Iragarkia
40. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
CASTEJÓN
Udal ordenantza orokorra, dirulaguntzak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena
Castejóngo Udalak, 2024ko azaroaren 14an egin osoko bilkura berezi eta presakoan, hasiera batez onetsi zuen Castejongo Udalaren dirulaguntzak ematea arautzen duen ordenantza. Onespen hori behin betikoa izanen da, baldin eta ez bada erreklamaziorik aurkezten jendaurrean dagoen bitartean.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz, delako erabakia eta horren espedientea jendaurrean egonen dira udalaren iragarki-taulan hogeita hamar egun baliodunez, iragarki hau 2024ko otsailaren 26ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (240 zk.) argitaratu eta biharamunetik hasita, herritarrek eta interesa dutenek espedientea aztertu eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkez ditzaten.
Erreklamazioak, kexak edo oharrak aurkezteko epea bukatuta, ez denez halakorik aurkeztu, ordenantza indarrean jarriko da, eta ondorio juridiko guztiak izanen ditu. 2025eko urtarrilaren 2an behin betiko izanen da, honako baldintza hauekin:
Castejónen, 2025eko otsailaren 3an.–Alkatea, Noelia Guerra Lafuente.
CASTEJÓNGO UDALAREN DIRULAGUNTZAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA OROKORRA
ZIOEN AZALPENA
I
Castejónen, gizarte, kultura eta kirol bizitza oparoa duten hainbat elkarte daude.
Gizartearen bultzada hori dela eta, gero eta eskatzaile eta parte hartzaile gehiago izaten dituzte Castejóngo udalerrian egiten diren gizarte ekimeneko programa eta jarduera ugariek.
Bestalde, gure udalerrian ere sumatzen hasi gara beste toki batzuetan gauza jakina izaten hasi dena, alegia, boluntario lana pixkanaka ahultzen doala, geroz eta nabarmenagoa dena zenbait arrazoirengatik, besteak beste: indibidualismoa handitzea, elkarteen diru eskasia, kudeaketa gero eta konplexuagoa izatea eta abar, horiek guztiek lanerako motibazioa galtzea baitakarte.
Castejóngo Udala ohartua da egiten diren jarduerek balio erantsi handia dutela udalerriko gizartearentzat, hala zuzeneko parte hartzaile eta bultzatzaileentzat nola jardueren onuradunentzat. Horregatik, hainbat partida ematen ditu elkarteen lana erraztu eta, aldi berean, jardueraren balorazio soziala aitortu beharrez.
II
Bestalde, publikotasuna, tratu berdintasuna eta bat etortzea dira laguntzak ematean jarraitu beharreko irizpideak; hala dio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen VI. kapituluak, Nafarroako toki entitateek erakunde publiko eta pribatuei eta partikularrei tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordeztu beharrez laguntza ekonomikoak eman eta sustatzeko arauak ezartzen dituenean.
Xedapen horiek betetzeko, ezinbestekoa da udal arau batzuk finkatzea, dirulaguntzak emateko prozedura arautu eta ezartzearren; batetik, aipatutako legeari jarraituko zaio, nahitaez bete beharrekoa baita, eta, bestetik, udalerriaren aipatu errealitate berriari.
III
Hori dena ikusirik, udal ordenantza honek bere baitan hartu nahi ditu aipatutako esparruetan egiten diren jarduera guztiak, eta aurrerapena dakar udalaren finantza sistema hobetzeko eta arrazionalizatzeko bidean; bestalde, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legeak ezarritako printzipioak jasotzen ditu.
Azken batean, ordenantza hau oinarritzen da administrazioaren jardun guztia gidatu behar duten printzipio orokorretan eta, horien artean, objektibotasun eta efizientzia printzipioetan —Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 3. artikuluan jasoak— eta, dirulaguntzen jarduera eremu zehatzari dagokionez, lehen aipatutako berdintasun, publikotasun eta kongruentziako printzipioetan, gardentasun eta objektibotasun printzipioekin batera.
I. KAPITULUA.–XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua. Xedea.
Ordenantza honen xedea da irizpideak eta prozedura orokorra finkatzea Castejóngo Udalak, bere eskumenen esparruan, ematen edo ezartzen dituen dirulaguntzak eskatzeko, emateko, justifikatzeko eta ordaintzeko, bai helburu batzuk zehazteko, baita herritar eta entitateei bermatzeko ere denek baldintza beretan izatea aukera, tokiko eskumenekoak diren zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordezten dituzten zerbitzu eta jardueretarako laguntzetarako.
Ordenantza hau osatzeko, dirulaguntza bakoitzaren deialdiaren berariazko arauak emanen dira; horiek ez dira kontraesanean egoten ahalko ordenantza honetan xedatzen denarekin, eta, betiere, elementu hauek arautuko dituzte:
a) Dirulaguntzaren xedea.
b) Onuradunek bete beharreko baldintzak eta horiek frogatzeko bidea.
c) Gehieneko dirulaguntza.
d) Berariazko balorazio baremoa.
e) Eskabideak aurkezteko epea.
f) Batzorde kalifikatzailearen osaera.
g) Dirulaguntzaren xedea bete dela justifikatzeko epea eta modua.
h) Interes publikoen aldeko bermeak, halakoak komenigarriak direnean.
2. artikulua. Kontzeptua.
Ordenantza honen ondorioetarako, dirulaguntzatzat hartuko da Castejóngo Udalaren funts publikoen kontura tokiko eskumenei lotutako zerbitzuak eta jarduerak osatu edo ordezteko zerbitzuak emateko edo jarduerak gauzatzeko zuzeneko edo zeharkako edozein laguntza, ekonomikoki baloragarria dena.
3. artikulua. Printzipio gidariak.
Laguntzak ematerakoan irizpide hauei jarraituko zaie: publikotasuna, lehia, objektibotasuna, tratu berdintasuna eta bitartekoen eta helburuen bat etortzea.
Aurrekoarekin bat etorriz, ez dute baliorik izanen, dirulaguntzak emateko, eskuzabaltasun hutsez hartzen diren erabakiek.
4. artikulua. Salbuespenak.
Publikotasuna ez da beharrezkoa izanen, eta zuzenean ematen ahalko dira deialdirik edo lizitaziorik egin gabe, oinarri hauen araubide orokorra betetzen duten dirulaguntza guztiak, honako kasu hauetan:
a) Udalaren aurrekontuan berariaz aurreikusita daudenean.
b) Lege mailako arau batek agintzen badio administrazioari dirulaguntza emateko edo zenbat eman behar duen.
c) Dirulaguntzaren izaeragatik edo helburuagatik lehiaketa publikoaren deialdirik behar ez denean, edo izaeragatik nahiz helburuagatik publikotasunaren tramitea betetzea ezinezko bada, gauzatzeko gaitasuna duen onuraduna bakarra delako. Azken kasu horretan, ezinezkotasun hori frogatu egin beharko da, erabat frogatu ere, dagokion administrazio unitateak emandako txosten teknikoan, delako jarduera edo zerbitzuari buruzkoan.
d) Gizarte ongizateko laguntzak, hala nola gizarte larrialdiko laguntzak eta banakoendako gizarte laguntzak.
Artikulu honi jarraikiz ematen diren dirulaguntzak gauzatzeko, erabaki edo lankidetza hitzarmenak eginen dira. Haietan dirulaguntzak arautzeko oinarriak ezarriko dira, ordenantza honetako aurreikuspenekin bat, salbu publikotasunaren eta lehiaren printzipioei dagozkienetan.
5. artikulua. Laguntzen izaera.
Ordenantza honetan aipatzen diren dirulaguntzak finalistak izanen dira; itzuli behar ez direnak, borondatezkoak eta ebentualak izanen dira; oinarri hauetan aurreikusitako arrazoiengatik uneoro baliogabetzeko edo murrizteko modukoak izanen dira; ez dute beste dirulaguntzarik jasotzeko eskubiderik sortuko ondoko urteetan; ez da dirulaguntzaren gehikuntzarik edo berrikuspenik eskatzen ahalko, eta ez dira aurrekari gisa alegatzen ahalko.
II. KAPITULUA.–ESKATZAILEAK ETA DIRUZ LAGUN DAITEZKEEN JARDUERAK. 6. ARTIKULUA. ESKATZAILEAK
Honako pertsona eta entitate hauek eskatzen ahal dituzte zerbitzuak emateko eta jarduerak egiteko dirulaguntzak:
a) Irabazi asmorik gabeko entitate eta elkarteak, Castejónen helbidea izanik egiten dituztenak udalaren intereseko zerbitzuak edo jarduerak.
b) Pertsona fisikoak, Castejónen helbidea izanik egiten dituztenak udalaren intereseko zerbitzuak edo jarduerak.
c) Irabazi asmorik gabeko klubak, Castejónen helbidea izanik egiten dituztenak udalaren intereseko zerbitzuak edo jarduerak.
7. artikulua. Dirulaguntzak jasoko dituzten jarduerak.
Diruz laguntzen ahalko da kultura, jolasa, kirola, gazteria, irakaskuntza, osasuna, hirigintza, ekologia, gizarte-zerbitzuak edo antzekoekin zerikusia duen edozein jarduera, baldin eta Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.etik 28.era bitarteko artikuluetan eta horiekin bat datozen gainerako legeetan araututako udal eskumeneko zerbitzuak osatzen edo ordezten badituzte edo tokiko interesekoak badira.
Horretarako, beharrezkoa izanen da aldez aurretik deialdi publikoa onestea, ordenantza honetako 4. artikuluan aipatzen diren kontzesio zuzeneko kasuetan izan ezik.
III. KAPITULUA–ESKAERA EGITEKO PROZEDURA
8. artikulua. Hasiera.
Deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan agertzen diren betekizun zehatzez gain, dirulaguntza eskaera egiteko, betiere, eskabide bat aurkeztuko da jarduera bakoitzerako, eskatzaileak sinatua edo, pertsona juridikoen kasuan, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetza duenak. Deialdiko oinarri partikularretan aipatzen den dokumentazioa eman beharko da eskabidearekin batera.
Eskabidean azalduko da sinatzaileak noren izenean diharduen. Orobat azalduko dira dirulaguntza eskatzen duen jarduera zehatza, lortu nahi duen helburua, zabalpen eremua eta non eginen den; halaber, kostua eta sor ditzaketen diru-sarrerak.
Deialdiaren oinarri partikularretan zehazten diren agiri eta argibideak aurkeztuko dira eskabidearekin batera.
Eskabidearekin kopia bat aurkeztuko da. Zigilua jarrita, kopia horrek frogagiri gisa balioko du eskatzailearentzako.
9. artikulua. Eskaerako hutsak zuzentzea.
Eskabidea edo dokumentazio osagarria okerrak edo osatu gabeak badira, zerbitzu arduradunak interesdunari eskatuko dio zuzentzeko edo falta dena ekartzeko hamar eguneko epean; gainera, adieraziko dio hori egiten ez badu eskaeran atzera egin duela ulertu eta espedientea ofizioz artxibatuko dela, beste tramiterik gabe.
10. artikulua. Eskabideak aurkezteko epea.
Eskabideak aurkezteko epea ezarriko da dirulaguntza emateko deialdi bakoitzaren oinarri partikularretan.
Zuzeneko kontzesioak direlako epe zehatzik ez duten dirulaguntzak direnean, urte bakoitzeko azaroaren 30ean bukatuko da eskabideak aurkezteko epe orokorra.
IV. KAPITULUA.– DIRULAGUNTZAK EMATEKO BALDINTZAK ETA APLIKATU BEHARREKO PRINTZIPIOAK
11. artikulua. Kontzesioaren printzipioak.
Legeak xedatutakoaren arabera eta honako printzipio orokor hauek errespetatuta emanen dira dirulaguntzak:
–Itzuli behar ez direnak, borondatezkoak eta ebentualak izanen dira.
–Arau orokor gisa, ordenantza honen babesean egiten diren jarduerak diruz laguntzeko guztizko zenbatekoak ez du gaindituko horretarako aurkeztutako aurrekontu osoaren 100eko 50.
Dena dela, salbuespen gisa, ikusirik jardueraren izaera, pertsona edo entitate eskatzailearen ibilbidea eta sendotasuna, eta proposatzen den jarduerak hala Castejóngo udalerrian nola herritik kanpo izan dezakeen oihartzuna, organo eskudunak, bidezko iruditzen bazaio,
dirulaguntzaren zenbatekoa ezarritako 100eko 50etik gorakoa izan daiteke, eskatutakoaren mugara iritsi bitarte.
–Ez da dirulaguntza handitzea edo berrikustea eskatzen ahalko. Hala ere, udalak egokitzat jotzen duenean, dirulaguntza osagarri bat ematen ahalko du.
–Dirulaguntzen deialdi bakoitzaren oinarri partikularrek balorazio baremo espezifikoa jasoko dute. Baremo horretan, dirulaguntza emateko lehentasun irizpideak zehaztuko dira, behar bezala baloratuta. Nolanahi ere, oinarrizko irizpidetzat hartuko dira honako hauek: Jardueraren udal mailako interes orokorra, antzeko jardueren defizitak, jarduera egiteko ezintasuna dirulaguntzaren onuradun ez bada, pertsonari edo entitateari jarduera beragatik emandako dirulaguntzen bolumena eta biztanleriaren partaidetza aktiboa programa horietan.
V. KAPITULUA.–ONURADUNEN BETEBEHARRAK
12. artikulua. Onuradunen betebeharra.
Hauek dira dirulaguntzaren onuradunen betebeharrak:
a) Dirulaguntza jasotzeko behar den jarduera egitea edo jokabidea izatea.
b) Delako jarduera edo jokabidea gauzatu edo hartu dela egiaztatzea Castejóngo Udalaren aurrean, eta, orobat, dirulaguntza eskuratzeko edo baliatzeko eskatzen diren baldintza eta betekizunak betetzen direla egiaztatzea.
c) Eman edo jaso diren dirulaguntzen gainean organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen guztiak onartzea.
d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk edo partikularrek helburu bererako emandako dirulaguntzak eskatu edo eskuratu dituzten jakinaraztea udalari.
Castejóngo Udalak emandako edozein dirulaguntzak berekin ekarriko du dirua jaso duen jardueraren gaineko agirietan eta propaganda idatzi edo grafiko orotan Castejóngo Udalaren dirulaguntza jaso izana adieraztea, bai eta udalaren logotipoa agertzea ere, udalbatzak onetsitako eredu tipografikoekin.
13. artikulua. Eskabideak mugatzea.
Dirulaguntzen deialdi bakoitzaren oinarri partikularrek eskatzaile bakoitzaren eskaeren mugak ezartzen ahalko dituzte modalitate bakoitzean, baita haren ezaugarriei atxikitako beste edozein kontingentzia ere.
14. artikulua. Helburua aldatzeko debekua.
Dirulaguntza emanda dagoenean, ez da onartuko beste deusetarako erabiltzea. 15. artikulua. Zerga arloko betebeharrak betetzea.
Dirulaguntza jaso aurretik, onuradunek erakutsi beharko dute Castejóngo Udalarekiko zerga arloko betebehar guztiak bete dituztela.
16. artikulua. Eskaeraren ondorioak.
Jarduera baterako dirulaguntza eskabidea aurkezteak berarekin dakar ordenantza hau eta dirulaguntza emateko oinarriak jakitea eta onartzea.
17. artikulua. Ez-betetzea.
Hartutako zenbatekoa osorik edo zati batean itzuli beharko da eta dirulaguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutze interesa ordaindu, honako kasu hauetan:
a) Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura betetzen ez denean.
b) Dirulaguntza eskuratzen denean horretarako eskatzen diren baldintzak bete gabe, onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiengatik.
c) Jasotako dirua zertan erabili den frogatu beharra betetzen ez denean.
d) Zenbait dirulaguntza batera jasotzen direnean, salbu eta haien artean bateragarriak badira.
e) Dirulaguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen direnean edo betetzen ez direnean.
f) Ordenantza honetan aipatzen diren egiaztapen egintzei trabak jartzea eta horiei men egin beharra ez betetzea.
g) Beste kasu batzuk, berariazko arau edo oinarrietan arautuak.
Organo emaileak hartuko du dirulaguntza itzultzeari buruzko erabakia, aldez aurretik espedientea instruiturik, aplikatzekoa den legeria orokorrarekin bat.
Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko diru sarreratzat hartuko dira eta horiek kobratzeko, diru bilketari buruz indarra duen araudian xedatzen dena aplikatuko da.
VI. KAPITULUA.–JUSTIFIKAZIOA ETA ORDAINKETA
18. artikulua. Hitzarmenaren esparrua.
Dirulaguntza hitzarmen baten ondorioz emana bada, horren klausulek agintzen dutena eginen da justifikatzeko eta ordaintzeko.
Beste kasu guztietan, arau arautzaile hauetan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio; hitzarmenen kasuan, berriz, modu osagarrian aplikatuko dira arau hauek.
19. artikulua. Hitzarmenetik kanpoko esparrua.
Dirulaguntza baten onuradunak justifikatu egin beharko du eman zitzaion helbururako erabili duela, eta, horretarako, agiri hauek aurkeztu beharko ditu:
a) Egindako jarduerari buruzko memoria zehatza.
b) Entitateko buruak edo partikular eskatzaileak udaleko alkateari zuzendutako eskabidea, dirulaguntzaren ordainketa eskatu beharrez. Bertan, kontu korrontearen zenbakia adierazi behar da, hartara transferentzia egiteko.
c) Onuradunaren zinpeko deklarazioa, frogagiri gisa aurkeztu dituen fakturak diruz lagundutako jardueran aplikatu direla azaltzen duena.
d) Emandako dirulaguntzaren kopuru osoari dagozkion fakturak. Baldintza hauek bete beharko dituzte:
–Jatorrizkoak edo udaleko idazkariak konpultsatutako fotokopiak izatea.
–Jaulkitzailearen NANa edo IFZa, izena eta sozietatearen izena edukitzea.
–Fakturaren zenbakia eta jaulkipen eguna; egun hori jarduera garatu den aldikoa izanen da, ezinbestean.
–Jardueraren deskribapena.
e) Jarduerak sortutako gastuen zerrenda eta dokumentazio idatzia.
f) Beste entitate publiko nahiz pribatu batzuek emandako dirulaguntzen zerrenda.
Araudi honetan arautzen ez den orori dagokionez, dirulaguntza bakoitzaren deialdiaren oinarri partikularrek xedatzen dutena beteko da.
20. artikulua. Justifikazioa aurkezteko epea.
Aurreko artikuluan aipatzen diren justifikazio agiriak jarduera bukatu ondoko urteko martxoaren 31 baino lehen aurkeztuko dira; deialdiko oinarri partikularretan epe bat finkatzen bada, epe haren barruan.
21. artikulua. Ebazpena.
Kontu hartzaileak espedientea aztertuko du eta, gastua fiskalizatu ondoren, alkatetzari ordaintzea proposatuko dio, udal talde bakoitzeko kide banak osatutako batzorde batek horren berri izan ondotik.
Alde horretatik, kontu hartzaileak gastua fiskalizatzeko egindako izapidea betetzat jotzeko, dagokion arloak horretarako prestatutako inprimaki normalizatu bat formalizatu beharko du.
Dagokion dirulaguntza onestea eta, hala badagokio, ordaintzea Castejóngo alkateari dagokio, betiere eginen den gastua bere eskumenen edo aurrekontua gauzatzeko oinarrietan aurreikusten den organoaren mugen barruan badago.
22. artikulua. Justifikazio agirietako hutsak zuzentzea.
Dokumentazioa aurkeztu eta ikusten bada osatu gabea dela edo akatsak daudela, udalak hamar egun balioduneko epea emanen du zuzentzeko, eta aldi hori igaro ondoan ez bada egin, jarduketa guztiak artxibatuko dira eta eskatzaileak onuradun izateari utziko dio.
23. artikulua. Dirulaguntza ez justifikatzea.
Onuradunak ezin badu emandako dirulaguntzaren zenbateko guztia behar bezala justifikatu, zerbitzu arduradunak ofizioz izapidetuko du dirulaguntzaren zenbatekoa murriztea, justifikatu beharreko zenbatekoaren eta ongi justifikatutako zenbatekoaren artean dagoen proportzio berean.
24. artikulua. Egiaztatzeko jarduketak.
Castejóngo Udalak edozein unetan eta egoki iruditzen zaizkion prozedurez baliaturik, egiaztatzen ahalko du eskatutako helburu horiek lortzeko egokiro erabili direla dirulaguntzak.
Dirulaguntza ez bada horretarako erabiltzen edo modu desegokian aplikatuz gero, Castejóngo Udalak eskatzen ahalko du zenbatekoa itzultzeko, legeak ezarritako prozedurei jarraikiz; are onuraduna titular aktiboa eta administrazioa hartzekoduna deneko kredituez konpentsazioa eginda ere.
Jarduera horretarako jasotako dirulaguntzen baturak kostua gainditzen badu, emandako dirulaguntza proportzionalki murriztuko da.
VII. KAPITULUA.–PROZEDURAREN IRAUPENA ETA BERARIAZKO EBAZPENIK EZ EMATEAREN ONDORIOAK
25. artikulua. Ebazpena emateko epea.
Dirulaguntzak emateko prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdian parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik kontatzen hasita.
Zuzeneko kontzesioa bada, dirulaguntzaren eskaera aurkeztu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuko da epe hori.
26. artikulua. Ebazpena espresuki ematen ez denean.
Aipatu hiruhilabeteko epea iraganik ez bada ebazpena espresuki eman, aurkeztutako eskaerak ezetsi direla esan nahiko du.
27. artikulua. Arautegi aplikagarria.
Oinarri hauetan eta deialdi bakoitzeko oinarri partikularretan zehazten ez den orotan, egungo legedian ezarritakoa beteko da.
AZKEN XEDAPENA
Oinarri hauek indarra izanen dute harik eta organo eskudunak, legeak ezarritako prozedurarekin bat, aldatu edo baliogabetu arte.
Iragarkiaren kodea: L2501842
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
