1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK
226E/2025 EBAZPENA, otsailaren 13koa, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez baimentzen baita honako dirulaguntza deialdi honen gastua: "Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartuz enplegua sustatzeko dirulaguntzak". DDBN identifikazioa: 811807.
Otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren bidez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Estatutuak onetsi ziren. Estatutu horietan ezarritakoaren arabera, zerbitzu horren xedea da enplegu politikak, eragile sozialekin adostutakoak, planifikatu, gauzatu eta kontrolatzea, honako arlo hauetan ezartzen diren zerbitzu eta programak modu koordinatuan kudeatuz: enpleguaren sustapena, lan merkatuan sartzeko aukera berdintasuna, enplegu ematea, lan bitartekotza, enplegurako orientazioa eta prestakuntza eta Nafarroako enpleguaren egoeraren eta horren gaineko politiken azterketa; horretarako, besteak beste, hainbat dirulaguntza finantzatzen, ematen eta kudeatzen ditu, enplegua sortzen eta lan munduan sartzen laguntzeko; horien oinarri arautzaileak 2025. urtea baino lehen onetsi dira.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 30.1 artikuluak ezartzen duenez, dirulaguntzen deialdiek berekin ekarri beharko dute gasturako baimena, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legean ezarritakoari jarraikiz. Hortaz, bidezkoa da 2025. urterako gastua baimentzea, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartuz enplegua sustatzeko eta lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzetarako.
Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen apirilaren 3ko 507E/2019 Ebazpenaren bidez, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartuz enplegua sustatzeko dirulaguntzak arautu ziren.
Horrenbestez, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren estatutuak onesten dituen otsailaren 7ko 13/2024 Foru Dekretuaren 14. artikuluan emandako ahalmenak erabiliz,
EBAZTEN DUT:
1. Onestea dirulaguntza deialdi bat, Nafarroako lan elkartuko kooperatibetan eta lan sozietateetan bazkide gehiago sartuz enplegua sustatzeko.
2. 600.000 euroko gastua baimentzea deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, Nafarroako 2025eko Aurrekontu Orokorretako partida honen kargura:
AURREKONTU PARTIDA | EKITALDIA | ZENBATEKOA |
"Ekonomia sozialeko enpresentzako laguntzak, bazkideak sar ditzaten" izeneko 950001 96100 4709 241200 partida | 2025 | 600.000 |
3. Gehienez ere 60.000 euroko zenbateko gehigarria baimentzen ahalko da, aurrekontu-kreditua handitzeagatik beste deialdi batzuetan kreditua sobera egotearen ondorioz. Horretarako, betiere, partida handitu beharko da aurretik. Kreditu gehigarri horretarako baimena, kasua bada, organo eskudunak emanen du, eta deialdiaren modu berean argitaratuko da. Horrek ez du ekarriko beste epe bat irekitzea dirulaguntza eskaerak aurkezteko, ez eta ebazteko eta jakinarazteko gehieneko beste epe bat hastea ere.
4. 2024ko ekitaldian ebatzi gabe gelditzen diren eskaerei 2025eko ekitaldiko aurrekontuaren kargura erantzutea.
5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.
6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Eskubide Sozialetako, Ekonomia Sozialeko eta Enpleguko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.
Iruñean, 2025eko otsailaren 13an.–Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Miriam Martón Pérez.
Iragarkiaren kodea: F2502350