1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.7. BESTELAKOAK
26/2025 EBAZPENA, otsailaren 6koa, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez saskibaloiko baterako proben prozedura ezartzen baita eta proba horietarako deialdia egiten baita, federazio mailako saskibaloiaren modalitateko entrenatzaile prestakuntzak aitortzeko prozesuan sartuta dauden pertsonentzat. Aitortzeko prozedura abenduaren 21eko 1299/2022 Errege Dekretuan aurreikusita dago.
Araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezartzen duen urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren VIII. kapitulua garatzen du, kirol irakaskuntzei buruzkoa. Bosgarren xedapen iragankorrean, Hezkuntza Ministerioari ematen dio federazio mailarekin soilik egindako prestakuntzak aitortzeko prozedura arautzeko aukera, 1999ko uztailaren 5eko Agindua indarrean sartu zenetik aipatu errege dekretua indarrean jarri arte egindakoak badira. Agindu horren bidez, osatzen dira abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean aipatzen diren kirol arloko prestakuntzen curriculum-alderdiak eta baldintza orokorrak.
Saskibaloiko erdi mailako eta goi mailako irakaskuntzak honako hauen bidez ezarri ziren: 980/2015 Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Saskibaloiko kirol teknikariaren titulua eta oinarrizko curriculuma eta sartzeko baldintzak ezartzen dituena, eta 982/2015 Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Saskibaloiko goi mailako kirol teknikariaren titulua eta oinarrizko curriculuma eta sartzeko baldintzak ezartzen dituena.
Saskibaloian federazio mailarekin soilik egindako prestakuntza duten entrenatzaileek irakaskuntza ofizialetarako aurreikusitako ondorio akademikoak lortzeko eta, beren prestakuntza osatzeko, irakaskuntza horietan sartzeko prozedura zehazte aldera, Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak abenduaren 21eko EFP/1299/2022 Agindua argitaratu zuen, atletismo, saskibaloi, eskubaloi, judo eta bela modalitateetan federazio mailarekin 1999ko uztailaren 15etik 2007ko azaroaren 9ra bitarte egindako kirol-entrenatzaileen prestakuntzak aitortzeko prozedura ezartzen duena. Izan ere, data horietan hartu zuten indarra, hurrenez hurren, 1999ko uztailaren 5eko Aginduak eta urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuak.
Agindu horren 5. artikuluak bi fase ezartzen ditu prozeduran. Lehenengo fasean, aitorpena zer prestakuntzarekin lor daitekeen zehazten da, eta bigarrenean, aginduak berak jasotzen duen banakako eragina lortzen da. Aldi berean, agindu horren 6.2 artikuluak ezartzen duenez, Kirol Kontseilu Gorenari dagokio ezarritako baldintzak betetzen dituzten prestakuntzak aitortzea.
Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena –Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak, 2025-2026 ikasturteari dagozkionak, egiteko deialdiari buruzkoa–, eta erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 245/2023 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak,
EBAZTEN DUT:
1. Baterako probak egiteko deialdia egitea, honako hauek homologatzeko interesa dutenei zuzenduak: saskibaloiko I. mailako federazio diploma, saskibaloiko hasierako zikloa gainditu izanaren ziurtagiri akademiko ofizialarekin homologatzea nahi dutenak; saskibaloiko II. mailako federazio diploma, saskibaloiko kirol teknikariaren tituluarekin homologatzea nahi dutenak; eta saskibaloiko III. mailako federazio diploma, saskibaloiko goi mailako kirol teknikariaren tituluarekin homologatzea nahi dutenak. Probak ebazpen honen I. eranskinean jasotako oinarrien arabera eginen dira.
2. Ebazpen hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera, Argibide eta Agiri Bulegora, eta Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutuko Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentrora, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2025eko otsailaren 6an.–Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.
I. ERANSKINA.–OINARRIAK
Alderdi orokorrak
1.–Xedea eta aplikazio eremua.
1. Ebazpen honen bidez, abenduaren 21eko EFP/1299/2022 Aginduak ezartzen dituen baterako probetarako deialdia egiten da 2025. urterako, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuan aurreikusitako saskibaloiko federazio-prestakuntzak aitortzeko betekizunaren parte diren aldetik.
Izena ematea.
2.–Sarrera proba espezifikoetan izena ematea.
1. Honela ematen ahalko da izena:
a) Telematika bidez, dagokion tramiteen fitxatik. Horretarako, beharrezkoa izanen da ziurtagiri digital balioduna edukitzea:
–"Baterako probak, federazio mailako saskibaloiaren modalitateko entrenatzaile-prestakuntzak aitortzeko prozesuan dauden pertsonentzat".
https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/prueba-de-conjunto-de-baloncesto
3. Izangai bakoitzak inskripzio orri bakar bat bete beharko du, arestian aipatutako kirol espezialitate edo modalitateari dagozkion tramiteen fitxan agertzen den ereduaren araberakoa.
4. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuak zehaztuko ditu izena emateko egunak, behin-behineko eta behin betiko zerrendak argitaratzekoak, matrikula egitekoak eta probak egitekoak, kontuan hartuta, betiere, proba 2025eko martxoaren 17tik aurrera egin beharko dela.
3.–Dokumentazioa.
Izena emateko orriarekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:
–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarren nortasun txartelarena.
–Federazio-agiria, Kirol Kontseilu Gorenak homologatutako federazio-prestakuntza gaindituta lortutako diploma duela ziurtatzen duena, II. eranskinaren arabera.
4.–Izena emateko tasak.
Honako hauek dira probetan izena emateko tasak, otsailaren 11ko 2/2021 Foru Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera, non 15. tarifa sortu baitzen, hots, araubide bereziko kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoetan izena emateari dagokiona:
a) Baterako proba:
–Tarifa arrunta: 45 euro.
–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 22,50 euro.
–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia): doakoa.
Onartu eta baztertuen zerrenda
5.–Onartu eta baztertuen zerrenda.
1. Deitutako probetan izangai kopuru hau onartuko da gehienez:
- 30 izangai I. mailako probetan.
- 30 izangai II. mailako probetan.
- 25 izangai III. mailako probetan.
2. Baldin izena ematen duten izangaien kopurua proba bakoitzerako adierazitakoa baino handiagoa bada, onartuen zerrenda prestatzeko, lehentasun irizpide hauek erabiliko dira:
–Lehenik: Nafarroako Saskibaloi Federazioak emandako lizentzia indarduna duten izangaiak.
–Bigarrena: kasuan kasuko saskibaloi federazioak emandako lizentzia indarduna duten izangaiak.
–Hirugarrenik: federazio lizentzia indardunik ez duten izangaiak.
Irizpide horiek aplikatu ondoren ateratzen diren taldeetan izangaien hurrenkera ezartzeko, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusian 2024-2025 ikasturteko onarpen-prozedurarako egindako zozketaren emaitzari jarraituko zaio.
3. Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak dagokion tramiteen fitxan argitaratuko dira.
4. Erreklamazioak aurkezten ahalko dira, eskabide orokorraren bidez, dagokion tramiteen fitxako ereduaren arabera, eta ebaluazioaz arduratu den epaimahaiko buruari zuzenduko zaizkio.
5. Erreklamazioak ebatzi ondoren, onartutakoen behin betiko zerrendak tramiteen fitxan adierazitako egunetan argitaratuko dira.
Baterako probak
6.–Baterako probak.
1. Goi mailako baterako proba: Kirol Kontseilu Gorenak aitortutako prestakuntzan lortutako ezagutza eta trebetasun nahikoak frogatzea du helburu. Probaren edukiak goi mailako kirol teknikariaren titulurako oinarrizko curriculumari buruzkoak izanen dira, eta probak zati komun bat eta zati espezifiko bat izanen ditu. Curriculuma modalitateari buruzko errege dekretuan jasota dago.
2. Erdi mailako baterako proba: Kirol Kontseilu Gorenak aitortutako prestakuntzan lortutako ezagutza eta trebetasun nahikoak frogatzea du helburu. Probaren edukiak kirol teknikariaren tituluko hasierako eta amaierako zikloetako oinarrizko curriculumari buruzkoak izanen dira, eta probak zati komun bat eta zati espezifiko bat izanen ditu. Curriculuma modalitateari buruzko errege dekretuan jasota dago.
3. Hasierako zikloko baterako proba: Kirol Kontseilu Gorenak aitortutako prestakuntzan eskuratutako ezagutza eta trebetasun nahikoak frogatzea du helburu. Probaren edukiak kirol teknikariaren hasierako zikloko oinarrizko curriculumari buruzkoak izanen dira, eta probak zati komun bat eta zati espezifiko bat izanen ditu. Curriculuma modalitateari buruzko errege dekretuan jasota dago.
4. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira. Bi ebaluatzaile Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoak izanen dira, Gorputz Hezkuntzako espezialitatea dutenak, eta beste bat Espainiako edo kasuko autonomia erkidegoko federazioak proposatuko du, eta modalitate horretako goi mailako kirol teknikariaren titulazioa duela egiaztatuko du.
7.–Kirol irakaskuntzetan sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordutegia eta tokia.
Proba egiteko eguna, ordutegia eta tokia behar den denborarekin jakinaraziko dira tramiteen fitxan.
Probak hasteko ezartzen den ordua baino ordu erdi lehenago eginen da proba bakoitzerako deia. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela aldean dutela agertu beharko dute, eta ariketak egiteko beharrezkoa den materiala ere eraman beharko dute.
8.–Proba espezifikoak garatzeko eta betebehar espezifikoak baloratzeko epaimahaiak.
1. Epaimahai espezifikoek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko dituzte probak. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu epaimahai horiek.
2. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira. Bi ebaluatzaile Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegokoak izanen dira, Gorputz Hezkuntzako espezialitatea dutenak, eta beste bat Espainiako edo kasuko autonomia erkidegoko federazioak proposatuko du, eta modalitate horretako goi mailako kirol teknikariaren titulazioa duela egiaztatuko du.
3. Kirol modalitate eta espezialitate guztiei dagozkien irakaskuntzak Nafarroan guztiz ezarririk egon arte, Hezkuntza Departamentuak kasuan kasuko Espainiako Errege Federazioak emandako goi mailako diploma edo ziurtagiria dutenak izenda ditzake sarrera proba espezifikoetako epaimahaietan goi mailako kirol teknikariei esleitutako eginkizunetarako.
4. Epaimahai bakoitzeko buruaren zeregina izanen da bermatzea baterako probak garatzen direla ebazpen honetan ezarritakoari eta gainerako araudi indardunari jarraikiz.
5. Epaimahai bakoitzeko idazkariaren zeregina izanen da baterako probei buruzko aktak egitea, eta egiaztatzea proba egiten dela ebazpen honetan ezarritakoa eta gainerako araudi indarduna betez. Horrez gain, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.
6. Ebaluatzaileen zeregina izanen da proba egiteko tokiak antolatu eta prestatzea hura modu egokian garatu ahal izateko, probaren garapen teknikoa kudeatzea eta izangaiak ebaluatzea proba osatzen duten ariketetan, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideei jarraituko diete. Hortaz, haiek bakarrik baloratuko dute proba.
7. Epaimahaiak proposatzen ahalko dio Lanbide Heziketaren Zerbitzuko Zuzendaritzari aholkulariak izenda ditzan; horien zeregina izanen da probak prestatzeko eta egiteko aholkularitza eta laguntza ematea. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da aholkulari horiek izendatzeaz.
8. Epaimahaiei dagokie baterako probak martxan jartzean eta garatzean sortzen ahal den kontu tekniko eta logistiko ororen berri izatea eta horiek ebaztea.
9. Epaimahaikideei, baita epaimahaietan parte hartzen duten aholkulariei ere, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren martxoaren 22ko 84/2016 Ebazpenean ezarritako diru konpentsazioak dagozkie. Ebazpen horren bidez, proben epaimahaietako kideek jaso beharreko konpentsazioak ezartzen dira.
Proben emaitzak eta erreklamazioak
9.–Azken kalifikazioa.
Sarrera proba espezifikoak "Gai" edo "Ez gai" terminoekin kalifikatuko dira. "Gai" balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideen arabera.
10.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.
1. Proben behin-behineko emaitzak dagokion tramiteen fitxetan argitaratuko dira.
2. Behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita, izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Domingo kalea 8), eta dagokion epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, tramiteen fitxan dagoen ereduaren arabera.
3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak tramiteen fitxan argitaratuko dira, probaren kalifikazioaren erreklamazioetarako ezarritako epea amaitu ondoren.
Behin betiko emaitzak argitaratuta beteko du epaimahai ebaluatzaileak aurkezten diren erreklamazioei buruz hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura.
Egiaztagiriak
11.–Proba espezifikoen balioa eta egiaztapena.
Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, eta estatu osorako balioko du. Lanbide Heziketaren Zerbitzuko zuzendariak emanen du egiaztagiri hori.
Ebazpen honen xede den baterako proba gainditu izanaren ziurtagiriak hartzen ahalko dituzte interesdunek, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Integraziorako Zerbitzuari eskatuta, behin betiko emaitzak argitaratu eta zazpi egun igaro ondoren.
Ez da inola ere emanen probaren zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk.
Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.
II. ERANSKINA.–ZIURTAGIRI EREDUA
........................................................................................................... jaunak/andreak (NAN zenbakia: ..............................), ...........................................(e)ko Espainiako edo autonomia erkidegoko federazioko idazkariak (federazioaren IFZa: ..................................),
ZIURTATZEN DU:
Federazioaren artxiboetan jasota dagoenez, .......................................................................................................... jaunak/andreak (NAN zenbakia: .......................) ................................................................(1) diploma duela, ....................... mailakoa, ......................................(e)an ..................................................... egindako ikastaroa gaindituta lortua eta Kirol Kontseilu Gorenak emandako .............................................. Ebazpenaren bidez aitortua (............(e)ko ........ Estatuko Aldizkari Ofiziala, ...........aren .....(e)koa).
Eta jasota gera dadin, interesdunak eskatuta eta .................................. (e)ko Espainiako edo autonomia erkidegoko federazioak ................................(e)ko Autonomia Erkidegoan federazio mailarekin soilik egindako entrenatzaile-prestakuntzak aitortzeko prozedura ezartzen duen .................... Aginduan (prozedura urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bosgarren xedapen iragankorrean ezarrita dago) aurreikusitako ondorioetarako, ziurtagiri hau sinatzen du ....................................................... (e)an, ..........(e)ko ......................aren ..............(e)(a)n.
Sinatua: ...................................................... (e)ko Espainiako edo autonomia erkidegoko federazioko idazkariak, lehendakariak ikus-onetsia.
Iragarkiaren kodea: F2502062