1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
57E/2025 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita elikagaien bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazio baten ingurumen-baimen integratuan ezarritako funtzionamendu-baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioa Kasedako udal-mugartean dago eta haren titularra Viscofan España SLU da.
Instalazio horrek badu ingurumen-baimen integratua, Ingurumeneko eta Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez emana, gero Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 25eko 446E/2024 Ebazpenaren bidez aldatua.
2024ko azaroaren 29an, titularrak eskatu du ingurumen-baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko; zehazki, prozesuko bainuaren hondakinaren EHZ kodea aldatzeko-ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortutako hondakinen zerrendan.
Titularrak adierazi du prozesu-bainuko hondakin bat sortzen dela kolagenozko bilgarri artifizial jangarriak fabrikatzeko Kasedako instalazioko prozesuan. Bilgarriak estrusionatzean, kontzentratzaile batean barna birzirkulatzen du bainuak, eta horri esker berriz erabiltzen ahal da. Agortu ondotik, andel batera bidaltzen da, hondakin gisa kudeatzeko. Bi aukera daude hondakina kudeatzeko:
a) Zuzenean deskargatzea kudeatzaile bati bidaltzeko. Horretarako, 02 02 03 EHZ kodea eskatu du.
b) Lurrungailu batean tratatzea (han, uraren bi heren kentzen dira). Kasu honetan, 02 02 04 EHZ kodea eskatu du kudeatzeko.
Gaur egun, hondakin hori 16 03 06 EHZ kodearekin ekoizten da (16 03 05 kodean zehaztutakoez bestelakoak diren hondakin organikoak), eta kode hori egokitzat jotzen da.
2014/955/EB Erabakian adieraziaren arabera, hondakin bat zerrendan kokatzeko, 01.tik 12.era bitarteko kapituluetan edo 17.etik 20.era bitartekoetan bilatu behar da hondakinak sortzen dituen iturria, eta hondakinari dagokion sei zifrako kodea bilatu behar da (kapitulu horietako 99 bukaera duten kodeak izan ezik).
Adierazi den prozesu-bainuko hondakinaren kasuan, bainuak baditu zenbait konposatu kimiko, kolageno-masaren koagulazioaren bidez sorturiko gelari hura prozesatzeko eta saltzeko behar diren ezaugarriak eta osaera emateko. Kolagenozko tripa egitearekin lotura badu ere, ez da sartzen ahal 02. kapituluan ("Nekazaritza, baratzezaintza, akuikultura, basogintza, ehiza eta arrantzako hondakinak; elikagaiak prestatu eta egitean sortzen diren hondakinak"). Izan ere, prozesu kimiko gisa du lotura kolagenozko tripa ekoizteko prozesuarekin, eta hori, gehienez ere, 07. taldean sartuko litzateke ("Prozesu kimiko organikoen hondakinak") edo, bestela, 16. taldean.
Adierazi behar da, halaber, hestebeteak fabrikatzeko bilgarri gisa erabiltzen dela nagusiki tripa, eta fabrikaturiko kolagenozko tripa mota guztiak ez direla jangarriak.
Interpretazio bera aplikatzen da 02 02 apartatuan ("Haragia, arraina eta animalia-jatorriko beste elikagai batzuk prestatzetik eta elaboratzetik sorturiko hondakinak"). Behiaren azalaren zati batetik sortzen da kolagenozko tripa, baina, horretarako, prozesu fisiko eta kimiko batzuk behar dira, besteak beste, prozesu-bainuan egiten direnak, eta, horren ondorioz, bainu-hondakina ez da elikadura-hondakina.
Azkenik, ez zaio inola ere ematen ahal 02 02 03 EHZ kodea ("Kontsumorako edo lantzeko desegokiak diren materialak") bainuaren hondakinari. Izan ere, elikagai baten hondakinei legokieke hori, gehienez ere, kasu honetan kolagenozko tripari, arrazoiren batengatik kontsumitzen ahalko ez balira baina instalazioan ekoitzitako produktuaren gehiena kontsumitzen ahalko balitz, eta ez prozesu-bainuari, inola ere ez baita kontsumitzen ahal eta ez baita elikagaitzat jotzen.
02 02 04 EHZ kodea ("Efluenteen bertako tratamenduaren hondakinak") emateari dagokionez, 02 kapituluan eta 02 02 apartatuan ez sartzeari buruz adierazirikoaz gain, hondakina (glizerina urarekin) likidoa da, eta haren ezaugarri fisikoak ez dira lohi batenak (02 02 04 EHZ kodearen deskribapena, hain zuzen ere). Horrek arazoak eragin ditzake hondakina maneiatzean, biltegiratzean, garraiatzean edo kudeatzean.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du ez dela onargarria; izan ere, eskatzen dena ez dator bat instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.
Ebazpen-proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko izapidean egon da hamabost egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztutako alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Ukatzea Kasedako udal-mugartean elikagaien bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazioaren ingurumen-baimen integratuan ezarritako funtzionamendu-baldintzetan eskatutako aldaketa. Instalazioaren titularra Viscofan España SLU da.
Bigarrena.–Ukatzea Kasedako udal-mugartean elikagaien bilgarri artifizialak fabrikatzen dituen instalazioaren ingurumen-baimen integratuan ezarritako funtzionamendu-baldintzetan eskatutako aldaketa. Instalazioaren titularra Viscofan España SLU da.
Hirugarrena.–Mantentzea instalazioaren ingurumen-baimen integratuan jasotako baimen eta inskripzioen indarraldia, hondakinak sortu eta kudeatzeari dagokienez, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean. Ingurumen-baimen integratu hori Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren uztailaren 5eko 402E/2019 Ebazpenaren bidez eman zen.
Laugarrena.–Ebazpen honetan agertzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan zehaztutakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), eta, subsidiarioki, Ingurumenean eragina duten jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Seigarrena.–Ebazpen honek ez du bukatzen administrazio-bidea, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko titularrari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea Viscofan España SLUra eta Kasedako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko otsailaren 12an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2502240