38. ALDIZKARIA - 2025eko otsailaren 25a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BIURRUN-OLKOTZ

Ordenantza, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko udal zerga arautzen duena. Behin betiko onespena

Biurrun-Olkozko Udalak, 2024ko azaroaren 27an egin osoko bilkura arruntean, hasiera batez onetsi zuen Udal ordenantza fiskala, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga arautzen duena.

Hasierako onespenaren erabakia 2024ko 255. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, behin betiko onetsi da, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuaren arabera (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legea), eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan.

ORDENANTZA FISKALA, TRAKZIO MEKANIKOKO IBILGAILUEN GAINEKO ZERGA ARAUTZEN DUENA

Lehena.–Aipatu zerga Toki Ogasunei buruzko apirilaren 2ko 2/1995 Foru Legean ezarritakoaren arabera arautuko da.

Bigarrena.–Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 162. artikuluaren 4. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, zergaren kuotaren gainean honako hobari hauek ezarri dira:

a) %50eko hobaria "EKO ibilgailuetarako".

b) %100eko hobaria "0 emisioko ibilgailuetarako".

Zero emisioko ibilgailuak:

Ziklomotorrak, trizikloak, kuatrizikloak eta motozikletak; turismoak; furgoneta arinak, 8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: bateriako ibilgailu elektrikoak (BEV), autonomia hedatuko ibilgailu elektrikoa (REEV), 40 kilometroko gutxieneko autonomia duten ibilgailu elektriko hibrido entxufagarria (PHEV) nahiz erregai-pilako ibilgailuak.

EKO:

Turismoak; furgoneta arinak, 8 eserlekutik gorako ibilgailuak eta salgaiak garraiatzeko ibilgailuak, Ibilgailuen Erregistroan honela sailkatuak: 40 kilometrorako baino autonomia gutxiago duten ibilgailu entxufagarriak, ibilgailu hibrido ez-entxufagarriak (HEV), gas naturalez higiarazitako ibilgailuak (GNC eta GNL) edo petrolio-gas likidotuz higiarazitakoak (PGL).

Nolanahi ere, C etiketako irizpideak bete beharko dituzte.

Hirugarrena.–Hobari hauek aplikatzeko, subjektu pasiboak eskatu beharko du, ibilgailuak hobaria jaso dezakeela dioten frogagiriak erantsita.

Hobaria jaso dezakeela egiaztatu ondoren, Udalak hori ziurtatzen duen dokumentua igorriko du. Hobaria subjektu pasiboak eskaera egin eta hurrengo hiruhileko naturaletik hasita aplikatuko da, hiruhileko naturaletan hainbanatuta.

Laugarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Biurrun-Olkotzen, 2025eko otsailaren 6an.–Alkatea, María Luisa Serrano Echaves.

Iragarkiaren kodea: L2501897