1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
47E/2025 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez partez onartzen baita hondakinetatik abiatuta erregaiak egiten dituen eta hondakinetarako transferentziagunea ere baden instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Instalazioa Lizarrako udal mugartean dago eta haren titularra Chipala Medioambiente SL da.
Instalazio horrek ingurumen baimen integratua du, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren azaroaren 4ko 2230/2009 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren abuztuaren 13ko 369E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu zena.
2024ko otsailaren 23an, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aldatzeko, zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskinean, sortzen diren hondakinen zerrendan, beste hondakin batzuk sartzeko eta ongarriak egiteko prozesua kentzeko.
Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, ondorioztatu du araztegiko lohietatik abiatuta ongarriak egiteko prozesua (Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abuztuaren 25eko 225E/2017 Ebazpenaren bidez baimendua) kentzea bat datorrela instalazioaren funtzionamendu egokiarekin, kontuan izanda instalazioan inoiz ez dela gauzatu prozesu hori eta titularrak uko egin diola etorkizunean egiteari.
Instalazioan sortzen diren hondakinen zerrendan mota gehiago sartzeari dagokionez (hondakinetatik abiatuta erregaiak egiteko prozesuaren barnean), zerbitzu honek balorazio hau egin du eskatutako hondakin bakoitzerako:
PROZESUA | HONDAKINA | EUROPAKO HONDAKINEN ZERRENDA | BALORAZIOA |
R120802 Hondakinak egokitzea frakzio erregaiak lortzeko. Beste batzuk // Erregaiak elaboratzea hondakin ez-arriskutsuetatik abiatuta, R12 | Burdin metalak | 191202 | Ez da bidezkoa. Hondakina dagoeneko sartua dago ingurumen baimenean, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendariaren maiatzaren 17ko 195E/2024 Ebazpenaren bidez |
Zura, 191206* kodean zehaztuta dagoenaz bestelakoa | 191207 | Onartzen da |
Plastikozko ontziak | 150102 | Partez onartzen da, baldin eta kudeatutako hondakinaren sailkapenean sortzen den hondakin plastikoa 191204 kodearekin kodetzen bada. Plastikoa eta kautxua |
Onartutako aldaketek ez dute eragozten instalazioaren funtzionamendu egokia ingurumenari dagokionez, eta bat datoz ingurumen baimen integratuan ezarritako gehieneko isurketa-balioekin eta gainerako eskakizunekin, bai eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin ere.
Kasu honetan, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 35. artikuluan ezarritako inguruabarrak gertatzen direla uste da, eta, ondorioz, bidezkoa da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, artikulu horretan ezarritako administrazio prozedurarekin bat etorriz, eta ez da egokitzat jotzen aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.
Ebazpen proposamena hamabost egunez egon da instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.
Adierazitakoarekin bat, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 255/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehendabizikoa.–Partez onartzea hondakinetatik abiatuta erregaiak egiten dituen eta hondakinetarako transferentziagunea ere baden instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzei dagokienez eskatutako aldaketa. Horren ondorioz, instalazioak eta hango jarduerak ebazpen honen eranskinean ezarritako baldintzak bete beharko dituzte. Instalazioa Lizarrako udal mugartean dago eta haren titularra Chipala Medioambiente SL da.
Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen ez badira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotako ingurumen diziplinako neurriak hartuko dira (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), eta, subsidiarioki, Ingurumenean Eragina duten Jarduerak arautzen dituen abenduaren 16ko 17/2020 Foru Legearen III. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak, ezertan galarazi gabe legeria sektorialean ezarritakoa, aurrerantzean ere aplikatu beharko baita.
Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute haren kontra, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira epeak.
Bosgarrena.–Ebazpen hau Chipala Medioambiente SLri eta Lizarrako Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko otsailaren 6an.–Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuko zuzendaria, Raúl Salanueva Murguialday.
Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: https://extra.navarra.es/InformacionPublicaPRTR/CentroPublicaciones.html#/CentroPublicaciones.
Iragarkiaren kodea: F2501998