40. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

60E/2025 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Osasuneko zuzendari nagusiak emana, pazienteen eta ahaideen osasun programetarako dirulaguntzen deialdi bat onesten duena, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzendurik, osasun arazoak hobetzeko helburuarekin gauzatu ditzaten, 2024ko abenduaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitarteko aldian. DDBN identifikazioa: 813196.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezartzen da Nafarroako aurrekontu orokorren kargura ematen diren dirulaguntzen araubide juridiko orokorra. Arau horrek xedatzen du ezen, dirulaguntzak eman baino lehen, organo eskudunak oinarri arautzaileak ezarriko dituela, eta horiek argitaratu beharko direla, dirulaguntza jasotzeko moduan daudenek eskuratzeko aukera izan dezaten.

Aipatu 11/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat, dirulaguntza deialdi honen xedea da fundazioek, gizarte ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek autolaguntza taldeak eratzeko eta talde horien funtzionamendurako berariazko ekintzak egitea, eta, orobat, Osasun Departamentuak osasun arloko politikaren esparru orokorrean sustatzen dituen gidalerroekin bat etorrita eta herritarren partaidetzarekin, prebentzioko eta osasuna sustatu eta mantentzeko programak garatzen dituzten ekintzak, zehazki, indarreko Osasun Planean eta, bereziki, Paziente Kronikoei eta Pluripatologikoei Arreta Integratua emateko Nafarroako Estrategian jasotako xedeak betetzeko helburua dutenak.

Espedienteko txosten teknikoek eta juridikoek adierazten dute, hurrenez hurren, dirulaguntzen deialdia egokia eta interes publikokoa dela eta deialdia eta oinarri arautzaileak legearen araberakoak direla.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 artikuluak eta Osasun Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen azaroaren 15eko 246/2023 Foru Dekretuaren 8.t) artikuluak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Onestea pazienteen eta ahaideen osasun programetarako dirulaguntzen deialdi bat, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzendurik, osasun arazoak hobetzeko helburuarekin gauzatu ditzaten, 2024ko abenduaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitarteko aldian, eta, halaber, ebazpen honen 1., 2. eta 3. eranskinetan jasota dauden oinarri arautzaileak.

2. Osotara 613.013 euroko gastua baimentzea, 2025eko gastuen aurrekontuko "Osasun arazoak hobetzeko dirulaguntzak, pazienteen eta ahaideen elkarteentzat" izeneko 511000 51100 4819 311100 partidaren kargura.

3. Ebazpena eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara daitezela agintzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzura, Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Osasun Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura eta, halaber, Dirulaguntzen Datu Base Nazionalera.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2025eko otsailaren 3an.–Osasuneko zuzendari nagusia, Antonio López Andrés.

1. ERANSKINA.–PAZIENTEEN ETA AHAIDEEN OSASUN PROGRAMETARAKO DIRULAGUNTZEN DEIALDIA, FUNDAZIOEI, GIZARTE EKIMENEKO KOOPERATIBEI ETA IRABAZI-ASMORIK GABEKO ELKARTEEI ZUZENDURIK, OSASUN ARAZOAK HOBETZEKO HELBURUAREKIN GAUZATU DITZATEN, 2024KO ABENDUAREN 1ETIK 2025EKO AZAROAREN 30ERA BITARTEKO ALDIAN. OINARRI ARAUTZAILEAK

1.–Dirulaguntzaren xedea.

Deialdi honen xedea dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea da, fundazioei, gizarte ekimeneko kooperatibei eta pazienteen eta ahaideen irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzendurik, autolaguntza taldeak eratu ditzaten eta osasun arazoak hobetzeari begirako programak gauzatu ditzaten, 2024ko abenduaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitarteko aldian. Prestakuntza- eta/edo autolaguntza-programa horiek bat etorriko dira indarrean dagoen Osasun Planarekin eta, zehazki, "Paziente Kroniko eta Pluripatologikoei Arreta Integratua emateko Nafarroako Estrategiarekin".

Kanpoan gelditzen dira GIB-HIESarekin edo horren ondorioekin lotutakoak, bai eta adikzioen prebentzioarekin edo/eta tratamenduarekin lotutakoak ere.

2.–Entitate onuradunek bete beharrekoak.

Deialdi honek ezartzen dituen dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte dagokien erregistroan izena emanda dauden fundazioek, gizarte ekimeneko kooperatibek eta irabazi-asmorik gabeko elkarteek, baldin eta autolaguntzako taldeak eratzen badituzte edo osasun arazoak hobetzeari begirako programak garatzen badituzte deialdiaren aldian, Osasun Departamentuak xedatutako lehentasunekin bat badatoz eta Nafarroako Foru Komunitateko herritarrei arreta emateko badira.

Entitate eskatzaileek egunean izan beharko dituzte zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari dagozkionak, baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari edo haren erakunde autonomoei itzuli beharreko zorrei dagozkien betebeharrak ere, dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egiten den egunean.

Entitate eskatzaileak ezin dira egon dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten gainerako egoeretan, zeinak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarrita baitaude.

Entitate eskatzaileek gardentasun betebeharrari buruzko adierazpena aurkeztu beharko dute, deialdi honen 8. oinarriaren arabera.

Baldintza horiek guztiak diruz laguntzen den jarduerak irauten duen denbora osoan bete beharko dira. Entitate onuradunaren erantzukizuna da, aldaketarik bada, horien berri ematea.

3.–Diruz lagungarriak diren zuzeneko eta zeharkako gastuak, diruz lagungarriak ez diren gastuak eta laguntzen zenbatekoa.

3.1. Gastu diruz lagungarriak:

a) Programako jarduerak egiteko beharrezkoak diren zuzeneko gastuak:

i. Jarduera gastuak: material suntsikorrekoak eta pertsonal gastuak, zuzeneko lotura dutenak aurkeztutako programan deskribatutako osasun arretarekin.

Pertsonal gastuen kasuan, zehaztu behar da zer lanbide kategoria eta zer hitzarmen dagokien langileei, eta haien lanaldiaren zer ehuneko edo zenbat ordu egozten ahal zaion jarduera edo programari; behar bezala banakaturik aurkeztuko dira gastu hauek. Kontratatutako langileen soldatak, ordainsariak eta Gizarte Segurantzako gastuak sartzen dira. Nominan kontzeptu gisa sartutako plusak eta/edo osagarriak onartu eginen dira baldin eta jasotzen dituen langilearen hitzarmen kolektiboan jasota badaude.

ii. Lokalen alokairua eta funtzionamendu-gastuak. Jarduera gastuei dagozkiela ulertuko da lokala entitatearen jarduera garatzeko helburu bakarrarekin alokatzen denean eta beste entitate batzuekin partekatzen ez denean. Gastuak beste entitate batzuekin partekatzen badira, diruz lagunduko da entitate bakoitzak bere gain hartzen duen gastuaren zati proportzionala. Behar bezala banakaturik aurkeztuko dira gastu horiek, entitate bakoitzak lokalaren zer zati erabiltzen duen zehazturik.

b) Zeharkako gastuak:

i. Entitatearen funtzionamenduaren ondoriozkoak (barne direla aurkeztutako programan deskribatutako osasun arretari zuzenean lotzen ez zaizkion entitateko langileen ordainsariak; lokalen mantentze-gastuak, bulego materiala eta abar), baldin eta dirulaguntzaren xedeko programari loturik badaude eta behar bezala egiaztatzen badira. Eskatutako zenbatekoaren %25 egozten ahalko zaio, gehienez, dirulaguntzari.

ii. Diruz lagundutako jarduerak egiten diren bitartean beren burua zaindu ezin duten pertsonei arreta emateko gastuak (haurtzaindegia, ludoteka, adinekoen zaintza, etab.), elkarteak berak ematen duenean, familia eta lana bateragarri egiteko.

iii. Gastu diruz lagungarritzat joko dira finantza gastuak, aholkularitza juridiko edo finantzarioko gastuak, notario eta erregistro gastuak, diruz lagundutako proiektua egiteko peritu gastuak eta berariazko administrazio gastuak, baita banku-bermerako gastuak ere, baldin eta zuzeneko lotura badute dirulaguntzaren xedeko jarduerarekin eta ezinbestekoak badira hura behar bezala prestatu nahiz gauzatzeko. Bankuetako kontuen zor interesak ez dira inoiz diruz lagungarriak izanen.

iv. Dirulaguntzaren xedeko gastuaren zenbatekoa 30.000 eurotik gorakoa bada, obrak egitearen kostuaren kasuan, edo 12.000 eurotik gorakoa, ekipamendu ondasunak erosteko edo aholkularitza edo laguntza enpresen zerbitzuetako gastuen kasuetan, onuradunak frogatu beharko du hornitzailea efizientzia eta ekonomia irizpideei jarraituz hautatu dela, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluarekin bat, salbu eta, dirulaguntzaren xedeko kostuen ezaugarrien berezitasuna dela-eta, merkatuan hornidura edo zerbitzua emateko behar adina entitate ez badago, edo gastua dirulaguntza eskatu baino lehen egin bada.

3.2. Diruz lagungarriak ez diren gastuak:

Gastu hauek ez dute dirulaguntzarik izanen:

a) Gastu inbentariagarriak; produktu bakar batean 600 eurotik gorako gastuak hartuko dira halakotzat.

b) Zerbitzu publikoek egiten dituzten jarduerak.

c) Inbertsioak.

d) Entitatearen edo elkartearen publizitateari edo sustapenari lotutako gastuak.

e) Aurreikusitako jarduerak betetzeaz bestelako helburua duten bidaiak.

f) Instrukzio unitatearen ustez, programan sartutako jardueren garapenari loturik ez dagoen prestakuntza.

g) Deialdiaren 2. eranskinean ezarritako moduluak gainditzen dituzten kopuru unitarioak. Eranskin horretan jaso gabeko kasuetan, ez da dirulaguntzarik emanen Foru Komunitateko Administrazioan indarra duten tarifetatik gorako jardueren kostuetarako.

h) Gaixotasunei buruzko sentsibilizazio eta informazio jarduerak, herritar guztientzat direnak.

i) Inprimatutako materiala eta/edo digitala: diruz lagunduko da, bakar-bakarrik eta salbuespenez, baldin eta ebaluazioa egiten duen unitatearen iritziz ezinbestekoa bada programaren helburua lortzeko.

j) Podologia eta odontologia, edo ebidentzia zientifikoak bermatzen ez dituen eta osasun jardueretarako baimendutako zentro batean egiten ez diren jarduerak.

k) Jardunaldi, biltzar eta kanpamentuetara joatea, monitoreak eta/edo boluntario-lanak egiten dituzten pertsonak izan ezik.

l) Ez dira diruz lagunduko hezkuntza ziklo guztietako ikasleekin egindako jarduerak, 0-3 tartea barne, edozein dela ere ikastetxeen titulartasuna, baldin eta jarduera horiek ikasgelan egiten badira edo eskola-orduetan, bat etorriz Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentua gauzatzen ari den Hezkidetza Planarekin.

m) Lan osasuneko jarduerak eta lanbide prestakuntza, begiraleak eta boluntario-lanak egiten dituzten pertsonak izan ezik.

n) Oro har, entitatearen aperitibo, gosari, catering, bazkari edo afariei edo entitateak parte-hartzaileei eskainitakoei dagozkien gastuak, ez eta jarduera dela-eta emandako opariak ere.

3.3. Laguntzen zenbatekoa.

613.013 euroko guztizko gastua 2025eko gastu aurrekontuko "Osasun arazoak hobetzeko dirulaguntzak, pazienteen eta ahaideen elkarteentzat" izeneko 511000 51100 4819 311100 partidaren kargura eginen da, baldin eta kreditu egokia badago, ebazpen honen ondoriozko konpromisoei erantzuteko.

Entitate bakoitzak jasotzen duen guztizko kopurua ezin izanen da izan partidaren guztizkoaren %10 baino handiagoa.

Era berean, erabat osasun arlokoak ez diren programetara bideratutako zenbateko osoa ezin izanen da partidaren %3 baino handiagoa izan.

4.–Eskaerak.

4.1. Eskaerak noiz eta non aurkeztu.

4.1.1. Eskaerak aurkezteko epea 15 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4.1.2. Eskaerak elektronikoki tramitatuko dira, Nafarroako Atarian (https://www.navarra.es/eu/hasiera) argitaratutako deialdiaren fitxatik (hemendik aurrera, "deialdiaren fitxa"), "Tramitatu" aukera baliatuta.

Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko erregistro orokor elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Bertan identifikatzeko, ziurtagiri digitala, NAN elektronikoa edo cl@ve eduki beharko da.

Dokumentazioa agiri bereizietan aurkeztuko da, bakoitzak bere izena behar bezala dakarrela, deialdiaren fitxan eskuragarri dauden artxiboen zenbakiak eta izenak aldatu gabe.

Eskaeretan, helbide elektroniko bakar (HEB) bat adierazi beharko da, bide hori erabiliko baita zerbitzu arduradunaren eta entitate eskatzaileen arteko komunikazio eta jakinarazpenetarako.

4.1.3. Eskaerak epez kanpo aurkezten badira, haiek ez onartzeko ebazpena eman eta interesdunei jakinaraziko zaie Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 41. artikuluan zehaztutako eran.

4.1.4. Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

4.2. Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Gehienez ere hiru programa aurkezten ahalko dira entitate eta urte bakoitzeko.

Dokumentaziorako inprimakiak deialdiaren fitxan jarriko dira eskuragarri.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Dirulaguntza eskatzeko inprimaki ofiziala, behar bezala betea, dirulaguntza eskatzen duen entitatearen ordezkariak sinatua, eta egin asmo den proiektu, ekintza edo programaren atal teknikoak eta ekonomikoak behar bezala arrazoiturik. Inprimaki ofizialak deialdiaren fitxan izanen dira eskuragarri.

b) Dirulaguntza eskatzen duenaren ordezkaritza frogatzen duen dokumentazioa.

c) Adieraztea Nafarroako Foru Komunitateko elkarteen, fundazioen edo kooperatiben erregistroetatik zeinetan dagoen inskribatua entitate eskatzailea, hala badagokio; egoitza Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo duten entitateen kasuan, haien estatutuen kopia eta dagokion erregistroan inskribatu izanaren adierazpena.

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, entitatearen ordezkariak egina, adierazten duena entitatea eta haren administratzailea eta/edo ordezkaria dirulaguntzen onuradun izatea galarazten duten egoeretatik bakar batean ere ez daudela. Egoera horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira. Adierazpen hori dirulaguntza eskatzeko inprimaki ofizialari erantsi zaion ereduaren arabera egin daiteke.

f) Transferentzia bidezko ordainketa eskatzeko inprimakia, behar bezala betea. Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko dirulaguntzak jasotzeko emandako bankuko kontua aldatu bada; Nafarroako Gobernuaren web-orrian egonen da eskuragarri. https://www.navarra.es/eu/tramiteak/on/-/line/kontuen-eta-ordainketen-kontsulta.

g) Dirulaguntzaren aurrerakinik eskatuz gero, deialdiaren 10.2 oinarrian xedaturikoarekin bat, entitate eskatzaileak, oinarri horretan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzaren helburuak betetzeko funtsak aldez aurretik behar direla frogatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, helburu bererako beste dirulaguntzarik eskatu edo jaso duen adierazten duena. Adierazpen hori dirulaguntza eskatzeko inprimaki ofizialari erantsi zaion ereduaren arabera egin daiteke.

i) Toki erakundeak ordezkatzen dituzten gizarte ekimeneko kooperatibek hori egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dute.

j) Beste agiri batzuk:

–Tailerrak, hitzaldiak, elkarri laguntzeko taldeak: prestakuntzaren edukia, bertaratze-sinaduren orriak, ekintzaren publizitate-dokumentua eta/edo entitateak egokitzat jotzen dituenak.

–Boluntariotza: boluntarioaren erantzukizunpeko adierazpena, parte-hartzea ziurtatuz.

–Publizitatea: Nafarroako Gobernuaren/Osasun Departamentuaren logoa jardueretan sartu izanaren dokumentu-froga.

Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.8 artikuluan eta Administrazio Publikoetako Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 28. artikuluan xedaturikoarekin bat, ez dago b), c), d) eta f) letretan eskatzen diren dokumentuak aurkeztu beharrik, baldin eta datu horiek Foru Komunitateko Administrazioak dagoeneko badauzka, betiere datu horiek ageri diren espedientea edo deialdia adierazten bada eta ez bada gertatu aldaketarik aurkeztu zirenez geroztik.

Eskaera aurkezteak berekin dakar entitateak Osasun Departamentuari baimena ematea Ogasun Publikoan eta Estatuko Administrazio Orokorrean informazioa bildu dezan, jakiteko eskatzaileak bete dituen bere zerga betebeharrak, dirua itzultzekoak eta Gizarte Segurantzarekikoak.

4.3. Eskaerako akatsak zuzentzea.

Eskaerak ez baditu betetzen adierazi diren baldintzak, dagokion instrukzio unitateak entitate interesdunari eskatuko dio zuzen dezala gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio zuzendu ezean ondorioztatuko dela eskaeran atzera egin duela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 19.3 artikuluan xedatu bezala.

5.–Antolamendua, instrukzioa eta dirulaguntza emateko irizpideak.

5.1. Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez emanen dira dirulaguntzak, instrukzio organoak proposatuta.

5.2. Deialdi honen ondorioetarako, Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Atalari esleitu zaizkio oinarri hauetako dirulaguntzak emateko prozedura antolatu eta instruitzeko eginkizunak. Oinarri hauetan instrukzio organoa aipatzen delarik, atal horri egiten zaio erreferentzia.

5.3. Instrukzio organoak ofizioz ebaluatuko ditu eskaerak, kontuan hartuz oinarri arautzaile hauetan ezarritakoa, eta ebazpen proposamen bat emanen du, txosten batekin batera, non adieraziko baitu entitate onuradunek betetzen dituztela dirulaguntzak hartzeko baldintza guztiak.

5.4. Instrukzio organoak programak ebaluatzeko eta bidezkotzat jotzen dituen egiaztapenak egiteko argibide osagarriak eskatzen ahalko ditu, eta diruz lagundutako jardueraren gaineko frogagiri guztiak eskuratzen ahalko ditu. Informazio hori aurkezteko epea 5 egun baliodunekoa izanen da.

Osasun Zuzendaritza Nagusia da dirulaguntza emateari buruz ebazteko eskumena duen organoa. Ebazpen hori 3 hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaie entitate interesdunei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuta. Epe hori iragan eta ebazpena berariaz jakinarazi ez bada, eskaerak ezetsitzat joko dira.

6.–Dirulaguntzak emateko prozedura eta baloraziorako arau orokorrak.

6.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura norgehiagokako araubideari jarraikiz tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutako baldintzetan; horretarako, aurkeztutako eskaerak 3. eranskinean ezarritako balorazio irizpideen arabera baloratu eta alderatuko dira, haien hurrenkera ezartze aldera; behar bada, eranskin horretako b) letran ezarritako hainbanaketa aplikatuko da.

6.2. Deialdiaren 3. eranskinean ezarritako irizpideen arabera baloratuko dira programak.

Ikusten bada proiektuak diruz lagundu ezin diren gastuak (3.2 oinarriaren arabera) edo deialdi honen eremuari ez dagozkion jarduerak dituela, horiexek kendu eta berriz eginen da proiektuaren ebaluazio ekonomikoa, hura baloratu baino lehen.

Eskaerak banan-banan baloratuko dira, 0tik 100 puntura arteko eskala baten arabera, deialdiko 3. eranskinean adierazitako irizpideak kontuan hartuta.

Programa bat diruz lagungarritzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietatik 15 gutxienez 2. atalean lortu beharko dira (programaren kalitatea).

Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da onartutako zenbatekoari portzentaje bat aplikatuta, lorturiko puntuak adinakoa, gutxieneko puntuazioa gainditzen bada, betiere, eta aurrekontuko kontsignazioaren arabera. Erabilgarri dagoen kreditua gaindituz gero, dirulaguntzak hainbanatuko dira, baremoa aplikatzetik ateratzen diren kopuruen arabera.

7.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntza hartzen duten entitateek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza jasotzen duten jarduerak eskaeretan eta dirulaguntza ematen duen ebazpenean adierazitako baldintzetan gauzatzea, bai eta hala egin izana frogatzea ere. Diruz laguntzen diren jarduerak 2024ko abenduaren 1etik 2025eko azaroaren 30era bitarte (biak barne) eginen dira, Nafarroako Foru Komunitatean.

b) Beste erakunde batzuek helburu eta xede bererako emaniko laguntza edo dirulaguntza guztien berri ematea Osasun Departamentuari, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez. Informazio hori jakin bezain laster emanen da, eta, betiere, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen. Beste laguntzarik jaso ezean, hori ere adieraziko da justifikazio memoriarekin batera. Eskaera egiteko inprimaki ofiziala eskuratzeko bide berberak erabiliz lor daiteke erantzukizunpeko adierazpenaren eredua.

c) Oro har, deialdi honen kargura egiten diren ekintzetan, Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala jarri beharko da, Nafarroako Gobernuaren ikur ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretuaren 2. artikuluan xedatutakoarekin bat. Lehenik, logotipoa erabili izana jakinarazi beharko zaio dirulaguntza ematea tramitatu duen instrukzio unitateari eta, ondoren, justifikazio memorian erantsi beharko da.

Web-helbide honetan deskarga daitezke logoen zenbait bertsio: https://www.navarra.es/eu/nafarroako-gobernua/sinbolo-ofiziala.

d) Jarduerak gauzatu bitartean gertatzen diren aldaketa guztien berri ematea instrukzio unitateari, baldin eta dirulaguntza emateko eta haren zenbatekoa zehazteko kontuan harturiko baldintzei eragiten badiete.

e) Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean xedatutakoarekin bat etorriz, bermatuko da hizkuntza inklusiboa erabiltzen dela programa erredaktatzeko eta proposamenak aurkezteko sortzen diren dokumentu eta material guztietan, baita programa hedatu eta gauzatzeko sortzen direnetan ere, eta bermatuko da, halaber, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun balioak, estereotipatu gabeko genero-rolak eta zainketen erantzukidetasuna erakusten dituzten irudiak erabiltzen direla.

f) Orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean aipatzen diren gainerako betebeharrak betetzea.

8.–Gardentasun betebeharrak.

Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 12.4 artikuluan eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, dirulaguntzen entitate onuradunek arau horietan ezartzen den dokumentazioa aurkeztu behar dute.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen kargura urtebetean (aurrekontu-ekitaldiari lotutako urte natural gisa ulertua) osotara 20.000 eurotik gorako dirulaguntzak eskuratzen dituzten entitate pribatuen kasuan, edo laguntzak edo dirulaguntzak urteko haien diru-sarrera guztien %20 gutxienez direnean (betiere laguntza edo dirulaguntza horiek gutxienez 5.000 eurokoak badira), honako informazio osagarri hau jakinarazi beharko dute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren azken urteko kontuen kopia.

Aipatutako informazioa entitate onuradunaren legezko ordezkariak aurkeztu beharko du, telematikoki eta anonimotasunez, horretarako dagoen tramitearen bidez. Informazioa osatzeko epea hilabetekoa izanen da, dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten denetik.

Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Kopuru horiek gainditzen diren kalkulatzeko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da ondorio horietarako, ez guztizko batura.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu, aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, dirulaguntza eman dela jakinarazten denetik hilabeteko epean.

Entitateak dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu ekitaldi berean, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatu badira.

Entitate onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak ukatu gabe, betetzen ez badira onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta zerbait kobratu bada, itzuli beharko da, eta aurrerakinak ere bai, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.2.i) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

9.–Aldaketak.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak nola edo hala aldatuz gero, haren berri eman beharko zaio dagokion kudeaketa unitateari, eta emandako laguntza aldatzeko eskatu beharko da.

Gertatzen diren gorabeherak behar adina arrazoituko dira aldaketa eskaeretan. Eskaera horiek gorabeherak gertatu bezain laster egin beharko dira eta, betiere, dirulaguntzaren xedeko jarduera gauzatzeko epea bukatu baino lehen; aurkezten direnetik beranduenez hilabeteko epean ebatzi beharko dira, eta ekar dezakete, bidezkoa bada, emandako laguntza aldatzea eta, zein den kasua, dagokion diru kopurua itzuli beharra.

Programa gauzatzeko diruz lagundutako gastu multzoen artean (langileak, jarduerak eta funtzionamendua) gehienez ere %5eko desbideraketa ekonomikoa onartuko da, haren osotasunari eragiten diola ulertu gabe.

Entitatearen borondatearekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik entitateak ezin badu diruz lagundutako programetako bat garatu, instrukzio entitateari jakinaraziko dio. Aurrerakinik kobratu ez badu, dirulaguntza osoa edo zati bat kobratzeko eskubidea galduko du. Aurrerakinik kobratu badu, kopuru osoa itzuliko da.

10.–Dirulaguntzaren ordainketa.

10.1. Ordainketa aurreratua.

10.1.1. Entitate onuradunek hala eskatzen dutenean, eta frogatzen dutenean funts likidoz hornitu beharra dutela diruz lagundutako jardueraren xedeak betetzeko, aldez aurretik ordaintzen ahalko da dirulaguntza, laguntzak emateko ebazpenarekin batera.

Horretarako, entitateak, dirulaguntzaren eskaerarekin batera, kontuen egoera orria aurkeztu beharko du, aurreko urteko bukaerari dagokiona, bai eta 2025eko diru-sarrera eta gastuen aurreikuspena ere, edo beste edozein egiaztagiri, dirulaguntzaren xedeak betetzeko aldez aurretik funtsez hornitu beharra duela frogatzeko.

10.1.2. Dirulaguntzaren justifikazioa 11. oinarrian xedatutakoaren arabera aurkeztuko da, 2025eko abenduaren 18an beranduenez.

10.2. Ordainketa, jarduera justifikatu ondoren.

Entitateak eskatzen ez badu ez aurrerakinik, ez konturako ordainketarik, ordainketa Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da, jardueraren justifikazio tekniko eta ekonomikoa 11. oinarrian xedatutakoaren arabera egiten denetik hilabeteko epean.

10.3. Konturako ordainketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluaren arabera, eta entitate onuradunak ez badu frogatzen aurretik diru-funtsez hornitu beharra duela dirulaguntzaren helburuak betetzeko, entitateak eskatuz gero, konturako ordainketen bidez egiten ahalko da ordainketa. Konturako ordainketetan, diruz lagundutako jardueratik gauzatua dagoen zatiari dagozkion gastu arruntak eta pertsonal gastuak ordainduko dira, Osasuneko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, entitateak aurkeztu ondoren epe horretan egindako jardueraren memoria tekniko sinplifikatu bat eta jarduera horren ondoriozko gastuen zerrenda.

Konturako ordainketa horiek entitateak eskatu beharko ditu, betiere 2025eko urriaren 31 baino lehen, egun hori barne, eta Osasuneko zuzendari nagusiak eskaera jasotzen denetik hilabeteko epean eman beharko duen ebazpen baten bidez ebatziko dira.

Dirulaguntzaren azken justifikazioa 11. oinarrian xedatutakoaren arabera aurkeztuko da, 2025eko abenduaren 18an beranduenez.

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa.

11.1. Memoria tekniko batek eta memoria ekonomiko batek osatuko dute justifikazioa, non adieraziko baita jarduera egin dela, baita 2024ko abenduaren 1etik 2025eko azaroaren 30era egin diren gastuak ere, bi egun horiek barne.

11.2. Entitateak bitarteko telematikoen bidez aurkeztu beharko du justifikazioa, deialdiaren fitxan eskuragarri dagoen eredu ofizialean, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko Humanizazio, Aseguramendu eta Departamentuarteko Koordinazio Zerbitzuko Humanizazio, Aseguramendu eta Parte-hartze Atalari zuzenduta.

11.3. Programaren memoria teknikoak programaren garapenari buruzko informazioa jaso beharko du, honako hauek barne:

–Egindako jarduerak deskribatzen dituzten adierazle kualitatibo eta kuantitatiboen taula, bai eta sexuaren eta adinaren arabera bereizitako datuak ere. Emaitzak behar bezala objektibatzeko egokiak izan beharko dute, eta programaren betetze-maila eta gauzatzearen irismena islatu beharko dituzte, lortu den emaitza kuantifikatuta, aurreikusitakoaren aldean.

–Jarduerak egiaztatzea: ikastaroen/tailerren (edo bestelako prestakuntza-jardueren) programazioa/deialdia/hedapena/komunikazioa egiaztatzen duen agiria eta bertaratzea kontrolatzeko orriak edo boluntarioek sinatutako partaidetza-adierazpena.

–Dokumentu interesgarriak: gogobetetze-inkestaren eredua edo ebaluazio kualitatiborako erabilitako tresna, jarduera bakoitzeko emaitzen laburpen-txostena eta entitatearen iritziz interesgarriak direnak egindako jarduerak egiaztatzeko.

11.4. Programaren memoria ekonomikoak aurkeztutako programari dagokion gastu guztia bilduko du, apirilaren 10eko 23/2013 Foru Dekretuan adierazitakoarekin bat etorriz (fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua onesten du foru dekretu horrek).

Diruz lagundutako programa edo jardueraren memoria ekonomikoari honako hauek erantsiko zaizkio: fakturen zerrenda euskarri informatikoan eta egindako gastuak jasotzen dituen kalkulu-orri elektroniko bat, programaren zenbateko osoa, kontzeptuen arabera, jasotzen duen zerrenda zenbakitu eta xehatu batekin batera. Fakturen eta ordainagirien kopiak ere erantsiko dira, dirulaguntzaren kontura eskatutako zenbatekoarekin bat datozenak.

11.5. Memoriak aurkezteko epea bukaturik, eta horiek diruz lagundutako jarduerarekin bat datozela egiaztatu ondoren, kudeaketa organoak espedientea itxiko du, fiskalizazioa egin eta gero.

Langileak kontratatzen badira, Gizarte Segurantzako eta PFEZaren gastuen justifikazioa beranduago aurkeztea onartzen ahalko da; 2026ko otsailaren 5a izanen da horretarako mugaeguna.

11.6. Dirulaguntza justifikatzen ez bada ezarritako baldintza guztiak betez, edo behar adinako justifikaziorik aurkezten ez bada, dirulaguntza itzuli beharko da, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluak ezartzen duen moduan.

12.–Azpikontratazioa.

Entitate onuradunak dirulaguntzaren xedeko jarduera batzuk hirugarrenekin azpikontratatzen ahalko ditu, diruz lagundutako zenbatekoaren %50era bitarte gehienez, baldin eta behar bezala justifikatuta badago. Muga hori ez da aplikatuko terapiak egiteko profesionalen ordainketetarako.

Azpikontratazioa egiteko asmoa nahitaez adierazi beharko da aurkezten diren eskaeretan, xehetasunez.

Beste entitate batzuekin hitzarturiko jarduerak dirulaguntzaren zenbatekoaren %20 gainditzen duenean eta zenbateko hori 60.000 eurotik gorakoa denean, kontratu idatzia beharko da azpikontratazioa egiteko. Azpikontratazioetan, orobat, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan jasotako gainerako betebeharrak bete beharko dira.

Entitate kontratatuek entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, entitate onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Kontzeptu horretatik kanpo geldituko da entitate onuradunak diruz laguntzen den jarduera bere kasa aurrera eramateko egin behar dituen gastuak kontratatzea, esaterako monitoreei edo profesionalei ordaintzea zerbitzu bat eman dezaten, betiere programaren plangintza eta jarraipena entitate onuradunak egiten badu.

13.–Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hauek bateragarriak dira bestelako dirulaguntza edo laguntzekin, salbu eta Osasun Departamentuak pazienteen eta haien ahaideen bizi kalitatea hobetzeari, osasuna sustatzeari eta gaixotasunak prebenitzeari loturik ematen dituenak badira.

Alabaina, instituzioek edo entitateek proiektu edo programa bererako emandako dirulaguntza guztien zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere izanen proiektuaren edo programaren kostu osoa baino handiagoa.

14.–Dirua itzultzea.

14.1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo zati batean, programa gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren arrazoiak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

14.2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

14.3. Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraikiz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita zenbat eta noraino ez diren bete dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak.

15.–Erantzukizuna eta zehapen araubidea.

Deialdi honetan aipatzen diren dirulaguntzen onuradun gertatzen den entitatea dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboetarako zehapen araubidearen mende egonen da, zeina Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarrita baitago, eta han ezarritako erantzukizunak izanen ditu.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarrita ez dagoen guztian, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

17.–Deialdiaren eta oinarri arautzaileen aurka bidezkoak diren errekurtso administratiboak.

Deialdi honen, haren oinarri arautzaileen eta aplikatzeko egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Osasuneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aurrera, bat etorriz Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta sektore publiko-instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126.1.b) artikuluarekin.

18.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 15. artikuluan eta Gardentasunari, Informazio Publikoa Eskuratzeari eta Gobernu Onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 26. artikuluan xedatutakoarekin bat, Osasun Departamentuak jendaurrean jarriko ditu emandako dirulaguntzak, Nafarroako Gobernuaren http://www.nafarroa.eus web-orri ofizialean eta Dirulaguntzen Datu-base Nazionalean, adierazirik deialdia, aurrekontuko zein programari eta kredituri egotzi zaizkien, onuraduna, emandako zenbatekoa eta dirulaguntzaren xedea.

19.–Datuen babesa.

Eskaeran eta deialdi honetan aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari eta datu horien zirkulazio askeari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa.

Datuen tratamenduari buruzko informazioa Nafarroako Gobernuaren Atarian dago ikusgai, zehazki, Osasun Departamentuaren "Dirulaguntzen, beken eta laguntzen kudeaketa" izeneko atalean, web helbide honetan:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/datuen-babesa

2. ERANSKINA.–DIRUZ LAGUNTZEN AHAL DIREN GEHIENEKO MODULUAK

a) Langileei, kilometroei eta irakaskuntzari dagokienez, diruz lagundu daitezkeen gehieneko ordainsariak Foru Komunitateko Administrazioan edo dagokion hitzarmen kolektiboan indarrean daudenak izanen dira:

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoen-ordainsariak

b) Hauek izanen dira jardueretarako gehieneko tarifa diruz lagungarriak:

–Banakako terapia saioa: 40 euro.

–Taldeko terapia saioa: 60 euro.

c) Jardunaldietan, irakaskuntza eta prestakuntza jardueretan, noizean behin garatu beharreko jardueretan eta antzekoetan, hauexek izanen dira gehieneko tarifa diruz lagungarriak:

–Hitzaldia, tailerreko irakaskuntza edo hezkuntza-jarduera: irakaskuntzako gehienekoa Foru Komunitateko Administrazioarentzat indarrean dagoena izanen da orduko, 16 ordu tailer edo hezkuntza-jarduera bakoitzeko, eta 72 ordu gehienez programa bakoitzeko.

Irakaskuntza-jarduera bat prestatzeko orduei dagokienez, 4 orduko prestakuntza izanen da jarduera berriak egiteko/gauzatzeko ordu bakoitzeko, eta 2 orduko prestakuntza, dagoeneko sortutako jardueretarako.

https://gobiernoabierto.navarra.es/eu/gardentasuna/langile-publikoen-ordainsariak

–Konferentziak, jardunaldiak, mahai-inguruak, antzerkia edo zineforuma: gehienez 155 euro saioko, 55 euro mahai-inguruan parte hartzeagatik eta 500 euro programa bakoitzeko.

–Boluntarioen eta monitoreen prestakuntza eta eguneratzea: gehienez ere 500 euro proiektu bakoitzeko.

–Ariketa fisikoko taldeak: hilean 250 euro gehienez taldeko, eta 3 talde programako, gehienez ere. Garraiorako dirulaguntza eskualdeko programetan baizik ez da emanen.

–Jardueren zabalkunde gastuak: gehienez 250 euro programa bakoitzeko.

–Paper-gauzetako gastua jardueretarako: gehienez 350 euro proiektu bakoitzeko. Behar bezala justifikatutako eta zehaztutako beste material batzuk, gehienez ere 2.000 euro programa bakoitzeko.

Eranskin honetan ezartzen direnak baino tarifa handiagoak aurkezten badira, beharrezkoak direla justifikatu beharko da, eta instrukzio organoak jarduerak egin baino lehen onartu beharko ditu. Bestela, eranskin honetan aurreikusitakoak ordainduko dira, edozein dela ere haien egiazko kostua.

3. ERANSKINA.–PROGRAMEN BALORAZIOA

Programa bat dirulaguntza jasotzeko modukotzat jotzeko, 30 puntu lortu beharko dira gutxienez. Horietarik 15 gutxienez 2. atalean lortu beharko dira (proiektuaren kalitatea).

Dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuko da programaren kostuari portzentaje bat aplikatuta, lorturiko puntuak adinakoa, betiere gutxieneko puntuazioa gainditzen bada, eta aurrekontuko kontsignazioaren arabera. Kreditu erabilgarria gaindituz gero, dirulaguntzak hainbanatuko dira, baremoa aplikatzetik ateratzen diren kopuruen arabera.

Entitate bakoitzak jasotzen duen guztizko kopurua ezin izanen da izan partidaren guztizkoaren %10 baino handiagoa. Era berean, erabat osasun arlokoak ez diren programetara bideratutako zenbateko osoa ezin izanen da partidaren %3 baino handiagoa izan.

Irizpide hauek erabiliko dira balorazioan:

25 puntu

LEHENTASUNEZKO HELBURUEKIN BAT ETORTZEA ETA HAIEKIKO OSAGARRITASUNA

Gehienez 15

NAFARROAKO EDO ESTATUKO OSASUN PLAN ETA ESTRATEGIEKIN BAT ETORTZEA

a) Nafarroako Osasun Planeko lehentasunezko osasun estrategiak

0tik 5 puntura

b) Nafarroako Osasun Departamentuaren beste estrategia edo programa batzuk

0tik 3 puntura

c) Berdintasunerako Plan Estrategikoarekin bat etortzea

0tik 5 puntura

–Hizkera inklusiboa

1 puntu

–Abiapuntuaren deskribapenean emakumeen perspektiba eta egoera kontuan hartzea:

1 puntu

–Emakumeak programan sartzeko laguntza neurriak

1 puntu

–Sexuaren arabera bereizitako datuak analisian eta datuen ebaluaziorako adierazleetan

1 puntu

–Neurri zuzentzaileak genero-arrakala leuntzeko

1 puntu

d) Osasun Ministerioaren beste estrategia edo programa batzuekin bat etortzea

0tik 2 puntura

Gehienez 5

OSASUN DEPARTAMENTUAREN LEHENTASUNEZKO OSASUN HELBURUAK

a) Desgaitasuna gutxitzea eta autonomia pertsonala sustatzea

1 puntu

b) Norberak hautemandako osasuna eta osasunarekin ikusteko duen bizi kalitatea hobetzea

1 puntu

c) Bizimodu osasungarriak sustatzea eta osasunerako arriskuak gutxitzea

1 puntu

d) Osasun arloan ahalduntzea eta norberaren zainketa sustatzea

1 puntu

e) Osasuneko emaitzetan desparekotasunak gutxitzea

1 puntu

Gehienez 5

EKITATEAREN IKUSPEGIA EDO LEHENETSITAKO BESTE IKUSPEGI BATZUK TXERTATZEA

a) Desberdintasun sozioekonomikoak kontuan hartzea

1 puntu

b) Jarduketak landa eremuetan

1 puntu

c) Deszentralizazioa, osasun barrutien arabera

1 puntu

d) Jarduketak haurrekin, nerabeekin edo zaharrekin

1 puntu

e) Eskaintza euskaraz

1 puntu

40 puntu

PROPOSATUTAKO PROIEKTUAREN KALITATEA

Gehienez 13

ABIAPUNTUKO EGOERAREN DESKRIBAPENA ETA HELBURUAK

a) Abiapuntuko egoeraren deskribapena izatea

0tik 5 puntura

–Deskribapenaren argitasuna

1 puntu

–Deskribapenaren zehaztasuna

1 puntu

–Ukitutako pertsonak zenbatestea

1 puntu

–Pazienteen profilaren/afekzio mailaren zehaztapena

1 puntu

–Beharren deskribapena

1 puntu

b) Helburuen argitasuna, zehaztasuna eta garrantzia

0tik 8 puntura

–Helburuen kalitatea

Helburuen argitasuna

1 puntu

Helburuen garrantzia

1 puntu

Helburu espezifikoen zehaztasuna

1 puntu

Neurtzeko moduko helburu espezifikoak

1 puntu

–Helburu motak

Informaziokoak

1 puntu

Prestakuntzakoak

1 puntu

Terapeutikoak: pazientea suspertzen laguntzen dutenak

2 puntu

Gehienez 13

POPULAZIOA ETA AURREIKUSITAKO ERAGINA

a) Xede populazioa

0tik 4 puntura

–Eritasun kronikoa edo afekzio larria duten pertsonak

1 puntu

–Desgaitasuna duten pertsonak

1 puntu

–Esku-hartze komunitarioa

1 puntu

–Esku-hartzea familietan

1 puntu

b) Aurreikusitako eragina

0tik 6 puntura

–Ezagutzak eta trebetasunak eskuratzeko aukera ematen du, eta jarrerak aldatzen ditu

1 puntu

–Funtzioei eustea edo funtzioak mantentzea

2 puntu

–Pazienteen bizi kalitatea hobetzea

2 puntu

–Zaintzaileen bizi kalitatea hobetzea

1 puntu

c) Efizientzia (programaren kostua pertsonako)

0tik 3 puntura

–0 eurotik 100 eurora

3 puntu

–101 eurotik 300 eurora

2 puntu

–301 eurotik 500 eurora

1 puntu

–500 euro baino gehiago

0 puntu

Gehienez 14

METODOLOGIA ETA EBALUAZIOA

a) Metodologia

0tik 9 puntura

–Badago kalitatearen ebidentzia zientifikorik

1 puntu

–Kronogramaren egokitasuna proposatutako programarako

1 puntu

–Programa gauzatuko duten langileen profilaren egokitasuna

2 puntu

–Programan sartzeko irizpideak

1 puntu

–Jarduera bakoitzaren deskribapen eta garapen maila: edukia, langileak, denbora...

4 puntu

b) Ebaluazioa

0tik 5 puntura

–Aurreikusitako ebaluazioaren egokitasuna eta haren definizioaren zehaztasuna (zer, nola, nork, noiz)

3 puntu

–Ebaluazio kuantitatiboa

1 puntu

–Ebaluazio kualitatiboa

1 puntu

35 puntu

ENTITATEAREN EGOKITASUN MAILA PROGRAMA GAUZATZEKO

Gehienez 9

BESTE PROGRAMA BATZUEKIKO OSAGARRITASUNA ETA INTEGRAZIOA

a) Elkartearen beste programa batzuekiko

1 puntu

b) Beste elkarte batzuen programekiko

3 puntu

c) Osasun sistemako programekiko osagarritasuna

3 puntu

d) Beste programa publiko batzuekiko osagarritasuna

2 puntu

Gehienez 9

KOMUNITATEAREN PARTAIDETZA SUSTATZEA, ESKU-HARTZEKO ASKOTARIKO EREMUAK ETA AUTOLAGUNTZA

a) Komunitatearen partaidetza sustatzea

0tik 3 puntura

b) Esku-hartzeko askotariko eremuak

0tik 3 puntura

c) Autolaguntza

0tik 3 puntura

Gehienez 5

ENTITATE ESKATZAILEAREN KOFINANTZAKETA

a) Eskatzen duten finantzaketaren ehunekoa

0tik 3 puntura

–<%20

3 puntu

–%20-40

2 puntu

–%40-60

1 puntu

–>%60

0 puntu

b) Finantzaketa publikoaren ehunekoa

0tik 2 puntura

–%0-35

2 puntu

–%35-70

1 puntu

–>%70

0 puntu

Gehienez 6

PROIEKTUA GAUZATZEKO GAITASUN TEKNIKOA

a) Aurreko urteko proiektuaren justifikazioaren kalitatea

0tik 4 puntura

–Aurkezpena eta zehaztasuna

2 puntu

–Proiektura egokitzea

2 puntu

b) Entitatearen baliabideak programarentzat egokiak izatea

1 puntu

c) Entitatearen ibilbidea eta esperientzia

1 puntu

Gehienez 3

BOLUNTARIOEN PARTE-HARTZEA

a) Boluntarioen parte-hartzea programan

2 puntu

b) Boluntarioen parte-hartzea elkartean

1 puntu

Gehienez 3

LOKAL PUBLIKOAK ERABILTZEA ETA/EDO BALIABIDEAK ETA LOKALAK BESTE ELKARTE BATZUEKIN PARTEKATZEA

a) Langileak partekatzen ditu beste elkarte batzuekin

1 puntu

b) Lokalak partekatzen ditu beste elkarte batzuekin

1 puntu

c) Lokal publikoak erabiltzen ditu jarduerarako

1 puntu

Iragarkiaren kodea: F2502044