43. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

384/2025 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, suhiltzaile-peoi laguntzaileen lanpostuetan aritzeko.

Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat egitea suhiltzaile-peoi laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda bat osatzeko, hautaproben bidez, gero, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, aldi baterako kontratazioak egiteko.

Deialdi hau onesten da Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42.2.c) artikuluan xedatutakoari jarraituz (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako erregelamendua), eta bat etorriz Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan xedatzen denarekin, horren bidez onesten baitira aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak.

Bestalde, urriaren 24ko 1/2018 Foru Lege Dekretuak, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen arloko neurri batzuk, honako hau xedatzen du 7. artikuluan: "E mailako/taldeko lanpostuak D mailan/taldean sartuko dira, kategoria berri batean, non hiru lanpostu egonen baitira, izen hauekin: zerbitzu orokorrak, zeladoreak eta suhiltzaile-peoi laguntzaileak. Horietara sartzeko, orain arteko titulazio baldintza berbera mantenduko da, hots, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren 12. artikuluan E mailako/taldeko lanpostuetarako ezarritakoa".

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat osatzeko hautaproben bidez, suhiltzaile-peoi laguntzaileen lanpostuetan aritzeko, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharren arabera.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetarako Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2025eko otsailaren 6an–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, ALDI BATERAKO KONTRATAZIORAKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO, SUHILTZAILE-PEOI LAGUNTZAILEEN LANPOSTUETARAKO

Honako hauek dira deialdiaren:

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdi honen xedea da hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzea suhiltzaile-peoi laguntzaileen lanpostuetan aritzeko, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek betebehar hauek bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa.

Parte har dezakete, orobat, Espainiako nazionalitatea dutenen edo Europar Batasuneko estaturen bateko nazionalitatea dutenen ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio eremuan sartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Eskola-ziurtagiria edo horren baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea.

Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten agiriak eduki beharko dira.

d) B motako ibilgailuen gidabaimena izatea.

e) Eginkizun horietan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea eta IV. eranskinean baztertuak izateko aipatzen diren egoeretan ez egotea.

f) Dagozkion eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik edo bazterturik ez egotea eta administrazio publikoren bateko zerbitzutik bereizia ez izatea.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, baita hautapen prozedura osoan, dei egiten zaien unean eta kontratazioak iraun bitartean ere.

Aurreko horretatik kanpo geratzen da gidabaimenari dagokiona; izan ere, trebakuntza ikastaroa egiten hasten den egunean eduki beharko da gidabaimen hori, eta prestakuntza-aldian eta kontratazio-aldian mantendu beharko da.

Hirugarrena.–Eskaerak eta agiriak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematika bidez aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez, https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidean, "Enplegu publikorako deialdiak" atalean, deialdi honen fitxan sartuz.

Eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaeran; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna duten izangaiek, hura frogatzeko, agiri hauetako bat aurkeztu behar dute:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organoak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo nola doitu behar diren denbora eta/edo bitartekoak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean. Pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hautapen prozesua kudeatzen duen organoaren bidez, espedientea izapidetzeko eta ebazteko behar diren datuak kontsultatuko ditu (nortasuna, adina eta titulazioa). Datuetara sartuko da, hain zuzen, Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen (SVCD) bidez edo sistema baliokideen bidez, salbu eta izangaiak uko egiten badio modu arrazoituan. Uko egiten badio, nortasun agiri nazionalaren kopia aurkeztu beharko du, eskaneaturik.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Izangaiak onartzea.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematika bidez aurkeztu beharko dira, Internet bitartez, Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrendak zuzenean onetsiko dira.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta argitara emanen ditu Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, bertan adierazita noiz eta non eginen den deialdian ezarritako proba teorikoa.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

4.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Jon Diez de Ure Eraul jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-sarjentua.

Ordezko epaimahaiburua: Elías Arraiza Martiarena jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Epaimahaikidea: Jose Urdiain Larrayoz jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Ordezko epaimahaikidea: Enrique Arizaleta Primo jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Epaimahaikidea: Pello Belaunzaran Barno jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Ordezko epaimahaikidea: Daniel Itsaso Ran jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Epaimahaikidea: Gorka Vidarte Mendioroz jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Asier Ilarregui Moso jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Idazkaria: Mikel Miren Oiaga Artajo jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.

Ordezko idazkaria: M.ª Teresa Osta Peteiro andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.

5.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, kalifikazio epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, zilegi da epaimahaia osatzen duten kideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaiko kideei.

Seigarrena.–Probak.

6.1. Hautapen prozesua honako proba hauen bidez eginen da:

6.1.1. Proba teorikoa:

Gehienez ere, test motako 40 galdera erantzun beharko dira, idatziz, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, baina bakarra izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du; hain zuzen ere, erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak ezarriko du proba honen gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Proba egiteko ez da inolako testurik edo dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltza izan ezik.

Proba honek 40 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Proba egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, eskaera-orrian eskatu badute.

Probaren kalifikazioa bukatu ondoren, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu izangaiek lortutako puntuazioak, eta 5 egun balioduneko epea irekiko du emaitzei buruzko alegazioak telematika bidez aurkezteko.

Alegazioak aurkezteko epea bukatuta, eta alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak probaren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu, proba gainditu duten izangaiak adierazita, eta proba fisikoa egiteko deia eginen die.

6.1.2. Proba fisikoa:

4,3 kilometro luze dituen eta 100 metro inguruko desnibel positibo metatua duen ibilbidea egin beharko da, oinez, bide asfaltatuetan, mendi bideetan eta bidezidorretan barrena, gizonek 12 kilogramoko (+/-100 g) gainkarga duen motxila soinean daramatela, eta, emakumeek, 10 kilogramokoa (+/-100 g).

Proba hori egiteko, izangaiek beren ibilia lurraren berezitasunetara eta une horretako meteorologiara egokitu beharko dute, eta arropa eta oinetako egokiak eraman beharko dituzte, baita mendirako edo mendi-ibilietarako motxila bat ere, adierazitako gainkarga eramateko behar adinako edukiera duena.

Epaimahaiak emanen dio izangai bakoitzari korrikaldian garraiatu beharreko karga.

Proba egin bitartean ezin izanen da telefono mugikorrik erabili, ezta irudi- edo soinu-gailu elektronikorik ere. Epaimahaiak zehazten dituenak bakarrik baimenduko dira.

Proba fisikoa ikus-entzunezko tresnekin grabatzen ahalko da, epaimahaiak proben emaitzak erregistratzeko eta oinarri hauetan ezarritakoaren arabera baloratzeko baino ez.

Hori deusetan galarazi gabe, federazioetako epaileek gainbegiratu eta erabakiko dute proba oinarri hauetan ezarritakoari jarraikiz egiten den, baita puntuazioak oinarri hauen arabera ematen diren ere.

Izangairen batek ezin badu proba hau egin arriskuko haurdunaldia edo erditzea dela kausa, eta egoera hori behar bezala justifikatzen bada, epaimahaiak baloratuko du ea proba hori egitea atzera daitekeen izangai horientzat bakarrik. Izangai horien egoera hautapen prozesua bukatzearen baldintzapean geratuko da, eta atzeratutako proba gainditzearen baldintzapean; atzerapena ezin izanen da luzatu beste izangaiek prozesua arrazoizko epeen barruan ebatz dadin daukaten eskubidea urratzeraino, eta epaimahaiak inguruabar hori baloratu beharko du. Edonola ere, proba hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratu baino lehen egin beharko da.

Antolaketa-kontuak direla eta, proba hau egiteko deia egun eta ordu ezberdinetan egiten ahalko da, proba teorikoa gainditzen duten izangaien kopurua kontuan hartuta.

Horretarako, epaimahaiak proba hau egitera deitutako izangaien zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, proba egin baino 48 ordu lehenago gutxienez, eta ohar horretan proba egiteko tokia, data, deiaren ordua eta egin beharreko ibilbidea zehaztuko dira. Ibilbidea berbera izanen da izangai guztientzat.

Proba hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko dute, non berariaz adieraziko baitute badutela probak egiteko nahikoa den sasoia eta osasun egoera. Adierazpen hori epaimahaiari emanen zaio deia egiten den unean. Adierazpena sinatzen ez dutenek edo hura sinatzeko moduan ez daudenek proba egiteko eskubidea galduko dute, eta prozesutik kanpo geldituko dira, ondorio guztietarako.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, probak egin bitartean edo beste une batean, ariketaren batean lortutako sailkapenari jarraikiz zein ausaz aukeratuta. Horretarako deia idatziz eginen da, Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren arauen arabera ezarrita dagoen dopinaren kontrol ofizialetarako inprimakia erabiliz. Jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak behar den organo espezializatuak eginen ditu. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan hura egitera agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen prozesutik baztertu eginen da berehalakoan. Baztertzeko arrazoi izanen da, orobat, trabak jartzea dopin kontrola legeak aurreikusi bezala egiteko, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta gordeka ibiltzea, baita, egitez edo omisioz, kontrola egitea eragozten, nahasten, galarazten edo saihesten duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita ekiditen duenean, egitez edo omisioz, nahitaez eman behar dituen laginak biltzea.

Horren ondorioetarako, debekatuak egonen dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2022ko azaroaren 22ko Ebazpenaren eranskinean heldu diren substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuak dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2022ko 286. Estatuko Aldizkari Ofizialean, azaroaren 29koan, argitaratua).

Debekatuta dagoen edozein substantzia hautemanez gero, ukitutako izangaia hautapen prozesutik baztertuko da, deusetan galarazi gabe izangaiak kontra-analisia egin diezaiotela eskatzeko duen eskubidea, baita kalifikazio epaimahaiari bidezko alegazioak aurkezteko aukera ere.

Proba hau gehienez 40 punturekin kalifikatuko da, eta ibilbidea osoa egiten ez duten pertsonak edo 36 minututik gorako denboran bukatzen dutenak baztertu eginen dira.

Puntuazioen baremoa deialdi honen III. eranskinean zehazten da.

Proba fisikoa bukatu ondotik, epaimahaiak argitara emanen ditu lortutako kalifikazioak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen du haiei buruzko alegazioak egiteko.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik eta horiek ebatzi ondotik, epaimahaiak proba fisikoaren behin betiko kalifikazioak argitara emanen ditu.

6.2. Probarako dei bakarra eginen da, eta izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute bertara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

6.3. Proba komuna suhiltzaile-gidari laguntzaileen eta suhiltzaile-peoi laguntzaileen deialdietarako.

Suhiltzaile-gidari laguntzaileen eta suhiltzaile-peoi laguntzaileen deialdietan egin beharreko proba fisikoak aldi berean eginen dira, proba komun bakarrean, arintasunaren eta efizientziaren mesederako, halako moduz non proba komunak bi lanpostuetarako proba fisikoak kalifikatzeko balioko baitu.

Zazpigarrena.–Emaitzak.

7.1. Proba horien kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitara emanen du proba fisikoa gainditu duten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren arabera ordenatua.

7.2. Behin alegazioetarako epea iraganik, eta horiek ebatzirik, izangaien puntuazioetan berdinketarik izanez gero, epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du berdinketak hausteko. Berdindutako izangai guztien artean, bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoaren arabera deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Zozketaren emaitzak Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko dira (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Zortzigarrena.–Trebakuntza ikastaroa.

8.1. Hautapen prozesuaren barruan, trebakuntza ikastaro bat dago, baztergarria: ikastaroan "gai" kalifikazioa lortu beharra dago suhiltzaile-peoi laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendan kontratatzeko moduan egon ahal izateko. Baztertu eginen dira ez-gai kalifikazioa lortzen dutenak.

8.2. Probak gainditzen dituzten izangaiek beren borondatez parte hartzen ahalko dute trebakuntza ikastaroan, zeina Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak eman eta garatuko baitu, eskolak berak ezartzen duen moduan.

8.3. Zazpigarren oinarrian ezarritako tramiteak bukaturik; epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitara emanen du trebakuntza ikastaroa egitera deitutako izangaien zerrenda, eta ikastaroa hasteko eguna adieraziko du.

Trebakuntza ikastarora deitutako pertsonen kopurua Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren aurreikuspenen arabera behar diren langileen arabera ezarriko da. Trebakuntza ikastarorako deia eginen zaie izangaiei zerrendetan lortutako puntuazio ordenari jarraituz, ezertan ukatu gabe, batetik, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoa, bertan arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak, eta, bestetik, aldi baterako kontratazioaren kudeaketari buruzko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoa.

8.4. Trebakuntza ikastaro hori egitetik salbuetsita daude Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ikastaroa egina eta gainditua duten izangaiak. Ondorio horietarako, epaimahaiak proba gainditu duten izangaien zerrenda bidaliko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, hark trebakuntza ikastaroa gainditua duten izangaien berri eman dezan.

8.5. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroaren emaitzak, argitara daitezen Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

8.6. Geroago, aldian behin, trebakuntza ikastaro gehiago eginen dira eta haietan parte hartzeko deia eginen zaie izangaiei, behar diren langileen arabera. Ikastarorako deia 8.3 puntuan adierazitako ordenari jarraituz eginen zaie izangaiei. Trebakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak baztertu eginen dira suhiltzaile-peoi laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendetatik.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ofizioz igorriko dio Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari izangaien zerrenda, gai edo ez-gai kalifikazioa adierazita, kontratazio zerrendan sartzeko edo handik baztertzeko.

Bederatzigarrena.–Suhiltzaile-peoi laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrenda.

9.1. Trebakuntza ikastaroa bukatuta, epaimahaiak izangaien zerrendak bidaliko dizkio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera, trebakuntza ikastaroa gainditu duten izangaiak eta hori egitetik salbuetsita daudenak adierazita.

9.2. Hautapen prozesuaren espediente osoa jaso ondoren, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak, ebazpen bidez, aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Hamargarrena.–Osasun azterketa.

Trebakuntza ikastaroa bukatu ondoren, eta kontratatuak izateko ezinbesteko baldintza gisa, osasun azterketa bat eginen zaie izangaiei, Nafarroako Gobernuko Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak ezarriko duen moduan, zehazteko ez daudela arituko diren lanpostutik baztertzeko moduko egoeretako bakar batean ere, IV. eranskinean jasotakoaren arabera.

Osasun azterketaren emaitzak baliozkoak izanen dira azterketa egiten den egunetik bi urte igaro arte. Dena dela, Administrazioak osasun azterketa gehiago egiten ahalko dizkie izangaiei, nabarmen ikusten bada izangaiaren baldintza fisikoak aldatu egin direla, betiere epe horretan lanpostua betetzeko gai ote diren egiaztatzeko.

Hamaikagarrena.–Lanerako deia.

10.1. Izangaiei aldi baterako kontratu bidez aritzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzean, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Ez zaie inoiz deituko, zerrendan kontratatzeko moduan egon arren, hurrenkerari dagokionez trebakuntza ikastarora deitu ez zaien izangaien atzetik dauden izangaiei.

Araudi indardunari jarraikiz, ez zaie kontrataziorako deituko hemezortzi urtetik beherakoei, lanpostu horiek arrisku berezikotzat hartuak baitaude.

Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoa, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak.

Hamabigarrena.–Baldintzak egiaztatzea.

12.1. Kontratu bat eskaintzen zaien pertsonek, kontratazioa egin aurretik, bigarren oinarriko 2.1.c) eta d) ataletan eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte, honako hauen bidez:

a) Eskola-ziurtagiriaren edo baliokidearen kopia, edo, hala badagokio, eskaerak aurkezteko epea bukatu aurretik lortzeko moduan egon izanaren ziurtagiria.

b) C motako gidabaimenaren kopia.

Era berean, hala badagokio, izangaiek egiaztatu beharko dute betetzen dituztela deialdi honen bidez bete nahi den lanpostuaren betebehar espezifikoak.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

12.2. Bigarren oinarriko 2.1.d) atalean eskatzen den baldintzari dagokionez (B motako gidabaimena), lanerako deia jasotzean aurkezteaz gainera, trebakuntza ikastaroaren lehen egunean ere aurkeztu beharko da, ikastaroa egiteko ezinbesteko baldintza izanen baita.

12.3. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik baztertu eginen dira, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Deialdiaren, haren oinarrien eta haiek aplikatzeko egintzen kontra, kalifikazio epaimahaiak hartutakoen kontra izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Nafarroako antolaketa, baso suteen aurrean.

2. gaia.–Sua.

3. gaia.–Baso suteak: teoria.

4. gaia.–Baso suteak: itzaltzeko estrategiak.

5. gaia.–Baso suteak: itzaltzeko baliabideak.

6. gaia.–Baso suteak: segurtasuna.

7. gaia.–Nafarroako lurraldea: egoera, mugak, hedadura. Eskualde geografikoak. Banaketa politiko-administratiboa.

8. gaia.–Erliebea. Nafarroako erliebearen ezaugarriak. Erliebearen formazioa: hiru Nafarroak. Mendialdea eta Ebroko sakonunea.

9. gaia.–Klima. Nafarroako kliman eragiten duten faktoreak. Tenperatuak. Prezipitazioak. Eguraldiari eta klimari lotutako beste alderdi batzuk. Nafarroako klimak.

10. gaia.–Ur kontinentalak. Ur oparotasunetik eskasiara. Bi arro hidrografikotan dauden ibaiak. Urtegiak, ubideak, aintzirak eta lurpeko urak. Nafarroako uren kalitatea.

11. gaia.–Landaredia, lurzoruak eta fauna. Nafarroako biogeografian eragiten duten faktoreak. Zuhaitz basoen hedadura eta banaketa. Domeinu biogeografikoak. Ingurumenaren babesa Nafarroan.

12. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko errepideen katalogoa: autobideak, autobiak, bide bikoiztuak, prestazio handiko errepideak, interes orokorreko errepideak eta Foru Komunitatearen intereseko errepideak.

13. gaia.–Nafarroako mendikate, mendilerro, mendi, urtegi, aintzira, idoi, hezegune, ibai, natura-erreserba, ibar, herri, hiri eta azpiegitura nagusiak.

Erreferentzia bibliografikoak:

1. "Manual de Incendios Forestales de Navarra". Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratua.

2. "Navarra-Geografía". Egilea: Javier María Pegenaute. ISBN-13: 978-8423522941

3. Nafarroako mapa topografikoa 1:200.000. 2022ko edizioa.

Nafarroako Gobernuaren web-orrian PDF formatuan eskuragarri dago, doan deskargatzeko: (https://www.navarra.es/appsext/tiendacartografia/seleccion.aspx?idp=4).

Erosketa:

Kartografia denda.

San Ignazio etorbidea 3, behea.

Telefonoa: 848 427 441.

Helbide elektronikoa: tienda.cartografia@navarra.es.

https://www.navarra.es/appsext/tiendacartografia/default.aspx

Nafarroako Gobernuko argitalpenen denda.

Navas de Tolosa kalea 21.

Telefonoa: 848 427 121.

https://publicaciones.navarra.es/eu/

III. ERANSKINA.–PROBA FISIKOAREN BAREMOA

Proba bukatzeko denbora.

1.–Gizonezkoak:

–0 minutu eta 24 minutu artean: 40 puntu.

–24:01 eta 26 minutu artean: 38 puntu.

–26:01 eta 30 minutu artean: 36 puntu.

–30:01 eta 33 minutu artean: 32 puntu.

–33:01 eta 36 minutu artean: 26 puntu.

Proba bukatzen ez duten edo 36 minutu baino gehiago behar duten izangaiak ez-gaitzat joko dira.

2.–Emakumezkoak:

–0 minutu eta 26 minutu artean: 40 puntu.

–26:01 eta 28 minutu artean: 38 puntu.

–28:01 eta 32 minutu artean: 36 puntu.

–32:01 eta 34 minutu artean: 32 puntu.

–34:01 eta 36 minutu artean: 26 puntu.

Proba bukatzen ez duten edo 36 minutu baino gehiago behar duten izangaiak ez-gaitzat joko dira.

IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA

1.–Begien sistema.

–Urrutiko gutxieneko begi-zorroztasuna zuzendu gabe (begien barreneko lenteak ez dira zuzenketa-lentetzat hartuko): gutxienez 5/10 begi okerrenean, eta gutxienez 8/10 onenean.

–Ikuspegi binokular normala eduki behar da.

–Diplopiak.

–Nistagmus-a, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Erretinopatiak.

–Afakiak eta pseudoafakiak.

–Edozein patologia edo akats palpebral, begia aire zabalean babesturik egotea galarazten duena.

–Begien sistemaren prozesu kronikoak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Begien beste edozein gaitz, modu nabarmenean begien zorroztasuna edo gaitasuna apaltzen duena edo lanpostuaren funtsezko eginkizunak segurtasunez egitea galarazten duena.

2.–Entzumen sistema.

–Ez da onartuko audifonorik.

–Hipoakusia, 35 dB-eko edo hortik gorako galera monoaurala ekartzen duena 500, 1000, 2000, 3000 eta 4000 Hz-eko frekuentzietatik edozeinetan.

–Bertigoak eta orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

–Beste edozein prozesu otorrinolaringologiko, modu nabarmenean entzuteko zorroztasuna edo gaitasuna apaltzen duena edo lanpostuaren funtsezko eginkizunak segurtasunez egitea galarazten duena.

3.–Hizketa.

–Afasiak, hitz-moteltasuna (toteltasuna), eta lanpostuaren funtsezko eginkizunetan ahozko komunikazioa modu nabarmenean galarazten edo oztopatzen duten beste patologia batzuk.

4.–Sistema osteomuskularra.

–Prozesu artikularrak edo kirurgia artikularren sekuelak, eginkizunetan duten eraginaren arabera, zein den ere haien etiologia.

–20º-tik gorako eskoliosiak eta haurtzaroko kirurgia zuzentzailea izan dutenak.

–45º-tik gorako zifosia.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen fusioak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Bizkarrezurrean ekintza inbaditzaileen sekuelak: blokeoak/kirurgia, huts egindako bizkarraren sindromea, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Espondiloartropatia inflamatorioak.

–Artritis erreumatoidea.

–Paget-en gaixotasuna, eginkizunetan eragina duen neurrian.

–Min erregional konplexuaren sindromearen sekuelak.

–Fibromialgia/neke kronikoaren sindromea.

–Galera edo deformazio anatomikoak, edo mugak goiko nahiz beheko gorputz-adarretan, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Goiko nahiz beheko gorputz-adarretako herniak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Lokadura errepikatuak sorbaldan edo belaunean, ezegonkortasun kronikoa ekartzen dutenean.

5.–Digestio sistema.

–Hesteetako gaixotasun inflamatorio kronikoak: Crohn-en eritasuna, kolitis ultzeraduna, etab.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gutxiegitasun hepatikoa.

–Zirrosiak eta zirrosi aurreko egoerak.

–Pankreatitis kronikoa.

–Pankreako fibrosi kistikoa.

–Wilson-en gaixotasuna.

–Hepatopatia alkoholikoak, maila guztietan.

–Ondorio entzimatiko nabarmenak dituzten beste hepatopatia batzuk eta hipertransaminasemia idiopatikoak, balio arrunta halako hiru edo gehiago dutenak.

–Sindrome diarreiko kronikoak.

–Hesteetako buxadura.

–Zöllinger Ellison-en sindromea edo digestioaren lesio neuroendokrinoak.

–Esplenektomia.

–Abdomen paretako herniak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Erresekzioak eta digestio-hodiko beste kirurgia batzuk, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Errefluxu gastroesofagiko sintomatikoa (asma, arnas infekzioen errekurrentzia, min kronikoa eta ultzera kronikoak).

6.–Kardiologia.

–Bihotz-gutxiegitasuna, edozein mailatakoa.

–Arritmiak eta blokeoak: aurrekitzikapen egoerak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, aurikula-bentrikuluaren lehen mailako blokeoa, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarreko hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, edozein mailatan.

–Balbulopatiak, protesi balbularrak barne.

–Estenosi subaortiko hipertrofiko idiopatikoa.

–Miokardiopatiak.

–Sinkope errepikaria, etiologia edozein delarik ere.

–Perikarditis kronikoak, endokarditisa eta miokarditisa.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Desfibriladorea edo taupada-markagailua izatea txertaturik.

–Sortzetiko kardiopatiak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

7.–Sistema baskularra.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Aneurisma aortikoak, toraziko abdominalak eta/edo beste odol-hodi handi batzuetakoak.

–Karotidaren estenosia, %50ekoa edo handiagoa.

–Raynaud-en fenomenoa, lehen edo bigarren mailakoa.

–Zainetako gutxiegitasuna, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

–Linfedema kronikoa, lehen mailakoa edo bigarren mailakoa.

–Arterietako hipertentsioa.

–Arterietako hipotentsioa.

–Operatutako patologia baskularra, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

–Aortako eta odol-hodi handietako lesioak, sortzetikoak izan edo bereganatuak.

8.–Arnas sistema.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak:

–BGBK (buxadurazko bronkitis kronikoa, enfisema); asma eta/edo bronkioetako hipererreaktibotasuna; bronkiektasia; edo FEV1/FVC < %0.75 eta/edo FVC < %0.80 gisako arnas patroia.

–Hipoxemia-O2ren asetasun basala < %90.

–Pleurako isuri errepikatua.

–Pneumotorax espontaneoa edo errepikatua.

–Arnas sistemako kirurgiaren ondorioak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Diafragmaren anomaliak edo horma torazikoaren deformazioak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Gaixotasun interstizialak edo biriketako fibrosia.

–Loaldiko apnearen sindromea eta/edo hipobentilazio zentrala.

–Biriketako tronboenbolismoa eta biriketako malformazio baskularrak.

9.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako gaixotasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren gaixotasunak.

–Ataxiak.

–Goi mailako funtzioen eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en gaixotasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren beste nahasmendu batzuk.

–Siringomielia, sintomatologia badu edo eginkizunetan eragina badu.

–Hidrozefalia.

–Muskulu-distrofiak eta bestelako miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Nerbio-sistema periferikoaren gaixotasunak, ondorio funtzionalen arabera.

–Anosmia.

–Loaren nahasmenduak, jatorria arnas aparatuan ez dutenak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

10.–Psikiatria.

–Nahasmendu mental organikoak, alde batera utzita prozesu automugatuak eta itzulgarriak edo arintzen ari direnak.

–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak. Substantzia psikotropikoen kontsumoa atzemateko probetan, edozein emaitza positibok bazterketa ekarriko du.

–Eskizofrenia, nahasmendu eskizotipikoa eta deliriozko ideien nahasmenduak.

–Aldartearen nahasmenduak (afektiboak), eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Antsietate nahasmenduak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Nahasmendu neurotikoak.

–Ohituren nahasmendua eta bulkadak kontrolatzekoa, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Nortasunaren nahasmendua eta portaerarena, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

11.–Sistema genitourinarioa.

–Giltzurruneko gutxiegitasuna.

–Giltzurrun-polikistosia.

–Endometriosia, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

12.–Sistema endokrinologikoa.

–Guruin endokrinoen gaixotasun metaboliko oro, baldin eta zerbitzuari dagozkion eginkizunak betetzea mugatzen edo eragozten badu edo horretarako pronostiko kaltegarria badu.

–Ordezko terapia jarraitua behar duten gaixotasun endokrinometabolikoak.

–Bestelako gaixotasun endokrinometabolikoak, pronostikatzeko moduko alterazio morfologiko edo funtzionalak sortzen dituztenak, edo zerbitzuari dagozkion eginkizunak osotara betetzea mugatzen edo eragozten dutenak, edo lanbide jarduerak berezko dituen eskakizunengatik larriagotzen ahal direnak.

–Hipotalamoa-hipofisia ardatzaren nahasmenduak, hipertiroidismoa edo hipotiroidismoa, gaixotasun adrenalak, adenomatosi endokrino anizkoitza, hiperparatiroidismoa eta hipoparatiroidismoa, horiek guztiak eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Kontrolatu gabeko nahasmendu metabolikoak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

13.–Dermatologia.

–Orbainak, mentaketak eta beste gaitz dermatologiko batzuk, haien zabalera, ondorio funtzionalak eta/edo kokapena direla-eta lanpostuari dagozkion lanak egitea edo norbera babesteko ekipamendua erabiltzea oztopatzen dutenean.

14.–Hematologia.

–Muineko aplasia idiopatikoa eta gaueko hemoglobinuria paroxistikoa.

–Anemia hemolitiko kronikoak.

–Drepanozitosia (zelula faltziformeen anemia).

–Hemoglobina < 10 g/dL duten anemiak.

–Tronbopeniak, eginkizunetan duten eraginaren arabera (ez dira inola ere onartuko 100.000 plaketatik beherako zenbatekoak).

–Hemofiliak eta koagulazioaren bestelako nahasmenduak.

–Immunoeskasiak.

–Koagulazioaren kontrako tratamendua.

15.–Neoplasiak.

–Tumoreak eta gaixotasun gaiztoak, diagnosi berrikoak edo egun tratatzen ari direnak.

–Gaixotasun neoplasikoen aurrekariak ebaluatzeko, egungo egoera fisikoari, patologiaren pronostikoari eta eginkizunetan duten eraginari erreparatuko zaie.

16.–Gaixotasun sistemikoak eta beste batzuk.

–Kolagenoaren gaixotasunak: amiloidosia, kolagenosia, eritema-lupus sistemikoa, Sjögrenen sindromea, esklerodermia, baskulitisa eta beste batzuk.

17.–Ohar orokorrak.

–Tumore onberak, edonon daudela ere, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Edozein organoren transplantea.

–Obesitatea (GMIa > 30, eta abdomenaren perimetroa 102 cm-tik gorakoa gizonen kasuan eta 88 cm-tik gorakoa emakumeen kasuan).

–Muturreko mehetasuna (GMIa < 20).

–Edozein patologia eta/edo deformazio, galarazten duena lanpostuari dagokion norbera babesteko ekipamendua edo ohiko ekipamendua behar bezala erabiltzea.

–Beste edozein patologia, sekuela edo ezaugarri somatiko, edozein aparatutan edo sistematan, baldin eta, eginkizunetan duen eragina dela-eta, galarazten edo modu nabarmenean oztopatzen badu lanpostuaren eginkizunak betetzea, edo lanpostu horretan arituta larriagotzen ahal bada.

–Edonola ere, osasun azterketa egiteko unean, ez da eduki behar gidabaimena ukatzeko arrazoia izan daitekeen gaixotasunik edo urritasunik (2. taldea), Gidarien Erregelamendu Orokorraren IV. eranskinak (Beharrezko gaitasun psikofisikoak gidabaimena eskuratzeko edo haren indarraldia luzatzeko) egun duen idazketaren arabera.

–Ibilgailuak ez gidatzea edota makineria edo erreminta arriskutsuak ez erabiltzea aholkatzen duten edo lanpostuari dagozkion zereginak gauzatzeko gaitasunari nabarmen eragiten dioten botikak edo bestelako substantziak kontsumitzea.

Iragarkiaren kodea: F2502153