Iragarkia
43. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 4a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.5. ESTATUTUAK ETA LAN HITZARMEN KOLEKTIBOAK
21C/2025 EBAZPENA, urtarrilaren 30ekoa, Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez erabakitzen baita Club de Golf Ulzama enpresaren hitzarmen kolektiboa erregistratzea, gordailutzea eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Ikusirik Club de Golf Ulzamak aurkeztutako hitzarmen kolektiboaren testua (kode zenbakia: 31100072012011), erregistro honetan 2024ko abenduaren 26an sartu zena, enpresaren ordezkaritzak eta sindikatuen ordezkaritzak 2024ko abenduaren 16an sinatuta.
Bat etorriz Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onetsi zuen urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluaren 2. eta 3. apartatuetan eta Hitzarmen kolektiboak, lan akordio kolektiboak eta berdintasun planak erregistratu eta gordailutzeari buruzko maiatzaren 28ko 713/2010 Errege Dekretuan ezarritakoarekin,
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 251/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenbizikoa.–Nafarroako Hitzarmen Kolektiboen, Lan Akordio Kolektiboen eta Berdintasun Planen Erregistroan inskribatzea Club de Golf Ulzamak aurkeztutako hitzarmen kolektiboa (kode-zenbakia: 31100072012011).
Bigarrena.–Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agintzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2025eko urtarrilaren 30ean.–Ekonomia Sozialeko eta Laneko zuzendari nagusia, Iñaki Mendióroz Casallo.
2024KO HITZARMEN KOLEKTIBOA CLUB DE GOLF ULZAMAKO LANGILEENTZAT
1. artikulua. Pertsona eremua, eremu funtzionala eta lurralde eremua.
Club de Golf Ulzama enpresako ordezkariek eta langileen legezko ordezkariek ituntzen dute hitzarmen kolektibo hau, eta biek aitortzen diote elkarri horretarako legitimitatea.
Izenak adierazten duen bezala, Club de Golf Ultzamaren jarduera golf-kirola egitea da, aldaera eta kategoria guztietan.
Hitzarmen kolektibo honek arautzen ditu lan eta legezko harreman baten ondorioz Ultzamako (Nafarroa) "Club de Golf Ulzama" enpresarentzat zerbitzu ematen duten langileen lan baldintzak. Enpresako zuzendaritza karguak haren aplikaziotik salbuetsirik daude.
2. artikulua. Indarraldia.
Hitzarmen kolektibo honek urtebeteko indarraldia izanen du, hau da, 2024ko urtarrilaren 1etik 2024ko abenduaren 31ra arte.
Hitzarmen hau salatutzat joko da mugaegunean, eta alderdiek indarraldiaren azken hiruhilekoan beste bat negoziatzen hasteko konpromisoa hartu dute.
Beste lan hitzarmen bat egin arte, lan hitzarmen honetako klausulek indarrean segituko dute.
3. artikulua. Konpentsazioa eta xurgapena.
Hitzarmen kolektibo honetan ezarritako lan baldintzak, oro har eta urte osoan zenbaturik, indarreko xedapenetan ezartzen diren baldintza orokorrekin konpentsa eta irents daitezke.
4. artikulua. Ordainsariak eta igoerak.
1.–Urtean gehienez ere 30.000 euro gordineko ordainsariak dituzten langileei %3 igoko zaie soldata 2024. urterako.
Lanaldi partzialeko soldata duten langileei, lanaldi partzialaren arrazoia edozein dela ere, ez zaie aplikatuko igoera hori baldin eta lanaldi osoarekin legokiekeen soldata urtean 30.000 euro gordinetik gorakoa bada.
Lanaldi osoan nahiz lanaldi partzialean urteko soldata 30.000 euro gordinetik beherakoa duten langileei, aipatu igoera aplikatuta 30.000 euro gordineko zenbatekoa gainditzen badute, zenbateko horretaraino baino ez zaie igoko soldata.
Artikulu honetan aipatutako soldata-igoeren ehunekoak langile bakoitzaren urteko soldata gordinaren gainean kalkulatuko dira.
Artikulu honetan adierazitako mugak direla-eta soldata-igoerarik aplikatzen ez zaien langileek, konpentsazio gisa, eskubidea izanen dute bi opor-egun gehiago hartzeko behe-denboraldian, eta 2024ko lanaldia murriztuko zaie, bi laneguneko orduak adina.
2.–Soldataren egitura. Soldata kontzeptu hauek osatzen dute:
a) Oinarrizko soldata: Une bakoitzean indarrean dagoen LGSaren baliokidea.
b) Antzinatasuna: hirurtekoak, lau gehienez. Bakoitzagatik indarreko LGSaren %8 ordainduko da, betiere langilea plantillako langile finko bihurtzen den unetik aurrera.
c) Osagarri pertsonala: langile bakoitzari esleitutako gainerako ordainsariak hartzen ditu. Osagarri horiek langilearen lanbide merezimenduengatik, jardun mailagatik, enpresarekiko jarreragatik, prestakuntza eta balioaniztasunagatik, ikasketa mailagatik eta abarrengatik ematen dira.
Osagarri hori 2004-12-31n langile bakoitzari aitortu zaion zenbatekoa adinakoa izanen da, eta aurreko 1. atalean itunaren indarraldirako aurreikusitako moduan igoko da.
2024. urtean, soldata osagarri horren gutxieneko urteko zenbatekoa honako hau izanen da hamargarren artikuluan jasotako soldata maila bakoitzerako:
2024. urtea
MAILAK | EUROTAN |
I. maila | 23.444,47 |
II. maila | 18.755,65 |
III. maila | 15.178,51 |
IV. maila | 9.377,25 |
V. maila | 5.620,20 |
VI. maila | 0 |
Zazpigarren artikuluan adierazitakoa baino urteko lanaldi laburragoa duten langileek proportzionalki jasoko dituzte osagarri hori eta gainerako soldata osagarriak.
Eguberrietako jaiegunak eta asteburuak ordainduko dira, egun horietan instalazioak itxita badaude ere.
d) Osagarri gordina. Enpresaren eta langilearen artean adostutako zenbateko osagarriak.
e) Aparteko eskersariak: soldata horiek hamabi paga arruntetan ordainduko dira, gehi aparteko bi paga, zenbateko berekoak, uztailean eta abenduan, eta bi paga berezi, hamar eguneko soldata adinakoak, martxoan eta irailean ordaintzekoak.
5. artikulua. Gaueko lana.
Gauez, hau da, 22etatik 6ak bitarte, lan egiten duten langileek, horretarako bereziki kontratatu direnak izan ezik, gaueko ordu bakoitzeko osagarria jasoko dute, oinarrizko soldatako ordu bakoitzaren prezioaren %25 adinakoa.
6. artikulua. Konpentsazio bereziak.
Bi alderdiek adosten dute aparteko ordutzat hartuko direla lan egutegian aurretik finkatutako eta enpresako zuzendaritzak onartutako eguneko lanaldia gainditzen duten orduak.
Atsedenerako denbora emanez konpentsatuko dira, honela:
a. Larunbatetan, igandeetan eta gainerako jaiegunetan egindako soberako lan denborari %75 gehituko zaio, eta atsedenaldi hori asteburuetan edo jaiegunetan lan egiteko propio kontratatu ez diren langile guztiei aplikatuko zaie.
b. Lanegunetan (astelehenetik ostiralera) egindako soberako lan denborari %50 gehituko zaio.
Konpentsazio hori honela eginen da:
–Egindako aparteko orduen kopuruak lanegun bat edo gehiago hartzeko balio badu, langileak aukeratzen ahalko du egun hori edo horiek bere oporraldietako edozeinetan gehitzea.
–Egindako aparteko orduen kopurua ez bada nahikoa lanegun oso bat hartzeko, langileak bere aferetarako denbora bezala hartzen ahalko du konpentsazio denbora, 24 ordu lehenago jakinarazita.
Nolanahi ere, zerbitzua ezin izanen da inoiz langilerik gabe geratu aparteko orduen konpentsazioa baliatzeagatik.
Urte bakoitzeko abenduaren 31n, denboran baliatu ez diren aparteko orduak dirutan ordainduko dira, proportzio berean.
7. artikulua. Lanaldia.
Urteko lanaldia 1.717 ordukoa izanen da hitzarmenaren indarraldi osoan. Urteko lanaldia banatzeari dagokionez, bi alderdiek urteko egutegi bat prestatzea adosten ahalko dute, baina biek konpromisoa hartzen dute banaketa irregularra izan daitekeela onartzeko, jarduera handieneko aldietan enpresaren produkzio-beharrengatik, deusetan galarazi gabe legez ezarrita dauden eguneko eta asteko gutxieneko atsedenaldiak.
Abuztuan, asteko lanaldia, salbuespen gisa, astean 42 ordukoa izan daiteke.
Goian adierazi da bi alderdiek konpromisoa hartzen dutela lanaldiaren banaketa irregularra ituntzeko, klubaren jardueraren berezitasunei erantzuteko. Horrenbestez, hitzarmen honen indarraldian, ez da aplikatuko Langileen Estatutuaren 34.2 artikulua.
Hala ere, norberaren bizitza eta lan bizitza bateragarri egiteko xedez, enpresak hilero klubeko langileen txanden egutegi bat prestatuko du (zelaiko langileena eta mantentze-lanetako langileena izan ezik, horiek lan koordinazioa behar baitute), eta egutegi horren berri eman beharko die ukitutako langileei, hil bakoitzaren 30a baino lehen.
Txanden egutegi hori enpresak eta langileak adostuta soilik aldatzen ahalko da, behar bezala justifikatuta.
Hileko lan plana halako moduan egokitu eta prestatu beharko da non langile guztiek azaroan, abenduan, urtarrilean, otsailean, martxoan eta apirilean gutxienez asteburu libre bat (larunbata eta igandea) hartzen ahalko duten, salbu eta zelaiko langileak, mantentze-lanetakoak eta garbiketakoak, horiek gaur egun dituzten ordutegi eta txandei eutsiko baitiete (zelaiko langileen eta mantentze-lanetako langileen ordutegiak koordinaturik egonen dira).
Kluba itxita egonen da abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta 6an. Horretaz gain, Club de Golf Ulzamako langile guztiek urtean berreskuratu ezin diren hiru jaiegun izanen dituzte gutxienez, betiere zerbitzua arretarik gabe geratzen ez bada.
8. artikulua. Oporrak.
Langileek 30 egun naturaleko oporraldia hartzeko eskubidea dute, zeina egiazko soldataren arabera ordainduko baita.
Oporrak hamabost eguneko bi alditan banatuko dira: oporraldi bat langileak aukeratuko du ekainaren 1etik irailaren 30era bitarte, eta bestea enpresak, jarduera gutxieneko urteko sasoian, azarotik otsailera bitarte.
Hala ere, langileak berak aukeraturiko oporraldia hartzen ahalko du baldin eta bateragarria bada atxikita dagoen zerbitzuaren antolaketarekin, departamentu bereko langileen oporrak egun beretan izateagatik zerbitzua atenditu gabe geldi ez dadin.
Enpresak uste badu zerbitzua atenditu gabe geldi daitekeela, enpresak berak ezarriko ditu langileek aukeratu beharreko oporraldiak, eta ekainaren 1etik irailaren 30era bitarte izanen dira nahitaez.
Enpresak eta langileek oporraldien berri emanen diote elkarri bi hilabete lehenagotik.
Ezinbesteko kasu justifikatuetan, bi alderdiek, hots, enpresak eta langileak, oporretako egunak aldatzen ahalko dituzte.
Oporrak eten eginen dira aldi baterako ezintasunen bat gertatuz gero. Kasu horretan, langileak berriro alta hartzean, enpresak eta langileak oporrak hartzeko data berriak zehaztuko dituzte.
9. artikulua. Lizentzia ordainduak.
a) Ezkontza: 16 egun natural, oporraldiari gehitzen ahal zaizkionak: eskatu eta lehenengo lanegunetik hasiko dira zenbatzen.
b) Ezkontidearen edo seme-alaben heriotza: 5 egun.
c) Bigarren mailara arteko odol-ahaideen edo ezkontza-ahaideen heriotza: 2 egun.
d) Ezkontideak, izatezko bikotekideak edo bigarren mailara arteko odol-ahaide edo ezkontza-ahaideek (izatezko bikotekidearen odol-ahaideak barne) edo langilearekin etxe berean bizi den eta haren zaintza behar duen beste edozein pertsonak istripu edo eritasun larria baldin badute, ospitaleratu behar badituzte edo ospitaleratzerik ez baina etxean atseden hartzea eskatzen duen ebakuntza kirurgikoa baldin badute: bost egun.
Lehen mailako ahaideen kasuan, langileak bost egun horietatik bi hartzen ahalko ditu ospitaleratzeak edo eritasun larriak irauten duen bitartean.
e) Semearen edo alabaren ezkontza: egun natural bat.
f) Etxebizitzaz aldatzea: egun bat.
g) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako lizentziak (beharra justifikatu ondoren):
1. 16 orduko lizentzia ordaindua genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat. Ordu horiek aldez aurretik abisatuta eta beharren arabera hartzen ahalko dira.
2. Berreskuratu daitekeen lizentzia genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzat. Aldez aurretik abisatuta, lanaldia malgutzeko aukera izanen dute beren egoeratik eratorritako kudeaketetara joateko, betiere antolaketa-arrazoiak eragozpen ez badira.
h) Nahitaezko eginbehar publiko bat betetzeko: behar-beharrezkoa den denbora.
i) Norberaren aferetarako egunak: bi egun, langileak hautatzekoak. Norberaren aferetarako denbora orduka hartzen ahal da, hau da, urtean 14 ordu. Orduka hartuz gero, aldi bakoitzean gutxienez 3 orduko baimena hartu behar da. Betiere, enpresari jakinarazi behar zaio 48 ordu lehenago, gutxienez. Norberaren aferetarako denbora benetan lan egindako denboratzat hartuko da.
j) Bularra emateko baimena pilatzea: Langileen Estatutuaren 37.4 artikuluan ezarritako bularra emateko baimenari dagokionez, langileak aukeran izanen du artikulu horretan adierazitako moduan lizentzia hartzea edo amatasun baimena beste hamabost lanegun luzatzea.
Langileak joan-etorririk egin behar badu b), c), d) eta e) kasuetan, lizentzia egun batez luzatuko da distantzia 100 km-tik gorakoa bada, eta bi egunez distantzia 200 km-tik gorakoa bada (kilometroak zenbatzeko, aintzat hartuko da lantokitik baimenaren jatorria dagoen lekuraino dagoen distantzia).
Lizentzia ordainduen kasu horiek guztiak ezkondu gabeko bikote behar bezala erregistratuei ere aplikatuko zaizkie.
10. artikulua. Lanbide kategoriak.
Enpresak sei lanbide kategoria garatuko ditu, golf klubaren berariazko errealitatea eta beste hauek kontuan hartuta: lanpostuaren erantzukizuna, ordena hierarkikoa, kualifikazioa, behar den prestakuntza-maila eta egindako ikasketen maila.
Hauek dira kategoriak, mailaz maila:
–I. maila: Kudeatzailea eta zuzendaria.
–II. maila: Zelaiko burua edo greenkeeper delakoa, eta kirol zuzendaria, mantentze-lanetako burua eta administrazioko burua.
–III. maila: Taberna eta jantokiko arduradun nagusia eta sukaldeko burua.
–IV. maila: Zuzendaritzako laguntzailea, sukaldariak, tabernariak, lorezainak, caddy masterrak, etxolako zaindaria eta soroslea.
–V. maila: Barra eta jantokiko laguntzaileak, sukaldeko laguntzaileak, haurtzainak, garbitzaileak, askotariko laguntzaileak eta administrari laguntzaileak.
–VI. maila: Prestakuntza kontratuko langileak.
11. artikulua. Aldi baterako ezintasuna.
Aldi baterako ezintasun kasuetan, langileek ordainsarien %100 kobratuko dute, ezintasuna lan istripuagatik, eritasun arruntagatik edo lanetik kanpoko istripuagatik izan, salbu eta langileak aurreko bost urteetan enpresan 180 egun kotizatu ez baditu, horrelakoetan ez baitu eskubiderik izanen.
Osagarri hori gehienez 18 hilabetekoa izanen da aldi baterako ezintasun prozesu bakoitzeko.
12. artikulua. Aseguru osagarria.
Enpresak lan istripuetako arriskuetarako poliza bat izenpetuko du bere kargura. Hona hemen jaso beharreko kontingentzia bakoitzerako kapital aseguratua:
–19.000 euro heriotzagatik.
–25.000 euro erabateko baliezintasun iraunkor eta guztizkoagatik.
Zenbateko horiek finkoak izanen dira hitzarmen hau indarrean dagoen bitartean.
13. artikulua. Laneko arropa eta norberaren garbiketa.
Enpresak behar diren jantziak eta oinetakoak emanen dizkie langileei, urteko sasoi bakoitzerako egokiak, bakoitzak egiten duen zerbitzuaren arabera. Langileak behar bezala erabili beharko ditu jantziak eta oinetakoak, eta egoera onean kontserbatu.
Arropa horiek behar bezala jantzi behar dira, eta norberaren higienea egokia izanen da.
Udako arropa apirilean banatuko da, eta negukoa urrian.
14. artikulua. Osasun azterketa.
Enpresak langile guztien urteko osasun azterketak egiteko beharrezkoak diren kudeaketak eginen ditu.
15. artikulua. Segurtasuna eta higienea.
Enpresak konpromisoa hartzen du laneko arriskuen prebentzioari eta osasunaren zaintzari buruzko politika aktiboa egiteko, prebentzio-delegatuarekin aldian behin bilerak eginez, langile guztien segurtasuna eta higienea bermatzeko behar diren baliabideak prestatzeko.
16. artikulua. Eszedentziak.
Eszedentziei dagokienez, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.
Dena dela, borondatezko eszedentzia hartzen duen langileak eskubidea izanen du bere lanpostua erreserbatzeko, eszedentzialdia 12 hilabetetik 24 hilabete bitartekoa baldin bada, eta eszedentziaren arrazoia ez bada beste enpresa batean lan egitea, zeinahi jardueratan.
Nolanahi ere, enpresak eta langileak bestelako itun bat egin dezakete.
17. artikulua. Ikasketak egiteko laguntzak.
Langileak edonolako prestakuntza jasotzeko matrikularen bat egiten badu, entitateari jakinarazten ahalko dio, eskaera aurkeztu ondoren, haren lanbide garapenerako egokia dela iruditzen bazaio, matrikula gastuak ordain diezazkion, behar diren frogagiriak aurkeztu ondoren.
Orobat, enpresak Nafarroako Gobernuak eta beste erakunde ofizial batzuek diruz laguntzen dituzten ikastaroei buruzko informazioa emanen du.
18. artikulua. Lanbide praktika lortzeko kontratuak.
Lanbide praktika lortzeko kontratuak ezin dira sei hilabetetik beherakoak izan, ez eta urtebetetik gorakoak ere. Soldataren zenbatekoa kasuan kasuko lanbide kategoriari dagokionaren %80koa izanen da lehenengo sei hilabeteetan, eta %90ekoa kontratua bukatu bitarte.
19. artikulua. Prestakuntza.
Hitzarmen hau sinatzen duten alderdiek konpromiso aktiboa hartzen dute langileen lanbide prestakuntza bultzatzeko. Horretarako, urteko lehenengo hiru hilabeteetan, enpresak lanbide prestakuntzarako plan zehatz bat aurkeztuko dio langile talde bakoitzari, egin beharreko prestakuntza ekintzak jasoko dituena, eta bi alderdiek honako hauek adostu eta sinatuko dituzte, borondatez eta pertsonalki: prestakuntza ekintzak gauzatzeko datak eta ordutegiak, zer langileri eragiten dioten, non eginen diren eta enpresak, langileak eta sindikatuen ordezkaritzak eskatu nahi dituzten xehetasun guztiak.
Plana adostu ondoren, kopia bat eman beharko zaie langileen legezko ordezkariei, plana behar bezala betetzen dela egiazta dezaten. Golf klubeko plantillako langileen lanbide prestakuntza hori egiteko, 30 orduko poltsa bat erreserba daiteke, ohiko lanalditik kanpora erabiltzeko, alderdiek erabakitzen duten bezala.
20. artikulua. Fideltasun saria.
Eskatutako adina bete aurretik erabateko erretiroa hartzen duten Klubeko plantillako langileek sari hauek jasoko dituzte:
–Erretiroa urtebete lehenago hartzea: 2.500 euro.
–Erretiroa bi urte lehenago hartzea: 3.000 euro.
–Erretiroa hiru urte lehenago hartzea: 4.000 euro.
Artikulu honetan hitzartutako zenbatekoen munta kontuan harturik, ez da beharrezkotzat jotzen horietarako kanpo asegururik egitea.
21. artikulua. Diziplina araubidea.
–Faltak eta zehapenak.
Faltatzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenetan eta, oro har, hitzarmen kolektibo honetan ezarritako betebeharrak urratzea edo ez ezagutzea dakarten ekintzak edo ez-egiteak.
Garrantziaren arabera, faltak honela sailkatu dira: arinak, astunak edo oso astunak.
–Falta arinak honako hauek dira:
1. Hilabeteko epean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.
2. Lanerako ezintasun iragankorreko baja edo lanera ez agertzearen bidezko arrazoiak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, hori egiterik ez dela izan frogatu ezean.
3. Arrazoi justifikaturik izan gabe, lanetik alde egitea denbora gutxirako.
4. Norberaren noizean behingo garbitasun eta txukuntasun eza.
5. Egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.
–Falta astunak honako hauek dira:
1. Lautik zortzira bitarteko puntualtasun falta egitea 30 egun naturaleko epean.
2. Lanera bi egunez ez agertzea 30 egun naturaleko epean, justifikaziorik izan gabe.
3. Lanorduetan jokoan aritzea, edozein dela ere.
4. Beste langile bat lanean agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol-txartela erabiliz.
5. Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Jokabide hori falta oso astuntzat jo daiteke, baldin eta langilea bera edo lankideak istripua izateko arriskuan jartzen badira, edota instalazioak edo salgaiak hondatzeko edo su hartzeko arriskuan.
6. Lanorduetan norberaren lanak egitea, bai eta enpresaren tresnak norberarentzat erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe (falta arina izan liteke).
7. Langileak ikusitako egintzak edo faltak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri buruari berehala ez ematea.
8. Akatsak eta hanka-sartzeak asmo txarrez ezkutatzea eta, horren ondorioz, enpresari kalte egitea.
9. Eguneroko 20 minutuko atsedenaldi ordainduaren ondoren lanpostura berandu itzultzea.
–Falta oso astunak honako hauek dira:
1. Behin eta berriz lanera berandu iristea edo ez joatea, bidezko arrazoirik gabe.
A.–Horrelakotzat hartuko da berandu iristea lanera, justifikaziorik gabe, zortzi aldiz baino gehiagotan hogeita hamar egun naturaleko epean, eta hamasei aldiz baino gehiagotan ehun eta laurogei egun naturaleko epean.
B.–Lanera ez joateagatik egindako falten kasuan, horrelakotzat hartuko da lanera hiru egunez ez agertzea hiru hilabeteko epean, bidezko arrazoirik gabe.
2. Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta enpresari, lankideei edo beste edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea lantokiaren barnean edo beste edozein lekutan lanean ari dela.
3. Enpresaren lehengaiak, lanabesak, makineria, aparatuak, instalazioak, eraikinak, altzariak edo agiriak nahita desagerrarazi, ezdeus bihurtu edo hondatzea.
4. Enpresaren edo langileen eskutitzen edo isilpeko agirien sekretua haustea.
5. Enpresakoa ez den norbaiti ezagutaraztea nahitaez isilpean eduki beharreko datuak.
6. Nagusi, mendeko edo lankideak jotzea edo iraintzea, norberaren defentsarako ez bada.
7. Istripu larriak eragitea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria barkaezinagatik.
8. Lankideekin liskarrak eta iskanbilak sortzea.
9. Segurtasun eta higieneagatik debekatuta dagoen tokietan erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.
10. Kontratu bidezko onustea haustea, eta konfiantza-abusua lan jardueran.
11. Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.
12. Urtebetean bi falta astun egitea.
–Zehapenak:
Falta nolakoa izan den, zehapen hauek ezarriko dira:
1. Falta arinengatik:
- Hitzezko kargu-hartzea.
- Idatzizko kargu hartzea.
- Enplegu eta soldatarik gabe uztea egun batez edo bi egunez.
2. Falta astunengatik:
- Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.
- Enplegu eta soldatarik gabe uztea hiru egunetik hamabostera bitarte.
- Goragoko kategoria batera igotzeko desgaitzea hiru urterako gehienez.
3. Falta oso astunengatik:
- Enplegu eta soldatarik gabe uztea hamasei egunetik hirurogeira bitarte.
- Goragoko kategoria batera igotzeko desgaitzea bost urterako gehienez.
- Oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.
- Kaleratzea.
–Zehapenak betetzea.
Zehapen guztiak ematen diren unetik beretik hasita betearaziko dira; horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea.
–Preskripzioa.
Langileei dagokienez, falta arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, astunak hogei egunen buruan, eta oso astunak hirurogeiren buruan, enpresak faltaren berri izaten duen egunetik hasita, eta, nolanahi ere, falta egin eta sei hilabeteren buruan.
–Prozedura.
1. Enpresako Zuzendaritzari edo haren ordezkariari dagokio sariak emateko edo zehapenak ezartzeko ahalmena.
2. Enpresak langileen legezko ordezkariei eta ordezkari sindikalari, halakorik bada, jakinaraziko dizkie falta astunen eta oso astunen ondorioz langileei ezartzen zaizkien zehapenak.
3. Faltak arinak direnean ez da espedienterik izapidetu beharko.
Falta astunen edo oso astunen ondoriozko zehapenak ezartzeko ere ez da espedienterik izapidetu beharko.
Nolanahi ere, horiek idatziz jakinaraziko dira, eta idazkian zehatz azalduko da zer egitatek sortu duen falta eta nolako zehapena ezarriko den, non ez den hitzezko kargu-hartzea. Gertaerak argitzearren, enpresak erabakitzen badu espedientea irekitzea zehapenak ezartzeko, interesdunak eskubidea izanen du deskargu-orria aurkezteko eta proposatzen dituen eta instruktorearen ustez bidezkoak diren frogak gauzatzeko, eginbideak hasten direnetik zazpi eguneko epean gehienez.
4. Falta astun edo oso astun baten ondoriozko zehapena ezartzen zaienean karguetan dauden langileen legezko ordezkariei edo agintaldia bukatu zitzaienetik urtebete pasatua ez dutenei, espediente bat ireki beharko da, arau hauei jarraikiz:
a) Enpresak espedientea ireki dela jakinaraziko dio langileari, eta, horrekin batera, espedientean azaltzen diren gertaerak biltzen dituen kargu-orriaren berri emanen dio.
b) Enpresak insktruktore bat izendatuko du, eta horren izena espedientea irekitzeko idazkian berean azalduko da.
c) Instruktoreak idazki hori interesdunari igorriko dio, bost eguneko epean alegazioak egin ditzan eta bidezkoak iruditzen zaizkion frogak aurkez ditzan.
d) Espediente irekitzea bukaturik, enpresak honako hauek jakinaraziko dizkio langileari, idatziz: ezarritako zehapena, zein egunetatik hasita izanen dituen ondorioak, eta zehapenaren oinarri diren gertaerak.
–Enpresaburuaren lan arloko arau-hausteak.
Apirilaren 7ko 8/1988 Legean eta indarra duten gainerako legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.
22. artikulua. Hitzarmena ez aplikatzeko klausula.
Enpresak, elkarren segidako bi ekitalditan zehar galera ekonomikoak izaten baditu, edo hitzarmen honetan jasotako soldata-araubidea eta/edo ordainsari-igoerak aplikatzeak enpresaren egoeran edo etorkizun ekonomikoan eragina izan badezake, sindikatuen ordezkaritzarekin adosten ahalko du aplikatu gabe uztea, bakar-bakarrik, hitzarmen honetan soldata-araubideari buruz jasotakoa, bat etorriz Langileen Estatutuan ezarritakoarekin eta jarraian itundutakoarekin.
Enpresaren betebeharra da sindikatuen ordezkaritzari ematea egoera hori justifikatzen duen kontabilitateko informazio guztia, langileen alderdiak eskatzen duena.
Enpresak ezin izanen du ez aplikatzeko prozedura planteatu Langileen Estatutuaren 82.3 artikuluan ezarritako gaiei dagokienez, soldata-zenbatekoari dagokiona izan ezik. Horretarako, sindikatuaren ordezkaritzarekin kontsultak egiteko epe bat irekiko da, hamabost egunekoa gehienez, eta epe hori akordioarekin edo akordiorik gabe bukatzen ahalko da. Kontsulta epe hori akordioa lortuta bukatzen bada, soilik jurisdikzio eskudunean aurkara daiteke, iruzurragatik, doloagatik, hertsapenagatik edo eskubideaz abusatzeagatik.
Akordio horren berri eman beharko zaio hitzarmenaren batzorde paritarioari.
Ez aplikatzeko akordioak zehatz azaldu beharko du akordio hori aplikatu ondoren langileek jasoko dituzten ordainsariak; eta berreskurapenerako pixkanakako programa bat ezarriko da, eta zein kasutan izanen litzatekeen bidezko, hitzarmenean berean ezarritako soldata baldintzak berreskuratu arte. Ez aplikatzeko akordio horrek ez du inolaz ere hitzarmen honen indarralditik gorako iraupena izanen, eta ordainsarietan ez du bereizkeriarik eginen genero arrazoiengatik.
Kontsulta fasea alderdien akordiorik gabe bukatzen bada, Nafarroako Lan Auzitegiaren bitartekaritza tramitearen mende jarriko dira alderdiak. Kontsulta fasean adostasunik ez bada, alderdiek arbitraje lotesle baten esku jartzen ahal dituzte beren desadostasunak Nafarroako Lan Auzitegian, eta haren arbitraje laudoak kontsulta fasean hartutako akordioaren ondorio berak izanen ditu.
23. artikulua. Batzorde Paritarioa.
Hitzarmenaren Batzorde Paritarioa sortzen da. Batzorde hori bi kidek osatuko dute enpresaren ordezkari gisa, eta beste bi kidek langileen ordezkari gisa, hitzarmen hau sinatzen duten sindikatuen ordezkagarritasunaren proportzioan.
Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira, eta batzordearen eginkizunak hauek izanen dira:
A) Hitzarmena interpretatzea eta haren aplikazioan sortzen diren auzien gainean erabakiak hartzea.
B) Itundutakoa begiratzea, laneko agintaritzari dagokion eskumena deusetan galarazi gabe.
C) Hitzarmen honen eraginkortasuna hobetzeko beste edozein eskudantzia.
D) Bitartekaritza, alderdiek eskatuta, hitzarmen honen aplikaziotik eratorritako desadostasunei buruz.
E) Alderdiak ados egonda, beharrezkoak edo komenigarriak diren beste eginkizun batzuk, hitzarmen kolektibo honen eraginkortasun praktikoa handiagoa izan dadin.
F) Lan baldintzetan funtsezko aldaketak egiteko eta hitzarmena ez aplikatzeko prozeduretan parte hartzea, hitzarmen honetan ezarritako moduan.
Batzorde Paritarioa edozein alderdik eskaturik bilduko da, deialdia eskatzen denetik hamabost eguneko epean, salbu eta, presa dela eta, bilera alderdi guztien eskubideak zaintzeko moduko epe batean egitea komeni denean.
Batzordearen erabakiek, nolanahi ere, Batzordeko kideen hiru laurdenen aldeko botoa beharko dute, eta ebazpenak egiteko epea gehienez ere astebetekoa izanen da.
XEDAPEN GEHIGARRI BAKARRA
Itun honen eraginpean dauden alderdien arteko eztabaida, erreklamazio eta demandetan, bi alderdiak, lan arloko jurisdikziora jo aurretik, Nafarroako Lan Auzitegiaren adiskidetze, bitartekaritza eta arbitrajearen esanetara jarriko dira.
AZKEN XEDAPENA
Hitzarmen honetan jasota ez dagoen guztian, Langileen Estatutuan eta gainerako indarreko araudian ezarrita dagoena aplikatuko da.
Eltson (Nafarroa), 2024ko abenduaren 16an.
Iragarkiaren kodea: F2501466
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
