Iragarkia
40. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
NAFARROAKO ERRIBERAGOIENEKO HIRI HONDAKIN SOLIDOAK KUDEATZEKO MANKOMUNITATEA
Deialdia, laguntza agente/ingurumen teknikariaren lanpostu bat oposizio lehiaketa bidez betetzeko, lan kontratudun finkoen araubidean
Mankomunitateko buruak 2025eko urtarrilaren 29an emandako 2025-0002 Ebazpenaren bitartez, honako hau erabaki da:
Ingurumen teknikaria oposizio lehiaketa bidez hautatzeko prozesuak arautuko dituzten hautaketa oinarriak onestea.
OINARRIAK
1. oinarria.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak Kudeatzeko Mankomunitaterako laguntza agente/ingurumen teknikariaren lanpostu bat lehiaketa oposizio bidez betetzea, lan kontratudun finkoen araubidean.
1.2. Lanpostua lan kontratu finkoarekin beteko da, eta mailari dagozkion ordainsariak izanen ditu; plantilla organikoan ageri diren horiexek, hain zuzen. Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta hartan izena emanen.
1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuen beharrei begira, baina entitatearen hitzarmen kolektiboa betez une oro, eta ezarritako legezko lan esparruarekin bat etorriz.
1.4. Lanpostua bete gabe utz dezake epaimahaiak, izangaietatik bakar batek ere lanpostuan aritzeko behar bezalako jakintza maila, gaitasun edo prestakuntzarik ez duela iritziz gero.
2. oinarria.–Langileek bete beharreko baldintzak eta lanpostuaren profila.
2.1. Oinarrizko baldintzak.
Deialdi honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
–Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko tratatuak direla medio.
–Parte har dezakete, orobat, Espainiako herritarren ezkontideek eta Europar Batasuneko beste estatu bateko edo aipatu nazioarteko tratatuek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
–Adinez nagusia izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez izatea.
–Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Ingurumen Zientzietako graduatu edo lizentziatuaren titulua izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina. Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da eta modu berean frogatu.
–Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete beharreko funtzioetan aritzeko.
–Funtzio publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik kendua ez izatea.
–B motako gidabaimena izatea, gutxienez.
2.2. Baloratuko diren esperientzia eta ezagutzak.
Etxeko hiri hondakinak kudeatzeko zerbitzuetan antzeko lanpostuan izandako esperientzia espezifikoa baloratuko da.
2.3. Oinarrizko funtzioak.
–Mankomunitateko talde teknikoarekin batera, kontzientziazio ekintzak planifikatzea herri eta herriguneetan. Zehazki, hondakin asko sortzen dituzten lekuetara bisitak, eta herritarrak kontzientziatzeko beste hainbat ekintza.
–Planifikatutako laguntza bisitak egitea hondakin asko sortzen dituzten lekuetara (kanpinak, egoitzak, tabernak eta jatetxeak, ikastetxeak, etab.). Hondakin asko sortzen dituzten lekuetara egindako bisiten emaitzen berri ematea, bai mankomunitateko talde teknikoari, bai harpidedunari.
–Mota guztietako kolektiboei etxeko hondakinen kudeaketa integralari buruzko informazio eta kontzientziazio hitzaldiak ematea.
–Etxeko konpostajearen erabiltzaileei jarraipen deiak eta/edo bisitak egitea, behar bada, eta materialak hornitu, kendu eta lekualdatzea (ontziak, konpostagailuak, edukiontzi txikiak, kanpainetako materiala…).
–Sentsibilizazio kanpainetan parte hartzea/lankidetzan aritzea.
–Edukiontzien eta ekarpen puntuen edo garbiguneen jarraipena, zaintza eta kontrola egitea.
–Ekitaldi jasangarriak egiteko behar diren ontziteriaren edo prebentzio elementuen eskaerei erantzutea.
–Hiri hondakinekin parekatu daitezkeen hondakinen industrialdeetako bilketen eta enpresei lagatako edukiontzien jarraipena egitea.
–Hondakinak biltzearekin eta biltegiratzearekin lotutako arazoak diagnostikatzea, aholkuak ematea eta orientatzea, eta, ahal bada, herritarrarekin adostea.
–Herritarrekin eta, bereziki, hondakinak bereizteko laguntza handiagoa behar duten kolektibo, jarduera eta establezimenduekin komunikazio eta harreman estua eta etengabea izatea.
–Hondakinak jatorrian bereizteko unean herritarrek dituzten kezken eta arazoen diagnostikoa egitea.
–Mankomunitatearen hondakinen kudeaketarekin zerikusia duten proiektuen memoria baloratuak egitea.
–Mankomunitateko hondakinen kudeaketarekin lotutako txostenak eta aurkezpenak prestatzea, eta hondakinen bilketei buruzko datu basea eguneratuta edukitzea.
–Dirulaguntzak eta ingurumen baimenak izapidetzeko dokumentazioa prestatzea.
–Hondakinen kudeaketarekin lotutako beste lan batzuk.
2.4. Trebetasunak eta gaitasunak.
–Herritarrentzat eta hondakin asko sortzen dituztenentzat erreferentziazko eragilea izatea, zalantzak argitu ahal izateko, informazio hitzaldiak egiteko, hondakinen egoerari eragiten dioten urtaro, jabetza, helbide eta abarren aldaketei erantzuteko.
–Erriberagoieneko HHSen Mankomunitatearen zuzendaritzatik jasotzen dituen jarraibideak egikaritzeko gai izatea.
–Hondakinak ezagutzea, kudeaketa prozesuetarako puntu kritikoei dagokienez: sortzea, bereiztea, biltegiratzea, edukiontzietan jartzea, bide publikoan jartzea, autokonpostajea, etab.
–Hondakin asko sortzen dituzten lekuetan hondakinak bereizteko dituzten gabeziei irtenbide teknikoak emateko gai izatea.
–Erakundeko beste departamentu batzuekin elkarreragiteko gai izatea (bereziki, hondakinak biltzeko zerbitzuarekin, komunikaziorako eta herritarrei arreta emateko arloarekin).
2.5. Ezaugarri pertsonalak.
–Bere lanarekiko eta mankomunitatearekiko interesa eta konpromisoa.
–Diziplina, goragokoen jarraibideak eta aginduak betetzeko.
–Ekimena eta gaitasuna, autonomiaz lan egiteko.
–Hainbat zeregin egiteko gaitasuna.
–Egokitzeko eta ikasteko gaitasuna.
–Harreman sozialak izateko gaitasuna.
–Arduratsua eta ordenatua izatea.
–Laneko ordenaren eta garbitasunaren sena izatea.
–Mankomunitatearen kode etikoaren araberako balioak: zintzotasuna, erantzukizuna, objektibotasuna, osotasuna eta gardentasuna.
3. oinarria.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira 30 egun naturaleko epean, oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen direnetik zenbatzen hasita.
Honela aurkezten ahalko dira:
–Nafarroako Erriberagoieneko HHSen Mankomunitatearen bulegoan aurkeztuz (Gargantúa industrialdea, D kalea 2, 31350 Azkoien).
–Mankomunitatearen egoitzan (Gargantúa industrialdea, D kalea 2, 31350 Azkoien) jaso izanaren adierazpena duen gutun ziurtatuaren bidez. Dokumentazioa postetxera entregatzeko data adierazitako epea bukatu baino lehenagokoa izan beharko da (oinarriak NAOn argitaratu eta hilabete batekoa).
–Erregistroa eginez egoitza elektronikoan, mankomunitatearen webgunearen barruan: www.riberaaltadenavarra.com.
Eskaerak aurkezteko epea bukaturik, eta izangaiek aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, mankomunitateko buruak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko; Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko du, eta ohartaraziko du hurrengo bost egun balioduneko epean baztertuek erreklamazioak egiten ahalko dituztela, eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu. Era berean, mankomunitatearen egoitza elektronikoaren iragarki taulan eta gardentasun atarian argitaratuko da.
Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta haiek ebatzi ondoan, mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean ezarriko dira hautaprobak egiteko tokia, eguna eta ordua. Era berean, mankomunitatearen egoitza elektronikoaren iragarki taulan eta gardentasun atarian argitaratuko da.
Aipatutako epeak luzaezinak dira.
Probetarako deia ez da inola ere banaka eginen, kolektiboki baizik, aipatutako argitalpenen bidez.
Orobat, telefono bidezko informazioa emanen da, 948.713.179 zenbakiaren bidez, 09:00etatik 14:00etara bitartean, astelehenetik ostiralera, bai onartutakoen zerrendarako, bai proben egunetarako, betiere aipatutako epeen barnean.
3.2. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:
–Ingurumen Zientzietako graduatuaren tituluaren edo baliokidearen kopia konpultsatuak edo, hala badagokio, jatorrizkoak.
–Izangai bakoitzak baloraziorako aurkezten duen prestakuntza osagarriaren kopia konpultsatuak.
–Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen kopia konpultsatua.
–Enpresek sinatutako jatorrizko ziurtagiriak, enpresa horietan antzeko funtzioak bete dituztela egiaztatzen eta ziurtatzen dutenak. Eskatutako lanposturako egindako kontratu guztien hasiera eta bukaera datak jaso beharko ditu ziurtagiriak.
–Gidabaimena.
4. oinarria.–Kalifikazio epaimahaia.
4.1. Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:
Mahaiburua: José María Palacios de Mier, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko burua.
Ordezkoa: Amaya Lorente Iturbide, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea.
Lehen epaimahaikidea: Agustín Murugarren Landívar, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko buruordea.
Ordezkoa: María Pilar Orduña Osés, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko Batzorde Iraunkorreko kidea.
Bigarren epaimahaikidea: Miguel Ángel Arrastio Soria, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko kudeatzailea.
Ordezkoa: Oscar Sanz Cortés, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko zerbitzuburua.
Hirugarren epaimahaikidea: langileen sindikatu ordezkaritzaren proposamenez izendatutako ordezkari bat.
Ordezkoa: langileen sindikatu ordezkaritzaren proposamenez izendatutako ordezkari bat.
Epaimahaiko idazkaria: Ana Raquel García Pérez, Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitateko idazkaria.
Ordezkoa: María Jesús Hernandez Luri, Azagrako Udaleko idazkaria.
4.2. Kalifikazio epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu, eta epaimahaikide guztiek sinatuko dute horietako bakoitza.
4.3. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea hura osatzen duten kideen gehiengo osoa.
4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.
4.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
4.6. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
4.7. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
4.8. Epaimahaiak aholkulari adituei deitzen ahalko die probetan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
4.9. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta epaimahaiko buruari hala jakinarazi, baldin suertatzen badira urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako aurreikusitako arrazoiak (lege horrek hizpide du sektore publikoaren araubide juridikoa). Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean. Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko edo errekusatzeko legez ezarritako arrazoiak direla-eta, horren berri emanen da izangai onartu eta baztertuen zerrendekin batera.
5. oinarria.–Proben nondik norakoa, ariketak eta balorazioa.
5.1. Proben deskribapena.
–Gaitasun teoriko-praktikoaren proba: 60 puntu.
Test moduko azterketa izanen da, baina garatu beharreko galderaren bat sar daiteke. Puntu honen bukaeran definitutako gai ebaluagarriei buruzkoa izanen da (proba teoriko-praktikoaren gaiak).
Hautaketa prozesuan onartutako izangai guztiei eginen zaie.
Epaimahaiak, bere iritziz, hautaketa prozesutik baztertzen ahalko ditu proban % 50etik beherako puntuazioa lortu duten pertsonak.
Izangai batek ere ez badu gainditzen gaitasun tekniko teoriko-praktikoaren proba, epaimahaiak, bere iritziz, proba baliogabetu eta beste proba bat egiten ahalko du.
Probak 120 galderako test motako azterketa izanen du, eta gehienez 60 puntu emanen dira. Alderdi hauei buruzko galderei erantzun beharko zaie:
–Udal hondakinak eta horiekin parekatu daitezkeenak, sailkapena eta ezaugarriak, berreskuratzeko eta birziklatzeko.
–Udal hondakinak tratatzeko sistemak.
–Gaika bildutako etxeko eta merkataritzako materia organikoaren konpostajea.
–Udal hondakinei buruzko legeria, estatukoa zein Nafarroakoa.
–Lanpostuari dagozkion zeregin, material eta tresnen eta eskatutako prestakuntzaren berezko ezagutzak.
–Erriberagoieneko Mankomunitatearen eta garatzen duen jardueraren ezagutzak. Ariketa horretako galdera guztiak mankomunitatearen web orritik aterako dira (www.riberaaltadenavarra.com).
–Eskatzen den prestakuntza mailari dagokion oinarrizko kultura orokorra.
Zuzen erantzundako galdera bakoitzarekin 0,5 puntu lortuko dira.
Probaren azkeneko puntuazioa lortzeko, erantzun zuzenak batuko dira; 0,5 puntu bakoitza.
Proba teoriko-praktikoa bukatuta, lortutako puntuazioak mankomunitatearen egoitza elektronikoaren iragarki taulan eta gardentasun atarian jarriko dira.
Kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, izangaiek 3 egun balioduneko epea izanen dute edozein alegazio egin ahal izateko, enpresaren erregistroan edo helbide elektronikoan idazki bat aurkeztuta. Epea iragan ondoan —eta alegazioak ebatzi ondoan, halakorik bada—, onetsirik geldituko da, eta emaitzen behin betiko zerrenda emanen da argitara.
Merezimendu lehiaketa, lanbide esperientzia eta prestakuntza osagarria: 30 puntu.
Fase honetan, gaitasun teorikoaren proba gainditu duten izangaiei lanposturako eskatzen den esperientzia profesionalaren eta aurkeztutako titulu ofizialaren bidez behar bezala justifikatutako prestakuntza osagarriaren balorazioari dagozkion puntuak emanen zaizkie.
Gehienez ere 30 puntu emanen dira, nahiz eta egiaztatutako puntuen batura handiagoa izan.
–Laguntza agente/ingurumen teknikariaren funtzioetan izandako lanbide esperientzia espezifikoa baloratuko da, 10 puntu gehienez, honako hauen arabera:
- 3 puntu, frogatutako esperientzia-urte oso bakoitzeko, hondakinak biltzeko eta kudeatzeko eskumena duten erakundeentzako laguntza agentearen/ingurumen teknikariaren lanetan, bai enpresa pribatuen kontura, azpikontratazioaren bidez, bai zuzenean.
Honako formula hau aplikatuko da:
Lortutako puntuak = | Frogatutako esperientzia-egunen kop. x 3 |
365 |
–5 puntu emanen dira hizkuntzetan prestakuntza osagarria izateagatik. Horretarako, gutxienez, C mailako hizkuntza titulu ofiziala dutela egiaztatu beharko dute. Gehienez 10 puntu emanen dira, nahiz eta maila hori 2 hizkuntza baino gehiagotan dutela egiaztatu.
–2 puntu emanen dira lanpostuaren funtzioak hobeki betetzen eta garatzen laguntzen duten ikastaro edo prestakuntza osagarri bakoitzeko (20 ikastordutik gorakoak). Gehienez 10 puntu emanen dira.
Merezimenduak baloratzeko, 3.2 oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
Fase honen azkeneko kalifikazioa kalkulatzeko, merezimendu gisa baloratu behar diren alderdi bakoitzean lortutako puntuak batuko dira; lanbide esperientzia eta prestakuntza osagarria.
Azken kalifikazio hori mankomunitatearen egoitza elektronikoaren iragarki taulan eta gardentasun atarian argitaratuko da.
Kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, izangaiek 3 egun balioduneko epea izanen dute edozein alegazio egin ahal izateko, enpresaren erregistroan edo helbide elektronikoan idazki bat aurkeztuta. Epea iragan ondoan –eta alegazioak ebatzi ondoan, halakorik bada–, onetsirik geldituko da, eta emaitzen behin betiko zerrenda emanen da argitara.
Elkarrizketa pertsonala: 10 puntu.
Gaitasun teoriko-praktikoko lehen proba gainditu duten izangai guztiek elkarrizketa pertsonala eginen dute epaimahaiko kideekin.
Elkarrizketa pertsonalean, epaimahaikideek egindako galdera berberei erantzunen diete guztiek, eta haien erantzunak guztiek baloratuko dituzte. Grabatu eginen da.
Elkarrizketa pertsonalaren bukaerako emaitza eta balorazioa epaimahaiko kide bakoitzak emandako puntuazioen batez bestekoaren emaitza izanen da.
Azkeneko emaitza izanen da proba bakoitzean lortutako puntuen batura. Azkeneko baturan berdinketarik izanez gero, proba teoriko-praktikoan izandako puntuazio altuena aintzat hartuz ebatziko da. Berdinketak bere horretan segitzen badu, elkarrizketa pertsonalaren fasean puntu gehien lortu duenaren alde eginen da. Berdinketak bere horretan segitzen badu, lehiaketaren fasean puntu gehien lortu duenaren alde eginen da. Hala eta guztiz ere, berdinketa badago oraindik, zozketa bidez ebatziko da.
Azken kalifikazio hori mankomunitatearen egoitza elektronikoaren iragarki taulan eta gardentasun atarian argitaratuko da.
Kalifikazioak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, izangaiek 3 egun balioduneko epea izanen dute edozein alegazio egin ahal izateko, enpresaren erregistroan edo helbide elektronikoan idazki bat aurkeztuta. Epea iragan ondoan –eta alegazioak ebatzi ondoan, halakorik bada–, onetsirik geldituko da, eta gainditu dutenen zerrenda emanen da argitara, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua.
6. oinarria.–Gainditu dutenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
Hautaprobak bukatuta, kalifikazio epaimahaiak puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamen loteslea eginen dio mankomunitateko buruari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta mankomunitatearen egoitza elektronikoaren iragarki taulan eta gardentasun atarian argitaratuko da.
Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondoko 30 egun naturaleko epean, izangaiak agiri hauek ekarri beharko ditu mankomunitatera:
–Zinpeko deklarazioa, adierazten duena ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua eta ez dela kendua izan inongo administrazio publikoren zerbitzutik.
–Erriberagoieneko Mankomunitateko osasun zerbitzuek egindako txostena, frogatzeko ez duela karguaren funtzioetan jardutea eragozten dion eritasunik edo akats fisiko edo psikikorik.
–Zin egitea edo hitzematea Nafarroako foru eraentza begiratuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
Aipatutako epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatu diren agiriak aurkezten ez badira, ez da izendatua izaten ahalko eta ez da zerrendan sartzen ahalko eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, horrek ezertan galarazi gabe dagokion erantzukizuna haren eskabidearen faltsukeriagatik, halakorik badu.
Aurreko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, deialdi honetako oposizioa gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko du hutsunea mankomunitateko buruak, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
7. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
Hautapen prozedura bukatutakoan eta izangaiak aurreko 6. oinarrian aipatutako agiriak ekarri ondoren, mankomunitateko buruak laguntza agente/ingurumen teknikari izendatuko du, Erriberagoieneko Mankomunitatean jardun dezan.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan, ezinbesteko arrazoiak salbu, ez badu jabetza hartzen, mankomunitateko nomina eta plantillako langilea izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, deialdiko 6. oinarrian ezarritakoari jarraikiko zaio.
8. oinarria.–Lan poltsa.
Hautaketa prozesuan parte hartu eta, gainditu ondotik, plaza lortu ez duten izangaiek osatuko dute lan poltsa.
Eskatutako agiriak aurkezten ez dituzten izangaiek (aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik) eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galduko dituzte deialdian parte hartzetik eratorritako eskubide guztiak; betiere, galarazi gabe parte hartzeko eskaera faltsutzeagatik legokiekeen erantzukizuna.
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendan agertzeak ez du esan nahi interesdunei onartzen zaienik deialdian eskatutako baldintzak betetzen dituztela; izan ere, horiek ezarritako moduan frogatu beharko dituzte.
Nafarroako Erriberagoieneko Hiri Hondakin Solidoak kudeatzeko Mankomunitatearen kontratazio zerrenda honi dagokion deialdiaren ondorioz kontratu bat onartzen dutenek, erakunde berak beste zerrenda batzuetarako beste deialdi bat egiten badu, izangaiak zein deialdi onartzen duen aukeratu ahalko du, uko egiten dion zerrendan bere postua galdu gabe.
Dei egiteko arau orokorrak:
Protokolo honen arabera eginen dira:
–Lehenik, telefono mugikorreko zenbakira deituko da.
–Bigarrenik, erantzunik ez bada, telefono finkora deituko da.
–Hirugarrenik, erantzunik ez bada, emandako telefono mugikorreko zenbakira WhatsApp bat bidaliko da.
–Laugarrenik, egindako saiakera bakar bati ere ez bazaio erantzuten 30 minutu baino lehen, zerrendako hurrengoari deituko zaio, eta erantzun ez duena azkeneko postura igaroko da.
Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrendaren bukaerara pasako da, honako egoera hauetakoren batean dagoela frogatu ezean:
–Nafarroako Erriberagoieneko HHSen Mankomunitatearekin indarrean dagoen administrazio edo lan kontratuaren arabera behartuta egotea.
–Aldi baterako ezintasun egoeran egotea edo umea izan edo adoptatzeagatik lizentzia edukitzea.
Aurreko paragrafoan adierazitako egoeretako batean dauden izangaiek zazpi egun naturaleko epea izanen dute, uko egiten dioten lanpostua eskaintzen zaien egunetik, delako egoera agiri bidez eta behar bezala justifikatzeko. Hala eginez gero, zerrendan zuten toki berean jarraituko dute. Halakoetan, izangaiek idatziz jakinarazi beharko dute noiz dauden berriz lanerako prest, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Jakinarazpen hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
Zerrendako azken tokira pasako dira honelakoren bat egiten duten izangaiak:
–Eskainitako lanpostuari uko egiten diotenak, inolako justifikaziorik gabe.
–Sinatutako kontratuari uko egiten diotenak.
–Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, dagokion kontratua sinatzen ez dutenak.
Aurreko egoeraren batean bigarrenez dauden izangaiak, egoera bera izan edo ez, zerrendatik baztertuko dira.
Lanaldi osoa baino laburragoak diren lanak eskaintzen direnean, eta onartutako pertsonak eskaintzari uko egiten dionean, 60 egun naturaleko epean ez zaie lanaldi osoa baino laburragoko lanik eskainiko.
Langile batek legez ezarritako probaldia gainditzen ez badu, edo diziplina espediente bat dela-eta kontratua iraungitzen bazaio, dagoen zerrenda guztietatik behin betiko baztertuko da.
Ekoizpenaren gorabeherengatik onartutakoekin itundutako behin-behineko kontratuek gehieneko iraupen bat izanen dute, indarrean dagoen legeriaren arabera.
9. oinarria.–Datuen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
Izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna Nafarroako Erriberagoieneko HHSen Mankomunitatea da.
Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
Honako hau da tratamendua ahalbidetzen duen oinarri juridikoa:
DBEOren 6.1.c) artikulua: Tratamendua beharrezkoa da, tratamenduaren arduradunari dagokion lege betebehar bat betetzeko.
DBEOren 6.1.b) artikulua: Tratamendua beharrezkoa da, interesduna parte den kontratu bat gauzatzeko edo interesdunaren eskariz kontratuaren aurreko neurriak aplikatzeko.
Datuak zein xedetarako bildu diren, bada xede hori lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan, barnean dela gardentasunaren atarian argitaratzea, jarraikiz 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluari.
Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deusezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, mankomunitatearen bulegoetan edo datuak babesteko ordezkariaren helbidearen bidez (dpd@riberaaltadenavarra.com). Halaber, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari (aepd.es) edo, bestela, aldez aurretik, datuak babesteko ordezkariari, lehen adierazitako helbidean.
Interesdunek www.riberaaltadenavarra.com webguneko pribatutasun politikan aurki dezakete informazio gehiago.
10. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
–Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita, aurretiaz organo egileari errekurtsoa jartzeko asmoaren berri emanik; edo bestela,
–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Epaitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xede diren erabaki edo egintzak argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
–Berraztertzeko errekurtsoa, erabaki edo aplikazio egintza hau eman duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki edo aplikazio egintza hau argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA
Azkoienen, 2025eko otsailaren 5ean.–Mankomunitateko burua, José María Palacios De Mier.
Iragarkiaren kodea: L2501740
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
