41. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

147/2025 EBAZPENA, otsailaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Tuterako Osasun Barrutiko Batzorde Tekniko Asistentzialeko kideak hautatzeko hauteskundeetarako deialdia egiten duena.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuen 99. artikuluak Osasun Barrutiko Batzorde Tekniko Asistentzialaren osaera eta eginkizunak arautzen ditu.

Aldi berean, Osasuneko kontseilariaren martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduak (organo beraren azaroaren 28ko 154/1997 Foru Aginduak eta azaroaren 7ko 125/2011 Foru Aginduak aldatua) Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo zentraletako, inguruko organoetako eta zerbitzuari atxikitako zentroetako gobernu organoetako eta batzorde tekniko asistentzialetako langileen ordezkariak hautatzeko araudia ezartzen du.

Irailaren 3ko 171/2015 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Estatutuek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Tuterako Osasun Barrutiko Batzorde Tekniko Asistentzialeko kideak hautatzeko hauteskundeetarako deialdia egitea. Hartan honako batzordekide hauek hautatuko dira:

–Laguntzako zerbitzu, atal eta unitateetako buruen ordezkari bat.

–Fakultatibo espezialista albokoen ordezkari bat.

–Fakultatibo egoiliarren ordezkari bat.

–Ospitaleko erizaintza unitateetako buruen ordezkari bat.

–Ospitaleko osasun arloko langile tituludunen ordezkari bat.

–Osasun Barrutiko osasun arloko langile titulugabeen ordezkari bat.

–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako zuzendarien ordezkari bat.

–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako familia medikuen ordezkari bat.

–Oinarrizko osasun laguntzako taldeetako osasun arloko langile tituludunen ordezkari bat.

2. Deialdi hau argitaratzen den egunean, 09:00etan, hautaketa prozesua eta bozketa, hurrenez hurren, gainbegiratuko dituzten hauteskunde batzordeko eta hauteskunde mahaiko kideen jendaurreko zozketa egitea, eta behin-behineko hautesle-errolda argitaratzea Tuterako Reina Sofía ospitaleko iragarki-taulan eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren web-orrian.

3. Ana Campillo Arregui andrea eta Ana Beamonte Aréjula andrea hauteskunde batzordeko lehendakari eta lehendakari ordezko izendatzea, hurrenez hurren.

4. Félix Ángel Cermeño Alonso jauna eta María Mercedes Zapata Vázquez de Prada andrea hauteskunde batzordeko idazkari eta ordezko idazkari izendatzea, hurrenez hurren (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Araubide Juridikoaren Zerbitzuko Administrazio Publikoaren teknikariak dira biak, arlo juridikokoak).

5. Osasuneko kontseilariaren martxoaren 21eko 78/1996 Foru Aginduaren 15. artikuluan eta hurrengoetan aurreikusitakoari jarraikiz, hauteskunde mahai bat eratuko da, egoitza Tuterako Reina Sofía ospitalean izanen duena.

6. 78/1996 Foru Aginduaren 15.3 artikuluan ezarritakoarekin bat, honako arau hauek onetsi dira bozketetarako:

a) Oro har, hautesleek Tuterako Reina Sofía ospitalean bozkatuko dute, eta, horretarako, bertara joan beharko dute bozkatzeko eskubideaz baliatzera, hauteskunde batzordeak bozketarako ezartzen duen epean.

b) Tuterako Osasun Barrutiko Batzorde Tekniko Asistentzialean ordezkaturik dauden sektore edo langile-taldeen hautagaitzen boto-paperak ikusgai egonen dira Tuterako Reina Sofía ospitalean hauteskunde batzordeak bozketarako ezartzen duen egunean.

c) Bozketa egiteko, hautesleak boto-papera gutun-azal batean sartuko du; ondoren, gutun-azala itxi eta nortasun agiri nazionalaren edo horren agiri baliokide baten fotokopia batekin batera beste gutun-azal handiago batean sartuko du, eta gutun-azala itxi ondoren bozketaren arduradunari emanen dio. Gutun-azal handiaren kanpoaldean, hautesleak bozketarako dagokion sektorearen edo langile-taldearen izena idatziko du.

d) Bozketaren arduradunak nork bozkatzen duen jasoko du sektore edo langile-taldeen arabera, eta eskatzen duenari, botoa eman izanaren ziurtagiria emanen dio.

e) Bozkatzeko epea bukatuta, hauteskunde mahaiak hautetsontzi bakoitzean sektore edo langile-talde bakoitzerako sartutako botoak kontatuko ditu.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila xedatzea.

8. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Tuterako Osasun Barrutiko Kudeatzailetzari eta Profesionalen Zerbitzuari, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Langileriaren eta Lan Harremanen Zuzendariordetzari eta lehendakari eta idazkari titular eta ordezko izendatuei.

9. Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta Foru-sektore Publiko Instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1 c) artikuluan xedatutakoaren arabera, eta Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako kontseilariaren abuztuaren 18ko 4/2023 Foru Aginduaren bidez eskuordetutako eskumenak baliatuz.

Iruñean, 2025eko otsailaren 20an.–Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Jesús Alfredo Martínez Larrea.

Iragarkiaren kodea: F2502683