43. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK

22C/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Kirolzer SL enpresaren Lizarrako lantokirako hitzarmen kolektiboa erregistratu, gordailutu eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Ikusirik Kirolzer SL enpresak Lizarrako lantokirako aurkeztu duen hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31102091012023), erregistro honetan 2025eko urtarrilaren 8an sartu zena, enpresaren ordezkaritzak eta langileen legezko ordezkaritzaren gehiengoak 2024ko abenduaren 17an sinatuta.

Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan-akordio kolektiboak eta berdintasun-planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Kirolzer SL enpresak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31102091012023).

Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2025eko urtarrilaren 30ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.

KIROLZER SL ENPRESAREN LIZARRAKO LANTOKIKO LANGILEENTZAKO ENPRESA-HITZARMENA

ATARIKO KAPITULUA.–ALDERDIAK AITORTZEA

1. artikulua.

Kirolzer SL enpresak, Kostka Razquin Sagaseta de Ilurdoz ahalordedunak ordezkatuta, eta, langileen aldetik, ELA sindikatuko ordezkaria den Aníbal Soravilla García jaunak hitzartzen dute hitzarmen hau.

LEHEN KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK

2. artikulua. Eremu funtzionala eta pertsona eremua.

Kirolzer SL enpresari (EJSNa: 9311) eta Lizarrako Udalaren kirol instalazioetako langile guztiei aplikatuko zaie hitzarmen hau, haien kategoria edozein delarik ere, orain enpresan dihardutenei nahiz etorkizunean kontratatzen ahal direnei, kontuan hartu gabe lan harremana aldi baterako kontratuaren bidez edo kontratu mugagabearen bidez egiten den.

3. artikulua. Lurralde eremua.

Hitzarmen honen aplikazio eremua lantokia da; beraz, Kirolzer SL enpresak Lizarran duen lantokian aplikatuko da.

4. artikulua. Hitzarmenaren indarraldia eta salaketa.

Hitzarmen kolektibo honek 2025eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra, eta 2026ko abenduaren 31 arte iraunen du.

Langileen Estatutuaren 86.3 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, berariaz adostu da ezen, hitzarmena salatu eta itundutako iraunaldia amaitu ondoren, hitzarmenak indarrean jarraituko duela epemugarik gabe, harik eta bi alderdiek lurralde eremu bera eta eremu funtzional bera izanen dituen ordezko hitzarmen bat sinatzen duten arte.

Langileen Estatutuaren testu bateginaren 86.2 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako, hitzarmen hau salatutzat jotzen da sinatzen den egunetik beretik.

5. artikulua. Osotasunari lotzea.

Hemen itundutako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute, eta, aplikazio praktikoari dagokionez, osotasunean hartuko dira.

Horrela, hitzarmen honen hobekuntzek multzo oso bat osatzen dute, edozein modutan ere lehendik daudenekin konpentsatzekoa, baina konparazioa urteko guztirakoari begira eginen da, errendimendu normalean eta asistentzia osoa izanik.

Etorkizunean ezar daitezkeen xedapenei dagokienez, aldaketa ekonomikorik badakarte, eragina izanen dute baldin eta, osotara kontuan harturik eta urte osoan neurturik, hitzarmen honetan ezarritakoak gainditzen badituzte.

6. artikulua. Konpentsazioa.

Hitzarmen honetan itundutako baldintzak, denak batera hartuta, indarra hartu aurretik zeuden guztiekin konpentsatzen ahal dira, edozein dela ere haien izaera edo jatorria.

7. artikulua. Berme pertsonalak.

Oso-osorik errespetatuko dira langileek indibidualki izan ditzaketen baldintza onuragarriagoak, osotara kontuan harturik hitzarmen honetan ezarritakoak baino hobeak badira.

8. artikulua. Batzorde paritarioa.

Hitzarmen honetako batzorde paritarioa eratzen da, hitzarmenaren aplikazioa interpretatzeko eta zaintzeko haren edukiaren gainean sor daitezkeen desadostasunetan, baita Langileen Estatutuaren 85.3 c) artikuluan jasotako auzietan ere.

Bi aldeek espresuki adostu dutenez, zalantzarik edo desadostasunik sortuz gero, txostena eskatuko zaio batzorde paritarioari, jurisdikzio eskudunari edozein erreklamazio egin aurretik.

Batzordea bi kidek osatuko dute, horietako bat enpresako ordezkariek hautatua eta bestea hitzarmena sinatzen duten langileen ordezkariek hautatua. Batzuek eta besteek aholkularien laguntza izan dezakete, hizpidea dutela baina botorik gabe.

Batzorde horrek aldeetako edozeinek eskatuta eginen du bilera, desadostasunak izaten direnean (banakakoak edo taldekakoak) hitzarmen honen nahiz Langileen Estatutuaren 85.3 c) artikuluan araututako gainerako gaien interpretazioaren edo betetzearen gainean. Gutxienez astebete lehenago eginen da biltzeko abisua, eta arazoak konpontzeko gehienez ere bi aste izanen du.

Aztertzen diren gaiak bi aldeek onetsi beharko dituzte eta, ados jarriz gero, hitzarmenaren testuan sartuko dira,

BIGARREN KAPITULUA.–LANGILEEN SAILKAPENA

9. artikulua. Maila funtzionalak.

Hitzarmen honen aplikazio eremuan biltzen diren langileak sei maila funtzionaletan sailkatuko dira, "1. taldea", "2. taldea", "3. taldea", "4. taldea", "5. taldea" eta "6. taldea", bakoitzaren oinarrizko zereginen eta eginkizunen arabera eratuak, bai eta horietan jarduteko eskatutako prestakuntzaren edo espezializazioaren arabera ere.

Langile guztiek eskubidea dute bakoitzaren lanbide kategoriari egokitutako lanpostu batean aritzeko eta lanpostu horri esleitutako ordainsariak jasotzeko. Enpresako lanbide kategoria bakoitzaren ordainsariak unean uneko soldaten taula indardunean daude.

Enpresan maila-igoerak eta lanbide-sustapenak irizpide eta sistema jakin batzuetara egokituko dira zeharkako edo zuzeneko bereizkeriarik ez dagoela bermatzeko. Ekintza positiboko neurriak ezartzen ahalko dira bereizkeriak kentzeko edo konpentsatzeko.

–1. taldea.

  • Irizpide orokorrak: eginkizun konplexuak eta heterogeneoak, gaitasun profesionalik handiena eskatzen dutenak; enpresaren bilakaerari dagozkion jarduera ezberdinak zuzentzea, koordinatzea eta gainbegiratzea.
  • Prestakuntza: goi mailako edo erdi mailako unibertsitateko titulazioa edo frogatutako esperientzia luzea sektore horretan.
  • Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: instalazioko zuzendariak, kudeatzailea, proiektuko arduraduna.

–2. taldea.

  • Irizpide orokorrak: zeregin heterogeneoak integratzeko, koordinatzeko eta gainbegiratzeko lanak, hala nola lankide talde baten lana antolatzeko ardura.
  • Multzo horretan sartzen dira, halaber, lan konplexuak eta aldi berean homogeneoak, aginte erantzukizunik izan gabe ere berariazko prestakuntza handia eskatzen dutenak.
  • Prestakuntza: erdi mailako unibertsitateko titulazioa edo prestakuntza akademikoa, edo lanpostuari dagokion titulazio berariazkoa, praktikaldi batez edo antzeko lanetan izandako esperientziaz osatua.
  • Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: kirol koordinatzailea, fisioterapeuta, OLT-EDU, alorreko buruak.

–3. taldea:

  • Irizpide orokorrak: diseinuan, programazioan, prestakuntzan eta betetzean autonomia handia eskatzen duten eginkizunak, eduki homogeneoko zereginak, laguntzaile talde txiki batek eginak, integratu, koordinatu eta gainbegiratzea eska dezaketenak.
  • Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa izanen da, edo bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II). Hori ordezka daiteke enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez bi urtez izandako esperientziarekin.
  • Parekatzea: talde honetan sartzen dira kirol jardueretako teknikariari (monitoreari) dagozkion jarduera guztiak, espezialitate guztietan.

–4. taldea:

  • Irizpide orokorrak: eduki homogeneoko zereginak integratzea, koordinatzea eta gainbegiratzea; jarraibide zehatzak jasota egiten badira ere, ezagupen profesional egokiak eta gaitasun praktikoak eskatzen dituzten zereginak. Beren erantzukizuna ikuskapen sistematiko batek mugatuta dago. Zeregin zehatzak betetzeko lanak dira, jarduera handiago batean kokatuak.
  • Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza bigarren mailako lanbide heziketaren parekoa (LH II) izanen da, edo egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa. Hori ordezka daiteke enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez bi urtez izandako esperientziarekin.
  • Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: aretoko teknikaria, masaje-emailea, administrazioko lehen mailako ofiziala, mantentze-lanetako lehen mailako ofiziala, zenbait lanbidetako lehen mailako ofiziala eta soroslea.

–5. multzoa:

  • Irizpide orokorrak: eduki homogeneoko zereginak, autonomiaz eta jarraibide zehatzei lotuz betetzekoak.
  • Prestakuntza: eskatzen den oinarrizko prestakuntza lehen mailako lanbide heziketaren parekoa (LH I) izanen da, edo egiten diren lanei dagokien titulazio berariazkoa. Hori ordezka daiteke enpresa berean edo sektoreko beste enpresa batzuetan eite bereko lanetan gutxienez sei hilabetez izandako esperientziarekin.
  • Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: administrari laguntzailea, zerbitzu orokorretako langilea, monitorearen laguntzailea.
  • "Zerbitzu orokorretako langilea" deitzen zaio 5. eta 6. taldeetako eginkizunetan diharduen balio anitzeko langileari.

–6. taldea:

  • Irizpide orokorrak: lan metodo zehatz, jakin eta aurrez ezarritakoari jarraikiz egiten diren lanak, lanbide ezagupen oinarrizkoak eta egokitze aldi labur bat eskatzen dituztenak.
  • Prestakuntza: eskatzen den prestakuntza eskola graduatuaren parekoa da, eginkizun horietan izandako esperientziarekin ordezka daitekeena.
  • Parekatzea: talde honetan sartzen dira lanpostu hauei dagozkien jarduera guztiak: garbiketako langileak, etxezaina, atezaina eta instalazioetako mantentze-lanetako langilea.

10. artikulua. Balioaniztasuna.

Printzipio orokor gisa, kirol teknikariek edo sorosleek berek gauzatzen ahalko dituzte soroslearen eginkizunak, eta lan bakoitza soldata mailaren arabera ordainduko da.

Monitore lanak egiten dituzten sorosleak, ordu kopuru handiarekin.

Kirol teknikarien eginkizunak sorosleek betetzen ahalko dituzte (horretarako behar den titulazio egiaztatua beharko dute), eta jarduera-aldi horretan kirol teknikaritzat hartuko dira.

–Jarduera-orduaren ordainketa: 5,74 euroko plusa.

–Urteko lanaldiari dagokionez, monitore gisa emandako orduak monitore-ordutzat hartuko dira (lanaldiaren taula, hitzarmen honen 21. artikulua). Hiru hilean behingo kalkulua eginen da, eta hiruhilekoaren bukaeran benetako orduak zenbatuko dira.

HIRUGARREN KAPITULUA.–BALDINTZA EKONOMIKOAK

11. artikulua. Soldatak.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek hitzarmeneko I. eranskineko soldaten taulan lanbide talde bakoitzarentzat ezarritako ordainsariak jasoko dituzte. Ordainsari horiek lanaldi osoko zerbitzu emateari dagozkio.

Orain arteko ordainsariak eta baldintzak, urtean osotara zenbatuak, hitzarmen honen testuan ezarritakoak baino handiagoak badira, langilearen aldeko diferentzia "ad personam" osagarri gisa erantsiko da, "osagarri pertsonala" izenpean.

Orientazio gisa, aipatu I. eranskinean lanbide talde bakoitzarentzat ezarri da benetan lan egindako ordu bakoitzaren prezio gordina, zeinean sartzen baita asteko atsedenaren ordainsariaren, aparteko pagen, oporren eta jaiegunen zati proportzionala.

Orduaren prezio horretan ez da sartzen hitzarmen honetan ezarritako gaueko lanaren plusa, ez eta benetan lan egindako jaieguneko edo igandeko lanaren plusak ere.

12. artikulua. Soldata igoera.

  • 2025. urterako, 2024an KPIak Nafarroan izan duen igoera + %1.
  • 2026. urterako, 2025ean KPIak Nafarroan izan duen igoera + %1.

Formula horren ondoriozko goititzea benetako igoera da eta ezin da inola ere konpentsatu edo irentsi, salbu eta enpresak eta langileek besterik ituntzen badute. Oro har, errespetatu eta mantendu eginen dira urteko kopuruari dagokionez hitzarmen honetan ezarritakoa gainditzen duten baldintza eta egoera pertsonalak, ezertan eragotzi gabe enpresak eta plantilla osoak adostuta soldata igoeraren banaketa beste modu batez egiteko aukera, betiere enpresak horretarako duen urteko gastua igotzen ez bada eta plantillaren soldaten bolumena murrizten ez bada.

13. artikulua. Aparteko haborokinak.

Langile guztiek urtean aparteko hiru paga izanen dituzte: ekaineko paga, abenduko paga eta martxoko paga. Horien zenbatekoa, hitzarmenaren 1. eranskineko soldaten taulan ordainsarien maila bakoitzean ezarrita dagoena izanen da.

–Ekaineko eta abenduko pagak.

Ekaineko eta abenduko pagak sei hilabetetik behin sortuko dira. Likidazioagatik, lanean hasteagatik edo lana uzteagatik ordainketa, kontaketa edo hainbanaketa egiteko, ekainekoaren tartea urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitartekoa izanen da, eta abendukoarena, uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitartekoa.

Ekaineko paga, hainbanatzen ez den kasuetan, ekaineko soldata agiriarekin batera ordainduko da.

Abenduko paga, hainbanatzen ez den kasuetan, urteko abenduaren 20a baino lehen ordainduko da.

–Martxoko aparteko paga.

Aparteko paga hau hainbanatuko da eta hilero ordainduko da bakoitzaren soldata agirian.

Paga hori urte oso bakoitzeko sortuko da. Likidazioagatik, lanean hasteagatik edo lana uzteagatik behar den kontaketa edo hainbanaketa egiteko, urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarteko tartea hartuko da.

Haren zenbatekoa soldata tauletan ezartzen dena da, hitzarmen honen 13. artikuluan ezarritako irizpideekin bat.

14. artikulua. Aparteko orduak.

Aparteko orduak borondatezkoak dira. Aparteko orduak dira lanaldi arruntetik kanpo egiten direnak.

Aparteko ordu bakoitzeko ordu eta erdiko konpentsazioa izanen da, atsedenaldiekin konpentsatu nahiz dirutan konpentsatu.

Enpresak langileari jakinaraziko dio zenbat aparteko ordu kontatu zaizkion.

Atseden egunetan har daiteke, langileek hala erabakita. Hau da, aparteko ordu bakoitzeko ordu eta erdiko atsedenaldia. Ordu horiek egun osotan metatzen ahal dira.

Aparteko ordutzat hartuko dira larunbatetan 21:00etatik aurrera lan egindakoak, noiz abisatu den kontuan hartu gabe.

15. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

Ordu tarte hauetan egiten den lana gaueko lantzat hartuko da:

–Astelehenetik ostiralera 22:00etatik biharamuneko 6:00ak arte.

–Larunbat, igande eta jaiegunetan 21:00etatik biharamuneko 6:00ak arte.

Lana gauez egiten duten langileek soldata osagarria jasoko dute gaueko orduetan benetan lan egindako ordu bakoitzeko. Osagarriari "gaueko lanaren plusa" deitzen zaio, eta gaueko orduetako zerbitzualdiaren arabera ordainduko da, hitzarmenaren 1. eranskineko soldata taulan ordainsari maila bakoitzerako ezarritako diru kopuruan.

Gaueko lanaren plusa benetan lan egindako ordu bakoitzarengatik baizik ez denez kobratzen, oporretako ordainsarietatik kanpora gelditzen da espresuki.

16. artikulua. Igande edo jaiegunetako plusa.

5,18 euro gordineko plusa ezartzen da igandean edo jaiegunean benetan lan egindako ordu bakoitzeko. Atal honetatik kanpo geratzen dira berariaz asteburuetarako kontratatutako langileak.

Lan egindako jaiegunetan, 1,5 orduko konpentsazioa izanen da benetan lan egindako atseden-ordu bakoitzeko.

Artikulu honetan ezarritakoaren ondorioetarako, jaiegun izanen dira urtero ezarritako 14 jaiegun ofizialak; horiexek besterik ez.

Jaieguneko lanaren plusa benetan lan egindako ordu bakoitzarengatik baizik ez denez kobratzen, oporretako ordainsarietatik kanpora gelditzen da espresuki.

17. artikulua. Fideltasun plusa.

Fideltasun plusari dagokionez, Kirol Ekipamendu eta Zerbitzuen Enpresa eta Entitate Pribatu Kudeatzaileen Hitzarmen Kolektiboan (2016-2020) itundutakoa ezartzen da hitzarmen honetarako. Hauek dira baldintzak:

–Enpresarekin 2 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmeneko tauletan beren mailari dagokion hileko oinarrizko soldataren %2 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.

–Enpresarekin 3 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmeneko tauletan beren mailari dagokion hileko oinarrizko soldataren %4 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.

–Enpresarekin 4 urte eta egun bateko lotura duten langileek hitzarmeneko tauletan beren mailari dagokion hileko oinarrizko soldataren %6 jasoko dute kontzeptu horrengatik, edo, bestela, kontratatua duten lanaldiaren proportziozko zatia.

Portzentaje horiek ezin dira metatu.

Plus hori kasu bakoitzerako ezarritako portzentajean jasotzeko, loturako denbora-tarte guztiak erabat osatu behar dira, hau da, 2 urte eta egun batekoa, 3 urte eta egun batekoa, eta 4 urte eta egun batekoa.

18. artikulua. Aldi baterako ezintasuna eta haurdunaldiko arriskua.

Hitzarmen honen eraginpeko langileek eritasun arruntaren, lanez kanpoko istripuaren eta lan istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasunaren kasu guztietan beren hileko ordainsariaren %100 jasoko dute gehienez ere 18 hilabetez.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak emakumezko langile bat haurdunaldiko arriskuan dagoela aitortzen duen kasuetan, enpresak soldataren %100 ordainduko dio, gaueko lanaren, jaieguneko lanaren edo igandeko lanaren osagarriak salbuetsita.

19. artikulua. Kilometrajea.

Langileak bidaiaren bat egin behar badu bere lana betetzeko, 0,29 euro jasoko du kilometroko.

20. artikulua. Laneko arropa.

Enpresak emandako arropa jantziko dute beti langileek.

Oro har, laneko arropa betetzen diren eginkizunen araberakoa izanen da eta enpresak emanen die behar duten langileei. Arropa dagoen egoeraren arabera aldatuko da.

Hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzaren hasieran, lantaldeka antolatutako zerrenda bat eginen da, non urte horretarako beharrizanak jasoko baitira. Talde hauek izanen dira:

–Sorosleak.

–Ur gaziko sorosleak.

–Igeriketako monitoreak.

–Jardueretako teknikariak.

–Harrerako eta bulegoko langileak.

–Garbitzaileak.

–Mantentze-lanetako langileak.

LAUGARREN KAPITULUA.–LANALDIA, ATSEDENALDIAK, BAIMENAK, ESZEDENTZIAK ETA OPORRAK

21. artikulua. Lanaldia.

Orokorrean, eta Langileen Estatutuaren 34. artikuluak xedatzen duenarekin bat, lanaldi hauek ezartzen dira:

URTEA

URTEKO LANALDIA

JARDUERETAKO TEKNIKARIAK*

2025

1668

1580

2026

1662

1574

(*) Kirol jardueretako teknikarien (monitoreak) jardueren baldintzak ikusirik, batez ere beren lan fisiko handia, urteko lanaldi espezifiko bat ezarri da talde horretako langileentzat: benetako 1.580 lanordu 2025. urtean, eta benetako 1574 lanordu 2026. urtean.

(*) Kirol teknikarien lanak egiten dituzten sorosleen kasuan, monitore gisa emandako orduak monitore-ordu gisa zenbatuko dira, hiruhileko zenbatespena eginda eta hiruhilekoaren bukaeran ordu efektiboak zenbatuta.

Lan denbora kontatzeko, langileak, hala eguneroko lanaldiaren hasieran nola bukaeran, lanpostuan egon behar du.

Langile bakoitzak norberak libreki hartzeko egun bat izanen du hitzarmen honen indarraldiko urte bakoitzean. Egun hori ez da errekuperatuko.

Norberak libreki hartzeko bigarren egun bat gehituko da, baldin eta aurreko urtean abonatuen hilabeteko batezbestekoa 1.875etik gorakoa izan bada. Batezbesteko horren kalkulua dokumentu honen 2. eranskineko irizpideen arabera eginen da.

22. artikulua. Asteko atsedena.

Asteko atseden etengabea, bi egunekoa, gehienez hamalau eguneko tartean metatzen ahal da, eta, horrelakoetan, lau eguneko atsedenaldia hartzen ahalko da hamalau eguneko tarte bakoitzean.

23. artikulua. Oporrak.

Urtean 22 laneguneko oporraldi ordaindua ezarri da. Lantokia ixten bada, enpresako langile guztiek itxialdian hartuko dituzte oporrak. Opor egunen ordainsaria langilearen oinarrizko soldatak eta soldata osagarri finkoek osatzen dute, eta espresuki salbuesten dira gaueko lanaren plusa, jaieguneko plusa eta igandeko plusa, horiek gaueko orduetan, jaiegunetan edo igandeetan benetan lan egindako orduengatik soilik jasotzen baitira.

Baja oporraldi batean gertatzen bada, langileak eskubidea izanen du beste oporraldi bat ezar dakion aldi baterako ezintasuna bukatu ondoren.

24. artikulua. Lizentzia ordainduak.

Langileak, aurretik abisatuta eta ondotik justifikatuta, baimena du lanera ez agertzeko, ordaindua izateko eskubidearekin, arrazoi hauetako bat dela medio:

A) Langilearen ezkontzagatik: 18 egun natural.

B) Seme-alaben jaiotzagatik: GSINek adierazitakoa.

C) Ondoko hauen heriotzagatik:

–Ezkontidea eta seme-alabak: 6 egun natural.

–Gurasoak eta anai-arrebak: 3 egun natural.

–Koinatu-koinatak, suhi-errainak, aita-amaginarrebak, aitona-amonak eta bilobak: 2 egun.

–Osaba-izebak, ilobak eta lehengusu-lehengusinak: egun natural bat.

D) Honako hauen eritasun larriagatik edo ospitaleratzeagatik:

–Gurasoak, ezkontidea eta seme-alabak: 5 lanegun.

–Anai-arrebak, aita-amaginarrebak, suhi-errainak, koinatu-koinatak, aitona-amonak eta bilobak: 5 lanegun.

Lizentzia horiek hartzeari begira, ebakuntza eta horretarako prestatzeko aurretik behar litezkeen ospitaleratzeak kasu bakartzat hartuko dira.

Ospitaleratzeak kasuan-kasuan ezarritako lizentzia egunak baino gehiago irauten badu, ospitaleratzeak irauten duen denbora osoan zehar hartzen ahalko dira egun horiek. Ezein kasutan ez dira hartzen ahalko, gerora hartzeko sistema honen bidez, egun gehiago gertaera eragilearen ondo-ondotik hartu izan balitu zegozkiokeenak baino.

Herri batetik bestera joan behar izanez gero, eta bien artean 200 kilometroko tartea edo handiagoa bada, C) eta D) ataletan adierazitako baimenak luzatzen ahalko dira:

–Egun bat gehiago, 200 km-tik 400era arteko distantzia baldin bada.

–Bi egun gehiago, 400 km-tik gorako distantzia baldin bada.

E) Seme-alaben bataioagatik edo jaunartzeagatik: egun natural bat.

F) Ohiko bizilekua aldatzeagatik (ezkontzaren ondorioz ez denean): egun bat.

G) Gurasoen, seme-alaben edo anai-arreben ezkontzagatik: egun natural bat.

H) Nahitaezko eginbehar publiko eta pertsonal bat betetzeagatik, behar-beharrezkoa den denbora.

I) Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak edo Nafarroako Gobernuak ofizialki onartutako titulu akademiko edo profesional bat ateratzeko azterketak egitera joateko behar-beharrezkoa den denbora. Joan-etorrietan ematen den denbora ez da baimen ordaindutzat hartuko, baldin eta joan-etorri hori Nafarroako Komunitatearen mugetatik kanpo egiten bada. Joan-etorria muga horien barnean egiten bada, joan-etorri hori baimen ordaindutzat hartuko da.

J) Gehienez ere urtean 16 orduko lizentzia ordaindua izanen da kontsulta medikoetara joateko edo ezkontideari eta lehen mailako odol ahaideei kontsulta medikoetara laguntzeko.

K) Bigarren mailara arteko odol- edo ezkontza-ahaide bati kirurgia anbulatorioa egiteagatik, baldin eta etxean atseden hartzea beharrezkoa bada: bi egun.

A), B), C), E), eta H) ataletako kasuetan, baimen egunak gertaera eragilea gertatzen den egunetik aurrera zenbatuko dira.

Artikulu honen C), D), K) eta L) ataletan aipatutako lizentziak, ezkontideari dagozkionak, langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi denari ere aplikatuko zaizkio, baldin eta gertaera eragilea baino urtebete lehenagotik gutxienez elkarrekin bizi badira eta inguruabar horiek bizilekua duten herriko udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badituzte.

Nolanahi ere, Nafarroako Kirol Kudeaketaren arloko Hitzarmenean jasotzen diren lizentzia berriak edo egungo lizentzien hobekuntzak hitzarmen honetara ere ekarriko dira zuzen-zuzenean.

25. artikulua. Urtean hilabeteko borondatezko eszedentzia.

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langile orok eskubidea du urtean hilabeteko borondatezko eszedentzia eskatzeko, lanpostua gordeta. Eskaera 45 egun lehenagotik egin behar da, salbu eta arrazoia ezkontidearen edo seme-alaben eritasun larria delarik: kasu horretan, 3 egun lehenagotik jakinarazi behar da, 26. artikulua ezertan ukatu gabe.

26. artikulua. Borondatezko eszedentziak.

Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten langile finkoek eskubidea izanen dute borondatezko eszedentzia hartzeko, lanpostua gordeta, lau hilabeterako gutxienez eta bi urterako gehienez. Eszedentziaren eskaeran haren iraunaldia adieraziko da. Aldi hori 5 urte bete arte luzatzen ahalko da, bukatu baino hilabete bat lehenagotik idatziz abisatuz gero. Behin jatorrizko lanpostura itzulita, gutxienez ere 18 hilabete igaro behar dira eszedentzia mota hori berriz hartzeko.

27. artikulua. Adingabe bat eta/edo desgaitasuna duen pertsona bat zaintzeko lanaldiaren murrizketa.

Legepeko zaintza dela-eta langileren batek bere kargu baldin badu adingaberen bat edo desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialen bat duen eta ordaindutako lanik egiten ez duen pertsona bat, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, zortziren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta. Lanaldia murrizteko eskubideak haurrak 14 urte bete bitarte iraunen du, eta semeak edo alabak adin hori betetzen duen urteko ikasturtea amaitu arte (ekaina) luzatzen ahalko da.

BOSGARREN KAPITULUA.–BESTE GAI BATZUK

28. artikulua. Aldizkako kontratu finkoak.

Langileen Estatutuaren 16 artikuluan ezarritakoarekin bat, aldizkako langile finko bihurtuko dira data jakin batzuetan errepikatzen ez diren lanak egiteko kontratatzen diren langileak, aldi baterako lanetan aritzeko hirugarren denboraldirako deitzen zaien unean.

29. artikulua. Hitzarmenean ezarritakoa ez aplikatzeko klausula.

Enpresak ezin izanen dio inola ere heldu bere aldetik hitzarmen hau ez aplikatzeko aukerari Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluko prozeduraz baliatuz, eta lehenik eta behin saiakera egin beharko du mugaeguna baino lehen hitzarmena berriz ere negoziatzeko, beste hitzarmen bat lortzeko edo Langileen Estatutuaren 86.1 artikuluak aurreikusten duen berrikuspena egiteko.

Enpresan akordiorik lortzen ez bada, bi alderdiek espresuki erabaki dute ezen, desadostasunak konpontzeko, Nafarroako Lan Auzitegiko akordioaren adiskidetze eta bitartekaritza prozesuen menpe jarriko direla. Arbitraje prozedura aplikatuko da, bakar-bakarrik, bi alderdiak haren menpe jartzeko ados badaude.

Orobat, gaia Aholku Batzorde Nazionalaren edo Autonomikoaren menpe jartzen ahalko da, alderdien arteko adostasuna badago.

30. artikulua. Erretiro partziala eta errelebo-kontratua.

Hitzarmena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik aurrera, indarreko legeriak aldian-aldian ezartzen dituen eskakizunak betetzen dituzten langileek erretiro partziala hartzen ahalko dute borondatez, baldin eta eskaera egiteko unean daukaten lanaldiaren %50 edo gehiago uzten badute.

Erretiroa hartu nahi badute lanaldiaren %50 baino gutxiago utzita, langilearen eta enpresaren arteko akordioa beharko da.

Aurreikusitako kasuetako edozeinetan, erretiro partziala hartu nahi duen langileak aurreabisua eman beharko du gutxienez erretiroa hartzeko eguna baino sei hilabete lehenago.

31. artikulua. Osasun azterketa.

Plantillako langile finko guztiek eskubidea izanen dute urtean behin osasun azterketa egiteko.

32. artikulua. Instalazioen erabilera.

Ezkontideak eta/edo izatezko bikotekideak eta seme-alabek eskubidea izanen dute, aldez aurretik eskaera eginda, instalazioetara eta jardueretara doan sartzeko.

33. artikulua. Legezko berrikuspena.

Hitzarmen honetan jasota ez dagoen orotan, aintzat hartuko da Nafarroako beste entitate batzuen jabetzako kirol ekipamenduak eta zerbitzuak kudeatzen dituzten enpresa eta entitateen hitzarmen kolektiboan, Langileen Estatutuan eta indarreko legedian xedatutakoa.

Antzinatasunaren ondorioetarako, aintzat hartuko da instalazioa aurretik kudeatu duten hirugarren enpresetan izandako antzinatasuna, hitzarmen probintzialaren 35. artikuluan jasotako langileen subrogazio eskubideak oinarri hartuta.

34. artikulua. Kontratu administratiboa desegitea edo bukatzea.

Kirolzer SL enpresaren eta Lizarrako Udalaren artean Lizarrako kiroldegia eta kirol instalazioak ustiatzeko sinatutako kontratu administratiboa desegiten edo bukatzen bada, enpresak enpresa esleipen-hartzaile berriari eman beharko dio altan dauden, aldi baterako ezintasun egoeran dauden, edozein motatako eszedentzian edo altan edo pareko egoeran dauden langileen zerrenda. Hori guztia hitzarmen kolektiboaren subrogazioari buruz ezarritakoa betetzeko, bai eta urtarrilaren 22ko 1/2015 Foru Legean ezarritakoa ere, zeinaren bidez Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legea aldatu baitzen klausula sozialak sartzeko baldintza administratiboen agirietan.

1. ERANSKINA.–SOLDATA TAULAK

Soldata taulak (2024-1-1etik 2024-12-31ra)

LANBIDE KATEGORIA

OINARRIZKO SOLDATA

(12 paga)

UZTAILEKO ETA EGUBERRIETAKO PAGA

UDABERRIKO PAGA

GUZTIRA

URTEA

SOLDATA
ORDUKO

GAUEKO LANAREN PLUSA (orduko)

URTEKO
ORDUAK

1. taldea

1.972,92

1.972,92

1.972,92

29.593,73

17,68

3,54

1674

2. taldea

1.807,48

1.807,48

1.807,48

27.112,14

16,20

3,24

1674

III. taldea 2. maila

(arloko arduraduna)

1.542,84

1.542,84

1.542,84

23.142,56

13,82

2,76

1674

III. taldea 1. maila

(monitorea)

1.542,84

1.542,84

1.542,84

23.142,56

14,59

2,92

1586

4. taldea

1.542,84

1.542,84

1.542,84

23.142,56

13,82

2,76

1674

5. taldea

1.476,65

1.476,65

1.476,65

22.149,79

13,23

2,65

1674

6. taldea

1.410,51

1.410,51

1.410,51

21.157,68

12,64

2,53

1674

–Igande edo jaieguneko plusa: 5,18 euro orduko.

–Kilometrajea: 0,29 euro/km.

Kirol teknikarien taldekoak (3. taldea) ez diren langileek edozein jardueratako monitoreen eginkizunak egiten badituzte, 5,74 euroko jarduera plusa jasoko dute benetan lan egindako ordu bakoitzeko.

8,49 euroko plusa ezarri da benetan lan egindako ordu bakoitzeko, sorosle lanari dagokion lan ordutegian igeriketa ikastaroak ematen dituzten langileentzat.

2. ERANSKINA.–ABONATUEN KOPURUAREN KALKULUA

Abonatuen kopuruaren kalkulua irizpide hauen arabera eginen da:

–Hilero, fakturazioa egiten den unean.

–Kuota ordaintzera behartuta dauden abonatu guztiak zenbatzen dira.

–Ez dira zenbatzen kuota ordaintzetik salbuetsita dauden abonatuak.

–Ez dira zenbatzen aldi baterako abonamenduak (hilabete batekoak eta 15 egunekoak).

–Ez dira zenbatzen udako abonamenduak (ur gazia).

Honako taula hau jartzen da adibide gisa:

BANKU BIDEZKO FAKTURAZIOAREN LABURPENA

HILABETEA: ...............................

URTEA: ..........................

TARTEA

ZENBATEKOA

Haurrak, ama edo aita abonatua bada

115

Haurrak, bakarka, eta 65 urtetik gorakoak

291

Gazteak, ama eta aita abonatuak badira

22

Gazteak, ama edo aita abonatua bada

25

Gazteak, bakarka

36

18 urtetik 21 urte artekoak, ama edo aita abonatua bada

11

18 urtetik 21 urte artekoak, ama eta aita abonatuak badira

9

18 urtetik 64 urte artekoak

1319

Abonatu guztien batura

1828

Abonatuen batezbestekoa kalkulatzeko, hilabete bakoitzaren hasieran dauden abonatuen kopuruak batuko dira, goian aipatutako irizpideen arabera, eta emaitza zati 12 eginen da.

3. ERANSKINA.–MANTENTZE-LANETAKO TEKNIKARIEN KLAUSULA

Mantentze-lanetako teknikariek, behar diren ezagutza tekniko eta praktikoak izanda, instalazio eta eraikinetako oinarrizko mantentze-lan orokorrak egiten dituzte, prebentziozkoak nahiz zuzentzaileak. Konponketa txikiak egiten dituzte eta espezialistei mantentze-lanak edo konponketak errazten dizkiete.

Langile bati deituz gero bere lan orduetatik kanpo lanera joateko eta bere ibilgailua erabili behar badu, kilometro-ordaina jasoko du. Eta lan denbora hori aparteko ordu gisa kontatuko zaio.

Mantentze-lanetako langileek beren lan ordutegia enpresarekin adosten ahalko dute, ezustean sortzen ahal zaizkien zereginak hobeki antolatze aldera.

Iragarkiaren kodea: F2501467