Iragarkia
40. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
MENDABIA
Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostu bat (makinen gidaria) oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
Alkatetzaren 2025eko otsailaren 7ko Ebazpenaren bidez, deialdi publiko bat onetsi da, bete dadin, oposizio-lehiaketa bidez, zerbitzu anitzetako-makinen gidaria enplegatu izateko lanpostu bat, 2024ko Lan Eskaintza Publikoan ezarritakoaren arabera (2024ko 152. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 26koa). Horrenbertzez, bat etorriz ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren 25. artikuluarekin, honako oinarri hauek argitaratzen dira (aipatutako foru dekretuaren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua):
OINARRIAK
1. oinarria.–Xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea zerbitzu anitzetako enplegatua (makinen gidaria) izateko lanpostua. Funtzionario araubidekoa da, D mailakoa, lanaldi osokoa, 5.5 zenbakia du plantilla organikokoan, eta Mendabiako Udaleko plantillan sartuko da.
Aipatu lanpostua Mendabiako Udalaren 2024ko Lan Eskaintza Publikoan azaltzen da (2024ko 152. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 26koa) eta lanpostuak erretiroengatiko ordezte prozesuaren parte da, 2023rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 23ko 31/2022 Legearen 20. artikuluan ezarritakoaren arabera.
1.2. Ordainsariak D mailari dagozkion oinarrizkoak izanen dira, jarraikiz Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuari, Ordainsariei buruzko Behin-behineko Erregelamenduari (uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuaren bidez onetsia) eta indarra duen araudiri, eta Udalaren plantilla organikoan une bakoitzean ezartzen diren osagarriak jasoko ditu.
1.3. Bi hilabeteko probaldia izanen da, eta bitarte horretan Udalak kontratua suntsiarazten edo hutsaltzen ahalko du, iruditzen bazaio lanpostuaren zereginak ez direla berak nahi bezala bete.
1.4. Hautaprobak gainditurik, deialdi honen lanposturako izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Sistema Orokorrean afiliatu, eta bertan alta emanen zaio.
1.5. Lanaldi osoko lanpostua izanen da. Zerbitzuaren beharretara egokituko dira lanaldiaren araubidea eta ordutegia. Organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.
1.6. Hautaproben emaitzak zerrenda bat osatzeko ere erabiliko dira, aldi baterako kontratazioak egiteko, Mendabiako Udalean sortzen diren beharrei erantzute aldera. Hori dena, jarraikiz ekainaren 5eko 113 /1985 Foru Dekretuaren 42.2 b) artikuluari (foru dekretu horren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua).
Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda horrek lehentasuna izanen du zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuak aldi baterako kontratatzeko eratzen den edozein zerrendaren gainetik; beraz, dauden zerrendek izaera subsidiarioa izanen dute deialdi honen ondorioz eratzen diren zerrendei dagokienez, eta bi zerrendek gehienez lau urteko indarraldia izanen dute, horiek onesteko ebazpena ematen denetik aurrera.
Deialdiaren apartatu honen bidez egiten diren aldi baterako kontratazioetarako ere bi hilabeteko probaldia ezartzen da, eta epe horretan edozein alderdik hutsaltzen ahalko du kontratua.
1.7. A) Honako eginkizun hauek izanen ditu, bertzeak bertze, aipatzearren eta bertzelakoak baztertu gabe:
–Batez ere ibilgailuak gidatzea eta obra-makineria maneiatzea (atzerako hondeamakina, erratz-makina, traktorea, motonibelagailua, kamioia, belarra mozteko makina, eta abar).
–Instalazio eta obretako mantentze-lan orokorren brigadaren jarduerekin lotutako zerbitzu anitzak, eta horiei jarraipena egitea, egokiak izan daitezen haien funtzionamendua, kontserbazioa eta mantentzea.
–Udal bulego, instalazio eta biltegietako igeltserotza lanak, oro har, eta horien mantentze-lanak; pintura lanak ere bai.
–Mekanika. Zerbitzuak berezko dituen udalaren makinak, ibilgailuak, erremintak eta lanabesak erabiltzea, mantentzea, ikuskatzea eta konpontzea (area, atoiak, sasi-garbitzeko makina, etab.). Biltegia kontrolatzea.
–Hiri altzariak paratzea eta haiei dagozkien mantentze-lanak egitea: zutoinak, seinaleak, kale-argiak, bankuak, iturriak eta abar.
–Altzariak eta gauzak lekualdatzea eta paratzea. Agertokiak, hesiak eta gainerakoak muntatzea eta desmuntatzea, jai eta ekitaldi publikoetan.
–Udalaren azpiegitura eta egoitzetan askotariko mantentze- eta konpontze-lanak egitea: pintura, igeltserotza, soldadura, zurgintza, mekanika, garbiketa, eta zangak ireki eta ixtea.
–Eskatzen zaizkion instalazio berriak eta hobekuntzako jarduketak egitea, baldin bere mailakoak badira, eta oinarrizko lanak egitea laneko ibilgailuak zaintzeko eta mantentzeko.
–Mantentzea landabideak, kaleak, hiri barneko bideak eta mendiak.
–Mantentzea eta kontserbatzea udal igerilekuak.
–Eskatzen zaion bide garbiketa egitea, Mendabiako Udalak dauzkan baliabideak erabiliz horretarako.
–Mendabiako Udalak programatzen dituen jaietarako eta kultur ekitaldietarako prestakuntzan eta garbiketan laguntzea, baita Mendabiako Udalak laguntzen edo babesten dituen ekitaldietan ere.
–Udalaren hilerria mantentzea eta garbitzea, eta ehorzketak egitea.
–Garbigunean arreta ematea.
–Udaleko bertze zerbitzu batzuei laguntzea, hala eskatzen zaionean, eta kanpoko zerbitzuekin koordinatzea, langile espezializatuak behar direnean.
–Oinarrizko laguntza administratiboko lanak egitea, agiriak banatzea, bandoen berri ematea udal-mugartean, eta Udalak agintzen dizkion bertze lan batzuk egitea, bere lanpostuari dagozkionak betiere.
–Bere maila eta kategoriaren barnean manatzen zaizkion gainerako guztiak.
B) Halaber, zerbitzu anitzetako lanpostuaren eginkizun izanen dira honako eginkizun orokor hauek:
–Segurtasun eta higiene arauak betetzea, behar bezala baliatuz lan bakoitzean erabiltzen diren babes-ekipamendu (norbera babesteko ekipamendua) egokiak.
–Udal azpiegitura, lokal eta ekipamenduetan atzemandako gabezia, matxura eta akatsen berri ematea zerbitzu anitzetako arduradunari hala behar denean, eta zerbitzuen hobekuntza bultzatzea eta horretan laguntzea, ekintza eta aldaketa lagungarriak proposatuz hobekuntza horretarako.
–Ezagutzea eta aplikatzea lanerako ezarritako arauak, prozedurak eta zehaztapenak.
–Kasuren batean behar izanez gero, egoerara egokitzea, lanorduekin malgutasunez jokatuz, bete ahal izateko ezarritako lan programa eta zerbitzuaren beharrak.
–Kontrolatzea eta begiratzea ea betetzen diren Udalaren ordenantzak, eta ikuskapena egitea hirigintza eta ingurumen gaietan, begiratuta eta jasota ea betetzen den araudia honako hauen gainean: lizentziak eta obrak, bide publikoaren okupazioa, isurketak eta abar.
–Bide eta eremu publikoak egoera onean ote dauden begiratzea, baita udal eraikinak ere, eta haien mantentze-lan eta/edo hobekuntzarako proposamenak egitea; barnean dira lanak gauzatzea eta laguntza-lanak egitea goragoko mailetan.
–Edozein eratako udal zerbitzuak ematea, eta hala Alkatetzak nola organo delegatuek haren esku uzten duten bertze edozein zeregin; guztiak ere bere eskumen, maila eta kategoriaren barnean.
2. oinarria.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Deialdira onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
2.1.1. Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa, edo langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio.
Parte har dezakete, orobat, espainiarren ezkontideek eta Europar Batasuneko bertze estatu bateko edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek, zuzenbidez bananduta ez badaude, bai eta herritar horien ondorengoek eta –legez bananduta ez badaude– ezkontidearenek, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero.
2.1.2. Hamasei urte beteak izatea eta nahitaezko erretiroa hartzeko ezarritako adina ez gainditzea.
2.1.3. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulu hau izatea: DBHko Graduatuaren titulua, Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo horien baliokide bat; edo, bertzela, titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.
Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioa egiaztatzen duen agiria eduki beharko da.
2.1.4. Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.
2.1.5. Desgaitua edo gabetua ez egotea eginkizun publikoetan jarduteko, eta administrazio publikoren baten zerbitzutik kendua ez izatea.
2.1.6. B motako ibilgailuak gidatzeko baimena izatea, betiere baimen hori 2009/12/09a baino lehen eskuratu bazen. Hala gertatu ezean (2009ko abenduaren 9aren ondotik eskuratutako B motako ibilgailuak gidatzeko baimena), izangaiak C motako ibilgailuak gidatzeko baimena izan beharko du.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira aurreko baldintzak, eta bete beharko dira hautapen-prozesuak eta kontratazioak dirauen bitartean.
2.2. Aurreko baldintzak deialdi honetan jasotako epean eta moduan frogatu beharko ditu gainditu ondoren lanpostua eskuratzen duen izangaiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzean bete beharko dira, baita hautaprobek dirauten bitartean eta izendatu arte ere.
3. oinarria.–Eskabideak eta horiek aurkezteko epea.
3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea (Mendabiako Udalari zuzendua) aurkeztu beharko da Mendabiako Udaleko erregistro orokorrean (Udaletxeko plaza 1, 31587 Mendabia), edo urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako edozein erregistro eta bulegotan (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea), 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu beharko zaizkio.
Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik.
Halaber, parte hartzeko eskabidea telematika bidez aurkezten ahalko da, Mendabiako Udalaren Erregistro Orokor Elektronikoan. Erregistro hori Mendabiako Udalaren egoitza elektronikoan dago (https://sedeelectronica.mendavia.es). Kasu horretan, parte hartzeko berariazko eskabideak eta behar diren gainerako agiriak aurkezteko, erabil daiteke erregistro orokor elektronikoan artxiboak eransteko ezarrita dauden formatuetatik edozein.
Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
3.2. Eskabideari (deialdi honetan argitaratzen den ereduaren araberakoa betiere) honako agiri hauek erantsiko zaizkio:
3.2.1. Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.
3.2.2. Deialdiaren 2.1.3 oinarrian eskatzen den tituluaren kopia, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.
3.2.3. B edo C motako gidabaimena duela frogatzen duen agiriaren kopia, 2.1.6 apartatuan adierazitakoaren arabera.
3.2.4. Espedientea formalizatzeagatiko tasak ordaindu izanaren egiaztagiria. Tasak bankuko diru-sarrera bidez ordainduko dira, eta ez dira udal bulegoetan ordainduko (ikus 4. oinarria).
3.2.5. Behar den dokumentazioa, frogatzeko alegatu diren eta balora daitezkeen merezimendu guztiak, lehiaketaren baremoko irizpideen arabera. Izangaiek baremoan (7 oinarria) agertzen den puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte merezimenduak, behar bezala ordenatuak.
Dokumentu horiez gain, minusbaliotasuna duten izangaiek, parte hartzeko eskabidearekin batera, aurkeztu beharko dute minusbaliotasuna eta desgaitasun maila frogatzeko agiria ere, organo eskudunak emana. Une horretan aurkezten ez dutenei, ez zaie kontuan hartuko deiak egiterakoan. Halaber, eskabidean bertan eska ditzakete ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak, horren beharrik izanez gero. Aparteko orri batean, adierazi beharko dute zer minusbaliotasun duten eta zer egokitzapen eskatzen duten.
4. oinarria.–Tasak.
Eskabidearekin batera, 15,00 euroko tasa ordaindu beharko da espedientea formalizatzeagatik eta azterketa eskubideengatik, Nafarroako Rural Kutxako ES97 3008 0022 0507 0123 3827 kontuan diru-sarrera eginez. Tasa ordaintzen ez bada, izangaia bazterturik geldituko da.
Ordaindu beharreko tasa doakoa izanen da langabezian egonik inolako prestaziorik kobratu gabe daudenendako, hori agirien bidez justifikatzen badute (langabe-txartel zigilatua eta indarrean, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren langabe-prestaziorik kobratzen ari ez delako ziurtagiria) deialdi bakoitzean aurkeztu beharreko gainerako agiriekin batera.
5. oinarria.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Udaleko alkateak onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda argitaratzen den egunetik aurrera, eta hurrengo hamar egun balioduneko epearen barnean, baztertutako izangaiek aukera izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.
5.2. Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta haiek ebatzi ondoan, Udaleko alkateak onetsiko du izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko, adierazita deialdiko hautaprobak egiteko eguna, ordua eta tokia. Izangai onartu eta baztertuen zerrendak argitaratzearekin ulertuko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena egin dela, azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 45. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako.
5.3. Behin hautaprobak hasita, gainerako probak egiteko hurrengo iragarkiak Udalaren iragarki-taulan eta www.mendavia.es Udalaren web-orrian argitaratuko dira.
5.4. Proben kalifikazioa egin ondotik, epaimahaiak paratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, puntuazio ordenaren araberakoa, Udalaren iragarki-taulan, www.mendavia.es Udalaren web-orrian eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
6. oinarria.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Honako kide hauek osatuko dute epaimahaia, baina izangai onartuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztu ahalko da behin betiko osaera:
Epaimahaiburua: María José Verano Elvira, Mendabiako Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Blas Verano Salcedo, Mendabiako Udaleko bigarren alkateordea.
Lehen epaimahaikidea: Javier Martínez Elvira, Mendabiako Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Enrique Romero González, Mendabiako Udaleko zinegotzia.
Bigarren epaimahaikidea: Carlos Aramendía Marquínez, Mendabiako Udaleko makineriaren gidaria.
Ordezkoa: Jacinto Aranega Liria, Mendabiako Udaleko igeltsero enplegatua.
Hirugarren epaimahaikidea: Marga Martínez Martínez, Mendabiako Udaleko administrari-ofiziala, langileen ordezkariek izendatua.
Ordezkoa: Teresa González Ezquerro, Mendabiako Udaleko administrari-ofiziala, langileen ordezkariek izendatua.
Idazkaria: Jon Urteaga Alameda, Mendabiako Udaleko idazkaria.
Ordezkoa: Nafarroako udal bateko idazkaria.
6.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta kalifikazio epaimahaiko buruari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legean abstentziorako jasotzen diren egoeretako batean (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaia aldatzen bada, epaimahaikideek berek uko egiteko arrazoiengatik edo haiek errekusatzeko legez ezarritako arrazoiengatik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da aldaketa hori.
6.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.
Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.
Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak egon beharko dute bertan.
6.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiko buruak kalitateko botoa erabiltzen ahalko du.
6.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
7. oinarria.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoa eta balorazioa.
7.1. Lehiaketaldian, 25 puntu lortzen ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.
3.2.5 apartatuaren arabera alegatu eta frogaturiko merezimenduak honako baremo honi jarraikiz baloratuko dira:
7.1.1. Administrazio publikoetan edo sektore pribatuan emandako zerbitzuak, honako hauek gidatzearekin lotutako lanpostuetan: erratz-makinak, atzerako zamagailuak, atzerako hondeamakinak, kamioiak, traktoreak edo ezaugarri bereko makinak (nekazaritzakoak ez diren ibilgailu bereziak): 2 puntu urte bakoitzeko. 20 puntu, gehienez, administrazio publikoetan egindako zerbitzuengatik. 0,5 puntu urteko, eta gehienez 15 puntu sektore pribatuan emandako zerbitzuengatik.
Aurreko apartatuan ezarritako merezimenduak frogatzeko, izangaiak aurkeztu beharko ditu lan egindako administrazio publiko edo entitate pribatuaren ziurtagiriak; merezimendu horiek kontatzeko, berriz, kontuan hartuko dira gidariaren lanpostuan, bai lan-araubidean, bai lan-kontratu administratibo finko nahiz aldi baterakoarekin egindako zerbitzuak, bitarteko nahiz jabetzako lanpostuetan egindakoak. Sektore pribatuan emandako zerbitzuen kasuan, dagozkien lan-kontratuen bidez frogatu beharko dira.
Denbora-tarte berean administrazio publiko batean baino gehiagotan eman badira zerbitzuak, soilik baloratuko da epealdi luzeena; eta datak bat badatoz, horietako bat bakarrik baloratuko da.
Urte kopuruak ez badu egiten zenbaki oso bat, dagokion proportzioan kalkulatuko da puntuazioa.
Lanaldia osoa ez bada, dagokion proportzioan kalkulatuko da, orobat.
Izangaiak zerbitzuak eman zituen administrazio publikoen edo erakundeen ziurtagirietan, hauek jaso beharko dira: lan egindako denbora, zerbitzuen hasiera eta bukaera datak, betetako lanpostua eta lanaldiaren iraupena.
7.1.2. Bertze merezimendu batzuk: prestakuntza ikastaroak (5 puntu gehienez).
Deialdiaren xede den lanpostuari dagozkion gaiei buruzko hobekuntza eta espezializaziorako prestakuntza ikastaro eta ekintzak, erakunde eta zentro ofizialek eta unibertsitateek antolatuak baldin badira, eta administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako hitzarmenen esparruan egindako etengabeko prestakuntzarako ekintzak: egindako prestakuntza/ikastaro ordu bakoitzeko 0,1 puntu.
Ziurtagirietan irakastorduak bakarrik jaso beharko dira. Azaldutako moduan jasota ez dagoen kasuetan, 0,05 puntu emanen dira.
Gehienez ere 5 puntukoa izanen da apartatu honen puntuazioa.
Ez dira baloratuko deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren egindako zerbitzuak eta ikastaroak.
Merezimenduen balorazioa egin ondoren, epaimahaiak argitara emanen du izangai bakoitzak lortutako behin-behineko puntuazioa Mendabiako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, eta 5 egun balioduneko epea ezarriko du, argitaratu eta biharamunetik hasita, izangaiek puntuazioaren edo merezimenduen balorazioaren gainean eskubideko jotzen duten guztia alega dezaten eta erreklamazioak egin ditzaten.
Epaimahaiak behin-behineko emaitzen aurka aurkeztutako erreklamazioak ebatzi ondoren, merezimenduen baremazioaren behin betiko emaitzak argitaratuko dira Mendabiako Udalaren iragarki-taulan eta webgunean.
Lehiaketaldian eskuraturiko puntuak oposizioaldian lortutako puntu guztiei batuko zaizkie, eta horren emaitza izanen da oposizio-lehiaketan guztira eskuraturiko puntuazioa.
7.2. Oposizioaldia.
Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko dira probak hasteko tokia, eguna eta ordua.
Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 75 puntu lortzen ahalko dira bertan:
7.2.1. Proba teorikoa:
Lehen ariketa: Ariketa batzuk ebatzi beharko dira, honako hauei buruzkoak: udal obretako edo zerbitzuetako ibilgailuen mekanika, ortografia, eta problemak, zeinak oinarrituko baitira oinarrizko lau erregeletan, zatikietan, hiruko erregela bakunean nahiz konposatuan, eta korrituaren erregelan. Test motakoa, galdera bakoitzak hiru edo lau erantzun izanen ditu aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak penalizatu eginen dira, galderaren puntuazioaren %33rekin edo %25ekin, segun erantzun posibleak hiru edo lau diren. Galderak honako hauei buruzkoak izanen dira: lanpostuaren berezko lanetan eta egitekoetan erabiltzen diren materialen motak eta ezaugarri teknikoak, produktuak, makinak, erremintak eta lanabesak, teknikak eta lan-metodoak. Ariketa hori egiteko ez da inongo kalkulagailurik erabiltzen ahal, ezta telefono mugikorrik edo bertzelako materialik ere; bolaluma urdin edo beltza baino ez.
Balorazioa, 0tik 30 puntura bitarte. Delako proba ez da baztergarria izanen.
7.2.2. Proba praktikoa:
Gidatzekoa: ariketa bat edo batzuk eginen dira, eta haietan erakutsi beharko dira Udalaren makineria gidatzeko eta haren mantentze lanak egiteko gaitasuna eta trebezia. Erabiltzeko gaitasuna eta trebetasuna baloratuko dira. 0tik 45 puntura bitarteko puntuazioa.
Baztertu eginen dira 22,5 puntu lortzen ez duten izangaiak.
Oposizioaldiko ariketa bakoitza burututakoan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda ikusgai jarriko da, lortutako puntuazioarekin batera, Mendabiako Herriko Etxeko iragarki-taulan.
Ez da nahitaezkoa proben data, ordu eta tokiak argitaratzea, baina bai Mendabiako Udaleko iragarki-taulan iragartzea, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago, eta hasierako proba baten jarraipena bada, hogeita lau ordu lehenago.
Izangai guztiek nortasun agiri nazionala edo legez baliokidea den agiria aldean dutela agertu beharko dute probetara. Probetan iruzurrik egiten bada, edozein delarik ere, izangaia berehala baztertuko da, eta, gainera, behar diren jarduketa penalak gauzatuko dira, bidezkoak badira.
Gutun-azal itxien sistema erabiliko da proba teorikoan. Ariketa bakoitza zuzendutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu kalifikazioen zerrenda eta plikak jendaurrean irekitzeko eguna eta ordua, udalaren iragarki-taulan eta web-orrian. Epaimahaiak udalaren iragarki-taulan eta web-orrian argitaratuko ditu oposizioko ariketaren behin-behineko emaitzak. Izangaiek alegazioak aurkezten ahalko dituzte behin-behineko kalifikazio horien aurka, bortz egun naturaleko epean, Mendabiako Udalaren erregistro orokorrean, bertara joanez bulegoak irekita dauden orduetan, hau da, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara, edo Mendabiako Udalaren egoitza elektronikoaren erregistro elektronikoa erabiliz.
8. oinarria.–Probak gainditu dituztenen zerrenda, lanpostu hutsen aukeraketa eta aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
8.1. Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanpostu hutsak hautatzea.
8.1.1. Behin proben kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak argitara emanen du, Mendabiako Udalaren iragarki-taulan eta web-orrian, eskainitako lanpostu bakoitzean probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, guztira lortutako puntuazioaren hurrenkeran, eta zerrenda alkateari igorriko dio onets dezan, hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera.
Zerrenda horiekin batera, 1.6 oinarrian aipatzen diren zerrendak eratuko dira, zerbitzu anitzetako enplegatuen lanpostuan egiten ahal diren aldi baterako kontratazioetarako.
8.1.2. Azkeneko emaitzan berdinketarik izanez gero, proba praktikoan, osotasunean, puntu gehien lortzen dutenek izanen dute lehentasuna. Berdinketak bere horretan jarraituz gero, lehen ariketan puntuazio handiagoa erdietsi dutenen alde jokatuko da. Hori eginagatik ere, berdinketak hautsi gabe jarraitzen badu, izangai zaharrenaren alde eginen da.
8.1.3. Epaimahaiak puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio Udaleko Alkatetzari. Loteslea izanen da. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.1.4. Kontratazio proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Mendabiako Udalaren Erregistro Orokorraren bidez:
–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen bertze agiri baliokide batena.
–Deialdiaren 2.1.3 oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinaren fotokopia konpultsatua, salbu eta aurretik aurkeztu bada. Orobat, B edo C motako gidabaimena duela frogatzen duen agirien kopia konpultsatua ere aurkeztu beharko da, 2.1.6 oinarrian arabera dagokiona.
–Osasun ziurtagiri ofiziala, erakusten duena interesdunak ez duela akats fisikorik nahiz psikikorik edo eritasunik, eragozten dionik karguaren eginkizunak betetzea. Proposatutako pertsonak desgaitasuna alegatu badu, deialdia egin duen erakundeak lanpostuan bete beharreko eginkizunak betetzeko bateragarritasun txostena eskatuko dio gizarte eskubideen departamentuaren ezintasunak baloratzeko arloari.
–Zinpeko deklarazioa edo deklarazio solemnea, adierazten duena ez dagoela desgaitua edo gabetua eginkizun publikoetan aritzeko eta ez dela kendua izan administrazio publiko baten zerbitzutik.
–Zin egitea edo hitzematea errespetatuko duela Nafarroako Foru Araubidea, men eginen diela Konstituzioari eta legeei, eta zuzen beteko dituela karguari dagozkion eginkizunak.
Desgaitasunen bat alegatu duten izangaiek, gainera, aurkeztu beharko dute frogagiri bat, erraten duena desgaitasuna bateragarria dela deialdiko lanpostuarekin. Balorazio eta orientazio talde eskudunek eman beharko dute.
8.1.5. Proposatutako izangaiak ez baditu agiri horiek aurkezten, edo lanposturako gai ez bada, ezin izanen da izendatu, eta hutsunea beteko da probak gainditu dituztenen zerrendan hurrengoa den izangaiarekin (8.1.1 apartatuan aipatutako zerrenda), eta aurreko apartatuetan ezarri bezala jokatuko da.
8.2. Aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda.
8.2.1. Probak gainditu baina lanposturik lortu ez duten izangaiei dei egiten ahalko zaie, puntuazio hurrenkerari jarraikiz, Mendabiako Udalean dagokion zerbitzuan sortzen diren beharren arabera, deialdi honen oinarrietan ezarritakoari eta aplikatzekoak diren gainerako arauei jarraikiz.
Probak gainditzen dituztenen zerrenda agortzen bada, eta bertze zerrenda bat egiteko probetarako deialdia egin arte, proba teorikoa gainditu dutenei egiten ahal zaie dei, lortutako puntuazioaren hurrenkeran.
8.2.2. Aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onesten dituen abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera eginen zaie dei izangaiei, oinarri hauetan berariaz ezarri ez denari dagokionez.
Deitutako izangaiak kontratua sinatu beharko du (bertze epe bat ezarri ezean) abisua eman eta bortz eguneko epean (edo beranduenez 15 egunekoan, une horretan duen lanpostuan aurreabisua eman behar badu); eskatutako agiriak aurkeztu beharko ditu, eta zinpeko aitorpena, horren bidez adierazteko ez dutela baztertu Estatuko, autonomia erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako edo toki erakundeetako inolako kargu, lanpostu edo eginkizunetatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoetan aritzeko.
Oinarri honetan zehaztutakoa aipatu epe horien barrenean betetzen ez bada, ezin izanen da kontratazioa egin, eta indarrik gabe geldituko dira dagozkion eskubideak.
Halakoetan, zerrendan hurrengo puntuazio handiena duen izangaiari deituko zaio.
8.2.3. Izangaiei lanerako deia egiten zaienean, aintzat hartuko da, orobat, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean ezarritakoa, hain zuzen, zazpigarren xedapen gehigarriaren 4. apartatuan, non arautzen baitira desgaitasunen bat duten pertsonek enplegua lortzeko moduaren xehetasunak Nafarroako Foru Komunitaterako. Egin behar diren zereginak eta eginkizunak betetzeko bateragarritasuna frogatzen duten agiriak egiaztatzea Mendabiako Udalari dagokio.
8.2.4. Lokalizatuak izateko, izangaiek harremanetarako telefono bat bederen eman beharko dute (harremanetarako bertze telefono batzuk ere eman ditzakete), bai eta helbide elektroniko bat ere. Informazio hori une oro eguneratua eduki behar dute.
8.2.5. Aldi baterako kontratazioa egin behar denean lanpostu baterako, dei eginen zaio une horretan zerrendako lehen lekuan dagoen izangaiari. Izangai bakoitza lokalizatzeko bi saiakera eginen dira telefonoz bi lanegun jarraitutan, eta dei horien frogak jasoko dira; alegia, eguna, ordua eta inguruabarrak. Telefonozko harremana izateko lehenbiziko saiakerarekin batera, mezu elektroniko bat bidaliko da izangaiak emandako helbide elektronikora. Mezu elektroniko hori bidaltzen denetik egun bateko epean erantzunik lortzen ez bada, eta telefonoz hitz egiterik ere ez bada, zerrendako hurrengoari deituko zaio.
Izangai batekin harremanetan jarri eta, kontrataziorako eskaintza bat eginik, izangaiak erantzuten ez badu edo uko egiten badio, zerrendako azkeneko postura igaroko da, salbu frogatzen badu arrazoi justifikatuengatik uko egiteko kasu batean dagoela, 8.2.6. apartatuan xedatutakoarekin bat.
Izangai batekin harremanetan jartzerik ez bada, zerrendan duen lehentasunari eutsiko dio eta zerrendan hurrengoa denari deituko zaio, harik eta eskaintzen den lanpostua bete arte.
Izendapena eginda, toki-erakunde eskatzaileak aldi baterako kontratatuko du proposaturiko izangaia.
Deia eginda kontratu bat onartzen dutenei ez zaie zerrenda bereko bertze lanposturik eskainiko kontratua indarrean den bitartean.
8.2.6. Honako hauek onartuko dira arrazoi justifikatu gisa eskainitako lanpostuan kontratatzeari uko egiteko, eta, beraz, ez dute izangaiaren lehentasun ordena aldatuko aldi baterako kontratazioko izangaien zerrendetan:
–Aldi baterako ezintasuna.
–Amatasun edo aitatasun baimena.
–Zaindu behar izatea hiru urtetik beherako semea edo alaba, edo hiru urtetik beherako adingabea harrera iraunkorrean hartua edo adoptatua.
–Zaindu behar izatea bigarren gradura arteko odol edo ezkontza bidezko ahaide bat, ezin duena bere burua gobernatu adina, istripua edo eritasuna dela kausa.
–Norberaren ezkontza edo parekatutako egoera, jarraikiz uztailaren 3ko 6/2000 Legeari (Bikote Egonkorrendako Berdintasun Juridikoari buruzko Legea), baldin eskainitako kontratazio administratiboaren hasiera eguna badago hura eratu ondoko edo aurreko hamabortz egun naturaleko epearen barnean.
–Kontratazioren bat indarrean izatea, izan administrazio-araubidekoa edo lan-araubidekoa.
–Desgaitasunen bat behar bezala aitortua izatea eta desgaitasunaren ezaugarriak bateraezinak izatea eskaintzen zaion lanpostuaren berariazko ezaugarriekin.
Aipatu egoeretako batean dauden izangaiek 7 egun naturaleko epea izanen dute, errefusatu duten lanpostuaren kontratua eskaintzen zaien egunetik, agiri bidez eta modu fede-emailean frogatzeko. Hala bada, zerrendan zuten toki berean segituko dute.
Baldin ez bada epe barrenean aurkezten kontratazio eskaintzari uko egiteko arrazoi justifikatua frogatzen duen dokumentazioa, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
Uko egiteko arrazoi justifikatua dagoenean, idatziz adierazi beharko dute berriz prest daudela lanean jarduteko, uko egitea ekarri zuen egoera bukatzen den egunetik hasita. Komunikazio hori egiten ez den bitartean, ez zaie lanposturik eskainiko.
8.2.7. Izangaiak honako kasuetan geratuko dira deia ekarri duen zerrendatik kanpo:
–Kontratazio eskaintza onartuta dela, kontratua ez sinatzea 8.2.2. apartatuan ezarritako epean, izangaiari egozten ahal zaion arrazoiagatik.
–Sinatutako kontratuari uko egitea, salbu eta horren arrazoia baldin bada bertze kontratu bat sinatu dela bertze entitate publiko edo pribatu batekin. Agiri bidez eta modu fede-emailean frogatu beharko da hori, ukoaren formalizaziotik 7 egun naturaleko epean. Kasu horretan, izangaia zerrendako azkeneko tokira igaroko da.
–Lanpostua bertan behera uztea.
–Probaldia ez gainditzea.
–Urtebeteko epean izangaiarekin harremanetan jartzea ezinezkoa izatea, hark emandako telefonoen edo helbide elektronikoaren bidez kontratatzeko deiak behin eta berriz eginda ere.
–Deialdiaren 2. oinarrian ezarritako baldintzak ez frogatzea edo horiek egiaztatzeko agiriak ez edukitzea edo galtzea.
8.2.8. Deia jasotzen dutenek aurkeztu beharko dute deialdian titulazioari eta bertzelakoei buruz eskatutako betebeharrak betetzen dituztela frogatzeko dokumentazioa.
8.2.9. Eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak hautapen prozesutik baztertuko dira, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, eta galdu eginen dituzte deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak.
8.2.10. Kontratatzen direnei alta emanen zaie Gizarte Segurantzako araubide orokorrean, eta bertan afiliatuko; beraz, haien kargura egonen da kasuan kasuko kuota, bai eta PFEZaren atxikipena ere (pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga), bidezko diren zenbatekoetan.
9. oinarria.–Izendapena eta jabetza hartzea.
9.1. Hautapen prozesua amaitu ondoren eta gainditu eta puntuaziorik altuena lortu duen izangaiak 8.1.4 oinarrian aipatzen diren agiriak ekarri ondoren, Udaleko alkateak Mendabiako Udaleko funtzionario izendatuko du makineriaren gidariaren lanpostuan jardun dezan, eta lanpostu hutsa esleituko zaio.
9.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Argitalpen horrek jakinarazpenaren ondorio berberak izanen ditu, hala ezartzen baitu 45. artikuluan Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
9.3. Izendatutako izangaiak hilabeteko epean jabetu behar du lanpostuaz, izendapena jakinarazten diotenetik hasita. Epe horretan, eta ezinbertzeko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, eskubide guztiak galduko ditu, eta 8.1.5 apartatuan xedatutakoari jarraituko zaio.
9.4. Izangai izendatua funtzionario bihurtu eta, lanpostuan batere aritu gabe, zuzenean eta berak eskatuta, borondatezko eszedentzia aitortzen bazaio jabetza hartzen duen egunetik beretik –indarreko araudian ezarritako kasuetan–, kasuko lanpostu hutsa ere deialdiaren 8.1.5 apartatuan xedatzen den moduan beteko da.
10. oinarria.–Datu pertsonalen babesa.
Bat etorriz 2016/679 (EB) Erregelamenduaren 13. artikuluan ezarritakoarekin (Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorra, DBEO), izangaiei honako hauek jakinarazten zaizkie:
10.1. Mendabiako Udala da izangaiek emandako datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna.
10.2. Datuen tratamenduaren xedea da langileak hautatzea eta deialdiko lanpostuak betetzea.
10.3. Oinarri juridikoa honako hau da: DBEOren 6.1.b) artikulua (kontratu bat gauzatzeko behar den tratamendua, interesduna denean kontratu horren alderdi bat, edo tratamendua beharrezkoa denean kontratu aurreko neurriak aplikatzeko, interesdunak eskatuta); eta DBEOren 6.1.c) artikulua (beharrezkoa den tratamendua, tratamenduaren arduradunari aplikagarri zaion legezko betebehar bat betetzeko).
10.4. Datuak zein helburutarako bildu diren, halako helburua lortzeko beharrezkoa den denbora guztian gordeko dira, bai eta deialdiaren edo datuen tratamenduaren ondoriozko erantzukizun guztiak zehaztu ahal izateko ere. Artxiboen eta dokumentazioaren gaineko araudian ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Toki Erakundeen agiriak ebaluatzeko eta ezabatzeko jarraibideak).
10.5. Datuak komunikatuko dira legeak ezarritako kasuetan (5/2015 Legegintzako Errege-Dekretua, urriaren 30ekoa), barnean dela Udalaren web-orrian argitaratzea, oinarri hauekin bat etorriz.
10.6. Titularrek eskubidea izanen dute datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deusezteko, tratamendua mugatzeko, kontra egiteko eta datuak eramateko, udal bulegoetan edo egoitza elektronikoaren bidez (www.mendavia.es). Halaber, eskubidea dute erreklamazioa aurkezteko Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan (aepd.es), uste badute datuen tratamendua ez datorrela bat indarrean den araudiarekin.
11. oinarria.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka nahiz haren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Mendabian, 2025eko otsailaren 12an.–Alkatea, María José Verano Elvira.
I. ERANSKINA.–ESKABIDE-ORRIA
Iragarkiaren kodea: L2502228
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
