Iragarkia
40. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
PUIU
Deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidean
Alkatetzaren 2025eko otsailaren 11ko 2025-0012 Ebazpenaren bidez, oinarriak onetsi dira honako deialdi honetarako: deialdia, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko Puiuko Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidean.
Ebazpen honen aurka, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, alkateari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zeina zuzenduko baitzaio Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Puiun, 2025eko otsailaren 11n.–Alkatea, Unai Labat Sánchez.
OINARRIAK, HONAKO DEIALDI HAU ARAUTZEKOAK: DEIALDIA, OPOSIZIO-LEHIAKETA BIDEZ BETETZEKO PUIUKO UDALEKO ZERBITZU ANITZETAKO ENPLEGATUAREN LANPOSTU BAT, FUNTZIONARIOEN ARAUBIDEAN
1.–Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea, txanda irekian, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat, funtzionarioen araubidean jardun dezan, Puiuko Udalaren plantilla organikoan ezarritakoaren arabera.
1.2. Halaber, deialdi honen bidez, zerrenda bat osatu nahi da, sartzeko hautapen-prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin, aldi baterako lan kontratuak egiteko, 9. oinarrian xedatutakoarekin bat.
1.3. Prozesu hau gauzatuko da honako araudian xedatutakoaren arabera: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina; ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua, zeinaren bidez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea, aplikatzekoak diren gainerako arauak eta deialdi honen oinarriak.
1.4. Lanpostuak izanen ditu Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileei dagozkien D mailako ordainsariak, bai eta plantilla organikoan ezarritako lansari osagarriak ere.
1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta Udalak noiznahi aldatzen ahalko du.
1.6. Hauek dira bete beharreko eginkizunak: (eginkizunok aditzera ematen dira aipamen hutsez eta bestelakorik baztertu gabe):
–Honako arlo hauei dagozkien lanak egitea, bai bide publikoan, bai Udalaren eraikin eta instalazioetan, bereziki udal igerilekuetan: ur-sarea, estolderia, iturgintza, igeltserotza, mekanika, soldadura, zurgintza, pintura, lorezaintza, elektrizitatea, garbiketa eta zangak ireki eta ixtea.
–Kontrolatzea azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan ikusten diren gabeziak, matxurak eta kalteak, eta zerbitzuen hobekuntzan laguntzea, ekintza eta aldaketa lagungarriak proposatuz hobekuntza horretarako.
–Mantentze-lanak egitea Udalaren instalazio eta eraikinetan, honako hauei dagokienez: elektrizitatea, barnealdeko eta kanpoaldeko pintura, eta konponketa-lanak ate, leiho eta pertsianetan, berokuntzan, altzarietan, ekipo informatikoetan nahiz, oro har, espazio horietan guztietan, udal hilerria barne.
–Egitea udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak oro har, bai eta mantentze-lanak ere.
–Maneiatzea, mantentzea eta konpontzea zerbitzuaren berezko makinak, lanabesak eta tresnak. Arduratzea bere eginbeharrak betetzeko behar dituen materialen eta lanabesen antolaketaz, erabilera egokiaz eta zaintzaz, eta arduradunari proposatzea halakoak erosteko edo konpontzeko, hala behar denean.
–Mantentzea hiri barneko altzariak: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.
–Basoko eta lorategietako mantentze-lanak, garbiketa, kimaketak, landaketak; pista eta bidexketako seinaleak eta mantentze-lanak, suteen prebentzioa eta zainketa, basoberritzea, lorezaintza eta Udalaren berdeguneak mantentzeko lanak.
–Udalerriko kaleak garbitzea.
–Begiratzea ea bide eta espazio publikoak egoera onean dauden, bai eta udal eraikinak ere, eta proposatzea behar diren mantentze-lanak eta/edo hobekuntza-lanak.
–Behar diren mantentze-lanak egitea honako iturri hauetan: Iturriestalia, Valdetina, Sietefuentes, Aranbero, Urrizagi, etab.
–Koordinatzea, antolatzea eta planifikatzea zer lan egin behar den udalerrian urte guztian, barne dela langileak kontratatzea, beharrezkoa bada lan jakinetarako.
–Udalaren ibilgailuak eta makinak gidatzea.
–Larrialdi eta ezusteko saihetsezinetan laguntzea (edo laguntza koordinatzea), ohiko lan ordutegitik kanpo.
–Segurtasun eta higiene arauak betetzea eta betearaztea, behar bezala baliatuta lan bakoitzean erabiltzen diren babes ekipo egokiak. Haren ardura izanen da udal langileei betearaztea laneko segurtasun eta higieneko neurriak eta laneko arriskuen prebentzioko neurriak.
–Sustatzea zerbitzuak hobetu daitezen eta horretan laguntzea, eta proposatzea hobekuntza hori aurrera eramateko ekintzak eta aldaketak.
–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapenak.
–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgu jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.
–Banatzea eta jartzea iragarkiak, bandoak, eta Udalaren publizitatea, agiriak eramatea eta haien legezko jakinarazpenak egitea, gauzak garraiatzea.
–Garrantzi berezikoa izanen da Puiuko jaietan egin beharreko lana. Programako jarduerak egiteko espazioak prestatzea, behar den azpiegitura instalatuz (agertokia, mahaiak, aulkiak, bankuak, barraka, instalazio elektrikoa eta abar paratzea), eta zaintzea jarduerak ongi egiten direla, haien logistikaz arduratzea, eta jaietan erabiltzen diren gauza eta espazioak bildu, biltegiratu eta garbitzea.
–Erromeria tradizionalak egiten direnean Uxuera, Santa Zitara (San Martin Unx), Katalainera (Garinoain) eta San Quiricora (Puiu), zerbitzu anitzetako enplegatua haietara joanen da erromeria-egunean, bai eta aurretiaz ere, behar izanez gero: behar diren lanak eginen ditu espazioa prestatzeko, janariz eta edariz hornitzeko udal ibilgailuarekin, eta alkateak edo Udalbatzak agintzen dizkion gainerako zereginak betetzeko.
–Laguntzea Udalak kultura, jai, kirol edo aisiaren arloetan antolatzen dituen jardueretan; prestatzea jarduerok egiteko behar diren espazioak, materialak, altzariak, eta gauzak.
–Udal igerilekuetan prestatze- eta mantentze-lanak egitea, hala ontzietan eta irekitzeko eta funtzionatzeko behar duten azpiegituran nola instalazioak osatzen dituzten gainerako espazioetan (ostatua, sukaldea, aldagelak, komunak, belardia, hondartza, kirol anitzetako pistak, parkea, aparkalekua, etab.). Horretarako, zerbitzu anitzetako enplegatuak behar diren lanak oro eginen ditu egoki funtziona dezaten igerilekuen denboraldian, bai eta horien guztien gaineko mantentze lanak ere denboraldiak iraun bitartean. Horrez gain, koordinatu beharko ditu ostatuaz arduratzen diren langileak eta sorosleak, zeinek bere gain dituen lanak egin ditzaten.
–Udal-mugartean zaintzea trafikoa, aparkamendua, bide publikoen okupazioa, herri-lurretako eta basoko aprobetxamenduak eta une bakoitzean indarrean diren ordenantzen ez-betetzeak oro; Udalari horien berri eman beharko dio, kontrola ditzan.
–Hirigintzaren nahiz ingurumenaren arloan, kontrola eta jarraipena egitea, begiratzeko ea ordenantzak betetzen diren, eta ikuskapen-lanak egitea; zaindu beharko du ea araudia betetzen den honako hauen inguruan, eta, hala bada, jasota utzi: lizentziak eta obrak, bide publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.
–Administrazio-lanetan laguntzeko eginkizunak, haren esku uzteko modukoak.
–Behar den kontrola egitea katu-kolonien gainean eta Udalaren eskumeneko animalien gainean, indarreko legediari jarraikiz eta aintzat hartuz Alkateak edo Udalbatzak agindutakoa.
–Koordinazio lana egitea Nafarroako Gobernuko Basozainekin.
–Alkateak edo Udalbatzak agindutako era guztietako zerbitzuak eta lanak egitea.
–Eta oro har, agintzen zaizkion beste guztiak, dagokion kategoriaren barnean sartzen badira, betiere.
1.7. Izendapenak Puiuko Udaleko funtzionario bihurtuko du izendatutakoa, lanpostuaz jabetzen den egunetik hasita, eta hark izanen ditu, Nafarroako administrazio publikoetako funtzionarioei dagokienez, indarreko xedapenetan ezarririko eskubide eta betebehar guztiak; halaber, alta emanen zaio Gizarte Segurantzako araubide orokorrean.
2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko beste estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen den estaturen batekoa. Orobat, parte har dezakete espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bananduta ez badaude, baldin 21 urtetik beherakoak badira edo, hortik gorakoak izanez gero, haien kontura bizi badira.
b) Hamasei urte beteak izatea eta ez gainditzea erretiroa hartzeko ezarritako gehieneko adina.
c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Eskola Graduatuaren titulua edo Lehen Mailako Lanbide Heziketaren titulua edo horren baliokidea izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Atzerrian lortutako tituluak badira, eduki beharko da homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea, bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
e) Ez egotea desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko, eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ez izatea.
2.2. Lanpostua eskuratzen duten izangaiek frogatu beharko dute aipatutako baldintza horiek betetzen dituztela, deialdi honen 3. eta 7. oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko dituzte, hain zuzen, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, bai eta hautapen-prozesuk iraun bitartean eta izendapena egiten den arte ere.
3.–Eskabideak.
3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Puiuko Udaleko alkate udalburuari zuzenduko zaizkio, eta aurkeztu beharko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Puiuko Udalaren erregistro orokorrean, udal bulegoetara joanda, 11:00etatik 14:30era, edo erregistro elektronikoa erabilita, Puiuko Udalaren egoitza elektronikoan: https://pueyo.sedelectronica.es.
Orobat, eskabideak aurkezteko erabiltzen ahalko dira urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak arautzen dituen gainerako bideak (Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, aurkeztu izanaren frogagiria bidaliko da helbide elektroniko honetara: pueyo@agrupacionvaldorba.es.
Azken eguna larunbata edo baliogabea bada, epea luzatuko da hurrengo lehen egun baliodunera arte.
3.2. Eskabide horiek lotuko zaizkio deialdi honen I. eranskinean argitaratutako ereduari.
3.3. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
Espainiako nazionalitatea ez duten parte-hartzaileek aurkeztu beharko dute beren identitatea eta nazionalitatea frogatzen dituzten agirien fotokopia, eta, hala badagokio, bigarren oinarriko 2.1.a) apartatuan nazionalitateari eta ahaidetasunari buruz eskatzen diren baldintzena. Gainera, parte hartzeko eskabidean, zinpeko adierazpena egin beharko da, edo hitzeman, ez daudela beren jatorrizko herrialdean funtzio publikoan aritzea eragozten dien diziplina zehapen edo kondena baten mende.
–Deialdira aurkezten diren merezimenduen kopia, 6. oinarriaren arabera baloratzeko.
–2.1 oinarriko c) apartatuan eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.
3.4. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
3.5. Noiznahi zuzentzen ahalko dira eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak, ofizioz nahiz interesdunak eskaturik.
3.6. %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten izangaiek aurkeztu beharko dute hura frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, parte hartzeko eskabidearekin batera.
Halaber, desgaitasuna izanik, izangaiek egokitzapenen bat eskatzen badute probak egiteko denboretan eta/edo baliabideetan, hala adierazi beharko dute eskabidean, eta zehaztu beharko dute zer egokitzapen behar duten, edo nola doitu behar diren denbora eta/edo baliabideak. Horretarako, izangaiak egokitzat jotzen duen dokumentazioa aurkez dezake, eskabidea aurkeztean.
3.7. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Puiuko Udaleko alkate udalburuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta Puiuko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun alorrean, "Enplegu Publikoa" atalean (https://pueyo.sedelectronica.es/).
4.2. Izangai baztertuek hamar egun naturaleko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea burututakoan eta haiei erantzun ondotik, alkate udalburuak ebazpen bat emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean, iragarki-taulan eta Puiuko Udalaren egoitza elektronikoko gardentasun alorrean, "Enplegu Publikoa" atalean (https://pueyo.sedelectronica.es/).
4.4. Baldin onartuen behin-behineko zerrendarako bazterturik ez badago, onartuen behin betiko zerrenda eratuko da.
4.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela ebazpen honen bidez iragartzen den prozeduran eskatutako baldintzak.
Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.6. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko da non, noiz eta zer ordutan eginen den oposizioko lehen ariketa eta epaimahaiaren behin betiko osaera.
Ondoren, epaimahaiak gainerako ariketak egiteko iragarkiak argitaratuko ditu bere garaian, Puiuko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun alorrean, "Enplegu Publikoa" atalean (https://pueyo.sedelectronica.es/).
5.–Kalifikazio-epaimahaia.
5.1. Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:
–Epaimahaiburua: Unai Labat Sánchez, Puiuko Udaleko alkatea.
Ordezkoa: María Rosario Guillén Guillén, Puiuko Udaleko alkateordea.
–Lehen epaimahaikidea: Raúl León Goñi, Noaingo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
–Bigarren epaimahaikidea: David León Zafra, Barasoaingo Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatua.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
–Hirugarren epaimahaikidea: Arkaitz Zalduendo Hernando, Iruñeko Nekazaritza eta Basogintzako ikastetxe bateratuko irakaslea.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
–Laugarren epaimahaikidea: Gaizka Zalduendo Hernando, Virgen del Camino ikastetxe bateratu politeknikoko irakaslea.
Ordezkoa: hark eskuordetza ematen diona.
–Idazkaria: Iosune Olite Azcona, Puiuko Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Cristina Arregui Pérez, Puiuko Udalaeko administrari laguntzailea.
5.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude abstenitzeko egoera batean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluaren arabera (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
5.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak –edo haien ordezkoek– egon beharko dute bertan. Bigarren ordezkapen bat behar izanez gero, ordezko epaimahaikide izendatu direnak ere izan daitezke haien ordezkoak.
5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizioa 2025eko martxotik aurrera hasiko da.
6.2. Lehiaketaldia eginen da oposizioaldia baino lehen, eta gehienez ere 5,00 puntu emanen dira, baremo honen arabera:
–Administrazio publiko batean, deialdiko lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan lan egiteagatik (zerbitzu anitzeko enplegatuaren lanpostuetan, edo igeltserotzako, iturgintzako, elektrizitateko, lorezaintzako, soldadurako edo mantentze-lanetako lanpostuetan): 1,00 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.
–Enpresa pribatu batean edo langile autonomo gisa, deialdiko lanpostuaren antzeko ezaugarriak dituzten lanpostuetan lan egiteagatik (zerbitzu anitzeko enplegatuaren lanpostuetan, edo igeltserotzako, iturgintzako, elektrizitateko, lorezaintzako, soldadurako edo mantentze-lanetako lanpostuetan): 0,75 puntu lanean egindako urte bakoitzeko.
Oharrak:
–Honako hauek hartzen dira administrazio publikotzat: Estatuko Administrazio Orokorra, autonomia erkidegoetako administrazioak, Toki Administrazioa osatzen duten erakundeak, eta aurrekoei loturik edo haien mendean dauden erakunde publikoak eta zuzenbide publikoko entitateak.
–Aldi berean egindako zerbitzuak ez dira bi aldiz baloratuko.
–Urteen kopurua osoa ez bada, zerbitzuan egindako aldiari proportzioan dagokion puntuazioa emanen zaio (hilabete oso bat izanen da kontuan hartuko den gutxieneko denbora).
–Hori frogatuko da egoki den administrazio publikoaren edo enpresaren ziurtagiriaren bidez; hartan, berariaz agertu beharko du zerbitzu-ematearen iraupen osoak, zenbat egun izan diren zehaztuta.
–Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko zerbitzuak.
6.3. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu lortutako puntuazioak Puiuko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun alorrean, "Enplegu Publikoa" atalean (https://pueyo.sedelectronica.es), bakoitzak lehiaketaldian zenbat puntu eskuratu dituen zehaztuta. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Puiuko Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:30era, edo Puiuko Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoa erabilita, eskabide orokorraren izapidearen bidez.
6.4. Oposizioaldia. Honako ariketa hauek izanen ditu:
6.4.1. Lehen proba: teorikoa. Idatziz erantzun beharko zaio galde sorta bati. Galdera laburrak edo test modukoak izanen dira, II. eranskineko gaiei buruzkoak.
Proba hau egiteko ez da inolako testurik erabiltzen ahalko, ez eta kalkulagailurik edo bestelako materialik ere, bolaluma (urdina edo beltza) edo arkatza ez bada.
Ariketa honengatik gehienez 40 puntu emanen dira, eta gutxienez 15,00 puntu eskuratu beharko dira hurrengo fasera pasatzeko.
Bigarren proba egin ahalko dute puntuazio handienak dituzten 20 izangaiek soilik, gainditzen duten guztien artetik.
Proba egin aurretik ezarriko ditu epaimahaiak bai proba egiteko denbora, bai erantzun okerren zigorra.
Plika itxien sistema erabiliko da ariketa teoriko horretan. Epaimahaiak proba kalifikatuko du, eta bukatutakoan jendaurrean irekiko ditu plikak. Haietan azaltzen den hautagai bakoitzari dagokion puntuazioa esleituko dio. Parte-hartzaileak ekitaldi horretara joaten ahalko dira.
Epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu izangaien zerrenda eta lortutako kalifikazioak, Puiuko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun alorrean, "Enplegu Publikoa" atalean (https://pueyo.sedelectronica.es); orobat, aditzera emanen du hurrengo ariketa noiz eta non eginen den, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.
6.4.2. Bigarren proba: praktikoa.
Proba praktiko bat edo gehiago eginen dira, arlo hauetakoak: makinak erabiltzea, igeltserotza, iturgintza, lorezaintza, elektrizitatea, soldadura, mantentze-lan orokorrak eta makinak maneiatzea; betiere, deialdian aipatzen diren eginkizun edo zerbitzuei loturik.
Ariketa honengatik gehienez 55 puntu emanen dira, eta gutxienez 25 puntu eskuratu beharko dira proba guztien artean. Gehieneko puntuazioa banatuko da epaimahaiak agindutako proben artean, eta daitekeena da proba guztiek puntuazio bera ez izatea. Bazterturik geldituko dira aipatutako 25 puntu horiek lortzen ez dituztenak.
Epaimahaiak zehaztuko du ariketa horretako probak egun bakarrean ala gehiagotan eginen diren, bai eta zenbat denbora iraunen duten ere, betiere haien edukiaren arabera.
6.4.3. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela nortasun agiri nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat. Oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak edo aipatu agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.
6.4.4. Hautaprobak egiteko, bidezkoak diren denbora eta baliabide egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenendako, eskabidean azaldutakoaren arabera.
6.4.5. Epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu oposizioaldiko ariketa bakoitzaren behin-behineko emaitzak, Puiuko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun alorrean, "Enplegu Publikoa" atalean (https://pueyo.sedelectronica.es).
Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bost egun naturaleko epean, Puiuko Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanda bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 11:00etatik 14:30era, edo Puiuko Udalaren egoitza elektronikoko erregistro elektronikoa erabilita, eskabide orokorraren izapidearen bidez.
Alegaziorik aurkeztuz gero, epaimahaiak ebatziko ditu, eta ondoren, eta bitarteko berberak erabilita, behin betiko emaitzak argitaratuko ditu. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko emaitzak behin betikotzat joko dira.
7.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatua, Puiuko Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoko gardentasun alorrean, "Enplegu Publikoa" atalean (https://pueyo.sedelectronica.es/); halaber, puntuaziorik handiena lortu duten izangaien aldeko izendapen-proposamena igorriko dio alkateari.
Proposamen hori loteslea izanen da, eta argitara emanen da Udalaren iragarki-taulan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Guztizko puntuazioa kalkulatzeko, lehiaketaldian eta oposizioaldian erdietsitako puntuazioak batuko dira.
Berdinketarik gertatuz gero, ebatziko da oposizioaldiko bigarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde. Berdinketak bere horretan jarraituz gero, lehen ariketan puntuazio handiagoa erdietsi dutenen alde jokatuko da. Hala eta guztiz ere, berdinketak bere horretan jarraituz gero, hirugarren ariketan puntuazio handiagoa lortu dutenen alde eginen da; eta, hala ere berdinketa izanez gero, izangai zaharrenaren alde.
7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak aurkeztu beharko ditu deialdian ezarritako baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, baldin lehenago aurkeztu ez badira, Puiuko Udalaren erregistro orokorrean; zehazki, honako hauek:
a) Osasun ziurtagiria, erakusten duena ez duela eritasunik edo akats fisikorik nahiz psikikorik, galarazten dionik karguaren eginkizunetan aritzea, jarraikiz deialdiko lanpostuan gauzatu beharreko jardueretarako ezarritako osasun protokoloei. Ezin izanen dira kontratatu aipatutako osasun azterketan "gai" kalifikazioa ez duten izangaiak. Ziurtagiri hori Udalak eskatuko dio bere Osasunaren Prebentzio eta Zaintza Zerbitzuari.
Izangaiek desgaitasunen bat alegatu badute, gainera, aurkeztu beharko dute desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.
b) Zinpeko adierazpen edo adierazpen solemne bat, aditzera emateko pertsona ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publikoren baten zerbitzutik.
Izangaiek Espainiako nazionalitatea ez badute, agiri bat aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela zehapenik edo zigor penalik, eragozten dienik sartzea beren estatuko funtzio publikoan.
c) Zina edo hitzematea, adierazten duena Nafarroako Foru Araubidea errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.
7.3. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten aipatutako epean, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, edo lanposturako gai ez bada, ez da izendatuko, eta jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, horrek galarazi gabe eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna.
7.4. Arestiko apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.
8.–Izendapena eta lanpostuaz jabetzea.
8.1. Hautapen prozesua bukatu ondoren, eta gainditu eta puntuaziorik handiena lortu duen izangaiak 7.2 oinarrian aipatzen diren agiriak aurkeztu ondoren, Puiuko Udaleko alkateak izendatuko du Puiuko Udaleko funtzionario, jardun dezan zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuan.
8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
9.–Aldi baterako kontratazioetarako izangaien zerrendak.
9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduaren 42. artikuluari jarraikiz, honako zerrenda hauek sortuko dira, aldi baterako kontrataziorako, hautapen-prozesuan parte hartu ondotik lanpostua lortu ez duten izangaiekin:
a) Probak gainditu baina lanposturik eskuratu ez duten izangaien zerrenda.
b) Lehen ariketa gainditu duten izangaien zerrenda.
9.2. Probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta Puiuko Udalean kontratatzeko izangaien zerrenda.
Epaimahaiak espedientea igorri ondoren, Puiuko Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, horren bidez onesteko probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrenda eta lehen ariketa gainditu dutenena, une horretan indarrean dauden kudeaketa arauei jarraikiz. Zerrenda horiek argitara emanen dira Puiuko Udalaren iragarki-taulan eta gardentasun atarian.
Hauxe izanen da aldi baterako kontratazioen zerrendaren hurrenkera: probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen kasuan, hautapen-prozesuan lortutako puntuazioaren arabera; gainerako izangaien kasuan, gainditutako ariketetan lortutako puntuazioaren arabera. Berdinketarik gertatzen bada, hura ebazteko, aplikatuko dira deialdi honetan kasu horietarako ezarritako irizpideak.
Izangaiak aldi baterako kontratatzeko zerrendan sartzeak ez du berekin ekartzen interesdunei onartu izana 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela, horiek frogatu behar baitira oinarri honetan ezartzen den eran.
Izangaiei deitu eta, kasua bada, haiek kontratatzerakoan, honako hauek beteko dira: abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 88. artikulua eta hurrengoak (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), Udalaren indarreko akordioa edo hitzarmena, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak.
Kontrataziorako deitzen diren izangaiek baizik ez dituzte ekarri beharko 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren gaineko baldintzak betetzen direlako frogagiriak, kontratua formalizatzerakoan ekarri ere, horretarako aurkeztuz jatorrizko agiriak edo kopia behar bezala konpultsatuak.
Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, eskatzen zaizkien agiriak aipatu epean aurkezten ez dituztenek eta eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak, horrek deusetan eragotzi gabe parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna, kasua bada.
Probak gainditu baina lanposturik ez dutenen zerrendetan, hurrenkera erabakiko da hautapen-prozesuan ateratako puntuazio handienaren arabera.
Zerrenden indarraldia: zerrenda agortu arte. Hala ere, lehentasuna izanen dute probak gaindituta ere lanposturik lortu ez dutenen zerrendek, halakorik eratzen eta onesten bada zerrenda honen ondoren, kasuan kasuko lanpostuan funtzionario edo lan-kontratudun langile finko gisa sartzeko prozeduretan.
9.3. Eskatutako baldintzak bete beharko dira sarrera-prozedurarako eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, eta, orobat, prozedura horrek eta kontratazioaldiak iraun bitartean.
9.4. Aldi baterako kontrataziorako dei egitea.
Hautaprobak gainditzen dituztenak sartuko dira izangaien zerrendetan, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, aldi baterako betetzeko Puiuko Udalean hutsik gelditzen diren lanpostuak, edo sortzen diren aldi baterako beste behar batzuei erantzuteko.
Aldi baterako kontratatzeko prozesua arau hauen arabera kudeatuko da:
9.4.1. Izangaien zerrendak onesteko irizpide orokorrak.
9.4.1.1. Izangaiei dei egiterakoan, kontuan hartuko da zer dagoen ezarrita desgaitasuna dutenek enplegu publikoa eskuratzeaz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan, zeina onetsi baitzen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez. Aldi baterako kontratazioa eginen duen erakunde eskatzaileari dagokio egiaztatzea kasuan kasuko zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak.
9.4.2. Dei egiteko sistema.
9.4.2.1. Deiak egiteko arau orokorrak.
Langileak kontratatzeko beharrak betetzeko, izangaiei banakako deiak eginen zaizkie, kasuan kasuko zerrendako izangaien hurrenkeraren arabera, eta kontuan hartuta lanpostuaren eskakizunak.
Errazago aurkitu ahal izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen jakinarazi beharko dute. Horrez gain, harremanetarako beste telefono batzuk edo helbide elektroniko bat eman ditzakete. Informazio hori etengabe eguneratua eduki beharko dute.
Kontratua eskaintzeko deiak izangaiek emandako zenbakietara eginen dira, zerrendako hurrenkerari jarraikiz. Deiaren emaitza jasoko da, hauetako bat adierazita: "interesatzen zaio", "ez zaio interesatzen", "ez du erantzun".
Betiere, azkar eginen dira banakako deiak, kontratazio premiak lehenbailehen bete daitezen. Bi egunean hiru dei, bederen, eginen dira kontratua eskaintzen zaion izangaiak emandako telefonora.
Lehenbiziko deian ezin bada izangaiarekin harremanetan jarri, SMS bat eta/edo posta elektroniko bat igorriko zaio horren berri emateko.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, eta horrela jokatuko da harik eta eskaintzen den lanpostua edo lanpostuak bete arte.
Sei hilabeteko epean behin ere aurkitu ez den izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da zerrendan.
Kontratazioa presakoa bada (eta halakoa izanen da lanpostuan 24 orduko epean hasi behar denean) eta, aurreikuspenen arabera, kontratuaren iraupena 3 hilabetetik beherakoa, harekin harremanetan jarrita lanean berehala hastea onartzen duen lehenbiziko izangaiari eskainiko zaio, gorago ezarritakoa bete behar izan gabe.
9.4.2.2. Araubide orokorraren salbuespenak.
a) Puiuko Udalarekin aldi baterako lotua dagoenak indarreko kontratuari uko egiten ahal dio baldin kontratua hobetzeko beste bat eskaintzen bazaio, betiere kontratatua dagoen eremu berekoa baldin bada, kasuan kasuko zerrendan badago eta kasu hau gertatzen bada:
Kontratu labur bat izatea indarrean eta kontratu luze bat eskaintzen bazaio (kontratua laburtzat hartuko da baldin aurreikusitako iraupena gehienez 6 hilabetekoa bada, eta luzetzat hortik gorakoa bada).
b) Izangai bat jada lanpostu batean ari bada ordezte kontratu batekin, eta baldin kontratua bukatzen denetik 20 egun iragan baino lehen sortzen bada lanpostu bera aldi baterako betetzeko premia, kontratua izangai berari eskainiko zaio, baldin dei egiten zaion unean baldintza hauek betetzen badira:
–Dei egiten den unean indarrean dagoen zerrenda batean egotea izangaia.
–Aurreko kontratuaren bukaeraren arrazoia ez izatea hari uko egin izana.
–Aurreko kontratua bukatzeko arrazoia ez izatea zerrendatik kanpo uzteko arrazoietako bat.
9.4.2.3. Kontratatzeko eskaintzari uko egitea.
Izangairen batek eskaini zaion lanpostuari uko egiten baldin badio, zerrenda horretako azken tokira pasatuko da, frogatu ezean honako egoera hauetakoren batean dagoela, kasu horretan, hain zuzen, duen postuari eutsiko baitio:
–Lizentzia izatea amatasun, aitatasun, adopzio edo harreragatik.
–Aldi baterako ezintasuna izatea.
–Lan-kontratu bat indarrean izatea.
–3 urte baino gutxiagoko semea edo alaba zaindu beharrean egotea. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.
–Zaindu behar izatea bigarren mailara arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, berez baliatu ezin dena adina, istripua edo eritasuna dela kausa. Arrazoi horrengatik kontratu bati uko egiten dioten izangaiak ez dira berriz deitzeko moduan egonen, harik eta gutxienez hilabete iragan arte kontratuari uko egin zioten egunetik.
–Norberaren ezkontza edota, uztailaren 3ko 6/2000 Legearen arabera, pareko egoeran suertatzea (Bikote egonkorrentzako berdintasun juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratuaren hasiera eguna badago bikotea eratu ondoko edo eratu aurreko hamabost egun naturalen barnean.
Kasu horietan izangaia "ez deitzeko moduan" agertuko da aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendan, harik eta izangaiak berak "deitzeko moduan" agertzea eskatzen duen arte, alegatutako inguruabarra desagertu delako. "Deitzeko moduan" dagoela adierazten duen unean agiri bidez eta modu sinesgarrian frogatu beharko du kontratua eskaini zitzaion unean alegatu zuen egoera.
9.4.2.4. Zerrendako azken tokira joatea.
Zerrendako azken tokira pasatuko dira honelako kasuren batean suertatzen direnak:
a) Dei egin eta lanpostua onartu ondotik, kontratua ez sinatzea, izangaiari egozten ahal zaion arrazoi batengatik.
b) Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu 8.2.4 apartatuan aurreikusitako kasuetan.
9.4.2.5. Zerrendetatik baztertzea.
Honako hauek izanen dira arrazoiak izangaiak baztertzeko dei egin zaien zerrendatik:
a) Kontratua probaldian hutsaldu izana zuzendaritzak txosten arrazoitua eman ondoren.
b) Lanpostua bertan behera uztea bidezko arrazoirik izan gabe eta zuzendaritzari jakinarazi gabe.
c) Kontratua azkentzea gerora sortutako arrazoiengatik, dela kontratatutako langilearen lanpostuan aritzeko gaitasun edo egokitzapen faltagatik, hala agertzen bada lanpostuaren eginkizunak eraginkortasunez betetzea galarazten duen errendimendu eskasean, dela lanpostuaren edukia aldatzeagatik, betiere interesdunari entzunaldia eman ondotik eta Langileen Batzordeak edo langileen ordezkariek txostena egin ondotik.
d) Diziplina arrazoiengatik kaleratua izatea.
10.–Datu pertsonalak babestea.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
–Puiuko Udala da parte-hartzaileek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
–Datuen tratamenduaren helburua da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.
–Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1b) artikulua: kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna kontratu horren parte bat denean, edo berak eskatuta, beharrezkoa izateagatik kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, eta DBEOren 6.1c) artikulua: behar den tratamendua, nahitaezkoa dena bete dadin tratamenduaren arduradunari aplikatzekoa zaion legezko betebehar bat.
–Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko denbora guztian ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako toki-erakundeen agiriak ebaluatu eta ezabatzeko jarraibideak).
–Datuen komunikazioa eginen da legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa), argitaratzea barne, 5/2018 Foru Legearen 19.2.f artikuluarekin bat.
–Titularrek eskubidea izanen dute datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, deuseztatzeko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetara joz, non informazio gehiago baitago eskura.
–Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean dagoen araudiarekin.
11.–Errekurtsoak.
11.1. Deialdi honen aurka nahiz oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen edo jakinarazten denetik hasita.
c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.
11.2. Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
1. gaia–Puiuko udalerria.
Udalerria ezagutzea, oro har; historia, kaleen izenak, parajeak, udal eraikin eta instalazioak.
2. gaia.–Legeak.
7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.–Udalerria: antolaketa eta eskumenak. 19. artikulutik 27. artikulura, biak barne.
6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.–Toki-erakundeen ondasunak (xedapen orokorrak), 97. artikulutik 100. artikulura, biak barne; Nafarroako administrazio publikoen zerbitzuko langileak (xedapen komunak), 233. artikulutik 237. artikulura, biak barne.
39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. 4. eta 5; artikuluak; 29. artikulutik 31. artikulura, biak barne; 40. artikulutik 46. artikulura, biak barne.
3. gaia.–Mekanika.
Udal makinak, ibilgailuak, erremintak eta lanabesak maneiatzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea.
4. gaia.–Garbiketa eta mantentze-lanak.
Eraikinen, hiri-altzarien eta pinturaren mantentze lanak. Garbiketako kontzeptu orokorrak, zikintasun-motak, garbiketa mota bakoitzean erabili beharreko produktuak eta gainazal mota bakoitzean zikintasuna kentzeko erabili beharreko metodoak.
5. gaia.–Soldadura.
Soldaduraren ezagutza eta doitze makineriaren oinarrizko maneiuaren ezagutza.
6. gaia.–Igeltserotza.
Igeltserotzako kontzeptu orokorrak. Erremintak. Materialak. Zolatzea eta alikatatzea. Kofratuak eta paretak egitea. Obrak egoera onean zaintzea eta haiek mantentzeko lanak. Obrako makinak maneiatzea.
7. gaia.–Zurgintza.
Zurgintzako oinarrizko lanak: ate-leihoak doitzea, sarrailak eta sarraila-zilindroak eta pertsianak.
8. gaia.–Elektrizitatea.
Oinarrizko argiztapen-zirkuituak: etengailuak, kommutadoreak, entxufe-oinak, lanparak, pitzarazgailuak eta erreaktantziak.
9. gaia.–Iturgintza
Iturgintza eta berokuntza instalazioen gaineko mantentze-lanak: tresna sanitarioak, txorrotak, zisternak, sifoiak, berokuntza zirkuituak, zirkuituak betetzea eta airez purgatzea eta galdara-gelak.
Igerilekuetako mantentze lanak. Kontzeptu orokorrak.
10. gaia.–Lorezaintza.
Zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak landatzea. Belardiak berriztatzea eta ereitea. Zapaldak eta parterreak prestatzea.
Kimatze lanak: zuhaitzak, zuhaixkak eta heskaiak kimatzea. Kimatzearen printzipioak.
Ureztapen sistemak: ureztatzeko sareak instalatzea, mantentzea eta programatzea.
Ezagutzea, maneiatzea eta mantentzea lorezaintzako eta basogintzako produktuak, makinak eta erremintak (sasi-garbitzeko makina, belarra mozteko makina, heskai-moztekoa, aizkora, motozerra, altueran kimatzeko plataforma jasotzailea).
Iragarkiaren kodea: L2502179
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
