43. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 4a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

CASTEJÓN

Bideozaintzako kamerak instalatzeko baimena

Castejongo erdigunean ibilgailuen trafiko handia dago. Udalaren aburuz, bada, arrazoi horri gehitu behar zaio azkar zirkulatzen dela eta kale batzuk estuak direla. Horiek horrela, bada, trafikoa arautzeko eta kontrolatzeko ohiko bide presentzialak ez dira nahikoak, eta horregatik eman behar zaie laguntza teknologikoa trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeaz arduratzen direnei. Horregatik, Castejongo Udalak erabaki du bideokamerak instalatu eta erabiliko dituela bere eskumeneko zerbitzuan, bide-segurtasuna zaintzeko eta trafikoa kontrolatzeko.

Inguruabar juridikoak:

Lehenbizikoa.–Abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez (lege organiko horrek arautzen du Segurtasun Indar eta Gorputzek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea): "Trafikoa arautzeko agintaritza arduradunak gauzatuko du trafikoa kontrolatu, erregulatu, zaindu eta arautzeko bideokameren instalazioa eta erabilera, bai eta irudiak jaso eta erreproduzitzeko beste edozein bitartekoren instalazioa eta erabilera ere, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan aurreikusitako xedeekin (legegintzako errege dekretu horren bitartez onetsi zen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-segurtasunari buruzko Legearen Testu Bategina), eta, orobat, harekin bat heldu den berariazko araudian aurreikusitako xedeekin, eta kontuan hartuz urriaren 29ko 5/1992 Lege Organikoa (horren bidez arautzen da Datu pertsonalen tratamendu automatizatua, gaur egun DBLO) eta maiatzaren 5eko 1/1982 Lege Organikoa (lege organiko horrek hizpide du ohorerako, norberaren nahiz familiaren intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidearen babes zibilari), betiere lege honetan aurreikusitako erabilera irizpideei jarraituz".

Bigarrena.–Bestalde, honako hau ezartzen du apirilaren 16ko 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak, trafikoa zaindu, kontrolatu eta arautzeko bideokamerei aplikatzekoa zaien araubideari buruz (aipatutako errege dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendua abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoa garatzeko eta betearazteko, eta 4/1997 Lege Organiko horrek arautzen du Segurtasun Indar eta Kidegoek eremu publikoetan bideokamerak erabiltzea):

4/1997 Lege Organikoaren zortzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraikiz eta xedapen honetan ezarritakoari jarraikiz instalatuko eta erabiliko dira bideokamerak eta irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko beste edozein bitarteko, eremu publikoetan trafikoa kontrolatzeko, erregulatzeko, zaintzeko eta arautzeko.

–Trafikoa erregulatzeko eskumena duten administrazio publikoei dagokie baimentzea aurreko apartatuan aipatutako gailuen instalazioa eta erabilera.

–Irudiak hartu eta erreproduzitzeko gailu finkoen instalazioa eta erabilera agintzeko ebazpenak jasoko du zer bide publikotan edo bide tartetan hartuko diren irudiak, oro har identifikatuta, zer neurri ezarriko diren grabaketen edo lortutako erregistroen eskuragarritasuna, konfidentzialtasuna eta osotasuna bermatzeko, eta zer organo arduratuko den haien zainketaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz. Ebazpenaren indarraldia mugagabea izanen da, haren oinarri diren inguruabarrak aldatzen ez diren bitartean.

Hirugarrena.–Ezarri nahi den sistemak hartu, grabatu eta erreproduzitu ditzake identifikaturik dauden edo identifikatzen ahal diren pertsona fisikoen irudiak; hortaz, tratamendu horiek aplikatuko dira honako arau hauen arabera: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2016ko apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, zeinaren bidez arautu baitzen pertsona fisikoen babesa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez, eta zeinaren bidez indarrik gabe utzi baitzen 95/46/EE Zuzentaraua (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra); eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Horrenbestez,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Irudiak erreproduzitzeko ahalmena duten bideokamerak instalatu eta erabiltzea baimentzea, trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko, betiere 596/1999 Errege Dekretuaren xedapen gehigarri bakarrak ezartzen dituen baldintza zorrotzak betez, hain zuzen ere, honako toki hauetan:

Helbidea:

San Jose kalea.

Merindade kalea.

Chateneauf sur Sarthe kalea.

Castejón 2 industrialdea.

Espainia plaza.

Espainia plazaren eta Ramón y Cajal kalearen arteko bidegurutzea.

Bigarrena.–Datuen babesa.

Informazioa jasotzeko eskubidea. Udalak kartelak jarriko ditu, agerian, adierazteko badela bideozaintza sistema bat trafikoa kontrolatzeko helburuarekin.

Interesdunek informazio zabalagoa izanen dute eskuragarri udal bulegoetan, kamerak instalatzearen ondoriozko irudien tratamenduari dagokionez, baita egoitza elektronikoko gardentasun atarian ere.

Tratamendu-jardueren erregistroa. Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorraren 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Castejongo Udalak bere erregistroan jasoko du trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzeko bideozaintzari dagokion tratamendu-jarduera.

Tratamendu-jardueren erregistroa udal webguneko gardentasun atarian kontsultatzen ahalko da.

Datuak babesteko ordezkaria. Castejongo Udalak datuen babeserako ordezkari bat izendatu du (DBO). Pertsona horrekin edonor jar daiteke harremanetan, datuen tratamenduari buruzko zalantzak argitzeko edo eskubideak baliatzeko, edo arlo horretako edozein iradokizun edo erreklamazio egiteko. Ukitutako pertsonak erreklamazio hori egin dezake, Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan erreklamazioa aurkeztu aurretik. Kasu horretan, erreklamazioa jaso eta bi hilabeteko epean jakinaraziko dio datuak babesteko ordezkariak interesdunari zer erabaki hartu den erreklamazio horren gainean.

Ordezkariarekin harremanetan jar daiteke dpd@castejon.com helbide elektronikoan edo posta bidez, udaletxearen helbidean (Foru plaza 1, 31590 Castejón).

Segurtasun neurriak. Udalak arriskuen analisi bat eginen du irudien segurtasuna bermatze aldera aplikatu beharreko neurri teknikoak eta antolakuntzakoak ezartzeko, irudiak ustekabean edo legez kontra aldatu, galdu edo suntsitu ez daitezen, edo baimenik gabe ikusi edo komunikatu ez daitezen.

Hirugarrena.–Alkatea edo berak eskuordetza emaniko pertsona arduratuko da irudiak gordetzeaz eta haiek ikusi eta ezabatzeko eskabideak ebazteaz.

Laugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzen da, hala xedatzen baita Toki Erakundeen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamenduaren 196. artikuluan.

Bosgarrena.–Indarrean jartzea. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Seigarrena.–Udalbatzari honen berri ematea, egiten duen hurrengo ohiko osoko bilkuran.

Castejonen, 2025eko otsailaren 12an.–Alkatea, Noelia Guerra Lafuente.

Iragarkiaren kodea: L2502266