1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
46/2025 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionaleko zuzendarien esku uzten duena norberaren ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak diren musika-tresnak erosteko eskumena eta, horrekin batera, eskumen hori erabiltzeko prozedura ezartzen duena.
Kontserbatorio horiek behar duten autonomia bermatzeko eta autonomia hori Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea errespetatzearekin eta betetzearekin uztartzeko, beharrezkoa da arlo horretako eskumenak kontserbatorio horien esku uzteko beste eskuordetze bat onestea.
Hortaz, proposatzen da Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionaleko zuzendarien esku uztea norberaren ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak diren musika-tresnak erosteko eskumena eta, horrekin batera, eskumen hori erabiltzeko bi prozedura ezartzea, bata 5.000 euro bitarteko erosketetarako, eta bestea, kopuru horretatik gorakoak izanda ere 15.000 euro gainditzen ez duten erosketetarako; bi kasuetan BEZa kontuan hartu gabe.
Abuztuaren 30eko 67/2023 Foru Dekretua eta Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretua aldatzen dituen urriaren 23ko 96/2024 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat,
EBAZTEN DUT:
1. Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko eta "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionaleko zuzendarien esku uztea norberaren ikastetxearen funtzionamendurako beharrezkoak diren musika-tresnak erosteko eskumena, era horretan ikastetxearen kargura dauden baliabide finantzario eta materialak kudeatu ahal izan ditzaten.
2. Honako hauek dira eskuordetu diren eskumenak garatzeko prozedurak:
2.1. Kontserbatorio horietako zuzendariek ikastetxeen irakaskuntza-funtzionamendurako behar diren musika-tresnen erosketak egiten ahalko dituzte, 5.000 euro bitartekoak, BEZik gabe.
Erosketa egokia den baloratzeko, zenbatekoa edozein dela ere, aurretik Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren oniritzi teknikoa beharko dute, edo, bestela, kontserbatorioa Hezkuntza Departamentuaren zein unitateren mende dagoen, unitate horrena.
2.2. Kontratu horien zenbatekoak aurreko puntuan ezarritakoa gainditzen badu, baina betiere 15.000,00 euroko zenbatekoa gainditu gabe (BEZa kanpo), Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Zuzendaritza Nagusiak berariazko baimena eman beharko du.
Horretarako, ikastetxeko zuzendaritzak dokumentu bat egin beharko du, kontratuaren xedearen deskribapena jasoko duena, kontratuaren gutxieneko baldintza teknikoak argi eta garbi adierazita.
Dokumentu hori kontratua gauzatzeko gaitasuna duten hiru enpresa edo profesionali bidaliko zaie, gutxienez, epe jakin batean eskaintza aurkez dezaten. Ondasunaren izaera dela-kausa hornitzaile aski ez badago, baldintza hori ez da bete beharko.
Aurkezten diren eskaintzak ikusita, eta aipatutako dokumentuan finkatutako irizpideen arabera eskaintzak baloratu ondoren, ikastetxeko zuzendaritzak erosketa esleitzeko txosten-proposamen bat eginen du. Horrekin batera, espedientea osatzen duten agiri guztiak bilduko ditu, bai eta aurreko izapideak bete direla justifikatzen duten agiriak ere.
Dokumentazio hori Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura bidaliko du, edo kontserbatorioa mendean duen unitatera, hark txosten teknikoa egin dezan proposatutako kontratazioaren beharrari buruz. Gero, txosten hori Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalera bidaliko da, atal horrek txostena egin dezan ikastetxeak kontratazio hori egiteko duen bideragarritasun ekonomikoari buruz. Txostena ikusita, aipatutako zerbitzuak gastua baimentzeari buruzko erabakia hartuko du.
3. Ikastetxeen kontratazio guztiek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kontratazioaren arloan duen araudia bete beharko dute.
Hezkuntza Departamentuak erabaki dezake kontratazioa bere kabuz egitea, komenigarritzat jotzen badu.
4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta adieraztea ebazpen honen ondorio juridikoak argitalpen-egunean berean hasiko direla.
5. Ebazpen hau igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontu-hartzaile delegatuari, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuari, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioari, "Pablo Sarasate" Musika Kontserbatorio Profesionalari eta Idazkaritza Tekniko Nagusiko Aurrekontuen eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2025eko otsailaren 13an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
Iragarkiaren kodea: F2502402