Iragarkia
40. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 27a
2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA
BAZTAN
Deialdia, oposizio bidez bete dadin Udaltzaingoko udaltzain-agentearen lanpostu bat, euskararen hizkuntza-eskakizuna duena
Baztango Udaleko alkate Fernando Anbustegi Goñik, Alkatetzaren 2025eko otsailaren 7ko 120/2025 Ebazpenaren bitartez, xedatu zuen hastea hautapen-prozesua, oposizio bidez betetzeko udaltzain-agentearen lanpostu bat, destinoa Baztango Udaltzaingoan duena.
Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.
Baztanen, 2025eko otsailaren 7an.–Alkatea, Fernando Anbustegi Goñi.
OINARRIAK
1.–Deialdiaren xedea.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio bidez betetzea udaltzain-agentearen lanpostu bat, euskararen hizkuntza-eskakizuna duena, txanda irekian, Baztango Udaltzaingoan jarduteko. Lanpostuak 2.5. zenbakia dauka plantilla organikoan.
Euskararen hizkuntza-eskakizunari dagokionez, C1 mailakoa izanen da (ahozkoaren ulermena eta adierazpena, C1; idatziaren ulermena eta idazmena, C1).
1.2. Deialdi honen bidez udaltzain-agente izendatzen den izangaiak beteko ditu poliziei dagozkien eginkizunak, eta izanen ditu azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legean eta lege hori garatzeko araudian ezarritako eskubideak eta betebeharrak (aipatutako foru legea da Nafarroako Poliziei buruzkoa); gainera, C mailan sailkatuko da, foru lege horretan ezarritako mailen artetik.
1.3. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2.–Aplikatzekoa den araudia.
Prozedura hau honako arau hauen mende egonen da: Nafarroako Poliziei buruzko azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legea; Nafarroako Polizia Kidegoetako Langileen Erregelamendua onesten duen abenduaren 29ko 718/2003 Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua; Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua; aplikatzekoak diren gainerako arauak, eta deialdi honen oinarriak.
3.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Txanda irekia.
Txanda irekiko oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Espainiako nazionalitatea izatea.
b) 18 urte beteak izatea eta ez izatea erretiroa nahitaez hartzeko ezarritako gehieneko adina, indarrean dauden legeekin bat.
c) Titulu hauetako bat izatea: Batxilergoa, Bigarren Mailako Lanbide Heziketa edo horien baliokidetzat jotzen den beste titulu bat. Bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu horietako bat lortzeko moduan izatea.
Atzerrian eskuratutako titulua izanez gero, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean eduki beharko da haren homologazioa frogatzen duen agiria.
d) Behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea, bete ahal izateko lanpostuak berezkoak dituen eginkizunak, eta ez egotea deialdiaren IV. eranskinean baztertua izateko aipatzen diren arrazoi medikoek ukiturik.
e) Dolozko delitu batengatik kondenatua ez izatea, ez eta administrazio publiko baten zerbitzutik kendua ere, eta eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
f) Indarrean izatea B motako ibilgailuak gidatzeko baimena.
g) Aldean armak eramateko eta, behar denean, erabiltzeko konpromisoa. Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez adieraziko da.
h) Euskararen C1 gaitasun mailaren ziurtagiria edukitzea, Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera. Erakunde ofizial batek emaniko ziurtagiria izanen da, edo ofizialki baliokidetzat onartutako beste titulazioren bat.
Hizkuntzaren ezagutza-maila hori frogatzeko, berariazko proba bat egiten ahalko da, bat etorriz azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ezarritakoarekin. Aipatutako proba egin nahi dutenek hala adierazi beharko dute deialdian parte hartzeko eskabide orokorrean, horretarako jarritako tokian.
3.2. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa egiteko behin-behinean proposatzen den izangaiak frogatu beharko ditu aurreko betebeharrak, deialdi honen 7.3.3 oinarriak xedatzen duen maneran eta epean. Hori dena bete beharko da eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunean eta oposizio prozedura osoan, izendapen eguna arte bete ere.
4.–Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak noiz eta non aurkeztu behar diren.
a) Eskabideak aurkezteko epea hogeita hamar egun naturalekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Deialdian parte hartzeko eskabideak modu telematikoan aurkeztu behar dira Baztango Udalaren erregistro elektronikoaren bidez; Udalaren egoitza elektronikoan dago eskura (https://sedeelectronica.baztan.eus) helbidean.
c) Deialdi honen I. eranskinean adierazitako ereduari egokituko zaizkio eskabideak. Eranskin hori argitaratuko da, deialdiarekin batera, Baztango Udalaren webgunean (www.baztan.eus), bai eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere, deialdiaren argitalpena dela-eta.
4.2. Eskabideari honako agiri hauek erantsi beharko zaizkio:
a) Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen fotokopia.
b) Eskatzen den euskara-maila (C1 ahozkoa eta idatzizkoa) frogatzeko dokumentazioa, edo, hala badagokio, hizkuntza gaitasuneko proba egiteko eskabidea.
c) Batxilergoko, Bigarren Mailako Lanbide Heziketako edo baliokidetzat jotako tituluaren fotokopia.
d) B motako ibilgailuen gidabaimen indardunaren fotokopia.
Aski izanen da dokumentazioaren kopia arruntak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, eskatuko dira behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
4.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.
5.–Onartuen behin-behineko zerrenda, erreklamazioak eta behin betiko zerrenda.
5.1. Partaidetzarako eskabideak aurkezteko epea bukaturik, Baztango Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du, onesten duena onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Baztango Udaleko egoitza elektronikoko iragarki-taulan (https://sedeelectronica.baztan.eus/tablondeanuncios/).
Aipatutako ebazpenean, beharrezkoa baldin bada soilik, ezarriko dira hizkuntza gaitasuneko proba egiteko eguna, ordua eta tokia.
5.2. Izangai bazterturik ez bada, epaimahaiak zuzenean onesten ahalko du deialdian onartutakoen behin betiko zerrenda.
5.3. Baztango Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan behin-behineko zerrenda argitaratu eta hurrengo bost egun balioduneko epean, izangai baztertuek –halakorik bada– erreklamazioak egin ditzakete eta beren eskabideetan egindako akatsak zuzendu, horrelakorik egin badute. Erreklamazioak edo zuzenketak telematikoki aurkeztuko dira Baztango Udalaren erregistro elektronikoaren bidez (udalaren egoitza elektronikoan dago eskuragarri).
5.4. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, halakorik balego, Baztango Udaleko alkateak ebazpen bat emanen du onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta aginduko du Baztango Udaleko iragarki-taulan eta egoitza elektronikoan argitara dadila.
Ebazpen horretan berean jasotzen ahal da oposizioko lehen ariketa egiteko deia.
5.5. Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi bertan ageri direnei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdian eskatutako baldintzak.
Izangaiek aurkeztutako dokumentazioa edo Udalak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek prozedura honetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte, deusetan galarazi gabe faltsukeria dela-eta dagozkien erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.
6.–Kalifikazio-epaimahaia.
6.1. Osaera.
Honako hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:
Epaimahaiburua: Fernando Anbustegi Goñi, Baztango Udaleko alkatea.
Ordezkoa: Mariano Iribarren Irigoyen, Baztango Udaleko lehen alkateordea.
Lehen epaimahaikidea: Xabier Huarte Ruiz, Baztango Udaleko udaltzainburua.
Ordezkoa: Miren Josune Iturzaeta Barnó, Baztango Udaleko udaltzaina.
Bigarren epaimahaikidea: Antonio García Malumbres, Elizondoko (Baztan) Foruzain Etxeko burua.
Ordezkoa: Jesús Artuch Navarro, Elizondoko (Baztan) Foru Poliziaren komisariako kaboa.
Hirugarren epaimahaikidea: Ana Larruy Alaña, Baztango Udaleko langileen ordezkari gisa izendatutako pertsona.
Ordezkoa: Elena Urtasun Lasa, Baztango Udaleko langileen ordezkari izendatutako pertsona.
Epaimahaikide idazkaria: Iulen Urbiola Loyarte, Baztango Udaleko idazkaria.
6.2. Eraketa eta jarduna.
Epaimahaiburuak deitu ondoren, epaimahaia eratu beharko da hautaprobak hasi baino lehen, eta, haren eraketak eta jardunak balioa izan dezaten, kide guztien gehiengo osoa bildu beharko da, gutxienez.
Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak edo haren legezko ordezkoak egon beharko du bertan.
Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabehera guztiak.
Kalifikazio-epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari, baldin gertatzen bada administrazio prozeduraren arauetan abstentziorako ezarritako arrazoiren bat.
Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.
Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, laguntzeko proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
7.–Oposizioa nola eginen den.
7.1. Oposizioak, lehenbiziko fasean, hautapenaldia izanen du, eta horren barruan, proba baztertzaileak eginen dira II. eranskineko gai zerrendari buruz, gaitasun fisikoa neurtzeko eta proba psikoteknikoak eta medikoak; bigarren fasean, oinarrizko prestakuntza-ikastaro bat gainditu beharko da.
7.2. Hautapenaldiko proba guztiak deialdi bakarraren bidez eginen dira. Izangai guztiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Oposiziotik bazterturik geldituko dira adierazten diren egun, ordu eta tokietan agertzen ez diren izangaiak, arrazoia edozein dela ere.
Deialdiko 7.3.1.a), b) eta c) oinarrietako proba bakoitza kalifikatutakoan, epaimahaiak behin-behineko kalifikazioak argitaratuko ditu Baztango Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan, eta bost egun naturaleko epea emanen du izangaiek alegazioak aurkez ditzaten.
Alegazioak ebatzi ondoren, epaimahaiak behin betiko kalifikazioak onartuko ditu, baita hurrengo proba egiteko lekua, eguna eta ordua ere. Baztango Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko da, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.
7.3. Prozeduraren faseak, dokumentazioa, ikastarorako behin betiko onarpena, praktiketako funtzionarioen izendapena eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.
7.3.1. Prozeduraren faseak:
Hautapen fasean honako proba hauek izanen dira:
a) Proba teorikoa: test motako ariketa egin beharko da, II. eranskineko gai zerrendan azaltzen diren gaiei buruzkoa. 100 galdera teoriko-praktikoko sorta bati erantzun beharko zaio idatziz. Galdera guztiendako lau erantzun emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da baliozkoa. Baliozko erantzun bakoitza puntu batekin baloratuko da. Epaimahaiak, proba hasi aurretik, zehaztuko ditu erantzun okerren penalizazioa eta probaren iraupena.
Proba honetan 100 puntu lortzen ahal dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketan gutxienez 50 puntu lortzen ez dituztenak.
Proban, erreserbako zortzi galdera gehigarri izanen dira, azterketako galderaren bat kendu behar bada ere, akatsa izateagatik. Hala ere, epaimahaiaren ustez galdera oker gehiago badago, kendu eginen dira, eta ez dira kontuan hartuko azterketa zuzentzeko.
b) Gaitasun fisikoa neurtzeko proba: deialdiko III. eranskinean azaltzen diren ariketa fisikoak egin beharko dira, eta haietako bakoitzak balioko du jendea baztertzeko. Proba honetan 40 puntu lortzen ahal dira gehienez. Epaimahaiak ezarriko du proba honetako ariketak egiteko ordena, eta erabakiko du egun bakarrean ala gehiagotan egin beharko diren.
Proba hau eginen dute proba teorikoa gainditu duten izangaiek soilik.
Proba honetako ariketak honela kalifikatuko dira:
–Pisua jasotzeko proba (banku press-a), 5-10 puntu bitarte.
–Uretako trebetasun proba, 5-10 puntu bitarte.
–Zalutasun proba (Barrow testa), 5-10 puntu bitarte.
–Erresistentzia proba (Course Navette-ren testa), 5-10 puntu bitarte.
Epaimahaiak ezarriko du proba fisikoak egiteko hurrenkera.
Bazterturik geldituko dira proba guzti-guztietan eskatzen den gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak.
Izangai guztiak dopinaren kontrako kontrola egitera behartuta egonen dira, ariketak egin bitartean edo beste noiznahi, epaimahaiak hala eskatuz gero. Behar den organo espezializatuak eginen ditu jardunbide debekatuak detektatzeko edo egiaztatzeko analisiak. Ondorio horietarako, debekatuta egonen dira Kirolaren Kontseilu Nagusiko Lehendakaritzaren 2018ko abenduaren 21eko Ebazpenaren eranskinean heldu diren substantziak, gai farmakologikoak, dopin metodoak eta manipulazioak, ebazpen horren bidez onetsi baitzen kirolean debekatuta dauden substantzien eta metodoen zerrenda (2018ko 315. Estatuko Aldizkari Ofiziala, abenduaren 31koa).
Bazterturik geldituko dira kontrol horretan emaitza positiboa ateratzen duten izangaiak eta, orobat, kontrola egitea onartzen ez dutenak.
c) Proba psikoteknikoa: hainbat proba eginen dira, zehazteko izangaia zer neurritan egokitzen den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba horiek eginen ditu Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Atalak, eta haren balorazioak lotesleak izanen dira epaimahaiarentzat. Gaitasun psikoteknikoaren proban 50 puntu lortzen ahalko dira gehienez. Bazterturik geldituko dira ariketa honetan 25 puntura ailegatzen ez diren izangaiak.
Proba fisikoak gehi proba teorikoa gainditzen dituzten izangai guztiek eginen dituzte gaitasun psikoteknikoaren probak.
d) Proba medikoak:
Proba psikoteknikoak gainditzen dituzten izangaiei, deialdiko lanpostuak baino gehiago badira, eta epaimahaiak zehazten duen kopuruan, osasun probak egitera dei eginen zaie, gaitasun psikofisikoa egiaztatu beharrez, deialdiaren 3.1 apartatuaren d) letran ezarritakoari jarraikiz. Baztango Udalaren Lan Osasunaren Zerbitzuak eginen du osasun-azterketa.
Proba medikoetan izangaiei "gai" edo "ez gai" kalifikazioa emanen zaie. "Gai" kalifikazioa lortzen ez dutenak bazterturik geldituko dira.
Dauden plaza guztiak zehaztu eta osasun-azterketaren balorazioak jaso ondoren, epaimahaiak zerrenda bat eginen du, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdietako Eskolan (SEA) plazak esleitzeko ekitaldian parte hartzeko onartutako izangaiekin, betiere lortutako puntuazioaren arabera.
7.3.2. Lanpostuen adjudikazioa.
Prestakuntza ikastaroa hasi baino lehen eginen da lanpostuaren adjudikazio ekitaldia.
Bete beharreko lanpostu bakarra dagoenez, lanpostu hutsa adjudikatuko zaio hautaketa-fasean puntuazio handiena lortu duen eta proba medikoetan "gai" kalifikatu den izangaiari.
Bi izangairen artean puntuazio-berdinketa gertatzen bada, lanpostuari buruzko irizpide objektiboak agortuta eta egokitasun-baldintza berdinetan, berdinketa hausteko irizpidea honako hau izanen da:
–Sexu desberdineko pertsonen artean, lehentasuna izanen dute kasuan kasuko lanbide-kidegoan ordezkaritza txikiena duen sexuko pertsonek.
–Bi pertsonak sexu berekoak badira, berdinketa hausteko, zozketa eginen da Udalean.
Ekitaldi horren ondorioz lanpostua adjudikatua duen izangaia behin-behinean proposatuko da Oinarrizko Prestakuntza-ikastarorako. Proposatutako pertsonen kopuruak ezin du gainditu deitutako lanpostuen kopurua. Epaimahaiak Baztango Udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko du proposamena, izangaiak lortutako kalifikazio orokorrarekin.
7.3.3. Dokumentazioa eta ikastarorako behin betiko onarpena.
Oinarrizko Prestakuntzako-ikastaroan parte hartzeko behin-behineko proposamena argitaratu eta hurrengo zazpi egun baliodunen barruan, proposatutako izangaiak dokumentu hauek aurkeztu beharko ditu Baztango Udaleko Erregistro Orokorrean:
–Nortasun Agiri Nazionalaren (NAN) aurrealdearen eta atzealdearen jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.
–Euskararen ezagutza frogatzen duen tituluaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, hala badagokio.
–Batxilergoko tituluaren, Lanbide Heziketako bigarren mailakoaren edo titulu baliokideren baten fotokopia konpultsatua.
–B motako ibilgailuen gidabaimen indardunaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.
–Erantzukizunpeko adierazpena, honako hau jasotzen duena: izangaia ez dela kondenatua izan dolozko delitu bat dela kausa, ez dela administrazio publiko baten zerbitzutik kendua izan, eta ez dagoela eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua, deusetan galarazi gabe errehabilitazioaren onura aplikatzea, zigor eta administrazio arloetako arauei jarraikiz.
–Justizia Ministerioaren mendeko Zigortuen eta Auzi-iheslarien Erregistro Zentralaren ziurtagiria, frogatzen duena ez dagoela izangaiaren aurrekari penalik, edo aurrekariak baliogabetuta daudela.
–Armak eramateko eta, behar denean, horiek erabiltzeko konpromisoa hartzeko erantzukizunpeko adierazpena.
–Gizarte Segurantzaren txartelaren jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.
–Hala behar denean, deialdiko 8.2 apartatuaren laugarren paragrafoan aipatzen den aukeraz baliatzeko agiria.
Aurreko izapideak bete ondoren, epaimahaiak udalaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratuko du onartutako izangaia azaltzen den Oinarrizko Prestakuntza-ikastaroaren behin betiko zerrenda. Baldin oinarrizko prestakuntza-ikastaroan behin-behinean onartutako izangaiak ez badu eskatutako dokumentazioa aurkezten, horren ordez beste bat jarriko da, hain zuzen ere probak gainditu eta baldintzak betetzen dituztenen artean puntuazio handiena duen izangaia.
7.3.4. Praktiketako funtzionario izendatzea.
Polizia izateko oinarrizko prestakuntza-ikastaroan parte hartzen duen izangaia Baztango Udaleko praktiketako funtzionario izendatuko da Alkatetzaren ebazpen baten bidez, salbu aitzinetik Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionario bada.
7.3.5. Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa.
Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du oinarrizko prestakuntza-ikastaroa, eta baztertzailea izanen da. Ikastaroak jarraituko die irailaren 12ko 113/2005 Foru Dekretuari eta aplikagarriak diren gainerako xedapenei (aipatutako foru dekretuak onetsi zuen Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolaren Antolamendu eta Funtzionamendurako Erregelamendua).
Bat etorriz azaroaren 19ko 23/2018 Foru Legearen 34.3 eta 45.3 artikuluekin, izangairen batek gainditu badu deialdian eskatutako ikastaroaren antzeko bat, Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak antolatua, aski izanen da Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak ikastaro hori baliozkotzea. Horretarako, ziurtagiri ofizial bat aurkeztuko da, frogatzen dituena, alde batetik, ikastaroetako edukiak berdinak edo baliokideak direla, eta bestetik, baliozkotutako ikastaroan edo ikastaroetan lortutako kalifikazioak. Ziurtagiri hori Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak emanen du, interesdunak eskatuta. Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolari dagokio, orobat, beste ikastaro eta diploma batzuk osorik edo partez baliozkotzea, antzeko eginkizunak dituzten organismo publikoek eman dituztenak, edo eskolak berak lehenago emandakoak, edukiak baliokideak badira. Halakoetan, dagokion puntuazioa ere emanen du.
Izangaiak, prestakuntza-ikastaroak dirauen bitartean, jasoko ditu C mailari dagozkion oinarrizko ordainsari pertsonalak, bai eta, hala badagokio, familia laguntza ere.
Ikastaroa egiteko onartutako izangaia, lehendik funtzionario baldin bada, jarduneko egoera administratiboan mantenduko da ikastaroak irauten duen bitartean, erregelamenduz ezartzen diren baldintzen arabera. Langile horiek eskubidea izanen dute graduari eta antzinatasunari dagozkien ordainsariak jasotzeko.
Bestetik, izangai onartua Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da eta alta emanen zaio, salbu eta lehendik afiliatuta bazegoen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen eskubide pasiboen beste araubide batean, horrexetan segituko baitu.
Praktiketako funtzionario izateak ez dakar berekin eskuratu nahi den lanpostuari dagokion eskubiderik.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan baja emateak berekin ekarriko du praktiketako funtzionarioaren izaera galtzea. Hori gertatzen denean, deialdia egin duen organoari jakinaraziko zaio. Epaimahaiak emanen dio baja horren berri Udalari.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan onartua izan baino lehen egindako osasun azterketaz gain, ikastaroa egin bitartean edo hura bukatutakoan izangaiak agintzen zaizkion osasun proba guztiak pasatu beharko ditu, deialdiaren 3.1 d) apartatuan aipatzen den baldintza betetzen segitzen duela frogatzeko. Proba horien bidez atzematen baldin bada baztertzeko arrazoirik badela, epaimahaiak aginduko du izangai horri baja emateko hautapen prozesutik, eta, ondorioz, praktiketako funtzionario izaera galduko du.
Prestakuntza-ikastaroa gainditzen duen izangaiak, baldin hautapen-prozesuan baja ematen ez bazaio gaitasun psikofisikoa galtzeagatik, praktiketako funtzionario izaten segituko du lanpostuaz jabetu arte.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroan, izangaia kalifikatuko da, ateratako puntuazioaren hurrenkeran. Aipatutako ikastaroan Nafarroako Segurtasun eta Larrialdi Eskolak izangaiei ematen dizkien kalifikazioak lotesleak izanen dira kalifikazio-epaimahaiarendako.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa gainditzen ez duten izangaiak deialditik bazterturik geldituko dira.
7.3.6. Azken kalifikazioa.
Izangai bakoitzaren azken kalifikazioa ateratzeko, batuko dira hautapen-prozesu guztiko puntuazioak, alegia, hautapen fasean eskuratutako puntuazioak eta oinarrizko prestakuntza-ikastaroko puntuazioa.
8.–Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Izendapena.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukaturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du probak gainditu dituztenen zerrenda, eta gainditu duena izendatzeko proposamena igorriko du.
Oinarrizko prestakuntza-ikastaroa bukatu, eta izangaiak zin egin edo hitzeman beharko du Nafarroako Foru Eraentza errespetatu eta defendatuko duela, Konstituzioari eta legeei men eginen diela eta zintzo beteko dituela karguari dagozkion betebeharrak.
Eskatutako dokumentazioa aurkeztu ondotik, alkatearen ebazpen baten bidez, Baztango Udaleko udaltzain eta funtzionario izendatuko da oposizioa gainditu duen izangaia, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeraren arabera, aurreko apartatuan ezarritakoa bete badu.
Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.
8.2. Jabetza hartzea.
Izangaiak izendapenean zehazten den egunean jabetu beharko du lanpostuaz.
Lanpostuaz jabetzeak berarekin ekarriko du praktiketako funtzionario izateari uztea.
Ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezarritako egunean lanpostua hartzen ez duenak eskubide guztiak galduko ditu Baztango Udalean sartzeko.
Hautaprobak gainditu eta deialdiaren xede den lanposturako izendatua izan ondoren, Baztango Udalean sartu eta funtzionario bihurtzen den izangaia Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean afiliatu, eta hartan alta emanen zaio araubide horren babesean, salbu jadanik afiliaturik badago edo izena emana badago Nafarroako Administrazio Publikoetako Eskubide Pasiboen eta Osasun eta Gizarte Laguntzako beste araubide batean; orduan, eta izendatu aurretik, aukeratzen ahalko du babes araubide horretan segitzea ala Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatzea.
9.–Datu pertsonalak babestea.
Identitatea: Baztango Udala.
Helbidea: Foruen Plaza, 31700 Elizondo (Nafarroa).
Telefonoa: 948 58 00 06.
Helburua: enplegu deialdiak kudeatzea botere publikoen jardunean.
Oinarri juridikoa: 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, onesten duena Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina.
Datuak gordeko diren denbora: datuak edukiko dira aipatutako helburua betetzeko behar den denboran, eta gordeko dira Udalak haien tratamenduaren ondoriozko erantzukizuna izan dezakeen bitartean. Bestalde, bete beharko dira apirilaren 4ko 12/2007 Foru Legean ezarritako kontserbazio arauak (Artxiboei eta Dokumentuei buruzko Foru Legea).
Datuen hartzaileak: datuak epaileei nahiz auzitegiei lagatzen ahalko zaizkie, indarreko legeria betez, eta Udalaren web-orrian eta egoitza elektronikoaren iragarki-taulan emanen dira argitara, deialdian adierazi bezala.
Eskubideak: interesdunek eskubidea dute beren datuetan sartzeko, akatsik baldin badago haiek zuzentzeko, bai eta, lehenbiziko apartatuan adierazitako helbidera joz, haiek ezerezteko ere.
Halaber, interesdunek erreklamazioa aurkezten ahal dute Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan, eskaera idazki bat bidaliz haren helbidera (Jorge Juan kalea 6, 28001 Madril), edo egoitza elektroniko honetara: www.agpd.es.
10.–Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka eta oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, aukeran:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritu nahi den erabakia argitaratzen edo egintza jakinarazten denetik hasita.
Kalifikazio-epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoaren xedeko egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.
Jarritako errekurtso guztiak eta horien ebazpena argitaratuko dira Udalaren webgunean, hautapen-prozesu honetan interesdun direnei jakinarazteko.
I. ERANSKINA.–ESKABIDEA, HONAKO DEIALDI HONETAN PARTE HARTZEKO: DEIALDIA, OPOSIZIO BIDEZ BETE DADIN UDALTZAINGOKO UDALTZAIN-AGENTEAREN 1 LANPOSTU, DESTINOA BAZTANGO UDALTZAINGOAN DUENA, EUSKARAZ JAKIN BEHARRAREKIN
IZEN-DEITURAK |
NANa/AIZa | JAIOTEGUNA | NAZIONALITATEA |
EGUNGO BIZILEKUA | P.K. | HERRIA |
TELEFONO MUGIKORRA | TELEFONO FINKOA | HELBIDE ELEKTRONIKOA |
AZALTZEN DUT:
–Betetzen ditudala deialdiko oinarrietan eskatzen diren baldintza guzti-guztiak.
–Eskabide honi eransten dizkiodala deialdiaren oinarrietan eskatzen diren agiriak:
- Nortasun agiri nazionalaren bi aldeen kopia.
- Batxilergoko tituluaren, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoaren edo titulu baliokide baten kopia.
- B motako ibilgailuen gidabaimen indardunaren kopia.
–Euskararen C1 mailako ezagutza frogatzeari dagokionez (markatu bidezkoa dena):
- Eskabide honekin batera, aurkezten dut euskaraz C1 mailan badakidala (ahoz eta idatziz) frogatzen duen dokumentazioaren kopia.
- Euskararen ezagutza frogatzeko proba egitea eskatzen dudala.
ESKATZEN DUT:
–Onartua izatea Baztango Udaltzaingoko udaltzain-agentearen lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian, hain zuzen ere ...................................................(e)ko ............. zenbakidun Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen hartan, txanda irekian.
.........................................(e)n, 2025eko ...........................aren ......(e)(a)n
Sinadura
II. ERANSKINA.–GAI-ZERRENDA
Lehen probarako gai zerrenda (teorikoa).
1.–Espainiako 1978ko Konstituzioa: Atarikoa. Atariko titulua. I. titulua: Oinarrizko eskubideak eta betebeharrak. IV. titulua: Gobernua eta Administrazioa. VI. titulua: Botere Judiziala.
2.–7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. I. titulua: Xedapen orokorrak. II. titulua: Udalerria. V. tituluaren barnean: Toki-erakundeei buruzko xedapen orokorrak, I. kapitulua, Funtzionamenduaren araubidea. XI. titulua: zenbait arlotako arau-hauste eta zehapenen tipifikazioa toki-erakundeetan.
3.–6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. I. tituluaren barnean: toki-erakundeen antolaketa eta administrazioa, I. kapitulua: Udalerriak. III. tituluaren barnean: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamenduaren araubidea. Herritarrentzako informazioa eta haien parte-hartzea, 1. kapituluko 1. atala eta 2. atala: Nafarroako toki-erakundeen funtzionamendua.
4.–39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Atariko titulua. Xedapen orokorrak. II. tituluaren barnean. Administrazio publikoen jarduera. II. kapitulua. Epemugak eta epeak. III. tituluaren barnean. Administrazio egintzak. II. kapitulua. Egintzen efikazia.
5.–2/1986 Lege Organikoa, martxoaren 13koa, Segurtasun Indar eta Kidegoei buruzkoa. I. titulua: Segurtasun indar eta kidegoak. II. titulua: Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoak. III. titulua: Autonomia erkidegoetako poliziak. IV. titulua: Estatuaren eta autonomia erkidegoen arteko lankidetza eta koordinazioa. V. titulua: Udaltzaingoak. Bosgarren xedapen gehigarria. Azken xedapenetako hirugarrena eta seigarrena.
6.–10/1995 Lege Organikoa, azaroaren 23koa, Zigor Kodeari buruzkoa: Atariko titulua: Zigor bermeak eta zigor legearen aplikazioa. I. titulua: Arau-hauste penala. II. titulua: Delituen erantzukizun kriminala duten pertsonak. III. titulua. Zigorrak.
7.–14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, Emakumeen kontrako Indarkeriari aurre egitekoa. I. titulua. Xedapen orokorrak. IV. titulua. Emakumeen kontrako indarkeriaren detekzioa eta arreta. VII. titulua. Poliziaren arreta eta babes eraginkorra.
8.–17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa. Atariko titulua, eta I., II. eta III. tituluak.
9.–1882ko irailaren 14ko Errege Dekretua, onesten duena Prozedura Kriminalaren Legea: II. liburua: I. titulua: Salaketa, III. titulua: Polizia judiziala, VI. titulua: Zitazioa, atxiloketa eta behin-behineko espetxeratzea. IV. liburua: III. titulua: Delitu jakin batzuk azkar epaitzeko prozedura.
10.–6/1984 Lege Organikoa, maiatzaren 24koa, «Habeas Corpus» prozedura arautzen duena.
11.–23/2018 Foru Legea, azaroaren 19koa, Nafarroako Poliziari buruzkoa.
12.–4/2015 Lege Organikoa, martxoaren 30ekoa, Herritarren Segurtasuna Babesteari buruzkoa. Hitzaurrea: I. kapitulua: Xedapen orokorrak, II. kapitulua: dokumentazio eta identifikazio pertsonala, eta III. kapitulua: herritarren segurtasuna mantentzeko eta berrezartzeko jarduerak, V. kapitulua: zehapenen araubidea.
13.–6/2015 Legegintzako Errege Dekretua, onesten duena urriaren 30ekoa, Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide-segurtasunari buruzko Legearen testu bategina. I. titulua: trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko eskumenak gauzatzea eta koordinatzea. II. titulua: zirkulazioko portaerako arau orokorrak. III. titulua: Seinaleak. IV. titulua: administrazio baimenak. V. titulua: zehapenen araubidea. I. eranskina: Oinarrizko kontzeptuak.
14.–1428/2003 Errege Dekretua, azaroaren 21ekoa, onesten duena Zirkulazio Erregelamendu Orokorra, aplikatuz eta garatuz Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide-Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna –onetsi zena martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez–. Atariko titulua: Trafikoari, ibilgailu motordunen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko arauen onespena. I. titulua: Zirkulazioko portaera arau orokorrak. II. titulua: Ibilgailuen zirkulazioa. III. titulua: Beste zirkulazio arau batzuk. IV. titulua: seinaleztapena. V. titulua: seinaleak ibilgailuetan.
15.–5/2000 Lege Organikoa, urtarrilaren 12koa, Adingabeen Erantzukizun Penala arautzen duena. Atariko titulua. I. titulua: Legearen aplikazio eremua. III. titulua: Prozeduraren instrukzioa.
16.–2/1989 Foru Legea, martxoaren 13koa, Ikuskizun Publikoak eta Josteta Jarduerak arautzen dituena.
17.–Baztango Udalaren ordenantzak:
17.1.–Baztango ordenantza, koto eta paramentu berriak.
17.2.–Ordenantza, arautzen duena nola erabili Baztango udal-mugarteko mendiko pistak eta bideak.
17.3.–Ordenantza, arautzen duena animalia arriskutsuak eta bestelakoak edukitzea.
18.–Baztango geografia.
III. ERANSKINA.–BIGARREN PROBARI (GAITASUN FISIKOA) DAGOZKION ARIKETAK
1.–Banku press-a, edo pisua jasotzeko proba, 35 kg (gizonak) eta 20 kg (emakumeak).
Deskripzioa: banku batean etzanda, ahoz gora, eta oinak euste-zoruan dituela, izangaiak pisu bat goratu beharko du 60 segundoan ahal duen aldi guztietan. Pisua 35 kilokoa izanen da gizonentzat, eta 20 kilokoa emakumeentzat. Bi eskuekin goratuko du pisua, barrari ahurraz heldu eta hatzak itxirik (eskuen arteko distantzia 80 cm izanen da gehienez, barrarekin kontaktuan dauden hatz erakusleen arteko tartea neurtuta). Ariketa honela eginen da: hasieran barrak bularra ukitzen du, ukondoak flexionaturik, eta gero ukondoak erabat luzatzen dira bertikalean jarri arte. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko. Ezin da eskularrurik erabili, ez heltzea errazten duen beste edozein substantziarik, ezta jantzia kendu ere bizkarra bankuan zuzenean bermatzeko. Kamiseta gorputzari itsatsita gelditzen dela bermatu beharko da; galtzaren barrenetik sartu beharko da.
Ariketaren hasieran ukondoak flexionatuak egonen dira eta barrak bularra ukituko du. Ariketak irauten duen denbora guzti-guztian, oinek lurzorua ukitzen egon beharko dute.
Ukondoak erabat luzatu ezean edo ukondoen flexio bakoitzean barrarekin bularra ukitu ezean, jasoaldia baliogabetu eginen da, eta, beraz, ez da kontatuko.
Honelakoetan, ariketa bukatutzat emanen da:
–Oin batek edo biek lurzorua ukitzeari uzten badiote.
–Izangaiak, ukondoak flexionaturik dituela, ariketa gelditzen badu barra bularrean bermatuz.
Puntuazioa: egindako errepikapenen araberakoa izanen da, eskala honi jarraikiz:
ZENBAT ALDIZ GIZONEK | ZENBAT ALDIZ EMAKUMEEK | NOTA |
25 baino gutxiago | 15 baino gutxiago | Baztertua |
25 eta 27 artean | 15 eta 17 artean | 5,0 |
28 eta 30 artean | 18 eta 20 artean | 5,5 |
31 eta 33 artean | 21 eta 23 artean | 6,0 |
34 eta 36 artean | 24 eta 26 artean | 6,5 |
37 eta 39 artean | 27 eta 29 artean | 7,0 |
40 eta 42 artean | 30 eta 32 artean | 7,5 |
43 eta 45 artean | 33 eta 35 artean | 8,0 |
46 eta 48 artean | 36 eta 38 artean | 8,5 |
49 eta 51 artean | 39 eta 41 artean | 9,0 |
52 eta 54 artean | 42 eta 44 artean | 9,5 |
55 edo gehiago | 45 edo gehiago | 10,0 |
2.–Uretako trebetasun proba (50 metro estilo librean).
Baloratuko da arnasa hartzeko mekanismoen kontrola eta ur ingurunean nola egokitzen den.
Azalpena: joan-etorria egin behar da igerian, crawl estiloan edo estilo librean, 25 metroko igeri-ontzi batean. Igerileku ertzetik atera behar da, irteera-plataformara igo gabe.
Ezin izanen da erabili ez neoprenozko jantzirik, ez urpeko betaurrekorik, ez eta urpekaritzako beste tresnarik ere, baina bai igeriketa-betaurrekoak. Ezin izanen da proba igerileku barnetik hasi.
Nola eginen den: ateratzeko seinalea entzun ondoan, izangaia uretara bota eta 50 metro igerian eginen ditu (25 metroko tarte bat joateko eta 25 metro itzultzeko). Igerilekuaren ertzetik irten beharko da, zutik jarrita (bi oinak lurrean), uraren arrasetik eta geldirik egonda. Irteteko, ez da igoko inolako irteera-plataformatara edo euskarritara.
Saio bakarra eginen da. Saioa baliogabetzat joko da, eta izangaia baztertuko da, baldin eta izangaiak:
–Kortxo-ilarak edo igerilekuko alboko kaleak erabiltzen baditu euskarri moduan edo bulkatzeko.
–Igerilekuaren ertzei heltzen badie atseden hartzeko.
–Igerilekuaren hondoan bermatzen bada edo hura erabiliz abiada hartzen badu.
–Kalez aldatzen bada.
–Noranzkoa aldatzean horma ukitzen ez badu.
–Baliorik gabeko bi irteera egiten baditu.
Puntuazioa: honako eskala honen arabera puntuatuko da (denbora segundotan neurtua, segundo-hamarrenak ez baitira kontuan hartuko).
DENBORA (GIZONAK) | DENBORA (EMAKUMEAK) | NOTA |
43"tik gora | 49"tik gora | Baztertua |
42"9tik 42"era bitarte | 48"9tik 48"ra bitarte | 5,0 |
41"9tik 41"ra bitarte | 47"9tik 47"ra bitarte | 5,5 |
40"9tik 40"ra bitarte | 46"9tik 46"ra bitarte | 6,0 |
39"9tik 39"ra bitarte | 45"9tik 45"ra bitarte | 6,5 |
38"9tik 38"ra bitarte | 44"9tik 44"ra bitarte | 7,0 |
37"9tik 37"ra bitarte | 43"9tik 43"ra bitarte | 7,5 |
36"9tik 36"ra bitarte | 42"9tik 42"ra bitarte | 8,0 |
35"9tik 35"ra bitarte | 41"9tik 41"ra bitarte | 8,5 |
34"9tik 34"ra bitarte | 40"9tik 40"ra bitarte | 9,0 |
33"9tik 33"ra bitarte | 39"9tik 39"ra bitarte | 9,5 |
32"9tik 32"ra bitarte | 38"9tik 38"ra bitarte | 10,0 |
3.–Zalutasun proba (Barrow testa).
Abiatzeko jarrera: zutik zutoinaren ondoan, irteera marraren atzeko aldean.
Nola eginen den: probaren helburua da ahalik eta lasterren egitea "zortzi" baten itxurako zirkuitu bat, bost zutoinez mugatua. Horietako lauk 8,66 bider 5 metroko laukizuzen baten erpinak seinalatzen dituzte eta bosgarrena erdi-erdian dago (ikus grafikoa). Izangaiek bi aldiz osatu beharko dute zirkuitua, lehenik alde batera, eta, gero, beste aldera (A eta B ibilbideak grafikoan). Ibilbide bakoitzean, bi saiakera egin daitezke. Bigarren saioa eginen da, bakar-bakarrik, baldin lehenbizikoa baliogabea izan baldin bada. Minutu bateko atsedenaldia utziko da bigarren saioa egin baino lehen.
Zirkuituaren eskema:

Proba hau egiteko gehieneko denbora hau da: 25" segundo gizonentzat, eta 28" segundo emakumeentzat.
Saioa baliogabea izanen da izangaiak honako hauetako bat egiten badu:
–Zutoin bat botatzen badu.
–Zutoin bat hartzen badu, eror ez dadin.
–Izangaia ibilbidetik ateratzen bada, hau da, lasterketako marra idealetik ateratzen bada (nahiz eta ibilbide zuzenetik itzuli).
Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, kronometroak irakurri bezala, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Segundo-ehunenak alde batera utziko dira. Kronometraje nagusiak huts egiten badu, erreserbako kronometrajea aplikatuko da.
Puntuazioa: izangaiek bi ibilbideetan (A + B) emandako denbora batuko da, fotozelulak irakurri bezala, ehunenetan, kontuan hartuz ariketa bukatzen dela izangaiak irteera marra berriz gurutzatzen duenean. Segundo-ehunenak alde batera utziko dira. Fotozelula sistemak huts egiten badu, erreserbako eskuzko kronometrajea aplikatuko da.
DENBORA (GIZONAK) | DENBORA (EMAKUMEAK) | PUNTUAZIOA |
25"tik gora | 28"tik gora | Baztertua |
24"9 eta 24"7 artean | 27"9 eta 27"7 artean | 5,0 |
24"6 eta 24"4 artean | 27"6 eta 27"4 artean | 5,5 |
24"3 eta 24"1 artean | 27"3 eta 27"1 artean | 6,0 |
24"0 eta 23"8 artean | 27"0 eta 26"8 artean | 6,5 |
23"7 eta 23"5 artean | 26"7 eta 26"5 artean | 7,0 |
23"4 eta 23"2 artean | 26"4 eta 26"2 artean | 7,5 |
23"1 eta 22"9 artean | 26"1 eta 25"9 artean | 8,0 |
22"8 eta 22"6 artean | 25"8 eta 25"6 artean | 8,5 |
22"5 eta 22"3 artean | 25"5 eta 25"3 artean | 9,0 |
22"2 eta 22"0 artean | 25"2 eta 25"0 artean | 9,5 |
21"9 edo gutxiago | 24"9 edo gutxiago | 10,0 |
4.–Erresistentzia-proba (Course Navette-ren testa).
Gauzatzeko modua: izangaiek 20 metroko luzera duen joan-etorriko ibilbide bat egin behar dute, zinta magnetofoniko batek emandako seinale akustikoen bidez markatutako erritmoari jarraikiz, ahalik eta joan-etorri gehien eginez. Izangaiek, seinalea entzuten duten une berean, txandaka zapaldu beharko dituzte ibilbidearen bi muturrak seinalatzen dituzten marrak, edo marretatik harago. Buelta emanen da oin baten gainean bermatuta, marra zapalduz edo marratik haratago. Zintak tarte erregularretan emanen du soinua. Probaren hasieran abiadura motela izanen da, baina gero eta azkarragoa eginen da. Izangaiek saio bakarra izanen dute proba egiteko.
Testaren helburua da zinta magnetofonikoak markatzen duen erritmoari eustea eskatzen diren tarteak bete arte. Izangaia seinalea entzun baino lehentxeago abiatzen bada, behin baino gehiagotan, abisu bat emanen zaio. Izangaia seinalea baino lehen ateratzen bada, metro bateko tartea gainditurik, probari bukaera emanen zaio besterik gabe.
Honako egoera hauetan bukatuko da izangai bakoitzaren proba, eta ordura arte lortutako tarteak kontatuko dira:
–Izangaia gelditzea, salbu eta une batez soilik gelditzen bada, 20 metroen marraren gainean pibotatzen ari denean, seinale akustikoaren zain.
–Izangaia bere kaletik ateratzea.
–Izangaiak ibilbide oso bat ez bukatzea, muturreko marra edo haratago zapaldu gabe utzi duelako.
–Seinale akustikoa entzuten denean, izangaia ez iristea 20 metroen marratik metro bateko eremura.
–Izangaia hiru aldiz jarraian ez iristea muturreko marra edo harago zapaltzera, seinale akustikoak agintzen dionean. Seinaleak jotzen duen unean, marratik metro bateko tartera egotea onartuko da. Segurtasun metroaren barrenean egonda, izangaiak ez badu lortzen marra zapaltzea seinale akustikoak jo baino lehen, abisu bat emanen zaio, kontrolatzailearen ezker-eskuin jarriko den kono baten bidez. Abisu hori kendu eginen zaio baldin eta lortzen badu 20 metroko beste marra ukitzea seinale akustikoak jotzean. Marra ukitzen ez badu, bigarren abisua emanen zaio. Bi abisu dituela, izangaia 20 metroko beste marrara iristen bada seinale akustikoarekin batera, bi abisuak kenduko zaizkio; garaiz iristen ez bada, berriz, hirugarren abisua emanen zaio, eta proba bukatutzat joko da.
Puntuazioa: izangai bakoitzak proba bukatzen duen arte pasatako denbora-tarteen araberakoa izanen da (tarte bakoitza minutu batekoa da gutxi gorabehera), ondoko eskala honi jarraikiz:
TARTEAK (GIZONAK) | TARTEAK (EMAKUMEAK) | PUNTUAZIOA |
9 baino gutxiago | 7 baino gutxiago | Baztertua |
9,0 | 7,0 | 5,0 |
9,5 | 7,5 | 5,5 |
10,0 | 8,0 | 6,0 |
10,5 | 8,5 | 6,5 |
11,0 | 9,0 | 7,0 |
11,5 | 9,5 | 7,5 |
12,0 | 10,0 | 8,0 |
12,5 | 10,5 | 8,5 |
13,0 | 11,0 | 9,0 |
13,5 | 11,5 | 9,5 |
14,0 edo gehiago | 12,0 edo gehiago | 10,0 |
IV. ERANSKINA.–BAZTERTZEKO ARRAZOI MEDIKOEN TAULA
1.–Ikusmena. Begien sistema.
–Zuzendu gabeko ikusmen zolitasuna:
- 4/10 bi begietan, edo
- 3/10 begirik okerrenean eta 5/10 hoberenean, edo
- 2/10 begirik okerrenean eta 6/10 hoberenean.
–Ikus-eremu monokularra: ezin izanen da 120°-tik beherakoa izan plano horizontalean, eta murrizketa nabarmenik gabekoa izanen da ikus-eremuko meridiano batetik bestera.
–Diplopia.
–Diskromatopsia larriak.
–Estereopsirik eza.
–Keratotomia erradiala.
2.–Entzumena. Entzumen sistema.
–500 eta 3.000 Hz bitarteko frekuentzietan 45 dB edo gehiagoko galera monoaurala izatea entzumen-zolitasunean.
–Orekari loturiko nahasmenduak, edozein etiologiatakoak.
3.–Mintzamena.
–Afasiak, disfoniak, disfemiak (hitz toteltasuna), disartria eta disglosia iraunkorrak, polizia lanetan aritzea zaildu edo galarazteko modukoak.
4.–Aparatu muskuloeskeletikoa.
–Giltzaduraren baten ankilosia edo galera anatomikoa, eragin funtzionalaren arabera.
–Prozesu artikularrak, eragin funtzionalaren arabera, zeinahi etiologiaren ondorio direla ere.
–Eskoliosiak, 20° baino handiagoak.
–Zifosiak, 30° baino handiagoak.
–Espondilolisia, espondilolistesia, ornoen bat-egiteak eta ornoarteko diskoaren nahasmenduak.
–Espondilitis ankilosatzailea.
–Paget-en eritasuna.
–Osteoporosia eta osteomalazia (eragin funtzionalaren arabera).
–Fibromialgia.
–Deformazio anatomikoak, eragin funtzionalaren arabera.
5.–Digestio aparatua.
–Crohn-en eritasuna eta kolitis ultzeraduna.
–B eta C hepatitis aktiboak edo eramaile-egoerak.
–Gibeleko gutxiegitasuna, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Gibeleko zirrosia.
–Behazun-zirrosi primarioa.
–Pankreatitis kronikoa.
–Fibrosi kistikoa.
–Abdomeneko paretako herniak, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoak.
–Uzki-esfinterreko ihesa.
6.–Zirkulazio-aparatua.
–Bihotzeko gutxiegitasuna, maila guztietan.
–Arritmia eta blokeoak: eszitazio aurreko sindromeak eta erritmo edo kondukzio kardiakoaren edozein nahasmendu, honako hauek salbu: arritmia sinusala, estrasistole suprabentrikular edo estrasistole bentrikular isolatuak, lehen mailako blokeo aurikulobentrikularra, eskuineko adarreko blokeo osoa eta ezkerreko adarraren hemiblokeoak.
–Kardiopatia iskemikoa, maila guztietan.
–Balbulopatiak.
–Miokardiopatiak.
–Perikardiopatia kronikoak.
–Biriketako hipertentsio primarioa eta sekundarioa.
–Arterietako iskemia kronikoaren sindromea.
–Hipertentsio arteriala (TASa > 140 eta TADa > 90).
–Hipotentsioa (TASa < 90 eta TADa < 45).
–Gutxiegitasun benoso eta linfatikoa.
7.–Arnas aparatua.
–Arnas aparatuko gaitz kronikoak (bronkitis kronikoa, buxadurazko arnas eritasun kronikoa, enfisema, bronkiektasiak).
–Pleurako isuri errepikatuak.
–Berezko pneumotorax errepikatuak.
–Eritasun interstizialak eta/edo biriketako fibrosia.
–Asma eta bronkioetako hiperreaktibotasuna.
8.–Nerbio-sistema.
–Epilepsia.
–Esklerosi anizkoitza eta bestelako eritasun desmielinizatzaileak.
–Neurona motorraren eritasunak.
–Ataxiak.
–Buruko eta integrazioko funtzioen nahasmenduak (arrazoitze abstraktua, oroimena, adimena eta funtzio betearazleak).
–Parkinson-en eritasuna eta bestelako nahasmendu estrapiramidalak.
–Odol-hodien gaitz iskemikoak, hemorragikoak edo malformazioren baten ondoriozkoak.
–Miastenia larria eta lotura neuromuskularraren bestelako nahasmenduak.
–Bertigoak.
–Siringomielia.
–Hidrozefalia.
–Miopatiak.
–Nerbio-sistema zentraleko lesioaren ondoriozko paralisia.
–Paralisi periferikoak, eragin funtzionalaren arabera.
–Nerbio-sistema periferikoko eritasunak, eragin funtzionalaren arabera.
–Neke kronikoaren sindromea.
–Anosmia.
–Beste nahasmendu motor batzuk (tikak, estereotipia motorrak, loaren nahasmenduak), giza harremanetan eta lanean duten eraginaren arabera.
9.–Nahasmendu psikiatrikoak.
–Nahasmendu mental organikoak, salbu eta prozesu automugatuak eta itzulgarriak.
–Substantzia psikotropikoak (alkohola barne) kontsumitzearen ondoriozko nahasmendu mentalak eta portaeraren nahasmenduak.
–Eskizofrenia eta beste nahasmendu psikotiko batzuk.
–Gogo-aldartearen nahasmenduak (nahasmendu bipolarrak, depresio-nahasmendu errepikatuak, depresio-nahasmendu larria, nahasmendu distimikoak).
–Antsietate-nahasmenduak, baldin eragin kliniko nabarmena badute.
–Nortasunaren nahasmenduak eta bulkaden kontrolari loturikoak, gizarte harremanetan eta lanean eragina dutenak.
10.–Aparatu genitourinarioa.
–Giltzurrun-gutxiegitasuna, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Gernu-inkontinentzia.
–Giltzurrun-polikistosia.
11.–Sistema endokrinologikoa.
–Hipotalamo-hipofisi ardatzaren nahasmenduak.
–Hipertiroidismoa eta hipotiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Addison, Cushing, feokromozitoma eta giltzurrun gaineko guruinetako bestelako nahasmenduak.
–Hipoaldosteronismo primarioa eta sekundarioa.
–Diabetes mellitusa.
–Adenomatosi endokrino anizkoitza.
–Hipoparatiroidismoa eta hiperparatiroidismoa, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
12.–Larruazala, fanerak eta guruin exokrinoak.
–Orbainak eta larruazalaren prozesu kronikoak, baldin poliziaren eginkizunetan aritzeko gaitasuna gutxitzen badute haien zabalerarengatik, ondorio funtzionalengatik eta kokapenarengatik.
13.–Odola eta organo hematopoietikoak.
–Aplasia medularra, gaueko hemoglobinuria paroxistikoa, sindrome mieloproliferatiboak, anemia hemolitiko kronikoak, b-talasemiak anemiarekin.
–Linfomak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Sindrome linfoproliferatibo kronikoak, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Mieloma anizkoitzak eta Waldeström-en eritasuna.
–Hemofiliak eta hemostasiaren beste nahasmendu batzuk.
–Immunoeskasiak.
–Esplenektomia.
–Antikoagulatzaileak (Heparinak, Sintrom), Interferon, kortikoideak edo eritropoietina erabiltzen dituzten tratamendu kronikoak.
14.–Bestelakoak.
–GIB birusaren antigorputzen eramailea.
–Amiloidosia.
–Kolagenosia.
–Lupus eritematoso sistemikoa.
–Artritis erreumatoidea.
–Esklerodermia.
–Sjögren-en sindromea.
–Baskulitisa, ebaluazio mahaiak baloratu beharrekoa.
–Obesitatea (gorputz-masaren indizea > 25).
15.–Azalpen orokorrak.
–Patologia baztertzaileak ebaluazio mahaiak baloratuko ditu eragin funtzionalaren arabera, eta polizia lanetan aritzeari begira eginen den pronostikoaren arabera.
–Prozesu neoplasikoetan eta organoen transplanteen kasuetan, ebaluazio mahaiak gaitasuna baloratuko du, bilakaeraren eta pronostikoaren arabera.
–Edozein aparaturen eta sistemaren beste edozein afekzio, baldin ebaluazio mahaiaren iritziz polizia lanetan aritzea galarazten ahal duen eragin funtzionala badu.
Iragarkiaren kodea: L2502014
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
