40. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 27a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

BERIAIN

Deialdia, Udaltzaingo Zerbitzuko agente izateko 2 lanpostu oposizio bidez betetzeko

Beriaingo alkateak, 2025eko otsailaren 11ko 52. Ebazpenaren bidez, deialdi bat onetsi zuen, oposizio bidez betetzeko udaltzainen bi lanpostu, funtzionarioen araubidekoak. Deialdiaren bidez bete nahi dira Udaltzaingo Zerbitzuari atxikitako bi lanpostu huts (30003 eta 30004 zenbakiak dituzte Udalak 2024rako onetsitako plantilla organikoan). Ebazpen horren bidez, halaber, deialdia arautzeko oinarriak onetsi ziren; hona hemen:

OINARRIAK

1.–Xedea.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea udaltzainen bi lanpostu, funtzionarioen araubidekoak, Beriaingo Udaltzaingo Zerbitzuan aritzeko, txanda hauetan banaturik:

a) Lanpostu bat txanda irekian. Plantilla organikoan 30003 zenbakia du.

b) Lanpostu bat igoera txandan, Nafarroako Administrazio Publikoko langileendako. Plantilla organikoan 30004 zenbakia du.

Igoera txandako lanposturen bat bete gabe gelditzen bada, izangairik ez dagoelako edo aurkezten diren izangaiak hautaprobetan eskatutako gutxieneko puntuaziora ez iristeagatik, txanda irekikoari gehituko zaio.

Halaber, baldin igoera txandako lanpostu hutsen kopurua baino izangai gehiagok gainditzen badituzte probak, txanda horretan probak gainditu arren lanposturik eskuratzen ez dutenek aukera izanen dute txanda irekiko lanpostu hutsak eskuratzeko, txanda horretako izangaiekin lehian eta lortutako azken puntuazioaren arabera.

1.2. Izendapenak Beriaingo Udaleko funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, ondorio guztietarako, lanpostuaren jabetza hartzen dutenetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko dira, hala behar badu, eta hartan alta emanen zaie.

1.3. Izendatzen diren izangaiek beteko dituzte azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean (Nafarroako Polizien Foru Legea) ezarritako berezko eginkizunak, bai eta Udalak lege esparruaren barnean agintzen dizkienak ere, eta C mailan sartuko dira.

2.–Aplikatzekoa den araudia.

Hautaketa-prozesu hau lotuko zaio gai honen gainean xedatuta dagoenari azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean (Nafarroako Polizien Foru Legea) eta haren geroko aldaketetan, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginean (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsia), aplikatzekoak diren gainerako arauetan eta deialdiaren oinarrietan.

3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

3.1. Txanda irekia.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea izatea.

b) Hemezortzi urte beteak izatea, eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarreko legeekin bat.

c) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean edukitzea Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea, edo eskuratzeko moduan egotea.

Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.

d) Behar diren gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea deialdiaren xede den lanpostua betetzeko, eta ez izatea deialdi honen IV. eranskinean jasotako bazterbide medikorik.

e) Kondenatua ez egotea dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta ez egotea eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

f) B motako eta A2 edo A motako ibilgailuak gidatzeko baimenak izatea.

3.2. Igoera-txanda.

Txanda irekiko izangaiei eskatutako baldintzez gain, igoera txandako izangaiek baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finkoa izatea, eta administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua izatea, Nafarroako polizia kidegoetako kideen kasuan izan ezik, horiek frogatu beharko baitute zortzi urtez egin dituztela benetan zerbitzuak kidego horietan.

b) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

c) Deialdiko lanpostu hutsen maila berekoa edo beheragokoa izatea.

Baldintza horiek guztiak bete beharko dira eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean eta lanpostuaz jabetu arte, f) oinarrikoa izan ezik; hari dagokionez, aski izanen da betetzen hastea oinarrizko prestakuntza-ikastaroa egiteko izangaien behin-behineko zerrenda jendaurrera ateratzen den egunerako (8.5 apartatua).

Deialdi honen oinarrietan ezartzen den unean frogatu beharko dituzte baldintza horiek izangaiek. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta baliorik gabe geldituko dira ordura arteko jarduketa guztiak; horrez gain, dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik.

4.–Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak aurkeztu beharko dira Beriaingo Udalaren erregistro orokorrean (Udaletxeko plaza z.g.) 10:00etatik 14:00etara, edo Beriaingo Udalaren egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.beriain.es), edo, bestela, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako bat erabiliz (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea). Betiere, bosgarren oinarrian adierazitako epean aurkeztu beharko dira.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal ireki batean aurkeztu behar da, postako langileek data eta zigilua jar diezazkioten eskabideari, hura ziurtatu aurretik. Horrez gain, frogagiria bidali beharko da helbide elektroniko honetara: beriain@beriain.es. Baldintza horiek betetzen ez badira, ez da eskabidea onartuko.

Eskabideak izanen dira I. eranskineko ereduaren araberakoak.

Parte hartzeko eskabidean, izangaiek adierazi beharko dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean.

Eskabidearekin batera, izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia.

b) Eskatzen den titulazioaren kopia, edo eskabideak aurkezteko epea amaitzen denerako hura erdiesteko moduan egotea ziurtatzen duen agiriarena.

c) Osasun ziurtagiri ofiziala, frogatzen duena izangaiak baduela gaitasuna III. eranskinean agertzen diren proba fisikoak egiteko.

d) Justizia Ministerioaren menpeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena izangaiak ez duela erregistro horretan aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.

e) Behar den tasa ordaindu izanaren gordekina, azterketa eskubideengatik eta espedientea formalizatzeagatik: 5,00 euro.

Zenbateko hori ordaintzen ahalko da eskudirutan diru-sarrera eginez edo banku-transferentzia bidez, honako kontu honetan: ES47 2100 5370 7722 0002 6376.

Ordainagirian nahitaez adierazi beharko dira honako datu hauek: izangaiaren izen-deiturak eta kontzeptua, hots, zer hautapen-prozesutan parte hartu nahi den.

Tasa ordaintzetik salbuetsita daude deialdia argitaratzen den egunerako lan eskatzaile gisa hilabete bat edo gehiago inskribaturik daramaten pertsonak. Salbuespen hori aplikatzeko baldintza izanen da inskribaturik egon diren bitartean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana eta lanbide sustapen, prestakuntza edo aldaketarako ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko kasuetan izan ezik, eta, horrez gainera, lanbide arteko gutxieneko soldatatik goitiko diru-sarrerarik ez izatea hilean.

Salbuesteko arrazoi hori frogatzeko, behar den enplegu bulegoak emandako agiria aurkeztu beharko da. Bertan, lan eskatzaile gisa inskribatu zeneko data agertuko da, eta, orobat, adieraziko da inskribaturik egon den bitartean ez diola uko egin handik eskainitako inolako lan egokiri, ezta lanbide sustapen, prestakuntza edo birmoldaketarako ekintzetan parte hartzeari ere, justifikatutako kasuetan izan ezik. Lanbide arteko gutxieneko soldatatik gorako diru-sarrerarik ez izateari dagokionez, frogatuko da interesdunaren zinpeko adierazpen baten bidez.

Azterketa eskubideen tasa ordaintzen ez bada, izangaia baztertu eginen da.

Azterketaren eskubideen tasa ordaindu arren, ezinbertzekoa izanen da aurkezteko izapidea behar den epean eta moduan egitea.

Puntu honetan adierazitako agiriak aurkezten ez dituztenak ez dira deialdian onartuko. Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

4.2. Igoera txandako izangaiek abiaburuko lanpostua, maila eta bertan duten antzinatasuna frogatzen dituen agiria aurkeztu beharko dute, zein administraziotakoak diren, hartan ziurtagiriak emateko eginkizuna esleitua duen organoak luzatua.

5.–Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Baldin epearen azken eguna larunbata edo baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

6.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

6.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Beriaingo Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta aginduko du argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan. Izangai bazterturik ez bada, alkateak zuzenean onesten ahalko du izangai onartuen behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

6.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo hamar egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute, idazkia aurkeztuz Beriaingo Udalaren erregistro orokorrean.

6.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta, halakorik egon bada, haiei erantzun ondoren, Beriaingo Udaleko alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

6.4. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak. Hautapen-prozesua gainditu ondoren, izangaiek aurkeztu beharreko dokumentazioa aztertzen denean, egiaztatzen baldin bada ez dutela baldintzaren bat betetzen, epeari edo moduari dagokionez, interesdunek galduko dituzte prozedura honetan parte hartzeagatik izan ditzaketen eskubide guztiak, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

7.–Kalifikazio-epaimahaia.

7.1. Hauek izanen dira kalifikazio-epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: José Manuel Menéndez González, Beriango Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Anna Llamas Montaña, Beriaingo Udaleko lehen alkateordea.

–Epaimahaikidea: Juan Tomás Zubasti Madoz, Noain Elortzibarko Udaltzaingoko burua.

Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.

–Epaimahaikidea: Roberto Fernández Suberviola, Beriaingo Udaltzain Zerbitzuko agentea.

Ordezkoa: Miguel Ángel Serrano Gijón, Beriaingo Udaleko Kanpoko Zerbitzuko arduraduna.

–Epaimahaikidea: Susana Mendo Echeverría, Beriaingo Udaleko langileen ordezkari gisa.

Ordezkoa: José García Ucle, Beriaingo Udaleko langileen ordezkari gisa.

–Epaimahaikide idazkaria: César Suescun García, Beriaingo Udaleko idazkaria.

Ordezko epaimahaikide idazkaria: Alberto García Pérez, Beriaingo Udaleko kontu-hartzailea.

7.2. Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta Beriaingo Udalari hala jakinarazi, baldin 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako jasota dauden arrazoiak suertatzen badira (Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko Legea).

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, inguruabar horietako bat gertatzen denean.

Epaimahaia aldatzen bada, abstenitzeko eta errekusatzeko ezarritako arrazoiak direla eta, horren berri emanen da izangai onartuen eta baztertuen zerrendekin batera.

7.3. Hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da epaimahaia.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, gutxienez kideen gehiengo osoa ez badago bertan.

Halaber, epaimahaiaren eraketak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek egon beharko dute bertan.

7.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren auzi guztiak.

7.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eskatzen ahalko du probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

8.–Hautapen-prozesuaren nondik norakoak eta balorazioa.

8.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan xedaturikoarekin bat, oposizioa, gutxienez ere, deialdia argitaratu eta bi hilabeteren buruan hasiko da.

8.2. Oposizioaren nondik norakoa.

Oposizioko lehen fasean, proba batzuk egin beharko dira, baztertzaileak: ezagutzak, egoera fisikoa, eta medikoa. Bigarren fasean, berriz, oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditu beharko da.

8.3. Oposizioaldiko probak.

Oposizioaldiko proba guztiak deialdi bakarrean eginen dira, eta izangaiek aldean izan beharko dute nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.

Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa eginda, epaimahaiak kalifikazioak jarriko ditu jendaurrean, eta bost eguneko epea emanen du, izangaiek erreklamazioak aurkez ditzaten. Behin horiek ebatzita, behin betiko zerrendak emanen ditu argitara.

Oposizioaldiko probak honako hauek izanen dira:

Lehenbizikoa.–Proba teorikoa: test motako ariketa bat egin beharko da, II. eranskinean agertzen diren gaiei buruzkoa (60 puntu gehienez). Bazterturik geldituko dira gutxienez 30 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Bigarrena.–Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du izangaiak baztertzeko.

Epaimahaiak ezartzen duen hurrenkeran eginen dira proba horretako ariketak. Ariketa bakoitzean "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen da. Izangaiek ez badituzte proba guzti-guztietan lortzen III. eranskinean haietarako ezarritako gutxieneko puntuazioak, "ez gai" kalifikazioa jasoko dute eta, beraz, baztertu eginen dira. Era berean, baztertu eginen dira dopinaren kontrako kontrolean positiboa ematen dutenak, edo kontrola egitea onartzen ez dutenak.

Bigarren probako ariketak honela kalifikatuko dira:

–Bankuko press-a, edo pisua jasotzeko proba.

–Uretako trebetasun proba.

–Zalutasun proba (Barrow testa)

–Erresistentzia-proba (Course Navetteren testa).

Epaimahaiak eskatuz gero, izangaiak behartuak daude dopinaren kontrako kontrola egitera, proba fisikoak egin bitartean edo beste egun batean. Kontrola egin daiteke ariketaren batean lortutako sailkapenari jarraikiz, edo ausaz. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Izangaiak kontrol hori egiteari uko eginez gero edo trabak jarriz gero, edo adierazten zaion tokian eta orduan agertzen ez bada behar bezala justifikatu gabe, hautapen-prozesutik baztertuko da berehalakoan. Baztertzeko arrazoi izanen da, orobat, trabak jartzea dopin kontrola legeak xedatu bezala egiteko, kasurik ez egitea, bidegabeki luzatzea eta ezkutatzea, bai eta, egitez edo ez-egitez, kontrola egitea saihesten, eragozten, nahasten, edo oztopatzen duten gainerako jokabideak ere, eta, betiere, izangaiak nahita saihestea hartu beharreko laginak biltzea, egitez edo ez-egitez.

Debekatuta dagoen edozein substantzia hautemanez gero, dena delako izangaia hautapen-prozesutik baztertuko da, deusetan galarazi gabe izangaiak kontraanalisia egin diezaiotela eskatzeko duen eskubidea, ez eta kalifikazio epaimahaiari bidezko alegazioak aurkezteko aukera ere.

Hirugarrena.–Proba medikoak.

Aurreko probak gainditzen dituztenei eginen zaizkie proba medikoa. Haien bidez egiaztatuko da badutela lanpostuan aritzeko gaitasun psikofisikoa, deialdiko 3. oinarriaren d) letran ezarritakoaren arabera.

Osasun-azterketa eginen du Lan arloko Balorazio Klinikoaren eta Ikuskatzailetza Medikoaren Atalak (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Lan Osasunaren Zerbitzua) edo, hala behar bada, behar bezala akreditatutako kanpoko entitate batek, eta horren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat.

Proba medikoetan, izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

8.4. Hautapenaldiko proba bakoitzaren kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udalaren iragarki-taulan eta webgunean, oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinekoz onartu diren izangaien zerrenda, puntuazio osoaren hurrenkeraren arabera, proba bakoitzeko puntuazioak baturik. Berdinketarik gertatuz gero puntuazio osoan, lehenbiziko proban puntu gehien lortu dutenen alde joko da, eta, berdinketak badirau, bigarren proban lortutako puntuak hartuko dira aintzat.

8.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.

8.5.1. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartu ahal izateko, ikastaro horretarako onartutakoen behin-behineko zerrenda Beriaingo Udaleko ediktuen taulan jendaurrean jarri eta handik hamar egun naturalean, izangaiak frogatu beharko du deialdiaren 3. oinarriko f) apartatuko baldintzak betetzen dituela. Horretarako, dokumentazio hau aurkeztu beharko du Beriaingo Udalaren erregistro orokorrean, epaimahaiko idazkariari zuzendua:

Deialdian eskatutako gidabaimenen fotokopia konpultsatua, bi aldeena.

–Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dela kondenatua dolozko delitu bat dela kausa, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.

–Zin egin edo hitzematea Nafarroako Foru Eraentza errespetatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

–Gizarte Segurantzaren txartelaren fotokopia konpultsatua.

–Nomina zer bankutan edo aurrezki kutxatan jaso nahi den, hango libretaren fotokopia konpultsatua.

Hautapen-prozesutik kanpo geldituko dira agiri horiek aipatutako epean aurkezten ez dituzten izangaiak.

Epaimahaiak, ikusirik izangaiek aurkeztutako dokumentazioa eta proba medikoen emaitzak, zehaztuko du zer baja izan diren hautapen-prozesuan, eta baja haiek beteko ditu bazterturik gelditu ez diren beste izangai batzuekin, baldin eta proba medikoak gainditu badituzte eta eskatutako dokumentazioa aurkezten badute. Hori egindakoan, argitaratuko da oinarrizko prestakuntza-ikastarora onartutakoen behin betiko zerrenda, Udalaren ediktuen taulan eta web-orrian.

8.5.2. Prestakuntza-ikastaroa Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, baztertzailea izanen da eta honako hauei jarraikiz eginen da: Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren antolamendu eta funtzionamendurako Erregelamendua onesten duen irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuak horren gainean ezarritako aginduak eta aplikagarriak diren gainerako xedapenak.

Jarraikiz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean aurreikusitakoari, izangairen batek gainditu badu deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Zuzendaritzak ikastaro hori baliozkotzea. Hori frogatzeko, egiaztagiri ofiziala aurkeztuko da, frogatzen duena ikastaroetako edukien berdintasuna edo baliozkotasuna, eta baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Egiaztagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta.

Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenak, edo eskolak berak lehenago emandakoak, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, dagokion puntuazioa ere emanen du.

Alkatetzaren ebazpen baten bidez, prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duten izangaiak izendatuko dira Beriaingo Udaleko praktiketako funtzionario, eta atxikiko zaizkio Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari, salbu eta lehendik Nafarroako beste administrazio publiko bateko funtzionario badira. Azken kasu horretan, jarduneko egoera administratiboan mantenduko dira lehendik funtzionario diren prestakuntza-ikastaroko izangaiak, ikastaroak dirauen bitartean, erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera. Zehazki, langile horiek eskubidea izanen dute graduari eta antzinatasunari dagozkien ordainsariak jasotzeko.

Txanda irekian, praktiketako funtzionarioak jasoko du lortu nahi duen lanpostuari dagokion mailaren hasierako soldata, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere, eta Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean kidetu eta alta emango zaio.

Praktiketako funtzionario izateak ez ditu ematen eskuratu nahi den lanpostuari, kidegoari edo karrerari dagozkion eskubideak.

Ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du galtzea oposizioan jarraitzeko eskubidea eta praktiketako funtzionarioaren izaera. Hori gertatzen bada, deialdia egin duen organoari komunikatuko zaio. Epaimahaiak baja hori jakinaraziko dio Udalari.

Osasun-azterketa bat eginen da oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin betiko onartuak izan baino lehen, baina, horretaz gain, ikastaroa egiten den bitartean edo hura bukatutakoan, behar diren proba mediko guztiak egiten ahalko zaizkie izangaiei, egiaztatzeko deialdiaren 3.1.d) oinarrian eskatzen den baldintza betetzen segitzen dutela. Proba horien bidez egiaztatzen bada badela baztertzeko arrazoirik, epaimahaiak aginduko du izangai horiei baja emateko hautapen-prozesuan, eta, ondorioz, galduko dute praktiketako funtzionario izaera.

Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, baldin hautapen-prozesuan baja ematen ez bazaio gaitasun psikofisikoa galtzeagatik, praktiketako funtzionarioa izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.

Prestakuntza-ikastaroaren kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izanen da.

Prestakuntza ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarentzat.

9.–Proben eta prestakuntza-ikastaroaren balorazioa.

9.1. Lehenbiziko probak 60 puntuko balorazioa izanen du gehienez. Test motako ariketa bat izanen da: 60 galdera izanen dira denera, II. eranskineko gaiei buruz. Bertan, lau erantzun eskainiko dira, baina bat bakarra izanen da zuzena.

Ongi erantzundako galdera bakoitzak puntu bateko puntuazioa izanen du. Gaizki erantzundako galdera bakoitzak 0,50eko balorazio negatiboa izanen du, eta zuriz utzitakoak ez dira puntuatuko. Bazterturik geldituko dira lehen ariketa honetan 30 puntura iristen ez diren izangaiak.

9.2. Gaitasun fisikoa neurtzeko probetan, "gai" edo "ez gai" kalifikazioa lortzen ahalko da. "Ez gai" joko dira deialdiaren III. eranskinean ezarritako gutxienekoak gainditzen ez dituztenak, eta, ondorioz, bazterturik geldituko dira. Hauek dira egin beharreko ariketak:

–Bankuan etzanda pisua altxatzeko proba: 36 kg gizonentzat eta 20 kg emakumeentzat.

–Uretako trebetasun proba.

–Zalutasun ariketa. (Barrow testa).

–Erresistentzia lasterketa (Course Navette-ren testa).

9.3. Proba medikoetan izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.

9.4. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez dutenak ere bazterturik geldituko dira oposiziotik. Prestakuntza-ikastaroan Nafarroako Segurtasun Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio epaimahaiarendako. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaiak "gai" edo "ez gai" kalifikatuko dira.

10.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

Kalifikazio epaimahaik, izangaiek prestakuntza-ikastaroan erdietsitako kalifikazioak jaso ondotik, espedientean jasoko ditu, ikastaroa gainditu dutenen zerrenda onetsiko du (oposizioan ateratako puntuazio osoaren arabera), eta Alkatetzari igorriko dio gainditu duten izangaien aldeko izendapen proposamena. Proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.–Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Eskatutako agiriak aurkeztu ondoren, Alkatetzaren ebazpen baten bidez, Beriaingo Udaleko funtzionario izendatuko dira oposizioa gainditu duen izangaiak.

11.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

11.3. Izangaiek izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko dute lanpostuaz. Beriaingo Udaltzaingoko lanpostuez jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak Udalean sartzeko eskubide guztiak galduko ditu.

Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede diren lanpostuetarako izendatuak izan ondoren, Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen diren izangaiak afiliatuko dira Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean, eta alta emanen zaie araubide horren babesean, salbu eta lehendik afiliaturik badaude Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzaren beste araubide batean; halakoetan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko dute babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.

12.–Datuen babesa.

Datuen tratamenduaren arduraduna: Beriaingo Udala.

Datuak babesteko ordezkaria: dpd@beriain.es.

Helburua: langileak hautatzea eta deialdiko lanpostua betetzea.

Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena.

Datuak kontserbatuko diren denbora: aipatu helburua betetzeko behar den denboran kontserbatuko dira datuak, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Era berean, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).

Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta iragarki-tauletan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.

Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuetan sartzeko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezerezteko ere.

Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahalko dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, haren egoitza elektronikoaren bidez (www.agpd.es).

13.–Errekurtsoak.

Deialdi honen, deialdiaren oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

I. ERANSKINA.–ESKABIDE EREDUA

Eskabidearen eredua dagokion izapidean egonen da eskuragarri, honako helbide honen barnean: https://sedeelectronica.beriain.es.

https://administracionelectronica.navarra.es/AccesoFicheros/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/Bon/IMPRESOSG/005_Local_solicitud_proceso_selecc_E.pdf

II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA

1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak.

2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Lehen titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. III. titulua, I. kapitulua, 2. atala: udalen funtzionamendua. Beriaingo Udala; antolakuntza, funtzionamendua, osaera eta ezagutza orokorra.

3.–251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina. I. titulua. Xedapen orokorrak. II. titulua. Funtzionario publikoak. I. kapitulua. Hautaketa. II. kapitulua. Funtzionario izaera eskuratzea eta galtzea. III. kapitulua. Mailak eta graduak. Laugarren xedapen iragankorraren eragina. IV. kapitulua. Administrazio karrera. VI. kapitulua. Administrazio egoerak.

4.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: Autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetan hirugarrena.

5.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: Zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: Arau-hauste penala. II. titulua: Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak.

6.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: II. liburua: I. titulua: salaketa. VI. titulua, II. kapitulua: atxiloketa. IV. kapitulua: defentsa eskubideaz baliatzea, abokatuaren laguntza, eta atxilotuei eta presoei eman beharreko tratua. VIII. titulua, I. kapitulua: Toki itxian sartu eta hori miatzea.

7.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua, xedapen orokorrak eta VII. Titulua (polizia arreta eta babes eraginkorra).

8.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.

9.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena. Atariko titulua. I. titulua: Legearen aplikazio eremua. III. titulua: Prozeduraren instrukzioa.

10.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziari buruzkoa.

11.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Atarikoa. I., II. eta III. kapituluak. V. kapitulua (30. artikulutik 37.era, 47. artikulutik 49.era, eta 52. artikulua, denak barne). Seigarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena.

12.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legea.

13.–Irailaren 23ko 201/2002 Foru Dekretua, arautzen duena ikuskizun publikoen eta josteta jardueren ordutegi orokorra.

14.–3/2007 Lege Organikoa, martxoaren 22koa, Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirakoa. I. eta II. tituluak.

15.–Beriaingo Udalaren ordenantzak eta erregelamenduak.

16.–Beriaingo geografia, historia eta kale-izendegia.

17.–Gaztelaniaren oinarrizko ortografia.

Oharra: gai guztiak eskatuko dira deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean indarrean dagoen legediaren arabera.

III. ERANSKINA.–BIGARREN PROBARI (GAITASUN FISIKOA) DAGOZKION ARIKETAK

1.–Bankuko press-a, edo pisua jasotzeko proba, 36 kg gizonentzat eta 20 kg emakumeentzat.

Azalpena: banku batean etzanda, ahoz gora, izangaiak 36 edo 20 kiloko pisua goratu behar du 60 segundoan ahal duen aldi gehienetan. Bi eskuekin goratuko du pisua, barra hartuta sorbalden zabalera baino pixka bat zabalago (barrari esku-ahurraz helduta eta behatzak itxita). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.

Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.

Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.

Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:

–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.

–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.

Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:

ERREPIKAPENAK/PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

30 baino gutxiago

30 edo gehiago

EMAKUMEAK

20 baino gutxiago

20 edo gehiago

2.–Uretako trebetasun proba. (50 metro estilo librean).

Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean.

Ezin izanen da erabili urpean igeri egiteko betaurrekorik, ez urpean igeri egiteko beste baliabiderik ere, baina bai igeri egiteko betaurrekoak. Nahitaezkoa da igeritako txanoa janztea.

Saio bakarra eginen da.

Epaile kronometratzaileak "ya" esatean hasiko da ibilbidea.

Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:

Kortxo-ilarak edo igerilekuaren alboko kaleak edo ertza euskarritzat edo abiada hartzeko erabiltzen baditu.

–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.

–Kalez aldatzen bada.

–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.

–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.

Puntuazioa: eskala honen arabera emanen da (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko).

DENBORA/PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

45’’ edo gehiago

44,9’’ edo gutxiago

EMAKUMEAK

50" edo gehiago

49,9’’ edo gutxiago

3.–Zalutasun proba. (Barrow testa).

–Abiapuntuko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzean.

–Gauzatzeko modua: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta, gero, beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Ibilbide bakoitzean, bi saiakera egin daitezke. Bigarren saioa eginen da, bakar-bakarrik, baldin lehenbizikoa baliogabea izan baldin bada. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saioa egin baino lehen.

Zirkuituaren eskema:

Saio baliogabea izanen da honako hau gertatzen denean:

a) Izangaiak zutoinetako bat botatzen duenean.

b) Zutoin bat hartzen duenean, ez irteteko.

c) Izangaia ibilbidetik ateratzen denean.

Honako hauek dira kanporatzeko arrazoiak:

a) Ibilbideetako batean (A edo B) bi saio baliogabe egitea.

b) Probarako ezarritako gehieneko denbora gainditzea.

Puntuazioa: izangaiek bi ibilbidetan egindako denbora batuko da (A + B), kontuan izanik ibilbideak bukatuko direla izangaiak berriz irteera marra gurutzatzen duenean. Ondoko eskalari jarraituko zaio (denbora segundotan neurtua, segundo-ehunenak ez baitira kontuan hartuko):

DENBORA/PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

26"8 baino gehiago

26"7 edo gutxiago

EMAKUMEAK

28"8 baino gehiago

28"7 edo gutxiago

4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).

Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzuten duten une berean, txandaka zapaldu beharko dituzte ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak, edo marretatik harago. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuta, marra zapalduz edo marratik haratago. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko.

Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada, metro bateko tartea gainditurik, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.

Honako egoera hauetan bukatuko da izangai bakoitzaren proba, eta ordura arte lortutako tarteak kontatuko dira:

–Izangaia gelditzea, salbu eta une batez soilik gelditzen bada, 20 metroen marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.

–Izangaia bere kaletik ateratzea.

–Izangaiak ibilbide oso bat ez bukatzea, muturreko marra edo haratago zapaldu gabe utzi duelako.

–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroen marratik metro bateko eremura.

–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra edo harago zapaltzera, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barrenean egonda, izangaiak ez badu lortzen marra zapaltzea seinale akustikoak jo baino lehen, abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.

Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:

DENBORA/PUNTUAZIOAK

EZ GAI

GAI

GIZONAK

10 baino gutxiago

10 tarte edo gehiago

EMAKUMEAK

8 baino gutxiago

8 tarte edo gehiago

IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA

1.–Ikusmena. Begien sistema.

–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:

  • 4/10 bi begietan, edo
  • 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
  • 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.

–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da 120°-tik beherakoa izan plano horizontalean, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.

–Diplopia.

–Diskromatopsia larriak.

–Estereopsirik eza.

–Keratotomia erradiala.

2.–Entzumena. Entzumen sistema.

–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.

–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.

3.–Mintzamena.

–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.

4.–Aparatu muskuloeskeletikoa.

–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.

–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.

–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.

–Zifosiak, 30° baino handiagoak.

–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.

–Espondilitis ankilosatzailea.

–Paget-en eritasuna.

–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).

–Fibromialgia.

–Deformazio anatomikoak (eragin funtzionalaren arabera).

5.–Digestio aparatua.

–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.

–B eta C hepatitis aktiboak edo eramaile-egoerak.

–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Gibeleko zirrosia.

–Behazun-zirrosi primarioa.

–Pankreatitis kronikoa.

–Fibrosi kistikoa.

–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.

–Uzki-esfinterreko ihesa.

6.–Zirkulazio-aparatua.

–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.

–Arritmia eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.

–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.

–Balbulopatiak.

–Miokardiopatiak.

–Perikardiopatia kronikoak.

–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.

–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.

–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).

–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).

–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.

7.–Arnas aparatua.

–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas gaixotasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).

–Pleurako isuri errepikatuak.

–Berezko pneumotorax errepikatuak.

–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.

–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.

8.–Nerbio-sistema.

–Epilepsia.

–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.

–Neurona motorraren eritasunak.

–Ataxiak.

–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).

–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.

–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.

–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.

–Bertigoak.

–Siringomielia.

–Hidrozefalia.

–Miopatiak.

–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.

–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.

–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.

–Neke kronikoaren sindromea.

–Anosmia.

–Mugimenduaren beste nahasmendu batzuk (tikak, mugimenaren estereotipiak, loaren nahasmenduak), eragin funtzionalen arabera.

9.–Nahasmendu psikiatrikoak.

–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.

–Substantzia psikotropikoen eta alkoholaren kontsumoaren ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.

–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.

–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).

–Antsietate-nahasmenduak, baldin eragin kliniko nabarmena badute.

–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.

10.–Aparatu genitourinarioa.

–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Gernu-inkontinentzia.

–Giltzurrun-polikistosia.

11.–Sistema endokrinologikoa.

–Guruin endokrinoen eritasun metaboliko oro, baldin eta zerbitzuari dagozkion eginkizunak betetzea mugatzen edo eragozten badu edo horretarako pronostiko kaltegarria badu.

–Ordezko terapia jarraitua behar duten eritasun endokrinometabolikoak.

–Bestelako eritasun endokrinometabolikoak, pronostikatzeko moduko alterazio morfologiko edo funtzionalak sortzen dituztenak, edo zerbitzuari dagozkion eginkizunak osotara betetzea mugatzen edo eragozten dutenak, edo lanbide jarduerak berak dituen eskakizun operatiboek larriagotzen ahal dituztenak.

–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.

–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.

–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.

–Adenomatosi endokrino anizkoitza.

–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak.

–Orbainak eta larruazaleko prozesu kronikoak, baldin eta, haien hedadura, eragin funtzionala eta kokapena direla kausa, polizia eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute.

13.–Odola eta organo hematopoietikoak.

–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.

–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.

–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.

–Immunoeskasiak.

–Esplenektomia.

–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.

14.–Bestelakoak.

–Amiloidosia.

–Kolagenosia.

–Lupus eritematoso sistemikoa.

–Artritis erreumatoidea.

–Esklerodermia.

–Sjögren-en sindromea.

–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.

–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 30).

15.–Ohar orokorrak.

–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera, eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.

–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.

–Edozein aparaturen eta sistemaren beste edozein afekzio, baldin ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea galarazten ahal duen eragin funtzionala badu.

–Betiere, osasun-azterketan, ez da eduki behar gidabaimena ukatzeko arrazoia izan daitekeen gaixotasunik edo urritasunik (2. taldea), jarraikiz Gidarien Erregelamendu Orokorraren IV. eranskinaren indarreko idazketari (beharrezko gaitasun psikofisikoak gidabaimena eskuratzeko edo haren indarraldia luzatzeko), eta, era berean, ez da kontsumitu behar ibilgailuak ez gidatzea edota makineria edo erreminta arriskutsuak ez erabiltzea aholkatzen duen medikamenturik edo bestelako substantziarik, edo nabarmen eragin diezaiokeenik udaltzain lanpostuaren zereginak gauzatzeko gaitasunari.

Beriainen, 2025eko otsailaren 10ean.–Alkatea, José Manuel Menéndez González.

Iragarkiaren kodea: L2502137