2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK
SAN ADRIÁN
Aldaketa ,Terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak paratzea arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena
Udal honek 2024ko azaroaren 27an egin osoko bilkuran, besteak beste, erabaki zuen hasiera batez onestea 22. artikuluko 1. epigrafea aldatzea San Adriango terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak arautzen dituen udal ordenantzan, espedientean jasota dagoen bezala.
Espedientea jendaurrean egon da 30 egunean, erabakia 2024ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondotik, abenduaren 17an, bai eta udal honen iragarki-taulan ere, bat etorriz uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1.b) artikuluko aginduekin (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea).
Jendaurrean egoteko legezko aldia iraganik inork aurkeztu gabe inolako alegaziorik, kexarik edo oharrik, eta bete beharrez aipatutako foru legearen 325.1.c) artikuluko aginduak, ondotik argitaratzen dira behin betiko onetsitako aldaketak.
Aldatzen da 22. artikuluko 1. epigrafea San Adriango terrazak, beladoreak eta barra-mostradoreak arautzen dituen udal ordenantzan, eta honela geratzen da idatzita:
22. artikulua. Ordutegia eta funtzionamenduaren araubidea.
1. Erabilera eta titulartasun publikoko lurzoruan dauden terrazen ordutegia, eta horretarako sasoian, hau da ekainaren 1etik irailaren 15era arte, 23:30era arte arte izanen da astelehen, astearte, asteazken, ostegun eta igandeetan, eta goizaldeko 03:00ak arte, berriz, ostiral, larunbat eta jai bezperetan. Urtearen gainerakoan, urtebeterako baimena edo, neguan, hilabeterako edo egun baterako baimena dutenendako, ordutegia 23:00ak arte izanen da, ostiral, larunbat eta jaiegunen bezperetan izan ezik, goizaldeko ordu bata arte izanen baitute. Kasu batean nahiz bestean, debeku da terrazaren muntaia egitea eta lanean hastea 08:00ak baino lehen.
Inolaz ere ezin izanen da lokal hartarako zehaztutako ordutegiaz kanpo aritu.
Udalak, salbuespenez, bukaerako ordutegi malguagoa baimentzen ahalko du, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko jaietan eta garrantzi bereziko bestelako egunetan, gai honi buruz indarra duen araudiari jarraikiz.
Aitzineko apartatuetan agindu denagatik ere, Udalak murrizten ahalko du ordutegia, inguruabar soziologikoak, ingurumenekoak edo hirigintza mailakoak bilduz gero, edo inguru hartako bizilagunendako eragozpenak sortzen dituzten asotsak jarduera horietatik heldu direla frogatzen bada. Halakoetan, ordutegi murrizketa baimenean berean agertu beharko da ingurumenaren arloko nahitaezko baldintza gisa, hori gabe ez baita baimenik emanen.
22. artikuluko gainerako epigrafeak ez dira aldatzen.
San Adrianen, 2025eko otsailaren 5ean.–Alkatea, Marta Ezquerra Martínez.
Iragarkiaren kodea: L2501728