1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
50/2025 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez aldatzen baita Hezkuntzako zuzendari nagusiaren irailaren 26ko 408/2024 Ebazpena, zeinaren bidez eratzen baita graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera proba Nafarroako Foru Komunitatean antolatuko duen batzordea eta batzorde horretako kideak izendatzen baitira.
Ekainaren 11ko 534/2024 Errege Dekretuak 18.2 artikuluan xedatzen duenez, hezkuntza administrazioek, zeinek bere kudeaketa esparruan, batzorde bat eratuko dute, unibertsitatean sartzeko proba antola dezan; batzorde hori unibertsitate publikoen, hezkuntza administrazioaren eta ikastetxe publikoetako Batxilergoko irakasleen ordezkariek osatuko dute, bai eta beste aditu batzuek ere, hezkuntza administrazioek ezartzen dituzten arauei jarraikiz. Batzordeko kideak emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatuaren printzipioari jarraikiz izendatuko dira, non ez den posible funtsezko arrazoi objektiboengatik, zeinak behar bezala justifikatu beharko baitira.
Era berean, hala adierazten baitu 17.4 artikuluan Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 12ko 114/2024 Foru Aginduak (2025eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 16koan), batzordean, emakumeen eta gizonen parte-hartze orekatuaren printzipioa beteko da, salbu eta funtsezko arrazoi objektiboengatik posible ez bada. Arrazoi horiek behar bezala justifikatu beharko dira.
Aipatutako foru aginduak 37.1 artikuluan xedatzen duenez, unibertsitatera sartzeko proba antolatzen duen batzordeak (foru agindu horren 17. artikuluan adierazitakoak) izanen du, halaber, 45 urtetik gorakoentzako unibertsitatera sartzeko proba antolatzeko eskumena. 45 urtetik gorakoentzako sarrera probarekin lotutako alderdiei dagokienerako soilik, batzorde horrek bi ordezkari gehiago izanen ditu, Nafarroako Unibertsitatearen ordezkariak, hain zuzen; bi ordezkari horiek unibertsitate horretako errektoreak hautatuko ditu, eta Hezkuntzako Zuzendaritza Nagusia duen pertsonak izendatuko.
Azaldutako guztiaren ondorioz, bidezkoa da unibertsitatera sartzeko proba antolatzen duen batzordearen eraketa eta haren kideen izendapena egokitzea abenduaren 12ko 114/2024 Foru Aginduaren 17.4 eta 37.1 artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritako eskakizunetara.
Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena aurkeztu du aldatu dadin Hezkuntzako zuzendari nagusiaren irailaren 26ko 408/2024 Ebazpena, zeinaren bidez eratzen baita graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera proba Nafarroako Foru Komunitatean antolatuko duen batzordea eta batzorde horretako kideak izendatzen baitira.
Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
Lehenenik.–Hezkuntzako zuzendari nagusiaren irailaren 26ko 408/2024 Ebazpena aldatzea (ebazpen horren bidez, graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera proba Nafarroako Foru Komunitatean antolatuko duen batzordea eratzen da eta batzorde horretako kideak izendatzen dira), graduko unibertsitate ikasketa ofizialak egiteko sarrera proba Nafarroako Foru Komunitatean antolatuko duen batzordearen eraketa berria onets dadin eta haren kideak izenda daitezen, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ebazpen honen eranskinean ezarritakoa betez eta 408/2024 Ebazpenaren bidez eratutako batzordea ordezteko.
Bigarrenik.–Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
Hirugarrenik.–Ebazpen hau eta haren eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari, Nafarroako Unibertsitateko errektoreari, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuari, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eta interesdunei.
Iruñean, 2025eko otsailaren 14an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
UNIBERTSITATEAN SARTZEKO PROBA ANTOLATUKO DUEN BATZORDEA
Unibertsitatean sartzeko proba antolatuko duen batzordeak kide hauek izanen ditu:
–Unibertsitatean sartzeko probako koordinatzailea; batzordeko burua izanen da: Ekaitz Santacilia Salvador.
–Unibertsitatean sartzeko probako koordinatzailea, Hezkuntza Departamentukoa: Jose Miguel Zabaleta Trecu.
–Unibertsitateko irakasle bat: Ana Zabalza Aznárez.
–Unibertsitateko irakasle bat: Marta Benito Amurrio.
–Ikastetxe publiko bateko Batxilergoko irakasle bat: Raúl Mariano Abadías Camón.
–Emaitza akademikoen azterketetan adituak diren bi pertsona: Miren Arantxa Irisarri Etxeberria eta Alicia Burguete Elarre.
–Idazkari lana beteko duen pertsona bat, hitzarekin baina botorik gabe: Roberto Azanza Gazolaz.
45 urtetik gorakoentzako sarrera probarekin lotutako alderdiei dagokienez soilik, beste bi pertsona hauek erantsiko zaizkio batzorde horri, zeinak Nafarroako Unibertsitateko ordezkariak baitira:
–Unai Zalba Irigoyen.
–María Jesús Freire Salinas.
Iragarkiaren kodea: F2502454