43. ALDIZKARIA - 2025eko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Oposizioak eta lehiaketak. Lan publikoaren eskaintza

383/2025 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baita aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko deialdia, suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuetan aritzeko.

Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak dituen langile beharrak ikusirik, bidezkoa da deialdi bat onestea, suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzuteko.

Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren (ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsia) 42.2.c) artikuluan xedatutakoari jarraikiz onesten da deialdi hau, bai eta aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan xedatzen denarekin bat ere.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan eskudantziak erabiliz, hauxe,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda bat hautaproben bitartez osatzeko deialdia, suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuetan aritzeko, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharrei erantzute aldera.

2. Agintzea ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela.

3. Ebazpen hau eta eranskinak jakinaraztea Egiturako, Plantillako eta Langileen Aldi Baterako Kontratazioetarako Zerbitzuari, Jendearentzako Argibideen eta Erregistro Orokorraren Bulegoari eta epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2025eko otsailaren 6an.–Funtzio Publikoko zuzendari nagusia, Rashid Mohamed Vázquez.

I. ERANSKINA.–DEIALDIA, SUHILTZAILE-GIDARI LAGUNTZAILEAK ALDI BATERAKO KONTRATATZEKO IZANGAIEN ZERRENDA BAT OSATZEKO

Hona hemen deialdiaren,

OINARRIAK

Lehenbizikoa.

Deialdi honen xedea da hautaproben bidez izangaien zerrenda bat osatzea suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuetan aritzeko, Barne Zuzendaritza Nagusiko Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko.

Bigarrena.–Parte-hartzaileen betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten izangaiek honako hauek bete beharko dituzte eskaera-orriak aurkezteko epea bukatzen denean:

a) Espainiako nazionalitatea eduki beharko dute, Europar Batasuneko estatu batekoa edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estatu batekoa.

Parte har dezakete, orobat, herritar espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, edo aipatutako nazioarteko tratatuen aplikazio-eremuan sartzen diren estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.

b) Hamasei urte beteta eduki beharko dituzte eta ez dute gainditzen ahalko erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina.

c) Titulu hauetako bat eduki beharko dute: DBHko graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, lehen mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokidea den titulua. Bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat eskuratzeko moduan egon beharko dute.

Titulua atzerrian lortu bada, baliozkotuta edo homologatuta dagoela frogatzen duen agiria eduki beharko da.

d) C motako ibilgailuak gidatzeko baimena eduki beharko dute.

e) Eginkizun horietan aritzeko behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izan beharko dute, eta ez dira egoten ahalko IV. eranskinean baztertuak izateko aipatzen diren egoeretako batean.

f) Ez dira eginkizun publikoak betetzeko desgaiturik ez bazterturik egoten ahalko, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik bereizita ere.

2.2. Oinarri honetako baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete beharko dira, eta hala mantendu beharko dira hautapen-prozedura osoan, dei egiten zaienean eta kontratazioak iraun bitartean.

Aurrean ezarritakotik kanpo geratzen da gidabaimena; izan ere, betebehar hori trebakuntza-ikastaroa hasten denean bete beharko da eta hala mantendu beharko da prestakuntza-aldian eta kontratazioak irauten duen bitartean.

Hirugarrena.–Eskaerak eta agiriak.

3.1. Eskaerak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskaerak hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko dira, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskaerak aurkezteko epea luzaezina da.

3.2. Eskaera aurkeztea eta formalizatzea.

Hautapen prozesu honetan parte hartu nahi dutenek telematikoki aurkeztu beharko dute eskaera, Internet bitartez: https://www.navarra.es/eu/enplegu-publikoa helbidea, "Enplegu publikoko deialdiak" atala, deialdi honen fitxa.

Eskaeran, interesdunek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

%33ko edo hortik gorako desgaitasuna izanik parte hartzen dutenek horren berri eman beharko dute eskaeran; gainera, organo eskudunak emandako dokumentazioa erantsi beharko dute, eskaneaturik, hori frogatzeko.

% 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaiek agiri hauetako bat aurkeztu behar dute hura frogatzeko:

–IMSERSOk edo autonomia erkidegoan eskumena duen organo eskudunak emandako ziurtagiria.

–Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpena, prestazio bat jasotzeko eskubidea onartzen diona hauetakoren bat edukitzeagatik: ezintasun iraunkor osoa, ezintasun iraunkor absolutua edo baliaezintasun handia.

Desgaitasuna izateagatik eta hala behar izateagatik probak egiteko denboretan eta bitartekoetan egokitzapenen bat eskatzen duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskaeran, eta, horretarako prestatutako tokian, adierazi beharko dute zer egokitzapen behar duten edo denbora eta/edo bitartekoak nola doitu behar diren. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskaera aurkeztean. Pertsona horiek Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziara bideratuko dira, probak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak zehazteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, hautapen prozesua kudeatzen duen organoaren bidez, espedientea izapidetzeko eta ebazteko behar diren datuak kontsultatuko ditu (nortasuna, adina eta titulazioa). Datu horiek Datuak Egiaztatu eta Kontsultatzeko Estatuko Administrazio Orokorraren Zerbitzuen bidez (SVCD) kontsultatuko dira, edo beste sistema baliokide baten bidez, izangaiak aurka dagoela adierazi eta horretarako arrazoiak eman ezean (hala denean, nortasun agiri nazionalaren kopia eskaneatua aurkeztu beharko du).

Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

Desadostasunik sortzen bada ofizioz egiaztatutako datuen eta interesdunak deklaratzen dituenen artean, edo haien gaineko alderdiren bat argitu behar bada, behar den errekerimendua eginen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.–Izangaiak onartzea.

4.1. Behin-behineko zerrendak.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu ondotik Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak ebazpena emanen du izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean (www.navarra.es) argitaratzeko aginduko du (deialdiaren fitxan).

Behin-behineko zerrenda argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko. Erreklamazioak telematikoki aurkeztu beharko dira, Nafarroako Gobernuaren web orriaren bidez (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen behin betiko zerrendak zuzenean onetsiko dira.

4.2. Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko epea bukaturik eta haiek ebatzi ondoren, Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsiko dira eta argitara emanen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, eta Nafarroako Gobernuaren iragarki-taulan; horrez gainera, deialdian ezarritako proba teorikoa noiz eta non eginen den zehaztuko da.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla aitortzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo Administrazioak bere eskuetan daukana aztertuta, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

4.3. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Bosgarrena.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaian honako hauek ariko dira:

Epaimahaiburua: Jon Diez de Ure Eraul jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-sarjentua.

Ordezko epaimahaiburua: Elias Arraiza Martiarena jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Epaimahaikidea: Jose Urdiain Larrayoz jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Ordezko epaimahaikidea: Enrique Arizaleta Primo jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Epaimahaikidea: Pello Belaunzaran Barno jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Ordezko epaimahaikidea: Daniel Itsaso Ran jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-kaboa.

Epaimahaikidea: Gorka Vidarte Mendioroz jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: Asier Ilarregui Moso jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko eta Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Idazkaria: Mikel Miren Oiaga Artajo jauna, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile-ofizialordea.

Ordezko idazkaria: M.ª Teresa Osta Peteiro andrea, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Ataleko burua.

5.2. Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aipatzen diren arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ez dute epaimahaian parte hartzen ahalko, eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko diote.

Halaber, hori gertatzen denean, zilegi da epaimahaia osatzen duten kideak errekusatzea.

5.3. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratuko da epaimahaia.

Epaimahaia ez da eratzen ahalko, eta ez du jarduten ahalko ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari espezialistak hartzen ahalko ditu probetarako, eta horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaiko kideei.

Seigarrena.–Probak.

6.1. Hautapen-prozesuan honako proba hauek eginen dira:

6.1.1. Proba teorikoa:

Gehienez, ebazpen honen II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzko test motako 50 galderari erantzun beharko zaie idatziz. Galdera bakoitzari erantzuteko lau aukera eskainiko dira, eta bat bakarrik izanen da zuzena. Erantzun oker bakoitzak penalizazioa ekarriko du, hain zuzen ere erantzun zuzenaren balioaren herena.

Epaimahaiak ezarriko du probaren gehieneko iraupena, hura hasi baino lehen.

Proba egiteko ez da inolako testurik ez dokumentaziorik erabiltzen ahalko, ezta hiztegirik, kalkulagailurik, gailu elektronikorik edo bestelako materialik ere, mutur lodiko boligrafo urdina edo beltzaz besterik.

Proba honek 40 puntuko kalifikazioa izanen du gehienez, eta bazterturik geldituko dira gehieneko puntuazio horren %30 gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

Desgaitasuna onartuta dutenei proba egiteko denbora eta baliabideak egokituko zaizkie, eskaera-orrian eskatu badute.

Proba kalifikatzen bukatu ondotik epaimahaiak izangaien puntuazioak argitaratuko ditu Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, eta bost egun balioduneko epea emanen du emaitzei buruzko alegazioak telematikoki aurkezteko.

Alegazioak aurkezteko epea bukatu eta alegazioak ebatzi ondoren epaimahaiak probaren behin betiko emaitzak argitaratuko ditu, proba nortzuek gainditu duten adieraziko du eta proba fisikoa egiteko deia eginen die.

6.1.2. Proba fisikoa:

4,3 kilometroko ibilbidea egin beharko da, 100 metro inguruko desnibel positibo metatua duena, oinez, bide asfaltatuetan, mendi bideetan eta bidezidorretan barrena, gizonek 12 kiloko (+/-100 gr) gainkarga duen motxila aldean daramatela eta emakumeek 10 kilokoa (+/-100 gr).

Proba egiteko, izangaiak bidearen ezaugarrietara eta eguraldira moldatu beharko dira, jantzi beta oinetako egokiak ekarri beharko dituzte, eta mendi-ibiliak egiteko motxila eduki beharko dute, aipatutako gainkarga garraiatzeko modukoa.

Epaimahaiak emanen dio izangai bakoitzari korrikaldian garraiatu beharreko karga.

Proban ez da erabiltzen ahalko sakelako telefonorik, ez irudi ez soinu gailu elektronikorik. Epaimahaiak esanen du zer gailu erabiltzen ahalko den.

Proba fisikoaren ikus-entzunezko grabaketa egiten ahalko da, xede bakar baterako: epaimahaiak proben emaitzak erregistratu eta baloratzeko oinarri hauetan ezartzen denaren arabera.

Nolanahi ere, federazioetako epaileek proba gainbegiratuko dute eta oinarri hauetan ezarritakoari jarraikiz egin denez erabakiko dute, baita puntuazioak oinarri hauen arabera ematen diren ere.

Izangairen batek ezin badu proba hau egin arriskuko haurdunaldia edo erditzea dela kausa, eta egoera hori behar bezala justifikatzen bada, epaimahaiak baloratuko du ea proba hori egitea atzera daitekeen izangai horientzat bakarrik. Izangai horien egoera hautapen prozesua bukatzearen baldintzapean geratuko da, eta atzeratutako proba gainditzearen baldintzapean; atzerapena ez da luzatzen ahalko beste izangaiek prozesua arrazoizko epeen barruan ebatz dadin duten eskubidea urratzeraino, eta epaimahaiak inguruabar hori baloratu beharko du. Nolanahi ere, proba hautapen prozesua gainditu duten izangaien zerrenda argitaratu baino lehen egin beharko da.

Antolaketa-kontuak direla eta, proba hau egiteko deia egun eta ordu ezberdinetan egiten ahalko da, proba teorikoa gainditzen duten izangaien kopurua kontuan hartuta.

Horretarako, epaimahaiak proba egitera deituta dauden izangaien zerrenda argitaratuko du gutxienez 48 ordu lehenago Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.nafarroa.eus), deialdian fitxan, eta aditzera emanen du non, zer egunetan eta zer ordutan eginen den eta zein izanen den egin beharreko ibilbidea. Ibilbidea berbera izanen da izangai guztientzat.

Proba hasi baino lehen, izangaiek erantzukizunpeko adierazpen bat sinatuko dute. Bertan berariaz adieraziko dute proba egiteko moduan daudela sasoiz eta osasunez. Adierazpen hori epaimahaiari emanen zaio deia egiten den unean. Adierazpena sinatzen ez dutenek edo hura sinatzeko moduan ez daudenek proba egiteko eskubidea galduko dute, eta prozesutik kanpo geldituko dira, ondorio guztietarako.

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, probak egin bitartean edo beste une batean, ariketaren batean lortutako sailkapenari jarraikiz zein ausaz aukeratuta. Horretarako deia idatziz eginen da, Kirolean Osasuna Babesteko Espainiako Agentziaren arauen arabera ezarrita dagoen dopinaren kontrol ofizialetarako inprimakia erabiliz. Jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak behar den organo espezializatuak eginen ditu. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan hura egitera agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen prozesutik baztertu eginen da berehalakoan. Baztertzeko arrazoi izanen da, orobat, dopin kontrola legeak aurreikusi bezala egiteko trabak jartzea, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta gordeka ibiltzea, baita, egitez edo omisioz, kontrola egitea eragozten, nahasten, galarazten edo saihesten duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita ekiditen duenean, egitez edo omisioz, nahitaez eman behar dituen laginak biltzea.

Horren ondorioetarako, debekatuak egonen dira Kirol Kontseilu Goreneko Lehendakaritzaren 2022ko azaroaren 22ko Ebazpenaren eranskinean heldu diren substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuak dauden substantzia eta metodoen zerrenda (2023ko 286. Estatuko Aldizkari Ofizialean, azaroaren 29koan, argitaratua).

Debekatuta dagoen edozein substantzia hautemanez gero, ukitutako izangaia hautapen prozesutik baztertuko da, deusetan galarazi gabe izangaiak kontra-analisia egin diezaiotela eskatzeko duen eskubidea, baita epaimahaiari bidezko alegazioak aurkezteko aukera ere.

Proba honen kalifikazioa 40 puntukoa izanen da gehienez, eta bazterturik geldituko dira ibilbide osoa egiten ez dutenak edo 36 minutu baino gehiagoan egiten dutenak.

Puntuazioen baremoa deialdi honen III. eranskinean zehazten da.

Proba fisikoa bukatu ondotik epaimahaiak Nafarroako Gobernuaren web orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitaratuko ditu lortutako kalifikazioak, eta bost egun balioduneko epea emanen du haiei buruzko alegazioak egiteko.

Alegazioak aurkezteko epea iraganik eta horiek ebatzi ondotik epaimahaiak proba fisikoen behin betiko kalifikazioak argitaratuko ditu.

6.2. Probarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiak askiesten duen beste nortasun agiri bat eraman beharko dute probara. Nor diren frogatzen ez dutenak edo agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira.

6.3. Proba komuna suhiltzaile-gidari laguntzailearen eta suhiltzaile-peoi laguntzailearen deialdietarako.

Suhiltzaile-gidari laguntzailearen eta suhiltzaile-peoi laguntzailearen deialdietan egin beharreko proba fisikoak, arintasunagatik eta eraginkortasunagatik, batera eginen dira proba komun bakarrean, eta bi lanpostuetarako proba fisikoak kalifikatzeko balioko du.

Zazpigarrena.–Emaitzak.

7.1. Aurreko probak kalifikatzen bukatu ondotik epaimahaiak proba fisikoa gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren web-orrian (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan. Izangaia lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran agertuko dira zerrendan.

7.2. Alegazioetarako epea iraganik eta horiek ebatzirik, izangaien puntuazioetan berdinketarik izanez gero, epaimahaiak zozketa bakar bat eginen du hura hausteko. Berdindutako izangai guztien artean bat ausaz hautatuko da. Berdinketa guztiak hurrenkera alfabetikoaren arabera deseginen dira, abiapuntu harturik zozketa horretan hautatzen den izangaiaren abizenak eta izena. Emaitzak Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitaratuko dira.

Zortzigarrena.–Trebakuntza ikastaroa.

8.1. Hautapen prozesuaren barruan trebakuntza ikastaro bat gainditu behar da, "gai" kalifikazioa lortuta, suhiltzaile-gidari laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendan kontratatzeko moduan egon ahal izateko. Ez-gai kalifikazioa lortzen dutenak prozesutik kanpo geratuko dira.

8.2. Probak gainditzen dituzten izangaiek beren borondatez parte hartzen ahalko dute trebakuntza ikastaroan. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak eman eta garatuko du, eskolak berak ezartzen duen moduan.

8.3. Zazpigarren oinarrian ezarritako izapideak egin ondoren epaimahaiak trebakuntza ikastaroa egitera deitutako izangaien zerrenda argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, eta hura zer egunetan hasiko den adieraziko du.

Trebakuntza ikastarora deitutako pertsonen kopurua, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuan aurreikuspenen arabera behar diren langileen arabera ezarriko da. Prestakuntza ikastarorako deia eginen zaie izangaiei zerrendetan osotara lortutako puntuazio ordenari jarraituz, ezertan ukatu gabe, batetik, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoa, bertan arautzen baitira desgaitasuna duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak, eta, bestetik, aldi baterako kontratazioaren kudeaketari buruzko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abenduaren 31n emandako 814/2010 Foru Aginduaren 9. artikuluan ezarritakoa.

8.4. Trebakuntza ikastaro hori ez dute egin beharko Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolan ikastaroa egina eta gainditua duten izangaiek. Ondorio horietarako, epaimahaiak proba gainditu duten izangaien zerrenda bidaliko dio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, hark trebakuntza ikastaroa gainditua duten izangaien berri eman dezan.

8.5. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak epaimahaiari igorriko dizkio ikastaroaren emaitzak, Nafarroako Gobernuaren webgunean (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitara ditzan.

8.6. Aldian behin, geroago, behar diren langileen arabera, beste trebakuntza ikastaro batzuetarako deia eginen zaie izangaiei. Ikastarorako deia 8.3 puntuan adierazitako ordenari jarraituz eginen zaie izangaiei. Prestakuntza ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak suhiltzaile-gidari laguntzaileen lanpostuetan aritzeko izangaien zerrendetatik kanpo geratuko dira.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ofizioz igorriko dio Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari izangaien zerrenda, gai edo ez-gai kalifikazioa adierazita, kontratazio zerrendan sartzeko edo handik kentzeko.

Bederatzigarrena.–Suhiltzaile-gidari laguntzailearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda.

9.1. Trebakuntza ikastaroa bukatu ondoren epaimahaiak izangaien zerrendak bidaliko dizkio Funtzio Publikoko zuzendari nagusiari, onets ditzan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera, trebakuntza ikastaroa gainditu duten izangaiak eta hori egitetik salbuetsita daudenak adierazita.

9.2. Hautapen prozesuaren espediente osoa jaso ondoren Funtzio Publikoko zuzendari nagusiak ebazpen baten bidez onetsiko du aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrenda. Ebazpen hori Nafarroako Gobernuaren webgunea (www.nafarroa.eus), deialdiaren fitxan, argitaratuko da.

Hamargarrena.–Osasun azterketa.

Trebakuntza ikastaroa bukatu ondoren izangaiek nahitaezko baldintza hau bete beharko dute kontratua eskuratzeko: osasun azterketa bat eginen zaie, Nafarroako Gobernuaren Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak ezartzen duen moduan, zehazteko ez daudela hautatu diren lanpostutik baztertzea eragiten duen egoeretako batean (egoera horiek IV. eranskinean zehazten dira).

Osasun azterketaren emaitzak balioduntzat hartuko dira azterketa egiten den egunetik bi urte igaro arte. Dena dela, Administrazioak osasun azterketa gehiago egiten ahalko dizkie izangaiei, nabarmen ikusten bada izangaiaren baldintza fisikoak aldatu egin direla, betiere epe horretan lanpostua betetzeko gai ote den egiaztatzeko.

Hamaikagarrena.–Deia.

10.1. Izangaiei aldi baterako kontratu bidez aritzeko dei egiten zaienean eta, hala bada, kontratatzean, arau hauetan ezarritakoari jarraituko zaio: Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak; deialdi honetako oinarriak; aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesteko Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 814/2010 Foru Agindua; eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.

Inolaz ere ez zaie deituko zerrendan kontratatzeko moduan egon arren hurrenkeran prestakuntza ikastarora deitu ez zaien izangaien atzetik dauden izangaiei.

Araudi indardunari jarraikiz, ez zaie kontrataziorako deituko hemezortzi urtetik beherakoei, lanpostu horiek arrisku berezikotzat hartuak baitaude.

Izangaiei lanerako deia egiteko, kontuan hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan ezarritakoa (xedapen horretan desgaitasunen bat duten pertsonek Nafarroako Administrazio Publikoetan enplegua lortzeko xehetasunak arautzen dira).

Hamabigarrena.–Betebeharrak betetzen direla frogatzea.

12.1. Kontratua eskaintzen zaien pertsonek bigarren oinarriko 2.1.c) eta d) apartatuetan ezartzen diren baldintzak betetzen dituztela frogatzen duten agiriak aurkeztu beharko dituzte kontratazioa egin baino lehen:

a) Titulu hauetako baten kopia: Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua, Eskola Graduatua, Oinarrizko Lanbide Heziketakoa, lehen mailako Lanbide Heziketa edo horietako baten baliokidea den titulua. Bestela, eskabideak aurkezteko epea bukatu aurretik titulu horietako bat eskuratzeko moduan egon delako ziurtagiria.

b) C motako gidabaimenaren kopia.

Era berean, behar denean, izangaiek egiaztatu beharko dute betetzen dituztela deialdi honen bidez bete nahi den lanpostuaren betebehar espezifikoak.

Izangaiek aurkezten duten dokumentazioak ez du zertan izan jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua; hortaz, dokumentu horien fotokopia arruntak aurkezten ahalko dira, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira. Hala ere, Administrazioak noiznahi eskatzen ahalko dizkie izangaiei aurkeztutako dokumentazioaren jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

12.2. Bigarren oinarriko 2.1.d) apartatuan B motako gidabaimena eduki beharra ezartzen da. Horren ildotik, izangaiak dei egiten zaionean aurkeztu beharko du, eta horrez gainera trebakuntza ikastaroko lehen egunean ere bai (ezinbestekoa izanen da ikastaroa egin ahal izateko).

12.3. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituzten izangaiak hautapen prozesutik kanpo geratuko dira Funtzio Publikoko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, eta deialdi honetan parte hartzeak sortzen dituen eskubide guztiak galduko dituzte.

Hamahirugarrena.–Errekurtsoak.

Kalifikazio epaimahaiak ematen dituen egintzen eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da. Errekurtsoa Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusira bidali behar da errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazten denetik hilabete iragan baino lehen.

Deialdiaren kontra, haren oinarrien kontra eta horiek aplikatzeko egintzen kontra (kalifikazio epaimahaiak ematen dituenak ez beste egintzak) gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko zaio Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilariari errekurritu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta hurrengo egunetik hilabete iragan baino lehen.

Hori guztia bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan xedatutakoarekin, eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

II. ERANSKINA.–GAI ZERRENDA

1. gaia.–Nafarroako antolaketa, baso suteen aurrean.

2. gaia.–Sua.

3. gaia.–Baso suteak: teoria.

4. gaia.–Baso suteak: itzaltzeko estrategiak.

5. gaia.–Baso suteak: itzaltzeko baliabideak.

6. gaia.–Baso suteak: segurtasuna.

7. gaia.–Nafarroako lurraldea: egoera, mugak, hedadura. Eskualde geografikoak. Banaketa politiko-administratiboa.

8. gaia.–Erliebea. Nafarroako erliebearen ezaugarriak. Erliebearen formazioa: hiru Nafarroak. Mendialdea eta Ebroko sakonunea.

9. gaia.–Klima. Nafarroako kliman eragiten duten faktoreak. Tenperatuak. Prezipitazioak. Eguraldiari eta klimari lotutako beste alderdi batzuk. Nafarroako klimak.

10. gaia.–Ur kontinentalak. Ur oparotasunetik eskasiara. Bi arro hidrografikotan dauden ibaiak. Urtegiak, ubideak, aintzirak eta lurpeko urak. Nafarroako uren kalitatea.

11. gaia.–Landaredia, lurzoruak eta fauna. Nafarroako biogeografian eragiten duten faktoreak. Zuhaitz basoen hedadura eta banaketa. Eremu biogeografikoak. Ingurumenaren babesa Nafarroan.

12. gaia.–Nafarroako Foru Komunitateko errepideen katalogoa: autobideak, autobiak, bide bikoiztuak, prestazio handiko errepideak, interes orokorreko errepideak eta Foru Komunitatearen intereseko errepideak.

13. gaia.–Nafarroako mendilerro, mendi, urtegi, aintzira, urmael, hezegune, ibai, natura erreserba, haran, herri, hiri eta azpiegitura nagusiak.

14. gaia.–Ibilgailuen nomenklatura, suhiltzaile-ibilgailuen gaineko Europako araudia eta lehentasuneko ibilgailuei buruzko trafiko-legeria.

15. gaia.–Suhiltzaile-ibilgailuen elementu komunak eta bereziak, eta suhiltzaile-ibilgailuen motak, araudia, ekipamenduak (basoko ibilgailuak eta zisterna-ibilgailuak soilik).

16. gaia.–Ponpa zentrifukoak eta mekanika.

17. gaia.–Gidatzeko teknikak.

Erreferentzia bibliografikoak:

1. "Nafarroako baso-suteen eskuliburua". Nafarroako Gobernuaren web orrian argitaratua.

2. "Navarra-Geografía". Egilea: Javier María Pegenaute. ISBN-13: 978-8423522941

3. Nafarroako mapa topografikoa 1:200.000. 2022ko edizioa.

Nafarroako Gobernuaren webgunean eskuratzen ahal da PDF formatuan: (https://www.navarra.es/appsext/tiendacartografia/seleccion.aspx?idp=4).

Erosketa:

Kartografia denda.

San Ignazio etorbidea 3, behea.

Tel.: 848 427 441.

Helbide elektronikoa: tienda.cartografia@navarra.es.

https://www.navarra.es/appsext/tiendacartografia/default.aspx.

Nafarroako Gobernuaren Argitalpenen Denda.

Navas de Tolosa kalea 21.

Tel.: 848 427 121.

https://publicaciones.navarra.es/

4. "Manual de equipos operativos y herramientas de intervención" (Manual 6), Parte 2: "Vehículos de bomberos", Guadalajarako CEISen web orrian argitaratua.

https://www.ceisguadalajara.es/documentacion/

Agiri guztiak Creative Commons lizentzia batekin babestuak daude, BY NC SA motakoa. Hortaz, zilegi da eskuliburu horiek kopiatzea, banatzea, komunikatzea eta eraldatzea, betiere egilea aipatzen bada (Guadalajarako CEIS eta laguntzaileak), helburu komertzialetarako erabiltzen ez badira eta testuak edo horren eraldaketak konpartitzen badira lizentzia hori bezalako baten bidez.

III. ERANSKINA.–PROBA FISIKOAREN BAREMOA

Proba egiteko denbora.

1.–Gizonak:

–0 - 24 minutu: 40 puntu.

–24:01 - 26 minutu: 38 puntu.

–26:01 - 30 minutu: 36 puntu.

–30:01 - 33 minutu: 32 puntu.

–33:01 - 36 minutu: 26 puntu.

Ibilbide osoa egiten ez dutenak edo 36 minutu baino gehiagoan egiten dutenak bazterturik geratuko dira.

2.–Emakumeak:

–0 - 26 minutu: 40 puntu.

–26:01 - 28 minutu: 38 puntu.

–28:01 - 32 minutu: 36 puntu.

–32:01 - 34 minutu: 32 puntu.

–34:01 - 36 minutu: 26 puntu.

Ibilbide osoa egiten ez dutenak edo 36 minutu baino gehiagoan egiten dutenak bazterturik geratuko dira.

IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA

1.–Begien sistema.

–Urrutiko gutxieneko begi-zorroztasuna zuzendu gabe (begien barreneko lenteak ez dira zuzenketa-lentetzat hartuko): gutxienez 5/10 begi okerrenean, eta gutxienez 8/10 onenean.

–Ikuspegi binokular normala eduki behar da.

–Diplopiak.

–Nistagmus-a, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsi falta.

–Erretinopatiak.

–Afakiak eta pseudoafakiak.

–Edozein patologia edo akats palpebral, begia aire zabalean babesturik egotea galarazten duena.

–Begien sistemaren prozesu kronikoak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Begien beste edozein gaitz, modu nabarmenean begien zorroztasuna edo gaitasuna apaltzen duena edo lanpostuaren funtsezko eginkizunak segurtasunez egitea galarazten duena.

2.–Entzumen sistema.

–Ez da onartuko audifonorik.

–Hipoakusia, 35 dB-eko edo hortik gorako galera monoaurala ekartzen duena 500, 1000, 2000, 3000 eta 4000 Hz-eko frekuentzietatik edozeinetan.

–Bertigoak eta orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

–Beste edozein prozesu otorrinolaringologiko, modu nabarmenean entzuteko zorroztasuna edo gaitasuna apaltzen duena edo lanpostuaren funtsezko eginkizunak segurtasunez egitea galarazten duena.

3.–Hizketa.

–Afasiak, hitz-moteltasuna (toteltasuna), eta lanpostuaren funtsezko eginkizunetan ahozko komunikazioa modu nabarmenean galarazten edo oztopatzen duten beste patologia batzuk.

4.–Sistema osteomuskularra.

–Prozesu artikularrak edo kirurgia artikularren sekuelak, eginkizunetan duten eraginaren arabera, zein den ere haien etiologia.

–20º-tik gorako eskoliosiak eta haurtzaroko kirurgia zuzentzailea izan dutenak.

–45º-tik gorako zifosia.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen fusioak eta ornoarteko diskoaren arazoak.

–Bizkarrezurreko ekintza inbaditzaileen sekuelak: blokeoak/kirurgia, huts egindako bizkarraren sindromea, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Espondiloartropatia inflamatorioak.

–Artritis erreumatoidea.

–Paget-en gaixotasuna, eginkizunetan eragina duen neurrian.

–Min erregional konplexuaren sindromearen sekuelak.

–Fibromialgia/neke kronikoaren sindromea.

–Galera edo deformazio anatomikoak, edo mugak goiko nahiz beheko gorputz-adarretan, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Goiko nahiz beheko gorputz-adarretako herniak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Lokadura errepikatuak sorbaldan edo belaunean, ezegonkortasun kronikoa ekartzen dutenean.

5.–Digestio sistema.

–Hesteetako gaixotasun inflamatorio kronikoak: Crohn-en eritasuna, kolitis ultzeraduna, etab.

–B eta C hepatitisa aktiboa izatea edo birusaren eramailea izatea.

–Gutxiegitasun hepatikoa.

–Zirrosiak eta zirrosi aurreko egoerak.

–Pankreatitis kronikoa.

–Pankreako fibrosi kistikoa.

–Wilson-en gaixotasuna.

–Hepatopatia alkoholikoak, maila guztietan.

–Ondorio entzimatiko nabarmenak dituzten beste hepatopatia batzuk eta hipertransaminasemia idiopatikoak, balio arrunta halako hiru edo gehiago dutenak.

–Sindrome diarreiko kronikoak.

–Hesteetako buxadura.

–Zöllinger Ellison-en sindromea edo digestioaren lesio neuroendokrinoak.

–Esplenektomia.

–Abdomen paretako herniak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Erresekzioak eta digestio-hodiko beste kirurgia batzuk, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Errefluxu gastroesofagiko sintomatikoa (asma, arnas infekzioen errekurrentzia, min kronikoa eta ultzera kronikoak).

6.–Kardiologia.

–Bihotz-gutxiegitasuna, edozein mailatakoa.

–Arritmiak eta blokeoak: aurrekitzikapen egoerak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, aurikula-bentrikuluaren lehen mailako blokeoa, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarreko hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, edozein mailatan.

–Balbulopatiak, protesi balbularrak barne.

–Estenosi subaortiko hipertrofiko idiopatikoa.

–Miokardiopatiak.

–Sinkope errepikaria, etiologia edozein delarik ere.

–Perikarditis kronikoak, endokarditisa eta miokarditisa.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Desfibriladorea edo taupada-markagailua izatea txertaturik.

–Sortzetiko kardiopatiak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

7.–Sistema baskularra.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Aneurisma aortikoak, toraziko abdominalak eta/edo beste odol-hodi handi batzuetakoak.

–Karotidaren estenosia, %50ekoa edo handiagoa.

–Raynaud-en fenomenoa, lehen edo bigarren mailakoa.

–Zainetako gutxiegitasuna, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

–Linfedema kronikoa, lehen mailakoa edo bigarren mailakoa.

–Arterietako hipertentsioa.

–Arterietako hipotentsioa.

–Operatutako patologia baskularra, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

–Aortako eta odol-hodi handietako lesioak, sortzetikoak izan edo bereganatuak.

8.–Arnas sistema.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak:

–BGBK (buxadurazko bronkitis kronikoa, enfisema); asma eta/edo bronkioetako hipererreaktibotasuna; bronkiektasia; edo FEV1/FVC < %0.75 eta/edo FVC < %0.80 gisako arnas patroia.

–Hipoxemia–O saturazioa2< %90 basala.

–Pleurako isuri errepikatua.

–Pneumotorax espontaneoa edo errepikatua.

–Arnas sistemako kirurgiaren ondorioak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Diafragmaren anomaliak edo horma torazikoaren deformazioak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Gaixotasun interstizialak edo biriketako fibrosia.

–Loaldiko apnearen sindromea eta/edo hipobentilazio zentrala.

–Biriketako tronboenbolismoa eta biriketako malformazio baskularrak.

9.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako gaixotasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren gaixotasunak.

–Ataxiak.

–Goi mailako funtzioen eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en gaixotasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien afekzio iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta juntura neuromuskularraren beste nahasmendu batzuk.

–Siringomielia, sintomatologia badu edo eginkizunetan eragina badu.

–Hidrozefalia.

–Muskulu-distrofiak eta bestelako miopatiak.

–Nerbio-sistema zentralaren lesioaren ondoriozko paralisia.

–Nerbio-sistema periferikoaren gaixotasunak, ondorio funtzionalen arabera.

–Anosmia.

–Loaren nahasmenduak, jatorria arnas aparatuan ez dutenak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

10.–Psikiatria.

–Nahasmendu mental organikoak, alde batera utzita prozesu automugatuak eta itzulgarriak edo arintzen ari direnak.

–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak. Substantzia psikotropikoen kontsumoa atzemateko probetan, edozein emaitza positibok bazterketa ekarriko du.

–Eskizofrenia, nahasmendu eskizotipikoa eta deliriozko ideien nahasmenduak.

–Aldartearen nahasmenduak (afektiboak), eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Antsietate nahasmenduak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Nahasmendu neurotikoak.

–Ohituren nahasmendua eta bulkadak kontrolatzekoa, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Nortasunaren nahasmendua eta portaerarena, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

11.–Sistema genitourinarioa.

–Giltzurruneko gutxiegitasuna.

–Giltzurrun-polikistosia.

–Endometriosia, eginkizunetan duen eraginaren arabera.

12.–Sistema endokrinologikoa.

–Guruin endokrinoen gaixotasun metaboliko oro, baldin eta zerbitzuari dagozkion eginkizunak betetzea mugatzen edo eragozten badu edo horretarako pronostiko kaltegarria badu.

–Ordezko terapia jarraitua behar duten gaixotasun endokrinometabolikoak.

–Bestelako gaixotasun endokrinometabolikoak, pronostikatzeko moduko alterazio morfologiko edo funtzionalak sortzen dituztenak, edo zerbitzuari dagozkion eginkizunak osotara betetzea mugatzen edo eragozten dutenak, edo lanbide jarduerak berezko dituen eskakizunengatik larriagotzen ahal direnak.

–Hipotalamoa-hipofisia ardatzaren nahasmenduak, hipertiroidismoa edo hipotiroidismoa, gaixotasun adrenalak, adenomatosi endokrino anizkoitza, hiperparatiroidismoa eta hipoparatiroidismoa, horiek guztiak eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Kontrolatu gabeko nahasmendu metabolikoak, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

13.–Dermatologia.

–Orbainak, mentaketak eta beste gaitz dermatologiko batzuk, haien zabalera, ondorio funtzionalak eta/edo kokapena direla-eta lanpostuari dagozkion lanak egitea edo norbera babesteko ekipamendua erabiltzea oztopatzen dutenean.

14.–Hematologia.

–Muineko aplasia idiopatikoa eta gaueko hemoglobinuria paroxistikoa.

–Anemia hemolitiko kronikoak.

–Drepanozitosia (zelula faltziformeen anemia).

–Hemoglobina < 10 g/dL duten anemiak.

–Tronbopeniak, eginkizunetan duten eraginaren arabera (ez dira inola ere onartuko 100.000 plaketatik beherako zenbatekoak).

–Hemofiliak eta koagulazioaren bestelako nahasmenduak.

–Immunoeskasiak.

–Koagulazioaren kontrako tratamendua.

15.–Neoplasiak.

–Tumoreak eta gaixotasun gaiztoak, diagnosi berrikoak edo egun tratatzen ari direnak.

–Gaixotasun neoplasikoen aurrekariak ebaluatzeko, egungo egoera fisikoari, patologiaren pronostikoari eta eginkizunetan duten eraginari erreparatuko zaie.

16.–Gaixotasun sistemikoak eta beste batzuk.

–Kolagenoaren gaixotasunak: amiloidosia, kolagenosia, lupus eritematoso sistemikoa, Sjögren-en sindromea, esklerodermia, baskulitisa eta beste batzuk.

17.–Orokorrak.

–Tumore onberak, edonon daudela ere, eginkizunetan duten eraginaren arabera.

–Edozein organoren transplantea.

–Obesitatea (GMI > 30 eta abdomenaren perimetroa 102 cm-tik gora gizonen artean eta 88 cm-tik gora emakumeen artean).

–Muturreko mehetasuna (GMI < 20).

–Edozein patologia eta/edo deformazio, lanpostuari dagokion norbera babesteko ekipamendua edo ohiko ekipamendua behar bezala erabiltzea galarazten duena.

–Beste edozein patologia, sekuela edo ezaugarri somatiko, edozein aparatutan edo sistematan, baldin eta, eginkizunetan duen eragina dela-eta, galarazten edo modu nabarmenean oztopatzen badu lanpostuan aritzea edo lanpostu horretan arituta larriagotzen ahal bada.

–Edonola ere, osasun azterketa egiteko unean, ez da eduki behar gidabaimena ukatzeko arrazoia izan daitekeen gaixotasunik edo urritasunik (2. taldea), Gidarien Erregelamendu Orokorraren IV. eranskinak (Beharrezko gaitasun psikofisikoak gidabaimena eskuratzeko edo haren indarraldia luzatzeko) egun duen idazketaren arabera.

–Ibilgailuak ez gidatzea edota makineria edo erreminta arriskutsuak ez erabiltzea aholkatzen duten edo lanpostuari dagozkion zereginak gauzatzeko gaitasunari nabarmen eragiten dioten botikak edo bestelako substantziak kontsumitzea.

Iragarkiaren kodea: F2502151