1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
7/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 11koa, Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilariak emana, zeinaren bidez ezartzen baitira 2025eko Vianako Printzea Kulturaren Sariaren oinarriak.
Martxoaren 24ko 22/2021 Foru Dekretuaren bidez, Vianako Printzea Kulturaren Saria arautu zen. Haren helburua da aintzatestea kulturaren edozein arlotan nabarmentzen diren pertsona edo erakundeek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kulturaren bultzatzaile eta sustatzaile gisa.
Foru dekretu horren 4. xedapena betetzeko, bidezkoa da Vianako Printzea Kulturaren Sariaren 2025eko edizioaren deialdia arautuko duten oinarriak onestea eta argitaratzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egitura organikoa onesten duen azaroaren 15eko 256/2023 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,
AGINTZEN DUT:
1. Vianako Printzea Kulturaren Sariaren 2025eko edizioaren oinarri arautzaileak onestea, foru agindu honen eranskinean ageri direnak.
2. 20.000 euroko gastua baimentzea, "Vianako Printzea Saria" izeneko A20000 A2000 2268 334100 partidaren kargura, 2025eko gastu aurrekontutik.
3. Foru agindu hau eta dagokion eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
4. Foru agindu hau igortzea Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko otsailaren 11n.–Kultura, Kirol eta Turismoko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.
ERANSKINA.–2025EKO VIANAKO PRINTZEA KULTURAREN SARIAREN OINARRIAK
1.–Sariaren xedea eta zuzkidura.
1.1. Vianako Printzea Kulturaren Sariaren helburua da aintzatestea kulturaren edozein arlotan nabarmentzen diren eta Nafarroarekin lotura berezia duten pertsonek edo erakundeek egindako lana, dela sorkuntzan, ikaskuntzan edo ikerkuntzan, dela kulturaren bultzatzaile eta sustatzaile gisa.
1.2. Saria 20.000 eurokoa da, eskudirutan.
2.–Hautagaitzak aurkezteko epea eta tokia.
2.1. Proposamenak posta elektronikoz aurkeztuko dira, premioprincipedeviana@navarra.es helbidearen bitartez.
Proposamenak, orobat, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuaren egoitzan aurkezten ahalko dira (Navarrería kalea 39, 1.a, 31001 Iruña), edo posta ziurtatuaren bidez, posta helbide horretara bidalita. Gutun-azalean honako hau adierazi beharko da: "Vianako Printzea Kulturaren Saria 2025".
Posta ziurtatuaren bidez igorriz gero, mezu elektroniko bat bidali beharko da premioprincipedeviana@navarra.es helbidera, eta igorpenaren berri eman beharko da, proposamenak aurkezteko epearen barnean.
2.3. Hautagaitzak aurkezteko epea oinarri hauek argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2025eko martxoaren 31n bukatuko.
3.–Entitate proposatzaileak.
3.1. Hautagaitzak, banaka, honako hauek aurkezten ahal dituzte: Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideek eta edozein herrialdetako instituzio publikoek (gobernuak, ministerioak, udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa zentroak, enbaxadak, kontsulatuak eta abar), baita legez eratuak dauden edozein herrialdetako hezkuntza, kultur edo gizarte entitateek zein GKEek ere; orobat, antolatzaileek gonbidatzen dituzten pertsonalitateek.
3.2. Hautagaitzak baztertu eginen dira baldin eta aurkezten badira saria norberarentzat eskatuz edo norberak legez ordezkatzen dituen erakundeentzat.
3.3. Sarirako hautagaitzak aurkezteak berekin dakar oinarri hauek goitik behera onartzea, baita epaimahaiak hartzen dituen erabaki guztiak ere.
4.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
3. oinarrian aipatutako entitateek edo pertsonek, hautagaitza aurkezten dutenean, dokumentazio hau erantsiko dute:
a) Entitatearen nortasun juridikoa frogatzen duten datuak edo, kasua bada, proposamena egiten duten pertsonenak, honako hauek adierazita: izena, helbidea, telefonoa, web-orria (baldin badu), IFZa edo antzekoa, eta epaimahaiak gehiago jakin dezan egokitzat jotzen diren beste dokumentu batzuk.
b) Merezimenduen eta ibilbide pertsonalaren eta/edo profesionalaren laburpena (600 hitz gehienez), pertsonaren edo entitatearen hautagaitza aurkezteko oinarri diren merezimendu aipagarriak jasotzen dituena. Laburpenarekin batera, nahi izanez gero, bideo bat edo ikus-entzunezko lan bat aurkez daiteke.
c) Beste edozein dokumentazio osagarri, alegatutako merezimenduak indartu eta egiaztatzeko.
5.–Tramitazioa.
5.1. Sari honi buruzko beste edozein informaziotarako, Kultura, Kirol eta Turismo Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikora jo daiteke, telefono bidez (848 424 644) edo posta elektronikoaren helbidea baliatuz: premioprincipedeviana@navarra.es.
5.2. Deialdia egiten duen entitatearen eskumena da, ez beste inorena, Sariaren inguruan sortu edo planteatzen diren arazo guztiak ebaztea.
6.–Epaimahaia, erabakia eta saria ematea.
6.1. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideek osatuko dute sariaren epaimahaia. Idazkariak, hizpidea duela baina botorik ez, epaimahaiari lagunduko dio bere zereginetan.
6.2. Epaimahaiak aurkeztu diren hautagaitzak aztertu eta haietan jasotzen diren merezimendu aipagarriak baloratuko ditu.
6.3. Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluak saria nori eman erabakitzeko saioa egin baino lehen, hautagaitzak aurkeztu dituzten entitateek eta kontseilukideek hautagaitza bakoitzaren merezimenduak defendatuko dituzte.
6.4. Bozketa. Lehenbiziko bozketa bat eginen da hautagaitza guztien artean, eta boto gehien lortzen duten bi hautagaitzekin bigarren bozketa-txanda bat eginen da, non boto gehien eskuratzen duena izanen den irabazlea.
Hala badagokio, berdinketak hausteko bozketak eginen dira lehenbiziko eta bigarren txandetan.
Hautagaitzetako batek botoen erdia gehi bat eskuratzen badu lehenbiziko bozketan, hura izanen da irabazlea.
6.5. Erabakia prentsaurreko batean jakinaraziko zaie hedabideei; bertan aditzera emanen da zein entitatek edo pertsonak irabazi duen saria, edo, kasua bada, eman gabe gelditu dela.
6.6. Nafarroako Gobernuak emanen du saria, foru dekretu baten bidez, epaimahaiak egindako proposamena ikusita.
6.7. Saria jendaurrean emanen da, ekitaldi bat horretarako antolatuta, behar bezala iragarriko den egunean.
7.–Errekurtsoak.
Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iragarkiaren kodea: F2502129