitzuko agintari eta langileen erantzukizuna. Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa.
20. gaia.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. II. titulua: udalerria. I. kapitulua: lurraldea eta biztanleria. II. kapitulua: antolamendua. V. titulua: toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak. I. kapitulua: funtzionamenduaren araubidea. IV. kapitulua: herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea.
21. gaia.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa: I. titulua: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa. I. kapitulua: Udalerriak. III. titulua: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Hiritarren partaidetza eta informazioa. IV. titulua: toki-erakundeen ondasunak. V. titulua: jarduerak, zerbitzuak eta obrak.
22. gaia.–2/1995 Foru Legea, martxoaren 10ekoa, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa: Nafarroako toki ogasunen baliabideak. Udal zergak. Aurrekontua eta gastu publikoa.
23. gaia.–2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Atariko titulua; I. titulua: xedapen orokorrak (III. kapitulua, IV. kapitulua, V. kapitulua, 2., 3. Eta 5. atalak).
24. gaia.–38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Dirulaguntzei buruzkoa. Atariko titulua: Xedapen orokorrak. I. titulua: dirulaguntzak emateko eta kudeatzeko prozedurak. II. titulua: dirulaguntzak itzultzea.
Oharra: Udalak ez ditu gaiak garaturik emanen. Gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legediaren arabera.
Iragarkiaren kodea: L2502553
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
