45. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 6a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

133E/2025 EBAZPENA, otsailaren 18koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuaren txostena egiten baita Kasedan heste artifiziala egiteko dagoen instalazio batean biomasa-galdara instalatzeko proiektuari buruz. Proiektuaren sustatzailea Viscofan España SLU da.

2024ko irailaren 30ean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen-inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Viscofan España SLUren (aurrerantzean, Viscofan) Kasedako fabrikak NA-534 errepidearen ondoko industria-lurzorua okupatzen du (Oibar-Kaseda tartea). Han, zelulosazko, kolagenozko, zuntzezko eta plastiko-xaflazko bilgarriak ekoizten eta eraldatzen dira elikagaien industriarako, eta jatorri termiko konbentzionaleko energia elektrikoa sortzen da. Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emaniko uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez, jardueraren aldeko ingurumen-inpaktuaren azken adierazpena formulatu zen.

Aldatzen den jarduera nagusia Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 5. taldeko a) letraren 2. puntuan sartzen da. Bestalde, lurruna ekoizteko galdara abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 4. taldeko a) apartatuan dago.

Hau da aldaketa: 5 MW-eko potentzia termiko baliokidea duen biomasa-galdara bat, instalazioko prozesuetarako lurruna ekoizteko eta jardueran sortutako bilgarrien hondar %100 biodegradagarriak balorizatzeko (07 02 99 EHZ kodeko hondakina). Galdarak urtean 12.500 tona zurezko biomasa eta 3.800 tona hondakin kontsumituko ditu.

Beste instalazio batzuk ere proiektatu dira (materialak biltegiratzeko nabeak, galdararen funtzionamendurako elementuak, zerbitzu-eraikinak, etab.). Galdararekin batera, 1.610 m²-ko azalera hartuko dute, 4.600 m²-ko eremu urbanizatu berri baten barnean, fabrikaren ipar-ekialdean.

Proposamenak emisio-foku berri bat dakar jardueran (14. fokua), 27,8 m-ko altuerako tximinia izanen duena. Aldaketaren industria-urak (galdararen purgak), estalkietako euri-urak eta eremu horretan lan eginen duten langileen ur beltzak bereizita bilduko dira, fabrikak sortutako gainerako uren mota bakoitzaren arabera tratatzeko. Sorturiko errauts eta zepak baimendutako kudeatzaile bati emanen zaizkio.

Txosten honen I. eranskinean, proposamenaren informazio kartografikoaren irudi bat dago (aurkezturiko ingurumen-dokumentaziotik aterea).

Aipaturiko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarria betetzeko, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die administrazio publiko ukituei eta interesdunei. Zehazki, kontsulta egin die Kasedako Udalari, Airearen Kalitate eta Klima Aldaketaren Atalari, Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari eta Hondakinen Atalari (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua), Ekologistak Martxan Iruñeari, Gurelur elkarteari, Lurra elkarteari eta Sustrai Erakuntza Fundazioari. Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalak jakinarazi du ez dela aurreikusten ingurunearen ingurumen-kalitatearekin bateraezina den eraginik planteatutako aldaketarekin loturik, kontuan harturik proiektuaren kokapena (industria-eremu finkatuan) eta sustatzaileak proiektua egokitu behar duela 2019/2010 (EB) Betearazpen Erabakian ezarririko Teknika Erabilgarri Onenetara (2019/2010 (EB) Betearazpen Erabakia, Batzordeak emana, 2019ko azaroaren 12koa, hondakinak errausteko teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezartzen dituena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat etorriz). Baliabide-kontsumoa eta emisio atmosferiko eta akustikoen, isurketen eta hondakinak sortzearen gaineko ukipenak dagokien izapidean ebaluatuko dira, ingurumen-baimen integratuaren izapidean, zeina egiten ari baita kontsulta egin den ingurumen-ebaluazioaren izapidearekin batera.

Proiektuaren azterketa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta:

Jarduera honen bidez, energia-iturri berriztagarri bat erabiliko da Viscofan instalaziorako ur-lurruna ekoizteko, erregai fosilen ordez. Horretaz gain, aukera emanen du jardueran sorturiko errefusa biodegradagarri jakin batzuk balorizatzeko.

Galdara berriaren funtzionamenduaren ondorioz gertatzen ahal diren ingurumen-kalitatearen gaineko ondorioak (airearen kalitatea, zarata, hondakinak eta lurzorua eta ura kutsatzea) jardueraren ingurumen-baimen integratuaren espedientean baloratuko eta kontrolatuko dira.

Fabrika Natura 2000 Saretik kanpo badago ere, "Aragoi ibaiaren erdiko tartea" kontserbazio bereziko eremua (KBE) dago haren inguruan. Kasedako lurretan, Aragoi ibaiko ibilgua eta ibarbasoak, Oibarko edo Bizkaia sakanaren eta Zareko sakanaren ahoak daude KBE horren barnean. Handitzea aipatu Bizkaia sakanaren ahotik 540 m ingurura dago, zeina KBEan baitago.

Proiektuko lurzatia industrialdearen barnean dagoenez, jarduerak ez du eragin zuzenik KBE horretan inbentariaturiko habitatetan, floran eta faunan, ez eta haren kudeaketa-planak babesturiko gainerako ingurumen-balioetan ere. Nolanahi ere, obrak ez badira behar besteko kontrol-neurriekin egiten, baliteke lantegitik kanpoko laborantza- edo baso-eremuei ukipenak eragitea.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47. artikuluak xedatzen duenez, ingurumen-organoak ebazpen arrazoitu batez erabakiko du proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta igaro behar duen edo ingurumenaren gaineko eragin kaltegarri adierazgarririk ez duen, ingurumen-inpaktuaren txostenean ezarritako moduan.

Kontsulten emaitzatik abiatuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak, Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez, zehazten du jarduerak ez duela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta jarduera berriaren ingurumen-baimen integratuan eta ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritako baldintzak betetzen badira, hargatik eragotzi gabe indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren beste baimen batzuk lortzea.

Ingurumen-ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Kasedako udal-mugartean heste artifiziala egiteko dagoen instalazio batean biomasa-galdara instalatzeko proiektuak ez du eragin nabarmenik ingurumenaren gainean, ingurumen-inpaktuaren txosten honetan ezarritakoaren arabera, eta, beraz, ez da beharrezkoa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluaren 1. atalean ezarritako aurreikusitako ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta egitea. Proiektuaren sustatzailea Viscofan España SLU da.

2. Aurrekoari jarraikiz, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

Aplikatzekoak dira Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emaniko uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpena II. eranskineko (Funtzionatzeko ingurumen-baldintzak) 5. puntuan ezarririko neurriak.

3. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen-txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean jartzen ahal direnak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau helaraztea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Kasedako Udalari, Basozaintzari (10. barrutia, "Tafalla-Zangoza") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko otsailaren 18an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

AURKEZTURIKO DOKUMENTAZIOTIK ATERATAKO PROPOSAMENAREN PLANOA

Iragarkiaren kodea: F2502672