1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
12/2025 FORU AGINDUA, otsailaren 5ekoa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, aldatzen duena Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 16ko 78/2023 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira 592 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Autolikidazioa" izenekoa, eta A22 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Itzultzeko eskaera" izenekoa, eta arautzen baitira lurralde erregistroko inskripzioa, kontabilitate-lana eta izakinen erregistro liburuaren aurkezpena.
Apirilaren 5eko 14/2023 Foru Legeak berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia onetsi zuen, zeharkako tributu gisa, plastikoa duten berrerabili ezineko ontziak Espainiako lurraldean erabiltzearen gainekoa.
14/2023 Foru Legearen 14. artikuluak arautzen du zerga zein kasutan itzuli behar den Nafarroako Foru Ogasunaren eskumenen esparruan, eta azaroaren 16ko 78/2023 Foru Aginduak A22 eredua onesten du, ezarritako baldintzetan zergaren itzulketa eskatzeko.
Zerga itzultzeko eskaera jasotzeko eskumena duen bulego kudeatzailea zein den zehazteko irizpidea hau da: itzulketa eskatzen duenaren helbide fiskala dagoen lurralde-eremuko bulegoak du eskumen hori. Hori dela eta, gerta daiteke Nafarroako Foru Ogasuna izatea eskaera jasotzeko eskumena duen bulego kudeatzailea, baina Zerga Administrazioko Estatu Agentzia izatea itzulketa izapidetzeko eskumena duena.
Horregatik, 78/2023 Foru Aginduan adierazi behar dira ordaindutako zergaren itzulketa eskatzeko eskubidea ematen duten kasu guztiak. Horretarako, A22 eredua aurkeztu behar da, hura izapidetzeko eskumena duen Zerga Administrazioa edozein dela ere.
Horrenbestez, 78/2023 Foru Aginduaren 3. artikulua aldatzen da, zergaren itzulketa eskatzen ahal duten inportatzaileak ere bertan sartzeko, hain zuzen ere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 81.1 artikuluko a), b) eta c) letretan araututakoak.
Era berean, zerga itzultzeko eskumena zein administraziok duen zehazten laguntzeko, osatu beharra dago subjektu pasiboak A22 ereduaren bidez Nafarroako Foru Ogasunari eman behar dion informazioa. Horregatik, foru agindu honek II. eranskinaren edukia aldatzen du, eskatzeko, itzultzeko arrazoiaren arabera, itzultzeko eskatutako zenbateko osoaren xehetasuna, hornitzaile bakoitzari lotuta.
Informazio horri esker, Zerga Administrazioak hobetzen ahalko du bere ardurapean dituen laguntza, kudeaketa eta kontrol jarduketen eraginkortasuna.
Nafarroak foru agindu hau onesteko duen eskumena Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Hitzarmen Ekonomikoaren 35 bis artikuluan oinarritzen da. Artikulu horren arabera, zergaren ordainarazpenean, Estatuak une bakoitzean ezarritako arau substantibo eta formal berberak aplikatuko ditu Foru Komunitateak. Dena dela, Foru Komunitateak aitorpena eta diru-sarrera egiteko ereduak onesten ahalko ditu (gutxienez ere, lurralde erkideko datu berak edukiko dituzte), eta likidazioaldi bakoitzean diru-sarrera egiteko epeak ezarri; horiek ez dira, oso desberdinak izanen Estatuko Administrazioak ezarritakoekin.
Foru agindu honen bidez garatutako erregelamendu-ahalaren erabilera bat dator Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 129. artikuluan xedatutako erregulazio onaren printzipioekin. Halaber, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2009 Foru Legearen 129. artikuluan ezarritako printzipio hauek betetzen dira: premia eta eraginkortasuna, proportzionaltasuna, segurtasun juridikoa, gardentasuna, sinpletasun eta efizientzia, eta irisgarritasuna.
Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziari buruzko apirilaren 5eko 14/2023 Foru Legearen 15.2 artikuluak gaikuntza ematen dio tributu arloko eskumena duen departamentuko titularrari eredu, epe eta baldintzak onets ditzan berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga bereziari dagozkion autolikidazioak aurkezteko eta, hala badagokio, zergaren itzulketak eskatzeko.
Horrenbestez,
AGINTZEN DUT:
Artikulu bakarra.–Aldatzea Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren azaroaren 16ko 78/2023 Foru Agindua, zeinaren bidez onesten baitira 592 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Autolikidazioa" izenekoa, eta A22 eredua, "Berrerabili ezin diren plastikozko ontzien gaineko zerga berezia. Itzultzeko eskaera" izenekoa, eta arautzen baitira lurralde erregistroko inskripzioa, kontabilitate-lana eta izakinen erregistro liburuaren aurkezpena.
Honela idatzita geldituko dira azaroaren 16ko 78/2023 Foru Aginduaren manuak:
Bat.–3. artikulua. 1. eta 2. atalak aldatzea:
"1. Apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 81.1 artikuluko a), b) eta c) letretan aipatzen diren inportatzaileek eta 14/2023 Foru Legearen 14.1 artikuluan aipatzen diren eskuratzaileek ordaindutako zergaren zenbatekoa itzultzea eskatzen ahalko dute; horretarako, A22 eredua aurkeztuko dute.
2. A22 ereduarekin batera frogagiriak aurkeztu behar dira, 7/2022 Legearen 81.1 artikuluko a), b) eta c) letretan eta 14/2023 Foru Legearen 14.1 artikuluan deskribatutako egitateak izan direla eta eskatutako itzulketari dagokion zerga ordainketa egin dela egiaztatzen dutenak."
Bi.–Azaroaren 16ko 78/2023 Foru Aginduaren II. eranskina aldatzen da. Haren ordez, foru agindu honetan ageri den eranskina erabiliko da.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera izanen ditu ondorioak.
Iruñean, 2025eko otsailaren 5ean.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, José Luis Arasti Pérez.
ERANSKINA
"II. ERANSKINA.–ITZULTZEKO ESKAERAREN EREDUA
Aitorpenaren laburpena
11 laukia.–"Bulego kudeatzailea": Nafarroako Foru Ogasuna.
12 laukia.–"Eskatutako zenbateko osoa".
Eskatutako itzulketen xehetasuna
111 laukia.–Itzulketaren oinarri den egitatea, apirilaren 8ko 7/2022 Legearen 81.1 artikuluaren a), b) eta c) letretan eta apirilaren 5eko 14/2023 Foru Legearen 14.1 artikuluan ezarritakoaren arabera. Adierazi behar diren aukerak:
A.–Inportatzaileak aurkeztua, zerga aplikatzen den lurraldetik kanpora igortzeagatik.
B.–Inportatzaileak aurkeztua, desegokitasunagatik edo suntsipenagatik.
C.–Inportatzaileak aurkeztua, itzulketagatik.
D.–Eskuratzaileak aurkeztua, zerga aplikatzen den lurraldetik kanpora igortzeagatik.
E.–Eskuratzaileak aurkeztua, sendagaietarako, osasun-produktuetarako edo erabilera mediko berezietarako sendagaietarako erabiltzeagatik.
F.–Eskuratzaileak aurkeztua, aldaketagatik edo berrerabilpenagatik.
G.–Eskuratzaileak aurkeztua, ez delako erabiltzen elaboratzeko, ixteko, merkaturatzeko edo aurkezteko.
113 laukia.–"Hornitzailearen IFZa":
Aurreko ataleko D, E, F eta G aukerak hautatuz gero, hornitzaile bakoitzaren IFZa adierazi beharko da.
115 laukia.–"Hornitzailearen IPKa":
111 laukian D, E, F edo G aukerak hautatzen direnean jakinarazi beharko da, betiere hornitzaileak IPKa badu.
112 laukia.–"Eskatutako zenbatekoa":
Adierazi behar da eskatzen den itzulketaren zenbatekoa. Zenbatekoa eurotan eta bi dezimalekin adierazi behar da, hirugarren zifra dezimala 5etik gorakoa izan edo 5etik beherakoa izanez gero, goitik edo behetik biribilduz, hurrenez hurren."
Iragarkiaren kodea: F2501732