1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
17/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 14koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita adenda bat, aldatzen duena Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eta Estatistikako Institutu Nazionalaren arteko hitzarmena, EINen biztanle-erroldako datu-basean SECOPA web zerbitzuaren bitartez sartzeari buruzkoa, eta ahalmena ematen diona Kontu-hartzailetzako zuzendari nagusiari hura sina dezan.
2022ko ekainaren 9an izenpetu zen Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eta Estatistikako Institutu Nazionalaren arteko hitzarmen bat, EINen biztanle-erroldako datu-basean SECOPA web zerbitzuaren bitartez sartzeari buruzkoa.
Hitzarmen horren xedea da Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari sarbidea ematea Estatistikako Institutu Nazionalak (aurrerantzean, EIN) kudeatzen duen biztanle-errolda jarraituaren baserako, institutuak garatu duen web zerbitzuaren bidez (SECOPA). Sarbide horren helburua da helbidearen datua lortzea, prestazio eta dirulaguntzen gainean finantza kontrol iraunkorraren lanak betetzeko, egoitza edo helbidea datu garrantzitsuak direnean. Zehazki, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan arautzen diren prestazio bermatuen gaineko kontrol lanak betetzeko.
Hitzarmen horren zortzigarren klausulan adierazten denez, hitzarmenak lau urteko iraupena du, eta sinatzaileek aho batez erabakiz gero aldatzen ahalko da, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.g) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.
Bestalde, Kontu-hartzailetzako Zuzendaritza Nagusiko Finantza Kontrolerako eta Auditoretzako Zerbitzuak esleituak dituen kontrol eskumenak baliatzeko, beharrezkotzat jotzen da biztanle-erroldako bizikidetzari buruzko datuak eta informazio historikoa ere edukitzea, sinatutako hitzarmenean jasota dagoen egungo helbideari buruzkoaz gain. Gainera, hitzarmena sinatu zen garaian informazio hori ez zegoen eskura EINek garatutako web zerbitzuan.
Aipatutako kontrol eskumenen artean, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean, zehazki V. tituluan (Nafarroako sektore publikoa osatzen duten entitateen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren barne kontrolari buruzkoa), ezarrita dagoenez, Kontu-hartzailetza Orokorrari dagokio foru sektore publikoaren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren barne kontrola egitea, bai eta dirulaguntzak eskuratzen dituzten onuradunen eta dirulaguntzen kudeaketan laguntzaile diren entitateen gainekoa ere; horrekin batera, foru legeak kontrol lanak betetzen dituzten langileak gaitzen ditu zeregin horiek behar bezala betetzeko behar den dokumentazio eta informazioa lor ditzaten (96. artikulua).
Apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 111.1.d) artikuluan ere hala jasotzen da, izan ere, auditoretza publikoaren modalitateetako bat dirulaguntzen gainekoa dela ezartzen du: "Dirulaguntzen auditoretzaren xedea da egiaztatzea onuradunek eta entitate laguntzaileek dirulaguntzak modu zuzenean eskuratu, erabili eta kudeatu dituztela, funtsak kudeatzen eta aplikatzen eginbeharrak egin dituztela eta haiekin finantzaturiko eragiketak egiazkoak eta erregularrak direla". Horregatik, kontrol ahalmen hori betetzeko, beharrezkoa da jasotzaileen biztanle-erroldako bizikidetzari buruzko datuetan eta informazio historikoan sartzeko aukera izatea.
Barne kontrolerako orain arte onetsi diren planetan ezartzen da finantza kontrol iraunkorraren xede izanen direla, besteak beste, pertsona fisikoentzako zuzeneko laguntza ekonomikoei dagozkien gastuak, laguntza horiek prestazio bermatu gisa araututa badaude ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan (gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena) eta aurretiazko fiskalizaziotik salbuetsitzat deklaratuta Nafarroako Gobernuaren 2014ko ekainaren 25eko Erabakiaren bidez. Egoitza edo helbidea datu garrantzitsuak direnean, prestazio, laguntza eta dirulaguntzen kontrol lanak bete ahal izateko beharrezkoa da, lehen esan denez, biztanle-erroldako informazioan sartzea, bizikidetzari buruzkoa eta informazio historikoa barne, zenbait kasutan behar delako, adibidez, errenta bermatuan.
Horregatik guztiagatik, komenigarritzat jotzen da 2022ko ekainaren 9an izenpetutako hitzarmenaren lehen, bigarren eta hirugarren klausulak aldatzea, biztanle-erroldako bizikidetzari buruzko datuak eta informazio historikoa eskuratu ahal izateko.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 90.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, hitzarmenak onesten ahalko dira, kontuan hartuta zein den haien xedea, esku hartzen duten pertsonak eta, kasua bada, haien finantzaketa, arlo horretako eskumena duen departamentuko titularraren foru agindu bidez.
Horrenbestez,
AGINTZEN DUT:
1. Onestea adenda bat, aldatzen duena Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eta Estatistikako Institutu Nazionalaren arteko hitzarmena, EINen biztanle-erroldako datu-basean SECOPA web zerbitzuaren bitartez sartzeari buruzkoa. Adenda hori eranskinean jaso da.
2. Ahalmena ematea Kontu-hartzailetzako zuzendari nagusiari adenda hori sina dezan.
3. Foru agindu hau igortzea, behar diren ondorioak izan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Kontu-hartzailetzako zuzendari nagusiari eta Finantza Kontrolerako eta Auditoretzako Zerbitzura.
Iruñean, 2025eko otsailaren 14an.–José Luis Arasti Pérez, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria.
ADENDA, ALDATZEN DUENA NAFARROAKO GOBERNUKO EKONOMIA ETA OGASUN DEPARTAMENTUAREN ETA ESTATISTIKAKO INSTITUTU NAZIONALAREN ARTEKO HITZARMENA, EIN-EN BIZTANLE-ERROLDAKO DATU-BASEAN SECOPA WEB ZERBITZUAREN BITARTEZ SARTZEARI BURUZKOA
BILDURIK:
Alde batetik, Juan José Pérez Capapay jauna, Kontu-hartzailetzako zuzendari nagusia, irailaren 13ko 189/2023 Foru Dekretuaren bidez izendatua (199. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 22koa), Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren otsailaren 14ko 17/2025 Foru Aginduaren bidez esleitutako ahalmenak erabiliz diharduela, foru agindu horrek hitzarmen hau onesten baitu eta hitzarmena izenpetzeko ahalmena ematen baitio.
Eta, beste aldetik, Cristina Casaseca Polo andrea, Estatistikako Institutu Nazionaleko Biztanleriaren Estatistiketako zuzendari nagusia, abenduaren 10eko 1262/2024 Errege Dekretuaren bidez izendatua eta erakunde horren lehendakaria ordezkatuz diharduela, Estatistikako Institutu Nazionaleko lehendakariaren 2024ko ekainaren 19ko Ebazpenaren bigarren apartatuko 1.f) puntuan ezarritakoari jarraikiz, zeinaren bidez eskumenak eskuordetzen baitira (155. Estatuko Aldizkari Ofiziala, ekainaren 27koa).
Biek ala biek aipatutako instituzioak ordezkatuz esku hartzen dute, eta haien karguek emandako ahalmenekin; elkarri aitortzen dizkiote adenda hau eman eta izenpetzeko ahalmena eta legitimazioa, eta, horretarako,
ADIERAZTEN DUTE:
Lehena.–2022ko ekainaren 9an aldeek izenpetu zutela Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eta Estatistikako Institutu Nazionalaren arteko hitzarmen bat, EINen biztanle-erroldako datu-basean SECOPA web zerbitzuaren bitartez sartzeari buruzkoa.
Bigarrena.–Ezen, hitzarmen horren zortzigarren klausulan ezarritakoaren arabera, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeren 49.g) artikuluan ezarritakoarekin bat, hitzarmena aldatzeko, sinatzaileen ahobatezko erabakia beharko dela.
Hirugarrena.–Ezen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zenbait eskumen, ondotik zehazten direnak, betetzeko, beharrezkoa dela izatea, izenpetutako hitzarmenean ageri den egungo helbideaz gain, biztanle-erroldako beste datu batzuk ere, bizikidetzari buruzkoak eta informazio historikoa, kontuan hartuta, gainera, hitzarmena izenpetu zen garaian informazio hori ez zegoela eskura EINek garatutako web zerbitzuan.
Zehazki, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean, zehazki V. tituluan, ezarrita dagoenez (Nafarroako sektore publikoa osatzen duten entitateen kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren barne kontrolari buruzkoa), Kontu-hartzailetza Orokorrari dagokio foru sektore publikoaren kudeaketa ekonomiko eta finantzarioaren barne kontrola egitea, bai eta dirulaguntzak eskuratzen dituzten onuradunen eta dirulaguntzen kudeaketan laguntzaile diren entitateen gainekoa ere; horrekin batera, foru legeak kontrol lanak betetzen dituzten langileak gaitzen ditu zeregin horiek behar bezala betetzeko behar den dokumentazio eta informazioa lor dezaten (96. artikulua).
Apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 111.1.d) artikuluan ere hala jasotzen da, izan ere, ezartzen du barne kontrolaren xedea dela egiaztatzea onuradunek eta entitate laguntzaileek dirulaguntzak modu zuzenean eskuratu, erabili eta kudeatu dituztela, funtsak kudeatzen eta aplikatzen eginbeharrak egin dituztela eta haiekin finantzaturiko eragiketak egiazkoak eta erregularrak direla. Kontrol ahalmen hori betetzeko, beharrezkoa da sarbidea izatea jasotzaileen biztanle-erroldako bizikidetzari buruzko datuetarako eta informazio historikorako.
Izan ere, barne kontrolerako orain arte onetsi diren planetan ezartzen da finantza kontrol iraunkorraren xede izanen direla, besteak beste, pertsona fisikoentzako zuzeneko laguntza ekonomikoei dagozkien gastuak, laguntza horiek prestazio bermatu gisa araututa badaude ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan (gizarte zerbitzu orokorren zorroa onesten duena) eta aurretiazko fiskalizaziotik salbuetsitzat deklaratuta Nafarroako Gobernuaren 2014ko ekainaren 25eko Erabakiaren bidez. Egoitza edo helbidea datu garrantzitsuak direnean, prestazio, laguntza eta dirulaguntzen kontrol lanak bete ahal izateko beharrezkoa da biztanle-erroldako informazioan sartzea, bizitzari buruzkoa eta informazio historikoa barne, zenbait kasutan behar delako, adibidez, errenta bermatuan.
Horregatik guztiagatik, bi aldeek erabaki dute 2022ko ekainaren 9an izenpetutako hitzarmena aldatzea, honako hauek direla.
KLAUSULAK
Lehena.–Hitzarmenaren lehenbiziko klausula aldatzea.
Hitzarmenaren lehenbiziko klausula aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:
"Lehena.–Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen xedea da Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari sarbidea ematea Estatistikako Institutu Nazionalak (aurrerantzean, EIN) kudeatzen duen biztanle-errolda jarraituaren baserako, institutuak garatu duen web zerbitzuen bidez (SECOPA). Sarbide horren helburua da helbideari eta bizikidetzari buruz eta horren informazio historikoari buruz dauden kontsulta guztien datuak lortzea, prestazio eta dirulaguntzen gainean finantza kontrol iraunkorraren lanak betetzeko, egoitza edo helbidea datu garrantzitsuak direnean. Zehazki, Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuan arautzen diren prestazio bermatuen gaineko kontrol lanak betetzeko (martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuak aldatu zuen 69/2008 Foru Dekretua)".
Bigarrena.–Hitzarmenaren bigarren klausula aldatzea.
Hitzarmenaren bigarren klausula aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:
"Bigarrena.–Biztanle-erroldako datu basean kontsultak egiteko web zerbitzuaren ezaugarriak.
EINek, hitzarmen honek ezarritako esparruan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren eskura jarriko ditu biztanle-erroldako datu basean kontsultak egiteko web zerbitzuak (SECOPA), helbideari eta bizikidetzari buruzko banako kontsultakoak nahiz historikoenak, bizikidetzakoak nahiz udalerrietakoak, baimena duten erabiltzaileak bertara sar daitezen PID delakoaren bitartez (datu bitartekotzarako plataforma).
Kontsultak banaka eginen dira prozedura bakoitzean, eta haietako bakoitzean adierazi beharko dira identifikazio zenbakia eta biztanle-erroldako basean sartzeko arrazoia, "Espedientea" eta "Xedea" eremuak erabiliz. Eremu horiei esker, datuen lagapenari buruz egiten diren auditoretzetan posible izanen da kontrol lanak betetzea eta espedienteak lokalizatzea.
Kontsulta egiteko, honako datu hauek adierazten ahalko dira: NANa (edo hura ordezten duen zenbakia, atzerritarren kasuan), deiturak, izena eta jaiotze eguna; SECOPAk, horri erantzunez, adieraziko ditu inskribatuta ageri den pertsonaren helbidea, bizilekua izan duen udalerrien historikoa, gaur egun harekin bizi direnak edo helbideen eta bizikideen historikoa, azken hiru urteetakoa, halakorik bada, baldin eta basean inskripzio bakarra badago, zeinaren identifikazio datuak bat datozen sartutako bilaketa datuekin. Inskripzio bat baino gehiago baldin badago, edo bat bera ere ez, sartutako bilaketa irizpideen arabera, mezu espezifikoen bidez adieraziko da.
Bizikidetzari buruzko web zerbitzuak egungo bizikideen berri ematen du, bizikideen historikoak, berriz, kontsultatutako pertsonaren helbideei buruzko informazio historikoa emanen du, eta harekin bizi direnei edo azken hiru urteetan bizi izan direnei buruzkoa, zehaztuta helbide berean bizi izandako lehen eta azken egunak, eta aldaketaren arrazoia. Udalerriei buruzko web zerbitzu historikoak informazio historikoa emanen du kontsultatutako pertsonak 1996az geroztik udalerrietan izan dituen biztanle-erroldako inskripzioei buruz, zehaztuta udalerri bakoitzean bizi izandako lehen eta azken egunak".
Hirugarrena.–Hitzarmenaren hirugarren klausula aldatzea.
Hitzarmenaren hirugarren klausula aldatzen da, eta testu hau izanen du aurrerantzean:
"Hirugarrena.–Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanle-errolda Jarraituaren datu basean sarbidea izateko baldintzak.
1. Finantza Kontrol Iraunkorrerako eta Auditoretzako Atalak kudeatuko ditu SECOPA web zerbitzuaren erabiltzaileak eta kontrolatuko ditu sarbideak, EINek eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak adosten dituzten arau teknikoak betez. EINek Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskuordetzen dio erabiltzaileen kudeaketa. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak EINi jakinarazi beharko dio, institutuak baimena eman dezan, sarbidea egiteko prozeduren eta aplikazioaren izena, EINen aplikaziotik dagokion kontrola bete ahal izateko.
2. EINek kudeatzen duen biztanle-erroldako datu baserako sarbidea egonen da, soilik, eskaeraren arrazoia bada egiaztatu beharra dagoela pertsona fisiko baten helbidea eta egoitza, bai eta, hala badagokio, harekin bizi direnak ere, haren udalerrietako historikoa edo haren helbideen eta bizikideen historikoa, finantza kontrol iraunkorrak (FKI) eskatzen dituen egiaztapenak egin ahal izateko. Baldintza hori gauzatuko da espediente zenbaki bat eskatuz, bat etorriko dena formulario zenbaki batekin, baldin badago, edo FKIari esleitutako erregistro zenbakiarekin, datu kontsulta hori egiazko FKI batean oinarrituta dagoela frogatze aldera.
3. 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 5.1 b) artikuluan ezarritakoarekin bat, Finantza Kontrol Iraunkorrerako eta Auditoretzako Atalak, biztanle-erroldako datuak ezagutzen baditu, aurreko paragrafoan adierazitako xedearekin baizik ezin izanen ditu erabili, eta ez ditu beste ezein helburutarako erabiltzen ahalko.
4. EINek atzematen dituen irregulartasunak Ekonomia eta Ogasun Departamentuari jakinaraziko zaizkio, behar dena egin dezan.
5. SECOPA web zerbitzuan kontsultak egiteko eskaerak egiaztatu beharko dira Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen V. kapituluan (Sektore publikoaren funtzionamendu elektronikoa) eta Segurtasun Eskema Nazionalean ezarritako baldintzetan onartu edo kualifikatutako ziurtagiri elektronikoaren bidez, PID (datu bitartekotzarako plataforma) delakoaren integrazio arauak betez".
Laugarrena.–Hitzarmenaren klausulak.
Adenda honek berariaz aldatzen ez duen guztian, hitzarmenean xedatutakoak indarra izanen du aurrerantzean ere.
Bosgarrena.–Adendaren eraginkortasuna.
Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.8 artikuluan xedatutakoaren arabera, adenda honek eragina izanen du, formalizatu eta bost egun balioduneko epean, Estatuko sektore publikoko lankidetzarako organo eta bitartekoen erregistro elektronikoan inskribatzen denetik aurrera, eta aldatzen duen hitzarmenaren indarrari eutsiko dio. Era berean, formalizatu eta hamar egun balioduneko epean, argitara emanen da Estatuko Aldizkari Ofizialean eta, aukeran, Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Eta ados daudela frogatzeko, adenda hau izenpetzen dute, bide elektronikotik eta ondorio bakarrerako, izenpetze eguntzat azken sinatzaileak izenpetzen dueneko eguna hartuta, ..................................
Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Kontu-hartzailetzako zuzendari nagusia, Juan José Pérez Capapay.–Estatistikako Institutu Nazionaleko Biztanleriaren Estatistiketako zuzendari nagusia, Cristina Casaseca Polo, erakundeko lehendakariak eskuordetuta, EINeko lehendakariaren 2024ko ekainaren 19ko Ebazpenaren bidez (ekainaren 27ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).
Iragarkiaren kodea: F2502569