43. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

77E/2025 EBAZPENA, otsailaren 9koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen inpaktuaren txostena egiten baitzaio Caleras de Liskar SAk sustatutako proiektu honi: "Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) tratatzeko eta transferitzeko zona Ledeako ‘Liskar’ harrobian".

2024ko irailaren 26an, Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzuak, organo eskuduna den aldetik, goian aipaturiko espedienteari dagokion ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua hasteko eskaera igorri zion Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuari.

Espediente hori Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. eranskineko 9.b) multzoan sartuta dago.

Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak –EEHak– tratatzeko instalazioa Ledeako 1. poligonoko 58. lurzatian kokatuko da, "Liskar" harrobitik datozen agregakin naturalak metatzeko zona batean (Ledeako 1. poligonoko 259. lurzatia). Eraikuntzako eta eraisketetako hondakinen instalazioak itxitura perimetral bat eta harriz eta lurrez osatutako kabailoi bat izanen ditu hegoaldean, eta kanpoko ezponda birlandatu eginen da. Instalazioaren barruan, onartutako hondakinak, errefus edukiontziak, lan makinak eta sortutako agregakin birziklatuen metaketak (hormigoizko agregakina, agregakin mistoa eta nahasketa bituminosoen agregakina) kokatuko dira; iritsiko diren materialak urtean 5.000 m³ inguru izanen direla kalkulatu da.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 46. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak kontsulta egin die ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, zehazki, Ledeako Udalari, Hondakinen Atalari (Ekonomia Zirkularraren eta Berrikuntzaren Zerbitzua) eta Meategien Atalari (Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzua). Lege horretan kontsulten izapidean erantzuteko ezarritako epea igaro ondoren, Hondakinen Atalak erantzun du funtsezko izapidean informatuko duela, eta Ledeako Udalak ingurumen edukirik gabeko txosten bat bidali du, proposamena lurralde antolamenduarekin eta Ledeako udal planarekin bateraezina izan litekeela adieraziz.

Proiektuaren analisia, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskineko irizpideak kontuan hartuta.

Jarduera lagungarria izanen da Nafarroan hondakinak murrizteko, ekonomia zirkularra bultzatzeaz eta lehengaien premia murrizteaz gainera.

Proiektuko lurzatia Natura 2000 Saretik kanpo dago. Alabaina, iparraldean, handik metro gutxira, "Leireko mendilerroa eta Arbaiungo arroila" Kontserbazio Bereziko Eremuaren (KBE) muga dago. Eremu horrek, proiektuaren inguru hurbilean, La Piedrako eta San Adriango mendilerroen hegoaldeko isurialdeko baso azalerak hartzen ditu, Leireko mendilerroaren mendebaldean, bai eta Liskar iturburua ere. Jarduerak ez die zuzenean eragiten KBE horretan inbentariatutako habitat naturalei, florari eta faunari, ezta kudeaketa planak babestutako gainerako ingurumen balioei ere. Bereziki, ez du zuzeneko inpakturik izanen aipatutako Liskar iturburuari lotutako belardi hezeetan, ur ibilguetan eta putzuetan.

Instalazioaren kokalekua sastrakak kenduta, zelaituta eta harrobiko harri handiz zedarritutako antzinako labore bat da. Lurzatiak landare estalkirik ez duen arren, haren perimetroan belardiak, lezkadiak, ihitokiak eta sastrakak daude, bereziki trinkoak iparraldean, harrobia hornitzeko erabiltzen ez den putzu baten inguruan (Ledeako 1. poligonoko 57. lurzatia). Lurzatiren hegoaldeko muga areka bat da, A-12 autobiaren ezpondaren aldameneko beste lurzati batzuetatik (larreak eta laboreak) bereizten duena, eta mendebaldean, topografikoki baxuagoak diren lurretan, baratze eremu bat dago, Liskar iturburuko edo putzuko urekin ureztatua.

Baliteke instalazioaren metaketek edo itxituraren instalazioek bazterreko landare eraketa horiek hartzea. Jarduerarako sarbideak ez du inpaktu berririk eraginen Ledeako 1. poligonoko 57. lursaileko landaredian; izan ere, La Piedra bidetiko bi elkargune txikiren medioz eginen da sarbidea, eta jada erabiltzen ari dira elkarguneok agregakinak metatzeko egungo eremura sartzeko.

Landare eraketa perimetralek, inguruko baratzeetako lursailek edo Liskarreko iturburuaren inguruak –KBEaren barrukoak, ingurumen balioa eta erabilera soziala dutenak–, baliteke zeharkako eragina izatea instalazio berritik irits litezkeen hautsengatik edo hegazkorrengatik, ezarritako kontrolak nahikoak ez badira.

Jarduerak ingurumen kalitatean izanen dituen gainerako efektuak (airearen kalitatea, hautsa, zarata, lurzoruaren eta uren kutsadura, hegazkorrak, etab.) jardueraren ingurumen baimen bateratuaren espedientean baloratu eta kontrolatzen dira.

Proiektuaren ingurumen integrazioari dagokionez, kabailoi bat egonen da lursailetan (hego-ekialdean, hegoaldean eta hego-mendebaldean); 3 metroko altuerakoa, 3H:1V maldako kanpo ezponda bat izanen du kabailoiak eta ereite hidraulikoa gauzatuko da bertan, espezie autoktonoak landatzeko.

Kontsulten emaitzatik abiatuta, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen III. eranskinean horretarako jasotzen diren irizpideetan oinarrituta, Biodibertsitatearen eta Arrantza Kudeaketaren Zerbitzuak Ingurumen Ebaluaziorako Atalaren bitartez zehazten du jarduerak ez duela inpaktu kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, baldin eta jarduera berriaren ingurumen baimen bateratuan eta ingurumen inpaktuaren txosten honetan ezartzen dena betetzen bada; gainera indarreko legeriaren arabera beharrezkoak diren gainerako beste baimen guztiak lortu beharko dira.

Ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren prozedura modu egokian bete dela iritzita, adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 17ko 10/2023 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 15eko 255/2023 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. "Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak (EEH) tratatzeko eta transferitzeko zona Ledeako ‘Liskar’ harrobian" –Caleras de Liskar SAk sustatutakoak–, ez du inpaktu esanguratsurik ingurumenean, ingurumen inpaktuaren txosten honetan adierazten diren baldintzetan. Beraz, ez da egin behar ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen II. tituluko I. kapituluko 1. atalean aurreikusia.

2. Aurrekoari jarraikiz, proiektua baimentzeak berekin dakar baldintza hauek bete beharra:

–Ingurumen baimen bateratuan ingurumen kalitatea babesteko ezartzen diren neurriak bete beharko dira, eta, bereziki, instalaziotik etorritako hautsa edo hegazkorrak ingurumen, nekazaritza eta gizarte balioa duten lursail mugakideetan metatzea galarazteko neurriak.

–Kontrol eta jarraipen plan bati jarraituko zaio, nola tratatzeke edo kudeatzeke dauden hondakinen gehiegizko metaketak hala bidaltzeke dauden agregakin birziklatuak saihesteko, baldin eta inguruko lurzati mugakideen gainokupazioa eta landare eraketa naturala arriskuan jartzen badute.

–Instalazioko elementuak eta eraikuntzako eta eraisketetako hondakinen eta agregakinen metaketa egungo zelaigunearen barruan jarriko dira, okupatu gabe edo perimetroko landare eraketak erasan gabe, eta bereziki zainduko dira arekei lotutakoak eta egungo zabalgunearen eta Harriko bidearen artean daudenak.

–Zelaigunearen itxitura eta hura instalatzeko egin beharreko lanak, halaber, landare eraketa perimetral horiei eragin edo horiek kendu gabe eginen dira.

–Instalazioaren hegoaldean proposatutako kabailoiaren kanpo ezponda ereiteko eta landatzeko erabiliko diren haziak eta aleak Ledeako eremuko baso masen, hezeguneen eta ibai ertzen berezko espezie autoktonoenak izanen dira, eta ahalegina eginen da hazi eta aleok Nafarroako ekialdetik ahalik eta hurbilenekoak izan daitezen.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 47.6 artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ez da inolako errekurtsorik paratzen ahalko, proiektua onetsi zuen xedapen orokorraren aurka bide judizialean paratzen ahal direnak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

5. Ebazpen hau helaraztea Kutsaduraren aurkako Prebentzio Atalari, Basozaintzari (10. barrutia, "Tafalla-Zangoza") eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2025eko otsailaren 29an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Ana Bretaña de la Torre.

I. ERANSKINA.–AURKEZTUTAKO DOKUMENTAZIOAN EMANDAKO PROPOSAMENAREN PLANOA

Iragarkiaren kodea: F2502058