Iragarkia
41. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 28a
1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
108/2024 FORU DEKRETUA, abenduaren 11koa, Nafarroako Foru Komunitatean Oinarrizko Lanbide Heziketako tituluen egiturak eta curriculumak ezartzen dituzten foru dekretuak aldatzen dituena, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeko 3/2022 Lege Organikoan, martxoaren 31koan, ezarritako xedapenetara egokitzeko.
ZIOEN AZALPENA
1
Lanbide Heziketaren erronka nagusien artean, beti izan da ekoizpen eta zerbitzu sektoreen beharrei erantzuteko gai izanen den biztanleria kualifikatua lortzea, eskualdeen garapen ekonomiko eta sozialerako funtsezko elementua izanen dena.
Aurrerapen teknologikoak eta globalizazioak munduko ekonomian eta, ondorioz, lan merkatuetan eragin dituzten aldaketa sakonek berehalako isla dute biztanleria aktiboaren kualifikazio premietan, eta horrek berekin dakar gaitasunak eta konpetentziak eguneratzea eta eskaria handitzea, kualifikazio handiagoa duten gero eta pertsona gehiago izateko. Horregatik, beharrezkoa da Lanbide Heziketako sistema gai izatea ahalik eta erantzun arinena emateko aldaketa horiek lan merkatuaren beharren eta prestakuntza eskaintzaren artean sortzen duten kualifikazio desorekari.
Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzekoak, erronka horiei erantzun nahi die.
Lanbide Heziketaren esparruan, digitalizazioa da arreta berezia jarri behar diogun funtsezko elementuetako bat. Izan ere, sistema digitalak eguneroko bizitzan eta, bereziki, lanpostuetan etengabe garatzeak ezinbestean eskatzen du sistema horien eskakizun berrietara egokitutako jardun profesional baterako konpetentzia espezifikoak eskuratzea.
Aldaketa teknologikoari gehien lotutako gaitasunak eta konpetentziak eguneratzeko beharrari heltzeaz gain, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda jasotzen du. Agenda 2030 193 herrialdek adostutako ibilbide orri zabal bat da, Garapen Jasangarrirako Helburuak lortzea xede duena; era horretan, muturreko pobrezia desagerrarazi, desberdintasunak murriztu eta planeta babestu nahi dira.
Horren ondorioz, garapen jasangarrian lagunduko duen lanbide heziketa ere aurreikusten da; hala, prestakuntza horri esker, ingurumena errespetatuko duen ekonomia jasangarrirako trantsizioan eragile izateko ezagutzak, konpetentziak eta balioak jasoko dituzte ikasleek, eguneroko jardun pertsonalak nahiz profesionalak egiten dituztenean aplikatzeko.
2
Aipatutako 3/2022 Lege Organikoak, martxoaren 31koak, arreta berezia ematen dio, halaber, enplegagarritasunerako konpetentziak indartzeari –zeharkakoa baita– eta ekintzailetzaren kultura handitzeari, eta funtsezko aldaketa bat txertatzen du Lanbide Heziketan, lanbide heziketa duala orokortzea baitakar; horrek esan nahi du enpresak zeregin garrantzitsuagoa hartzen duela ikasleen prestakuntzan.
Orain arte adierazitako alderdi guztiak –Lanbide Heziketa modernizatzera bideratutakoak, besteak beste– Lanbide Heziketako Sistemaren antolamendua garatzen duen uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren bidez gauzatzen dira. Erregelamendu garapen hori izanen da Lanbide Heziketako Sistema martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan planteatzen den eredura pixkanaka egokitzeko balio izanen duten alderdi ugari arautuko dituen arau esparrua.
Alderdi horien artean, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 4. artikuluak Lanbide Heziketako prestakuntza eskaintzen antolaketa berria ezartzen du, bost gradutan egituratzen dena (A, B, C, D eta E). D graduan oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak biltzen dira.
Bestalde, aipatutako errege dekretuaren 7. artikuluan, D graduari dagozkion curriculumak ezartzeko eskumena ematen zaie hezkuntzako administrazioei, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 6. artikuluan ezarritako eskumen-eskudantziak errespetatuz, eta martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan agindutakoaren arabera, betiere oinarrizko curriculumean jasotako elementuei eutsiz. Era berean, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 8. artikuluan adierazten denez, Administrazioek nahitaez eguneratu behar izanen dituzte curriculumak, gradu bakoitzerako zehaztutako konpetentzia baldintzen arabera. Horrez gain, aipatutako errege dekretuaren eranskinetan, D gradua osatzen duten heziketa zikloetan txertatzen diren modulu berrien oinarrizko curriculumak zehazten dira.
Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoan aurreikusten den bezala, apirilaren 11ko 278/2023 Errege Dekretuak zehazten du aipatutako Lege Organikoak definitutako Lanbide Heziketako Sistema ezartzeko egutegia. Errege dekretu horren 11. artikuluaren arabera, 2025-2026 ikasturtean, D graduko heziketa ziklo guztien ezarpena osatuko da, haien konfigurazio berriaren arabera, eta egungo zikloei dagozkien curriculumak iraungiko dira.
Curriculumeko alderdiez gain, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuak Lanbide Heziketako irakaskuntzekin lotutako beste alderdi garrantzitsu batzuk ere jorratzen ditu, hala nola irakaskuntzetara sartzearekin lotutako gaiak, prestakuntza dualaren esparru berriaren baitan enpresan eginen den prestakuntzaren erregulazioa, prestakuntza eskaintzak gidatu behar dituzten printzipio pedagogikoen definizioa, banako desberdintasunei eman beharreko arreta, eta ikaskuntzaren ebaluazioa.
3
Oinarrizko mailako heziketa zikloak Lanbide Heziketako ikasketetarako lehen hurbilketa dira, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan izandako hezkuntza esperientziaren ondotik, mundu profesionalera hurbiltzeko aukera bilatzen duten ikasleentzat, etapa horretako funtsezko konpetentzia berberak garatzen jarraitzen duten bitartean.
Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren planteamendu berriak konpetentzia profesionalak hobeto eskuratzeko aukera ematen die ikasleei, enpresako prestakuntza etapa berriari esker lan mundura gehiago hurbilduz. Oinarrizko mailako zikloak egiten dituzten ikasle gehienentzat hau da lehen lan esperientzia, eta, prestakuntza etapa batetik egiten denez, irakasle taldearen laguntza jasotzen ahal dute, ikasleen garapen pertsonala eta prestakuntza integrala errazteko neurri handi batean, bai eta haien ardura duen talde osoaren prestakuntza orokorra ere.
Gainera, Enplegagarritasunerako Ibilbide Pertsonalaren lanbide modulua sartzeak ikasleen prestakuntza osatzeko aukera ematen du, konpetentzia pertsonaletan, sozialetan eta laneko arriskuen prebentzioaren arloan; horiek guztiak, hain zuzen, ezinbestekoak dira lan mundura sartu ahal izateko.
Oinarrizko teknikari tituluarekin batera Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatu titulua lortzeak erakargarri egiten ditu oinarrizko graduko zikloak; horren bidez, hain zuzen ere, martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoak biztanleria zabalagoari erantzun nahi dio, haien irakas-ikaskuntza prozesuaren jarraipen berme handiagoarekin.
4
Aurreko paragrafoetan aipatutako martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikotik eratorritako aurreko arau garapen guztiaren ondorioz, Hezkuntza Departamentuak bere gain hartu behar du Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan oinarrizko lanbide tituluen egiturak eta curriculumak ezartzen dituzten foru dekretuak aldatzeko legezko agindua –horiek eguneratze eta indarreko araudira egokitze aldera–, bai eta irakaskuntza horien antolamenduaren oinarrizko printzipio batzuk ezartzekoa ere.
Horrenbestez, Hezkuntzako kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2024ko abenduaren hamaikako bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,
DEKRETATZEN DUT:
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Foru dekretu honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean 2/2006 Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera garatutako Oinarrizko Lanbide Heziketako tituluen curriculumak aldatzea, bai eta irakaskuntza horien antolamendurako oinarrizko printzipioak ezartzea ere, Lanbide Heziketa antolatu eta integratzeko martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren garapenetik eratorritako araudira egokitzeko.
2. artikulua. Aplikazio esparrua.
Foru dekretu honetan zehazten diren aldaketak honako foru dekretu hauetan ezarritako oinarrizko mailako Lanbide Heziketako tituluen curriculumei aplikatuko zaizkie:
–68/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Nekazaritza eta Lorezaintzako eta Lore-konposizioetako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–69/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Arte Grafikoetako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–70/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Zurgintzako eta Altzarigintzako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–71/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Sukaldaritzako eta jatetxeetako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–72/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Elektrizitate eta Elektronikako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–73/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Fabrikazio eta Muntaketako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–74/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Elikagaien Industrietako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–75/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Bulegoko Informatikako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–76/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Ibilgailuen Mantentze-lanetako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–77/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Ile-apainketako eta Estetikako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–78/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Eraikinak Zaharberritzeko eta Mantentzeko oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–79/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Administrazio Zerbitzuetako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–80/2014 Foru Dekretua, abuztuaren 27koa, Nafarroako Foru Komunitatean Merkataritza Zerbitzuetako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–274/2015 Foru Dekretua, abenduaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitatean Nekazaritza eta Abeltzaintzako Jardueretako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–51/2017 Foru Dekretua, ekainaren 7koa, Nafarroako Foru Komunitatean Etxeko Lanetako eta Eraikinen Garbiketako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–52/2017 Foru Dekretua, ekainaren 7koa, Nafarroako Foru Komunitatean Ostatu Arloko eta Arropa-garbiketako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–53/2017 Foru Dekretua, ekainaren 7koa, Nafarroako Foru Komunitatean Metalezko Elementuen Fabrikazioko oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–54/2017 Foru Dekretua, ekainaren 7koa, Nafarroako Foru Komunitatean Okintzako eta Pastelgintzako Jardueretako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–73/2018 Foru Dekretua, irailaren 5ekoa, Instalazio Elektroteknikoetako eta Mekanikako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena Nafarroako Foru Komunitatean.
–39/2019 Foru Dekretua, apirilaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatean Ehunezko eta Larruzko Artikuluen Konponketako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–44/2019 Foru Dekretua, apirilaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatean Informatikako eta Komunikazioetako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–37/2020 Foru Dekretua, ekainaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatean Baso Aprobetxamenduetako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–38/2020 Foru Dekretua, ekainaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatean Etxebizitzen Mantentze Lanetako oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
–39/2020 Foru Dekretua, ekainaren 3koa, Nafarroako Foru Komunitatean Kirol Instalazioen Sarbide eta Kontserbazioko oinarrizko lanbide tituluaren egitura eta curriculuma ezartzen dituena.
II. KAPITULUA.–CURRICULUMEN BERRANTOLAKETA
3. artikulua. Irakaskuntzen eta titulazioen izendapenan egiten diren aldaketak.
Foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretu guztietan, "oinarrizko lanbide heziketari" buruzko edozein aipamen "oinarrizko mailako lanbide heziketari" egindako aipamen gisa hartu beharko da. Era berean, "Oinarrizko Lanbide Titulua" aipatzen denean, "Oinarrizko Teknikari Titulua" dela ulertu beharko da.
4. artikulua. Tituluaren identifikazioari buruzko artikulua aldatzea.
Aldatu egiten da foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretuen 2. artikulua; zehazki, pasarte hau gehitzen zaio:
"Oinarrizko teknikari titulua Etengabeko Ikaskuntzarako Kualifikazioen Espainiako Esparruko 3A mailaren parekoa da, baita 2011ko Hezkuntzaren Nazioarteko Sailkapen Normalizatuko 3.5.3 mailaren parekoa ere".
5. artikulua. Curriculumak osatzen dituzten lanbide moduluei dagozkien zeharkako aldaketak.
1. Foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren tituluetako curriculum guztietatik kendu egiten dira Lantokiko prestakuntza, Zientzia Aplikatuak I, Zientzia Aplikatuak II, Komunikazioa eta gizartea I eta Komunikazioa eta gizartea II lanbide moduluak, kasuan-kasuan duten kodifikazioarekin, eta baita haien ikaskuntzaren emaitzak, ebaluazio irizpideak, iraupena, oinarrizko edukiak eta orientazio didaktikoak ere.
2. Ondoriorik gabe geratzen dira curriculumak osatzen dituzten moduluen curriculum-garapenetan sartuta dauden orientabide didaktikoak. Horien ordez, oinarrizko lanbide tituluak ezarri eta gutxieneko irakaskuntzak zehazten dituzten errege dekretuetan jasotako orientabide pedagogikoak hartzen dira erreferentziatzat.
3. Lanbide modulu, esparru, proiektu eta tutoretza hauek txertatzen dira:
a) 3159. Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonala; horren kodea, iraupena, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak foru dekretu honen 1.A eranskinean ageri dira. Modulu honen curriculuma komuna da oinarrizko mailako ziklo guztietarako, eta, beraz, modulu hau ematen duten irakasleek, ahal den neurrian, zikloaren espezialitatea kokatzen den produkzio sektorearen testuinguruan aplikatu beharko dute.
b) 3160 Elkarlan bidezko ikaskuntzarako proiektu intermodularra; horren kodea, iraupena, ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak foru dekretu honen 1.B eranskinean ageri dira. Modulu honen curriculuma ere komuna da oinarrizko mailako ziklo guztietarako, eta, beraz, modulu hau ematen duten irakasleek, ahal den neurrian, zikloaren espezialitatea kokatzen den produkzio sektorearen testuinguruan aplikatu beharko dute.
c) Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien Esparrua; horren konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta edukiak Nafarroako Foru Komunitateko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren etapako irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuan, IV. eranskinean, adierazita daude.
d) Zientzia Aplikatuen Esparrua; horren konpetentzia espezifikoak, ebaluazio irizpideak eta edukiak ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren IV. eranskinean jasota daude.
e) Tutoretza, 35 orduko iraupenarekin.
4. Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien Esparrua bitan banatuko da, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 87.4 artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe: Komunikazioa eta Gizarte Zientziak I (165 orduko iraupenarekin) eta Komunikazioa eta Gizarte Zientziak II (165 orduko iraupenarekin).
5. Zientzia Aplikatuen Esparrua ere bitan banatuko da, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 87.4 artikuluan ezarritakoari kalterik egin gabe: Zientzia aplikatuak I (165 orduko iraupenarekin) eta Zientzia Aplikatuak II (130 orduko iraupenarekin).
6. Uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 85. artikuluan ezarritakoaren arabera, lanbide esparruaren barruan sartuko dira konpetentzia-estandarrei lotutako lanbide moduluak eta Enplegagarritasunerako ibilbide pertsonalaren modulua. Konpetentzia-estandarrei lotutako lanbide moduluek foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretuetan jasotako oinarrizko curriculumari eutsiko diote.
7. Enpresako edo erakunde parekatuko prestakuntza aldia uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 88. artikuluan ezarritakoaren arabera arautuko da.
6. artikulua. Oinarrizko mailako heziketa zikloetan sartzea.
Aldatu egiten da foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretuen 6. artikulua; zehazki, honela idatzita geratzen da:
"Foru dekretu honek arautzen duen heziketa zikloan sartzeko, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar izanen dira".
7. artikulua. Baliozkotzeei eta salbuespenei buruzko artikulua aldatzea.
Testu berria du foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretuen 8. artikuluak; zehazki, honela idatzita geratzen da:
"Lanbide moduluen baliozkotzeak eta salbuespenak uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren II. tituluko VI. kapituluan, 1. Baliozkotzeak eta 2. Salbuespenak ataletan, xedatutakoaren arabera eginen dira".
8. artikulua. Curriculumeko beste aldaketa batzuk.
Foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen diren tituluen foru dekretuetan curriculum bakoitzean egiten diren banakako aldaketak, batetik, aurreko ataletan ezarritako xedapenen ondoriozkoak direnak, eta, bestetik, oinarrizko araudian egiten diren eta tituluen curriculumetan sartuta dauden lanbide kualifikazio profesionalei eta konpetentzia unitateei eragiten dieten aldaketen ondoriozkoak, foru dekretu honen 2. eranskinean jaso dira.
III. KAPITULUA.–ANTOLAMENDUAREN OINARRIZKO ALDERDIAK
9. artikulua. Curriculuma erreferentzia gisa.
Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeek ikasketa horiek ezartzen dituzten foru dekretuetan zehaztutako curriculumak aplikatuko dituzte, eta haien programazioak eta metodologiak prestakuntzako ikasleen ezaugarrietara egokituko dituzte; horrez gain, arreta berezia emanen zaie hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten pertsonei, betiere berdintasun, inklusio eta irisgarritasun printzipioei jarraituz, eta produkzio ingurunearen errealitate sozioekonomikoa eta lan errealitatea kontuan hartuta.
10. artikulua. Programazioak.
1. Programazioek heziketa zikloetarako ezarritako curriculumak zehazten dituzte. Definizio horretan, alderdi hauek sustatu beharko dira: ingurumena errespetatzeko kultura, laneko bikaintasuna, kalitate arauak betetzea, sormena, berrikuntza, genero berdintasuna, edozein aniztasunekiko errespetua, aukera berdintasunaren sustapena, "pertsona guztientzako diseinua" eta irisgarritasun unibertsala, batez ere desgaitasuna duten pertsonei dagokienez. Horrez gain, laneko arriskuen prebentzioaren kultura indartu beharko da, askotariko lanbide moduluak eta elkarlan bidezko ikaskuntzako proiektu intermodularra ematen diren eremuetan.
2. Oinarrizko mailako heziketa zikloak osatzen dituzten edukiak orientagarritzat hartuko dira, eta irakasle taldeen ardura izanen da eduki horiek programazio didaktikoetan eguneratzea. Salbuetsita daude Komunikazioaren eta Gizarte Zientzien Esparruari eta Zientzia Aplikatuen Esparruari dagozkien edukiak –aginduzkoak izanen dira–, ekainaren 29ko 71/2022 Foru Dekretuaren 21. artikuluak arautzen baititu esparru horiek. Hezkuntza Departamentuak orientabideak prestatu ahal izanen ditu, moduluetarako prestakuntza edukiak proposatzeko.
3. Lanbide moduluen eta elkarlan bidezko ikaskuntzako proiektu intermodularraren ikaskuntzaren emaitzak eta ebaluazio irizpideak –oinarrizko mailako heziketa zikloetan indarrean dauden curriculumak zehazten dituzten foru dekretuen 2. eranskinetan jasotakoak– aginduzkoak izanen dira programazio didaktikoen diseinuan eta ikasleen ebaluazio prozesuetan.
4. Elkarlan bidezko ikaskuntzako proiektu intermodularrak izaera integratzailea izanen du heziketa zikloa osatzen duten lanbide moduluetan txertatutako ezagutzei dagokienez, eta arreta berezia jarriko du informazio bilaketarako, berrikuntzarako, ikerketa aplikaturako eta ekintzailetzarako elementuetan. Horregatik, ikastetxeetako berrikuntza baliabideak, hala nola teknologia aplikatuko ikasgelak (ATECA), gaikuntza ikasgelak, ekintzailetza ikasgelak eta proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza metodologiak, erabiltzeko modua optimizatzeko gisan eratu beharko da.
5. Foru dekretu honen 2. artikuluan aipatzen den heziketa zikloren bat emateko baimena duten ikastetxeek beren ikasleen eta ekoizpen ingurunearen ezaugarrietara hobekien egokitzen diren antolaketa neurriak, curriculum neurriak edo prestakuntza osagarriak zehaztu eta garatuko dituzte, malgutasunez eta beren autonomia pedagogikoa baliatuz, proiektu funtzionalaren esparru orokorrean, ikastetxe integratuen kasuan, eta hezkuntza proiektuaren esparruan, Bigarren Hezkuntzako institutuen eta, hala badagokio, arte eskolen eta diseinuko goi mailako eskolen kasuan, uztailaren 18ko 659/2023 Errege Dekretuaren eta Urteko Jarduera Planaren babesean, ikastetxe integratuen kasuan, eta Urteko Programazio Orokorraren babesean, Bigarren Hezkuntzako institutuen eta, hala badagokio, arte eskolen eta diseinuko goi mailako eskolen kasuan, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako konpetentziak garatzen lagunduko badute, eta lanbide heziketaren arloan eskumena duen zerbitzuak behar bezala onartuko du.
11. artikulua. Prestakuntza enpresan edo erakunde parekatuan.
1. Martxoaren 31ko 3/2022 Lege Organikoaren 55. artikuluan ezarritakoaren arabera, Konpetentzia Profesionalen Estandarren Katalogo Nazionalari lotutako oinarrizko mailako lanbide heziketako eskaintza guztia duala izanen da, eta prestakuntzako fase bat izanen du enpresan edo erakunde parekatu batean.
2. Enpresako prestakuntzan parte hartzeko, ikasleek 16 urte beteta izan beharko dituzte, eta lanbide heziketako ikastetxeek emandako lanbide arriskuen prebentzioari buruzko prestakuntza gaindituta izan beharko dute.
3. Enpresako prestakuntza une egokian eginen da, prestakuntza eskaintzaren ezaugarrien, urtarokotasunaren eta produkzio inguruneak eskaintzen dituen aukeren arabera. Oro har, enpresako edo erakunde parekatuko prestakuntzaren baitan, ikastetxearen eta enpresaren arteko txandakatzea ezarriko da, ikasleek enpresetan ikasitakoak partekatu ahal izateko eta, horrela, ikasle guztien ikaskuntza orokorra bultzatzeko. Txandakatzea aurreikusten ez den enpresako prestakuntza proiektuek Hezkuntza Departamentuan arlo horretaz arduratzen den zerbitzuaren berariazko baimena behar izanen dute.
4. Oinarrizko graduko zikloetako enpresako prestakuntza heziketa zikloaren iraupen osoaren %20 izanen da, eta lanbide esparruko ikaskuntzaren emaitzen %10-%20 hartuko du. Hezkuntza Departamentuak enpresetako edo erakunde parekatuetako egonaldiak erregimen intentsiboan egitea baimendu ahal izanen ditu.
5. Oro har, enpresako prestakuntza oinarrizko mailako heziketa zikloetako lehen eta bigarren mailetan eginen da; gainera, enpresan egin beharreko prestakuntza ordu guztien % 20, gutxienez, lehen ikasturtean sartuko da. Nolanahi ere, prestakuntza aldia lehen mailan egitetik salbuetsita egonen dira hamasei urtetik beherako ikasleak. Oinarrizko mailako zikloetan, enpresako edo erakunde parekatuko prestakuntza aldiaren beste banaketa bat egin ahal izanen da, erregelamendu bidez ezartzen diren inguruabar espezifikoen arabera, eta Hezkuntza Departamentuan arlo horretan ardura duen zerbitzuak baimendu beharko du.
6. Enpresako edo erakunde parekatuko prestakuntza enpresa edo erakunde batean edo batzuetan egin ahal izanen da, baldin eta ikaskuntzaren emaitzak eskuratzeari dagokionez elkarren osagarri badira, eta horren antolaketan aintzat hartuko dira produkzio sektoreen edo enpresa edo erakunde parekatuen berezitasunak.
7. Ikasleek bi aukera baino ez dituzte izanen prestakuntza enpresan edo erakunde parekatu batean garatzeko.
8. Enpresako edo erakunde parekatuko prestakuntzan inplikatutako aldeen konpromisoak eta eskubideak ezartzen dituzten proiektuak Hezkuntza Departamentuko titularrak eta enpresaren edo erakunde parekatuaren ordezkariak sinatutako esparru hitzarmenen babesean zehaztuko dira, bai eta enpresaren eta lanbide heziketako ikastetxeko zuzendaritzaren artean sinatutako hitzarmen espezifikoen babesean ere.
9. Hezkuntza Departamentuak aurreko puntuetan ezarritako jarraibide orokorrak garatuko ditu, enpresako edo erakunde parekatuko prestakuntza fasea arautuko duen araudi espezifiko batean.
12. artikulua. Ebaluazioa.
1. Ebaluazioa etengabea izanen da, ikaskuntza metodologia desberdinetara egokituta egonen da, curriculumean aurreikusitako ikaskuntzaren emaitzetan eta ebaluazio irizpideetan oinarrituko da, eta prestakuntzakoa eta integratzailea izanen da.
2. Ebaluazio tresnen erabilera sustatuko da, askotariko tresnak, erabilerrazak eta ikaskuntza egoera desberdinetara egokitutakoak; horrela, ikasle guztien balorazio objektiboa egin ahal izanen da, ebaluazioaren irisgarritasuna bermatuta.
3. Lanbide modulu bakoitzaren ebaluazioan eta kalifikazioan, baldin eta lanbide modulu horren ikaskuntzaren emaitzetan ikastetxearen eta enpresaren partaidetza badago, bi aldien baterako balorazioa eginen da, eta bien erantzukizuna izanen da. Era berean, "Elkarlan bidezko ikaskuntzako proiektu intermodularra" moduluaren ebaluazioa modulu horretako irakasle taldeari dagokio, modu kolegiatuan. Bi kasu horietan, ebaluazioan kontuan hartu beharko da zikloaren osotasuna.
13. artikulua. Tutoretza.
1. Irakaslana, eta, zehatzago, tutoretza, ikasleak orientatzeko eta haien heldutasun eta prestakuntza prozesuan era pertsonalizatuan laguntzeko lehen maila da. Oinarrizko mailako heziketa zikloko irakasle guztiek parte hartu beharko dute tutoretza lanean eta orientabidean, nork bere jarduketaren esparruan, ikasleen hezkuntza eta lanbide orientazioan nahiz orientazio pertsonalean laguntzeko, bai eta enplegagarritasunerako konpetentziak garatzen laguntzeko ere.
2. Ikasturte bakoitzean tutoretzan egiten diren jarduerak taldeko berariazko programazio batean planifikatuko dira, eta haren parte izanen dira, ikastetxeko tutoretza lanaren planaren arabera.
3. Orokorki, konpetentzia-estandarrei lotutako moduluak irakasten dituen irakasle batek gauzatuko du tutoretza heziketa zikloan, eta, ahal dela, pertsona berari esleituko zaio bi ikasmailetan. Taldearen tutoretzak nahitaez dakar taldearen elkarlan bidezko ikaskuntzako proiektu intermodularrean irakasteko eskumena.
14. artikulua. Ikasleak/irakasleak ratioa oinarrizko mailako eskaintzetan.
1. Oinarrizko mailako heziketa zikloak hamabi ikasle sartu berrirekin eta errepikatzen ari den ikasle batekin antolatuko dira, oro har, eta gehienez ere hamalau ikasle izanen dira.
2. Lanbide moduluak ematean, haien espazioengatik, baliabideengatik eta erabili beharreko materialengatik hala gomendatzen denean, ikasleak bi taldetan banatu ahal izanen dira, kalitatezko irakaskuntza eta hezkuntza nahiz prestakuntza arreta egokia bermatzeko.
Lehen xedapen gehigarria.–Irakasleen ordutegi pertsonalaren esleipena aldatzea.
Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 28. artikuluaren 3. atala aldatzen da. Haren bidez, Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapeneko programak irakasten dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatu ziren. Paragrafo hau gehitzen zaio:
"D graduko Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten irakasleen kasuan, lanbide modulu bera espezialitate desberdinetako irakasleei esleituta badago, ikastetxeko zuzendaritzari dagokio modulu horren irakaskuntza egokitzat jotzen duen sailari esleitzea, espezialitate, pedagogia eta antolaketa arrazoiak direla eta".
Bigarren xedapen gehigarria.–Lantokiko Prestakuntza moduluan egiten diren aldaketak.
1. Otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretua aldatzen da, Nafarroako Foru Komunitateko lurraldean dauden Bigarren Hezkuntzako institutuen Erregelamendu Organikoa onesten duena; izan ere, Lantokiko Prestakuntza moduluari egiten zaizkion erreferentzia guztiak enpresako edo erakunde parekatuko prestakuntzari egiten zaizkiola ulertu behar da.
2. Otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 45.3.b) artikulua aldatzen da; zehazki, honako paragrafo hau gehitzen da:
"–Kanpoko Jardueren Saileko buruarekin elkarlanean aritzea enpresak bilatzeko, identifikatzeko eta hautatzeko, eta enpresako edo erakunde parekatuko prestakuntzaren antolaketan eta jarraipenean parte hartzea".
Hirugarren xedapen gehigarria.–Arau-garapena.
1. Hezkuntza Departamentuko titularrari ahalmena emanen zaio foru dekretu honetan xedatutakoa egoki aplikatzeko behar diren arau guztiak garatu ditzan, eta, bereziki, curriculumetako lanbide moduluen iraupena edo irakaste sekuentzia aldatu ditzan, baldin eta aldaketa horiek funtsean ez badiote eragiten tituluan zehaztutako lanbide profilari eta Estatuaren oinarrizko araudian ezarritako gutxieneko iraupenak errespetatzen badira.
2. A, B eta C mailetako prestakuntza eskaintzak: Hezkuntza Departamentuari dagokio A, B eta C mailetako prestakuntza eskaintzak definitzea. A, B eta C mailetako curriculumak eskaintza horiek zehazteaz batera definituko dira.
Xedapen iragankor bakarra.–Aurreko tituluetako ikasleen eskubideak eta trantsizio prozesua.
Oinarrizko teknikari tituluari dagozkion ikasketak osorik egin ez dituztenek –titulu horien egitura eta curriculuma, hain zuzen, arau honen 2. artikuluan aipatzen diren foru dekretuetan zehazten dira– trantsizio epe bat izanen dute hura eskuratzeko. Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak titulu hori eskuratzeko prozedurak erraztuko ditu, horretarako ezarriko den arau esparruan.
Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.
1. Indargabetuta geratzen da 156/1995 Foru Dekretua, ekainaren 26koa, titulartasun pribatuko ikastetxeekiko hezkuntza itunei buruzko arauak ematen dituena.
2. Foru dekretu honetan xedatuaren aurkakoak diren maila bereko edo apalagoko xedapenak indargabetuta geratzen dira.
Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.
Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2024ko abenmduaren 11n.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.
Iragarkiaren kodea: F2418204
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
