40. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OLLARAN

Egoitza elektronikoa sortzea

Alkatetzaren 63. Ebazpena, 2018ko irailaren 11koa.

Bete beharrez ezarrita dagoena urriaren 1eko 39/2015 Legean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa) eta urriaren 1eko 40/2015 Legean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa), eta herritarrek komunikazio telematikoko sistema bat izan dezaten gure erakundearekin,

EBATZI DUT:

1.–Ollarango Udalaren egoitza elektronikoa sortzea honako helbide honetan: https://sedeelectronica.ollo.es. Ollarango Udala da Interneteko domeinuaren jabea, bai eta egoitzaren titularra ere.

2.–Egoitza elektronikoa indarrean jarriko da ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera, eta orain arte diseinatutako prozedura telematikoak izanen ditu.

3.–Agintzea Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila ebazpen hau, egoitza elektronikoa sortzeko.

4.–Idazkaritza Alorrari esleitzea egoitza elektronikoa zuzentzeko eta koordinatzeko eginkizunak.

Aditzera ematen da, orok jakin dezan.

Ollaranen, 2025eko otsailaren 13an.–Alkatea, David Campion Ventura.

ERANSKINA.–EGOITZA ELEKTRONIKOA SORTZEA

1. Egoitza elektronikoaren ezaugarriak.

1.1. Toki-erakundea izanen da egoitza elektronikoaren aplikazio-eremua, Ollarango Udala.

1.2. Helbide elektronikoa www.ollo.es izanen da; Ollarango Udala da Interneteko domeinuaren jabea. Orobat, Ollarango Udala da egoitza horren titularra, eta kudeaketaren eta zerbitzu guztien ardura udal organoen eta haien alor funtzionalen gain dago, Idazkaritza Nagusiak koordinaturik.

Egoitzan, eskuragarri dauden sarbide-kanal guztiak identifikatuko dira.

Iradokizunak eta kexak egiteko bitartekoak egoitza elektronikoan zehaztuko dira, eta betiko bitartekoak erabiltzen ahalko dira, betiere, Udalaren erregistro orokorrean aurrez aurre aurkezteko.

2. Erregistro elektronikoa sortzea.

Egoitza elektronikoari lotutako erregistro elektronikoa sortzen da. Erregistro elektronikoa integratuko da sarrera eta irteerako erregistro orokorrean, eta erregistro integratu bakarra eratuko da. Erregistro elektronikoak kanal telematikoa gehitzen dio sarrera eta irteerako erregistro orokorrari. Antolaketaren aldetik, sarrera eta irteerako erregistroa Idazkaritza Nagusiaren Alorraren barnekoa da, eta erregistro elektroniko hau sortzeak ez du aldatzen mendekotasun organiko hori.

3. Prozedura elektronikoak.

Idazkaritza Nagusiaren bidez, egoitza elektronikoan zehaztu eta argitaratuko dira bide telematikoz kudea daitezkeen prozedurak; hori guztia, Alkatetzaren zuzendaritza politiko-organikoaren pean (organo eskuduna den aldetik) eta erregistro orokorraren ardura duen funtzionarioaren zuzendaritza teknikoaren pean.

Mugatuak izanik baliabide teknikoak, eta konplexuak administrazio- eta eragiketa-prozedurak, erabaki da lehenestea herritarrek estatistikoki gehien eskatu dituzten prozedurak.

Iragarkiaren kodea: L2502375