41. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 28a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

6/2025 FORU DEKRETUA, otsailaren 12koa, zeinaren bidez aldatzen baitira azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua (haren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zen) eta martxoaren 3ko 44/2003 Foru Dekretua (haren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuen ordainsari osagarriak zehaztu eta esleitzen dira).

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen berariazko erregimena arautzen duen urriaren 20ko 11/1992 Foru Legean ezarrita dago Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuak nola bete eta aurreikusita dago hori nola egin. Modu horien artean, lekualdatze-lehiaketa eta aldez aurreko barne-egokitzapena daude.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuak 21. artikuluan ezartzen duenez, langileak hautatzeko prozesuak egin baino lehen, lekualdatze-lehiaketak egin behar dira. Gainera, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren eremuan, horiek baino lehenago, aldez aurreko barne-egokitzapenen prozedurak egin behar dira. Bestalde, modu horretan lanpostuak behin betiko bete aurretik, behin-behineko esleipenak egiten dira maiz.

Askotariko mugikortasun modu horiek direla-eta, eta kontuan izanik azken urteotan enplegu publikoaren eskaintza arrunt gehiago onetsi direla eta hautapen prozesuak egin direla enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko egonkortze prozesuen esparruan, agerian gelditu da berrantolatu beharra dagoela Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen borondatezko mugikortasuna, bermatu dadin nolabaiteko aldizkakotasunarekin egiten dela, langile guztientzat eta modu arinago eta errazagoan, lehiaketa iraunkorraren modalitateko aldez aurreko barne-egokitzapenaren figura gehituz, aldez aurreko barne-egokitzapena lekualdatze-lehiaketarekin batera egiteko aukera emanez eta baremoa sinplifikatuz.

Bestalde, urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak ezartzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun zerbitzuko langileek jaso ditzaketela, besteak beste, guardiak egiteagatiko osagarria eta ezohiko produktibitateagatiko osagarria. Foru lege horretan jasotakoa erregelamendu bidez garatu da hainbat foru dekretutan, besteak beste, martxoaren 3ko 44/2003 Foru Dekretuan (foru dekretu horrek Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuen ordainsari osagarriak zehaztu eta esleitzen ditu).

Hala ere, kontzeptu horiek banatu, esleitu eta, ondorioz, ordaintzeko sistema ez da araututa egon orain arte. Horren beharra agerian gelditu da eta foru dekretu honen bigarren artikuluarekin egin gogo da.

Arau hau ematen da Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 49.1.b) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, artikulu horrek eskumen osoa esleitzen baitio Nafarroari Foru Komunitateko funtzionario publikoen estatutu-araubidearen gainean, Estatuko oinarrizko legediak funtzionario publikoei aitortzen dizkien funtsezko eskubideak eta betebeharrak errespetatuz.

Foru dekretuaren proiektua negoziatu da, nahitaezkoa baita, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoen Negoziazio Mahai Sektorialean, mahaiaren beraren bi bilkuratan eta sindikatuen ordezkariekin eratutako lantalde batekin berariaz egindako beste batean. Negoziazioak amaitu ziren 2024ko maiatzaren 21ean eginiko mahaiarekin.

Hala eta guztiz ere, foru dekretuaren proiektuan zenbait aldaketa egin ondoren, beste behin aztertu zen 2025eko urtarrilaren 24an, Osasun Departamentuari atxikitako erakunde autonomoen Negoziazio Mahai Sektorialean.

Honako hau ezarrita dago, 129. artikuluan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean: "Erregelamendu-ahala eta legegintza ekimena gauzatuta, Gobernuak arauen kalitatearen eta erregulazio onaren printzipioen arabera jokatuko du". Arau hau bat dator premiaren, eraginkortasunaren, proportzionaltasunaren, segurtasun juridikoaren, gardentasunaren eta efizientziaren printzipioekin.

Horrenbestez, Osasuneko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluari entzunda eta Nafarroako Gobernuak 2025eko otsailaren 12an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Lehenengo artikulua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautzen duen azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua aldatzea.

Bat.–20. artikulua aldatzen da. Hona hemen testu berria:

"20. artikulua.

1. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan hutsik dauden lanpostuak prozedura hauetako baten bidez beteko dira:

a) Merezimendu-lehiaketa.

b) Behin-behineko esleipena.

c) Bitarte baterako izendapena.

d) Izendapen askea.

e) Destinoa aldatzearen ondoriozko atxikipena.

2. Prozedura hauen bidez eginen da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileen mugikortasuna:

a) Aldez aurreko barne-egokitzapena lehiaketa iraunkorraren modalitatean.

b) Aldez aurreko barne-egokitzapena.

c) Lekualdatze-lehiaketa.

d) Aldez aurreko barne-egokitzapena, lekualdatze-lehiaketarekin batera egina".

Bi.–Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari 20 bis artikulua gehitzen zaio. Hona hemen haren testua:

"20. bis artikulua. Aldez aurreko barne-egokitzapena lehiaketa iraunkorraren modalitatean eta aldez aurreko barne-egokitzapena.

1. Aldez aurreko barne-egokitzapena lehiaketa iraunkorraren modalitatean.

Lehiaketa iraunkorraren modalitateko aldez aurreko barne-egokitzapena prozedura bat da Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sortzen diren lanpostu hutsak behin betiko eskaini ahal izateko oinarrizko antolaketa-unitate berean lanpostu finkoa duten langileei, baldin eta estamentu eta espezialitate berean badaude. Oinarrizko antolaketa-unitate horretan zerbitzu finkoak ematen denbora gehien egin duenaren alde ebatziko da.

Baldin eta langile batek baino gehiagok badute interesa eta denbora berdina egin badute oinarrizko antolaketa-unitatean zerbitzu finkoak ematen, eskainitako lanpostu hutsa esleituko zaio kasuan kasuko estamentu eta espezialitate berean, dagokion atxikipen eremuan, zerbitzu finkoak ematen denbora gehien egin duela egiaztatzen duenari. Dagokion atxikipen eremuan zerbitzuak ematen egindako denbora berdina baldin bada, aitortutako antzinatasun handiena duenari esleituko zaio. Atxikipen eremuak aldez aurreko barne-egokitzapenerako ezarritakoak dira.

Lanpostu huts horiek eskaini aurretik, kasuan kasuko antolaketa-unitateko zuzendariek edo buruek zentroko iragarki-taulan eta Auzolanen argitaratuko dituzte lanpostuak, eta 10 egun naturaleko epea irekiko dute eskaerak aurkezteko, lehiaketa iraunkorrean eskainitako lanpostua argitaratu eta biharamunetik aurrera. Hautagaiek denbora hori izanen dute hautaketa egiteko.

Organo eskudunak ebatziko du prozedura, eta eskainitako lanpostua behin betiko esleitu. Interesdunei jakinaraziko zaie eta zentroko iragarki-taulan eta Auzolanen argitaratuko da.

2. Aldez aurreko barne-egokitzapena.

Aldez aurreko barne-egokitzapenaren sistemak ebatzi behar du, borondatezko mugigarritasuneko kasuetan, nork duen lehentasuna plantillako lanpostu huts bat betetzeko lan-eremu jakin baten barruan, estamentu eta espezialitate bereko langile finkoen artean.

Lan-eremuak ezarrita daude Osasuneko kontseilariaren urriaren 28ko 129/2008 Foru Aginduan, zeinaren bidez ezartzen baita Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldez aurreko barne-egokitzapenaren sistema arautzeko prozedura berezia.

Aldez aurreko barne-egokitzapeneko prozeduran eskaintzen diren lanpostu hutsak betetzeko, lanpostua jabetzan duten langileek izanen dute lehentasuna, baldin eta egokitzapenaren xedeko oinarrizko antolaketa-unitatean eskaintzen den lanpostu hutsa estamentu eta espezialitate berekoa bada.

Langile batek baino gehiagok nahi badute oinarrizko antolaketa-unitatean prozedura horretan parte hartu, edo prozeduran parte hartzeko interesa dutenek oinarrizko antolaketa-unitatean lanpostu finkorik ez badute, eskainitako lanpostu hutsa esleituko zaio izangaien artean denbora gehien frogatzen duenari zerbitzu finkoak ematen, eskaintzen den estamentu eta espezialitate berean, lehendabizi zentroan edo unitatean eta ondoren dagokion atxikipen-eremuan. Berdinketa baldin badago aipatutako atxikipen-eremuan zerbitzuak ematen egindako denborari dagokionez, aitortutako antzinatasun handiena duenari esleituko zaio".

Hiru.–21. artikulua aldatzen da. Hona hemen idazketa berria:

"21. artikulua.Lekualdatze-lehiaketa.

1.1. Lekualdatze-lehiaketa bidez eskainiko dira, langile berriak sartu aurretik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren lan-eskaintza publikoan onetsitako lanpostu hutsak, salbu eta lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez betetzen direnak. Lekualdatze-lehiaketan parte hartzen ahalko dute Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langile guztiek, edozein dela ere haien araubide juridikoa eta administrazio-egoera, baldin eta haien izendapena deialdiko lanpostu hutsaren estamentu eta espezialitate berean sailkatuta badago eta deialdiko baldintzak betetzen badituzte.

1.2. Kasu hauetan parte hartzen ahalko da lekualdatze-lehiaketan:

a) Langileen atxikipen zentroen artean, foru dekretu honen 1. artikuluko bigarren apartatuan xedatutakoari jarraituz.

b) Lanaldi arrunta edo osoa duten lanpostuen artean eta lanaldi partziala duten lanpostuen artean, edo alderantziz.

1.3. Honela baloratuko dira merezimenduak:

a) Aitortutako antzinatasuna eta lanpostuan izandako iraupena: 50 puntu, gehienez.

b) Prestakuntza, betetzen zailak diren lanpostuekin lotutako merezimenduak, barneko langile egoiliarrei eginiko tutore lanak eta hizkuntzak: 50 puntu, gehienez.

Prestakuntzari eta hizkuntzei buruz b) apartatu honetan alegatutako merezimenduak baloratzeko, lotura izan behar dute lanpostuaren edukiarekin.

Deialdietan zehaztuko da zer lanpostutan baloratuko den frantsesa, ingelesa eta alemana jakitea, Europar Batasuneko lan-hizkuntzak diren aldetik, lanpostu horien ezaugarri espezifikoak banan-banan baloratu ondoren.

Balorazio hau eginen zaio euskara jakiteari merezimendu-lehiaketa bidez bete beharreko lanpostuetan:

a) Eremu euskaldunean: baremoan gainerako merezimenduei emandako puntuazioaren %10.

b) Eremu mistoan: baremoan gainerako merezimenduei emandako puntuazioaren %6.

Deialdietan zehaztuko da eremu mistoko zer lanpostutan baloratuko den euskara jakitea, kontuan izanda herritarrekiko tratua edo zuzeneko arreta, lanpostu horien ezaugarri espezifikoak banan-banan baloratu ondoren. Balorazio horretatik kanpo geldituko dira euskara jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak.

2. Lekualdatze-lehiaketaren deialdiak barnean hartuko du Estatu mailako lekualdatze-lehiaketaren deialdia, zeina ebatziko baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren esparruko merezimendu-lehiaketa amaitu ondoren.

Estatu mailako lekualdatze-lehiaketa horretan, eskaini eta hautatzen ahalko dira Osasun Departamentuaren mendeko erakunde autonomoetako enplegu publikoaren eskaintzetan sartutako lanpostu hutsen %10, zenbaki osotan. Bestalde, lan publikoaren eskaintzan hamar lanpostu baino gutxiagoko zatirik gelditzen bada, lanpostu hutsen kopuru hori kontuan hartuko da hurrengo deialdietarako, eta metatuak hamar baino gehiago direnean soilik eskainiko dira Estatu mailako lekualdatze-lehiaketan, dagokion proportzioan betiere.

Osasun Sistema Nazionalean ari diren edo bertan lanpostua gordea duten plantillako langile finkoek hartzen ahalko dute parte Estatu mailako lekualdatze-lehiaketan, baita sistema horretako lanpostu batetik heldu eta jardunean ez direnek ere, baldin eta eskabideak aurkezteko ezarritako epearen azken egunean betetzen badituzte lekualdatze-lehiaketa bidezko deialdian jarduneko zerbitzura itzultzeko ezartzen dituen legezko eta erregelamenduzko baldintzak.

3. Deialdiaren oinarrietan hala ezartzen denean, prozedura berean ebatziko dira aldez aurreko barne-egokitzapena eta lekualdatze-lehiaketa.

Kasu horietan, batera eginen dira bi mugikortasun modalitateak. Posible izanen da horietako batean edo bietan parte hartzea, zer lanpostu bete gogo den, eta prozedura bakoitzak bere arauak aplikatuko ditu".

Lau.–Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuari 21 bis artikulua gehitzen zaio. Hona hemen testu berria:

"21. bis artikulua. Mugikortasun prozeduren arau orokorrak.

Mugikortasun prozeduretan arau orokor hauek aplikatuko dira:

a) Berdintasun baldintzetan parte hartzea bermatuko zaie dagokien eremuko plantillako langile guztiei, baldin eta eskatzen diren baldintza guztiak betetzen badituzte, edozein dela ere parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa, funtzionarioena, lan-kontratudunena edo estatutu bidezkoa, eta parte hartzeak ez du araubide horretan aldaketarik ekarriko. Dena dela, lanaldi osoko lanpostu bat eskuratzen duten lanaldi partzialeko langile lan-kontratudunak funtzionario bihurtuko dira.

b) Funtzionarioen edo estatutuen araberako araubide juridikoa duten langileek mugikortasunaren edozein prozeduraren bitartez eskuratzen ahalko dute lanaldi partzialeko lan-kontratu bidezko lanpostua; kasu horretan, borondatezko eszedentzian egonen dira funtzionario edo estatutupeko gisa, Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileen estatutuaren 26.1.a) artikuluak araututako baldintzetan.

c) Prozedura horietan, lehiaketa iraunkorraren modalitateko aldez aurreko barne-egokitzapenean izan ezik, horretan lanpostuen eskaintza argitaratzean zehaztuko baita prozeduraren ondoriozko lanpostu hutsak ere eskaintzen diren, deialdiaren xedekoak izanen dira, hasiera batean hartan sartutako lanpostuez gain, hutsik uzten dituztenak prozedura haietan lanpostu berri bat eskuratzen dutenek, salbu eta horiek betetzea beharrezkoa ez denean iraungi beharreko lanpostuak izateagatik edo titularrak edo ordezkoak benetan betetzen ez dituztenak, betetzeko borondaterik ez dagoenean.

d) Prozedura horietan, lehiaketa iraunkorraren modalitateko aldez aurreko barne-egokitzapenean izan ezik, erizaintzako espezialitateren batean espezialista-titulua izateko baldintza betetzen duten izangaiek lehentasuna izanen dute eremu jakin batzuetan eskaintzen diren lanpostu hutsak betetzeko, zehazki, irakaskuntza-unitate gisa egiaztatzeko espezialitate horren beharra duten eremuetan. Espezialitate horretan batek baino gehiago parte hartu nahi badute, merezimenduetan puntuazio handiena lortzen duenari esleituko zaio eskainitako lanpostu hutsa. Berdinketak badirau, aitortutako antzinatasun handiena duenari esleituko zaio.

e) Prozedura horietan, betetzen zailak diren lanpostuak urtebetez baino gehiagoz bete dituzten pertsonek lehentasuna izanen dute mugikortasun prozesuetan eskaintzen diren lanpostuak aukeratzeko. Baldin eta, lanpostu bera bete nahi dutenetatik, batek baino gehiagok bete badute urtebetez baino gehiagoz betetzea zaila den lanposturen bat, nor egon den denbora gehien betetzen zaila den lanpostuan, hari esleituko zaio. Halaber, betetzen zailak diren lanpostuak bete dituztenen ezkontideek edo bikote egonkorreko kideek lehentasuna izanen dute osasun zentro berean edo udalerri mugakide batean, mugikortasun sistema edozein dela ere, eskaintzen diren lanpostuak aukeratzeko. Lehentasun hori aplikatzeko, men eginen zaio erregelamenduaren garapenean xedatutakoari.

f) Lehentasun desberdinak ordenatzeko, ezartzen da artikulu honetako d) apartatuko lehentasuna beste edozeinen gainetik egonen dela. Artikulu honetako e) apartatuko lehentasunak lehentasuna izanen du aldez aurreko barne-egokitzapeneko eta lehiaketa iraunkorreko prozedurak ebazteko irizpideen gainetik".

Bost.–Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 27. artikulua ezabatzea.

Azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuaren 27. artikulua ezabatzen da.

Sei.–Zortzigarren xedapen gehigarria gehitzen da. Hona hemen testu berria:

"Zortzigarren xedapen gehigarria.–Mugikortasun prozesuen maiztasuna.

Lan-eremu bakoitzean, gutxienez bi urtean behin eginen da aldez aurreko barne-egokitzapeneko prozedura bat estamentu eta espezialitate bakoitzean, dela bere deialdiarekin, dela lekualdatze-lehiaketarekin batera".

Bigarren artikulua. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko lanpostuen ordainsari osagarriak zehaztu eta esleitzen dituen martxoaren 3ko 44/2003 Foru Dekretua aldatzea.

Bat.–7 bis artikulua gehitzen da. Hona hemen testu berria:

"7.bis artikulua. Guardien eta produktibitatearen araberako ordainsaria esleitzeko eta jasotzeko arauak.

Arau hauei jarraituz parte hartuko dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko langileek guardietan eta beteko dituzte produktibitate aldakorraren ordainsariarekin pagatzen diren premiak:

1. Lantoki bereko langileek lehentasuna izanen dute guardiak egiteko eta produktibitate-osagarriaren bidez ordaintzen diren ezohiko jarduerak egiteko. Baldin eta lantoki bateko premiei ezin bazaie erantzun bertan dauden profesionalekin edo langileak kontratatuz, orduan betetzen ahalko dituzte beste lantoki batzuetako langileek, eta, ahal dela, lantokiak mugakideak izanen dira.

2. Langileek ezin izanen dituzte guardiak egin beren lantokitik kanpo, baldin eta beren lantokian bete gabe badaude etengabeko arreta bermatzeko beharrezkoak direnak.

3. Langileek ezin izanen dute beren lantokitik kanpo ezohiko jarduerarik egin, baldin eta beren lantokian beharrezkoa bada ezohiko jarduerak egitea ohiko lanalditik kanpo eta hori ezin bada bete.

4. Aurreko apartatuetan ezarritakoaren ondorioetarako, honako hauek hartuko dira lantokitzat: osasun-eskualde oinarrizkoak, oinarrizko osasun-laguntzaren eta osasun mentalaren kasuan, eta zerbitzuak, laguntza espezializatuaren eremuan.

5. Guardiak edo ezohiko jarduerak modu ekitatiboan banatuko dira egin nahi dituzten profesional guztien artean.

6. Aldez aurretik egiten ahalko dira norbere lantokitik kanpo guardiak edo ezohiko jarduerak egiteko prest dauden profesionalak biltzen dituzten zerrendak, zeinak ordenatuko baitira ezohiko jardueren eta guardien ordu gutxien egin dituztenekin hasita, eta berdinketa gertatuz gero, lantokitik hurbilen daudenekin hasita, eta berdinketak badirau, antzinatasunaren arabera. Azken urtean egonaldia amaitu duten fakultatibo espezialistek lehentasuna izanen dute betetzen zailak diren lanpostuetan guardiak egiteko.

Norbere lantokitik kanpo guardiak edo ezohiko jarduerak egiteko prest daudela adierazten duten langileek lehentasunez onartu behar dituzte mugakide diren osasun-eskualde oinarrizkoetan betetzen zailak diren lanpostuak betetzeko eskaintzen zaizkienak.

7. Aurreko arauan ezarritakoaren araberako zerrendarik ez badago edo badagoenak bide ematen ez badu beharrezko guardia guztiak edo ezohiko jarduera guztiak betetzeko, zentroek gutxienez 48 ordu lehenago jakinaraziko dute zer guardia eta ezohiko jarduera ezin den bete bertako langileekin, beste lantoki batzuetako langileak, nahi badute, horretarako prest ager daitezen, salbu eta premiazko, bat-bateko eta justifikatutako kasuetan.

8. Zentroko zuzendaritzak edo zerbitzuko buruak gainbegiratuko du nola antolatzen diren guardiak eta nola egiten diren ezohiko jarduerak, egiaztatze aldera artikulu honetan ezarritako arauetara egokitzen direla. Guardiak eta ezohiko jarduerak egin nahi dituztenek uste badute banaketa ekitatiboa ez dela errespetatzen, horren berri ematen ahalko diote Profesionalen Zuzendaritzari".

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Araudia indargabetzea.

Honako hauek gelditzen dira indarrik gabe:

a) Osasuneko kontseilariaren urriaren 8ko 129/2008 Foru Aginduaren eranskineko 2.2 atala (foru agindu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan aldez aurreko barne-egokitzapenaren sistema arautzeko prozedura berezia ezarri zen).

b) Foru dekretu honetan ezarritakoaren aurka egiten duten maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehenengoa.–Unibertsitateko masterren balorazioa.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzeko eta lanpostuak betetzeko prozeduretan aplikatu beharreko merezimendu-baremoak arautzen dituzten erregelamenduzko xedapenetan, "ikerketako masterra" aipatzen den aldiro, ulertu behar da "unibertsitateko master ofiziala" dela.

Azken xedapenetako bigarrena.–Partez aldatzea Osasuneko kontseilariaren irailaren 19ko 110/2011 Foru Aginduaren eranskinak (foru agindu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik –A.1 eta A.2 estamentuak–, aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautu ziren), eta Osasuneko kontseilariaren irailaren 19ko 111/2011 Foru Agindua (foru agindu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasun arloko A mailako langileen lanpostuetan –A.1 eta A.2 estamentuak– sartu eta lanpostu horiek betetzeko prozedurak arautu, eta horietan aplikatu beharreko merezimendu baremoak ezarri ziren), harik eta foru agindu bidez aldatzen diren arte eta foru dekretu honen araudira egokitzen diren baremoak ezartzen diren arte:

Lanpostuak betetzeko prozedura araututa dagoenean Osasuneko kontseilariaren irailaren 19ko 110/2011 Foru Aginduan (foru agindu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko prozeduretan, osasun arloko A mailako langileei izan ezik –A.1 eta A.2 estamentuak–, aplikatu beharreko merezimendu baremoak arautu ziren) eta Osasuneko kontseilariaren irailaren 19ko 111/2011 Foru Aginduan (foru agindu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan osasun arloko A mailako langileen lanpostuetan –A.1 eta A.2 estamentuak– sartu eta lanpostu horiek betetzeko prozedurak arautu, eta horietan aplikatu beharreko merezimendu baremoak ezarri ziren), honako honi jarraituko zaio, harik eta foru agindu bidez aldatu arte:

1) Antzinatasun aitortua: 50 puntu, gehienez.

Baloratuko da 1 puntu emanez urte bakoitzeko, eta gehienez ere 35 punturekin. Urte natural osoa hartzen ez duenean, proportzionalki dagokion puntuazioa esleituko zaio.

5 puntu gehiago emanen dira, baldin eta betetzen den oinarrizko lanpostutik 5 urtean mugitu ez bada. Bosgarren urtetik aurrera, proportzioan baloratuko da dagokion denboraren zatikia. 15 puntu emanen dira, gehienez.

2) Prestakuntza, betetzen zailak diren lanpostuekin lotutako merezimenduak, barneko langile egoiliarrei eginiko tutore lanak eta hizkuntzak: 50 puntu, gehienez. Atal honetako merezimenduak honela baloratuko dira:

a) Prestakuntza: gehienez 20 puntu emanen dira prestakuntzagatik. Izangaiaren aukeran, proportzio honen arabera baloratuko da, kontuan izanda karrera profesionalaren zer maila aitortuta duen deialdia argitaratzen den egunean Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez:

I. maila: 6 puntu.

II. maila: 10 puntu.

III. maila: 16 puntu.

IV. maila: 20 puntu.

Edo bestela, kontuan hartuko da guztira zenbateko puntuazioa lortu zen merezimenduen baremoaren 2. atalean (Prestakuntza), hizkuntzen balorazioa alde batera utzita, izangaiak 2017ko urtarrilaren 1etik aurrera parte hartu duen azken oposizio-lehiaketaren prozeduran, bat etorriz aitortutako antzinatasunaren araberako gehieneko muga hauekin:

5 urtetik 12ra arteko antzinatasun aitortua: 6 puntu gehienez.

12 urtetik 20ra arteko antzinatasun aitortua: 10 puntu gehienez.

20 urtetik 25era arteko antzinatasun aitortua: 16 puntu gehienez.

25 urtetik aurrerako antzinatasun aitortua: 20 puntu gehienez.

Karrera profesionalaren bidez edo oposizio-lehiaketako lehiaketa-fasearen bidez lortutakoaren ondoriozko puntuazioa osatzeko, gehieneko puntuazioa gainditu ez dutenek aurkezten ahalko dute karrera aitortu ondoren edo sartzeko prozeduran balorazioa egin ondoren egindako prestakuntzaren egiaztagiria.

b) Betetzen zailak diren lanpostuekin lotutako merezimenduak. 15 puntu, gehienez. Honela baloratuko dira:

b1) Betetzen zaila den lanpostu batean urtebete edo gutxiago aritu izana: 5 puntu emanen dira betetzen zailak diren lanpostu batean emandako 4 hilabeteko aldi bakoitzeko, edozein dela ere lanaldiaren araubidea; 15 puntu emanen dira gehienez ere, betetzen zailak diren lanpostu batean emandako urtebeteko aldi bakoitzeko.

b2) Lanpostu bat bete izana betetzen zailtzat deklaratutako lanpostu bat daukan osasun zentro batean edo unitate batean, lanpostu hori betetzen zaila delako deklarazioak irauten duen bitartean. Baloratuko da 5 puntu emanez urte bakoitzeko, eta gehienez ere 15 punturekin.

c) Barneko langile egoiliarren tutoretza egin izana: 2 puntu emanen dira ikasturte oso bakoitzeko. Ikasturte osoa egina ez badago, proportzionalki dagokion puntuazioa emanen da. Gehienez ere 10 puntu emanen dira.

d) Hizkuntzak: frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki egiaztaturik, Europar Batasuneko erabilera ofizialeko hizkuntzak baitira. Hizkuntza bakoitzeko, 2 puntu gehienez, eta guztira 5 puntu gehienez ere.

Hizkuntzei buruz d) apartatu honetan alegatutako merezimenduak baloratzeko, lotura izan behar dute lanpostuaren edukiarekin.

Horretarako, deialdietan zehaztuko da zer lanpostutan baloratuko den frantsesa, ingelesa eta alemana jakitea, Europar Batasuneko lan-hizkuntzak diren aldetik, lanpostu horien ezaugarri espezifikoak banan-banan baloratu ondoren.

Euskara jakitea baloratzeko, baloratuko baita azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituz (foru dekretu horren bidez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta bertako lanpostuak betetzeko modua arautu zen), deialdietan zehaztuko da eremu mistoko zer lanpostutan baloratuko den euskara jakitea, kontuan izanda herritarrekiko tratua edo zuzeneko arreta, lanpostu horien ezaugarri espezifikoak banan-banan baloratu ondoren. Balorazio hori ez da eginen euskararen ezagutza nahitaezkoa den plazetan".

Azken xedapenetako hirugarrena.–Arauak emateko gaikuntza.

Osasun Departamentuko titularrari gaikuntza ematen zaio foru dekretu hau garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan, azken xedapenetako bigarrenean ezarritakoa aldatzea barne.

Azken xedapenetako laugarrena.–Indarrean jartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2025eko otsailaren 12an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Osasuneko kontseilaria, Fernando Domínguez Cunchillos.

Iragarkiaren kodea: F2502250